Iragarkia
154. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 10a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ZARRAKAZTELU ALDEKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA
Etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena
Zarrakaztelu aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitateko Batzarrak, 2017ko apirilaren 4ko bilkuran, erabakia hartu zuen Zarrakaztelu, Melida, Murillo el Fruto, Santakara eta Figarolgo Kontzejuko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen ordenantza hasiera batez onesteko. Aipatu erabakia 2017ko 86. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 5ean.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Zarrakaztelun, 2017ko ekainaren 9an.–Mankomunitateko burua, Eduardo Ezpeleta Lines.
ZARRAKAZTELU, MELIDA, MURILLO EL FRUTO, SANTAKARA ETA FIGAROLGO KONTZEJUKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEKO ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
1. artikulua. Etxeko laguntza zerbitzuaren definizioa (ELZ).
ELZ udal zerbitzua da, ohiko ingurunean beren oinarrizko premiak betetzeko mugak dituzten herritar guztiei zuzentzen zaie, eta banakako hainbat zerbitzu eskaintzen ditu; aldi baterakoa edo iraunkorra izan daiteke egoera bakoitzaren arabera, eta pertsona bere ingurunean ahalik eta hobekien integratzea, haren autonomia funtzionala handitzea eta bizi kalitatea hobetzea bilatzen du.
2. artikulua. Etxeko laguntza zerbitzuaren esku-hartzea zer printzipiotan oinarritzen den.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean bildutako printzipio orokorrak garatzen dituzte. Hona zein diren:
–Erantzukizun publikoa, Administrazioak bere gain hartzen baitu baliabideak sustatzeko ardura, finantza, teknika, jende eta antolaketa aldetik.
–Prestazioaren unibertsaltasuna eta berdintasuna, mendekotasun egoeran dagoen edozein pertsonak hura eskuratzeko eskubidea izan dezan, batere bereizkeriarik gabe.
–Osagarritasuna, pertsonak etxean ahalik eta denbora gehien atxikitzeko helburua duten beste zerbitzu eta baliabide batzuekin.
–Prebentzio izaera: laguntza hartzen duen pertsonaren gaitasunen galera eragotzi edo murriztuko du, baita sostengu eta harreman sozialena ere.
–Autonomiaren sustapena: eguneroko jardueretan parte hartzea eta familia inguruan eta komunitateko bizitzan moldatzea alor desberdinetan bultzatuko da, baita nork bere erabakiak hartzea ere, bai eraman nahi duen bizimoduari bai gogokoen dituen gauzak hautatzeari dagokionez.
–Laguntza pertsonalizatua eta osoa: ELZk norberari egokituriko laguntza eskainiko du, pertsonen gizarte premiak ezagutzeko aukera emanen duena, haiei modu orokor eta osoan erantzun ahal izateko.
–Laguntzaren malgutasuna, kasu eta egoera bakoitzean laguntza hobea eskaintzeko aukera emanen duten baliabideak konbinatuz.
–Normalizazioa: ELZren lehentasuna izanen da pertsonak beren ingurune sozial, familiar eta pertsonalean atxikitzea, eta bermatzea komunitatearen bizitzan parte hartzea, ahal delarik.
–Koordinazioa baliabideekin, izanik horiek instituzionalak nahiz sostengu informalekoak, esku hartzearen sinergia hobetu eta eraginkortasun handiagoa bermatzearren.
–Boluntarioen sustapena: herrian bertan, zerbitzua erabiltzen dutenen sostengu sare informalaren atal gisa parte hartzen ahal dute eta.
3. artikulua. ELZko programaren ezaugarriak.
ELZ honelako zerbitzua da:
–Balioaniztuna, bere gain hartzen baitu autonomia pertsonala falta duten pertsona edo familia taldeen premia sorta zabala betetzea.
–Normalizatzailea, bere inguruneko baliabideak erabiltzen baititu beharrak asetzeko.
–Etxekoa, erabiltzailearen etxean egiten baita oroz gain.
–Integrala, bizikidetza unitateen beharrei osotasunean heltzen baitie.
–Prebentiboa, haren bidez ahalegina egiten baita gaitasun pertsonalen andeatze egoerak eta sostengu eta gizarte harremanen galerak eragozteko edo murrizteko, inor beharrik gabe zentro batera eraman gabe, salbu eta zentroan bizi kalitate hobea bermatzen bada.
–Osagarria, bere xedeak lortzeko bertzelako prestazio oinarrizkoekin batera egiten ahal baita.
–Akuilatzaile eta pizgarria, erabiltzailearen beharrak bere gaitasunak indartuz eta bere aldaketaren eragile eginez eta familiaren partaidetza bultzatuz ase nahi baitira.
–Teknikoa, jarduerak teknikoki planifikatzen baitira eta profesional adituek taldean esku hartzen baitute, haien lana behar adina gainbegiratua izanik.
–Pertsonalizatua, erabiltzaile bakoitzak bere beharretara egokitutako programa eta segimendua behar baitu, bitarteko hoberenak konbinatuz.
–Laguntza hartzen duten lagunen eta haien begiraleen lehentasunekiko errespetuan oinarritua.
4. artikulua. Xedeak.
Etxeko laguntza programak helburu hauek ditu:
–Pertsonak beren ohiko ingurunean ahalik eta denbora gehien eta ahalik eta bizi kalitate handienarekin atxikitzea, gisa horretara, behar bezalako aukera emanez, eragozten baita inor beharrik gabe zentro batera eramatea, ingurunearekiko horrek dakarren deserrotzearekin.
–Pertsonaren eta familiaren trebetasun, gaitasun eta abilezien optimizazioa lortzea, beregaintasun handiena izateko aukera eman beharrez, ohitura osasungarriak bultzatzea eta norberaren segurtasun eta autoestimua handitzea.
–Ohiko bizilekuan prestazio multzo bat eskaintzea, modu integralean eguneroko bizitzako jarduera guztiak egitea erraztu eta haietan sostengu emateko.
–Jarduketak koordinatzea osasun eta gizarte zerbitzuetatik esku hartzen duten profesionalen sarearekin, baliabide egokiak erabili eta aplikatuz, esku-hartzea eraginkorrago izan dadin.
–Hobetzea norberaren oreka pertsonala, beren familiarena eta inguruarena familia, auzo eta adiskide loturak sendotuz, eta sostengu sare naturalen lankidetza handiagoa bultzatzea eta indartzea, bereziki familiarena, begiraleei behar bezalako sostengua eman diezaieten.
