158. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEDEA

Udal ordenantza, obra txikietarako hirigintza lizentziak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Ledeako Udalak, 2016ko ekainaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen obra txikietarako hirigintza lizentziak arautzen dituen udal ordenantza. Iragarkia 2017ko 41. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 28an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ledean, 2017ko ekainaren 20an.–Alkatea, Ricardo Murillo Delfa.

UDAL ORDENANTZA, OBRA TXIKIETARAKO HIRIGINTZA LIZENTZIAK ARAUTZEN DITUENA

Zioen azalpena

Hirigintzaren esparruan, administrazioak eskua hartzen duenean eraikuntzari buruzko eta partikularrek lurzorua erabiltzeari buruzko egintzetan, egiaztatzen da arlo horretan indarra duen araudi sektorial eta hirigintzako antolamendura egokitzen direla egintza horiek, betiere dagokion lizentzia eman aurretik.

Hirigintzako lizentzia Udalaren baimen arautua da, eta, hirugarrenak kaltetu gabe, bide ematen du obrak egiteko eta hirigintzako tresnek aurreikusitako erabilerak ezartzeko, betiere horiek egin ondoan eta, lurzoru motaren arabera, hirigintzako baldintzak bete ondoren, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 97. artikuluan eta hurrengoetan xedatuarekin bat.

Administrazioak esku-hartzeko teknika horrek eraikuntza egintzen eta lurzoruaren bestelako erabileren kontrola du oinarri, horiek legalitateari eta udalerrian indarrean dagoen hirigintzako planeamenduari men egiten diotela bermatze aldera.

Hirigintza arloan, ohikoa da obra handien eta obra txikien arteko bereizketa, eta haien mugak zedarritzeko, jurisprudentziak kontzeptu orokorrak erabili ditu. Horrekin bat, obra txikitzat hartu izan dira teknikaren aldetik errazak direnak eta eraikuntzaren eta kostuaren aldetik funts gutxikoak direnak.

Obra txikien kalifikazioa duten obra horietarako lizentzia eskuratzeko Udalaren hirigintzako administrazioan egiten diren prozedura administratiboak aztertuta, agerian geratzen da haien artean bereizketa bat egin daitekeela, haietako batzuetarako, bereziki errazak eta xumeak izaki, ez baita beharrezkoa aitzineko egiaztapenik edo ondorengo jarduketa administratiborik egitea; beste batzuetarako, berriz, errazak izanik ere, aitzinetik egiaztatu eta zenbait erresalbu hartu behar baitira (baldintza batzuk ezarri eta abar), eta horietan komenigarria da baimen espresua ematea.

Ildo berean, ordenantza honen bidez obra txikiak bi kategoriatan sailkatu gogo dira, bai eta tramiteak erraztu eta murriztu ere erraz-errazak direnendako; helburua da prozedurak arintzea eta egiaztapenak eta aitzineko kontrolak murriztea, beharrezkoak izanen ez direlakoan aurreikusitako obra txiki-txikia denean.

Hori dela eta, prozedura laburtu bat arautuko da lehendabizi, obra txikiak izanagatik ere prozedura bat tramitatu behar duten obren eskaerendako; prozedura laburtua izanda ere, Udalaren organo eskudunek baimenerako berariazko ebazpen bat emanda amaitu beharko da.

Bigarrenik, prozedura berezi bat ezarriko da, jakinarazpenaren araubidea izenekoa, txiki-txikiak eta erraz-errazak diren obra txikiendako.

Tramitazio laburtuaren araubidearen menpean geratuko dira ordenantza honen seigarren artikulukoak, eta jakinarazpenaren araubidearen menpean, berriz, hirugarren artikulukoak. Arauketa honen bidez arinduko da obra txikietarako lizentzien tramitazioa, hitzetik hortzera ebazten baitira jarduketa jakinarazitzat tramitatzen diren obra guztiak, eskaera dokumentazio osoarekin aurkeztuta.

