154. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZKOIEN

Bideozaintza kamerak ezartzeko baimena

Alkatetzaren 265. Ebazpena argitara ematen da, 2017ko ekainaren 20koa.

Aurrekariak:

Azkoiengo Udalak ibilgailuen trafiko handia jasaten du Irurzun kalean, udalerriaren bide nagusian, bereziki beste bide nagusietako bat trafikoari itxita dagoelako, Río kalea alegia, toki entitateak eta Mairagako Mankomunitateak egiten ari diren kaleen eta saneamenduaren berritze lanak direla eta. Udalaren aburuz, herriko kaleetan barna dabilen ibilgailu kopuru garrantzitsu horren aurrean ez dira nahikoak hura arautzeko eta kontrolatzeko ohiko moduak, eta inguruabar horiek gomendagarri egiten dute laguntza teknologikoa gehitzea, Udaltzaingoaren eginkizun hauetarako: trafikoa zaindu, kontrolatu eta arautzeko. Horregatik, Azkoiengo Udalak erabaki du bere eskumenekoa den zerbitzuari gehitzea bideokameren instalazioa eta erabilera, segurtasuna zaintzeko ezbehar-tasa handia eta trafikoko araudiaren arau-hauste asko dituzten gune batzuetan.

Inguruabar juridikoak:

Lehenengoa.–Segurtasun Indar eta Gorputzek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez: “Trafikoa kontrolatu, erregulatu, zaindu eta arautzeko bideokameren eta irudiak jaso eta erreproduzitzeko beste edozein bitartekoren instalazioa eta erabilera trafikoa arautzeko agintaritza arduradunak eginen du, urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritako xedeekin, honen bitartez onetsi baitzen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen Testu Bategina eta harekin bat heldu den berariazko araudia, eta kontuan hartuz urriaren 29ko 5/1992 Lege Organikoan (Datu pertsonalen tratamendu automatizatua arautzekoan, gaur egun LOPD) eta maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoan (Ohorerako, norberaren nahiz familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibilari buruzkoan) xedatutakoa, betiere Lege honetan ezarritako erabilera irizpideei jarraituz”.

Bigarrena.–Bestalde, Segurtasun Indar eta Gorputzek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoa garatu eta betearazteko Erregelamendua onesten duen apirilaren 16ko 596/1999 Errege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak honako hau ezartzen du trafikoa zaindu, kontrolatu eta arautzeko bideokamerei aplikatzekoa zaien araubideari buruz: “–Eremu publikoetan trafikoa kontrolatu, erregulatu, zaindu eta arautzeko irudiak jaso eta erreproduzitzeko bideokameren eta beste edozein baliabideren instalazioa eta erabilera, ondoko hau jarraituz egingo da: 4/1997 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarrian eta xedapen honetan ezarritakoa”. “–Trafikoa arautzeko eskumena duten administrazio publikoei dagokie baimena ematea aurreko atalean aipatutako gailuak jartzeko eta erabiltzeko”.

–Irudiak jaso eta erreproduzitzeko gailu finkoen instalazioa eta erabilera aginduko dituen ebazpenak generikoki identifikatuko ditu iruditan jaso daitezkeen eremu publikoak edo bide tarteak, grabaketen edo lortutako erregistroen eskuragarritasuna, konfidentzialtasuna eta osotasuna bermatuko dituzten neurriak, bai eta haien zainketaz eta haiek ikusi eta ezabatzeko eskabideak ebazteaz arduratuko den organoa ere. Ebazpenaren indarraldia mugagabea izanen da, haren oinarri diren inguruabarrak aldatzen ez diren bitartean.

Hirugarrena.–Ezarri nahi den sistemak pertsona fisiko identifikatuen nahiz identifikagarrien irudiak jaso ditzake. Hau dela eta, 2017ko ekainaren 6ko Osoko Bilkuraren erabakiaren bidez, onetsi zen datu pertsonalen fitxategia sortzea eta honen berri ematea Datuak Babesteko Espainiako Bulegoko dagokion erregistroari.

Adierazitakoaren ondorioz,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.–Irudiak erreproduzitzeko gaitasuna duten bideokamerak ezartzeko eta erabiltzeko baimena ematea, trafikoa kontrolatu, zaindu eta arautzeko, betiere 596/1999 Errege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak ezartzen dituen baldintza zorrotzak betez.

Kokalekuak:

–Irurzun kalea, 65.

–Udaletxearen fatxada.

–Irurzun kalea eta kale Berriaren bidegurutzea.

–Irurzun kalea, 2.

Bigarrena.–Segurtasun neurriak. Grabaketen edo lortutako erregistroen eskuragarritasuna, konfidentzialtasuna eta osotasuna bermatzeko, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuan xedatutako segurtasun neurriak ezarriko dira, sistemak pertsona fisiko identifikatuen nahiz identifikagarrien irudiak jasotzen eta erregistratzen ez baditu ere.

Hirugarrena.–Udala arduratuko da irudiak gordetzeaz eta haiek ikusi eta ezabatzeko eskabideak ebazteaz.

Laugarrena.–Argitalpena. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzen da, hala xedatzen baita Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 196. artikuluan.

Seigarrena.–Indarra hartzea. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Zazpigarrena.–Osoko Bilkurari honen berri ematea lehenengo bilkuran.

Azkoienen, 2017ko ekainaren 20an.–Alkatea, Juan Carlos Castillo Ezpeleta.

Iragarkiaren kodea: L1707601