157. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

UHARTE

Deialdia, etxezaina-zerbitzu anitzetako langilea izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko

OINARRIAK

1.–Xedea.

Iragartzen da etxezaina-zerbitzu anitzetako langilea izateko ondoko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketaren bidez betetzeko deialdia:

Etxezaina-zerbitzu anitzetako langilea, 40/37 zenbakia duena, eta euskaraz 2. hizkuntza mailan jakitea nahitaezkoa duena.

2.–Lanpostu hutsen kopurua handitzea.

2.1. Deialdi honetako lanpostuen kopurua handitzen ahalko da, epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiatzaileen zerrenda, lortutako puntuen hurrenkeraren araberakoa, igortzen dion egunean hutsik dauden lanpostuak gehituta.

2.2. Lehiaketa honetan beteko den lanpostua hau izanen da: deialdian bertan hasieratik eskainia eta, hala badagokio, aurreko lerroaldeak aipatzen duen kopuru handitzearen ondoriozkoak, baita lehiaketan beste lanpostu bat lortzen duten lehiatzaileek hutsik uzten dituztenak ere.

2.3. Hala izanik ere, lehiatzaileek lekualdatze lehiaketan lanpostua hautatu ondoan hutsik uzten dituzten lanpostuak ez dira eskainiko, lanpostu horiek betetzea beharrezkoa ez denean, dela iraungitzeko lanpostuak direlako, dela titularrek nahiz ordezkoek bete gabe daudelako.

2.4. Izangairen batek lehiaketa honetan lanpostua lortu eta bere lanpostuaren izena deialdiko lanpostuarena ez bezalakoa baldin bada, eskuratutako lanpostuaren izena hartuko du lanpostu berriaz jabetzen den unetik. Orobat, dagokionean, lehiaketaren ondorioz hutsik gelditu eta berriz lehiatzaileei eskaintzen zaizkien lanpostuen izena aldatu eginen da.

3.–Aplikatu beharreko araudia.

Lekualdatze lehiaketa hau ondoko arauei jarraikiz gauzatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua aplikatzeko arauak, hura garatu eta betearazteko asmoz lanpostuak betetzeari buruzko azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Erregelamendua, eta deialdiaren oinarriak.

4.–Betebeharrak.

4.1. Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, lekuz aldatzeko lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, ondoko baldintzak bete beharko dira, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta lanpostu hutsak aukeratu eta esleitutako lanpostuaz jabetu bitartean:

a) Uharteko Udalaren eta haren erakunde autonomoen plantillako langile finkoa izatea, egoera administratiboa edozein dela ere.

b) D maila edo taldekoa izatea.

c) Zerbitzu anitzetako lanpostu baterako izendatu izana. Zerbitzu anitzak biltzen dituen lanpostu guztiak sartzen dira: zerbitzu anitzetako langilea, lorezaina-zerbitzu anitzetako langilea, etxezaina, garbitzailea, kirol instalazioetako langilea, etab.

d) Deialdiko lanposturako nahitaezkoa izanda euskaraz 2. hizkuntza mailan jakitea, euskaraz 2. hizkuntza mailan jakitea. Dagokion tituluarekin frogatuko beharko da maila hori.

4.2. Lanpostua gorderik izan gabe, nahitaezko edo borondatezko eszedentzian dauden langileek zilegi izanen dute lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzea, baldin eta deialdian eskatutako baldintzak betetzen badituzte. Horrela, jarduneko zerbitzuan sartuko dira berriz eta behin betiko esleituko zaie lanpostu bat.

Berriz jarduneko zerbitzuan sartu eta zerbitzu anitzetako lanposturen bat behin-behinekoz esleiturik duten funtzionarioek lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzera beharturik egonen dira, lanpostua behin betiko eskuratuko badute.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du inolaz ere ekarriko parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea.

5.–Ordainsariak.

Lekualdatzen diren langileek, indarra duten xedapenek eta halabereko plantilla organikoak ezarritako ordainsariak jasoko dituzte.

6.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

6.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea aurkeztu beharko da Uharteko Udaleko erregistro orokorrean, San Juan plazako 1ean (posta kodea: 31620), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluko 4. idatz-zatian aurreikusiriko edozein baliabideren bidez, hamabortz egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

6.2. Eskabideak deialdi honetako eranskinean argitaratutako ereduari jarraikiz aurkeztuko dira eta horietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunerako.

Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

6.3. Eskabidearekin batera, deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien egiaztagiriak aurkeztuko dira, behar bezala kautotuak, eta deialdiko 4.1 oinarriaren d) letran euskaraz jakitearen gainean aipatzen den egiaztagiria ere bai.

6.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

7.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

7.1. Eskabideak aurkezteko epea buruturik, alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko, eta ohartaraziko du hurrengo bortz egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela eta, akatsik baldin bada, haiek zuzendu.

7.2. Erreklamazioak egiteko epea burutu eta haiek ebatzitakoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

7.3. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, alkateak lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

7.4. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

8.–Epaimahaiko kideak.