Espresuki baztertu dira, obra txiki gisara tramitatzetik, bai jakinarazpenaren araubidean bai tramitazio laburtuarenean, haien ezaugarri bereziengatik sakonago aztertzea eskatzen duten obrak, hala nola eraikin edo elementu babestuetan, eta antolamendutik kanpokotzat deklaratuetan egiteko jarduketak edota txikitzat joak izateko handiegiak diren obrak dakartzatenak.

ATARIKO TITULUA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da obra txikietarako hirigintza lizentziak emateko prozedura arautzea, horien tramitazioa jakinarazpenaren araubideko eta araubide laburtuko prozedura erraztuen bidez egitekoa denean.

2. artikulua. Esparru materiala eta arau-esparrua.

2.1. Esparru materiala.

Obra txikiak, obra handitik bereizten den aldetik, ezaugarri hauek ditu: teknikaren aldetik erraza da eta eraikuntzaren eta kostuaren aldetik, berriz, funts gutxikoa; normalean lan txikiak dira, konponketak, apainketak, edergarriak edo itxiturak egiteko, proiektu teknikorik eta aurrekontu handirik gabe. Ezaugarri horiek biltzeak zehazten du obra txikiaren kontzeptua.

Ez dakarte inola ere bolumena, eraikitako azalera edo erabilera objektiboa aldatzea, eta ez dute eragiten inolako berregituratze, birbanatze edo funtsezko beste aldaketarik, higiezinen egiturazko elementuetan edo elementu komunetan, ezta kanpoko diseinuaren funtsezko aldakuntzarik edo etxebizitzen kopurua aldatzerik ere. Ez dute ukituko eraikinen edo instalazioen egitura (zutabeak, habeak eta abar), ezta horien bizigarritasun edo segurtasun baldintzak ere. Aitzitik, munta txikiko obrak dira, barnekoak zein kanpokoak.

Kontzeptu horretatik kanpo daude:

–Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen 2.2 artikuluko obrak, edo hura ordezten duen legekoak, proiektu teknikoa behar duten eraikuntzako obra handiak baitira.

–Hirigintzako plangintzan aurreikusitako antolamenduarekin bat ez datozen eraikinetan egin beharreko obrak.

–Eraikinen egitura eramailea (eskaileren ukipena eta behegainen eraikuntza barne) edo horien elementu komunak ukitzen dituzten obrak (ordenantza honetan aipatzen diren fatxada, estalki eta instalazioetako obrak izan ezik).

–Aldez aurretik erabili ez den lokal batean jarduera ezartzea edo baimendutako jarduerarekin zerikusi txikia duen jarduera ezartzea dakarten obrak.

–Jarduera sailkatuak ezartzea edo horiek funtsean aldatzea dakarten obrak.

2.2. Obra txikiak eta Eraikuntzaren Kode Teknikoa.

Obra txikietan justifikatu behar da Eraikuntzaren Kode Teknikoa betetzen dela, kode hori aplikagarria den kasuetan.

2.3. Obra txikiak eta eraikuntza eta eraispen hondakinak (EEHak).

Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan eraikuntza eta eraispen hondakinen produkzioa eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuaren 2.d) artikuluaren arabera, etxeetako eraikitze eta konpontze obra txikietatik heldu diren hondakinak, haien pisua gehienez 50 kg bada, ez dira EEHtzat hartuko foru dekretu horren aplikazioaren ondorioetarako.

50 kg baino gehiagoko pisua badute, EEHtzat hartuko dira. Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 3. artikuluaren arabera, etxeetako eraikitze eta konpontze obra txikietatik heldu diren EEHak etxeko hondakintzat hartzen dira.

Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak biltzen eta kudeatzen ditu Ledeako etxeko hondakinak, eta, horregatik, sortzen diren EEH guztiak mankomunitatearen ordenantzetan ezarri bezala entregatu beharko dira, edo, bestela, Ledeako Udalak lizentzia ematen denean ezarritako moduan.

