Iragarkia
158. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 17a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
303E/2017 EBAZPENA, ekainaren 26koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Ubidearen 1. fasea handitzeko eremuko ureztaketa sarean Egaren Adarraren trazadura aldatuaren gaineko Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiak sustatu zuen trazadura.
Proiektuaren ezaugarriak kontuan harturik, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 3B eranskinean sartua dago, hau da, bakarrik Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren menpe dauden jarduera eta proiektuetan. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.
Espedientea 2016ko azaroaren 16an sartu zen departamentuan, tramitazioa egiteko. Ingurumen eraginaren azterlana aski dela egiaztatu ondoren, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2016ko azaroaren 25ean eman zuen txostena, eta adierazi, ingurumen eraginaren azterlanaren eduki guztiak dituela, eta, beraz, dokumentazioa jendaurrean jar daitekeela.
Lur azpitik doan hodi honetarako proposatutako trazaduraren aldaketak Leringo eta Carcarko udalerriei eragiten die bereziki; Andosillako, San Adriango eta Azagrako udal-mugarteetan, tokiren batean zertxobait aldatzen da hodiaren trazadura, ukipenak gutxitzeko edo trazadura horren topografia hobetzeko. Onetsita dagoen Egaren adarra 24.662 metro luze da, guztira, eta orain planteatu den aldaketa dela medio, 26.416 metro luze izanen da. Aldaketaren arrazoia da usadiozko ureztatzaileen elkarteek eta Leringo eta Carcarko udalek adierazi izana ureztalur horiek 1. fasea handitzeko eremutik kanpo utzi nahi dutela. Trazadura berriaren bidez, bi udal-mugarte horietako usadiozko ureztalurren gaineko ukipenak gutxitzen dira, inguru horretan eraikin, hesi eta sail landatu asko daudela kontuan harturik, eta, horrekin batera, hodiaren trazadura etorkizuneko eremu ureztagarrietan barna ere eramaten da.
1. eranskinean laburturik ageri dira proiektuaren funtsezko datuak, eta 2. eranskinean, berriz, Ingurumen eraginaren azterlanaren alderik aipagarrienak.
Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarki baten bidez (2017ko 2. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 3koa) proiektua jendaurrean jarri zen hogeita hamar egunean, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa eta udalez gaindiko proiektu sektoriala egiteko.
Jendaurreko aldian lau alegazio jaso dira, honakoek aurkeztuak: Aguas de Navarraren sozietate kontzesioduna, Leringo Ureztatzaileen Elkartea, Leringo Udala eta Campoestella Ureztatzaileen Elkartea. Alegazio horien edukia ez da ingurumen gaietakoa, eta Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren tramitazioari dagozkio. Nolanahi ere, kontuan hartuta Leringo Ureztatzaileen Elkartea, Leringo Udala eta Campoestella Ureztatzaileen Elkartea bat datozela alor iraunkorren gaineko ukipenek eragindako kezkari dagokionez, nabarmendu beharra dago eraginaren gaineko adierazpen honen baldintzetan neurri gehigarriak jaso direla olibadien gaineko eragina gutxitzeko (lanerako eremu murriztua), eta, ingurumenaren ikuspuntutik, Campoestellako XXVI-Ega 1 sektorean trazadura aldatzea onartu da, aurrerago azaltzen denez. Bestetik, Leringo Ureztatzaileen Elkarteak eta Leringo Udalak aipatzen dute ukipena gerta daitekeela ureztalurretako erretenekin gurutzatzen den tokietan; baldintzetan ematen zaion erantzuna da ibilguaren tarte horiek egun dauden bezala geldituko direla (lur izan nahiz hormigoi).
