154. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ETXAURI

Udal ordenantza, Hilerriaren erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Etxauriko Udalak, 2017ko martxoaren 22an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen hilerriaren erabilera arautzen duen udal ordenantza (2017ko 75. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 19an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Etxaurin, 2017ko ekainaren 12an.–Alkatea, Idoia Aritzala Etxarren.

ORDENANTZA, ETXAURIKO UDAL HILERRIAREN ERABILERA ETA HARTAN ZERBITZUAK EMATEAGATIK ZEIN KONTZESIOENGATIK ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUENA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Etxauriko Udalaren hilerria jabari publikoko ondasuna da, zerbitzu publiko akonfesional bati atxikia; haren titularra Udala da, eta hari dagozkio bere administrazioa, zuzendaritza eta zainketa, beste agintaritza eta erakundeen esku den hartan izan ezik.

2. artikulua. Udalari dagozkio:

a) Hilerria zaindu, garbitu eta egokitzea.

b) Lur, hilobi eta gainerako zerbitzuen antolaketa, funtzionamendua, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

c) Hilobietan hileta zerbitzuak egiteko eskubideen lagapena.

d) Ordenantza honetan ezarritako eta geroan legez ezarriko diren eskubideak eta tasak jasotzea.

e) Eman diren edo etorkizunean emanen diren osasun neurriak betetzea.

g) Hilotzak eta gorpuzkiak ehortzi, hobitik atera eta lekuz aldatzeko lizentziak ematea, hilotzen gaineko osasun arauei jarraikiz.

h) Zerraldo, arropa, jantzi, hil-oihal eta bestelako gauzakien hondarrak suntsitzea, gorpuzkiak izan gabe ere hilobiak hustu eta garbitzerakoan agertzen direnak.

i) Hilobien eta kolunbarioen tokia antolatzea.

j) Hilerriko zerbitzuekin zerikusia izan dezaketen Udalaren bestelako administrazio eskumenak.

k) Erregelamendu hau betetzen dela gainbegiratzea eta, hala ez bada, zehatzea.

HILERRIKO BARNE ANTOLAMENDUA ETA GOBERNUA

3. artikulua. Hilerria Udalak erabakitzen dituen orduetan egonen da zabalik, urtaro bakoitzaren inguruabarren arabera.

4. artikulua. Gauez espresuki debekatuta dago hilerriaren esparruan edozein lan mota egitea, salbuespenezkoak eta behar bezala arrazoituak izan ezik.

5. artikulua. Ehorzketak ohiko ordutegiaren barnean eginen dira. Hala ere, hilaren ahaideek lurperatzeko orduaren berri eman beharko diote aldez aurretik arduradunari.

6. artikulua. Udalerriko biztanleriaren erroldaren araberako hilobi kopurua egonen da hilerrian, edo haietarako lur aski bederen bai.

7. artikulua. Hilerrian, ehorzteko ekartzen dituzten hilotz guztiak lurperatuko dira, betiere legezko izapideak bete badira, eta zerbitzu horrengatik ordaindu beharko dira tasei buruz I. eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak.

8. artikulua. Hilerriko lurra ehorzketak egiteko eta hilobietarako eraikinak egiteko erabiliko da, ez besteetarako.

9. artikulua. Titularren betebeharra da hilobiak segur, xahu eta apain edukitzea.

Kontserbazio egoera egokia ez denean, Alkatetzak interesdunei eskatuko die hogeita hamar egun naturaleko epean hilobiak egokitzea.

Ez badute egiten, Udalak egokitzapena egingo du; kostua interesdunek ordaindu beharko dute.

10. artikulua. Udalak eremu bat finkatu du hilerriaren barrenean hilotz erraustuen ontziak ehorzteko (kolunbarioak). Errauts horiek ehorzteko nahiz hobitik ateratzeko, ordenantza honetako arauak aplikatuko dira.

11. artikulua. Kontzesioak honako hauengatik iraungitzen ahalko dira:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direnean.

12. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera behar dira, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

13. artikulua. Hilotzak ateratzea, beste ehorzketa batzuk egiteko.

Lehenengo lerrotik hasiko da, hilobi zaharrena dagoen izkinatik. Ateratzeko, hamabi urte baino gehiago eginak izan beharko dituzte. Ez badituzte hamabi urte egin, hurrengora pasako da. Lerroa bukatutakoan, hurrengora pasatuko da, eta, lerro guztiak amaitzen direnean, lehenengora itzuliko da.

