158. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2017ko ekainaren 21ean hartua, honako Udalez gaindiko Proiektu Sektorial hau onesten duena: “Parke eolikoak Barasoainen eta Tirapun”. Desarrollo de Energías Renovables de Navarra SLUk sustatu du.

I.–Aurrekariak eta xedea.

Nafarroako Gobernuak 2014ko apirilaren 30ean hartutako Erabakiaren bidez, proiektua Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu zen, eta onetsi zen espedientearen bi tramiteak aldi berean egitea, alegia hogeita hamar egunez jendaurrean jartzea eta entzutea ematea proiektuak ukitutako mugarteak dituzten toki entitateei. Hori guztia, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legean xedatutakoaren ondorioetarako. Erabaki hori 2014ko 96. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 20an.

Proiektuaren xedea bi parke eoliko ezartzea da. Hauek dira: Barasoaingo parke eolikoa eta Tirapuko parke eolikoa. Proiektaturik dago Muru Artederretako Red Eléctrica de Españaren (REE) azpiestaziora bideratzea parke horiek sortutako energia, San Estebanen dagoen energia ateratzeko linea elektrikoaren bidez.

Jendaurreko epea bukaturik, Nafarroako Gobernuaren aipatutako akordioari, aurkeztutako alegazioei eta ukitutako erakundeek egindako txostenei erantzunez, sustatzaileak zenbait agiri aurkeztu ditu, eta horietan: haize-sorgailu modeloaren ordez beste bat jarri da, enpresa berarena eta potentzia berberekoa baina handiagoa (AW132TH137,5 modeloa, 132 metroko diametroa duen errotorea eta 137,5 metroko altuera duen dorrea); Tirapuko parke eolikoak, azkenik, 4 haize-sorgailu izanen ditu, 3 MW-ekoak, Añorbeko udal-mugartean, eta, aldi berean, San Estebango parke eolikoko haize-sorgailuak kenduko dira; eta Barasoaingo parke eolikoak 11 haize-sorgailu izanen ditu, 3 MW-ekoak (horietako 5 mendebaldeko lerrokaduran, eta beste 6 ekialdekoan). Denera, 15 kokagune proiektatu dira, eta guztira 45 MW eginen dute.

II.–Jendaurrean jartzea.

Udalez gaindiko Plan Sektorial hau jendaurrean egon zen aldian, 4 alegazio-idazki aurkeztu ziren.

Kontuan izanik zer aldaketa egin diren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan, erabakiari eta txosten sektorialei erantzuteko, 10 eguneko entzute tramiteak ireki ziren, aldaketa horiek ukitutako lurzati berrien jabeentzat. Tramite horietan 5 alegazio-idazki jaso dira.

Ondotik, idazki horiek laburbildu eta erantzuna emanen zaie; dena dela, argitu beharra dago ezen ingurumenari buruzko alegazioen erantzunerako Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren 1208E/2016 Ebazpenera jo beharra dagoela (haren bidez, proiektuari ingurumen eraginaren adierazpena egin zitzaion).

II.1. Rita Roldán Murillok Barasoaingo Udala ordezkatuz aurkeztutako alegazio-idazkia.

Edukia:

Barasoaingo Udalak, jendaurrean jarritako dokumentazioarekin loturik, adierazi du ez direla aurkitzen Barasoaingo parkeak ukitutako titularrak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aipatutakoaren arabera.

Erantzuna:

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak, 2014ko ekainaren 11ko idazkiaren bidez, Barasoaingo Udalari adierazi zion ezen, nahiz eta Barasoaingo parke eolikoak ukitutako titularren zerrenda jasota egon Zerbitzu honetako bulegoetan jendaurrean jarritako dokumentazioan, akats bat zela-eta ez zela sartu webgunean jendaurrean jarritako dokumentazioan. Egun horretan, toki entitateari adierazi zitzaion bezala, webguneko akatsa zuzendu eta 30 egunez eskuragarri egon zen espedientearen dokumentazio osoa.

Azaldutakoengatik, alegazioen idazkia baietsi da.

II.2. Gurelur elkartea ordezkatuz Antonio Munilla Garcíak aurkeztutako alegazio-idazkia.

Edukia:

Elkarte honek eskatzen du Tirapuko eta Barasoaingo parke eolikoen instalazioei ezetz esan dakiela, Legeari eta kudeaketari buruzko gogoeta hauek direla eta:

–Ez da proiektua onartu behar ingurumenari egiten zaizkion ukipen larriengatik eta inguruko parke eolikoek faunari ekartzen dizkioten heriotzengatik.

–Ezin da zentral eoliko berririk baimendu natura kontserbatzeko Nafarroako legeen kontra jo gabe. Alegatzailearen ustez, abenduaren 24ko 685/1996 Foru Dekretuan eta Nafarroako 2005-2010erako Energia Planean jasotako ingurumen arloko arrazoien aurkakoa da parke eolikoen proiektua.

–Habitat horietan haize-sorgailuak kokatzeak eta sarbideak egiteak ingurumen ukipen oso nabarmenak sortuko lituzke, arrazoi hauengatik: ingurunean habitataren eraldaketaren mendeko hegaztiak daude, tokiak paisaiaren berezitasuna eta berezitasun ekologikoa ditu, eta dauden eta izanen diren instalazioekin ondorio sinergikoak izanen dira, eta, horregatik, haize-sorgailuak instalatzeak inpaktu garrantzitsuak sor ditzake eremuan, eta hango ingurumen bideragarritasuna kolokan jarri.

Interesdunak, gainera, uste du proiektu eoliko honi ezetz esan behar zaiola Basa Fauna eta Haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko 2/1993 Foru Legearen 8. artikuluan aipatutakoengatik. “debekaturik dago beren habitat natural, kabi, kume-zulo eta ugalketa-eremu, negu-toki eta atseden-eremuak bestelakotu eta hondatzea.”