Proiektua jendaurrean jarri ondoren, bi aldaketa proposatu dira hodiaren trazaduran (1,5 kilometro baino gutxiagoko luzera ekarriko dutenak):
1) XXVI-Ega1 sektorean (Campoestella): Campoestella Ureztatzaileen Elkarteak aurkeztutako alegazio baten ondorioz, trazadura bat adostu da, alor iraunkorren gaineko ukipena gutxitzen duena. Aldaketak tarte hau hartzen du: X=584.057 eta Y=4.707.061 koordenatu puntutik X=583.091 eta Y=4.706.605 koordenatu puntura, katastroko 6 lurzatiren gaineko ukipenarekin: Leringo 10. poligonoko 1452., 1463., 1465., 1467., 1468. eta 1469. lurzatiak. Aldaketa horrek ez dakar berarekin ingurumenaren gaineko inolako ukipenik, hodia eremu zelaian barna doalako, eta lurzati guztiak alorrak dira.
2) San Adrianen, Ebroko Iraganbide Nagusiaren ondoan, hodia abelbidean barna estalita joan daiteke, eta Ingurumen eraginaren adierazpen honen baldintzetan hala ezarri eta zehazten da koordenatuak emanez. Aldaketa horretarako arrazoia ingurumenari dagokio: hodia ibaiaren ibilgutik urrutiratu beharra, higadura dinamiken menpe dagoenez, ez delako komeni ur bazterretan ibar-basoak lehengoratzeko aukerak galtzea, batetik, eta bestetik, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abuztuaren 19ko 330E/2013 Ebazpena bete behar delako.
Espedientean, Ibaiak Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko Lehengoratzeko eta Arrantza Kudeatzeko Atalak 2017ko apirilaren 20an emandako txostena dago, eta aditzera ematen du Ingurumen eraginaren azterlanean jasotako neurri zuzentzaileen aldeko iritzia duela; horrez gain, zenbait determinazio ere eransten ditu, Ingurumen eraginaren adierazpen honen baldintzetan gehitu direnak.
Espedientean dago, halaber, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalak 2017ko ekainaren 5ean emandako aldeko txostena, abelbideei buruzkoa; besteak beste aipatzen du San Adrianen trazadura aldatzea justifikatuta dagoela, Ingurumen eraginaren adierazpenean ezartzen den bezala, Ebroko Iraganbide Nagusian barna estalita joan dadin (Y=4.707.061 koordenatu puntutik X=583.091 eta Y=4.706.605 koordenatu puntura). Orobat, txostenean adierazten da adarrak Andosillako altxonbidearekin paralelo egiten duen tartean hodia atzera eramanen dela, abelbidearen kanpoko mugatik 3 metrora, araudian ezartzen den zortasun zerrenda errespetatzeko.
2017Ko maiatzaren 24an ebazpen proposamena igorri zitzaion sustatzaileari, entzutea emateko tramitea betetzeko, lehen aipatutako abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 52. artikulua aplikatuta.
Espedientean dagoen dokumentazioan jarduketak ongi zehaztuta daudela iritzita, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiak sustatu duen proiektuari buruzko Ingurumen eraginaren adierazpena egitea proposatzen da, aurkeztutako proposamena ingurumenaren aldetik bideragarri jotzen baita, ebazpen honetan biltzen diren baldintzak betetzen badira.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura osatuta dagoela iritzita, eta azaldutakorekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Ubidearen 1. fasea handitzeko eremuko ureztaketa sarean, Egaren Adarraren trazadura aldatuaren gaineko Ingurumen eraginaren adierazpena egitea. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiak sustatu du trazadura.
2. Proiektua izenburuan azaldutako espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz garatuko da, eta gainera baldintza hauek bete beharko dira:
–Natura 2000 Sarearen inguruetan 20 metrotik beherako zabalera duen korridore bat balizatuko da lanerako, halako moduan non makinak esparru horretatik kanpo ariko baitira. La Val erreka-zuloa hartzen duen BILaren tartean dauden Europar Batasunaren intereseko habitatak desberdinak dira ipar magalean eta hegoaldekoan; horregatik, bereziki garrantzitsua da lurrak modu egokian eta berehalakoan lehengoratzea. Bi tarte horietako bakoitzean desberdina izanen da, eta lurzoruaren gainaldeko geruza, 25 cm-koa gutxienez (bere hazi-bankua barne), goiko aldean ezarriko da berriz. Jarduketa horrek Eraginaren gaineko azterlanean aurreikusitako zuhaixka landaketa ordeztuko du, eta mantentzeko ureztaketak eginez osatuko da. Aldi baterako lur metaketak horietarako nahikoa tokirik ez badago 20 metrotik beherako zerrenda horretan, kanpora eramanen da lurra, alor landuetara. Zuinketarako Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalari gaztigatuko zaio.
