154. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2387E/2017 EBAZPENA, uztailaren 19koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten dira diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak, 2017. urteko urtarriletik irailera Petö metodoaren tratamendua har dezaten garun-paralisia edo antzeko prozesu neurologikoak diagnostikaturik dituzten hamasei urtetik beherakoek.

2017ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan partida hau dago: “Garun-paralisia izanik Petö metodoaren tratamendua hartzen duten haurrentzako laguntzak” izeneko 511004 51120 4809 311102 partida.

Bestalde, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak araubide juridiko orokorra ezarri zuen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzetarako. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko ditu, eta horiek argitaratu beharko dira, diru-laguntza jasotzeko moduan daudenek haiek eskuratzeko aukera izan dezaten.

Aipatutako 11/2005 Foru Legearekin bat, ebazpen honen bidez onesten den deialdi honen xedea da diru-laguntzak ematea, Petö metodoaren tratamendua har dezaten, 2017ko urtarriletik irailera, garun-paralisia edo antzeko nahasmendu neurologikoak diagnostikaturik dituzten 16 urtetik beherakoek.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, Petö metodoaren tratamendua ordaintzeko, osorik edo partez, 2017ko urtarriletik irailera tratamendu hori jaso dutenean garun-paralisia edo antzeko prozesu neurologikoak diagnostikaturik dituzten 16 urtetik beherakoek. Oinarri horiek ebazpen honen eranskin gisa gehitzen dira.

2. Gehienez ere 120.200,00 euroko gastua baimentzea, 2017ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Garun-paralisia izanik Petö metodoaren tratamendua hartzen duten haurrendako laguntzak” izeneko 511004511204809311102 partidatik.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea deialdiko Ebaluazio Batzordeko kideei, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Bulegoari eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaileari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Diru-laguntzetarako deialdi hau erregistratzea Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean.

Iruñean, 2017ko uztailaren 19an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Luis Gabilondo Pujol.

ERANSKINA

Diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak, 2017ko urtarriletik irailera Petö metodoaren tratamendua har dezaten garun-paralisia edo antzeko prozesu neurologikoak diagnostikaturik dituzten 16 urtetik beherakoek

1.–Diru-laguntzen xedea eta helburua.

Diru-laguntza hauek erabiliko dira osorik edo hein batean estaltzeko Petö metodoaren errehabilitazio-tratamendua aplikatzeagatik 2017. urteko urtarriletik irailera eragindako gastua, garun-paralisia edo antzeko nahasmendu neurologikoak dituzten 16 urtetik beherakoen kasuan, izan ere laguntza hauen onura publikoaren helburua da sostengu ematea adingabe horien tratamendu beharrari.

2.–Onuradunen betebeharrak.

Betebehar hauek betetzen dituztenak izan daitezke onuradun:

–16 urtetik beherakoa izatea tratamendua jasotzean.

–Garun-paralisia edo antzeko prozesu neurologikoa diagnostikaturik izatea, mediku batek diagnostikatua.

–Ohiko bizilekua Nafarroan izatea, hots, adingabea Nafarroako Foru Komunitatean benetan bizi izana bi urtez, diru-laguntzaren xede den tratamendua egin baino lehen. Onuraduna bi urtetik beherakoa bada, jaiotzetik beretik Nafarroan benetan bizitzea eskatuko da. Beharkizun honetatik salbuesten dira asilo eskatzaileak eta haren familia unitatekoak, asilo-eskubiderako ebazpenak ezartzen duenaren arabera, edo familia-luzapenagatik babes subsidiarioa ezartzen duen ebazpenaren arabera.

–Tratamenduaren beharra Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko edo zentro itundu bateko fakultatibo espezialista batek agindu izana.

–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea.

3.–Eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epeak.

3.1. Aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak eska ditzakete deialdi honetan ezarritako laguntzak, onuradunaren izenean, hura adingabea baita.

