Iragarkia
154. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 10a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
373E/2017 EBAZPENA, abuztuaren 1ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, behin betiko onesten duena Lekarozko Aroztegiko jauregiaren inguruko turismo, hotel, kirol eta egoitza eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektorialeko AR-1eko Birzatiketa Proiektua, eremuko Konpentsazio Batzordeak sustatua.
Esparruan indarra izaten jarraitzen du Lekarozko Aroztegiko jauregiaren inguruko turismo, hotel, kirol eta egoitza eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektorialak, Palacio de Arozteguia SL merkataritzako enpresak sustatua. Nafarroako Gobernuak 2015eko maiatzaren 20ko Erabakiaren bidez onetsi zuen, eta hura 2015eko 108. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 5ean; aldiz, araudia Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusiaren uztailaren 8ko 616/2015 Ebazpenaren bidez argitaratu zen 2015eko 138. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 17an.
Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 23ko 1118E/2016 Ebazpenaren bidez hasiera batean onetsi zen Lekarozko Aroztegiko jauregiaren inguruko turismo, hotel, kirol eta egoitza eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektorialeko AR-1eko Birzatiketa Proiektua, eremuko Konpentsazio Batzordeak sustatua.
Ebazpen hori prentsan argitaratu zen 2016ko urriaren 20an, bai eta 2016ko 197. Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere, urriaren 11koan. Espedientea hogei egunez egon zen jendaurrean, eta, aldi berean, ukitutako udalei entzutea eman zitzaien.
Horretarako ezarritako jendaurreko epean lau alegazio-idazki eta erosketa- edo desjabetze-eskari bat aurkeztu dira. Horiei guztiei erantzun zaie ebazpen honetako eranskinean.
Birzatiketa Proiektua, hasiera batean, determinazio honekin onetsi zen: “Behin betiko onetsi aurretik, sustatzaileak Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren 2016ko irailaren 1eko txosten teknikoko C atalean (kontsiderazioak) aipatzen diren kontuak zuzendu beharko ditu”.
Behin betiko onespenerako aurkeztutako azken dokumentazioan onartu beharreko aldaketa guztiak bildu dira aurrekoa betetzeko xedez. Bereziki, hasiera batean 4.942.600 eurotan baloratutako abala (Udalez gaindiko Plan Sektorialeko datuen arabera) birzatiketaren Behin-behineko Likidazio Kontutik sortutako urbanizazio gastuen gaur egungo zenbatekora berritu behar zen, hau da, 7.877.264,22 eurora. Ildo horretan, espedientean 5020000424 erregistro-zenbakia duen abalaren gordailua ageri da, 177.160 eurokoa, Udalez gaindiko Plan Sektorialerako izenpetutako osagarriaren egiaztagiri moduan aurkeztua (5020000114 zenbakiduna, 295.476 eurokoa).
Espedientean ageri da aldeko txosten nahitaezko eta loteslea ere, Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuak 2017ko uztailaren 28an emana, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen hamaseigarren xedapen gehigarriaren arabera.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari dagozkio Birzatiketa Proiektuaren tramitazioa eta onespena, harena baita eskumena lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko gaietan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 43.1.d) artikuluarekin bat, udalez gaindiko plan sektorialak gauzatzeko tresna delako.
Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak espedientea azterturik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedatutakoarekin bat, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Lekarozko Aroztegiko jauregiaren inguruko turismo, hotel, kirol eta egoitza eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektorialeko AR-1eko Birzatiketa Proiektuari, eremuko Konpentsazio Batzordeak sustatuari, aurkeztutako alegazioak tramitaziorako onartzea eta ebaztea, ebazpen honen eranskinean azaldutako terminoetan.
2. Behin betiko onestea Lekarozko Aroztegiko jauregiaren inguruko turismo, hotel, kirol eta egoitza eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala garatu eta gauzatzen duen Birzatiketa Proiektua, eremuko Konpentsazio Batzordeak Baztanen sustatua.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta espedientearen sustatzaileari, Baztango Udalari, lurzatien gaineko eskubideen jabe eta titularrei, Iruñeko 5. Jabetza Erregistroari, Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuari eta Etxebizitza Zerbitzuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Konpentsazio Batzordeari, Administrazio Publikoaren entitate laguntzailea den aldetik, aditzera ematea botere esleipen-egile gisa hartzen dela, eta, hartara, kontratazio publikoari buruzko araudiaren mende egonen dela, urbanizazioko obra publikoa egiten duen neurrian.
