Iragarkia
158. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 17a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ZIZUR NAGUSIA
Deialdia, Udaleko gizarte-hezitzailea izateko
bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko
Tokiko Gobernu Batzarrak 2017ko ekainaren 23an hartu erabakiaren bidez, Zizur Nagusiko Udalaren zerbitzuko gizarte-hezitzailea izateko bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi da.
Hautapen prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia, aipatutako estatutua garatu eta gauzatzeko Sarrera Erregelamendua, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honen oinarriak.
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da gizarte-hezitzailea izateko bi lanpostu, funtzionario araubidekoak eta B mailakoak, oposizio-lehiaketa bidez betetzea, txanda hauetan banatuta:
–Lanpostu bat txanda irekian.
–Lanpostu bat igoera txandan.
1.2. Hauek dira eskaintzen diren lanpostu hutsak: plantilla organikoan 25301 eta 25302 zenbakia dutenak, Haur eta Familientzako Gizarte Zerbitzuei eta Gizarteratzeko eta Laneratzeko Gizarte Zerbitzuei atxikiak, hurrenez hurren.
1.3. Hautaprobak gainditu ondoan, deialdi honetako lanpostuak betetzeko izendatzen diren langileak B maila edo taldean sartuko dira, eta uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta Zizur Nagusiko Udalean aplikatzeko diren gainerako xedapenetan ezarritako lansariak jasoko dituzte.
1.4. Lanpostua lortzen duten izangaiak funtzionario bilakatuko dira, Zizur Nagusiko Udaleko langileendako egungo xedapenetan zehazten diren eskubide eta betebehar guztiekin.
1.5. Igoera txandako lanpostua, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako bete gabe geldituz gero, txanda irekikoari gehituko zaio.
Bestaldetik, igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsa eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.
Era berean, txanda irekiko lanpostua eskuratzeko aukera izanen dute, aurreko lerroaldean adierazitako moduan, deialdiko 7.2 oinarrian agiriak aurkezteko ezartzen den epea bukatzen denean deialdiko 2.1.2 oinarriko eskakizun berariazkoak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiek.
1.6. Halaber, deialdi honen bidez hautapen prozesuan lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hauek osatu nahi dira, 10. oinarrian xedaturikoarekin bat:
a) Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.
b) Lehen ariketa gainditu duten izangaien zerrenda.
1.7. Izangaiak, hautaprobak gainditu eta deialdi honetako lanpostuetan aritzeko izendatu ondoan, Zizur Nagusiko Udalean sartuko dira eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean afiliatuko, eta alta emanen zaie, araubide horretan aurreikusitako babesean.
Deialdi honetako lanpostuetarako izendatu eta lehendik eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean, hots, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan, afiliatuta daudenek bertan segitzea aukeratzen ahal dute edo Gizarte Segurantzan afiliatzea.
1.8. Lanpostuari dagozkion eginkizunak eginkizunen eskuliburuan zehaztutakoak izanen dira:
2.–Beharkizunak.
2.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea amaitzen denetik (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:
2.1.1. Izangai guztien betebeharrak.
a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.
Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo hortik gorakoak, haien kontura biziz gero.
b) Hamasei urte beteta izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Gizarte Hezkuntzako diplomadun titulua edo baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.
d) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
f) B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.
g) Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten hezitzaile lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.
Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.
2.1.2. Igoera txandako izangaiek bete beharreko berariazko betebeharrak.
Igoera txandako izangaiek, aurreko atalean adierazitako betebeharrez gain, hauek ere bete beharko dituzte:
a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.
b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo apalagokoa izatea.
c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute zortzi urtez benetan eman dituztela zerbitzuak kidego horietan.
2.2. Betebehar horiek, deialdiaren 7.2 atalean ezarritako epean eta moduan egiaztatu beharko ditu izendatua izateko proposatzen den izangaiak, salbu eta 3. oinarrian ezarritakoari jarraikiz, eskabidearekin batera egiaztatu behar direnak.
3.–Eskaerak aurkeztea eta tasak ordaintzea.
