158. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

184E/2017 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, Tebas-Muru Artederretako udal-mugartean oxidoa eta kaltzio hidroxidoa fabrikatzeko instalazio baten Ingurumen baimen integratua berrikusten duena. Instalazioaren titularra Cal Industrial SL da.

Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 12ko 1757/2010 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urriaren 14ko 470E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginak, zeina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen, bere 26. artikuluan ezartzen du ezen baimenaren baldintzak berrikusi egin behar direla erabilgarri dauden hobekuntza teknikoei buruzko ondorioak argitaratzen direnetik lau urteko epean. Instalazio honetan egiten den jardueraren sektore industrialari dagokionez, esan behar da aipatu ondorioak Batzordearen martxoaren 26ko 2013/163/EB Betearazpen Erabakiaren bidez eman zirela argitara; horrek zementuaren, karearen eta magnesio oxidoaren fabrikaziorako dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri zituen Europako Parlamenturen eta Kontseiluaren industria isuriei buruzko 2010/75/EB Zuzentarauarekin bat.

Horregatik, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urriaren 14ko 470E/2014 Ebazpenaren bederatzigarren puntuan eskatu zen instalazioa egokitzeko proiektu teknikoa aurkezteko, Batzordearen 2013/163/EB Betearazpen Erabakian ezarritakoa betetzearren, modua izan dadin Ingurumen baimen integratuaren baldintzak berrikusiko dituen prozedura bat tramitatzeko, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legea garatzeko den industria isurien Erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea, bai eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluarekin bat ere. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzuteko tramitean egon da 10 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztutako alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Tebas-Muru Artederretako udal-mugartean oxidoa eta kaltzio hidroxidoa fabrikatzeko instalazio baten Ingurumen baimen integratua berrikustea, instalazioa egokitzeko proiektua gauzatzeko. Haren titularra Cal Industrial SL da. Instalazioak eta jardueraren garapenak Ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintzak.

Bigarrena.–Ebazpen honen III. eranskinean jasotako egokitzapen neurriak ebazpen hau eman eta hurrengo lau hilabeteetan jarriko dira abian. Titularrak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, neurri horiek abian jarri direla dioena, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatuarekin bat. Bitarte horretan, NOx isurien gehieneko balioa behin-behinekoz ezarri da 2. isurketa fokurako, hots, Maerz 1 eta 2 labeek erregaitzat kokea erabiltzen dutenerako; gerora, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak aldatuko du, hala behar izanez gero.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol integratuei buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau Cal Industrial SLri, Tebas-Muru Artederretako Udalari eta Ebroko Ur Konfederazioari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko uztailaren 5ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F1708540