158. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2386E/2017 EBAZPENA, uztailaren 19koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, diru-laguntzen deialdi hau onesten duena: “Faktore sozialek osasun mentalean duten inpaktua ikertzeko proiektuak”.

Osasun Departamentuak bere gain hartua du Nafarroan osasun zientzien arloko ikerketa sustatzeko ardura, zenbait legek ezarritakoarekin bat (Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legea, Osasun Sistema Nazionalaren Kohesioari eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legea eta Ikerketa Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legea), eta, orobat, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen Hamargarren Tituluan, “Osasunaren irakaskuntza eta ikerketa” izenekoan, aurreikusitakoa betetzeko.

Parlamentuaren zuzenketaren bidez honako partida hau sortu zen, 25.000 eurorekin: “Faktore sozialek osasun mentalean duten inpaktua ikertzeko proiektuak”.

Adierazitakoarekin bat, Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuak proposaturik eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak eta Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 132/2015 Foru Dekretuaren 8.v) artikuluak ematen dizkidaten eginkizunak erabiliz,

EBATZI DUT

1. Honako diru-laguntzen deialdi hau onestea: “Faktore sozialek osasun mentalean duten inpaktua ikertzeko proiektuak”, 2017an.

2. Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

512002-51350-6095-465103: (E) Faktore sozialek osasun mentalean duten inpaktua ikertzeko proiektuak

2017

25.000,00

4. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa para daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2017ko uztailaren 19an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Luis Gabilondo Pujol.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da faktore sozialek osasun mentalean duten inpaktua ikertzeko proiektuak sustatzea.

2.–Proiektuek bete beharreko baldintzak.

Finantzaketaz baliatu ahal izateko, proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ikertzaile bakarra izatea, edo ikertzaile nagusi bakarra, proiektuaren exekuzio zientifiko-teknikoaz arduratuko dena.

b) Parte hartzen duten zentroen artean, bat Nafarroan kokatutako osasun zentroa izatea. Horren ondorioetarako, Osasun Departamentuak deialdiaren egunean baimendurik dituen zentroak hartuko dira osasun zentrotzat.

c) Zigor edo administrazio arloko zehapen baten ondorioz diru-laguntza edo laguntza publikoak lortu ezin dituzten zentro zehatuek parte hartzen duten proiektuek ezin izanen dute deialdi honen xedeko laguntzarik jaso, zehapenean ezartzen den epea bukatu arte, ez eta horretarako desgaitzen dituen legezko debekuren bat dutenek ere.

3.–Eskatzaileak eta ikerketa taldearen betebeharrak.

Oinarri arautzaile hauetan xedatutakoaren araberako ikerketa proiektuak gauzatu nahi dituzten ikerketa taldeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

3.1. Ikertzaile nagusiak baldintza hauek beteko ditu:

a) Nafarroako sare publikoko osasun zentro bati edo Nafarroan kokaturiko unibertsitate bati atxikia egotea, edo irabazi-asmorik gabeko Nafarroako beste erakunde publiko edo pribatu bati.

b) Aurreko puntuan adierazitako zentro publiko edo pribatuekin funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun gisako lotura formalizaturik izatea, finantzaketa eskatzen denetik esleipenaren ebazpena eman arte.

c) Osasun prestakuntza espezializaturako programa bat egiten ez aritzea goiko b) letran adierazitako epe berean.

d) Deialdi honetan proiektu bat baino gehiago ez aurkeztea.

e) Deialdi honetarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean ez agertzea ikertzaile nagusi gisa edo kolaboratzaile gisa Osasun Departamentuak finantzatutako proiektu aktibo batean.

3.2. Ikertzaile taldeko gainerako kideek honako baldintza hauek beteko dituzte:

a) Deialdi honetan aurkeztutako proiektu batean baino gehiagotan ez parte hartzea.

b) Osasun Departamentuak finantzatuta abian dagoen beste ikerketa proiektu batean ez parte hartzea aldi berean ikertzaile edo laguntzaile gisa.

Prestakuntza espezializatua hartzen ari diren profesionalak ez dira proiektuko ikertzaile nagusi izaten ahal, baina bai, ordea, ikerketa taldeko kide.

Aurkeztutako agirietan edo beste edonola ikusten bada 3. puntuan aipatutako baldintzaren bat ez dela betetzen, proiektua baztertuko da, zuzentzeko aukerarik eman gabe.