3.1. Tasak.
Azterketa eskubideetarako tasak arautzen dituen ordenantza fiskalak ezarritakoaren arabera, 20 euroko tasa ordaindu behar da espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako. Aipatu ordenantza 2014ko 236. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 2an.
3.1.1. Honako hauek tasa ordaintzetik salbuetsita daude:
Hautaproben deialdia egin aurretik hilabete batez edo luzaroago lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den diru-sarrerarik ez izatea hilabetero.
3.1.2. Lan eskatzailea dela frogatzeko, Enplegu Bulegoak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko du. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.
3.1.3. Hilabetero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik ez duela interesdunaren adierazpenaren bidez frogatuko da. Adierazpen eredua Udaleko Idazkaritzan eskuratzen ahalko da, edo, bestela, Internet bidez, aipatu helbidean.
3.1.4. Tasa horren ordainketa izenduna eta bana-banakoa da, eta diru-sarrera baten bidez eginen da, eskudirutan edo transferentziaren bidez, bai Zizur Nagusiko Udalaren kontuetan bai honako banku hauetakoetan:
–Caixabank CAIXESBBXXX ES03 2100.5199.54.2200064878.
–Nafarroako Rural Kutxa BCOEESMM008 ES57 3008.0066.81.0702518820.
–Euskadiko Kutxa CLPEES2M ES43 3035.0200.87.2000790026.
Ordainagirian datu hauek adierazi beharko dira nahitaez:
–Izangaiaren izen-deiturak.
–NANa/IFZ.
–Ordainketa zein kontutan egiten den, haren zenbakia.
–Kontzeptua: oposizioak.
–Deialdiaren xede den lanpostua.
3.1.5. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.
3.2. Eskaerak.
Eskabideak deialdi honen I. eranskinean dagoen ereduari lotu behar zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eskabide eredua Zizur Nagusiko Udalaren Idazkaritzan hartuko dira, edo, bertzenaz, INFOLOCAL 012 telefonoaren bidez, Nafarroa barrutik deituz gero, edo 948 217 012 telefonoa markatuz, Nafarroaz kanpotik deituz gero; Internet bidez ere eskuratzen ahal da, www.zizurmayor.es helbidean, baita deialdia argitaratzen den Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere.
Deialdian parte hartzeko eskaerak aurkeztuko dira hogeita hamar egun naturaleko epean, hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.
Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi.
Eskaerak honako bide hauetako edozeinetatik egin daitezke:
3.3. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Zizur Nagusiko Udaleko erregistro orokorrean (Erreniega parkea, z.g., 31180 Zizur Nagusia) edo Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.
3.4. Hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditzen ez dituzten hautagaiekin zerrenda batzuk osatuko dira, ondoren aldi baterako kontratazioak egiteko. Horretarako, izangaiek deialdiko eskabidean berean adierazi beharko dute aldi baterako kontrataziorako aukera onesten dutela.
3.3. Eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa.
Eskabideari, behar bezala bete ondotik, agiri hauek erantsiko zaizkio:
Bat.–Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako tasa ordaindu izanaren frogagiria.
Bi.–Deialdian igoera txandan parte hartzea eskatzen duten izangaiek, Zizur Nagusiko Udala ez den beste Nafarroako Administrazio Publiko bateko langile finkoak badira, lehengoaz gainera, 2.1.2 idatz-zatian jasotzen diren eskakizunak betetzen direla frogatzen duen agiria gehitu beharko diote eskabideari.
Hiru.–8. oinarrian (lanpostuak aukeratzeko lehentasuna) xedaturikoari dagokionez eta, halaber, denboren eta baliabideen egokitzapena eskatzeko, %33ko edo hortik gorako ezgaitasuna duten izangaiek hori agiri hauetako baten kopiaren bidez frogatu beharko dute:
–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.
–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
Desgaitasuna duten izangaiek epeak eta moduak egokitzeko eskatzen ahalko dute ariketak egiterakoan, hala behar izanez gero. Kasu horietan eskabidean, bertze orrialde batean, adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Zizur Nagusiko Udaleko alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoren, Zizur Nagusiko Udaleko alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
4.4. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko.
5.–Epaimahaia.
