1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
2388E/2017 EBAZPENA, uztailaren 19koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, hartutako kalte zerebrala duten 18 urtetik beherako haurren tratamendua zenbait gastutan osatzeko 2017ko urtarriletik irailera bitarteko laguntzetarako diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak onesten dituena.
2017ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, “HKZ duten haurrendako laguntzak” izeneko 511004 51120 4819 311107 aurrekontuko partida dago.
Bestalde, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra ezarri zuen. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko ditu, eta horiek argitaratu beharko dira, diru-laguntza jasotzeko moduan daudenek haiek eskuratzeko aukera izan dezaten.
Aipatu 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat, hartutako kalte zerebralaren diagnostikoa duten haurrentzat balorazio neuropsikologikoetan, terapia okupazionalean, irensketaren errehabilitazioan eta autonomia pertsonalerako laguntza produktuetan 2017ko urtarriletik irailera bitartean egiten den gastua osorik edo zati batean estaltzeko diru-laguntzak ematea du xede ebazpen honen bidez onesten den deialdiak.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Hartutako kalte zerebralaren diagnostikoa duten 18 urtetik beherako haurrentzat balorazio neuropsikologikoetan, terapia okupazionalean, irensketaren errehabilitazioan eta autonomia pertsonalerako produktuetan 2017ko urtarriletik irailera bitartean egiten den gastua osorik edo zati batean ordaintzeko diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; eranskinean ageri dira.
2. Gehienez ere 20.000 euroko gastua baimentzea, 2017rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “HKZ duten haurrendako laguntzak” izeneko 511004 51120 4819 311107 partidatik.
3. Ebazpen hau eta eranskina Ebaluazio Batzordeko kideei, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Bulegoari eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2017ko uztailaren 19an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Luis Gabilondo Pujol.
ERANSKINA
Hartutako kalte zerebrala duten 18 urtetik beherako haurren tratamendua zenbait gastutan osatzeko 2017ko urtarriletik irailera bitarteko laguntzetarako diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak
1.–Diru-laguntzen xedea eta helburua.
Hartutako kalte zerebrala duten 18 urtetik beherakoen honako behar hauei erantzuteko asmoz 2017ko urtarriletik irailera bitartean egiten den gastua osorik edo hein batean estaltzeko erabiliko dira diru-laguntza hauek:
–Balorazio neuropsikologikoa.
–Terapia okupazionala.
–Irensketaren errehabilitazioa.
Kasu horietan, balorazio neuropsikologikoa, terapia okupazionala eta irensketaren errehabilitazioa horretarako behar bezalako titulua duten profesionalek gauzatu beharko dituzte, jarduera horiek garatzeko baimenduta dauden zentroetan.
–Autonomia pertsonalerako laguntza produktuak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak finantzatutako material ortoprotesikoa izan ezik. Horrelakotzat joko da edozein produktu (gailuak, ekipoa, tresnak eta softwarea barne), bereziki fabrikatu dena edo merkatuan salgai dagoena, desgaitasuna duten pertsonek edo pertsonentzat erabiltzen dena, eta parte-hartzea sustatu, babestu, lagundu, trebatu, neurtu edo gorputzeko eginkizunak/egiturak eta/edo jarduerak ordezteko edo gabeziak, jardueraren mugak edo parte-hartzearen murrizketak saihesteko dena, UNE EN ISO 9999:2011 arauaren arabera. Produktu horiek Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Mendekotasun egoera erregelamenduz baloratzeko jarduera profesionalean orientatzeko gidaliburua: Autonomia pertsonalerako laguntza produktuak” izenekoan adierazten dira.
Diru-laguntza honek onura publikoa du komeni delako hartutako kalte zerebralaren diagnostikoa duten adingabeen tratamendua aurretik aipatu diren behar horietan osatzea.
2.–Deialdiaren zenbatekoa.
Deialdi honek 20.000 euroko zenbatekoa izanen du, 2017rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Hartutako kalte zerebrala duten haurrendako laguntzak” izeneko 515004 51120 4819 311107 partidaren kargura finantzatu daitekeena.
3.–Onuradunen betebeharrak:
Betebehar hauek betetzen dituztenak izan daitezke onuradun:
–Hartutako kalte zerebralaren diagnostikoa izatea, neuropediatra batek emandakoa.
–18 urtetik beherakoa izatea, esku-hartze diagnostikoa edo terapeutikoa egiten den edo laguntza produktuak erosten diren unean.
–Ohiko bizilekua Nafarroan izatea, hots, adingabea Nafarroako Foru Komunitatean benetan eta jarraian bizi izana bi urtez, diru-laguntzaren xede den tratamendua egin baino lehen. Onuraduna bi urtetik beherakoa bada, jaiotzetik beretik Nafarroan benetan bizitzea eskatuko da. Beharkizun honetatik salbuesten dira asilo eskatzaileak eta haren familia unitatekoak, asilo-eskubiderako ebazpenak ezartzen duenaren arabera, edo familia-luzapenagatik babes subsidiarioa ezartzen duen ebazpenaren arabera.