–Ega ibaiari eta erreka-zuloei dagokienez:
• Ega ibaiarekin eta Adarraren hodiarekin paralelo doazen tarteetan, 20 metrotik beherako gutxieneko distantzia gorde beharko da ibilguraino, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abuztuaren 19ko 330E/2013 Ebazpenean (ingurumen baldintzetako 4. atala) adierazi bezala. Ebazpen horren bidez Nafarroako Ubidearen 1. fasea (Arga-Ega adarra) eta eremu ureztagarria handitzeko proiektuaren Ingurumen eraginaren adierazpena egin zen.
Hortaz, hodiaren ardatza San Adrianen urrundu behar da ibilgutik, Ebroko Iraganbide Nagusiaren ondoan (San Adriango 2. poligonoko 690. eta 837. lurzatietan eta Azagrako lurzati mugakideetan), zehazki UTM X=588.812 eta Y=4.687.569 koordenatu puntutik hasita. Aldatu beharreko tartean, hodia abelbidean barna estalita joan daiteke, UTM X=588.931 eta Y=4.687.509 koordenatu puntutik X=589.098 eta Y=4.687.222 koordenatu puntura bitarte, hortik aurrera nahikoa zabalera dagoelako proiektuan proposatutako trazadura zeharrean berreskuratzen joateko.
Komeni izanen litzateke, halaber, ibilgura bitarteko distantzia handitzea Andosillako 2. poligonoko 1156. eta 1157. lurzatietan, eta horrela, X=585.847 eta Y=4.693.176 koordenatu puntuetan dauden zuhaitzak errespetatzea, hodiaren trazadura ekialdetik eramanik.
• Salado erreka-zuloarekin paralelo doan tartean (29 zenbakiko Nahitaez Zaindu beharreko Balio Naturalak, X=582.637 eta Y=4.702.010 koordinatu puntuaren inguruetan) 5 metroko gutxieneko distantzia gordeko da landaredia babesteko, eta, horregatik, beharrezkoa izanez gero, hodiaren ardatza ekialderantz urrunduko da. Eta erreka-zulo hori gurutzatzeko tokian, El Lentiscar zubiaren parean, bazterreko lubetetan ez da harririk utziko agerian (lurrarekin estali beharko dira).
• Hodia Ega ibaiaren azpian gurutzatzeko lau obretan:
Lanetarako behar den ukipen eremua ahalik eta txikiena izanen da, halako moduan non Ega ibaia gurutzatzen den lau tokietan, zabalera proiektatutako 30 metrotik beherakoa izanen baita; berdin gainerako gurutzaketen kasuan, adierazten den 15 metroko zabalerari dagokionez.
–IEAk zehaztu bezala, babeseko harri-lubeta ur laminaren azpian kokatuko da funtsean, paisaiaren gaineko eragina ahal den txikiena izan dadin. Kota horretatik aurrera, manta organikoak edo bioingeniaritzako beste teknika batzuk erabiliko dira, halakorik behar izatera, ezponda egonkortzeko. Eta bereziki:
- Ega ibaia Leringo El Picado alderdian gurutzatzen den tokian, hain zuzen ere ibaiaren terrazara igotzeko obra garrantzitsua dagoen horretan, aurreikusitako ereintzen eta hidroereintzen jarraipena eginen da bi urtez gutxienez, tratamendu berriak aplikatuz, beharrezkoa izanez gero.