–Proiektua ez da bideragarria ez legearen ikuspuntutik ez ingurumenaren ikuspuntutik, tokiko habitat europarrek jasanen luketen ukipenengatik.

–10 kilometroko erradioan zenbait parke eoliko izanik, haize-sorgailu ezartzeak berarekin ekarriko luke hegaztiek orain zerua gurutzatzeko dituzten tarteak –bai toki hau bizi-eremu dutenean bai urtean egiten dituzten bi migrazioetan– ixtea.

–Aurreikusitako haize-sorgailuak ezartzeak aurka eginen lioke natur balioen kontserbazioari, eta natur balio horiexek ekarri zuten toki hau Lurraldearen Antolamenduko Planetan sartzea: “ingurumen eta babes balioko zuhaiztiak” eta “zuhaixka eta belarkien formazioak.”

–Ingurumen eraginaren azterlanetan, parke eoliko berri hauek ekarriko lituzketen ingurumen ukipenak “ingurumeneko inpaktu orokor larri” gisa baloratu dira, eta interesdunaren ustez “inpaktu kritiko” gisa baloratu beharko lirateke, zeren ez da jasotzen proiektatutako parkeek eta oraingoek zer ukipen ekarriko luketen guztira, ezta denek batera zer eragin sinergiko ekarriko luketen ere; hortaz, proiektua ez da bideragarria legearen ikuspuntutik, ezta kudeaketaren ikuspuntutik ere.

–Proiektua ez da aztertu Nafarroako Ingurumen Kontseiluan, 1/1992 Foru Legeak behartu bezala. Hortaz, UPSaren deklarazioa legez kontrakoa da argiro. Hori dela eta, legezkotasuna ezarri behar da gai honetan, UPSaren deklarazioa erretiratuz eta Nafarroako Ingurumen Kontseiluak hura aztertuz.

Erantzuna:

Alegazio hauen ingurumen edukia dela eta, erantzuteko, jo bedi Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 10eko 1208E/2016 Ebazpenera. Haren bidez eman zen proiektuari buruzko Ingurumen eraginaren adierazpena.

II.3. Olorizko Udaleko alkate Raúl León Goñik, Udala ordezkatuz, aurkeztutako alegazio-idazkia.

Edukia:

Tramitatutako UPSaren aldekoa da Olorizko Udala, baina beharrezkotzat jotzen du honako iradokizun hauek egitea:

–Natur ingurunearen gaineko ukipenei dagokienez, uste du bai proiektuak bai Ingurumen ondorioen azterlanak beharrezko neurriak jaso behar dituztela obrek kalte konponezinik ez ekartzeko habitatetan.

–Ondareari egiten zaizkien ukipenei dagokienez, uste du bermatu behar dela ezen aztarnategietan egin beharreko jarduketek indarreko lege xedapenen mende egon daitezela.

–Azkenik, azpiegiturei egiten zaizkien ukipenei dagokienez, eskatzen du obrak egin bitarteko bideak mantentzeko eta konpontzeko plan bat, Olorizko Udalak gainbegiratu beharrekoa.

Erantzuna:

Bi lehenbiziko iradokizunen ingurumen edukia dela eta, erantzuna lortzeko, jo bedi Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 10eko 1208E/2016 Ebazpenera. Haren bidez eman zen proiektuari buruzko Ingurumen eraginaren adierazpena.

“Obrak egin bitarteko bideak mantentzeko eta konpontzeko plan bat, Olorizko Udalak gainbegiratu beharrekoa” gehitzeari dagokionez, sustatzaileak erantzun du ezen “aurkeztutako agirien artean, zerrendaturik daude proiektuen exekuzio prozesuan eta bukaeran gauzatuko diren ekintzak, eta zehazturik daude bai bideen osaera bai exekuzioa eta exekuzioaren ondoko egokitzapena (drainatzeak, arekak, etab.). Ustiatzearen fasea planteatzeari dagokionez, beharrezkoa da nabarmentzea sarbideak batez ere ibilgailu arinek erabiliko dituztela fase honetan, salbu neurri zuzentzaile handien kasuan, eta parkeen ustiapen optimorako sustatzaileari berari komeni zaiola sarbideak ongi kontserbatzea. Hori esanik, nabarmendu behar da ezinezkoa dela zehaztea zer alditan eginen diren bideen mantentze-lanak, kontuan izanik hainbat faktoreren menpe dagoela: klimatologia, hidraulizitatea, igarotzeak, etab.”.

Aurreko guztiari gehitu behar zaio ezen azpiegitura publiko bat hondatzearen arduradunak –eta bide publikoak azpiegitura publiko dira– konponketak egiteko betebeharra duela.

Hori guztia dela eta, alegazio-idazki honetako iradokizunak partez baiesten dira.

II.4. Red Eléctrica de España SAUk aurkeztutako alegazioen idazkia.

Edukia:

Interesdunak adierazten du proiektatutako bideetako batek bere jabetzako “220 kW Orkoien-Tafalla” linea elektrikoa gurutzatzen duela, eta oroitarazten du linea horien eta instalazioen ukipenek bete behar dituztela abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuak ezarritako baldintzak. Aipatutako arau horren bidez arautu ziren energia elektrikoaren garraioa eta banaketa. Gainera, aipatzen du zer distantzia bete behar dituzten goi-tentsioko lineei lotutako instalazioek eta haize-sorgailuek.

Erantzuna:

Erantzuna lortzeko, jo bedi Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 10eko 1208E/2016 Ebazpenera. Haren bidez eman zen proiektuari buruzko Ingurumen eraginaren adierazpena.

Bestalde, proiektuaren garapenean eta exekuzioan, sustatzaileak bete beharko du aplikatzekoa den manu oro, esaterako alegatutako sektore elektrikoko araudia. Horri dagokionez, sustatzaileak esan du parke eoliko bakoitzaren exekuzio proiektu berariazkoek separatak izanen dituztela, erakunde bakoitzari egiten zaizkion ukipenekin, besteak beste Red Eléctrica de Españari. Dagokion separata bidaliko zaio, txostena egin dezan ukitutako linearen inguruneko jarduketa zehatzei buruz.

