158. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ORKOIEN

Deialdia, mantentze-lanetako arduraduna izateko lanpostu bat, C mailakoa eta euskarako B2 hizkuntza eskakizuna nahitaezkoa duena, Orkoiengo Udaleko D mailako funtzionarioen arteko lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko, plantillako lanpostu kopurua handitu gabe

Alkatetzak 2017ko uztailaren 10ean emandako ebazpenaren bidez, Orkoiengo Udaleko alkateak deialdi honen oinarriak onetsi ditu.

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da mantentze-lanetako arduraduna izateko lanpostu bat betetzea Orkoiengo Udaleko D mailako langileen arteko oposizio murriztuaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluaren babesean. Orkoiengo Udalaren plantilla organikoan hutsik agertzen da, titularrak erretiroa hartu zuelako.

1.2. Deialdi honen bidez izendatzen den izangaia, lanpostuaren jabetza hartzen duenetik aitzina, C mailakoa izanen da, eta ordura arte zuen lanpostua besterik gabe hutsik geratuko da.

1.3. Lanpostuaren lansariak C mailari dagozkionak izanen dira, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bitartez onetsitako Lansariei buruzko behin-behineko Erregelamenduan eta Orkoiengo Udalean aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera.

1.4. Lanorduen banaketa zerbitzuaren beharren araberakoa izanen da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi alda dezakete.

2. oinarria.–Eginkizunak.

Izendatua gertatzen denak honako eginkizun hauek bete beharko ditu:

–Zerbitzu anitzetako alorreko lanei, orotariko mantentze-lanetako obrei, INEMekiko lankidetzan egindako deialdiak barne, gizarte lan babestuari, gizarteratzeari eta abarrei atxikitako langileen erantzule zuzena izanen da, haiek finkoak nahiz aldi baterakoak edo azpikontratatuak izanik.

–Bere esku dituen langile guztien artean lan eta egiteko guztiak antolatu, banatu eta kontrolatuko ditu, ordutegien eta lan egutegiaren kontrola barne.

Udalaren instalazioetako atezainen lanak eta funtzionamendua kontrolatuko ditu, eta Udalaren zerbitzuak emateko kontrataturiko enpresen funtzionamendua gainbegiratuko du.

Eratzen ahal diren lantalde guztiak koordinatuko ditu, zerbitzua hobeki kudeatu eta eraginkorrago izan dadin.

Hirigintza eta Obren arduradunarekin bat etorrita, egin beharreko lanen ordena ezarriko du.

Bere zerbitzuko makineria guztiak, erremintak, ibilgailuak etab. zaindu eta kontrolatuko ditu.

Materialak, lan egiteko arropa etab. erosteko txartelak sinatu eta kontrolatzeko ardura izanen du.

Zerbitzu anitzetako langileei dagozkien lanak gainbegiratu, antolatu eta kontrolatuko ditu, eta bere mailaren eta kategoriaren barrenean manatzen zaizkion eginkizun guztiak.

Langile aski ote dagoen kontrolatzea, eta kontratazioak proposatzea oporretarako, erialdietarako eta iraupen jakineko lan berariazkoetarako.

Beharrezkoa denean, mantentze-lanetako eta igeltserotzako lan ezberdinak eginen ditu.

Begiratzea laneko arriskuak prebenitzeko udal plana betetzen eta aplikatzen dela, bere kargura dauden mantentze-lanetako langileei dagokienez.

Laneko segurtasun eta garbitasun arauak betetzen direla begiratuko du.

Bere kargurako langileak garaiz etortzen nahiz lanera agertzen ote diren kontrolatuko du, eta ikusitako hutsen berri emanen dio arduradunari.

Bere mailaren eta kategoriaren barrenean manatzen zaizkion guztiak.

3. oinarria.–Izangaien betebeharrak.

3.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Orkoiengo Udalaren zerbitzuko funtzionario izatea, D mailari atxikia.

b) Zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu baterako izendatu izana.

c) Eskola Graduatuaren titulua, lehen mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokideren bat izatea eta bost urteko antzinatasuna, administrazio publikoetan onartua. Bestela, Orkoiengo Udalean zortzi urtez aritu izana frogatuko da.

d) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) B-1 mailako gidabaimena izatea.

g) Euskararen arloan Europako Erreferentzia Esparruko B2 maila frogatzea. Maila horren baliokideak: HAEEren 2. HEa, HABEren 2. maila edo Hizkuntza Eskola Ofizialen euskarazko laugarren maila edo maila aurreratua.

h) Eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea.

3.2. Aitzineko baldintzak deialdi honetan aurreikusitako epean eta maneran frogatu beharko ditu lanpostua eskuratzen duen izangai gaindituak. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea burutzen denean betetzen direla ulertuko da, hautaprobek dirauten bitartean eta izendatu arte.

4. oinarria.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Orkoiengo Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 30 egun naturaleko epearen barnean.

Eskabideak I. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoak izanen dira.

4.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

5. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea buruturik, alkate udalburuak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko.

5.2. Izangai baztertuek behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta ondoko 10 egun naturalean erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte eta, akatsik egin badute, zuzendu.

5.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta haiei erantzun ondotik, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

6. oinarria.–Epaimahaia.

6.1. Hauexek izanen dira epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Carlos Arroniz Loyola, Orkoiengo Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Jesús María Unzué Ozcoidi, Orkoiengo Udaleko zinegotzia.

–Epaimahaikideak: Beatriz Gastesi Irañeta, Orkoiengo Udaleko aparejadorea.