5.1. Hauexek izanen dira epaimahaiko kideak:
1.–Mahaiburua: Jon Gondán Cabrera, Zizur Nagusiko Udaleko alkatea.
–Ordezkoa: M.ª Pilar García Castellano, Zizur Nagusiko Udaleko lehen alkateordea.
2.–Mahaikide-idazkaria: Cristina Fabo Legarda, Zizur Nagusiko Udaleko idazkaria.
–Ordezkoa: Yolanda Azanza Ilzarbe, Zizur Nagusiko Udaleko kontu-hartzailea.
3.–Mahaikidea: Mª Isabel Abadía Sanz, Zizur Nagusiko Udaleko APTa-Giza Baliabideen arduraduna.
–Ordezkoa: Margarita Hernández Baigorri, Zizur Nagusiko Udaleko administrari-ofiziala.
4.–Mahaikidea: Milagrosa Iriarte Elía, Zizur Nagusiko Udaleko Herritarrendako Zerbitzuetako burua.
–Ordezkoa: M.ª Mercedes Alduán Urdiain, Zizur Nagusiko Udaleko Herritarrendako Zerbitzuetako gizarte-langilea.
5.–Mahaikidea: M.ª Teresa Artazcoz Oroz, Zizur Nagusiko Udaleko funtzionarioen ordezkaria.
–Ordezkoa: Javier Aniceto Górriz Salamanca, Zizur Nagusiko Udaleko funtzionarioen ordezkaria.
Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.
5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balioa izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude.
Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eska dezake proba baterako edo guztietarako. Aholkulari horien laguntza norberaren espezialitate teknikora mugatuko da.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
6.2. Oposizioaldia 2017ko abenduan hasiko da gutxi gorabehera. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira ariketak egiteko tokia eta eguna, eta hasteko ordua.
6.3. Lehiaketaldia.
6.3.1. Deialdiaren 3.3 oinarrian agindutakoaren arabera, merezimendu guztiak, administrazio publikoetan egindako zerbitzuenak izan ezik, organo deitzaileak epaimahaiari zuzenean igorriko baitizkio, agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak, jatorrizko agiriak edo kopia egiaztatuak erabiliz, oposizio-lehiaketa honetan parte hartzeko eskaera aurkeztean; bestela, ez aurkeztutzat joko dira.
6.3.2. Alegatu eta frogaturiko merezimenduak deialdi honen II. eranskinean azaldu baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.
6.3.3. Lehiaketaldian gehienez ere 30 puntu lortzen ahal dira, honela banatuak:
a) Titulu akademikoak: gehienez ere 8 puntu.
b) Emandako zerbitzuak: gehienez ere 15 puntu.
c) Prestakuntza jarduerak: gehienez ere 7 puntu.
d) Euskara jakitea: gehienez ere 6 puntu.
6.3.4. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzerako baremoan aipatzen den gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.
6.3.5. Lehiakideek alegatutako eta frogatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu epaimahaiak noiznahi.
6.3.6. Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoan, epaimahaiak lortutako puntuazioak argitaratuko ditu Zizur Nagusiko Udalaren iragarki oholean, eta hamar eguneko erreklamazio epea ezarriko du, izangaiek merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten.
Erreklamazioetarako epea iraganik eta epaimahaiak haiek ebatzitakoan, iragarki oholean ezarriko da izangaien zerrenda, lehiaketaldian ateratako puntuazioak dituena. Puntuazio hori oposizioaldian ateratzen denari gehituko zaio eta horrela aterako da oposizio-lehiaketaren guztirako puntuazioa.
6.4. Oposizioaldia.
6.4.1. Oposizioa 2017ko abenduan hasiko da, nonbait hor. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
Horren ondotik, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak jakinaraziko ditu, erregelamenduari jarraikiz.
6.4.2. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:
Lehenbiziko ariketa: teorikoa, gai zerrendako 1. eta 2. ataletan jasotako gaiei buruzko 80 eta 100 galdera artean erantzun beharko dira idatziz. Galdera bakoitzerako erantzun bat baino gehiago eskainiko dira aukeran, baina bat bakarra izanen da egokia. Erantzun okerrek penalizazioa izanen dute. Epaimahaiak ariketa hori egiteko lehiatzaileek zenbat denbora izanen duten gehienez adieraziko du hura hastean.