5. Aditzera ematea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen epe horiek.
Iruñean, 2017ko abuztuaren 1ean.–Ingurune Naturalaren Zerbitzuko zuzendaria, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ordezkoa (Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak 2015eko abenduaren 23an eman eta 2016ko 4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 8an, argitaratutako 316/2015 Foru Aginduaz baliatuz), Fermín Olabe Velasco.
ERANSKINA
Jendaurreko tramitean jasotako alegazioei eta eskariari emandako erantzuna
I.–Aurkeztutako alegazioak.
–1. alegazioa, Julio Oteiza López jaunak egina, M.ª Dolores Meoqui Ariztia andrea ordezkatuz.
Harridura eta desadostasuna azaldu ditu, ez baitzaio jakinarazi birzatiketa proiektuaren tramitazioa, kontuan izanik Meoqui andrea herrian non bizi den jende guztiak badakiela, eta, orobat, haren Iruñeko etxearen helbidea Konpentsazio Batzordeari eman zitzaiola.
Era berean, ez dago ados birzatiketak ukitutako jabe modura ordaindu beharreko 74.988,84 euroko urbanizazio gastuekin. Hori dela-eta, proiektuaren sustatzaileei eskatzen die birzatiketan sartuta dagoen bere lurzatiaren erosketa negoziatzea (Baztango 15. poligonoko 233. lurzatia). Ohartarazten du behar diren lege-ekintzak hartuko dituela.
Horri dagokionez, Konpentsazio Batzordeak ondokoa azaltzen du:
“Konpentsazio Batzordearen Estatutuak tramitatzen hasi zenetik, 15. poligonoko 233. lurzatiko titularraren nortasuna aurkitzen saiatu da.
Horretarako, aurreko prozesu batean, hots, parte-hartze publikorakoan, Nafarroako Gobernuko Lur-ondasunen Zerbitzuan (Katastroan) kontsulta egin zen, eta hantxe ikusi zen 15. poligonoko 233. lurzatia Felicitas Meoqui Ariztiaren izenean zegoela. Hala ere, Iruñeko 5. Jabetza Erregistroan ez da Felicitas Meoqui ukitutako esparruan ezein lurzatiren titular moduan ageri. Haren heriotzaren berri izanik, Konpentsazio Batzordearen Estatutuen hasiera bateko onespena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2015eko urriaren 14an, eta behin betiko onespena, 2015eko azaroaren 25ean. Jakina, jabe ezezagun moduan, hala izan balitz ez bailitzateke ez eskatuko ez argitaratuko.
Geroago, Konpentsazio Batzordea eratzeko, Felicitas Meoqui Ariztiari bere etxera (Kale Nagusia, z.g. 31795 Lekaroz) burofaxa bidali zitzaion 2016ko urtarrilaren 29an. Emaitza hauxe izan zen: ez da entregatu hila baita. Emate-ziurtagiria 1 zenbakidun dokumentu moduan erantsi da.
Jarraiko batzarrak, lehena, otsailaren 17an egitekoa, bertan behera gelditu zen, eta bigarrena otsailaren 22an egiteko deia egin zen, Estatutuetan ezarritakoaren arabera, posta ziurtatuaz, jaso-agiriarekin. Otsailaren 17ko deialdirako otsailaren 9an igorritakoa aipatutako helbidean hartu zuen [...] zenbakidun NANa duen Miren S. Meoquik, 2016ko otsailaren 11n. Halaxe ageri da Postaren jaso-agirian. 2 zenbakidun dokumentu moduan erantsi dugu.
22rako deialdirako 2016ko otsailaren 12an igorritakoa [...] zenbakidun NANa duen Iñigo Morenok hartu zuen otsailaren 17an. Halaxe ageri da Postaren jaso-agirian. 3 zenbakidun dokumentu moduan erantsi dugu. Ezbairik ez da behar bezala jaso zela, alegazio-egilea aipatutako batzarrean egon baitzen. Beraz, gezurretan ari da aurretik ez zaiola jakinarazi dionean.