Alegazioa baietsi da.

II.5. Rafael Felipe Flamarique Arbizuk, Ana María Berolegui Armendáriz ordezkatuz, egindako alegazio-idazkia.

Edukia:

Alegatzaileak dio Olorizko 1. poligonoko 29. eta 49. katastroko lurzatietan, bere jabetzakoak baitira, “eginen diren ukipenak ez direla erregistratu proiektuaren jakinarazpen bakarrean ere”. Hortaz, ez dakite zer eginen den haietan. Udalerri bereko 1. poligonoko 39. katastroko lurzatiari dagokionez, hura ere bere jabetzakoa, interesdunak eskatzen du 11. errotara sartzeko bidea lurzatiaren ertzetik joan dadila, oraingo bidea baliatuta, edo aurreikusitako errota bide horren erdian jar dadila, herri-lurretan, eta, kokapen horrekin, bi jabeei berdin eragitea.

Erantzuna:

Olorizko 1. poligonoko 29. eta 49. katastroko lurzatiei buruz aurkeztutako agiriekin bat, “bideak” eta “lerrokadura bideak” ukituko ditu lurzati horiek, edo horien zortasunak. Zehazki, Barasoaingo parkeko 6. haize-sorgailutik 11.erako lerrokadurara iristeko bideak eta haize-sorgailu horietarako sarbideek edo zortasunek ukituko dituzte lurzati horiek.

Hala, aipatzekoa da ezen sustatzaileak, proiektua hobeki uler dadin, 2017ko maiatzaren 18an proiektuaren agiri osoa eta eguneratua aurkeztu zuela.

Bestalde, espedientearen sustatzaileak uste du ezin onartuzkoak direla eskatutako aldaketak, arrazoituz ezen proposameneko sarbideen aldaketak berarekin ekarriko lituzkeela teknikoki onargarriak ez diren maldak eta biraketa-erradioak, eta haize-sorgailuaren kokapena aldatuz gero ez liratekeela gordeko turbinen arteko segurtasun distantziak.

Aurrekoa gorabehera, eta sustatzaileak azaldutako konpromisoa kontuan harturik, parkeak eraikitzeko proiektuen idazketan baloratu eginen dira alegatutako aldaketak.

Hori horrela, alegazio idazki hau partez baiesten da.

II.6. Eloy Flamarique Flamariquek, Mendibilgo Kontzejua ordezkatuz, aurkeztutako alegazio-idazkia.

Edukia:

Kontzeju alegatzailearen ustez, argitzeko dago zer ukipen izanen diren Olorizko 1. poligonoko 32. eta 48. katastroko lurzatietan, eta 12 metrora zabaldutako bideei egindako ukipenak. Horretaz gain, alegatzen du bideen mantentze-lanak egiteko enpresaren konpromisoa falta dela. Azkenik, uste du egokia dela 7. errotaren kokagunea aldatzea mugakide den lurzatira (1. poligonoko 51. lurzatia), eta, horren ondorioz, bidea aldatzea, dagoen desnibel handia gainditzeko eta lurzatiei ukipen txikiena eragiteko.

Erantzuna:

Olorizko 1. poligonoko 32. eta 48. katastroko lurzatiei buruz aurkeztutako agiriekin bat, “bideak” eta “lerrokadura bideak” ukituko ditu lurzati horiek, edo horien zortasunak. Zehazki, Barasoaingo parkeko 6. haize-sorgailutik 11.erako lerrokadurara iristeko bideak eta haize-sorgailu horietarako sarbideek edo zortasunek ukituko dituzte lurzati horiek.

Hala, aipatzekoa da ezen sustatzaileak, proiektua hobeki uler dadin, 2017ko maiatzaren 18an proiektuaren agiri osoa eta eguneratua aurkeztu zuela.

Bideen mantentze-lanei buruz alegatutakoari dagokionez, erantzuteko, jo bedi Raúl León Goñiren alegazioen idazkiari emandako erantzunari. Raúl León Goñi Olorizko Udaleko alkatea da, eta hura ordezkatuz egin zuen idazkia.

Azkenik, sustatzaileak uste du ezin onartu direla eskatutako aldaketak, aurreko alegazioari emandako erantzunean azaldutako arrazoi berberengatik: turbinen arteko distantzia teknikoak eta teknikoki onargarriak ez diren maldak eta biraketa-erradioak sarbideetarako, baita ingurumeneko ukipen handiagoa ere.

Aurrekoa gorabehera, eta sustatzaileak azaldutako konpromisoa kontuan harturik, parkeak eraikitzeko proiektuen idazketan baloratu eginen dira alegatutako aldaketak.

Hori horrela, alegazio idazki hau partez baiesten da.

II.7. Joaquín Sanz Goñik, Añorbeko Udalaren izenean eta hura ordezkatuz, aurkeztutako alegazio-idazkia.

Edukia:

Añorbeko Udalak eskatu du alda dadila Barasoaingo eta Tirapuko parke eolikoei buruzko espedientea, honela: 11. poligonoko 29. eta 30. lurzatiak Eduardo Donamaría Lambertorenak dira, eta 11. poligonoko 31. lurzatiaren zati bereizia Francisco Urricelqui Monrealena.

Erantzuna:

Espedienteko jabetza datuak katastrotik atera dira, eta, aipatutako lurzatiei buruzko alegazio hauen arabera, ez daude eguneratuak. Informazio hau jasota, sustatzaileak zuzendu egin zituen proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta 10 eguneko entzutealdia ireki zen, alegazioko lurzatien egungo jabeentzat.

Horregatik guztiagatik, alegazioa baiesten da.

II.8. Sergio Aranguren Gorrizek, José Aranguren Urtasun ordezkatuz, aurkeztutako alegazio-idazkiak.