Bigarren ariketa: teoriko-praktikoa. Gai zerrendako 2. ataleko edukiei buruz epaimahaiak proposatutako kasuak ebatzi beharko dira idatziz. Epaimahaiak ariketa hori egiteko lehiatzaileek zenbat denbora izanen duten gehienez adieraziko du hura hastean.
6.4.3. Oposizioko ariketen balorazioan 70 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuak:
–Lehenbiziko ariketa: 35 puntu gehienez.
–Bigarren ariketa: 35 puntu gehienez.
6.4.4. Lehen eta bigarren ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean kalifikaziorik altuena lortzen duen izangaiaren puntuazioaren erdira gutxienez iristen ez diren izangaiak. Dena dela, ariketa gainditutzat jotzeko, puntuazioa ez da izanen deialdiaren oinarrietan ariketa horretarako ezarritako gehieneko puntuazioaren herena baino baxuagoa.
6.4.5. Bigarren ariketa plika sistemaren bidez eginen da.
6.4.6. Ariketak zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Zizur Nagusiko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioaren hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago. Delako zerrendaren berri jakiteko INFOLOCALera dei daiteke, 012 telefonoaren bidez, Nafarroatik deituz gero, edo 948 217 012 telefonoa markatuz, Nafarroatik kanpo deituz gero; Internet bidez ere eskuratzen ahal da, www.zizurmayor.es helbidean.
6.4.7. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen bertze agiriren bat aldean dutela agertu beharko dute. Azterketara agertzen ez direnak edo arestian aipatutako agirietako baten bidez haien nortasuna egiaztatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.
6.4.8. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.
7.–Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.
7.1. Hautaprobak buruturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditzen dituztenen zerrenda, oposizio-lehiaketan lortutako kalifikazioekin, Zizur Nagusiko Udalaren iragarki oholean eta azterketa egin den tokian. Gero, zerrenda hori alkateari igorriko dio, probak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko proposamenarekin eta espediente osoarekin batera. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Berdinketarik gertatuz gero, bigarren ariketan puntu gehien lortzen dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, lehenengo ariketan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan.
7.2. Izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturalen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiriok aurkeztu beharko ditu Zizur Nagusiko Udalean:
7.2.1. Nafarroako Administrazio Publikoen eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiak:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen bertze agiri baliokideren batenak.
b) Deialdiko 2. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena edo, hala bada, eskaerak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.
c) Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak emandako txostena, interesdunak karguan aritzea eragotziko liokeen eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.
Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek egina.
d) Zinpeko edo zinezko deklarazio bat, adierazteko ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
e) Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa.
Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, agiria aurkeztu beharko dute, beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela adierazteko.
f) Nafarroako Foru Araubidea errespetatzeko, Konstituzioari eta legeei men egiteko eta karguaren eginkizunak zintzo betetzeko zina edo agindua.
Deialdi hau egin ez duen Nafarroako bertze administrazio publikoren bateko langile finkoek, gainera, aitzineko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria beharko dute aurkeztu, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarrei buruzkoa.
7.2.2. Nafarroako Administrazioen zerbitzuko langile finkoak diren izangaiak:
a) Deialdiko 2. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena edo, hala bada, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.
Ezgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.
7.3. Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe beren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.
7.4. Aurreko atalean azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea Zizur Nagusiko Udaleko alkate udalburuak, eta harekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.
7.5. Nahitaezko betebehar eta baldintzen frogagiriez gain, Zizur Nagusiko Udalak, bere eskudantziak erabiltzeko, beste edozein agiri eska diezaioke proposatutako izangaiari, eta hark deialdi honen 7.2 oinarrian ezarritako moduan aurkeztu beharko ditu.
8.–Lanpostu hutsak hautatzea.