Hondakin horien sortzaileen edo hasierako edukitzaileen erantzukizuna amaituko da hondakinak jasotzeko gaitutako instalazioetan uzten dituztenean.

Obra txikiak:

–Ez dute mugarik sortutako EEHen kopuruan.

–Ez dute fidantzarik edo finantza-berme baliokiderik behar gauzatu ahal izateko.

–Ez da derrigorrezkoa Nafarroako Gobernuko EEHak dituzten eraikitzaileen–edukitzaileen Erregistroan inskribatutako eraikitzaile batek gauzatzea.

–Ez dute EEHak kudeatzeko azterketarik behar, ez eta EEHak kudeatzeko planik ere.

LEHEN TITULUA

Obra txiki errazak, jakinarazpenaren araubidearen menpekoak

3. artikulua. Tipologia.

Ondoko hauek hartuko dira obra txiki erraztzat, jarduketa jakinaraziak bezala tramitatu beharrekoak:

1. Etxebizitzen barneko obrak, bizigarritasun baldintzak betetzea oztopatzen ez dutenak, etxebizitzen erabilera edo kopurua aldatzea ez dakartenak edo eraikinaren elementu komunak ukitzen ez dituztenak, konparaziorako:

–Estaldurak eraberritzea, konpontzea, berritzea edo aldatzea.

–Barneko arotzeria aldatzea edo ordeztea.

–Tresna sanitarioak aldatzea edo ordeztea.

–Instalazioak edo azpiegiturak konpontzea, berritzea edo aldatzea.

2. Fatxadetako eta estalkietako obrak, dauden materialak, koloreak eta diseinua mantentzen badira:

–Estalkiak konpontzea eta teilaberritzea.

–Zorrotenak garbitu eta ordeztea.

–Fatxadak margotu, paramentuak konpondu eta fatxadako elementuak (eskudelak, moldurak eta antzekoak) konpontzea eta ordezkatzea.

–Kanpoko arotzeria ordeztea.

Inola ere ezin izanen dira obrak jarduketa jakinarazien gisa tramitatu, aldamioak jarri behar badira, edozein modutan eremu publikoa okupatzen bada.

Katalogatutako eraikin edo elementuetan egiten diren obrak ere ezin izanen dira jarduketa jakinarazien gisan tramitatu.

4. artikulua. Betekizun dokumental eta teknikoak.

4.1. Oro har, kasu guztietan, ondoko agiriak aurkeztu beharko dira Udalaren erregistro orokorrean.

1. Udalak normalizatutako inprimakia jarduketa jakinarazien obretarako, identifikazioaren eta helbidearen datu pertsonalak dituela (jakinarazpenak egin ahal izateko); bertan nahitaez jaso beharko da egin gogo diren obren kokalekua (helbidea). Jarduketa jakinarazien jakitun geratzeko tramitea egin behar duten langileek aldez aurretik aztertu dutela jaso beharko da eskabidean.

2. Ordezkaritzaren frogagiria, hala behar denean, partikularra, legala edo profesionala denean ere.

3. Lanak deskribatzeko memoria.

4. Partidetan zehaztutako aurrekontua, materialak eta eskulana barne.

4.2. Berariazko agiriak, egin beharreko obra motaren arabera: fatxadetako eta/edo estalkietako jarduketetan, obretako elementuen argazkiak aurkeztu beharko dira.

4.3. Tributuen ordainketaren frogagiriak.

5. artikulua. Jarduketa jakinarazien prozedura berezia.

1. Udal administrazioak normalizatutako inprimakiaren bidez eginen da jakinarazpena, eta Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko.

Inprimaki hori behar bezala beterik aurkeztuko da, eta interesdunaren helbideaz eta identifikazio datuez eta higiezinaren datuez gainera, kasu bakoitzaren berariazko dokumentazioa ere aurkeztuko da.