- Ega ibaia Lerin eta Carcar arteko mugan gurutzatzen den tokian, ezkerreko bazterraren egoera hobetzeko ahalegina eginen da, gaur egun harri-lubeta duen tartea delako, landaredirik gabekoa: harri-lubetaren oinarri bat baizik ez da diseinatuko, amaierako ezponda beheratu, eta lanek ukitutako eremua landareztatuko da.
- Ega ibaia Andosillan gurutzatzen den tokian (Andosillako 2. poligonoko 1082. lurzatian), paisaia lehengoratu eginen da arreta handiz: eskuin bazterrean pendiza lehengoratuko da, labar osoan dauden topografia eta material berdinekin (azalean).
- Ega ibaia San Adriango 2. Poligonoko 906. Lurzatian gurutzatzen den tokian bisoi europarrentzako babeslekuak sortzeko proiektu bat egin zen (Nafarroako Gobernua, Obra Social La Caixa eta Gestión Ambiental de Navarra SA), eta beraz, ukipenak izanez gero lehengoratu egin beharko dira.
• Ega ibaian egiten diren lan guztietarako:
- “Uholdea izateko arriskua duten eremuen tratamendua Nafarroako Ubidearen 1. Fasea handitzeko proiektuan, Uraren Zerbitzuaren 2013ko martxoaren 15eko txostenari dagokionez” izeneko agirian ezarritako premisak proiektuak prestatzeko agindu teknikoen agiriko kapitulu berezi batean jaso, eta aintzat hartu beharko dira hodia eraikitzeko proiektua gauzatzean, bertan zehatz-mehatz deskribatuta egonen baitira uholde arriskuarekin lotuta bete beharreko lanak.
- Jarduketa eremua babestutako mustelidoen ohiko habitata izan daitekeenez, espeziearen ugalketa aldian daudela eragozpenik ez sortzeko, lanak irailetik martxora arte eginen dira.
- Obrak abiarazi baino 48 ordu lehenago, gutxienez, gaztigatu beharko zaio Lizarrako hegoaldeko barrutiko Basozaintzari (948 556 031 edo 686 504 339, ogfobida1@cfnavarra.es), obrak ikuska ditzan eta, egokia bada, zuhaitzak markatu.
- Zangak egiteko, goiko lur-geruza kendu eta gorde eginen da, geruza hori emankorra delako aurrerago ezpondak modu egokian itxi eta lehengoratzeko.
- Espresuki debekatuta dago ibai-ibilguan edonolako isuriak egitea. Ezin da hormigoi freskorik isuri ibaira, ez eta nahigabe ihes egiten utzi ere. Presak behar diren neurrikoak izanen dira halakorik gerta ez dadin. Era berean, tresnak ezin dira ibaian garbitu. Obra hondakin guztiak hondakinen kudeatzaile baimendu baten eskura jarri beharko dira, araudian bertan ezarritako moduan.
- Aurreko guztiak ez du baztertzen behar diren lizentziak edo baimenak eskuratu beharra, administrazio publikoetako beste organo batzuek eman behar dituztenak, edo Arroko Erakundeak txostenean dioena, ur jabari publikoaren defentsari eta korronteen erregimenaren zaintzari buruz dituen eskumenak betetzeko.
–Adarrak gurutzatzen dituen ureztaketarako erreten-tarteak, berriz, oraingo egoerara lehengoratuko dira (lur izan nahiz hormigoi), ibilgu ireki gisa; ez da eginen hormigoiz estalitako sekzio berririk, salbu, El Picado alderdian bezala, beharrezkoa baldin bada mazela mugitzen ari delako, habitat egokia mantentzeko, katalogatutako fauna espezieentzat. Obrak gauzatzeko epeei dagokienez, ahalegina eginen da ureztatzaileei traba gutxien egiten zaien sasoia baliatzeko, edo, bestela, aldi baterako neurriak hartuko dira ureztatu ahal izateko.