Hilotzak hobitik zein egun eta ordutan atera behar diren jakinaraziko zaie hartan interesa dutenei, lan hori ikusi dezaten, hala nahi badute.

Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez da inolako abisurik eman beharko.

14. artikulua. Hilerrian berean beste hilobi batera aldatzeko nahiz beste hilerri batera eramateko atera diren hondarrak ezin izango dira gorputegira eraman.

15. artikulua. Hiltzeko arrazoiak osasun arriskurik sortu ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan atera daitezke:

a) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere hamar urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

b) Hilobi mota guztietan: ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, edozein unetan atera eta lekualdatzen ahal da, betiere hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile batek agindu ezean, Alkatetzak baimendutako salbuespenezko kasuak ez badira.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile batek agindu ezean.

16. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko da, ongi kontserbaturik ez badago.

17. artikulua. Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko bai berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar den liburuetan.

18. artikulua. Nitxo, hilobi edo kolunbario batean edozein elementu jartzeko, beharrezkoa den baimena lortu beharko da, aldez aurretik udalean eskaera eginez (I. Eranskina).

LANGILEAK

19. artikulua. Udal langilearen lana da hilerriaren zainketa eta zaintza. Hona hemen haren eginkizunak:

1. Hilerriko ateak ireki eta ixtea, beharrezkoa denean.

2. Nitxoak, hilobiak eta kolunbarioak egokitzea, gorpuzkiak sartzeko.

3. Esparrua garbitu eta zaintzea, behar bezain segur, xahu eta apain egon dadin.

20. artikulua. Ez dagokio Udalari ez eta udal langileari ere, gurutzeak, hilarriak eta harlauzak jartzea, ez eta hilobiaren buruan beste edozein apaingarri paratzea ere.

TASAK HILERRIAN ZERBITZUAK EMATEAGATIK

21. artikulua. Zergapeko egintza ondoko zerbitzuak egitea da:

1.–Ehorzketak.

2.–Hobitik ateratzea eta berrehorzketak.

22. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak.

23. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

24. artikulua. Eman ahalko dira hobi berean bi hilotz edo gorpuzki nahiz gehiago batera lurperatzeko lizentziak, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik goitiko lanak partikularrak berak egin beharko ditu, bere kontura.

25. artikulua. Hilerri honetako hilobi batetik gorpuzkiak atera eta beste batean ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak beste hilerri batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa baizik ez du ordainduko.

26. artikulua. Zerbitzuengatik ordaindu beharreko tasak, dagokion zerbitzua egin ondoren ordainduko dira.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatuari jarraituz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

Azken xedapen bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Erregelamenduari jarraituko zaio.

I. ERANSKINA

Tasak hilerrian zerbitzuak emateagatik eta erabiltzeko kontzesioengatik

Tasak zerbitzuak emateagatik.

a) Etxaurin erroldatutakoak:

1. Ehorzketak:

a.–Lurpean: zerbitzuaren kostua.

b.–Panteoian: zerbitzuaren kostua.

c.–Nitxoan: zerbitzuaren kostua.

d.–Kolunbarioan: goizez, kosturik gabe; arratsaldez, zerbitzuaren kostua.

2. Gorpuzkiak ateratzea: zerbitzuaren kostua:

b) Etxaurin erroldaturik ez daudenak:

Zerbitzuaren kostua gehi 100,00 euro.

Tasak kontzesioengatik, lehen 10 urtean.

a) Etxaurin erroldatutakoak:

1. Nitxoa: kosturik gabe.

2. Kolunbarioa: kosturik gabe.

3. Lurpeko hilobia: kosturik gabe.

b) Etxaurin erroldaturik ez daudenak:

Hilerria erabiltzeko tasaren kostua, gehi 100,00 euro.

Tasak kontzesioengatik, 10 urteko luzapen bakoitzagatik.

a) Etxaurin erroldatutakoak:

1. Nitxoa: 100,00 euro.

2. Kolunbarioa: 100,00 euro.

3. Lurpeko hilobia: kosturik gabe.

b) Etxaurin erroldaturik ez daudenak:

Hilerria erabiltzeko tasaren kostua, gehi 100,00 euro.

Iragarkiaren kodea: L1707497