2. Jarduketa jakinarazien jakitun geratzeko tramitea egin behar duten Udaleko langileek segituan aztertuko dute aurkeztutako dokumentazioa, eta, ondotik, honako hau gerta daiteke:

a) Dokumentazioa aztertu ondoren, zerbait falta denean: kasu horretan, eskatzaileari jakinaraziko zaio zer agiri ekarri behar duen. Eskatzaileak bi aukera ditu, orduan: eskabidea erregistroan utzi eta hurrengo 10 egun baliodunetan dokumentazioa osatzea edo eskabidea osatu arte ez aurkeztea. Baldin eta eskatzaileak eskabidea Udal Erregistroan uztea erabakitzen badu, dokumentazioa osatu gabe, eskabidea erregistratu aurretik agirien gaineko errekerimendua emanen zaio, dokumentazioa 10 egun baliodunen epean osa dezan. Eskatutako dokumentazioa aurkeztean, jakitun geratzeko tramitea egin behar duten langileek aztertuko dute, eta dokumentazioa zuzena izanez gero, artikulu honetako c) atalean xedatu bezala jokatuko da. Dokumentazioa zuzentzeko epea eskaera osatu gabe amaitzen bada, jarduketak artxibatu eginen dira, beste inolako tramiterik egin gabe.

b) Agiriak aztertuta, kasuan kasuko jarduketa horri jarduketa jakinarazien prozedura ez dagokiola irizten zaionean: kasu horretan, egin behar duen jarduketa dagokion lizentzia motarako ezarritako arauen arabera egokitu behar duela jakinaraziko zaio interesdunari, eta, zein obra-klase egin behar duen, horri dagokion inprimakia emanen zaio, betetzeko.

c) Dokumentazioa aztertuta, zuzena dela ulertzen denean: kasu horretan, jakinarazpenari konformearen eginbidea emanen zaio, jarduketa jakinarazien jakitun geratzeko tramitea egin behar duten langileen artean dokumentazioa aztertu duenak sinatua. Jakinarazpen horiek, tributuen autolikidazioa ordaindu izanaren frogagiriarekin batera, udal bulegoetako erregistroan erregistratuko dira; prozedura amaitutzat joko da, eta tramite gehiagorik egin gabe artxibatuko da jakinarazpena.

3. Baldin eta, aparteko arrazoiak direla medio, jarduketa jakinarazietan jakitun geratzeko tramitea egin behar duten udal-langileek ez badute agiriak berehala aztertzerik, gehienez ere 15 egun balioduneko epean jakinarazi beharko zaio interesdunari dokumentazioan akatsak aurkitu direla edo egitekoak diren obrei ez dagokiela jarduketa jakinarazien prozedura. Baldin eta, 15 egun balioduneko epea iraganik, interesdunak inolako komunikaziorik jasotzen ez badu, jarduketa bidezkoa dela joko da, eta interesdunak hasiera ematen ahalko die obrei.

BIGARREN TITULUA

Tramitazio laburtuaren araubideari lotutako lizentzia
behar duten obra txikiak

6. artikulua. Tipologia.

Ondoko hauek hartuko dira obra txiki erraztzat, prozedura laburtuaren bidez tramitatu beharrekoak:

1. Etxebizitzen barneko obrak:

–Igeltsero-lanak eta trenkadetakoak, jarduketa jakinarazien kasuetako baldintzak gainditu bai baina etxebizitzaren erabileran aldaketarik ekarriko ez dutenak, ezta etxebizitzaren banaketan funtsezko aldakuntzarik ere, eta bizigarritasun-baldintzak betetzeari eraginen ez diotenak.

–Instalazio edo azpiegitura berriak paratzea etxebizitzetan.

2. Obrak lokaletan:

–Fatxadak eraberritzea.

–Estaldurak eraberritzea, konpontzea, berritzea edo aldatzea.

