1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
2421E/2017 EBAZPENA, uztailaren 28koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, espektro autistaren nahasmenduak dituzten pertsonek 2017ko urtarriletik irailera bitartean tratamendua jasotzeko diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak onesten dituena.
2017ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, “Autismoa duten pertsonendako laguntzak” izeneko 511004 51120 4809 311103 aurrekontuko partida dago.
Bestalde, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra ezarri zuen. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko ditu, eta horiek argitaratu beharko dira, diru-laguntza jasotzeko moduan daudenek haiek eskuratzeko aukera izan dezaten.
Aipatu 11/2005 Foru Legearekin bat, espektro autistaren nahasmendua duten pertsonek 2017. urtean jasotako tratamendurako diru-laguntzak ematea du xede ebazpen honen bidez onesten den deialdiak.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Espektro autistaren nahasmendua duten pertsonek 2017ko urtarriletik irailera bitartean jasotako tratamendua osorik edo hein batean ordaintzeko diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Oinarri horiek eranskin gisa gehitu dira.
2. Gehienez ere 81.600 euroko gastua baimentzea, 2017rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Autismoa duten pertsonendako laguntzak” izeneko 511004 51120 4809 311103 partidatik.
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
511004-51120-4809-311103: Autismoa duten pertsonendako laguntzak | 2017 | 81.600,00 |
3. Ebazpen hau eta eranskina Ebaluazio Batzordeko kideei, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Bulegoari eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
Iruñean, 2017ko uztailaren 28an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Luis Gabilondo Pujol.
ERANSKINA
ESPEKTRO AUTISTAREN NAHASMENDUA DUTEN PERTSONEK 2017KO URTARRILETIK IRAILERA BITARTEAN JASOTAKO TRATAMENDURAKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1.–Diru-laguntzaren xedea eta helburua.
Espektro autistaren nahasmendua duten pertsonei tratamendua emateko 2017ko urtarriletik irailera bitartean egindako gastua osorik edo hein batean ordaintzeko erabiliko dira diru-laguntzak. Haien onura publikoaren helburua da sostengua ematea pertsona horiek behar duten tratamendu beharretarako.
Tratamendu horrek homologatua beharko du izan, haren eraginkortasuna frogaturik egonen da, eta tratamendu hori eman dutenek profesional tituludunak izan beharko dute, hain zuzen ere psikologia, irakasle-ikasketa, pedagogia, logopedia, terapia okupazional, haur hezkuntzako goi mailako teknikari, erizaintza edo gizarte laneko tituludunak, tratamendu hori emateko behar bezalako akreditazioa edo prestakuntza jaso dutenak.
Tratamendu hori emanen da horretarako baimena duten zentroetan.
2.–Onuradunen betebeharrak.
Betebehar hauek betetzen dituztenak izan daitezke onuradun:
–Espektro autistaren nahasmenduaren diagnostikoa izatea, sendagile espezialista batek emandakoa. Halaber, onuradun izaten ahalko dira nahasmendu hori berresteko edo baztertzeko prozesu diagnostiko batean daudenak, betiere sintomak bateragarriak badira eta prozesuaren iraupena urtebetetik beherakoa bada.
–Ohiko bizilekua Nafarroan izatea, hots, pertsona Nafarroako Foru Komunitatean benetan bizi izana bi urtez, diru-laguntzaren xede den tratamendua egin baino lehen. Onuraduna bi urtetik beherakoa bada, jaiotzetik beretik Nafarroan benetan bizitzea eskatuko da. Beharkizun honetatik salbuesten dira asilo eskatzaileak eta haren familia unitatekoak, asilo-eskubiderako ebazpenak ezartzen duenaren arabera, edo familia-luzapenagatik babes subsidiarioa ezartzen duen ebazpenaren arabera.
–Tratamenduaren komenentzia horretarako prestakuntza duen profesional batek adierazi izana.
–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea.
3.–Eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epea.
3.1. Espektro autistaren nahasmendua duten pertsonek deialdi honetan ezarritako laguntzak eska ditzakete, baita haien aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak ere, onuradunaren izenean, baldin hura adingabea bada edo ezintasuna badu.
