155. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2017ko uztailaren 19an hartua, espediente hau onesten duena: “Nafarroako Ubidearen eta haren eremu ureztagarriaren 1. fasea handitzen duen udalez gaindiko proiektu sektoriala”. Ega ibaiaren arroa batez ere Leringo eta Carcarko udal mugarteetan hornitzen duen adarraren trazaduraren aldaketari buruzkoa da, eta Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiak sustatu du.

I. Aurrekariak eta xedea

Nafarroako Gobernuak 2016ko abenduaren 14an hartutako Erabakiaren bidez hasi zen proiektu hau aldatzeko espedientea: “Nafarroako Ubidearen eta haren eremu ureztagarriaren 1. fasea handitzen duen udalez gaindiko proiektu sektoriala”. Proiektua Ega ibaiaren arroa batez ere Leringo eta Carcarko udal mugarteetan hornitzen duen adarraren trazaduraren aldaketari buruzkoa da, eta Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiak sustatu du. Erabaki hori 2017ko 2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 3an.

Egako Adarra hodi nagusia da, Itoizko urez hornitzen dituena aipatutako ibaiaren arroko (XXVI-Ega 1 - XXVI-Ega 9 sektoreak) Nafarroako Ubidearen 1. fasean handitutako ureztalurrak.

Lurpeko hodi horrentzat proposatzen den trazadura aldaketak, bereziki, Leringo eta Carcarko udalerrietan du eragina. Ureztaketa tradizionaleko lurretan ukipenak murriztea da helburua. Andosillako, San Adriango eta Azagrako udal mugarteetan, tokiren batean zertxobait aldatzen da hodiaren trazadura, ukipenak gutxitzeko edo trazadura horren topografia hobetzeko.

Onetsita dagoen Egaren Adarra 24.662 m luze da, guztira, eta 23.184.259 euroko aurrekontua du; orain planteatu den aldaketa dela medio, 26.416 m luze da eta aurrekontua 24.916.174 eurotara iritsi da.

Aurkeztu den dokumentazioaren arabera, “eraiki ahal izateko, desjabetuz edo Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko 1/2002 Legearen babesaren bidez lortuko da lurrak okupatzeko bermea, nekazaritzako azpiegituren jarduketaren onuradun diren lurrentzat, Nafarroako Gobernuak jarduketa horretarako dekretua eman ondoren”.

II. Jendaurreko eta entzute aldiak

Aldaketa honen jendaurreko eta entzute aldietan, alegazioen 4 idazki aurkeztu dira. Ondoren, laburtuta ematen dira, eta erantzun egin zaie.

II.1. Francisco José Iribarren Fentanesek, Sociedad Concesionaria Aguas de Navarra ordezkatuz, aurkeztu duen alegazioen idazkia.

–Edukiak:

Francisco José Iribarren Fentanesek, Sociedad Concesionaria Aguas de Navarra ordezkatuz, honako alegazio hauek egin ditu:

  • Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko 1. fasea handitzeko proiektuko interes orokorreko azpiegiturak eraiki eta ustiatzeko lanen esleipenduna da sozietatea, esleipen kontratu baten bidez, non gauzatze epeak finkatzen baitira.
  • EGA2 eta EGA4 deitutako tarteak ukitzen dituen adarrean aldaketa eginen dela.
  • Nafarroako Gobernuaren Erabakiaren arabera (11. atala), kalkulatzen dela aldatutako Ega adarraren tartea gauzatzeko 5 hilabeteko epea beharko dela.
  • Obra publikoa esleitzeko egungo kontratuak 17 hilabeteko epea ezartzen duela EGA2-rako, eta EGA4-rako, 19 hilabetekoa; denera, 30 hilabeteko epea, gauzatzeko.
  • Epeen desbideratze hori handia dela, eta errealitatetik oso urruti dagoela.
  • Eskatzen du ukitutako bi tarteak gauzatzeko epea izan dadila proiektuak egiteko baldintza teknikoaren agirian aurreikusitakoa.

–Erantzuna:

Aldaketa hau sustatzen duen zuzendaritza nagusiak proposatzen du alegazioa baiestea, Aguas de Navarrarekin egindako esleipen kontratuarekin bat datorrelako.

II.2. Leringo Ureztatzaileen Elkarteak aurkeztutako alegazioen idazkia.