Ordutik hona ez da beste batzarretarako deirik egin, eta, ondorioz, Konpentsazio Batzordeak ez du inongo jakinarazpenik egin. Nafarroako Gobernuak tramitatu du Birzatiketa Proiektua eta, beraz, hari dagokio ukitutako jabeei jakinarazpenak egitea.
Proiektuaren sustatzailea arduratu da behar den epe eta moduan jabe guztiei jakinarazpenak egiteaz, salbuespenik egin gabe, eta, hartara, ez da jabe batek bere ondasunak Jabetza Erregistroan zuzen inskribatuta ez izatearen arduraduna.
Urbanizazio gastuekin ados ez egoteari dagokionez, ezin harrituago gaude, Urbanizazio eta Birzatiketa Proiektua bertaratu guztiek aho batez onetsi baitzuten, baita Dolores Meoqui Ariztiak ere, bidezko titulua ekarriz batzarrera.
Hala ere, gaur egun behar bezala inskribatu gabe baitago, Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak Konpentsazio Batzordeari eskatu dio jatorrizko 233. lurzatiaren jabetzatik ekarritako lurzatien esleipena zuzen dezan (Sandalo Meoqui y Aurquía, jabe moduan, eta Pedro María Meoqui y Echandi, gozamendun moduan).
Bere jabetzako lurzatiak erosteari dagokionez, kasu honetan eta beste edozeinetan, ondasunak, honako honetan higiezinak, partikularren artean salerosketa bidez eskualdatzeko, aldeek ados egon beharko dute eskualdatze horren baldintzetan, hots, xedean, salneurrian eta abarretan, Kode Zibilaren eta Foru Berriaren arabera.
Beraz, birzatiketa proiektu baten tramitazioan ezin zaio beste jabekide bati eskatu norbaiten jabetza erosteko, eta, orobat, horrek ez du proiektu horren determinazioetan, tramitazioan eta onespenean ondoriorik”.
Konpentsazio Batzordeak ekarritako dokumentazioaren arabera, begien bistakoa da Konpentsazio Batzordeak jakinarazpenak udal katastroan jabe moduan ageri den Felicitas Meoqui Ariztiari egin zizkiola.
Era berean, espedientean dagoen dokumentazioan ikusten da Mª Dolores Meoqui Ariztia andreari espedientean ageri den Iruñeko helbidean Birzatiketa Proiektua hasiera batean onetsi zuen Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 23ko 1118E/2016 Ebazpenaren jakinarazpena egiten saiatu zela. Kontua da akatsa egin zela eraikinaren solairuaren zenbakia adieraztean, eta horrexegatik ageri da “hartzaile ezezaguna” esaldia jaso-agirian. Beraz, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Lege iraungiaren 59.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, jakinarazpena iragarki bidez egin zen 254. Estatuko Aldizkari Ofizialean, 2016ko urriaren 20ko alean.
Nolanahi ere, adieraz dezagun Administrazioa beharturik dagoela behar den esparruan sartutako lurren erregistroko titularrak nor diren egiaztatzera. Eta hala egin zuen. Erregistroan ageri dira Sandalio Meoqui Aurquia jauna jabe soil moduan eta Pedro María Meoqui Echandi jauna gozamendun moduan (994 zenbakidun Erregistro-finka hori Baztango 15. poligonoko 233. lurzatia da). Halaber, espedientean ez dago Meoqui Ariztia andreak erreklamatzen duen jabetza egiaztatzen duen dokumentaziorik, eta Meoqui andreak ez zuen jendaurreko epean dokumentazio hori ekarri. Beraz, espedientean dagoen dokumentazioa kontuan izanik, ezin da alegazio-egilea –lurzati horren gaur egungo jabea dela badio ere– lurzati horren jabe moduan hartu, eta, horrenbestez, datozen jarduketetan ez da harekin harremanik izanen.
Azaldutakoagatik, ondorioztatu behar da alegatutako arau-hausteak ezin duela aurrera egin.
Bere lurrak erosteari dagokionez, Konpentsazio Batzordeak arrazoi du esaten duenean salerosketa kontratu bat egiteko bi aldeen ageriko borondatea behar dela. Horrenbestez, alegazio-egileak ezin du bere aldetik lurzatia eros diezaioten galdatu, eta, orobat, Administrazio honek ez du eskumenik Konpentsazio Batzordeari aipatutako negozio juridiko hori egin dadin inposatzeko.