3.2. Eskaerak aurkezteko epea 2017ko irailaren 4an hasi eta irailaren 29an amaituko da.
3.3. Diru-laguntzen eskaerak, ahal dela, Osasun Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Armada etorbidea, 2, 31002 Iruña), Osasuneko zuzendari nagusiari eskabidea zuzenduta, deusetan galarazi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa. Eskaerari deialdiaren 4. oinarrian adierazitako dokumentuak erantsi beharko zaizkio.
Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, data eta tokia adieraz daitezen. Datu horiek eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean ere adierazi beharko dira.
3.4. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzendu ditzala, eta adieraziko dio, hala egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu eginen dela, behar den ebazpena eman ondoren.
3.5. Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
4.–Betebeharren frogagiriak.
Deialdi honetako baldintzak betetzen direla frogatzeko, diru-laguntzaren eskaerari honako agiri hauek erantsiko zaizkio:
a) Nafarroako Foru Komunitateko errolda-ziurtagiria edo asilo-eskubidea emateko ebazpena.
b) Txosten medikoa, sendagile espezialista batek egin duena eta iritzi klinikoa edo diagnostikoaren susmoa biltzen duena. Txosten hori aurretik eman bada diru-laguntza bererako, txosten berriak baino ez dira aurkeztu beharko, horrelakorik baldin badago.
5.1 oinarrian aipatutako Batzordeak argibide-txostenak eskatzen ahalko dizkie onuradunei.
Diru-laguntza aurkezteak berarekin dakar baimena ematea Batzordeko osasun profesionalek onuradunaren historia klinikoa kontsultatzeko, diru-laguntzaren onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatze aldera.
c) Izen oneko profesional baten txostena, tratamendua komenigarria dela dioena eta haren helburuak adierazten dituena.
d) Tratamendua eman duen profesionalaren txostena, tratamenduaren azalpena eta lortutako emaitzen ebaluazioa biltzen dituena. Tratamendua agindu eta eman duena pertsona bera bada, txosten bakarra egiten ahalko da.
e) Onuraduna adingabea bada edo ezintasuna badu, pertsona horren legezko ordezkaria izatearen frogagiriak. Aita edo ama bada, familia liburua eta guraso baten NANa. Dibortzioaren kasuan, edo zaintza guraso bakar bati dagokionean, dibortzioaren epaia eta haren NANa. Tutorea edo legezko beste ordezkari bat izanez gero, horren frogagiria.
f) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera.
g) Egindako gastuaren justifikazioa faktura adostuen bitartez, gutxienez honako datu hauek jasoko dituztenak:
–Tratamendua jasotzen duen pertsonaren izena.
–Tratamendua eman duen entitatea edo pertsona.
–Jasotako tratamendua, honako hau adierazita: emandako saioen kopurua, eta horiek banakakoak ala taldekoak izan diren.
–Ordaindutako zenbateko osoa.
h) 5.3 oinarrian adierazitako zuzenketa-faktoreari onura ateratzen ahal dioten onuradunek gizarteratze-errenta / errenta bermatua onartu zaiela adierazten duen ebazpena aurkeztu beharko dute, edo genero-indarkeriaren biktima direla dioten frogagiria, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak edo Nafarroako Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak emana.
i) Eskaera aurkeztearekin baimena ematen zaio Osasun Departamentuari Ogasun Publikoan eta Estatuko Administrazio Orokorrean bildu dezan eskatzaileak bere zerga betebeharrak, dirua itzultzekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ote dituen jakiteko informazioa.
j) Beste laguntza batzuei buruzko aitorpena, 8. oinarrian xedatutakoaren arabera.
Ez da beharrezkoa izanen a), b), e) eta f) puntuetan aipatzen diren agiriak aurkeztea, aurreko deialdietan aurkeztu baziren eta aipaturiko datuak aldatu ez badira. Kasu horretan, onuradunaren edo haren legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, datuak aldatu ez direla adierazten duena.
5.–Emateko modua, zenbatekoa eta irizpideak.