–Ahalegina eginen da 23. eta 24. landaredi-esparruetan eraginik izan ez dadin, eta mazelan lur-erauzketarik ez egiteko (X=582.314 eta Y=4.700.953 ); beharrezkoa bada, hodiaren ardatza aztarnategi arkeologikorik ekialderantz eramanen da.
Sopeñas erreka-zuloaren alderdian dagoen garriga bakarra gorde beharko da (X=582.484 eta Y=4.703.858 koordenatu puntuan), eta horretarako ongi balizatuko da, edo hodiaren ardatza aldatuko da, beharrezkoa bada.
–Ukitutako olibadietan lanerako eremua ahalik eta txikiena izanen da, eremu hori balizatuz. Horrez gain, Leringo 2. poligonoko 540. eta 927. lurzatietan, malda gutxiko mazeletan, alegia, ukipena, ahal dela, hodiaren zortasun eremuak eragindakoa baizik ez da izanen (2,5 metro ardatzaren alde bakoitzean), eta horretarako behar diren teknikak erabiliko dira lanetan.
–Milazkadi sarria landatuko da ereka-zuloetan ukitutako eremuetan, bereziki hemen: Sopeñas, Cocinos, Sierra Madre (Lerindik hegoaldera). Cocinos alderdian finkako pasabidean hobekuntza hidraulikoa eginen da (X=582.418 eta Y=4.702.995 koordenatu puntua).
–Ereintzak eta landaketak bertako espezieekin eginen dira, eta Mintegiko Hazi eta Landareei eta Baliabide Fitogenetikoei buruzko uztailaren 26ko 30/2006 Legean xedatutakoa aintzat hartuz. Ziurtatu behar da erabiltzen diren landareak, bereziki tamarizak, kasuan kasuko landaredi-serie potentzialekoak direla.
–Abelbideei dagokienez, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalaren 2017ko ekainaren 5eko txostenean xedatutakoa aplikatuko da. Lehen aipatutako tartean (San Adriango 2. poligonoko 690. eta 837. lurzatiak), hodia Ebroko Iraganbide Nagusiaren eta ibaiaren ibilguaren artean doan horretan, lehentasuna emanen zaio ibilgurainoko distantziari.
–Balio arkeologikoen kontserbazioa Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataleko txostenarekin (2017ko urtarrilaren 16koa) bermatu behar da, eta zaintza arkeologikoaren bidez obren fasean.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 53. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
4. Ebazpen hau Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Basozaintzari, Leringo, Carcarko, Andosillako, San Adriango eta Azagrako udalei eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2017ko ekainaren 26an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.
I. ERANSKINA
Proiektuaren laburpena
Proiektuan aurreikusirik dago “Egaren adarra” izenekoaren trazadura aldatua eraikitzea; Nafarroako Ubidearen 1. Fasea handitzeko lanei dagokie, eta Nafarroako Ubideko Arga-Ega Adarraren 26. hargunean du jatorria. Leringo, Carcarko, Andosillako, San Adriango eta Azagrako udal-mugarteetan barna doa, eta Nafarroako Ubidearen A1F-ko XXVI. Sektoreari emanen dio zerbitzua.
Onetsita dagoen Egaren adarra 24.662 metro luze da, guztira; orain planteatu den aldaketa dela medio, 26.416 metro luze da. Aldaketaren arrazoia da usadiozko ureztatzaileen elkarteek eta Leringo eta Carcarko udalek adierazi dutela ureztalur horiek 1. fasea handitzeko proiektutik kanpo utzi nahia. Aldaketaren xedea da bi udal-mugarte horietako usadiozko ureztalurren gaineko ukipenak gutxitzea, inguru horretan eraikin, hesi eta sail landatu asko daudela kontuan harturik, eta, horrekin batera, hodiaren trazadura etorkizuneko eremu ureztagarrietan barna ere eramaten da.
Adarraren hodia altzairu helikosoldatuzkoa da, 600dik 1.700 mm-rainoko diametroekin, eta obra gauzatzeko epea 5 hilabetekoa izanen dela kalkulatu da.