Ordezkoa: Silvia Barbarin Gómez, Orkoiengo Udaleko arkitekto aholkularia.

–Epaimahaikidea: Eva Faure Gurbindo, Orkoiengo Udaleko lorezaintzako ofiziala.

Ordezkoa: María Jesús Redondo Arteaga, Orkoiengo Udaleko administrari-ofiziala.

–Epaimahaikidea: Langileriaren ordezkari bat, Orkoiengo Udaleko langileen delegatuek izendatua.

–Epaimahaikide-idazkaria: Ramón Contreras López, udal idazkaria.

Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa izan gabe.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz argituko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko sor daitezkeen arazo guztiak.

7. oinarria.–Oposizioaren nondik norakoa.

7.1. Oposizioko puntuazioa 40 izanen da gehienez ere.

Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

Lehenbiziko proba.–Ariketa teorikoa.

Ariketa idatzi honetan, epaimahaiak deialdi honen III. eranskineko gaiei buruz prestatzen dituen galderak erantzun beharko dira. Gehienez ere 20 puntu.

Bigarren proba.–Ariketa praktikoa.

Epaimahaiak proposatutako bi kasu praktiko argitu beharko dira, egin beharreko lanarekin zerikusia dutenak. Gehienez ere 20 puntu, 10 puntu kasu praktiko bakoitzean.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean proben tokia, eguna eta hasteko ordua zehaztuko dira.

7.2. Azken balorazioa.

Oposizioaldiko atal guztietako emaitzak baturik puntuaziorik handiena eskuratzen duen izangaia izanen da hautatua.

8. oinarria.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Azken ariketa kalifikatutakoan, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda emanen du aditzera, izangai bakoitzak ateratako emaitzak batu ondoan eta erdietsi duten puntuazioaren hurrenkeran. Zerrenda hori alkateari igorriko dio, puntu gehien lortu dituen izangaiaren aldeko izendapen proposamenarekin batera. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

8.2. Kontratazio proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hamabost egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Orkoiengo Udalaren erregistro orokorrean:

a) Jaiotza-aktaren ziurtagiria edo nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Eskatutako tituluaren jatorrizkoa edo kopia behar bezala konpultsatua, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, edo Orkoiengo Udalean emandako zerbitzu urteen ziurtagiria.

c) Interesdunak dagozkion eginkizunak betetzeko behar den gaitasun psiko-fisikoa duela egiaztatzen duen medikuaren agiria edo txostena.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatu eta defendatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

8.3. Epearen barrenean izangaiak agiri horiek aurkezten ez baditu, ezinbesteko eta aski justifikatutako kasuetan salbu, ezin izanen da izendatua izan eta bere jarduketa guziak baliogabetuta geratuko dira, deusetan ukatu gabe, hala bada, hasierako eskabidean egindako faltsukeriagatik letorkeen erantzukizuna.

8.4. Aitzineko atalean aurreikusitakoa gertatuz gero, puntuazioen zerrendako hurrengo izangaiarekin beteko da lanpostua.

9. oinarria.–Izendapena.

9.1. Hautapen prozesua burututakoan, eta izangaiak 8.2 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondotik, Udaleko alkateak Orkoiengo Udaleko C mailako funtzionario izendatuko du.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Izendatutako izangaiak lanpostuaz jabetu beharko du, izendapena jakinarazi eta hamabost egun naturaleko epean. Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, jabetza hartzen ez badu, Orkoiengo Udaleko C mailako funtzionario izaera eskuratzeko eskubide guztiak galduko ditu.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, haren oinarrien edo hura aplikatzeko egintzen kontra, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Aukerako berraztertzeko errekurtsoa, egintza agindu edo erabakia hartu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, erabaki hau edo errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo bertzenaz,

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Orkoienen, 2017ko uztailaren 10ean.–Alkatea, Carlos Arroniz Loyola.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

1. gaia.–Laneko segurtasun eta higieneko neurriak.

2. gaia.–Obrak eremu publikoan. Seinaleak, saneamendu, hornidura eta argindar sareetako jarduketak.

3. gaia.–Obraren antolaketa. Ekipoa prestatzea. Zuinketa. Erabili beharreko materiala. Garapen faseak. Segurtasun baldintzak, etab.

4. gaia.–Eraikuntzan dauden maila desberdinen zerrenda eta haien oinarrizko ezaugarriak. Arduraduna, ofiziala etab.

5. gaia.–Planoen interpretazioa. Zuinketa egitea obraren aldi bakoitzean.

6. gaia.–Eraikuntzan erabiltzen diren tresnak. Motak, ezagupena eta erabilera.

7. gaia.–Eraikuntzan erabiltzen diren makinak. Lana egiten den toki bakoitzari egokitzea. Segurtasun baldintzak.

8. gaia.–Obra arduradunaren egitekoak. Harremanak zuzendaritza teknikoarekin. Harremanak gremioekin.

9. gaia.–Materialaren eta tresnen bilketa. Antolaketa, mantentzea eta entretenimendua.

10. gaia.–Orkoiengo Udalaren erregelamendu organikoa. Egitura. Udal Gobernuko organoak.

11.gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua arautzen duen 13/1983 Foru Legea. Langile motak. Eskubideak eta betebeharrak.

12. gaia.–6/2006 Foru Legea, Kontratu Publikoei buruzkoa. Kontratazio moduak.

13. gaia.–Hornidura kontratua.

Iragarkiaren kodea: L1708482