4.–Ikerketa proiektuen gehieneko iraupena.

Ikerketa proiektuek 12 hilabete iraunen dute, gehienez ere.

5.–Eskaerak.

5.1. Ikerketa taldeek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute eskaerarekin batera:

1. agiria. Ikertzaile nagusiak eta ikerketa taldeko kide guztiek sinatutako eskabidea. Horrekin batera, proiektuko ikertzaileen zentroetako zuzendaritzen adierazpena aurkeztuko da, non adieraziko baita proiektua bat datorrela unitateak ezarritako ikerketa-ildoekin, proiektua eta eskatutako ordu guztiak baimentzen direla eta, hala, ordu horiek ikertzailearen lanaldiaren barrenean konputatuko direla.

2. agiria. Ikerketa-proiektuaren memoria, eta haren atalen artean erantsi behar dira emaitzak aplikatzearen ondorioz aurreikusten den eragina eta aurrekontua, kontzeptuz kontzeptu xehakatua.

3. agiria. Ikertzaile nagusiaren curriculum vitaea, eta gainerako taldekideena, bertan nabarmenduta zein diren proiekturako interes handieneko alderdiak.

4. agiria. Botikekiko Ikerketaren Batzorde Etikoak egindako txostena. Proiektuarekin batera Batzordeari egindako eskaera besterik ez da aurkeztu beharko; baimena, betiere, proiektuari finantzaketa emateko ebazpena onetsi aurretik aurkeztu beharko da.

5. agiria. Helburu bererako beste finantzaketarik edo laguntzarik eskatu ez izanaren adierazpena, edo, hala bada, proiektu bererako zenbat diru eskatu edo jaso den eta zein erakundek eman duen adierazteko agiria.

5.2. Agiri horiek egiteko txantiloi normalizatuak Nafarroako Gobernuko web-orriko zerbitzuen katalogoan daude eskura (www.navarra.es).

6.–Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

6.1. Eskaerak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztuko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.2. Tramitaziorako, bide elektronikoak erabiliko dira, Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan eskura dagoen estekaren bitartez: https://www.navarra.es/home_es/Servicios/

7.–Prozeduraren instrukzioa eta Ebaluazio Batzorde Teknikoa.

7.1. Prozeduraren instrukzioa egiteko eskumena Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari dagokio, eta hark egiaztatuko du ea deialdian parte hartzeko behar diren baldintzak betetzen diren.

7.2. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari posta elektronikoaren bidez eskatuko zaio gehienez ere 10 egun naturaleko epean akatsak zuzen ditzala bere kudeaketa-entitatearen bitartez, eta ohartaraziko zaio zuzendu ezean bere eskaera ezetsi eta artxibatu eginen dela, ebazpena eman ondotik.

7.3. Oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta, ondorioz, onartzen diren eskaerak Ebaluazio Batzorde Tekniko batek ebaluatuko ditu, deialdi honetan finkatutako irizpideei jarraikiz, haiek onartzeko proposamena egiteko asmoz. Batzorde Teknikoak kide hauek izanen ditu:

Manuel Cuesta Zorita. Ospitalizazioko eta Urgentziazko Prozesuen Zuzendariordetza Asistentziala. Nafarroako Ospitalegunea. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua.

Juan Ignacio Arrarás Urdániz. Osasun Mentaleko Errehabilitazio Klinika. Osasun Mentaleko Kudeatzailetza. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua.

Marina Sagaseta López. Estatistikaren Koordinazio eta Zabalkunderako Atala. Nafarroako Estatistika Institutua.

Idoia de Gaminde Inda. Osasun Departamentuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala.

Olga Díaz de Rada Pardo andrea batzordeko idazkaria izanen da. Osasun Departamentuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala.

7.4. Instrukzio organoak, Ebaluazio Batzorde Teknikoaren ebaluazioa ikusirik, ebazpenerako proposamen arrazoitua prestatu eta Osasuneko zuzendari nagusiari igorriko dio.

8.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

8.1. Ebaluazio Batzorde Teknikoak irizpide hauek aplikatuz baloratuko ditu eskaerak:

a) Proiektuaren kalitate teknikoa eta metodologikoa. Gehienez ere 50 puntu. Atal honetan honako hauek baloratuko dira:

–Proposamenaren formulazioa, argitasuna, bidezkotasuna eta zehaztasuna (0 puntutik 10 puntura).