8.1. Aitzineko oinarrian xedatu dena betetzen duten izangaiek, Zizur Nagusiko Udalak hartarako jartzen dien epean, aditzera eman beharko dute eskaintzen zaizkien lanpostuetatik zein hautatzen duten. Aukeratu beharreko lanpostuak hasieran deitutakoak izanen dira, edo beste batzuk, zerbitzuaren beharrei jarraikiz horiek aldatzea erabakitzen bada.
8.2. Lanpostu hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasun aitortua edo handiagoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.
Ezgaitasuna duen izangairik bada, eta horrek eragina badu lanpostu bat edo bestea hautatzeko, aukeratzen hasi aurretik, ezgaitasunarekin hobekien egokitzen direnak esleituko zaizkie, horren gainean balorazio eta orientazio talde eskudunek egindako txostenaren arabera.
8.3. Hautaprobak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek deialdiko lanpostuak hautatzeko lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aldean, aurreko atalean adierazitako salbuespenarekin betiere.
9.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.
9.1. Alkate udalburuak, ebazpen baten bitartez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak Zizur Nagusiko Udaleko funtzionario izendatuko ditu, gizarte-hezitzaile lanpostuan aritzeko, eta lanpostu hutsak esleituko dizkie.
9.2. Izendapenarekin eta jabetza hartzearekin nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko dira izendatuak, Zizur Nagusiko Udaleko funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenetan ezarri diren eskubide eta betebehar guztien jabe.
Izendatzen diren izangaiak Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko dira, bidezkoa bada, eta alta emanen zaie bertan, araubide horretan ezarritako babesean.
Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboetan sarturik daudenek bi aukera izanen dituzte: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Montepioan segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidezko eskubide pasiboen araubideak babesturik, edo Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartzea.
9.3. Izendapena eta, bidezkoa bada, kontratatzeko baimena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Izangai izendatuek hilabeteko epean jabetu beharko dute beren lanpostuaz, izendapenaren jakinarazpenetik kontatzen hasita. Lan loturarik izanez gero, interesdunek epe horretan kontratua izenpetu beharko dute.
Epe horretan eta ezinbertzeko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badute, Zizur Nagusiko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, 7.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.
9.4. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, data horretan beste administrazio publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 7.4 atalak agintzen duen moduan beteko da.
9.5. Aitzineko bi ataletan aipatutako kasuetan, izendapena egin aitzin hautaturiko lanpostua ez da aldatuko. Beraz, funtzionario berriei, zuzenean, egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.
10.–Aldi baterako kontratazioetarako izangai zerrendak.
10.1. Nafarroako Administrazio Publikoan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan, lanpostuak aldi baterako betetzeko kudeaketa arauak onetsi zituen Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Aginduan eta oinarri honexetan ezarritako prozedurari jarraikiz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda hauek sortuko dira, betiere hautapen prozesuan parte hartu ondoren lanpostua lortu ez duten izangaiekin:
a) Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.
b) Lehen ariketa gainditu dutenen zerrenda.
10.2. Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrenda eta Zizur Nagusiko Udalean kontratatua izateko izangaien zerrenda.
Hautapen probako epaimahaiak espedientea igorri ondoren, Zizur Nagusiko Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du eta bertan onetsiko lanposturik lortu ez dutenen zerrenda eta lehen ariketa gainditu dutenena, hori guztia unean-unean indarra duten kudeaketa arauei jarraikiz. Zerrenda horiek Zizur Nagusiko Udalaren iragarki oholean emanen dira argitara.
Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren hurrenkera: oposizioa gainditu bai, baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen prozesuan lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketa dagoenean, nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztela; izan ere, horiek oinarri honetan adierazten den bezala frogatu beharko dituzte.
Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88.b) artikulua eta hurrengoak, Udalaren akordio edo hitzarmen indardunaren 6.5.1 artikuluak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
Dei horretan kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren Testu Bategineko zazpigarren xedapen gehigarrian, 4. atalean, ezarritakoa.
Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko 2. oinarrian eskatzen den titulazioaren gaineko baldintzak betetzen direlako ziurtagiriak, kontratua gauzatzen denean ekarri ere, jatorrizkoak edo kopia behar bezala konpultsatuak aurkeztuz.
Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek deialdian parte hartzeagatik legozkiekeen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan ukatu gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna.
Zerrenden indarraldia: sartzeko hurrengo deialdi publikoa egin arte.
10.3. Sarrera prozesuko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazioaldiak iraun bitartean.
11.–Errekurtsoak.
11.1. Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da alkate udalburuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
11.2. Deialdi honen oinarrien kontra edo hura aplikatzeko egintzen kontra, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetakoren bat paratzen ahal da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatuari jarraikiz, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
11.3. Hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Zizur Nagusian, 2017ko uztailaren 3an.–Zizur Nagusiko Udaleko alkate udalburua, Jon Gondán Cabrera.
I. ERANSKINA
Hautaprobetan onartua izateko eskabidea (PDFa).
II. ERANSKINA
Merezimenduak baloratzeko baremoa
1.–Titulu akademikoak.
a) Goi mailako ikasketa-titulu ofizialak, lanbide arloarekin lotuak: 3 puntu, titulu bakoitzeko.
b) Erdi maila edo graduko ikasketa-titulu ofizialak, lanbide arloarekin lotuak: 2 puntu, titulu bakoitzeko.
c) Aurrekoez bestelako ikasketa-titulu ofizialak, lanbide arloarekin lotuak: puntu bat, kreditu bakoitzeko (10 irakastordu), eta 3 puntu gehienez.
Merezimendu gisa alegatu eta baremoaren barrenean balorazio zehatza duten ikasketa-tituluak lortzeko beharrezkoak diren maila apalagoko tituluak ez dira baloratuko. Orobat, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbertzeko baldintza den titulua.
Lehenbiziko atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 8 puntu izanen da.
2.–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.
Atal honetan baloratuko dira izangai bakoitzak deialdia argitaratzen den egunean, antzinatasuna zehazteko, aitortuak dituen zerbitzu urteak. Puntu bat emanen da urte bakoitzeko.
Zerbitzu urteen kopurua ez bada osoko zenbaki bat, izangaiei egokituko zaie egin dituzten zerbitzu egunei proportzioan dagokien puntuazioa.
Bigarren atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 15 puntukoa izanen da.
3.–Prestakuntza ekintzak.
Lanpostuarekin zerikusia duten prestakuntza ekintzak, entitate, erakunde, zentro eta unibertsitateek antolatuak: 0,10 puntu kreditu akademiko bakoitzeko edo haren baliokide den eskola aldi bakoitzeko (10 irakastordu), eta gehienez ere 7 puntu.
Oharrak:
1. Baloratu beharreko prestakuntza ekintzetan, irakastorduen zatikiak hainbanatuko dira.
2. Irakastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.
3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.
4. Puntuazio bera emanen da, erakunde antolatzaileari dagokion beharkizuna betetzen ez badu ere, delako prestakuntza ekintzak Administrazioak agindurik, baimendurik edo berak baliodundurik badira.
5. Ikasketa-titulu bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko.
4.–Euskararen ezagutza.
Euskaraz jakiteagatik, gehienez ere 6 puntu.
Oharrak:
1. EGA titulua izanez gero, edo beste titulu ofizial bat, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea, gehieneko balorazioa jasoko da.
2. Titulu hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 maila izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 maila izanez gero, 2/5; B1 izanez gero, 3/5; eta B2 izanez gero, 4/5.
3. Bestela, Hizkuntza Eskola Ofizialean gaindituriko maila bakoitzagatik gehieneko puntuazioaren 1/6 emanen da, edo Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko 1/12.
4. Izangaiak euskaraz dakiela frogatu ahal izanen du Euskarabideak-Euskararen Nafar Institutuak horretarako prestatutako berariazko probak gaindituz. Proba hori egin nahi duten izangaiek hautaprobetan onartuak izateko eskabidean adierazi beharko dute. Proba hori gainerakoak amaitu ondoren eginen da.
III. ERANSKINA
Lehenengo zatia.–Oinarrizko araudia eta araudi orokorra.
1. gaia.–Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legea. Udalerrien gaineko xedapen orokorrak. Udalerriaren antolamendua. Udalerriaren eskumenak.