–Edukiak:

Aipatutako elkarte interesdunak adierazten du ezen Nafarroako Ubidearen adarraren trazadurak, Ega ibaiaren arroa hornitzen baitu, Ureztatzaileen Elkartearen azpiegiturak ukitzen dituela, batez ere 4 zonatan, eta honako hau alegatzen du:

  • Frailiako zona: erretena lehengora dadila, orain dagoen egoerara.
  • Picado aldapako zona: obrek ez diezaiotela kalterik egin ibilgu nagusiari. Komeniko litzateke tarte hori hormigoitzea eta hodiratzea.
  • Bai Lentiscarko zubiaren zona bai Aguachalgo haitzuloen zonan, berriz ere gurutzatzen dira elkarte honen ibilgu nagusia eta ureztaketako 25 finka, horietako batzuk mahastiak eta olibadiak. Proposatzen dute Nafarroako Ubidearen hodia goiko aldera eraman dadila, ahal bezainbat murritz daitezen ukipenak.
  • Otsaila balia dadila lanak egiteko, zeren sasoi horretan ureztaketa itxita izaten baita.
  • Ez diote kontra egiten Nafarroako Ubidearen hodiak beren ibilgu eta finkak gurutzatzeari, baina nahi dute behin lanak bukatuta, bai azpiegituretan bai finketan, orain bezala geldi daitezela, orain bezala egoteko lehengora daitezela, edo, ahal bada, hobetu daitezela.

–Erantzuna:

Ureztaketako ibilguak gurutzatzen diren kasuetan, ibilguen tarte horiek oraingo egoerara lehengoratuko dira (lur izan nahiz hormigoi), ibilgu ireki gisa; ez da eginen hormigoiz estalitako sekzio berririk, salbu, Picado aldean bezala, beharrezkoa baldin bada mazela mugitzen ari delako, habitat egokia mantentzeko, katalogatutako fauna espezieentzat.

Aipatutako Aguachal eta Lentiscarko tarteetan, trazadura nahitaez igaroko da ureztaketarako lurzatietatik, izan ere aztarnategi arkeologikoak daude iparraldean eta hegoaldean, eta mendebaldean, ingurumen balioak dituzten esparruak.

Obrak gauzatzeko epeei dagokienez, saiakera eginen da ureztatzaileei traba gutxien egiten zaien sasoia baliatzeko, edo, bestela, aldi baterako neurriak hartuko dira, ureztatu ahal izateko.

Horiek horrela, alegazioa zati batean baiestea proposatzen da.

II.3. María Consuelo Ochoa Resano andreak, Leringo Udaleko alkate udalburuak, udalaren izenean, aurkeztutako alegazioen idazkia.

–Edukiak:

Leringo Ureztatzaileen Elkarteak egindako eta onetsitako alegazioak izenpetzen eta babesten ditu toki entitate interesdunak.

–Erantzuna:

Jo bedi Leringo Ureztatzaileen Elkarteak aurkeztutako alegazioen idazkiari emandako erantzunera.

II.4. Carlos Maestu Yerrok, Leringo Campoestella Ureztatzaileen Elkartea ordezkatuz, aurkeztutako alegazioen idazkia.

–Edukiak:

Ureztatzaileen elkarte horrek azaltzen du ezen Ega ibaia deitutako adarraren trazadurak ukitzen dituela elkarte horren azpiegiturak eta finkak, eta hau uste du:

  • Nafarroako Gobernuak balioetsi behar dituela elkartearen laboreetan eta ureztaketa instalazioetan izaten diren kalte guztiak.
  • Badirela beste alternatiba batzuk hodirako. Hala, proposatzen dute Ripota aldean gurutzatzea (Leringo ureztaketa tradizionala). Azaltzen dute badutela gehien ukitutakoaren oniritzia, baldin egiten diren kalteak neurtzen eta ordaintzen badira.
  • Hodia gaur egungo trazadurarekin eginez gero, labore iraunkorrak ukitzeaz gain (mahastiak, olibadiak eta zainzuriak), sasoikako laboreak ere ukituko lirateke.

Ondorio gisa, adierazten dute ez diotela kontra egiten Nafarroako Ubidearen hodia beren ureztalurretatik igarotzeari, baina diote horrek kostu ekonomikoa ekarriko diela, baita ukipenak ere, eta trazadurarako badirela alternatibak, eta, hortaz, hori kontuan hartu eta azter dadila.

–Erantzuna:

Aldaketa honetan aintzat hartu den trazadurak bilatzen du ahalik eta gutxien ukitzea Egako Adarretik onurarik aterako ez dituzten lurzatiak. Horretarako, sektore zehatz honetan aurreikusitako trazadura igaroko da, ahal den guztietan, XXVI-Ega1 sektoreko (Campoestella) Ureztatzaileen Elkarteari dagozkion lurretatik, 2016ko urriaren 28an sartu baitzen elkarte hori Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko 1. fasea handitzeko proiektuan. Planteatu den trazadura alternatiboak ez du funtsezko oinarri hori betetzen, hots, gehiago ukituko lituzke jarduketatik kanpoko jabeak alegazioen idazkikoak baino, eta, egia izanik ere pixka bat laburtuko litzatekeela, laburtze hori nabarmen txikiagoa izanen litzateke alegazioan adierazitakoa baino.