–Taldeak gaiari buruz duen ezagutza eta aurkeztutako bibliografiaren garrantzia (0 puntutik 10 puntura).

–Egokitasun metodologikoa: baloratuko da ea ikerketaren diseinua (diseinua, azterketaren xedeko subjektuak, aldagaiak, datuen analisia eta ikerlanaren mugak) ikerketaren galderari erantzuteko gauza den (0 puntutik 20 puntura).

–Proposamenen originaltasuna eta berrikuntza (0 puntutik 10 puntura).

b) Proiektuaren bideragarritasuna. Gehienez ere 35 puntu, honela banatuta:

b.1. Proiektuko gaietan eta jardueretan ikerketa taldeak duen esperientzia (gehienez ere 20 puntu). Atal honetan gaitasun zientifikoa eta teknikoa baloratuko da, eta ikertzaile nagusiak zein ikerketa taldeko gainerako kideek ikergaiaren arloan duten esperientzia. Merezimendu hauek baloratuko dira:

–Aldizkari espezializatuetan azken 7 urteetan argitaratutako artikulu zientifikoak: JCRn indexatuta egonez gero, eta lehen edo azken egilea edo korrespondentziako egilea bada, 1 puntu; gainerako egileak, 0,5 puntu. JCRn eragin faktorerik izan gabe, lehen edo azken egilea edo korrespondentziako egilea bada, 0,2 puntu. Gainerako egileak, 0,1 puntu.

–Ikerketa proiektuetan izandako parte-hartzea, norgehiagokako deialdietan.

Ikertzaile nagusi gisa: Europa mailako esparrua: 1,5; Espainiako esparrua, 1; eta eskualdeko esparrua, 0,6. Ikertzaile gisa edo ikertzaile laguntzaile gisa: Europa mailako esparrua: 0,4; Espainiako esparrua, 0,2; eta eskualdeko esparrua, 0,1.

–Ikerketa gaian duten esperientzia: 10 puntu. (Taldeak proiektuaren xedeko arlo kliniko berean lan egiten badu, 10 puntu. Bestela, 0 puntu).

b.2. Proposatutako proiektuaren aurrekontua eta lan plana (gehienez ere 15 puntu).

–Lan plana, zereginen banaketa eta kronograma; eskura dauden eta aurreikusten diren bitartekoen egokitasuna, eta proiektua kudeatzeko gaitasuna. 0 puntutik 10 puntura bitarte puntuatuko da.

–Eskatutako aurrekontua nola egokitzen den proiektuaren helburuetara. 0 puntutik 5 puntura bitarte puntuatuko da.

c) Zentro askotan erabili ahal izatea, eta kooperatiboa eta diziplina anitzekoa izatea. Gehienez ere 15 puntu. Honako hauek baloratuko dira: ikerketa zentroen eta/edo taldeen arteko lankidetza maila eta unibertsitateekin edo bestelako erakunde publiko-pribatuekin elkarlanean aritzea.

8.2. Finantzaketa lortzeko, proiektuek gutxienez 30 puntu lortu behar dituzte a) atalean (proiektuaren kalitate zientifiko-teknikoa eta metodologikoa), eta gutxienez 10 puntu b) atalean (proiektuaren bideragarritasuna).

9.–Zenbatekoa zehaztea.

Proiektu bakoitzean finantzatu beharreko zenbatekoa puntuazioaren ordenari jarraikiz zehaztuko da, eta eskatutako kopuru osoa emanen da (gehienez ere 25.000 euro bakoitzari). Zenbatekoa txikiagoa bada, gainerakoa hurrengo proiektuari emanen zaio, eta horrela partida agortu arte.

10.–Gastu finantzagarriak.

10.1. Onartzen den finantzaketa ondoren aipatzen diren gastuak estaltzeko erabiliko da, betiere proiektuaren exekuzioarekin zuzeneko lotura badute eta eskaerarekin batera aurkeztutako memorian jaso baldin badira:

a) Langile teknikoak kontratatzeko gastuak. Proiektua gauzatzeko, parte hartzen duten erakundeekin funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun gisako loturarik ez duten langile teknikoak kontratatzen ahalko dira, proiektua gauzatzeko aurreikusitako denbora osoan edo zati batean aritzeko. Kontzeptu horren barrenean gehienez ere 18.920,00 euro finantzatuko dira, Gizarte Segurantzako kuotak barne.

b) Proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren beste gastu batzuk, honakoak barne:

–Proiektua gauzatzeko ezinbestekoa den material inbentariagarria, eskura ez dagoena edo oso-osorik (edo gutxienez %80an) proiekturako behar dena. Berariaz salbuesten dira altzariak eta instalazioak, baita ekipo informatikoen erosketa ere.