Edukia:

Interesdunak, Añorbeko 1. poligonoko 27. lurzatiko titularra baita, alegatu du lurzatia gurutzatzen duen bidearen trazadurak bitan banatzen duela lurzatia, eta txikiena ezin erabili dela nekazaritzarako. Horren aurrean, alegatzaileak bi trazadura alternatibo proposatzen ditu bide horretarako, lurzatiak batasun bat izaten segi dezan, nekazaritzarako, eta nekazaritzako ustiapenak bideragarri izaten jarrai dezan. Lehenbiziko trazadura, kurbatura-erradioak proiektukoak baino txikiagoak izanik, lurzatiaren iparraldeko mugatik ahalik hurbilen doa. Han, gainera, bada jada pista bat. Bigarren trazaduran sustatzaileak planteatutako kurbatura-erradioak mantentzen dira, baina, lurzatiari egiten zaion ukipena murrizteko, lurzatiaren hegoaldeko mugara aldatzen da.

Erantzuna:

Alegazio honetan bideei dagokienez azaldutako aldaketen aurrean, sustatzaileak erantzun du ez dela posible, bere datuen arabera, trazadura aldatzea; izan ere, biraketa-erradioak txikiegiak izanen lirateke.

Aurrekoa gorabehera, eta sustatzaileak azaldutako konpromisoa kontuan harturik, parkeak eraikitzeko proiektuen idazketan aztertu eginen dira alegatutako aldaketak.

Hori horrela, alegazio idazki hau partez baiesten da.

II.9. Victorio Flamarique Liberalek aurkeztutako alegazioen idazkia.

Edukia:

Alegatzaileak, Olorizko 1. poligonoko 50. lurzatiaren jabea den aldetik, trazadura berri bat proposatzen du bere finka gurutzatzen duen biderako. Luzera txikiagoa izanen luke bertan, eta, bere ustez, lur mugimendu txikiagoak eskatuko lituzke.

Bestalde, interesdunak eskatzen du azter dadila ahal diren haize-sorgailuak bere lurzatian ezartzeko aukera, uste baitu modu hoberena dela parkerako behar diren instalazio guztiak optimizatzeko, eta finka horrek ez duela ingurumen arloko zama handiagorik, haize-sorgailuak proiektatu diren laborantzako beste edozein lurren aldean.

Bukatzeko, alegatzaileak eskatzen du 7. haize-sorgailua, Olorizko 1. poligonoko 52. lurzatian planteatu baita, lurzati mugakidean koka dadila, Olorizko 1. poligonoko 51. lurzatian, Mendibilgo herri-lurretan, eta, hala, “urteko alokairua” Mendibilgo herritarren aldekoa izan dadila; izan ere, bere ustez, haiek jasanen dute gehien ikusizko inpaktua.

Erantzuna:

Sustatzaileak dio proposameneko sarbideen aldaketak berarekin ekarriko lituzkeela teknikoki onargarriak ez diren maldak eta biraketa-erradioak.

Alegatzaileak planteatzen dituen haize-sorgailuen kokapenei dagokienez, sustatzaileak dio ez direla onargarriak, ez dituztelako errespetatzen turbinen artean behar diren distantzaia teknikoak eta segurtasunekoak.

Aurrekoa gorabehera, eta sustatzaileak azaldutako konpromisoa kontuan harturik, parkeak eraikitzeko proiektuen idazketan baloratu eginen dira alegatutako aldaketak.

Hori horrela, alegazio idazki hau partez baiesten da.

III.–2014ko apirilaren 30eko Erabakiari buruzko gogoetak.

Aipatutako erabakiak ezartzen zuen ezen enpresa sustatzaileak, proiektua ebatzi aurretik, ondoren azaltzen diren gaiei helduko ziela, sustatzaileak 2015eko uztailean eta urrian eta 2016ko maiatzean aurkeztutako erantzunekin batera.

III.1. Parte-hartze Plana osatzea ondorioen txosten batekin, bertan bilduz jasotako ekarpenei buruzko oharrak.

2015eko uztailean, Parte-hartze Plan horretan atal bat sartu zuen sustatzaileak, eskatutakoarekin, eta ondorio hau jaso du: “Oro har esan daiteke, UPSaren idazketari dagokionez, kontuan hartu direla duten zehaztasunarengatik eta bideragarritasun tekniko-ekonomikoarengatik onargarriak diren alegazioak eta/edo ekarpenak.”

III.2. Memoria eta araudi proposatua erabaki honetan ageri diren oharren arabera zuzentzea.

2015eko uztaileko dokumentazio horretan berean atal bat sartu da, “Parkeko babes, erabilera eta jarduerei buruzko araudia” izenekoa, erabakian aipatutako oharrak jaso dituena. Besteak beste, parke bakoitzeko ezarpen eremua zehaztu da, eta, ezarpen eremu horren barnean, arautzen dira onartu, baimendu eta debekatu daitezkeen jarduerak eta erabilerak.

III.3. Espedientea osatzea Azterlan edo Analisiaren Eremua zehaztuz eta justifikatuz, eta honela definitzen da eremu hori: lurralde eremua, behar bezain zabala, non ebaluatu eta aztertuko baitira aukeratzen ahal diren kokaleku guztiak, beharrezkoa baita lurralde eta ingurumen aldetik eragin txikiena izanen duen aukera edo eremua arrazoizko modu batean zehaztu eta justifikatu ahal izateko.

Aurrekoa kontuan harturik, sustatzaileak azterketa edo analisi eremutzat hartu du ezarritako edo proposatutako turbina batetik gehienez 5 kilometrorako tarteak osatzen duen poligonala, hots, honelako garapen batek ezarpen horietan eragina izan dezakeen eremua. Eremu hori planoetan ere jaso da.

Parke eolikoen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuaren 2.2.c) artikuluak ezarritakoaren arabera, ezarpen eremuarekin bat ez datozen azterlanaren xede diren lurrak ez dira egokiak izanen parke eolikoak ezartzeko.