–Beregaintasun pertsonal eta sozialari eragiten dioten krisi pertsonal eta/edo familiarren unean uneko egoeretan laguntza ematea.
–Erabiltzaileen gizarte harremanak eta jarduketak haien komunitate ingurunean indartzea, sor litezkeen isolamendu eta bakartasun arazoei aitzintzeko.
–Komunitateko boluntarioen bidezko sostengu soziala bultzatzea eta bideratzea, zaindutako pertsonei lagun egiteko indargarria izan dadin.
5. artikulua. ELZren erabiltzaileak/hartzaileak.
ELZren erabiltzaileak izaten ahalko dira Zarrakaztelu aldeko gizarte zerbitzuen eskualdea osatzen duten udalerrietariko batean (Zarrakaztelu, Melida, Murillo el Fruto, Santakara edo Figarolgo Kontzejua) erroldaturiko pertsona edo bizikidetzako familia unitate guztiak, bizia beren gain egiteko mugaturik badaude eta horren ondorioz premia pertsonal eta sozialak beren kasa berdindu ezinean badabiltza eta laguntza behar badute ohiko bizilekuan jarraitu ahal izateko.
Erabiltzaile izateko, hauek izanen dute lehentasuna:
–Beregain izateko arazoak dituzten adineko pertsonek.
–Beregaintasunari modu larrian eragiten dion desgaitasuna dutenek.
–Familia unitateek, beren baitan adingabeak edo beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten kideak dituztenek, eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretan etxean berean behar bezalako zaintza eta arta ematen ahal ez badiete, edo, gizarte, ekonomia edo kultura aldetik, haien egoerak komenigarri egiten badu etxeko laguntza, haien garapen normal eta orekatsua bermatze aldera.
Premia maila bera izanik, kargaren gero eta gehiagorako eskalan gehieneko tasa baino gutxiago ordaindu behar dutenek izanen dute lehentasuna.
6. artikulua. ELZn parte hartzen duten profesionalak.
Etxeko laguntza zerbitzuko lantalde oinarrizkoa profesional hauek osatuko dute:
–Gizarte-langilea: eskaria jasotzea dagokio eta, orobat, haren ardura dira kasuaren azterketa eta balorazioa, komeni den esku-hartze programa diseinatzea eta proiektua gainbegiratu, segitu eta ebaluatzea.
–Familia-langilea: horrenak dira erabiltzaileari berari eta haren etxeari dagozkion lanak, baita hura laguntzea ere ohiturak eta gaitasunak sortzen eta mantentzen; horrez gain, aldian behin balorazioa eta txostena egin beharko du bere esku-hartze etengabearen ondorioz egoerak duen bilakaeraz.
Aipatu lanetatik kanpo geldituko dira osasun arlokoak baizik ez diren prestazio guztiak, espezializazioa behar badute eta osasun arloko baliabideen eskumenari badagozkio.
–Administrariak: zerbitzuaren ondoriozko administrazio eta antolaketa lanak eginen dituzte.
Prestazioak hala behar duenean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko beste profesional batzuek esku hartzen ahalko dute, hala nola honako hauek:
–Hezitzailea: erabiltzailearekin, haren familiarekin eta inguruarekin hezkuntza arloko lanak egitea da bere ardura, bizikidetza gunean familiaren beregaintasunari on eginen dioten gaitasun eta trebeziak eskuratzen lagungarri izan daitezen.
–Bertze profesional batzuk: animatzaile soziokulturala.
7. artikulua. Sartzeko irizpideak: mendekotasuna baloratzeko tresnak.
Etxeko laguntza zerbitzua nork nola eskuratu baloratzean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak kontuan hartuko du:
–Onuradun izan daitezkeenek zenbaterainoko beregaintasun funtzionala duten eguneroko bizitzako oinarrizko jarduketak eta tresna bidezkoak egiteko.
–Sare naturalaren eta bereziki familiaren sostengua ote duten.
–Onuradun izan nahi duenaren egoera soziofamiliarra.
Etxeko laguntza zerbitzua jasotzerakoan, Nafarroako Mendekotasun Agentziaren arabera mendekotasun moderatua, larria eta handia dutenek izanen dute lehentasuna.
8. artikulua. Zerbitzuen zorroa.
8.1. Etxeko laguntzaren prestazioaren barrenean, gisa honetako jardueretako bat edo guztiak sartzen dira:
1. Sostengu pertsonaleko jarduketak.
Hona hemen, eguneroko oinarrizko zereginetan, sostengu pertsonaleko jarduketak:
a) Norberaren higienea:
–Oinarrizko garbiketa: aurpegia, eskuak, genitalak, aho-higienea eta orraztea.
–Bizarra egitea.
–Ohean eri direnen garbiketa.
–Bainua/dutxa.
–Xatar aldatzea.
–Larruazala hidratatu eta zaintzea, ongi egon dadin.
–Oinen eta eskuen higienea eta zaintza (garbitu eta idortzea, azazkalak limatu eta/edo moztea, azal gogorra leuntzea, hidratazioa).
–Ilea garbitu, idortu eta zaintzea.
–Iraizkinak biltzea (pixontziak/gauontziak).
Baztertuta daude profesional kualifikatu baten esku hartzea behar duten jarduketa/zainketak. Adibidez: diabetikoei oinetako azazkalak moztea.
b) Jantziak/oinetakoak:
–Janztea/eranztea.
–Oinetakoak janztea/eranztea.
–Jantziak eta oinetakoak gainbegiratzea.
c) Oinarrizko mugikortasuna:
–Ohetik jaikitzeko edo/eta etzateko laguntza.
–Tokiz aldatzea (ohea, jarlekuak).
–Etxean mugitzen laguntzea.
–Etxetik kanpo mugitzen laguntzea.
–Laguntza teknikoak aplikatzea.
d) Jarduketa soziosanitarioak:
–Gorputz-jarrerak aldatzeko laguntza, ezarritako protokoloei jarraituz.
–Hainbat patologiari egokitutako dieten kontrola eta jarraipena.
–Sendagileek agindutako botikak behar bezala hartzen direla begiratzea.
–Errezetak eta botikak jasotzea.
