158. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

192E/2017 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzen duena Puiuko udal mugarteko 4. poligonoko 40. lurzatian telefonia mugikorraren oinarri-estazio bat paratzeko proiekturako. Sustatzailea Vodafone España SA da.

2017ko abenduaren 7an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren xedea da telefonia mugikorreko estazio bat eraikitzea Puiuko 4. poligonoko 40. lurzatian. Gaur egun, Vodafone España SAUk telefonia mugikorreko oinarri-estazio bat du Puiuko udal mugartean, 1. poligonoko 479. lurzatian. Telefoniako oinarri-estazio hau kendu egin behar da, Puiuko Udalak eskatuta, oraingo kontratua hutsaltzeagatik. Hark emandako zerbitzua ordezteko, erabaki da kokapen berri bat, 4. poligonoko 40. lurzatian. Gainera, beharrezkoa da aireko-lurpeko linea elektriko berri bat egitea, instalazioari energia emateko.

Espedientean Puiuko Udalaren txostena dago, adierazten duena ezen proposatutako kokapenak eta antenaren tipologiak ez dituztela betetzen instalazio irrati-elektrikoak arautzen dituen Puiuko ordenantzak. Zehazki, proiektatutako antenak 40 metroko altuera du, bizitegi erabilerako hiri lurzorutik 450 bat metrora dago, eta beste operadore baten “masta” batetik 2.900 metrora, eta ordenantzek diote ezin dela eraiki 25 metro baino garaiagoa den antenarik, antenak bizitegi erabilerako hiri lurzorutik 500 metrora gutxienez egonen direla eta beste “masta” batetik 3.000 metrora. Horrenbestez, espedienteari buruzko kontrako txostena egin da. Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak proiektuaren kontrako txostena egin du, arrazoi berberengatik.

Txostenak ikusirik, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientea ukatzea proposatu du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzea telefonia mugikorraren oinarri-estazio bat paratzeko proiekturako, Puiuko udal mugarteko 4. poligonoko 40. lurzatirako, Vodafone España SAk sustatu baitu, eskaerako antenarako planteatutako kokapenak ez dituelako betetzen Puiuko Telekomunikazio sareen instalazio irrati-elektrikoak arautzen dituen udal ordenantzan ezarritako baldintzak. Zehazki, mastaren garaierak gainditu egiten ditu ezarritako 25 metroak; Puiuko bizitegi erabilerako hiri lurzorutik 500 metro baino hurbilago dago; eta beste antena batetik 3.000 metro baino hurbilago (antena hori Puiuko 3. poligonoko 81. lurzatian dago).

2. Ukapen honek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan ezartzen da lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Puiuko Udalari, Tafalla aldeko Basozaintzari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko ekainaren 30ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1708258