III.4. Proiektua osatzea beharrezkoak diren lur-erauzketen definizioarekin edo haize-sorgailu horien eta beren muntaketa plataformen ezarpenaren ondoriozko profilekin.

Ezarpen eta muntaketa plataforma bakoitzaren lur-erauzketen eta lubeten azalera eta bolumenen xehetasunarekin osatu da proiektua. Orobat, plataformen atal bakoitzaren lur-erauzketen eta lubeten azalerak eta bolumenak ezarri dira.

Ukipen horien azterketa kontuan hartu da Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 10eko 1208E/2016 Ebazpenean. Haren bidez eman zen proiektuari buruzko Ingurumen eraginaren adierazpena.

III.5. Ukitutako udalerrien hirigintza araudiko (lurzoru urbanizaezina) XII. eranskina kentzea.

Sustatzaileak aurkeztutako azkeneko dokumentaziotik kendu egin da aipatutako eranskina.

III.6. Ondare Historikoaren Zerbitzuak 2013ko maiatzaren 16an emandako txosteneko jarraibideen arabera jokatzea, edo zerbitzu horren aldeko beste txosten bat aurkeztea, eta Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiak emandako aldeko txostena aurkeztea.

Txosten sektorialei buruzko hurrengo atalean helduko zaio txosten horri.

III.7. Proiektuaren interes orokorraren adierazpena lortzeko eskaera arrazoitzea.

Proiektuaren interes orokorraren adierazpena lortzeari uko egin dio sustatzaileak.

IV.–Sektoreko txostenak.

Aipatutako erabakiaren ondoren, honako txosten hauek gehitu zaizkio espedienteari:

IV.1. Ondare Historikoaren Zerbitzua.

Ondare Historikoaren Zerbitzuak, 2015eko uztailean aurkeztutako dokumentazioari dagokionez, txostena eman zuen 2015eko irailaren 9an, adieraziz oraindik ere ez zirela babes distantziak betetzen El Castillo aztarnategi arkeologikoko ingurunera.

Gero, 2015eko urriaren 5ean, zerbitzu horrek, 2015eko urrian horretarako aurkeztutako dokumentazioari dagokionez, txostena eman zuen, eta bertan hau esan: “Kokapen berriak aurkeztu dira A014-rako eta A015-rako. Aztarnategi arkeologikoaren perimetrotik 70 metrora geldituko dira, hegoaldetik. Horri buruz, adierazten dizut ondarearen aldetik baimena eman daitekeela haize-sorgailu horiek ezartzeko kokapen berrietan. Hala, beharrezkoa izanen da jarraipen bereziki handia egitea 13., 14., 15. eta 16. haize-sorgailuen arteko obrek ekartzen dituzten lur mugimenduei, El Castillo aztarnategi arkeologikotik hurbil egoteagatik.

Gainerako haize-sorgailuei eta haien azpiegiturei dagokienez, bi parke eolikoetan beteko da 2013ko maiatzaren 10eko txostenean agindutakoa. Hartan ezarri ziren ukipen zehatzak eta egoki diren neurri zuzentzaileak, proiektuaren puntu zehatzetako jarraipen arkeologikoetan oinarrituak.

Barasoaingo parke eolikoan aztarnategi arkeologikotik hurbil dauden haize-sorgailuei dagokienez, hots, 13., 14., 15. eta 16. haize-sorgailuei dagokienez, sustatzaileak 2016ko maiatzean aurkeztutako dokumentaziotik kendu egin dira 15. eta 16. haize-sorgailuak, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren 1208E/2016 Ebazpenaren bidez (haren bidez egin zen proiektu honen Ingurumen eraginaren adierazpena) kendu egin dira 13. eta 14. haize-sorgailuak.

IV.2.–Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusia.

Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiak aurkeztutako berariazko aldeko txostenari dagokionez, Zuzendaritza Nagusiak, 2017ko martxoaren 9an, txosten berri bat eman du, aipatutako espedientearekin loturik, honako hau ondorioztatzen duena:

“Azaldutako guztiarekin bat, eta kontuan harturik Nafarroako Gobernuak berariaz adierazi duela, 2017ko urtarrilaren 12ko idazki baten bidez, kendu egin direla Tirapuko parke eolikoko 5., 6., 7. eta 8. haize-sorgailuak proiektu sektorialari buruz tramitatzen ari den agirian, urratzen baitzituzten Hurbiltze Eremuak eta Aireratze Eremuak, Iruñeko Aireportuaren Plan Zuzentzailean jasoak, 2013ko abenduaren 17ko agirietan (txostenetan jasoak) A004, A003, A002 eta A001 izena zutenak, hurrenez hurren, bada, Zuzendaritza Zentro horrek aldeko txostena egin du “Barasoaingo eta Tirapuko Parke Eolikoen Udalez gaindiko Proiektu Sektorialari” buruz, zortasun aeronautikoei dagokienez, txosten honetan ezarritako baldintzekin, betiere proposatutako eraikinek edo objektu finkoek (zutoinak, antenak, kartelak, etab.) ez badituzte zortasun aeronautikoak urratzen”.

IV.3.–Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua.

Zerbitzu honek bi txosten bidali ditu. Horietako lehenak, 2014ko apirilaren 16koak, zioen lankidetzan ari zirela garraio sareko kudeatzailearekin eta sistemaren operadorearekin, energia ateratzeko ahalmena optimizatzeko Nafarroako sustatzaileek egindako proposamenetan, eta, zehazki, Barasoaingo eta Tirapuko parke eolikoen proiektua, Desarrollo de Energías Renovables de Navarra SAk (DERNA) sustatu baitu, barne hartzen zela Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak darabilen plangintzan.