Hori dela-eta, lehen alegazio hau ezetsi behar da.
–2. alegazioa, Clemente Garde Garbalena jaunak egina.
Adierazten du Baztango 13. poligonoko 176. lurzatia, birzatiketan ekarritako 2. lurzatiaren zati moduan sartutakoa, ez dela Palacio Arozteguia SLrena, berak eta bere emazteak 1999an erosi baitzuten. Dokumentazio hau ekarri du horren egiaztagiri: salerosketa eskritura, 1999ko maiatzaren 27koa, Ana Araiz Rodríguez Elizondo notario andrearen aitzinean emana, zeinetan 13.150 m²-ko finkaren jabetza osoa eskuratzen baita (finka hori Baztango 13. poligonoko 175. lurzatiarekin eta poligono bereko 176-A lurzatiaren zati batekin bat egiten du); Baztango 13. poligonoko 176. lurzatiaren lurzati-zedula; Iruñeko 5. Jabetza Erregistroaren ohar sinplea, zeinetan esaten baita jabea Clemente Garde Garbalena jauna dela eta Baztango 13. poligonoko 176. lurzatiari dagokiola. Eskatzen du lurzatiaren jabe bakar moduan hartzea eta datozen jarduketetan harekin harremanak izatea.
Bere aldetik, Konpentsazio Batzordeak, besteak beste, adierazten du “(...) 13. poligonoko 176. katastro-lurzatiaren jabea Palacio de Arozteguia SL da (halaxe egiaztatzen da Iruñeko 5. Jabetza Erregistroan ageri den 2.209 zenbakidun finkaren deskribapenean –10. inskripzioa, 2008ko azaroaren 17koa, bereiztea eta alegazio-egileari egindako salmentaren ondorengoa: “Barruti borobila, 7. eta 8. deskripzioetan azaldutakoa, inskripzioa arrazoitu zuen tituluan erraten duena 13. poligonoko 51., 55., 161., 162., 176., 179. eta 181. lurzatiak hartan sartuta daudela (...)”.
Halaber, uste du alegazio-egileak aurkeztutako salerosketa eskriturak “(...) finka 176. lurzatiarekin identifikatzen duela, mugak eta azalera kontuan izanik, benetan 175. lurzatia bada ere (...)”.
2016ko abenduaren 21ean, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zerbitzu Juridikoak mezu elektroniko bat bidali zion Iruñeko 5. Jabetza Erregistroari esanez espedientean, Baztango 13. poligonoko 176. lurzatiari dagokionez, kontraesanean dauden bi dokumentu publiko zeudela eta haren jabetza bi titularrek eskatzen dutela.
Jabetza Erregistroak, bere aldetik, posta elektronikoz adierazi zuen Baztango 14.949 zenbakidun finkaren erregistro-historiala egiaztatu duela –jabea Clemente Garde Garbalena jauna da– eta hartan akats bat dagoela; han esaten da finka hori Katastroko 13. poligonoko 176. lurzatia dela, errealitatean 13. poligonoko 175. lurzatia bada ere. Ildo horretan, adierazten da ofizioz zuzendu direla Erregistroko datuak. Horren egiaztagiri 14.949 zenbakidun finkaren ohar sinplea gehitu da –finkaren jabea Clemente Garde Garbalena jauna da, eta Baztango 13. poligonoko 175. lurzatia da–. Era berean, aditzera ematen da Clemente Garde Garbalena jaunari egin diren aldaketak jakinarazi zaizkiola.
Azaldutakoagatik, erregistroan aipatutako aldaketa egin ondoren, esan dezagun 13. poligonoko 176. lurzatiaren jabetza eskubideak Palacio de Arozteguia SLrenak direla.
Azkenik, adierazi behar da Baztango 13. poligonoko 175. lurzatia, Clemente Garde Garbalena jaunarena dena, ez dagoela birzatiketa proiektu honen esparruan sartua.
Horrenbestez, ezetsi egin da alegazioa.
–3. alegazioa, Miren Meoki Plaza andreak Lekarozko Herriaren izenean egina.