Nolanahi ere, sustatzailea den zuzendaritza nagusiak alegazioa azterturik, trazadura berri bat adostu du elkarte interesdunarekin, ukipenak gutxitzen dituena labore iraunkorretan, eta, hala, hartan lurzati bakarra ukitzen da, eta gaur egun gauzatzen ari den tartea errespetatzen da. Zenbait lurzati gehitu dira berriki aipatutako XXVI-Ega1 sektoreko (Campoestella) Ureztatzaileen Elkartera, eta batez ere horri esker da posible trazadura berria.

Trazaduraren aldaketa kontuan hartuz, 10 eguneko entzute tramiteak ireki ziren, aldaketa horiek eragindako lurzati berri horien jabeentzat. Horietan ez da aurkeztu alegazioen idazkirik.

Bestalde, labore iraunkorrei egiten zaizkien ukipenei dagokienez, Ingurumen eraginaren adierazpenaren baldintzetan, neurri gehigarriak ere badira, mahastiei egiten zaizkien ukipenak murrizteko.

Alegazioa partez baiestea proposatzen da.

III. 2014ko apirilaren 30eko Erabakiari buruzko gogoetak

Aipatutako erabakiko III. atalak (Lurraldearen eta hirigintzaren gaineko gogoetak) hainbat gogoeta jaso zituen, sustatzaileak kontuan hartzekoak, eraikuntza proiektua idazteko eta obrak gauzatzeko. Hona hemen:

–Bide publikoak: haien jarraipena eta hasierako erabilera egoerara itzultzea ziurtatuko da, eta, ahal denean, jatorrizko trazadurak errespetatuko dira.

–Altxonbideak: jarduketaren sistematika bideetakoaren antzekoa izanen da; nolanahi ere, Ingurune Naturalaren Zerbitzuaren 2017ko ekainaren 5eko txostenak dioena bete beharko da –Ingurumenaren eraginaren adierazpenean hura hartu zen kontuan–, eta eraikuntza proiektuak arloan eskumena duen organoaren aginduzko txostena beharko du.

–Bide sarea: sektoreko legeriarekin bat, eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren 2017ko maiatzaren 30eko txostenaren arabera, sustatzaileak, bere eraikuntza proiekturako, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren aginduzko txostena beharko du.

–Gasbideak, oliobideak, linea elektrikoak eta telekomunikaziokoak: horien zortasun eta trazadurak kontuan hartuko dira eraikuntza proiektua prestatzeko eta dagozkion obrak gauzatzeko. Alabaina, operadoreek aipatutako proiektua baloratuko dute, eta sustatzailea arduratuko da horretaz.

–Ibaibideak: beteko dira Ebroko Ur Konfederazioaren eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuaren txostenak, 2017ko ekainaren 13koa eta 2017ko apirilaren 20koa, hurrenez hurren. Txosten horietako lehenari dagokionez, ibaibideen polizia-eremuan egiten den edozein obratarako, aipatu Konfederazioaren baimena beharko da.

IV. Txosten sektorialak

Espedientean txosten hauek jaso dira:

IV.1. Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala.

2017ko urtarrilaren 16ko txostenean, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak adierazi du azterlanean jasotako informazioa bat datorrela Nafarroako Inbentario Arkeologikoan dauden datuekin, egokia dela obren faseko inpaktua bateragarritzat hartzea eta ondare arkeologikoa babesteko neurriak ere egokiak direla.

IV.2. Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrantza Kudeatzeko Atala.

Atal honek, 2017ko 2017ko apirilaren 20ko txostenean, adierazi zuen alde zegoela, Ingurumen eraginaren azterlanean jasotako neurri zuzentzaileekin, eta, horrez gain, zenbait determinazio ere erantsi zituen, gehitu direnak Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 26ko 303E/2017 Ebazpeneko baldintzetara. Ebazpen horren bidez, aldatutako trazaduraren aldeko Ingurumen eraginaren adierazpena eman zen.

IV.3. Babes Zibilerako Zerbitzua.

2016ko abenduaren 14an, Babes Zibilerako Zerbitzuak aldaketaren aldeko txostena egin zuen, eta azaldu zuen haren lurralde eremuan ez dagoela arrisku naturalik edo teknologiaren arlokorik, azpiegitura uki dezaketenik, eta azpiegiturak ez dituela eremu horretan arriskuak nabarmen handituko, ez haren eraikuntzak ez funtzionamendu faseak ere.

IV.4. Herri Lan Zuzendaritza Nagusia.

2017ko maiatzaren 30ean, Herri Lanetako zuzendari nagusiak txostena eman zuen, eta determinazio hau ezarri: “Sustatzaileak, Nafarroako Errepide Sarea ukitzeko, lanak gauzatu aurretik, eta haietarako behar den eskaerarekin batera, egin beharreko obrak guztiz zehazten dituen dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du departamentu honetan, Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legean eta gainontzeko xedapen aplikagarrietan ezarritakoari jarraituz.”