Bigarren idazkian, 2015eko abenduaren 18koa baita, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak, txosten bidez, adierazi zuen 2015eko abenduaren 9an txosten bat jaso zuela, Red Eléctrica de España SAUk egina. Erantzuna zen; izan ere, eskatu zitzaion garraio sarerako sarbide koordinatua izatea Muru Artederreta 220 kW azpiestaziorako, Barasoaingo eta Tirapuko parke eoliko berriak gehitzeagatik (agiriaren erref.: DDS.A/15/881, 2015eko azaroaren 20koa). Bada, aipatutako txosten horretan adierazi zen Barasoaingo parkearen (48 MW) eta Tirapukoaren (27 MW) “sarbidea onargarria zela”, “bideragarria baita aipatutako eremuan eta Muru Artederretako 220 kW-eko nodo-eremuan”. Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuaren txosten horrek, ondorio gisa, dio Barasoaingo eta Tirapuko parke eolikoen proiektuan, Desarrollo de Energías Renovables de Navarra SAk sustatu baitu, energiaren garraioa bermatua dagoela.

IV.4.–Red Eléctrica de España (REE).

Espedientean bi txosten daude, 2015eko azaroaren 12koa eta 27koa, hurrenez hurren, garraio sarearekin konexio puntuaren erabilgarritasunari buruz.

Horietako lehenbizikoan, REEk aipatzen du eskatutako gaitasuna partez erabilgarri dagoela Barasoaingo eta Tirapuko parke eolikoetarako, eta, bigarrenean, eskatutako gaitasuna erabilgarri dagoela parke horietarako, aurreikusita Muru Artederretako garraio sarerako konexioa izanen dela.

Azken idazki horretan, orobat, esaten da Sarbiderako Bideragarritasunari buruzko txosten hori ez dela nahitaez ezarritako beharkizuna baimen administratiboa lortzeko, 24/201 Legearen 53. artikuluan ezarritakoaren arabera. Hortaz, Nodoko Solaskide Bakarrak, aipatutako baimen administratiboa eman aurretik, Red Eléctricaren aurrean tramitatu beharko du aipatutako parke horietarako konexio eskaera.

V.–Ingurumen ondorioen adierazpena.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 10eko 1208E/2016 Ebazpenaren bidez, Ingurumen eraginaren adierazpena eman da Barasoaingo eta Tirapuko parke eolikoen proiektuaren gainean. Sustatzailea Desarrollo de Energias Renovables de Navarra SA da. Adierazpen horrek ezartzen du proposamen hori bideragarria dela ingurumenaren aldetik, baldin Barasoaingo parke eolikotik kentzen badira 12., 13. eta 14. haize-sorgailuak, eta Tirapuko parke eolikotik 5., 6., 7. eta 8. haize-sorgailuak. Gainera, ezartzen da jarduera eginen dela espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoan eta Ingurumen eraginaren adierazpenean jasotako baldintzei jarraikiz. Ebazpen hori 2016ko 213. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 4an.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen martxoaren 10eko txostenarekin eta Lurraldearen Antolamendu eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren ekainaren 5eko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak erabaki honetan azaldutako moduan ebaztea.

2. Desarrollo de Energías Renovables de Navarra SAk sustatutako “Barasoaingo eta Tirapuko Parke Eolikoen Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala” onestea, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 10eko 1208E/2016 Ebazpenean ezarritako determinazioekin. Ebazpen haren bidez eman zen proiektuari buruzko Ingurumen eraginaren adierazpena.

3. Proiektuaren garapenean eta exekuzioan, espedienteko txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, eta, zehazki, Ondare Historikoaren Zerbitzuak eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak egindako txostenetan xedatutakoari.

4. Sustatzaileak Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari aurkeztu beharko dio dokumentazio grafikoa, proiektu honetako eremu eta jarduketak formatu bektorialean irudikatzen dituena (shp, dwg o dgn).

5. Parke eolikoen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuaren 2.2.c) artikuluak ezarritakoaren arabera, ezarpen eremuarekin bat ez datozen azterlanaren xede diren lurrak ez dira egokiak izanen parke eolikoak ezartzeko.

6. Proiektu sektorial honen araudia argitaratzea. Erabaki honen eranskin gisa jaso da.

7. Parke eolikoetako obrek eta bere instalazioek beste azpiegitura eta elementu batzuetan (errepideak, ureztaketa, ibilgu publikoak edo beste batzuk) sortzen dituzten edo sor ditzaketen ukipenei dagokienez, sustatzaileari oroitarazten zaio kasuan kasuko arloan eskudun diren organoen baimen guztiak eskuratu beharko dituela. Zehazki, parke eoliko bakoitzeko exekuzio proiektu berariazkoek separatak izanen dituzte, beste erakunde batzuei egiten zaizkien ukipenei buruzkoak, besteak beste Red Eléctrica de Españari egiten zaizkion ukipenei buruzkoak. Separata horiek erakundeei bidaliko zaizkie, beren arloko eskumenen arabera txostenak egin ditzaten.

8. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende orok jakin dezan; eta igortzea Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalari eta Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari (Lurralde eta Paisaia Zerbitzua).

9. Erabaki hau jakinaraztea Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari, Añorbeko, Artaxoako, Barasoaingo, Olorizko, Tirapuko eta Untzueko udalei, Gurelurri, Red Eléctrica de Españari, Eloy Flamarique Flamariqueri (Mendibilgo Kontzejua), Rafael Flamarique Arbizuri, Sergio Aranguren Gorrizi, Victorio Flamarique Liberali eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, ebazpen honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Dena den, administrazio publikoek aurretiko errekerimendua egin dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2017ko ekainaren 21ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

ERANSKINA

Parkeko babes, erabilera eta jarduerei buruzko araudia

Indarreko lege araudiaz gain, aplikatzekoa dena parkeko eraikuntza eta ustiapeneko obra eta azpiegituretarako, kontuan hartuko dira, berariaz, ondoren zehazten diren arauak eta gomendioak.

Azterketa edo analisi eremua.