–Botikak prestatu eta ematea, xiringaz hartu beharrekoak (intsulina, adibidez) izan ezik, eta glukosaren testa egitea.
–Pertsonaren osasunari lotutako alderdiei (dietak, inkontinentziak, eskarak, oroimen galera...) erreparatzea, eta haren berri ematea lantalde profesionalari.
–Gaitasun fisiko eta mugimenduzkoak berreskuratu, mantendu eta hobetzeko jardueretan laguntzea (mobilizazio pasiboak, kremak, pomadak igurtziz ematea, material ortoprotesikoa jartzen laguntzea eta abar).
–Ezagutzaren gaitasunak berreskuratu, mantendu eta hobetzeko jardueretan laguntzea (oroimen ariketak, denboran eta espazioan orientatzekoak eta abar).
–Osasun arloko kontsultetara laguntzea.
–Inkontinentziarako gailuen aplikazioa (gernu biltzaileak, zundako poltsak aldatzea...).
–Aposituak aldatzea, osasun arloko profesionalen esku-hartzea behar ez denean.
–Lehen osasun laguntzetako teknikak aplikatzea larrialdietan.
2. Etxeko zereginetan sostengu emateko jarduketak.
Hona hemen etxeko zereginetan sostengu emateko jarduketak:
a) Erabiltzailearen elikadurarekin ikusteko dutenak, hala nola:
–Elikagaiak prestatzen laguntzea (kozinatu, berotu, mahaia jarri, otordua banatu, jaten ematea).
–Baxera eta/edo otordua prestatzean erabilitako tresnak bildu eta garbitzea.
b) Erosketari lotuak:
–Erosteko ohiturei eta antolaketari jarraipena egitea.
–Erosgaien zerrenda prestatzen laguntzea.
–Erosketak egitea (oinarrizko produktuak, eguneroko bizitzarekin zerikusia dutenak).
–Erositakoa etxera eramatea.
–Erositakoa antolatzen laguntzea.
c) Erabiltzailearen oinetakoak, arropa eta etxea zaintzeari lotutakoak, hala nola:
–Arropa/oinetakoak garbitzen laguntzea.
–Arropa hedatu eta biltzea.
–Arropa lisatzea.
–Arropa/oinetakoak antolatu eta hautatzea.
–Armairuak txukuntzea.
–Arropa pasaratu eta konpontzea (botoiak, urratuak) joskintzako ezagutza berezirik behar ez bada.
–Arropa erostea.
Erabilera arrunteko arroparekin eginen da jarduera hau.
d) Bizilekuaren mantentze lanekin ikusteko dutenak, hala nola:
–Bizitegiaren mantentze lana:
- Jarduera/zeregin arruntak:
- Oheak egitea.
- Erratza pasatzea.
- Xurgagailua pasatzea.
- Mopa pasatzea.
- Hautsa kentzea.
- Lanbasa pasatzea.
- Etxetresna elektrikoak garbitzea: hozkailua, sukaldea eta mikrouhin labea.
- Sukaldea garbitzea (gaineko sukaldea, armairuen kanpoaldea).
- Komuna garbitzea.
- Jarduera/zeregin bereziak.
Hainbat profesionalez osatutako taldeak bidezkotzat jotzen duenean eginen dira zeregin bereziak:
- Sabaiak garbitzea.
- Errezelak garbitzea.
- Lanparak garbitzea.
- Etxetresna elektrikoak garbitzea (hozkailua, sukaldea eta mikrouhin labea izan ezik).
- Ateak, leihoak, azulejuak, kristalak eta armairuak garbitzea.
- Zikin-markak garbitzea (etengailuak, eskutokiak, telefonoa, eserleku-bizkarrak eta abar).
–Etxeko konpontze lan errazak:
Etxeko konpontze lan errazetan eskulan xumea behar duten jarduerak sartzen dira, hau da, zenbait elementu ordeztu edo doitzea etxea behar bezala mantentzeko; betiere, kontuan hartuta laneko arriskuen prebentzioa langilearentzat.
Ez dira sartzen beste lanbide batzuen berariazko ezagutza edo teknikari baten esku-hartzea behar dutenak.
–Etxearen egoera orokorra gainbegiratzea, etxeko istripuak saihesteko.
3. Laguntza psikosozialeko oinarrizko jarduketak.
Hezkuntzaren ikuspegi eta estrategiatik, trebetasun, jokabide eta iaiotasun oinarrizkoak eskuratu, berreskuratu, ikasi eta erabiltzera bideratutako jarduerak eta lanak hartzen dira laguntza psikosozialeko jarduketatzat, erabiltzailearen eta bere ingurunearen autonomia ahalik eta handiena izan dadin, lagundutako pertsonak baloratuak eta gizarte sareko kide senti daitezen.
–Laguntza emozionala biziaren egoeretan (bakardadea/isolamendua, mendekotasuna/ahalmenak, osasuna edo autonomia galtzea, dolua...).
–Autoestimua bultzatu eta sustatzea (norberaren irudia, onarpena, balorazioa eta konfiantza norberarengan).
–Familiaren dinamikan agertzen diren egoerak gainditzeko jarrera positiboak indartzea (errespetua, onarpena, entzutea...).
–Bizi ohitura osasungarriak erakustea (elikadura, norberaren higienea edo etxekoa, ariketa fisikoa...).
–Nork bere burua zaintzeko eta beregain izateko ohiturak eta trebetasunak eskuratu eta garatzea (eguneroko bizimoduaren oinarrizko jarduerak eta tresnei lotutakoak).
–Prebentziorako trebetasunak eskuratu eta garatzea, eta etxeko jokabide eta egoera arriskutsuak aldatzea.
–Laguntza teknikoak erabiltzeko orientazioa eta trebakuntza.
–Orientazioa etxeko antolaketan (gauzak, elikagaiak... antolatzea).
–Norberaren interesen arabera, denbora okupatzeko jarduerak bultzatzea, jokabide aktiboa bultzatzearren (zaletasunak).
–Orientazioa, bizikidetza egokirako harremanak bultzatzeko (trebetasun sozialak, asertibitatea...).
–Jokabide eta egoera arriskutsuak bereiztea eta haiek aldatzeko informazioa eta orientazioa.
4. Familiari edo/eta zaintzaileei sostengua emateko jarduketak.
Familiaren eta/edo zaintzaileen lana lagundu eta bultzatzera bideratutako jarduera eta zereginak dira, erabiltzailea zaindu eta artatzearren.