–Instalazioak edo azpiegiturak konpontzea, berritzea, aldatzea edo ezartzea.

3. Obrak fatxada eta estalkietan:

–Balkoiak ixtea eta goiko solairuetan eguzki-oihalak paratzea, jabe elkarteak eskatuta Udalak elkarterako eredu komuna onetsi eta gero.

–Lokaletan eguzki-oihalak paratzea.

–Lokaletako eta eraikinetako fatxadetan errotuluak paratzea.

–Irekitzeko lizentzia duten lokaletako beheko solairuan baoak egitea, fatxadaren konfigurazio orokorra aldatzea ez badakarte.

–Materialak, koloreak eta diseinua aldatuta edo fatxadak erabat eraberrituta, jarduketa jakinarazitzat hartu ezin diren obrak fatxadetan eta estalkietan. Kasu horietan, jarduketak diseinu bateratua eman beharko dio eraikinaren estalki edo fatxada osoari.

4. Eraikinen instalazio edo azpiegitura komunetako obrak:

–Konponketak, ordezkapen partzialak edo osoko eraberritzeak.

–Instalazio edo azpiegitura berriak ezartzea.

5. Bestelako jarduketak:

–Zuloak edo eraispen puntualak egitea, etxebizitza edo lokalak eraberritzeko proiektua prestatu aurrekoak, baldin eta beharrezkoak direla frogatzen bada.

–Eraberritze txikiak lorategi eremuetan.

–Artikulu honetan aipatutako ezaugarri berdintsuak dituzten obra txikiak.

–Egiturazko elementu txiki jakin batzuk (teilatu-hegalak, balkoietako lauzak, estalkietako petralak edo antzekoak) ukitzen dituzten obrak, edo karga-hormetan baoak ireki edo handitzea.

6. Beste hainbat obra-mota, halakoak non jarduketa jakinarazi gisara tramitatzeko modukoak izanda ere ez baitiote eutsi 5. artikuluan ezarritako prozedurari, udal bulegoetako erregistroan aurkezteaz denaz bezainbatean, jarduketa jakinarazietan jakitun geratzeko tramitea egin behar duten udal-langileek aztertu eta gero.

Eraikin eta elementu katalogatuetako obrak ezin izanen dira prozedura laburtuaren bidez tramitatu, katalogazioa ekarri zuten elementu guztiak ukitzen badira.

Prozedura laburtua erabiltzen ahalko da elementu horiek zaharberritu, konpondu eta mantentzeko obrak direnean.

7. artikulua. Betekizun dokumental eta teknikoak.

7.1. Oro har, kasu guztietan, ondoko agiriak aurkeztu beharko dira.

1. Udalak normalizatutako inprimakia prozedura laburtuari lotutako obretarako, identifikazioaren eta helbidearen datu pertsonalak dituela (jakinarazpenak egin ahal izateko); bertan nahitaez jaso beharko da egin gogo diren obren kokalekua (helbidea).

2. Ordezkaritzaren frogagiria, hala behar denean, partikularra, legala edo profesionala denean ere.

3. Lanak deskribatzen dituen memoria eta, bidezkoa denean, Eraikuntzaren Kode Teknikoa justifikatzen duena.

4. Partidetan zehaztutako aurrekontua, materialak eta eskulana barne.

5. Obrak zuzentzeko teknikari eskuduna kontratatu izanaren frogagiria, obrek egiturazko elementu txiki jakin batzuk (teilatu-hegalak, balkoietako lauzak, estalkietako petralak edo antzekoak) ukitzen badituzte, karga-hormetan baoak ireki edo handitzen badira edo eraikin katalogatuetako intereseko elementuak ukitzen badituzte.

7.2. Berariazko agiriak, egin beharreko lan motaren arabera:

1. Etxebizitzetako obrak.

1.1. Etxebizitzen barneko obrak (igeltserotza eta trenkadak):

–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

–Obrak zuzentzeko teknikari eskuduna kontratatu izanaren egiaztagiria, etxebizitzetan egin beharreko lanetarako, trenkadak aldatu behar badira, edo banaketa aldatu behar bada, sukaldeak, bainugelak, komunak edo etxebizitzaren bizigarritasuna ukitzen badira.