Hodi horiek zulatutako zangetan paratuko dira, 1:3 neurriko ezpondekin, material pikordunez egindako ohearen gainean. Aurreikusitako ukipen zerrenda 40 metroko zabalerakoa da, eta 20 metrokoa babes berezia behar duten tarteetan.
Adarrerako proposatzen den trazadurak errepide hauek gurutzatzen ditu: NA-122 Lizarra-Carcar bi tokitan, NA-8715 Andosillako zeharkalea, NA-6240 Carcar-Andosilla eta NA-134 Ebroren ardatza. NA-122 eta NA-134 errepideen arteko gurutzaketa iltzatzeko prozedurarekin egitea planteatzen da, eta gainerako gurutzaketak aire zabaleko zangaren bidez eginen dira.
Era berean, adarrak lau tokitan gurutzatuko du Ega ibaia (Lerinen, Carcarren, Andosillan eta San Adrianen), bai eta beste ibilgu txikiago batzuk ere, horietan nabarmenena La Val erreka-zuloa. Kasu horietan, lanak egiteko bi presa eraikiko dira, bata bestearen atzetik, aldi bakoitzean ibilguaren erdia libre uzteko. Lanak amaituta, presak deseginen dira eta lubeta oinarri bat paratuko da ibai bazterretan, ezpondak babesteko.
II. ERANSKINA
Ingurumen eraginaren azterlanaren laburpena
Azterketa horretarako, honako hauen inbentarioa egin eta ezaugarriak azaltzen dira: ingurumenaren balio nagusiak, lurzoruaren erabilerak, eta azterketaren xede den lurraldearen ingurune sozioekonomikoa. Horrez gain, proiektuaren ekintza nagusiak identifikatzen dira, ingurumen ukipenak identifikatu eta baloratzen dira, inpaktuak ezeztatzeko edo murrizteko neurri zuzentzaileak eta prebentziokoak azaltzen dira, eta ingurumen jarraipenerako plan bat egiten da.
Alternatiben azterlana egin da. Aukeratu den alternatibak honako baldintza hauek errespetatzen ditu:
–Hodiaren tarte osoan, aurkitzen diren aztarnategi arkeologiko guztiak saihesten dira, eta, beraz, ondare horren gaineko kaltea oso txikia da.
–Paisaiari dagokionez, kontuan hartu da usadiozko ureztalurrei gutxien eragiten zien alternatiba, eta horrela ez da ukipenik izanen usadiozko zenbait elementutan: eraikinak, ildarteak, zuhaizti linealak edo bakartuak, etab.
–Inpaktu sozial txikiena sortzen duen alternatiba hautatu da.
–Lanen ezaugarriak direla eta, ondareren bati kalte egitea saihestezina delarik, horren balorizazioa egin da, ukipena ahalik eta txikiena izan dadin.
Landaretza multzoen gaineko ukipen guztiak puntualak dira.
Ingurumen balioak:
Jarduketaren eremuan Batasunaren Garrantzizko Leku hau dago: “Estellerriko Erriberako Igeltsuak” (ES-2200031). Erriberako igeltsuetan landaretza mota berezia dago ikuspegi europarretik: erromeradi gipsofiloak, eta bertan maiz ageri diren Ononis tridentata, Helianthemum squamatum, H. lavandulifolium, Herniaria fruticosa, bai eta Ebroko Haranaren inguru horretan oso bakanak diren beste espezie batzuk, Fumana hispidula edo Cistus clusii, adibidez.
Landa-lan batzuk egin dira adarraren eremuko landaredia aztertzeko; horrek aukera eman du inguru horretako landaredi naturala eta erdi naturala bi kategoria edo mailatan baloratzeko, kontserbaziorako interesaren arabera:
–1. kategoria. Lehentasunezko kontserbazio barrutiak: eremu hauetan dagoen landaredia dela-eta nahitaez zaindu beharreko balio naturaltzat hartu behar dira.