2. gaia.–Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua. Informazio batzordeak. Funtzionamendua.
3. gaia.–Nafarroako Toki Administrazioa arautzen duen Foru Legea. Udalen funtzionamendua. Aurrekontua, kontabilitatea eta fiskalizazioa.
4. gaia.–Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea. Prozedurako interesdunak.
5. gaia.–Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea. Administrazio publikoen jarduera. Jarduketa arauak.
6. gaia.–Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea. Administrazio egintzak. Administrazio egintzen betebeharrak. Egintzen eraginkortasuna.
7. gaia.–Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea. Administrazio prozeduren xedapen orokorrak. Prozeduraren abiaraztea, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Gauzatzea.
8. gaia.–Administrazio egintzen berrikuspena: administrazio errekurtsoak.
Bigarren zatia.–Oinarrizko araudi berariazkoa, planak, programak eta gidak.
1. gaia.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa (1). Xedapen orokorrak. Eskubideak eta betebeharrak. Gizarte zerbitzuen sistema publikoa. Eskumenen eta antolaketaren gaineko araubidea.
2. gaia.–15/2006 Foru Legea, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa (2). Gizarte zerbitzuen sistema publikoaren finantzaketa. Kontsulta eta partaidetza organoak.
3. gaia.–15/2006 Foru Legea, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa (3). Gizarte zerbitzuetako profesionalak. Ekimen pribatua. Kalitatea, ikuskapena eta zehapen araubidea.
4. gaia.–1/2011 Foru Legea, otsailaren 15ekoa, Mendetasun-egoera aitortzeko prozedura ezartzen duena eta Nafarroan mendetasun-egoera baloratzeko ekipoak eta organoa osatuko dituzten langileen antolamendua, eginkizunak eta araubidea ezartzen dituena.
5. Gaia.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa: mendekotasuna dutenen autonomia sustatzeko eta haiei laguntzeko sistema. Mendekotasuna eta haren balorazioa. Eskubidearen aitorpena. Sistemaren finantzaketa eta onuradunen ekarpena. Mendekotasuna dutenen autonomiarako eta arretarako sistemaren kalitatea eta eraginkortasuna.
6. gaia.–69/2008 Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena (1). Testu artikuluduna.
7. gaia.–69/2008 Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena (2). Oinarrizko arreta.
8. gaia.–69/2008 Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena (3). Mendekotasuna duten pertsonentzako arreta.
9. gaia.–69/2008 Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena (4). Adinekoentzako arreta.
10. gaia.–69/2008 Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena (5). Ezgaitasuna duten pertsonentzako arreta eta adimeneko gaixotasuna duten pertsonentzako arreta.
11. gaia.–69/2008 Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena (6). Gizartetik baztertuta dauden pertsonentzako arreta.
12. gaia.–69/2008 Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena (7). Adingabearentzako arreta eta genero indarkeriaren biktimentzako arreta.
13. gaia.–15/2005 Foru Legea, abenduaren 5ekoa, Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzkoa (1). Zioen azalpena. Atariko titulua. I. titulua: eskumenen banaketa.
14. gaia.–15/2005 Foru Legea, abenduaren 5ekoa, Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzkoa (2). II. titulua: adingabeen eskubide eta betebeharrak: printzipio orokorrak; eskubideak sustatu eta babestea; adingabeen eskubideak. III. titulua: aurreneurriak.
15. gaia.–15/2005 Foru Legea, abenduaren 5ekoa, Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzkoa (3). IV. Titulua: babesa. Xedapen orokorrak. Arrisku egoerak. Geriza-gabetasuneko egoerak. Arrisku eta geriza-gabetasuneko egoeretan hartu beharreko neurri babesleak eta neurri horiek betearazteko jarduketak.
16. gaia.–15/2005 Foru Legea, abenduaren 5ekoa, Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzkoa (4) V. titulua: jarduketak erreforma sisteman. VI. titulua: adingabeen zentroen araubidea. VII. titulua: zehapen araubidea.