–Laguntza emozionala zaintzaileei.
–Orientazioa, aholkua eta jarraipena erabiltzailea zaindu eta artatzeko kontuen gainean.
–Jarraibide eta trebetasunak ematea zaintze eta artatze lanaren hainbat egoerari aurre egiteko eta sortzen diren errealitate berriei egokitzen laguntzeko.
–Laguntza teknikoen, baliabideen eta sostengatzeko bertze modu batzuen gainean informatu eta orientatzea.
–Nork bere burua zaintzeko jarraibide, trebetasun eta jarreretan lagundu eta orientatzea, baita estresari eta gainkargari aurrea hartzeko ere.
–Jarrera positiboak bultzatzea, elkar ulertzeko, parte hartzeko eta komunikatzeko.
5. Sostengu soziokomunitarioko jarduerak.
Erabiltzailea bizitza sozialean eta komunitatearen baliabideen ezagutzan eta erabileran parte hartzera bultzatzen duten jarduerak eta zereginak. Zehazki, jarduera eta zeregin hauek dira:
–Lagun egitea etxetik kanpo, kudeaketa pertsonaletan.
–Gizarte, aisialdi edo denbora-pasako jardueretan parte hartzera bultzatzea.
–Gizarte, aisialdi edo denbora-pasako jardueretan parte hartzeko lagun egitea.
–Boluntarioen esku-hartzea erraztu eta bultzatzea, lagun egiteko zereginetarako.
–Jarduera antolatuei eta baliabide komunitarioen erabilerari buruz informatu eta orientatzea.
–Komunitatea sentsibilizatzea mendekotasunean dauden pertsonei buruz.
6. Sostengu teknikoko jarduketak eta laguntzarako beste baliabide batzuk.
Etxebizitza erabiltzailearen beharretara egokitzeko bideratzen diren jarduketak eta aldaketa batera edo ohiko etxebizitzatik ateratzera behartzen duten bertze bizi egoera batzuetara jotzea.
a) Etxean sostengu teknikoa emateko jarduketak:
–Etxean zaintzea eta autonomia bultzatzen duten laguntza teknikoei buruzko balorazioa, informazioa eta orientazioa.
–Etxea egokitzeko beharrei buruzko eta arrisku zein oztopo arkitektonikoak kentzeari buruzko balorazioa, informazioa eta orientazioa.
–Etxea erabiltzailearen egoeraren arabera egokitu eta antolatzeko orientazioa eta laguntza.
b) Laguntzazko bertze baliabide batzuk:
–Etxean sostengu emateko beste baliabide osagarri batzuen gainean (materiala mailegatzea, larrialdiko telefonoa, eguneko zentroak...) balorazioa, informazioa eta orientazioa ematea.
–Etxean egon beharrean, balorazioa, informazioa eta orientazioa ematea bertze baliabide batzuen gainean.
Etxeko laguntza zerbitzua gehienez ere 2 orduz emanen da egunero, etxe bakoitzean.
Irizpide orokor gisa, ez dira astean 5 ordu baino gehiago erabiliko Nafarroako Mendekotasun Agentziaren arabera mendekotasunik ez dutenak artatzeko, non eta talde teknikoak ez duen, salbuespenez, bestelakorik uste.
8.2. Gizarte Zerbitzuen Zorroa aplikatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:
a) Zerbitzuen Zorroa aplikatzeak zentzua du erabiltzailearekiko laguntza-harreman baten ingurumariaren barrenean, horixe baita haren xede nagusia. Horrenbestez, zorro horretako jarduerak ingurumari horretan sarturik daude eta, kasu bakoitzerako abiarazi den banakako esku-hartze planean oinarriturik, haien xedea izan daiteke erabiltzailea sostengatzea, gainbegiratzea, harekin lankidetzan aritzea, lanak gauzatzea, eta hura hezi edo prestatzea.
b) ELZko profesionalen esku-hartzeak etxeko lanak egitea dakarrenean, haien lana ez da bakar-bakarrik izanen zeregin horiek gauzatzea; aldiz, lotura hertsia izanen du laguntza-harreman bat ezartzearekin, eta horixe da hain zuzen ere ELZren eta merkatuan diren bertzelako etxeko zerbitzuen arteko aldea.
c) Zerbitzuen Zorroa ELZn egin daitezkeen prestazio eta jardueren multzoa da, baina horrek ez du esan nahi kasu guztietan den-denak aplikatu behar direnik. Banakakoendako esku-hartze planean zehaztu eta bilduko dira zeregin horiek.
d) Bertzelako profesional kualifikatuak behar ez dituzten jarduera eta lanak eginen dira eta maiz erabiltzen diren espazio edo lekuetan bakar-bakarrik, erabiltzailearen eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egin ahal izateko behar-beharrezkoak direnean.
e) Zerbitzuen Zorroan aipatzen edo jasotzen ez diren jarduera eta lanak salbuespenez egiten ahalko dira, baldintza hauetan oinarriturik:
–ELZko lantaldeak balorazio profesionala egitea.
–Oinarrizko premia bat asetzea, ase ezean arrisku egoera bat piztu edo bizi baldintzen hondatzea ekartzen ahal duenean.
–Hura betetzeko bertze aukera edo baliabiderik ez egotea.
–Aldi baterako egitea, eta aldi berean bertze aukera batzuk bilatzea, ohiko lan bilaka ez dadin.
f) Zorroaren aplikazioa partez aldatzen edo eteten ahalko da, baldin eta erabiltzailearen nahiz profesionalaren segurtasun edo osasunari eragiten dieten arrisku egoerak gertatzen badira.
g) Zorroa modu egokian aplikatzeko, nahitaezkoa izanen da zerbitzu espezializatuen arteko koordinazioa, batez ere osasun arlokoena, hala behar denean erabiltzailearen baimena izanda.
h) Zerbitzuek erantzukizun eta lan banaketa berdina sustatuko dute, generoko bazterkeriarik gabe, erabiltzaileari eta bere familia eta gizarte inguruari dagokionez.
i) Zorroa aplikatzen eta etxeko laguntza zerbitzua ematen denean, horrek ez du esan nahi familia libre dagoenik erabiltzaileari begira duen erantzukizun legezko, sozial eta emozionaletik.
9. artikulua. Zerbitzuaren funtzionamendu arauak.