–Material suntsikorra.

–Zerbitzu profesionalak, ordukako kalkulua adierazita, edo egindako lan unitateka (inkestak, aholkularitzak, etab.).

–Bestelako gastu osagarriak, diren bezalakoak izateagatik aurreko ataletan sar ez daitezkeenak. Biltzar eta bilera zientifikoetara joateko gastuak ez dira finantzatuko.

c) Zeharkako kostuak: Proiektuari ematen zaion zenbatekoaren barruan %15 sartuko da proiektuaren kudeaketarekin lotutako gastuetarako.

10.2. Ikerketa taldeko kideek, osasun prestakuntza espezializatua egiten ari diren profesionalak barne, ezin izanen dute inolako ordainsaririk jaso proiektuaren kargura.

10.3. Aurkezten diren gastuak, betiere, proiektuaren helburuak lortzeko beharrezkoak izanen dira, eta behar bezala justifikatu beharko dira.

11.–Ematea.

11.1. Osasuneko zuzendari nagusiak, instrukzio organoak proposatuta, eskaerak onetsi edo ezesteko ebazpen arrazoitua emanen du hilabeteko epean gehienez, honako hauek adierazita: zenbatekoak, onartutako gastu-kontzeptuak eta proiektua hasi eta bukatzeko egunak.

Epe hori berariazko ebazpenik eman edo jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

11.2. Ebazpena eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie posta elektronikoaren bidez, beren kudeaketa-entitatearen bitartez, eta Nafarroako Gobernuaren web-orriko zerbitzuen katalogoan argitara emanen da (www.navarra.es).

12.–Proiektuaren kudeaketa eta ordaintzeko prozedura.

12.1. Proiektuaren kudeaketa ikertzaile nagusiaren ardura da. Nolanahi ere, ikertzaile nagusiak lankidetza hitzarmen bat sinatu beharko du bera kide den zentroari lotutako entitate kudeatzaile batekin. Nafarroako Gobernuaren eta haren erakunde autonomoen menpeko zentroetako ikertzaileen kasuan, Miguel Servet Fundazioa (NavarraBiomed) izanen da entitate kudeatzaile hori.

12.2. Ikertzaile nagusiaren izenean ordainduko da proiektuari esleitutako zenbatekoa, entitate kudeatzailearen kontabilitateko kontuaren bidez, proiektua identifikatuta. Hori helburu, laguntza emateko ebazpenean 2017. urtean proiektu bakoitzari esleitutako zenbatekoak ordaintzeko aginduko da, betiere Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.2 artikuluan ezarritako baldintzak betez gero.

12.3. Proiektuari egozten ahal zaizkion gastuak proiektua bukatutakoan erregularizatuko dira, azken memoria aurkeztuta, eta, behar den fiskalizazioa eginda, espedientea itxi eginen da.

13.–Proiektuak gauzatzea.

13.1. Proiektua bertan ezartzen diren aurreikuspenen arabera gauzatuko da, eta oso-osorik gauzatu beharko da, eskatzen denari jarraikiz.

13.2. Proiektuak gauzatzean gertatzen den edozein gorabehera edo aldaketa idatziz baimendu beharko du aurretik Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuak.

Proiektua gauzatzean, beharrezkotzat jotzen bada gastu mota bakoitzari esleitutako zenbateko partzialetan aldaketak egitea, proiektuari emandako zenbateko osoa gainditu gabe, proiektuaren ikertzaile nagusiak eskatu beharko dio, idatziz eta behar bezala arrazoituz, Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari.

13.3. Proiektuek ikerketaren etikari buruz dauden adierazpen, protokolo eta hitzarmen nazional zein nazioartekoetan ezarritako funtsezko printzipioak errespetatu beharko dituzte, baita ikerkuntza, garapen eta berrikuntza biomedikoari, datu pertsonalen babesari eta bioetikari buruzko legedi nazional eta autonomikoetan ezarritako baldintzak ere.