1.2. Obrak etxebizitzen barrenetan (azpiegitura edo instalazio berriak paratzea):

–Etxebizitzaren planoa, ezarriko diren instalazioak dakartzana.

2. Obrak lokaletan.

2.1. Fatxadak eraberritzeko obrak:

–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

–Fatxadaren egungo egoeraren argazkiak.

2.2. Estaldurak eraberritzea, konpontzea, berritzea edo aldatzea:

–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

2.3. Instalazioak edo azpiegiturak konpontzea, berritzea, aldatzea edo ezartzea:

–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

3. Obrak fatxada eta estalkietan.

3.1. Balkoiak ixtea:

–Balkoia ixteko eredua Udalak onartu zuelako egiaztagiria, edo noiz onartu zuen zehaztea.

3.2. Eguzki-oihalak eta errotuluak paratzea:

–Haien diseinua zehazteko dokumentazioa (planoak, argazkiak).

–Fatxadaren argazkia eta/edo krokisa, zehazteko non kokatuko diren.

3.3. Fatxada-baoak zabaltzea beheko solairuan:

–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

3.4. Obrak fatxada eta estalkietan (oro har):

–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

–Fatxadaren argazkiak.

–Justifikazio grafikoa eta/edo idatzia, agertzeko fatxadaren edo estalkiaren diseinuari eutsiko zaiola.

4. Eraikinen instalazio edo azpiegitura komunetako obrak.

4.1. Egungo instalazioen trazaduran edo instalazio berrien ezarpenean aldaketak dakartzaten obrak:

–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

4.2. Fatxadetako obrak:

–Fatxada horien argazkiak eta proposatutako obraren krokisa.

–Azterlan teknikoa, Eraikuntzari buruzko ordenantza orokorra dagokion aldetik bete duela frogatzeko.

4.3. Gas instalazioak:

–Azterlan teknikoa, kasuan kasuko elkargo profesionalak ikus-onetsia eta enpresa hornitzaileak zigilatua. Hartan instalazioa deskribatuko da eta, dagokion aldetik eraikuntzari buruzko ordenantza orokorra bete dela frogatuko da.

5. Proiektua idatzi baino lehen laginak hartzea edo eraispen puntualak egitea:

–Teknikari eskudunak proiekturako prestatutako txostena, zuloak edo eraispenak egiteko beharra arrazoitzeko.

Agiri horiek gutxieneko dokumentazioa izanen dira. Ledeako Udalak beste agiri batzuk eska ditzake, tartean teknikari eskudunak izenpetutako obra-proiektu ikus-onetsia ere, baldin eta beharrezkoa bada lizentzia zein obretarako behar den, obra horiek zuzen eta osoki zehazteko, edo araudira egokituko dela bermatzeko.

7.3. Tributuen autolikidazioa, eredu normalizatuaren araberakoa, ordaindu izanaren frogagiria dakarrela, dagozkion ordenantzetan ezarritakoari jarraikiz.

8. artikulua. Eremu publikoa okupatzea eta baliabide osagarriak erabiltzea.

Eremu publikoa okupatzeko eta/edo aldamioak, karga jasogailuak, hesiak eta gisakoak paratzeko baimena tramite laburtuko obra lizentziarekin batera eskatuko da ahal dela.

Hala ere, horretatik aparte ere eskatzen ahal da, baina obra lizentzia eman ondoan baimenduko da soilik. Eskaera aparte eginez gero, obra lizentziaren espedientea aipatu beharko da eskaeran, edo, bestela, obrak egiteko agindua.

Obra lizentziarekin batera nahiz aparte eskaera egitean, honako hau aurkeztuko da:

–Kokapen planoa, egin nahi den okupazioa zehazten duena.