Lurralde eremu nahiko zabala da, eta bertan ebaluatu eta aztertuko dira aukeratzen ahal diren kokaleku guztiak, azterketa hori beharrezkoa baita lurraldean eta ingurumenean, oro har, eragin txikiena izanen duen kokagunea zehazteko eta zentzuz justifikatu ahal izateko, Barasoaingo eta Tirapuko parke eolikoen multzoari dagokionez.

Eremu hori izanen da turbina ezarritako edo proposatutako batetik gehienez 5 kilometrorako tarteak osatzen duen poligonala, hots, honelako garapen batek ezarpen horietan eragina izan dezakeen esparrua. Etorkizuneko garapenetarako, DERNAk analizatuko eta aztertuko ditu bere haize-sorgailuen bideragarritasuna eta garapen horiek bere parkeen ekoizpenean izanen duten inpaktua, honako arauarekin bat: IEC61400-1: Wind turbines-Design requirements de la International Electrotechnical Commission.

Poligonal hori T2PY12014.05.A planoan jaso da Tirapuko parke eolikoaren kasuan, eta T2PY12014.15.B planoan Barasoaingo parke eolikoaren kasuan.

14.1. Ezarpen eremua.

Barasoaingo eta Tirapuko parke eolikoak ezartzeko, aukeratu da oro har lurraldean inpaktu txikiena duen kokapena, eta horrekin dator bat ezarpen eremua. Behar diren mugak ditu, haize-sorgailuen kokapena justifikatzeko eta eremu horretako erabilera eta jarduera onartuei, baimengarriei eta debekatuei buruzko araudia aplikatzeko.

Parke eoliko bakoitzaren ezarpen eremuak, oro har, honako hauek barne hartuko ditu:

–150 metroko zabalerako zerrenda, haize-sorgailuen lerro bakoitzean (75 metro, luzetarako ardatzaren alde banatan eta lerrokaduraren luzeran; luzetarako ardatza ezartzeko, haize-sorgailuen kokapenaren koordenatuen lotura hartuko da kontuan). Aipatutako zerrendaren zabaleraren zergatia da palek duten biraketa-diametroa, egiten duten errotazio mugimenduan. Tarte horretan honako hauek instalatuko dira:

  • Haize-sorgailuak, barnean direla zapatak eta muntaketa garabiak ezartzeko plataformak.
  • Haize-sorgailuen arteko lurpeko kanalizazio elektrikoak.
  • Parke eolikoetako barneko bideak.
  • Baliabide eolikoa neurtzeko dorreak, beharrezkoak direnak instalazioari jarraipena egiteko.

–12 metroko zabalerako zerrenda (6 metro, sarbideko ardatzaren alde banatan), parke eolikoetarako sarbideetan.

–Azpiestazio elektrikorainoko lurpeko kanalizazio elektrikoak.

–Azpiestazio elektrikoaren lurrak.

150 metroko zabalerako zerrendak edo poligonalak zehazten du parke horien eremua, eta instalazio horiek osatzen duten lerro bakoitzean dago zentraturik. Poligonal horren barnean kokatzen dira haize-sorgailuak, beren zapaten instalazioekin, plataformekin, haize-sorgailuaren elementuekin, bideekin eta haize-sorgailuen arteko lurpeko kanalizazio elektrikoekin. Tirapuko parke eolikoaren kasuan T2PY12014.04.C planoan, eta Barasoaingo parke eolikoaren kasuan T2PY12014.14.E planoan agertzen dira Barasoaingo eta Tirapuko parkeen poligonalak.

Orobat, parkeen eremuko parte dira Carrascal-Martzilla NA 6020 errepideko sarbideak, 5,3 eta 7,8 kilometro-puntuetan, lerrokaduren arteko sarbideak eta lerrokaduren eta transformazioko azpiestazioetarako sarbideak. Lerrokaduretatik azpiestazio elektrikoraino doazen kanalizazio elektrikoak, gero handik abiatzen direnak 66 kW-eko aireko linea elektrikoko lehenbiziko euskarriarekin bat egiteko, barnean dela Muru Artederretako azpiestaziora (220/66 kW) energia daramana, dagoen sare elektrikoarekin konektatzeko.

Orobat, instalazioen eremuko zati izanen da honako hauek hartutako azalera: dorre meteorologiko autoegonkorrak, muntaketa plataforma, horietarainoko sarbideak eta lurpeko linea, haize-sorgailua dorrearekin lotuko duena.

Halaber, oraingo azpiestazio elektrikoan aurreikusitako handitzerako behar den lurra. Azpiestazio horretatik aterako dute energia Barasoaingo eta Tirapuko parke eolikoek, UPSerako aurkeztutako dokumentazioaren arabera.

14.2. Jarduera eta erabilera baimengarri eta debekatuak.

Parke eolikoen ezarpen eremuaren barnean, jarduerak eta erabilerak onartu, baimendu eta debeka daitezke, ondoren zehazten denaren arabera:

14.2.1. Erabilera onartuak:

–Bateragarria izanen da nekazaritzako erabilera eta abeltzaintza, baldin parke eolikoetako instalazioen (oro har ulerturik) zortasunak eta funtzionamendu egokia errespetatzen badira.

–Parke eolikoen kontserbaziorako, mantentze lanetarako eta zerbitzurako behar direnak, baita Ingurumena Zaintzeko Planak betetzeko behar direnak ere.

–Parkeko barneko bideak erabiltzea zerbitzuko ibilgailuak pasa daitezen eta traktoreak eta nekazaritzako, abeltzaintzako edo basozaintzako ibilgailuak dagozkien ustiapenetara ailega daitezen.

–Abereentzako alanbre hesiak jartzea edo mantentzea, parke eolikoen lur eremuko zerrendak gurutzatu behar dituztenean, salbu haize-sorgailuen zapaten eta plataformen eremuan, eskualdeko abeltzaintza jardueran egoki aritzeko. Kasu horretan, itxiturako ateak eginen dira, edo aziendarako igarobideak, parke barneko bideei jarraipena emateko.