1. Gizarte langileak beharrizanak baloratzeko eta dagokion tasa aplikatzeko eskatzen dituen agiri eta datu guztiak emateko konpromisoa hartuko dute etxeko laguntza zerbitzua jasotzen dutenek.
2. Etxeko laguntza zerbitzuak erabakiko du, beharrizanak aztertu ondoan, nolako laguntza emanen den eta noiz, erabiltzailearekin adostuta.
3. Etxeko laguntza zerbitzuak artatzen dituenak beren buruaz balia daitezen bultzatzeko, beren burua zaindu eta etxeko lanak eta mandatuak egin beharko dituzte, ahal den neurrian eta osasunerako arriskurik ez badago.
4. Etxeko laguntza zerbitzuak ez die erantzukizunik kentzen etxe berean bizi ez diren familiakoei. Jakinarazi beharko dute artatzen den pertsonaren etxebizitzan noiz egonen diren eta noiz arte, eta gizarte langileak baloratuko du zerbitzua kendu edo mantendu behar ote den.
5. Erabiltzaileek jakinarazi behar dute noiz egonen diren etxebizitzatik kanpo. Borondatezko arrazoia bada, lehendabiziko hilabetean ordenantza honetan ezarritako gutxieneko tasa ordainduko da; gehienez hiru hilabetez iraunen du egoera horrek; handik aurrera, itxaron zerrendara pasako da. Borondatezko arrazoia ez bada eta ongi justifikatuta badago (ospitalean egon, gaixotu, bainuetxera joan etab.), lehendabiziko hilabetean ez da tasa hori ordainduko, eta ez da itxaron zerrendara pasako hiru hilabete iragandakoan.
6. Etxebizitzara joaten den profesionala, familia langilea, alda dezake etxeko laguntza zerbitzuak, uste bada zerbitzuaren funtzionamendua horrela hobetu daitekeela. Beharrizanen arabera ezarritako bisitaren denbora ere alda daiteke.
7. Etxeko laguntza zerbitzuak ez du osasun lan osagarririk egiten (sendaketa, intsulina...).
8. Erabiltzaileek eskatu behar dute baja 10 egun lehenago, gutxienez, zerbitzuak ematen duen idazki baten bidez.
Laguntza jasotzen hasi baino lehen, erabiltzaileak arau horiek jaso eta onartuko ditu, Udalaren etxeko laguntza zerbitzuaren funtzionamendurako oinarriak onartzeko konpromisoa sinatuz. Erabiltzailearen eskura jarriko da agiri hori.
10. artikulua. ELZ eskatzeko aurkeztu behar den dokumentazioa.
Mankomunitatea osatzen duten herrietako oinarrizko gizarte zerbitzuan eginen da etxeko laguntza zerbitzua jasotzeko eskaera, horretarako prestatutako ereduari jarraikiz. Honako hau ere aurkeztuko da:
–Familia unitateko kide guztien NANaren fotokopia.
–Medikuek eta erizainek prestatutako txostenak, mendekotasunaren balorazioa eta desgaitasunaren aitorpena, halakorik bada.
–Elkarbizitzaren ziurtagiria, eskatzailearen izenean.
–Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren fotokopia, eskatzailearena eta familia unitateko kide guztiena, azken zerga ekitaldikoa.
Erabiltzaileak PFEZaren aitorpena egin behar ez badu, familia unitateko kide guztien egungo diru-sarreren adierazpena eta hori justifikatzeko agiriak: nominak, pentsioen ziurtagiriak, EINaren prestazioak...
–Bankuko helbideratzea, tasa ordaintzeko.
Familia unitatea nolakoa den, bertze agiri batzuk aurkezteko errekerimendua egiten ahalko da, eskaeraren gaineko ebazpena emateko beharrezkoak badira.
Mankomunitateak espedienteak ebatziko ditu, eta altaren eguna nahiz zenbateko tasa ordaindu behar den jakinaraziko, gizarte langileak balorazioa egin ondoan.
Laguntza jasotzeko ordutegia eta maiztasuna onuradunaren eta gizarte langilearen artean erabaki beharko da, zerbitzuaren egoeraren arabera.
11. artikulua. Prezio publikoa. Tarifen sistema.
Finantzabideari aplikatzen ahal zaizkion irizpide eta printzipioak ondokoak dira:
–Zerbitzu unitatearen definizioa: ordenantzan eskainitako edozein zerbitzu emateko zenbat denbora ematen den etxean; gehienez ere bi ordu izanen da egun bakoitzean.
–Familia unitatearen definizioa: prezio publikoa kalkulatzeko erabiliko da PFEZan definitzen den familia unitatea:
- Legez banandurik ez dauden ezkontideek eta adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.
- Berariazko legeen araberako bikote iraunkor bateko kideek eta adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.
- Legezko banantzearen kasuetan edo, ezkontzaren bidezko loturarik edo bikote iraunkorrik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin edo bertzearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aitzineko atalean aipatu betebeharrak betetzen badituzte.
–Kostuaren oinarrizko unitatea zehaztea:
Zerbitzuaren kostu guztiak egotzi eta emandako laguntzaren guztirako kostuaren balioa, ordu bakoitzeko, zenbat den ateratzeko, honela eginen da:
Urtero zehaztuko da kostu zentro bat, eta horri egotziko zaizkio zerbitzuaren zuzeneko eta zeharkako kostu guztiak: lanaldi osoko familia-langile baten kostua eta gizarte-langilearen eta administrari laguntzailearen kostuaren %15, azken bi profesional horiek ere zuzenean parte hartzen baitute zerbitzuaren kudeaketan.
Guztirako kostua lanaldi osoko familia-langile batek etxeko laguntzarako egiten ahal dituen orduen kopuruaz (lanaldi horren %80) zatituta ateratzen da laguntza orduaren kostua.
–Tarifaren oinarrizko unitatea zehaztea:
Zerbitzua etxean benetan ematen iragandako ordua da tarifaren oinarrizko unitatea.
–Prezio publikoa edo tarifa laguntza orduaren %50 izanen da, eta prezio horren zenbatekoa urtero ezarriko du Nafarroako Mendekotasun Agentziak.
11.2. Erabiltzaileei aplikatu beharreko tarifak.
1.–ELZ jasotzeagatik pagatu beharreko tasa kalkulatzeko, PFEZaren etekin garbiak eta pentsio edo prestazio salbuetsiak hartuko dira kontuan, mendekotasuna duten pertsonak familia inguruan zaintzeko prestazio ekonomikoak izan ezik.