Lehiaketa kalifikatzeko epaimahaian hauek izanen dira:

–Epaimahaiburua: Alfredo Arruiz Sotés, Uharteko Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Edorta Beltzunegi López, Uharteko Udaleko lehen alkateordea.

–Epaimahaikideak:

1. Uharteko Udaleko Zerbitzu Anitzetako burua.

Ordezkoa: Uharteko Udaleko kultur teknikaria.

2. Uharteko Udaleko langileen ordezkari bat.

Ordezkoa: Uharteko Udaleko langileen ordezkari bat.

Idazkaria: Uharteko Udalekoa, Esperanza Subiza Espinal.

8.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bortz eguneko epean eratuko da epaimahaia.

8.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

8.4. Administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

9.–Merezimenduen kalifikazioa.

9.1. Erantsitako baremoari jarraituz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak lehiatzaileek alegatu eta frogatutako merezimenduak.

9.2. Alegatutako merezimendu guztiak agirien bidez frogatu beharko dira, izangaiek lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkezten duten unean.

9.3. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzean aipatutako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

9.4. Izangaiek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiatzaile adinez zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

9.5. Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatutako merezimenduen gainean.

9.6. Merezimenduen kalifikazioa burutu ondoan, epaimahaiak argitara emanen du Uharteko Udaleko iragarki oholean eta www.huarte.es web-orrian lehiatzaile bakoitzak lortutako puntuazioa, eta bortz egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten.

10.–Izangaien zerrenda, erdietsitako puntuazioaren araberakoa.

Behin aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoan, epaimahaiak parte hartzaile guztien behin betiko puntuazioak emanen ditu argitara Uharteko Udaleko iragarki oholean, eta lehiatzaileen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, alkateari igorriko dio espediente osoarekin batera, behar den ebazpena eman dezan hasieran deitutako lanpostuen kopurua handitzeari dagokionez.

11.–Lanpostu hutsak hautatzea.

Lehiakideek lorturiko puntuazioaren arabera hautatzen ahalko dituzte lanpostu hutsak, alkateak hartarako deituko duen ekitaldian.

Behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan salbu, aipatu epean lanpostua hautatzen ez duten lehiatzaileek lehiaketaren xedea diren lanpostu hutsak betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

12.–Esleipena eta lanpostuaren jabetza hartzea.

Lanpostu hutsak esleitu ondoan, alkateak, ebazpen baten bidez, lehiatzaileei egokitu zaizkien lanpostuei dagozkien izendapenak eginen ditu eta horiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

Izendaturiko lehiatzaileek esleipenari buruzko ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, non ez duen organo dei-egileak, ebazpen horretan, beste data bat ezartzen jabetza hartzeko.

13.–Aurkeztutako agiriak.

13.1. Hautagaiek, baldin eta erreklamazio edo errekurtsorik paratzen ez bada, aurkeztu dituzten agiriak berreskuratzen ahalko dituzte hala eskatu ondotik. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da. Epe hori esleipenaren ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera hasiko da.

13.2. Aurreko atalean ezarririko epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, ulertuko da izangaiak uko egin diola agiriak eskuratzeari eta horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsituko dira.

13.3. Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkezten baldin bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak berreskuratzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

14.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean errekurritutako erabakiak argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Uharten, 2017ko ekainaren 8an.–Alkatea, Alfredo Arruiz Sotés.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

1) Edozein administrazio publikotan, langile finko gisa, deialdian eskaintzen den lanpostu berdinean edo gisako batean egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko, 1,5 puntu.

2) Edozein administrazio publikotan, aldi baterako langile gisa, deialdian eskaintzen den lanpostu berdinean edo gisako batean egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko, 0,75 puntu.

3) Edozein administrazio publikotan, langile finko gisa, deialdikoa ez bertze lanpostuetan egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko, 0,30 puntu.

4) Edozein administrazio publikotan, aldi baterako langile gisa, deialdikoa ez bertze lanpostuetan egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko, 0,20 puntu.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. Honako a) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 35 puntukoa izanen da.

3. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

4. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

5. Izangaia zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa.

1) Prestakuntza ekintzetan parte hartzeagatik: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 7 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko ikastaroetan, ikastorduen zatikiak proportzionalki banatuko dira.

2. Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko beharkizunak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barrenean antolatuak sartuko dira.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

2) Txostenak edo komunikazioak biltzarretan edo jardunaldietan aurkeztea, lan zientifiko edo ikerlan bekadunak edo sarituak egitea eta haiek aldizkari espezializatuetan argitaratzea: 2 puntu gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan izanik lana edo jarduera norberak edo taldeka egina den, bai eta biltzarra edo argitalpena tokikoa, eskualdekoa, herrialdekoa edo nazioartekoa den ere.

3) Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatu edo/eta horietan irakasle gisa parte hartzea: gehienez puntu bat, haien iraupenaren arabera epaimahai kalifikatzaileak baloraturik.

Oharrak b) atal osorako:

1. Deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira atal honetan aipatutako merezimenduak.

2. Baremoaren b) atal honetako puntuazioa 5 puntukoa izanen da gehienez.

Iragarkiaren kodea: L1708190