–Balorazio neuropsikologikoaren, terapia okupazionalaren eta irensketaren errehabilitazioaren beharra Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko edo zentro itundu bateko fakultatibo espezialista batek agindu izana. Autonomia pertsonalerako laguntza produktuei dagokienez, behar bezala akreditatuta dagoen eta onuradunaren arretan esku hartzen duen profesional batek agindu behar ditu.
–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea.
4.–Eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epeak.
4.1. Aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak eska ditzakete deialdi honetan ezarritako laguntzak, onuradunaren izenean, hura adingabea baita.
4.2. Eskaerak aurkezteko epea 2017ko irailaren 4an hasi eta irailaren 29an amaituko da.
4.3. Diru-laguntzen eskaerak, ahal dela, Osasun Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Armada etorbidea, 2, 31002 Iruña), Osasuneko zuzendari nagusiari eskabidea zuzenduta, deusetan galarazi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa. Eskaerari deialdiaren 5. oinarrian adierazitako dokumentuak erantsi beharko zaizkio.
Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, data eta tokia adieraz daitezen. Datu horiek eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean ere adierazi beharko dira.
4.4. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzendu ditzala, eta adieraziko dio, hala egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu eginen dela, behar den ebazpena eman ondoren.
4.5. Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
5.–Betebeharren frogagiriak.
Deialdi honetako baldintzak betetzen direla frogatzeko, diru-laguntzaren eskaerari honako agiri hauek erantsiko zaizkio:
a) Haurraren Nafarroako Foru Komunitateko errolda-ziurtagiria, antzinatasuna edo, hala denean, asilo-eskubidea emateko ebazpena adierazita.
b) Txosten medikoa, neuropediatra batek egin duena eta haurrek hartutako kalte zerebralaren berariazko diagnostikoa agertzen duena.
c) Txostena, behar bezala akreditatuta dagoen eta adingabearen arretan esku hartzen duen profesional batek eman duena eta balorazio neuropsikologikoaren, terapia okupazionalaren, irensketaren errehabilitazioaren eta autonomia pertsonalerako laguntza produktuen beharra adierazten duena.
d) Adingabearen legezko ordezkaria izatearen frogagiriak. Aita edo ama bada, familia liburua eta guraso baten NANa. Dibortzioaren kasuan, edo zaintza guraso bakar bati dagokionean, dibortzioaren epaia eta haren NANa. Tutorea edo legezko beste ordezkari bat izanez gero, horren frogagiria.
e) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera.
f) Egindako gastuaren justifikazioa jatorrizko faktura adostuen bitartez, gutxienez honako datu hauek jasoko dituztenak:
–Onuradunaren izena.
–Materiala ematen duen edo zerbitzua egiten duen enpresa, entitatea edo profesionala.
–Laguntza produktua, jasotako tratamendua edo egindako jarduketa.
–Ordaindutako zenbateko osoa.
g) 6.3 oinarrian adierazitako zuzenketa-faktoreari heltzen ahal dioten onuradunek gizarteratze-errenta / errenta bermatua onartu zaiela adierazten duen ebazpena aurkeztu beharko dute, edo genero-indarkeriaren biktima direla dioten frogagiria, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak edo Nafarroako Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak emana.
h) Beste laguntza batzuei buruzko aitorpena, 8. oinarrian xedatutakoaren arabera.
Eskaera aurkeztearekin baimena ematen zaio Osasun Departamentuari Ogasun Publikoan eta Estatuko Administrazio Orokorrean bildu dezan eskatzaileak bere zerga betebeharrak, dirua itzultzekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ote dituen jakiteko informazioa.
6.–Emateko modua, zenbatekoa eta irizpideak.
6.1. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira diru-laguntzak, instrukzio organoak proposaturik, hots, Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposaturik, aurretik ebaluazio batzorde batek eginen duen balorazio loteslea aintzat hartuta.
6.2. Ebaluazio batzordea honako hauek osatuko dute:
M.ª Eugenia Yoldi Petri andrea, Nafarroako Ospitaleguneko arloko sendagile espezialista.
Julio Palacios Osambela jauna, Osasun Departamentuko Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Ataleko gizarte-langilea; eta,
M.ª José Lasanta Sáez andrea, Osasun Departamentuko Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Ataleko burua, batzordeko idazkari arituko dena.
6.3. Ebaluazio batzordeak egiaztatuko du ea onuradunek betetzen dituzten 3. oinarrian diru-laguntza emateko ezartzen diren betebeharrak, eta irizpide hauei jarraikiz proposatuko ditu zenbatekoak:
–Gehieneko tarifak ezarri dira esku-hartzeetarako, zenbateko hauekin:
- Balorazio neuropsikologikoa: 150 euro.