2.–Laguntza orduaren kostua 29,51 eurokoa da 2017an, eta horregatik 2017ko prezio publikoa 14,75 eurokoa da ordu bakoitzeko.
3.–Gutxieneko tasa 6 eurokoa izanen da hilabetean, ordaintzetik salbuetsita dauden erabiltzaileentzat izan ezik.
4.–Ordaintzetik salbuetsita: laguntzako pentsioak, kotizaziorik gabekoak eta gizarte-langileak hala juzgatzen duenean (mankomunitateko buruak onesten badu).
5.–Mankomunitateak onuradunen egoera ekonomikoa berrikusiko du urtero, eta hura baloratzeko behar den dokumentazioa aurkezteko eskatuko du. Adierazten den epean aurkeztu beharko du onuradunak dokumentazio hori. Betebehar hori bete ezean, ezarrita dagoen tarifarik handiena aplikatuko da edo ez da zerbitzua emanen.
6.–Karga eskala familia-unitatearen per capita errenta garbiari dagokio.
Nafarroako Mendekotasun Agentziaren arabera mendekotasuna duten pertsonei %10eko deskontua aplikatuko zaie pagatu beharreko tarifan.
PER CAPITA ERRENTA | TARIFA OROKORRAREN ESKALA | MENDEKOTASUNA DUTENENTZAKO TARIFAREN ESKALA |
4.400 euro urtean, gehienez | 6 euroko tarifa finkoa, hilean | 5,40 euroko tarifa finkoa, hilean |
4.401 eta 5.500 euro bitartekoak urtean | Prezio publikoaren 0,22 (3,25 euro orduko) | 2,92 euro orduko |
5.501 eta 9.000 euro bitartekoak urtean | Prezio publikoaren 0,40 (5,90 euro orduko) | 5,31 euro orduko |
9.000 eurotik gora urtean | Prezio publikoaren 0,55 (8,11 euro orduko) | 7,30 euro orduko |
Zerbitzuan alta ezartzen den egunetik aurrera kobratuko dira tasak; handik aurrera hilero eginen da hori, zerbitzuak zein hilabetetan eman, hurrengo hilabeteko lehenengo 15 egunetan.
12. artikulua. Esku hartzeko protokolo teknikoa.
Esku hartzeko protokolo teknikoak fase hauek ditu:
–Eskariaren harrera eta aurkezpena.
–Kasuaren azterketa.
–Egoeraren diagnostikoa.
–Banakako laguntzarako proposamena. Esku-hartzearen diseinua.
–Alderdien arteko konpromisoen formalizazioa.
–Esku-hartzearen hasiera.
–Segimendu eta ebaluazio jarraituak.
a) Eskaerari harrera egitea eta aurkeztea: profesionalaren eta eskatzailearen hasierako topaketari dagokio; aukera ematen du hastapenean adierazitako eskariari harrera egiteko, premien lehen balorazioa egiteko, lehen erantzuna emateko eta erreferentziazko harreman profesionala sortzeko.
Zer eskatzen den, eskaria nork aurkezten duen eta zerbitzua norentzat eskatzen den, horien guztien berri izanen du profesionalak.
Une hartan, baliabidearen berri ematen da, eta izan daitezkeen itxaropenak argitzen laguntzen du horrek; orobat, argibide eta aholku ematen da etxeko laguntzarako izan daitezkeen bertze baliabide batzuez edo eskariari lehen erantzuna eman liezaioketen bertzelakoez.
Baliabide honen aplikazioaren komenigarritasuna baloratuta, eskabide eredua emanen zaio eskatzaileari. Hartan zehazten da ekarri behar duen dokumentazioa, eta, kasua bada, beste egun baterako hitzordua ezarriko da.
b) Kasuaren azterketa: gertatzen den egoeraren ezagupen globala da. Horretarako, balorazio tresnak erabiliko dira, beste baliabide batzuekin koordinatuko da (osasuna, hezkuntza....), etxean ikustaldiak eginen dira eta erabiltzailearekin eta sostengu sare informalarekin solastatuko, eta ekarritako agiriak hartuko dira kontuan. Helburua izanen da ahal den informazio guztia biltzea familia unitatearen egoera soziosanitarioaz eta sozioekonomikoaz, eta pertsonak, familiak eta sostengu sare informaleko beste batzuek (auzoak, komunitatea) egoerari aurre egiteko dituzten baliabideez.
c) Egoeraren diagnostikoa: egoeraren interpretazioa egin beharko da, eta horren barrenean hauek zehaztu:
–Erabiltzailearen premiak.
–Erabiltzaileak bere kasa asetzen ahal dituen premiak.
–Haren laguntzan parte hartzen duen sostengu sare informalak (familia, auzoak, boluntarioak...) zer premia betetzen ahal dituen.
–Erabiltzailea etxean atxikitzeko behar direnetan zer premia gelditzen diren bete gabe, eta horietarik zenbat har litzakeen ELZk bere gain eta horretarako zer beste baliabide behar liratekeen.
d) Banakakoendako laguntzaren proposamena edo esku-hartzearen diseinua, honako hauek zehazteko:
–Egin beharreko lanak/jarduketak.
–Laguntzaren maiztasuna.
–Esku hartu behar duten profesionalak.
–Laguntzaren ordutegia.
–Laguntzaren iraupena.
–Alderdien konpromisoak.
–Koordinazio premiak, bai barrenean, segimendu jarraitua egiteko, bai kanpoan, koordinazioa egin behar den zerbitzuekin, eta horretarako erabili behar den sistema.