–2. kategoria. Kontserbaziorako interes txikiagoko barrutiak: landaredi barruti hauek ez dira lehentasunezkoak kontserbazioari begira, haiek osaketa edo egoera dela eta.
IEAn eragin desberdinak identifikatu dira, eta horietako batzuetarako neurri zuzentzaileak behar dira, ondotik zehazten denez:
–Uren gainean eraikitze fasean sortzen diren eraginak Ega ibaiak gurutzatzearen obren ondoriozkoak dira nagusiki, horiek baitira “a priori” eragin nabarmenena eta handiena sor dezaketenak. Ibilguen gaineko ukipenak, alde batetik, landareak suntsitzetik eta haiei lotutako faunaren gaineko eraginetik etorriko dira, eta, bestetik, uraren uhertasuna handitzetik, ur-ibilgu iraunkorren kasuan. Regadío Mayor eta La Val erreka-zuloaren ibilguen kasuan, eragina bateragarritzat eta moderatutzat hartzen da, eta moderatutzat eta larritzat, berriz, Ega ibaiaren gurutzaketetan, lan bereziak behar baitituzte.
–Argako Adarraren trazadurak “Estellerriko Erriberako Igeltsuak” izeneko BILa (ES-2200031) hiru tokitan ukitzen du. Adarra egiteko lanek Natura 2000 Sarean izanen duten eragina, orokorrean, negatiboa, iraunkorra, metakorra, berehalakoa, itzulezina eta lehengoratzeko modukoa da. Moderatutzat eta bateragarritzat hartzen da, eta neurri babesle eta zuzentzaileen aplikazioaren xede izan beharko du.
–Hodia paratzeko zangak irekitzeko jarduerak egin aurretik, azalera haietan sastrakak garbitu eta soildu behar dira. Kontuan hartuta okupazio eremua 40 metro zabal dela, ukitutako landaredi naturalaren eremua 10,92 hektareakoa litzateke; horietatik 1,88 hektarea (%17) Europar Batasunaren intereseko edo lehentasunezko habitat gisa katalogatutako landaredi barrutiak dira, eta gainerako 3,9 hektareak (%36) kontserbaziorako interes altuko landaredi naturalekoak dira. Jarduketa horien gainean prebentzio neurriak eta zuzentzaileak ezartzen dira. Eragin honen kalifikazio orokorra moderatua da, eta prebentzio neurriak nahiz zuzentzaileak aplikatu beharko dira.
–Faunak zeharkako ukipenak jasotzen ditu, landareen eta harekin estuki loturik dauden habitaten gaineko eraginagatik. Horrez gain, zuzeneko eraginak ere gertatuko dira, bereziki obren fasean, bertan dauden fauna komunitateen gainean. Prebentzio neurri garrantzitsuenetako bat izanen litzateke gurutzaketak egiteko lanak bertan dauden edo azterlanaren eremuan ager daitezkeen espezie gehienen ugalketa garaitik kanpo egitea. Eragin hori moderatutzat hartzen da, eta prebentzio eta konpentsazioa neurriak eta zuzentzaileak ezarri beharko dira.
–Paisaiaren gaineko ukipenak estu lotuta daude Egaren Adarra egiteko fasearekin. Batik bat lur mugimenduak, aldi baterako lur pilaketak, lanean ari diren makinak, aldi baterako instalazioak, utzitako zaborrak eta hondarrak, etab.) Eragin hau bateragarritzat hartzen da.
–Ingurune sozioekonomikoaren gaineko eragina zeharkakoa eta positiboa da.
–Egako Adarraren trazadura halako eran proiektatu da non katalogatutako aztarnategiek ahalik eta eragin txikiena izanen baitute. Adarraren trazaduraren arabera, ikusten da LE70-Zañetako bazkalekua izeneko aztarnategiaren gaineko ukipena dagoela, eta beraz aztarnategi honetarako jasotako kontserbazio neurriak aplikatu beharko dira (2. eranskinak ikusi). Obrak egiten diren bitartean, prebentzio eta zuzenketa neurriak aplikatuko dira aztarnategi bakoitzerako ezarritako babes eremua ez ukitzeko. Eragina bateragarritzat eta moderatutzat hartzen da.