9. artikulua. Prozedura.

1. Eskaera egitean hasiko da prozedura, ordenantza honen 4. artikuluko datuak gutxienez izanen dituen inprimaki normalizatua aurkeztuta udal bulegoetako erregistroan.

Tramitazio epeak kontatzeko ondorioetarako, dokumentazio osoa sartzean hartuko da hasitzat espedientea.

2. Eskaera eta dokumentazioa aurkezten direnean dauden zerbitzu eskudunek aztertuko dituzte.

Hasteko eskaerak indarra duen legedian ezarritako baldintzak bete ezean, edo dokumentazioa osatu gabe egonez gero, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean akatsa zuzen dezan edo beharrezko dokumentazioa aurkez dezan eta ohartaraziko zaio ezen, egin ezean, eskaria bertan behera utzi duela ulertuko dela, administrazio publikoen administrazio prozedura erkideari buruzko legean aurreikusitako ondorioak izanik.

Obrek ez badute bat egiten 6. artikuluan zehaztutakoekin, eta tramitazio arrunta bada jarraitu beharreko prozedura, interesdunari jakinaraziko zaio bidegabea dela espedientea prozedura horretatik hastea, eta tramitazio arrunteko prozeduraren bidez jarraituko du.

3. Dokumentazioa osatu ondoan, udal txosten bat eginen da, zentzu hauetariko batean:

a) Lizentzia ukatzeko proposamena, egin gogo den jarduketak bat egiten ez duenean aplikatu beharreko hirigintzako araudiarekin; horrek organo eskudunaren ukatzeko ebazpena ekarriko du.

b) Lizentzia ematea, betiere zehaztuta eskatutako jarduketak indarra duen ordenamenduarekin bat etortzeko bete behar dituen baldintzak edo neurri zuzentzaileak.

Espedientea gehienez ere hilabeteko epean ebatzi beharko da, dokumentazioa osatu eta akatsak zuzendu ziren egunaren biharamunetik hasita.

4. Aurreko zenbakian finkatutako gehieneko epea etengo da, akatsak zuzentzeko errekerimenduaren bidez, hartan akatsak zein diren eta haiek zuzentzeko epea zehazten direla.

5. Lizentziaren titularrek udal bulegoetan jaso ahalko dute lizentzia, tramitatu ondoko 7 egunean. Epe horretan hartzen ez bada lizentzia, eskatzaileari etxean jakinaraziko zaio, edo posta elektronikoaren bidez.

HIRUGARREN TITULUA

Ordenantza honen prozedura erraztuen bidez obra txikietarako emandako lizentzien ondorioak eta baldintza orokorrak

10. artikulua. Lizentzien baldintza orokorrak eta ondorioak.

1. Tramitatutako lizentziak ez dira ezein kasutan isiltasun administratiboaren bidez eskuratutzat joko, baldin eta legeen edo hirigintzako antolamenduaren kontra badoaz, edo, eskabideko datuak faltsutu, nahastu edo ez aipatzeagatik, ezin bada jakinarazi hutsak zuzendu behar direla, edo kasuan kasuko jarduketari ez dagozkiola jarduketa jakinaraziaren prozedura edo tramitazio laburtukoa, edo espedientearen tramitazioari eta ebazteari dagokien bertze edozein gauza.

2. Aurreko ataletan jasotako prozedura-araubideak ez dizkie arintzen jarduketen titularrei zergak ordaintzeko betebeharrak, zeinak dagozkien ordenantza fiskalen arabera bete beharko baitituzte.