- Terapia okupazionalaren edo irensketaren errehabilitazioaren banakako ordua: 30 euro.
- Terapia okupazionalaren edo irensketaren errehabilitazioaren taldeko ordua: 15 euro.
–Gehienez, bi balorazio neuropsikologiko lagunduko dira diruz onuradun bakoitzeko.
–Gehienez, terapia okupazionalaren edo irensketaren errehabilitazioaren zortzi ordu lagunduko dira diruz hilean, bai banakako terapiarako bai taldeko terapiarako.
–Pertsona bakarrarentzat laguntza produktuetarako diruz lagundu beharreko gehieneko zenbatekoa linea osoaren %10 izanen da.
–Onuradun berak deialdian adierazten diren esku-hartze eta/edo laguntza produktu bati edo zenbaiti buruzko gastuak aurkezten ahalko ditu, ez baitira baztertzaileak haien artean.
–Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ezarritako gehieneko zenbatekoei eta hartutako kalte zerebrala duen pertsona bakoitzarentzako esku-hartze eta/edo laguntza produktu ezberdinen kostuari begiratuko zaie, xede bererako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik bada.
–Eskatutako zenbatekoen baturak dagoen aurrekontu erabilgarria gainditzen badu, dirua eskatzaile guztien artean hainbanatuko da, eskatzaile bakoitzak portzentaje bera jaso dezan egindako gastuaren arabera. Hainbanaketa horretatik kanpo utziko dira onuradunak, baldin eta haien familia unitatean 2016an eta/edo 2017an genero-indarkeriaren biktima edo gizarteratze-errentaren / errenta bermatuaren hartzaile den kide bat badago.
–Eskaera guztiak baloratu ondoren aurrekontuko partidan soberakina badago, ezarritako mugetatik gorako gastua frogatu duten onuradunen artean banatuko da hori, norberak egin duen gastuarekiko proportzioan.
–Diru-laguntza ez da inola ere izanen egindako esku-hartzeen eta/edo erositako laguntza produktuen kostu osoa baino handiagoa.
7.–Ebazpena.
7.1. Osasuneko zuzendari nagusiak, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposaturik, ebatziko du diru-laguntzak ematearen edo ukatzearen gainean.
7.2. Ebatzi eta jakinarazteko epea hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko dute interesdunek. Hala ere, administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.
8.–Bateragarritasuna.
Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako diru-laguntza edo laguntzekin, baina guztira emandakoaren zenbatekoak ez du inoiz gaindituko jasotako esku-hartzearen eta/edo erositako laguntza produktuaren kostu osoa.
9.–Onuradunen betebeharrak.
Onuradunek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, beren legezko ordezkariaren bidez, xede bererako beste laguntzaren bat jaso duten ala ez adierazteko. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko dute. Adierazpen hori kasuan kasuko laguntza eman dela jakin bezain laster egin beharko da, eta, betiere, 2017ko irailaren 29a baino lehen.
Era berean, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak bete beharko dituzte.
10.–Diru-laguntzaren ordainketa.
Diru-laguntza ordainketa bakarrean pagatuko da, horiek emateari buruzko ebazpena argitaratu ondoren, eskaera egiten den unean adierazitako ordainketa-kontuan transferentzia bat eginez.
11.–Publizitaterako arauak.
Ematen diren diru-laguntzak ez dira argitaratuko, zeren, onuradunen datuak zabaltzea, diru-laguntzaren xedea dela-eta, pertsonen intimitatearen aurkakotzat jotzen baita, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1.b) artikuluan aurreikusi bezala.
12.–Dirua itzultzea.
Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan eta, bereziki, xede bererako beste diru-laguntzaren bat kobratzeagatik esku-hartzearen edo erositako produktuaren kostua gainditu duela jakinarazten ez den kasuetan, kostu horren gainetiko diru-zenbatekoa itzultzeko eskatuko da, eta, berandutze-interesa ere bai, diru-laguntza ordaintzen denetik itzuli beharraren gaineko ebazpena eman arte sortutakoa, hain zuzen.
13.–Arau-hausteak eta zehapenak.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak jasotzen dituzten onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.
Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.
14.–Datuak babestea.
Onuradunek diru-laguntza kobratzeko aurkezturiko datuak edo administrazioaren esku daudenak deialdi honi buruzko espedientea tramitatzeko erabiliko dira bakar-bakarrik. Onuradunek datu horiek ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahalko dute, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Foru Legearekin bat.
15.–Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri arautzaile hauetan ezarri gabekoetan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.
16.–Errekurtsoak.
Deialdiaren kontra, oinarri arautzaile hauen kontra eta garatzeko egintzen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.
Iragarkiaren kodea: F1709044