IV.5. Ebroko Ur Konfederazioa.

Ebroko Ur Konfederazioaren 2017ko ekainaren 13ko txostenean, jabari publiko hidraulikoa babesteari eta ur-korronteen araubideari dagokienez, jarduketen alde egin zuen, baldintzak ezarri zituen lurpeko gurutzeetarako eta aurreikuspen orokorrak eman zituen ibilgu publikoen ukipen eremuko jarduketak baimentzeko. Halaber, honako hau adierazi zuen: “aldeko txosten hau a priori eman da, eta ez dakar berarekin baimena ematea jabari publiko hidraulikoan edo haren polizia-zonan (100 m-ko zabalera ubidearen alde bakoitzean) kokatutako jarduketetarako, eta, horrenbestez, etorkizunean arro-erakunde honi berriz ere eskatu beharko zaio baimena aldaketa hau garatzeko eraikuntza proiektuetarako”. Halaber, oroitarazi zuen komeni dela arriskuak aztertzea, eta, horrenbestez, egoki diren neurriak hartzea, babes zibilaren arloko legerian horretarako aurreikusitakoaren arabera.

Eskaera hidriko berriei dagokienez, Konfederazioak adierazi zuen ez dela bidezkoa aldaketako jarduketei buruzko txostenik, baina ohartarazi zuen esleipenaren ezaugarrien edozein aldaketak “aldez aurretik beharko duela organo emaile beraren baimena”.

Azkenik, erretenen eta ureztaketa ubideen gurutzeei dagokienez, Konfederazioak oroitarazi zuen ezen eremu mugakideetan jarduketarik eginez gero titularraren aldeko txostena beharko dela, izan daitekeelako lur horiek mugaren bat izatea erabilerei buruz.

V. Ingurumen eraginaren adierazpena

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 26ko 303E/2017 Ebazpenaren bidez eman zen trazadura aldatuari buruzko Ingurumen eraginaren adierazpena. Ebazpen horretan, jarduera garatzeko baldintza batzuk ezartzeaz gain, jaso zen Egaren adarreko hodi baten trazadura baten aldaketa San Adrianen, eta, hala, bermatu zen beteko zela Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abuztuaren 19ko 330E/2013 Ebazpena. Ebazpen horren bidez Ingurumen eraginaren adierazpena egin zen Nafarroako Ubidearen 1. fasea (Arga-Ega Adarra) eta eremu ureztagarria handitzeko proiekturako.

Ega ibaiaren ibilgutik aldentzen da aldaketa horretako trazadura; X = 588.931 eta Y = 4.687.509 koordenatuetan, abelbidearen (Ebroko Iraganbide Nagusia) bidetik joanen litzateke Adarra. Trazadura berriak, 420 bat metrokoa, ez du partikular berririk ukituko, eta badauka Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalaren aldeko txostena, aipatutako altxonbidea ukitzeari dagokionez.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2017ko ekainaren 22ko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak erabaki honetan azaldutako moduan ebaztea.

2. Nafarroako Ubidearen eta haren eremu ureztagarriaren 1. fasea handitzen duen udalez gaindiko proiektu sektoriala aldatzeko espedientea onestea; Ega ibaiaren arroa batez ere Leringo eta Carcarko udal mugarteetan hornitzen duen adarraren trazaduraren aldaketari buruzkoa da, eta Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiak sustatu du.

3. Proiektua honako hauetan xedatutakoa betez garatu eta gauzatuko da: erabaki hau bera, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 26ko 303E/2017 Ebazpena eta espedientearekin loturik egindako txosten sektorialak. Aipatutako ebazpenaren bidez, aldatutako trazaduraren aldeko Ingurumen eraginaren adierazpena eman zen.

4. Obrek beste azpiegitura eta elementu batzuetan (errepideak, ureztaketa, ibilgu publikoak edo beste batzuk) sortzen dituzten edo sor ditzaketen ukipenei dagokienez, sustatzaileari oroitarazten zaio kasuan kasuko arloan eskudun diren organoen baimen guztiak eskuratu beharko dituela.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende orok jakin dezan, eta igortzea Babes Zibilerako Zerbitzuari, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrantza Kudeatzeko Atalari eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalari eta Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari.

6. Erabaki hau jakinaraztea Ingurumeneko Ministerioari, Ebroko Ur Konfederazioari, Leringo, Carcarko, Andosillako, San Adriango eta Azagrako udalei, sustatzaileari eta alegatzaileei, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabaki honek administrazio bidea amaitu duela eta beraren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2017ko uztailaren 19an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1708851