3. Honako baldintza hauek betetzearen menpe egonen da lizentzia:

a) Ondorioak izanen dituzte, Udalaren eta kasuan kasuko jarduketari dagokion subjektuaren arteko harremanari dagokionez, baina ez dituzte aldatuko subjektu horren eta gainerako pertsonen arteko egoera juridiko pribatuak.

b) Emantzat joko dira, jabetza eskubidea izan ezik, eta hirugarrenik kaltetu gabe.

c) Deskribaturiko obrak baino ezin izanen dira egin. Berariaz adierazi diren obrak ez direnak egiten badira, aldez aurretik horiei dagokien baimena eskatu beharko da, galarazi gabe bertzenaz ezartzen ahal diren zehapenak.

d) Interesdunak udal zerbitzuen eskura izan beharko du emandako lizentzia, edo komunikazio eginbidetuaren inprimakia, eta obrara sartzen utziko die zerbitzu horietako langileei, ikuskapenak edo egiaztapenak egin ditzaten.

e) Obrak hiru hilabeteko epean hasiko dira, tramite laburtuko lizentzia eman edo jarduketa jakinarazien komunikazioa egin zenetik hasita, eta sei hilabetean bukatu beharko dira, lizentzia eman edo jakinarazpena egin zenetik, non eta ez den bestelako eperik aipatzen lizentzian; epe hori iragandakoan, lizentziaren edo jakinarazpenaren iraungipena deklaratzen ahalko da, non eta interesdunak ez duen obrak egiteko epea luzatzeko edo geroratzeko eskatzen, betiere gehienez ere aurreko epeen erdia izanen den epe baterako.

f) Ezin izanen dira inola ere egin legeriaren edo hirigintzako planeamenduaren kontrakoak diren obrak.

g) Lanak egiterakoan eraikuntzaren, segurtasunaren eta laneko osasunaren arloetan kontuan hartu beharreko xedapen indardun orori jarraitu beharko zaio.

h) Lizentziak ezin izanen dira erabili baimendutako jarduketak gauzatzean titularrek beren gain hartutako erantzukizun zibila edo penala saihesteko edo leuntzeko.

i) Baimenak eskualdatzen ahalko dira, baina titular berriak eta zaharrak idatziz eman behako diote horren berri Udalari; bertzenaz, biei egokituko zaizkie lizentziak babesten duen jarduketa horrek dakartzan erantzukizunak.

j) Eremu publikoetan eta ondoko eremuetan lanen ondorioz sortzen diren kalteak konpondu beharko dira lanek irauten dutenean, baita haiek ongi mantendu ere, segurtasunaren, osasunaren eta garbitasunaren aldetik, nahiz eta abala eskatu ahalko den kalte horiek konpontzeko berme gisa, hala adierazten bada txostenetan.

k) Debeku izanen da kale, plaza eta pasealekuetan aldamioak, eskailerak, makinak, erremintak, lanabesak edo tresnak paratzea, bai eta zirkulazio publikoa oztopatzen ahal duen eraikuntzako bertze edozein objektu eta material mota ere, berariazko baimenik ez badute.

4. Obra lizentziak obrak babesten ditu, baina ez hirigintzako erabilerak. Hori dela eta, legeztatuta ez badaude eta legeztatu ezin badira, obren exekuzioak ez du inola ere eskubiderik emanen erabilera babesten duen lizentziarik eskuratzeko.

Horren ondorioz, aldeko eginbideak eta prozedura laburtuko lizentziak luzatu eta ematen dira, aipatutako erabilerak legeztatuta daudela ulertuta eta, legeztatuta ez badaude, ez da babestuko inolako obrarik.

11. artikulua. Udalaren kontrolaren eta ikuskapenaren araubidea.

Udaleko zerbitzu teknikoek indarra duen legediak ematen dizkien ikuskapen eginkizunak eginen dituzte, hirigintzako legedia betetzen dela egiaztatu eta ikertu beharrez.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Ordenantza honek indarra hartu aurretik hasitako prozedurak, hemen araututako jakinarazpenaren araubideari loturik egon daitezkeen obrei dagokienez, hasi zirenean indarra zuen araudiari jarraikiz ebatziko dira.

Iragarkiaren kodea: L1707703