–Erabiltzaileen ekarpen ekonomikoaren kalkulua.
e) ELZk erabiltzaileei eta familiari eskaintzen dien laguntzaren planteamendua, eta konpromisoak formalizatzea egin beharreko lanen gainean, tarteko diren guztien dedikazio denbora.
f) Esku-hartzearen hasiera: familia-langilearen esku-hartzearekin abiatzen da; horrek zuzeneko laguntza ematen du banakako esku-hartze plana gauzatuz edo betearaziz; malgutasun eta egokitasun maila handia izan behar du erabiltzailearen egoeraren bilakaerari dagokionez. Lehenbizikoan, funtsezkoa da hasierako laguntza egokia den baloratzea, baita bestelako sostengurik behar ote duen, eta laguntzarako ematen den denbora nahiz banakako esku-hartze planean ezarritako jarduketak aski ote diren. ELZren laguntzaren hasieran, prestazioaren lehen egunean, gizarte-langilea eta familia-langilea izanen dira erabiltzailearen etxean, alderdi guztiek konpromisoa sina dezaten.
g) Segimendu eta ebaluazio jarraituak: segimenduan banakako esku-hartze planean aldaketak egitea dakarten egoerak atzematen ahal dira. Aldaketa funtsezko bat gertatu bada (hala nola familia-unitatearen kideen aldaketa, aldaketa beregaintasunean edo gizarte eta familiaren sostenguan, sostengu ekonomikoan, etab.) kasuaren bertze balorazio bat eginen da. Aldaketak bertze baloraziorik ez badakar, hala nola ordutegiaren aldaketa, langileena, etab., esku-hartze planean adieraziko da.
Itxaron zerrendan daudenen egoerak berrikusiko dira gehienez ere urtebetean.
Espedienteari ondoko agiriak gehituko zaizkio:
–Txosten soziala, egokia bada.
–Mendekotasuna baloratzeko tresna.
–Zerbitzua abiatzeko proposamena.
–Banan-banan esku-hartzeko plana.
–Aldeek hartutako konpromisoen agiria.
Eskaria eta balorazio profesionala behar diren euskarri dokumentaletan (espedientea) eta informatikoetan (SIUSS) erregistratuko dira.
13. artikulua. Kudeaketa arauak: etxeko laguntza zerbitzua emateko administrazio prozedura.
a) Prozeduraren abiatzea:
ELZ emateko prozedura ofizioz edo interesdunaren eskariz abia daiteke:
–Ofizioz. Prozedura ofizioz abiatzen bada, organo eskudunaren erabakiaren bidez izanen da, dela organoaren beraren ekimenez, dela goiko agintarien agindu baten ondorioz, bertze organo batzuek arrazoiturik eskatuta.
Ofizioz abiatutako prozeduretan epea kontatzeko, noiz ematen den ofiziozko prozedura abiatzeko ebazpena, data hori izanen da hasteko eguna.
Betiere, prozedurak bat eginen du Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 68.etik 72.era bitarteko artikuluetan ezarritakoarekin.
–Alderdi batek eskaturik. Alderdi batek eskaturik hasten bada prozedura, ezarritako ereduari jarraikiz beteko dira eskaerak, eta agiri honen 10. artikuluan adierazitako dokumentazio administratiboa erantsiko da.
Aipatu dokumentazioa gorabehera, espedientea tramitatzen den bitartean aurkeztutako eskabideari dagokionez egokitzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko dira.
Eskabideak Mankomunitatearen Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo hura osatzen duten herrietako baten oinarrizko gizarte zerbitzu batean, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitakoa ukatu gabe; eskabidea gizarte zerbitzuan sartzen denetik kontatuko da prozedura tramitatzeko epea.
b) Tramitazioa:
Interesdunari errekerimendua eginen zaio eskabideak eskatzen diren datu eta agiri guztiak biltzen ez baditu, falta direnak edo aginduzko agiriekin batera ekarri behar direnak hamar eguneko epean ekar ditzan, eta ohartaraziko da hala egin ezean eskaria ezetsitzat joko dela. Hala izanez gero, artxibatu eginen da tramite gehiagorik gabe.
–ELZko teknikari arduradunek, aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, proposamen-txostena prestatuko dute, interesa duen familia unitatearen premia egoeraren berri emateko eta eskatutako prestazioaren edukia, maiztasuna eta egokitasuna zehazteko.
Proposamena dagokion organoari igorriko zaio, onets edo ezets dezan. Fase honetan sortuko da ELZren eskaria ebazteko proposamen-agiria.
c) Ebazpena:
Zerbitzua baiesteaz edo ezesteaz ebazpena emateko eskumena duen organoa Mankomunitateko burua da, beste inor espresuki eskuordetu ezean.
Ebazpena aldekoa edo kontrakoa izan daiteke. Kontrakoa izanez gero, espedientea artxibaturik bukatuko da tramitea; aldiz, ebazpena aldekoa bada, sarreraren data edo zerbitzua hasteko eguna erabakiko da, baldin eta laguntza emateko ordurik badago. Ordurik ez dagoenean, kasua itxaron zerrendara pasatuko da.
Ematen den ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio gehienez ere hamar eguneko epean, eta hartan jasoko da zerbitzua baietsi edo ezetsi zaion, edo itxaron zerrendan sartu duten harik eta zerbitzua ematea posible den arte, eta orobat ebazpenaren kontra zein errekurtso diren bidezko.
Interesdunak eskaturik abiatutako prozeduretan ebazpen espresurik ez izateak ondorio positiboak sorraraziko ditu eta, beraz, baietsitzat hartzen ahalko da.
Aitzineko puntuak aipatzen duen ebazpenaz landara, atzera egiteak, uko egiteak eta iraungitzeko deklarazioak amaiera emanen diote prozedurari, baita ezustean gertatutako arrazoiengatik jarraipena emateko ezintasun egiazkoak ere.
d) Jakinarazpena:
Zerbitzua ematea baiesten denean, onuradunari edo haren legezko ordezkariari jakinaraziko zaio. Gaztigu hori zerbitzuan sarrera izateko aginduaren pareko izanen da; bertan, zer prestazio mota emanen dioten, zenbat orduz eta zer tarifa dagokion zehaztuko da. Orobat, dagokion profesionalari jakinaraziko zaio.
e) Iraungipena eta etena:
–Iraungipena: honako egoera hauengatik gertatuko da:
1. Interesdunak hala nahi duelako edo uko egin duelako.
2. Zerbitzuaz baliatzeko behar diren baldintzak bete gabe eskuratzeagatik, edo baldintzak betetzeari utzi diolako.
3. Ordenantza honetan ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik (dagokion tasa ez pagatzeagatik, besteak beste).