–Parke eolikoen lur eremuko zerrenda gurutzatzen duten ur hodiak mantentzea.

–Aziendak edateko iturriak egitea edo mantentzea, betiere, egiteari dagokionez, lurpeko kanalizazio elektrikoen zortasunak errespetatuz. Baina baimenetik salbuetsiko dira haize-sorgailuen zapaten eta plataformen eremuak.

–Eraikin txikiak egitea, parkeetako instalazioetan hasieran aurreikusi gabeak, beharrezkoak direnak parkea hobeki ustiatzeko, edo energia eolikoa hezkuntza edo teknika aldetik zabaltzeko.

–Zuhaitz eta zuhaixka txikien landaketak, salbu zangetan eta plataformetan, eta orobat, salbu parke eolikoetako azpiegiturek okupatutako azaleretan. Hori dena, airearen zirkulazioa aldatzen ez badute eta, hortaz, haize-sorgailuen funtzionamenduari kalterik egiten ez badiote.

14.2.2. Erabilera baimengarriak:

–Parke eolikoen lur eremuko zerrenda gurutzatzen duten ur hodi lurperatuak eta bestelakoak (gasa, elektrizitatea, etab.), baldin ez badute trabarik eragiten instalazioen funtzionamendu egokian eta azpiegituretarako legezko zortasunak errespetatzen badituzte.

–Irrati eta telekomunikazioetako errepikagailuak edo antenak ezartzea, baldin bateragarriak badira parke eolikoen funtzionamenduarekin, halako moduz non ez duten erradioelektrikoki trabarik eragiten.

14.2.3. Erabilera debekatuak:

Onartuen eta baimengarrien artean aipatu ez den beste edozein erabilera edo jarduera, baldin bateraezinak badira energia eolikoa sortzeko prozesu normalarekin eta parkeetako instalazioen ezaugarriekin, baita halako instalazioei dagozkien segurtasun baldintzak aldatzen dituztenak edo baldintza horiek kontuan hartzen ez dituztenak ere.

Zehazki, debekaturik daude haize-sorgailuen lur zerrendetan:

–Larreak, uztondoak edo bestelako landaredia erretzea.

–Hegaztientzako hondakindegiak eta bazkaleku osagarriak ezartzea, haize-sorgailu batetik 5 kilometro baino hurbilago.

–Baliabide eolikoari eta, beraz, energiaren sorkuntzari edo haize-sorgailuen funtzionamendu egokiari traba egiten dion oztopoak jartzea.

–Airean ibiltzea delta hegoekin, parapenteekin, etab.

–Lurpeko kanalizazio elektrikoak eta plataformak ukitzen ahal dituzten landaketak egitea, baita etorkizunean haize-sorgailuen produktibitaterako eragozpen izan daitezkeenak egitea ere.

14.3. Segurtasuna.

Gomendatzen da parkeen lur zerrendara ez sartzea, oinez edo ibilgailuz, ekaitzaldietan, izotzaldietan, elurraldietan eta instalazioak muntatu, konpondu edo mantentzeko lanak egiten diren bitartean.

14.4. Azpiegiturak eta instalazioak.

Kokatu beharreko azpiegiturak eta instalazioak, oro har, honako hauek izanen dira:

–Neurketa dorreak, 100 metroko altuerakoak, zenbait altueratan neurketa ekipamenduak dituztenak.

  • Haize-sorgailuei eusteko dorrea, 100 metrokoa.

–Nacelle: barruti itxia da, dorrearen goialdean, energia elektriko bihurtzeko ekipo mekaniko, elektriko eta hidraulikoak paratzeko.

  • Errotorea, 58 metroko erradioko palekin.

–Dorrea zimendatzeko obrak. Hasiera batean hormigoizko zapata (19,5 m x 2,2 m) baten bidez proiektatua, hormigoizko erdiko idulki zilindriko batekin (7,5 metroko diametroa eta 0,3 metroko altuera).

–Zapatak aldaketak izaten ahalko ditu zimenduak jartzeko baldintzengatik hala egokia bada.

–Beharrezkoa izanen da dorre bakoitzaren ondoan 67 m x 35 m-ko (zimenduak barne) plataforma bat egitea, muntaketa garabiak jartzeko eta materiala pilatzeko.

–Barneko bideak, parkeetako instalazioak eraikitzeko eta haien mantentze-zerbitzurako.

–Lurpeko kanalizazio elektrikoak, behe eta goi tentsioan, eta komunikazioak, dorre bakoitzetik transformazio-zentrora.

  • Parkeen instalazio elektriko orokorraren lur-sarea.

–Orain dagoen azpiestazio elektrikoa, 12 kW-eko energia elektrikoko tentsioa 66 kW-eko bihurtzeko.

  • Parkeak kontrolatzeko eraikina.

–Goi tentsioko aireko linea elektrikoa (orain dagoena), transformazio zentroa lotuko duena oraingo sare elektrikoarekin.

–Sarbidea, errepideetatik edo beste bide batzuetatik parkeen sarrerarainokoa.

14.5. Hegaztientzako hondakindegiak.

Haize-sorgailuetatik 1.000 metro baino hurbilago dauden eremuak orain ez dira animalien gorpuak uzteko eremu egokitzat hartuko, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren otsailaren 25eko 46/2014 Foru Agindua aplikatuz. Foru agindu horren bidez basa faunaren zenbait espezie elikatzea arautu zen, gizakiek jateko ez diren animalien azpiproduktuekin, Nafarroako Foru Komunitateko hegaztientzako bazkalekuen funtzionamendua ere arautu zen, Europar Batasuneko intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremua ezarri zen eta haren funtzionamendurako arauak zehaztu ziren. Sustatzaileak horren berri eman beharko die ukitutako abeltzaintzako ustiategiei. Gomendagarria da gorpuen biltegiaren distantzia dezente handitzea, hegazti nekrofagorik ez erakartzeko.

Iragarkiaren kodea: F1707771