Azaltzen du Baztango 2.209 zenbakidun erregistro-finkaren deskribapenean (15. poligonoko 108. lurzatia), adierazten dela izan badirela San Martzial ermita eta bidea, eta haien jabea Lekarozko herria dela eta, orobat, ez direla Birzatiketa Proiektuan ageri. Halaber, aipatutako ermitak dokumentuan agertu behar duela, dela mantendu beharreko eraikin finkatu moduan, dela eraitsi, suntsitu edo ordezkatu beharreko ondasun moduan. Orobat, lehen aukeraren alde egiten du. Iruñeko 5. Jabetza Erregistroaren ziurtagiria ekarri du.
Konpentsazio Batzordeak ondokoa erantzuten du:
Alegazioa ezetsi behar da Aroztegiko ermita Palacio de Arozteguia SL-rena baita. Eraikin hori eta hark okupatutako lurzorua Baztango 2.209 zenbakidun erregistro-finkan sartuta daude, eta finka horren jabea Palacio de Arozteguia SL da.
Jabetza hori honako hauetan oinarritzen da:
1. Aipatutako 2.209 zenbakidun erregistro-finkaren salerosketa titulua aurreko jabeari eta horrek aurreko beste jabe batzuetatik hartu zuen, eta haiek, orobat, eraikin horren gaineko jabetza titulua zuten.
Horri dagokionez, azpimarratzekoa da erregistro-historial osoko 5. inskripzioa, 4”-ri eta 2”-ri dagokienez. Inskripzio horretan esaten da emita hori 2.209 zenbakidun finkaren zatia dela.
Beraz, Palacio de Arozteguia SLk badu erregistroko fede publikoa.
2. Horrekiko koherentzian, Udalaren gaur egungo Katastroan eta aspaldikoetan eraikin hori (Katastroan, gainera, “Aroztegiko ermita” moduan ageri dena) 2.209 zenbakidun erregistro-finkaren jabeena zela, eta, gaur egun, Palacio de Arozteguia SLrena.
Historial katastrala gehitu da (5. dokumentua).
3. Eta, aurrekoarekin batera, agerikoa da Palacio de Arozteguia SLk eta aurreko jabeek eraikin hori aspalditik izan dutela, modu baketsuan eta jabe oso moduan.
Aitzitik, Lekarozko Herriak ez du Aroztegiko ermitaren jabetza-titulurik, honako hauengatik:
A) Lekarozko Herriak alegazioan aipatutako ondasuna ez du identifikatzen, eta ermita bati egiten dion erreferentzia generikoarekin (izena ere desberdina da) ezin da identifikatu Aroztegiko jauregiaren ondoan dagoen ermita moduan.
B) Lekarozko Herriak ez du sekula bere izenean inskribatuta izan orain alegazioan erreklamatzen duen berariazko finka moduan, eta, beraz, ez du ez erregistro-titulurik, ez jabetza-titulurik.
C) Lekarozko Herriak ez du Aroztegiko ermita jabetzapean inskribatuta izan, ez Katastroan, ez Udalaren Ondasunen Inbentarioan ere.
D) Lekarozko Herriak ez du sekula jabetzapean izan Aroztegiko jauregiaren ondoko ermita. Halaber, ez du jabe moduan sekula jabetza- eta jabari-egintzarik egin, eta, egiaz, ez du sekula ermitan sartzeko giltzarik izan, ez du sekula bere xederako erabili, eta, orobat, ez du sekula hura konpondu edo haren mantentze-lanik egin, herriak ordainduta, alegia.
Gai honen gaineko kontsulta egin da Iruñeko 5. Jabetza Erregistroan (mezu elektronikoa bidali zen 2017ko urtarrilaren 18an). Erregistroak hauxe erantzun zuen:
“2016ko otsailaren 17an, Miren Meoki Plaza andreak, (...) NANa duenak, Lekarozko zinpeko alkateak, Baztango 2.209 zenbakidun erregistro-finkaren jabariaren eta zamen lehen inskripzioaren ziurtagiria eskatu zuen (30 zenbakidun liburu egunkariko 439 zenbakidun aurkezpen-erregistroa). (Lehen inskripzioaren gaineko ziurtagiria egin zen, Miren Meoki Plaza andreak hala eskatu baitzuen).