–Egaren Adarraren trazadurak hamar tokitan ukitzen du abelbideen sarea. Eragina bateragarria eta moderatua da, eta prebentzio neurriak aplikatu behar dira.
–Zangak betetzeko materiala baimendutako legar-hobietatik aterako da, eta hondeatzean ateratako lurrak berriz erabiliko dira zuzenean adarraren zangan. Behar diren bolumenak eta lortzeko iturriak kontuan hartuta, eragina ez da nabarmena.
–Adarra egiteak klima aldaketaren gainean duen ondorio bakarra obrari atxikitako makinen eta ibilgailuen berotegi-gasen emisioa da, eta zaila da horiek saihestea. Ahalik eta gehien gutxitu daitezke ibilgailuen mantentze-lan egokiak eginez eta behar bezala homologatutako makinak erabiliz, etab. Hortaz, eragin hori ez da nabarmena.
Ingurumen eraginaren azterlanak honako neurri zuzentzaile hauek ezarri ditu:
–Adarra bertatik pasatzeagatik belarrak, zuhaixkak edo zuhaitzak nondik kendu diren, hantxe lehengoratuko da landare estaldura, eremuko inguruetan dauden dentsitate eta osaera antzekoak dauzkala. Aurreikusi da bi teknika erabiltzea: malda handiagoko eremuetan, hidroereintza, eta lauagoak diren eremuetan, berriz, ereintza.
–Hodia pasatzeak ukitzen dituen ibai ertzeko eremuetan ibai ertzeko espezieekin landatuko dira, zuhaitzak nahiz zuhaixkak izan.
–Ibaiaren ohea Ebroko Ur Konfederazioaren Ur Komisariaren oharrei jarraikiz lehengoratuko da.
–Ega ibaia eta erreka-zuloak gurutzatzeko lanak egitean, ukitutako azalera ahal denik eta txikiena izanen da, bai ibilguan bai ibai bazterretan. Babes lubeta ezinbestekoa den tartean bakarrik paratuko da, ur laminaren azpian, teknikoki bideragarria bada.
–Espezie bakoitzaren habitat berariazkoak lehengoratzea, lanek ukitutakoak hain zuzen.
–Lanak amaituta, jarduketa fasean sortutako hondar guztien garbiketa orokorra egin, eta eremua lehengoratuko da ingurumenari dagokionez, lurrari jatorriko egoera morfologikoa emanez, materialak pilatzeko tokietan, eta erabili behar ez diren pista, sarbide eta igarobideetan landaketak egin, eta trinkotutako lur-azalerak landuz.
Neurri zuzentzaileak aplikatu ondoren, deskribatutako eragin guztiak bateragarri edo ez nabarmen bilakatuko dira, kenduta Ega ibaia gurutzatzen den tokietan, bertan moderatua delako.
Ingurumen arloko zaintza:
Proiektua betetzen den bitartean, lanak eginen dira ziurtatzeko neurri zuzentzaileak aplikatzen direla eta ingurunearen ingurumen kalitatea mantentzen dela jarduketen eremuan azterlanak proposatzen dituen mugen barruan. Horretarako, kontrol batzuk eginen dira, lanak hasi aurretik hasi eta lanak bete bitartean eginen direnak, bai eta proiektua ustiatzen den lehen urtean ere.
Obrarako aurreikusi den eraikuntza fasean, Ingurumena Zaintzeko Programa izan beharko da obraren alderdi nabarmenen ingurumen kontrolaren bermea. Ustiapen fasea osoan egiaztatuko da egindako ereintzak eta landaketak behar bezala ezarri direla.
Iragarkiaren kodea: F1707987
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