3.2. Eskaerak aurkezteko epea 2017ko irailaren 4an hasi eta irailaren 29an amaituko da.

3.3. Diru-laguntzen eskaerak, ahal dela, Osasun Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Armada etorbidea, 2, 31002 Iruña), Osasuneko zuzendari nagusiari eskabidea zuzenduta, deusetan galarazi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa. Eskaerari deialdiaren 4. oinarrian adierazitako dokumentuak erantsi beharko zaizkio.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, lehen orrialdearen idazpuruan adieraz daitezen aurkezpen-datuak, igorri aurretik, hots, bulegoaren izena, data eta tokia. Datu horiek eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean ere adierazi beharko dira.

3.4. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun naturaleko epean zuzendu ditzala, eta adieraziko dio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu eginen dela behar den ebazpena eman ondoren.

3.5. Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

4.–Betebeharren frogagiriak.

Deialdi honetako baldintzak betetzen direla frogatzeko, diru-laguntzaren eskaerari honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Haurraren Nafarroako Foru Komunitateko errolda-ziurtagiria adierazita, edo, behar denean, asilo-eskubidea emateko ebazpena.

b) Medikuaren txostena, irizpen klinikoa jasoko duena eta tratamendua komenigarria dela adieraziko duena. Antzeko nahasmendu neurologiko bat edukiz gero, txostenean zehatz-mehatz adierazi beharko da antzekotasun hori frogatzen duen sintomatologia.

5.1 oinarrian aipatutako batzordeak argibide-txostenak eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei.

Diru-laguntza aurkezteak berarekin dakar baimena ematea Batzordeko osasun profesionalek onuradunaren historia klinikoa kontsultatzeko, alderdi klinikoak balioesteko.

c) Adingabearen legezko ordezkaria izatearen frogagiriak. Aita edo ama bada, familia liburua eta guraso baten NANa. Dibortzioaren kasuan, edo zaintza guraso bakar bati dagokionean, dibortzioaren epaia eta guraso horren NANa. Tutorea edo legezko beste ordezkari bat izanez gero, horren frogagiria.

d) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera.

e) Petö metodoaren bidez egindako errehabilitazio tratamenduaren deskripzioa, eta ebaluazio zehaztua adingabearen eboluzioan lortutako emaitzei buruz.

f) Egindako gastuaren justifikazioa jatorrizko faktura adostuen bitartez, gutxienez honako datu hauek jasoko dituztenak:

–Haurraren izena.

–Tratamendua ematen duen entitatea.

–Harturiko tratamendua, aldiak zehaztuz.

–Ordaindutako zenbateko osoa.

g) 5.3 oinarrian adierazitako zuzenketa-faktoreari onura ateratzen ahal dioten onuradunek gizarteratze-errenta / errenta bermatua onartu zaiela adierazten duen ebazpena aurkeztu beharko dute, edo genero-indarkeriaren biktima direla dioen frogagiria, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak edo Nafarroako Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak emana.

h) Eskaera aurkeztearekin baimena ematen zaio Osasun Departamentuari informazioa bildu dezan Ogasun Publikoan eta Estatuko Administrazio Orokorrean, jakiteko ea eskatzaileak betetzen ote dituen bere zerga betebeharrak, dirua itzultzekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

i) Balizko beste laguntza batzuei buruzko aitorpena, 8. oinarrian xedatutakoaren arabera.

Ez da beharrezkoa izanen a), b) c) eta d) puntuetan aipatzen diren agiriak aurkeztea, aurreko deialdietan aurkeztu baziren eta aipaturiko datuak aldatu ez badira.

5.–Emateko modua, zenbatekoa eta irizpideak.

5.1. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira diru-laguntzak, instrukzio organoak proposaturik, hots, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposaturik, aurretik ebaluazio batzordeak eginen duen balorazio loteslea aintzat hartuta.