2016ko otsailaren 16an, ziurtagiri hori eman zen. Hitzez hitz honela dio: “La Ermita de San Marcial propiedad del lugar de Lecaroz, y atraviesa un camino sendero que del pueblo se dirige a la misma y al palacio” (San Martzial ermita Lekarozko herriarena da, eta herritik hara eta jauregira doan bide batean dago).
Lehen inskripzioa 1888ko urtarrilaren 16koa da.
Lehen inskripzio horretan adierazi zen zein zen finka osoaren azalera San Martzial ermitaren azalera kenduta.
Hala ere, aipatutako finka horren bosgarren inskripzioan berriro deskribatzen da finka, eta, orobat, esaten “Katastroko datuen arabera, ermita finka honen zatia da, solairu bakarra du, eta, guztira, haren orubearen azalera osoa 87 metro karratukoa da–; halaber, gaur egun finkaren azalera berrogeita lau hektarea, laurogeita bederatzi area eta laurogei zentiareakoa da, ermitaren azalera gehituz”. (Azalera hori barrutiaren eta bere jabetzen eta ermitaren azaleren batura da).
Erregistrotik ondorioztatzen da Aroztegiko jauregiko barrutiaren barnean sartuta dagoela ermita (kontuan izan jadanik ez dela San Martzial ermita deitzen, jauregiko eta haren barrutipeko ermita baizik), eta haren azalera finkaren azalera osoaren barnean sartu dela; halaxe egin da ondorengo inskripzioetan ere. Hau da: ermita 2209 zenbakidun erregistro-finkaren barnean inskribatuta dago eta Palacio de Arozteguia SLrena da”.
Horregatik, alegazioa ezetsi egin da.
–4. alegazioa, Joseba Otondo Bikondo jaunak Baztango Batzar Nagusiaren izenean egina.
Adierazten du, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioaren edo Nafarroako Foru Berriaren 43.2 legearen arabera, Baztango Haranari berezko nortasun juridikoa onartzen diola eta, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 9. artikuluarekin bat etorriz, Baztango Haranak tradiziozko antolaketa berezi eta historikoari eusten diola eta, orobat, herri lurretako 16. poligonoko 510. lurzatiaren ondoriozko aprobetxamenduak Baztango Haranari dagozkiola eta ez Baztango Udalari.
Alderdi honen gainean honako hau erantzun du Konpentsazio Batzordeak:
Lehena.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 9. artikuluan esaten da “Baztango Udalerriak, hau da, Udalak, Ibarreko Batzar Nagusiak eta bertako herrietako batzarreek osaturik, bere tradiziozko antolamenduari eutsiko dio”.
Beraz, Baztango Udala eta Baztango Batzar Nagusia udalerri bereko organoak dira, eta bakoitzak bere jarduna garatzeko eskumenak eta lege-esparrua ditu, eta ez da bata bestearen gainean gailenduko edo hierarkikoki bata bestea baino gorago egonen.
Bigarrena.–Ondasunei dagokienez, Baztango Ordenantza, Koto eta Paramentuen 52. artikuluaren arabera, Batzar Nagusiak Baztango Haraneko herri lurrak administratu, ordenatu, aprobetxamendu-araubidea ezarri, zaindu eta begiratzeko ahalmenak izanen ditu.
Jarraian, ordenantzetan xeheki arautzen dira honako hauei dagozkienak: herri lurrak, bazkak, herri lurretan egindako oihan landatzeak, iralekuak, landatzeak, etxeko egurra, saroiak, bordak eta herri lurretan nekazaritzarako eta abeltzaintzarako egindako bestelako eraikinak, herri lurretan egindako bestelako eraikinak, ehiza eta onddo eta ziza bilketa, kirol jarduerak, aisialdirako eta jolaserako jarduerak, ura eta ureztapena, erauzte jarduerak, mendiko bide eta pistak; horiek guztiek ez diote erreferentziarik egiten planeamendu bat onetsi eta egikaritzearen ondoriozko ondare-ondasunen kudeaketari edo administrazioari.
Eta hori ez da idazterakoan “atzendu” delako, ikus baitaiteke alderdi asko xeheki arautzen direla, guzti-guztiak herri lurrei dagozkienak. Eta Batzar Nagusiak ez ditu administratzen edo kudeatzen ondare-ondasunak, eta ez da haien jabe.