17. Gaia.–1/1996 Lege Organikoa, urtarrilaren 15ekoa, Adingabeen Babes Juridikoari buruzkoa. Adingabearen interes gorena. Adingabearen eskubideak. Arrisku egoeretan nola jokatu. Babesgabetasun egoeretan nola jokatu. Zaintza. Familia edo egoitza batean hartzea. Adopzioa.
18. gaia–26/2015 Legea, uztailaren 28koa, Haurrentzako eta Nerabeentzako Babes Sistema aldatzen duena.
19 gaia.–Nafarroako Foru Komunitatean Babesgabeko haurren kasuetan esku-hartzeko eskuliburua.
20. gaia.–51/2003 Legea, abenduaren 2koa, Desgaitasunak dituzten pertsonen aukera berdintasunari, bereizkeriarik ezari eta denendako irisgarritasunari buruzkoa: legearen xedea, printzipioak, aplikazio eremua, aukera-berdintasuna, sustapena eta defentsa.
21. gaia.–7/2009 Foru Dekretua, urtarrilaren 19koa, Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea hein batean garatzeko Erregelamendua onesten duena.
22. gaia.–22/2002 Foru Legea, uztailaren 2koa, Indarkeria Sexistaren Aurkako Neurri Integralak Hartzeari buruzkoa: xedapen orokorrak. Sentsibilizazio neurriak. Prebentzio neurriak. Biktimentzako babesa eta laguntza. Prestazio ekonomikoak. Martxoaren 7ko 12/2003 Foru Legeak sartutako aldaketak.
23. gaia.–1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Genero Indarkeriaren Kontrako Babes Integralerako Neurriei buruzkoa: atarikoa. Sentsibilizazio-, prebentzio- eta detekzio-neurriak. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen eskubideak. Babes instituzionala. Zigor arloko babesa eta babes judiziala.
24. gaia.–15/2016 Foru Legea, azaroaren 11koa, Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituena.
25. gaia.–Familientzako baliabideen gida (Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutua, 2015eko ekaina).
26. gaia–1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 29koa, Ezgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko lege orokorraren testu bategina onesten duena.
27. gaia.–Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura. 52/2015 Foru Dekretua, abuztuaren 12koa, Eskubide Sozialetako Departamentuaren Oinarrizko Egitura ezartzen duena.
28. gaia.–Gizarteratzeko eta laneratzeko baliabideak Nafarroan.
29. gaia.–3/2010 Foru Agindua, urtarrilaren 14koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Familia egoera baloratzeko prozedura eta baremoa arautzen dituena, adinekoak, desgaitasuna duten pertsonak, eritasun mentala dutenak eta gizartean bazterturik edo horrela gertatzeko arriskuan dauden pertsonak artatzera zuzendutako egoitzetako plazak eskuratze aldera.
30. gaia.–183/2006 Foru Agindua, abuztuaren 11koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Gizarte zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzko maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretua garatzen duena. Horren ondorioz, buru-nahaste larria duten pertsonen aldi bateko egonaldietarako zentroa haien ahaide zaintzaileei atseden emateko unitatetzat hartu zen.
31. gaia.–95/2005 Foru Agindua, ekainaren 30ekoa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Gizarte zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzko maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretua garatzen duena, zerbitzuak honela sailkatuz: errehabilitazio psikosozialerako zentroa (EPSZ) eguneko zentroko programarekin eta Lanerako Prestakuntza eta Orientazioko Programarekin; egoitza-etxea; etxebizitza gainbegiratua; eta Esku-hartze Komunitarioko Programa buru-nahaste larria duten pertsonentzat.
32. gaia.–Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa: ikuspegia, egitekoa, printzipioak, xedeak, ildo orokorrak, ildo estrategikoak. Ebaluatzeko adierazleak.
33. gaia.–Pertsonen babes juridikoa. Ezgaitzea. Tutoretza. Kuradoretza eta defendatzaile judiziala.
34. gaia.–Gizarte-hezitzailearen kode deontologikoa. Gizarte-hezitzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren lanbide agiriak.
35. gaia.–Eginkizunen eta eskumenen katalogoa. Gizarte-hezitzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren lanbide agiriak.
Oharra:
Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.
Iragarkiaren kodea: L1708388
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