5.2. Ebaluazio batzordea honako hauek osatuko dute:

M.ª Eugenia Yoldi Petri, Nafarroako Ospitaleguneko arloko sendagile espezialista,

Mariano Lacarra López, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun kudeaketako teknikaria eta

M.ª José Lasanta Sáez, Osasun Departamentuko Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Ataleko burua, batzordeko idazkari arituko dena.

5.3. Ebaluazio batzordeak egiaztatuko du ea onuradunek betetzen dituzten 2. oinarrian diru-laguntza emateko ezartzen diren betebeharrak, eta irizpide hauei jarraikiz proposatuko ditu zenbatekoak:

–Diru-laguntza, gutxienez, onuradun bakoitzari oinarrizko tratamenduaren ziklo bat finantzatzeko adinakoa izanen da, hau da, 1.387 eurokoa, salbu eta aurrekontuetan dagoen dirua gainditzen baldin bada, kasu horretan aurkeztutako eskaera guztien artean hainbanatuko baita.

–Laguntzak onuradunek finantzatutako tratamenduaren kostuaren araberakoak izan daitezen, baldin eskatutako zenbatekoen baturak dagoen aurrekontu erabilgarria gainditzen badu, dirua eskatzaile guztien artean hainbanatuko da, eskatzaile bakoitzak portzentaje bera jaso dezan egindako gastuaren arabera.

–Diru-laguntza jasotzean ekitate handiagoa izan dadin, baldin onuraduna 2016. urtean eta/edo 2017. urtean genero-indarkeriaren biktima izan den familia unitate bateko kidea bada, edo gizarteratze-errenta / errenta bermatua jaso duen familia unitate batekoa, hainbanaketatik kanpo geldituko da.

–Diru-laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere handiagoa izanen finantzatutako tratamenduaren guztirako kostua baino, xede horretarako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik izanez gero.

6.–Ebazpena.

6.1. Osasuneko zuzendari nagusiak, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposaturik, ebatziko du diru-laguntzak ematearen edo ukatzearen gainean.

6.2. Ebatzi eta jakinarazteko epea hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko dute interesdunek. Hala ere, administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

7.–Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako diru-laguntza edo laguntzekin, baina guztira emandakoaren zenbatekoak ez du inoiz gaindituko onuradunak guztira ordaindutako tratamenduaren kostua.

8.–Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, beren legezko ordezkariaren bidez, xede bererako beste laguntzaren bat jaso duten ala ez adierazteko. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko dute. Adierazpen hori kasuan kasuko laguntza eman dela jakin bezain laster egin beharko da, eta, betiere, 2017ko irailaren 29a baino lehen.

Era berean, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak bete beharko dituzte.

9.–Diru-laguntzaren ordainketa.

Ordainketa bakarra eginen da, kontzesioaren ebazpenarekin batera.

10.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan eta, bereziki, xede bererako beste diru-laguntzaren bat kobratzeagatik tratamenduaren kostua gainditu duela komunikatzen ez den kasuetan, kostu horren gainetiko diru-zenbatekoa itzultzeko eskatuko da, eta, berandutze-interesa ere bai, diru-laguntza ordaintzen denetik itzuli beharraren gaineko ebazpena eman arte sortutakoa, hain zuzen.

11.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak jasotzen dituzten onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

12.–Datuak babestea.

Onuradunek diru-laguntza kobratzeko aurkezturiko datuak edo administrazioaren esku daudenak deialdi honi buruzko espedientea tramitatzeko erabiliko dira bakar-bakarrik. Horiek, edo horien legezko ordezkariek, datu horiek ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahalko dute, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Foru Legearekin bat.

13.–Publizitaterako arauak.

Ematen diren diru-laguntzak ez dira argitaratuko, zeren, onuradunen datuak zabaltzea, diru-laguntzaren xedea dela-eta, pertsonen intimitatearen aurkakotzat jotzen baita, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1.b) artikuluan aurreikusi bezala.

14.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarri gabekoetan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

15.–Errekurtsoak.

Deialdiaren kontra, oinarri arautzaile hauen kontra eta garatzeko egintzen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F1709043