5.1. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira diru-laguntzak, instrukzio organoak proposaturik, hots, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposaturik, aurretik ebaluazio batzordeak eginen duen balorazio loteslea aintzat hartuta.
5.2. Ebaluazio batzordea honako hauek osatuko dute:
Ana Guinea Hidalgo andrea, Haur eta Gazteen Osasun Mentaleko Zentroko psikologo klinikoa.
Julio Palacios Osambela jauna, Osasun Departamentuko Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Ataleko gizarte-langilea; eta
M.ª José Lasanta Sáez andrea, Osasun Departamentuko Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Ataleko burua.
5.3. Ebaluazio batzordeak egiaztatuko du ea onuradunek betetzen dituzten 2. oinarrian diru-laguntza emateko ezartzen diren betebeharrak, eta irizpide hauei jarraikiz proposatuko ditu zenbatekoak:
–Honako zenbateko hauek ezarri dira diruz laguntzen ahal diren gehieneko tarifa gisa, tratamendu moten arabera:
- Banakako terapiaren ordua: 30 euro.
- Taldeko terapiaren ordua: 15 euro.
–Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, onuradun bakoitzaren tratamenduaren kostuari begiratuko zaio, xede bererako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik bada.
–Eskatutako zenbatekoen baturak dagoen aurrekontu erabilgarria gainditzen badu, dirua eskatzaile guztien artean hainbanatuko da, eskatzaile bakoitzak portzentaje bera jaso dezan egindako gastuaren arabera. Hainbanaketa horretatik kanpo utziko dira onuradunak, baldin eta haien familia unitatean 2016an eta/edo 2017an genero-indarkeriaren biktima edo gizarteratze-errentaren / errenta bermatuaren hartzaile den kide bat badago.
–Diru-laguntza ez da inola ere izanen jasotako tratamenduaren kostu osoa baino handiagoa.
6.–Ebazpena.
6.1. Osasuneko zuzendari nagusiak, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposaturik, ebatziko du diru-laguntzak ematearen edo ukatzearen gainean.
6.2. Ebatzi eta jakinarazteko epea hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertu ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena espresuki ematera.
7.–Bateragarritasuna.
Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako diru-laguntza edo laguntzekin, baina guztira emandakoaren zenbatekoak ez du inoiz gaindituko guztira ordaindutako tratamenduaren kostua.
8.–Onuradunen betebeharrak.
Onuradunek edo, hala denean, haien legezko ordezkariek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, beren legezko ordezkariaren bidez, xede bererako beste laguntzaren bat jaso duten ala ez adierazteko. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko dute.
Horren ondotik laguntzaren bat jasotzen bada, laguntza eman dela jakin bezain laster jakinarazi beharko da, eta, betiere, 2018ko abuztuaren 31 baino lehen.
Era berean, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak bete beharko dituzte.
9.–Diru-laguntzaren ordainketa.
Ordainketa bakarra eginen da, kontzesioaren ebazpenarekin batera.
10.–Dirua itzultzea.
Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.
Legez ezarritako kasuetan eta, bereziki, xede bererako beste diru-laguntzaren bat kobratzeagatik tratamenduaren kostua gainditu duela jakinarazten ez den kasuetan, kostu horren gainetiko diru-zenbatekoa itzultzeko eskatuko da, eta, berandutze-interesa ere bai, diru-laguntza ordaintzen denetik itzuli beharraren gaineko ebazpena eman arte sortutakoa, hain zuzen.
11.–Arau-hausteak eta zehapenak.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.
Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.
12.–Datuak babestea.
Eskatzaileek diru-laguntza kobratzeko aurkezturiko datuak edo administrazioaren esku daudenak deialdi honi buruzko espedientea tramitatzeko erabiliko dira bakar-bakarrik. Interesdunek datu horiek ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahalko dute, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Foru Legearekin bat.
13.–Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri arautzaile hauetan ezarri gabekoetan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.
14.–Errekurtsoak.
Deialdiaren kontra, oinarri arautzaile hauen kontra eta garatzeko egintzen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.
Iragarkiaren kodea: F1709139