13.4. Deialdian ezarritako beharkizunak osorik edo partez ez direla bete frogatzen bada, Osasuneko zuzendari nagusiak, Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuak egindako txosten arrazoitua ikusita, eta ikertzaile nagusiari entzunda, entitate kudeatzaileari proiektuaren finantzaketa bertan behera uzteko agintzen dion ebazpena ematen ahalko du, deusetan galarazi gabe izan daitezkeen erantzukizunak.

14.–Bateragarritasuna.

Oinarri hauen arabera lortzen den finantzaketa bateragarria da xede bererako lortzen diren bestelako diru-laguntzekin, betiere finantzaketak, guztira, proiektuaren kostu osoa gainditzen ez badu. Hala gertatuz gero, oinarri hauen kargura proiektuak jaso beharreko finantzaketa gutxitu eginen da, dagokion gehieneko kopururaino.

Ikerketa proiektu bererako beste edozein laguntza jasoz gero, horren berri eman beharko zaio Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari, jakin bezain laster, eta, betiere, proiektua bukatu aurretik.

15.–Proiektuen amaiera eta justifikazioa.

15.1. Proiektuak onartzeko ebazpenean proiektua bukatzeko agertzen den egunetik hasita hiru hilabeteko epean, ikertzaile nagusiak honako hauek jasoko dituen azken memoria aurkeztuko du Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuan:

a) Ikerketaren emaitzak biltzen dituen memoria teknikoa. Ikerketaren eragina agertu beharko da: eragin bibliometrikoa; jardun klinikoaren gaineko eragina edo osasun arloko politiken gainekoa; osasunaren gaineko eragina edo eskaintzen den osasun zerbitzuaren gainekoa, patenteen sorreraren gainekoa, produktuen merkaturatzearen gainekoa edo spin-off konpainien sorreraren gainekoa.

b) Memoria ekonomikoa, non izandako gastuak justifikatuko baitira emandako finantzaketari dagokionez. Bertan, zehazki adieraziko dira proiektua finantzatzeko jaso diren bestelako diru-sarrera, diru-laguntza edo laguntzak, publikoak edo pribatuak, baita haien zenbatekoa eta jatorria ere, eta proiektuaren kostu osoa.

Gastu guztiak jatorrizko agirien bidez justifikatuko dira (fakturak edo froga balioa duten bestelako agiriak), edo ikertzaile nagusiak eta, halakorik bada, entitate kudeatzaileko zuzendariak sinatutako fakturen eta gastuen zerrenda bat aurkeztuz. Halakoetan, Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuak jatorrizko fakturak eskatzen ahal ditu, beharrezkotzat joz gero.

Era berean, entitate kudeatzaileak deialdi honen kargura egindako gastuen fakturen zerrenda bat aurkeztu beharko du proiektu bakoitzeko, bertan data, zenbakia, hornitzailea eta zenbatekoa zehaztuta.

15.2. Proiektua gauzatzeari begira beharrezkoa bada, ikertzaile nagusiak Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari azken memoria aurkezteko epea luzatzeko eskatzen ahalko dio, behar bezala arrazoituta, gauzatzeko epea bukatu aurretik.

15.3. Proiektua bukatuta, Osasun Departamentuak bere beharren arabera erabiltzen ahalko du finantzatutako material inbentariagarria.

16.–Konpromiso osagarriak.

16.1. Finantzaketa onartzeak deialdi honetan ezarritako baldintzak onartzea dakarkio ikerketa taldeari.

16.2. Ikerketa proiektuaren emaitzen gaineko argitalpen zientifiko, ahozko komunikazio eta, oro har, zabalkunde lan guztietan, Nafarroako Gobernuak finantzatu duela adierazi beharko da. Produkzio horien berri Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari emanen zaio, proiektuaren espediente zenbakia eta sortzen diren argitalpenak zehaztuta, kontuan izan gabe azken memoria noiz igorri zen.

16.3. Ikerketaren emaitzaren jabe intelektuala proiektua gauzatzen duen taldea izanen da. Patente bat edo erabilera industriala dakarten emaitzen gaineko eskubideak Nafarroako Gobernuari dagozkio, ikerketa proiektuaren finantzaketan izan duen partaidetzaren ehunekoaren arabera.

16.4. Oinarri hauetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak edo proiektua onartzeko agirian ezarritako baldintzak erabat edo hein batean bete ezik, proiektua bertan behera utziko da eta kobratutako dirua itzuli beharko da, berandutze-interes eta guzti, izan litezkeen erantzukizunak deusetan ukatu gabe.

Iragarkiaren kodea: F1709374