4. Bertze udalerri batera bizitzera joateagatik, zahar etxe batean sartzeagatik edo hiltzeagatik.
5. Ezustean gertatutako arrazoiengatik zerbitzu ematen jarraitzeko ezintasun egiazkoak gertatzeagatik.
6. Hiru hilabete baino gehiagotan zerbitzua etenda edukitzeagatik.
7. Egoera hobetzeagatik edo ELZren esku-hartzea ekarri zuten arrazoiak gainditzeagatik.
8. Datu ekonomikoak faltsutu edo ezkutatzeagatik tasa txikiago bat aplika dakion.
Behar den organoak zerbitzua uzteko ebazpena emanen du, eta hartan arrazoia eta eguna agertuko dira.
–Etenaldia: zerbitzua aldi baterako etetea izanen da ondorioa.
Gehienez ere 3 hilabete iraunen du.
Lehen hilabetean ezarritako gutxieneko tasa kobratuko da.
Zerbitzua interesdunak eskaturik abiaraziko da berriz.
Etenaldia hilabete baino luzeagoa baldin bada, eskaria zuzenean sartuko da itxaron zerrendan.
Borondatezko arrazoia ez bada eta ongi justifikatuta badago (ospitalean egon, gaixotu, bainuetxera joan etab.), ez da gutxieneko tasa hori ordainduko, eta ez da itxaron zerrendara pasako hiru hilabete iragandakoan.
f) Ebaluazioa, jarraipena eta berrikuspenak:
–Jarraipena eta balorazioa:
Behin zerbitzua hasita, ELZko lantalde arduradunak eginen du kasuaren jarraipena.
Urtero, eta ofizioz, familia unitatearen datu ekonomikoak egunerako dira; horretarako, oinarrizko gizarte zerbitzuan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren fotokopia aurkeztu beharko da, eskatzailearena eta familia unitateko kide guztiena, dagokion urtekoa. Behin esleituta, ikusten bada emandako datuak okerrak direla, zuzendu eginen dira.
–Berrikuspena:
Behin zerbitzua baietsita, aldatzen ahalko dira bai prestazioaren edukia bai esleitutako denbora, zer eta nolako gorabeherak gertatzen diren erabiltzailearen egoeran, alegia, hasierako baiespena ekarri zuen hartan.
Interesdunak eskaturik gertatzen ahalko dira aldaketak, edo bestela OGZMko profesionalak proposatu beharko du, baiespena ekarri zuen egoeran gertatu ahal izan diren aldaketak ikusirik.
Zerbitzu egiteko ezarritako ordutegiak ere berrikusten ahalko dira. Halakoetan, mankomunitateak behar diren aldaketak egiteko eskubidea gordeko du beretako, erabiltzailearen egoerari eta aldi bakoitzean dagoen eskariari egokiturik.
Nolanahi ere, aldaketaren tramitazioa eginen bada, dagokion balorazio teknikoa egin beharko da.
g) Prozedura berezia:
Premia larriei erantzuteko, OGZMk proposamen arrazoitua eginez gero, berehala abiatuko da etxeko laguntza zerbitzua, deusetan ukatu gabe geroago tramitatzea, ezarritako prozedurari jarraikiz.
14. artikulua. Erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak.
a) Eskubideak: etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileek eskubide hauek dituzte:
–Banakako esku-hartzeko planaren berri izatea.
–Plana berrikusi eta aldatzeko proposatzea, sorturiko premia berrien arabera.
–Laguntza modu egokian jasotzea, banakako esku-hartze planean zehazten den eduki eta iraupenarekin.
–Aukerako beste baliabide batzuk egokiagoak badira, haietara bideratuak izatea.
–Laguntzaren araubidean gerta litezkeen aldaketen berri garaiz izatea.
–ELZko profesionalengandik begirunezko jokabidea jasotzea.
–Zerbitzua hartzean edozein gorabehera izanez gero, kexa aurkeztuz erreklamatzea.
b) Betebeharrak: etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileek betebehar hauek dituzte:
–Informazio guztia ekartzea, inguruabar pertsonal, familiar eta sozialak baloratuta, laguntzaren beharra zehazteko.
–Laguntza garatzeko jarrera egokia eta laguntzailea agertzea.
–Banakako esku-hartze planean sarturiko lan edo jarduerak onartu eta errespetatzea.
–Zerbitzuko profesionalekin begirunez jokatzea.
–Zerbitzuaren kostuan parte hartzea, beren ahalbide ekonomikoaren arabera, dagokion ordaina pagatuz, hala behar badu.
–Pertsona, familia, gizarte eta ekonomia aldetik bere egoeran gertatzen den edozein aldaketaren berri ematea, baldin eta etxeko laguntzaren prestazioa aldatzea, etetea edo iraungitzea badakar.
15. artikulua. Zerbitzua emateko baldintzak.
a) Laneko arriskuei aurrea hartzeko indarra duen araudiari jarraikiz, ez da etxeko laguntza zerbitzurik emanen, baldin eta zerbitzua eman behar duten langileen segurtasunari eta/edo osasunari larriki eragiten dieten arriskuak atzematen badira, honako hauek bezalakoak, bertzeak bertze:
–Erortzeko arriskua duten etxebizitzak.
–Etxebizitza osasungaitzak (adib.: izurriak, izurritzeak...).
–Halako patologia bereziak dituzten pertsonak, zerbitzua ematen dutenen segurtasunerako eta/edo osasunerako arrisku larria dakarten jokamoldeak badituzte.
–Arrisku bereziko bertzelako egoerak. (Adib.: kontrolik gabeko animaliak edota osasun bermerik gabeak).
b) Aipatu horiez gain, etxeko laguntza zerbitzua emateko honako baldintza hauek bete beharko dira, bertzeak bertze:
–Erabiltzaileak ELZrako ezarritako ordutegia errespetatu beharko du, etxean egon beharko du zerbitzua egiten den bitartean eta ez da saiatuko behar ez bezala luzatzen. Era berean, etxetik kanpo egotekoa bada, gutxienez egun bat lehenago jakinarazi beharko du.
–Erabiltzaileak zerbitzuaz arduratzen direnen lana erraztuko du, eta haien esku utziko ditu egin beharrekoak burutzeko behar dituzten baliabide materialak.
–Erabiltzaileak etxean sartzen utziko ditu zer esku-hartze mota behar den ikusteko bertaratzen diren langileak, baita segimendua egitera datozenak ere; eta etxean sartzen utziko ditu, orobat, zerbitzua emanen duten langileen lan arriskuak balioestera datozenak, hala egitea beharrezkoa denean.
Iragarkiaren kodea: L1707243
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