Hirugarrena.–Hala ere, 6/1990 Foru Legean, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen 280/1990 Foru Dekretuan, 35/2002 Foru Legean (lurraren udal ondareari dagokionez) eta Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legean ezarritakoaren arabera, ondare-ondasunak kudeatu, eskura utzi eta administratzeko eskumen horiek berak udalari dagozkio eta ez batzar nagusiari, ondare-ondasunei dagokienez.
Eta Baztango udalerrian ondare-ondasunak administratu, kudeatu eta eskura jartzeko gaitasunak udalari dagozkio, eta foru-legeriak ezarritakoaren esparruan garatuko ditu.
Laugarrena.–Aurrekoa esan ondoren, 16. poligonoko 510. lurzatiari dagokionez, alegazio-egileak lurzati hori “herri lur” moduan kalifikatzen du, eta ez “ondare lur” moduan. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 103.3 artikuluaren arabera, lurzati hori automatikoki ondare-lur bihurtu da Lekarozko Aroztegiko jauregiaren inguruko turismo, hotel, kirol eta egoitza eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala behin betiko onetsi ondoren.
Hau da, herri lur bat, planeamendua dela-eta, hiri lur edo lur urbanizagarri moduan sailkatzen dena, automatikoki ondare-lur bihurtzen da.
Ondorioz, Birzatiketa Proiektuak lurzati horretatik ateratako aprobetxamenduak Baztango udalerriaren ondare-ondasun moduan esleituko ditu. Ondasun horiek kudeatu, administratu eta eskura jartzea Baztango Udalari dagokio, eta Udalaren Lur Ondarean txertatzen dira. Halaxe adierazten da Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko Herri-lurren Atalaren 2014ko irailaren 30eko txostenean.
Parte batean transkribatu den idazkia irakurri ondoren, hartatik ondorioztatzen da Konpentsazio Batzordeak onartzen duela 16. poligonoko 510. lurzatiaren ondoriozko aprobetxamenduak Baztango Haranari esleitu behar zaizkiola, alegazio-egileak eskatutakoari jarraikiz.
Beste kontu bat da Baztango Haranaren tradiziozko antolamendu bereziaren barnean udal ondasunen kudeaketa eta administrazioa organo administratibo bati edo besteari agintzea, indarra duten udal lege eta ordenantzetan esleitutako ahalmen eta eskumenen arabera. Birzatiketa Proiektuan ez dute zertan agertu udal ondasunak kudeatzeko eskumenek, udalerriak berak konpondu beharreko gaia baita. Beraz, bidezkoa da Birzatiketa Proiektuak behar diren aprobetxamenduak Baztango Haranari esleitzea, hori baita bidea aipatutako titulartasun horrek Jabetza Erregistroan inskripzioa sortzeko.
Horrenbestez, alegazioa baiesten da.
II.–Construcciones Arakan SLren eskaera.
2016ko azaroaren 2an, Celestino Elizondo Iribarren jaunak, Baztango 15. poligonoko 237. lurzatiaren jabea den Construcciones Arakan SLren ordezkari moduan, idazki bat aurkeztu du eta hartan eskatu aipatutako lurzati jatorrizkotik bereizi beharreko zatia erostea edo desjabetzea; birzatiketan sartua da.
Konpentsazio Batzordeak honako hau dio:
“Birzatiketan sartutako zure lurzatiaren zati bat erosteko eskaerari dagokionez, partikularrek beren borondatez saldu edo erosi nahi ez badute, ez dago erosketarik eta, ondorioz, ezin da inor erosketa hori egitera behartu eta eskari hori ez da loteslea.
Azalera hori desjabetzeko eskaerari dagokionez, 35/2002 Foru Legeko 162. artikuluan ezartzen bada ere jabeek Sistematik salbuestea eska dezaketela, Konpentsazio Batzordean ukitutako ondasunak eta eskubideak desjabetzearen ondorioetarako eta agindu horren literaltasunaren arabera, eskaera hori Birzatiketa Proiektua hasiera batean onetsi baino lehenago egin behar da. Honako honetan halakorik gertatu ez denez, ezin da eskaera onartu”.
35/2002 Foru Legearen 162. artikulua, Nafarroan hirigintza iraunkorra, hiri-berrikuntza eta hirigintza-jarduera laguntzeko neurriei buruzko martxoaren 5eko 5/2015 Foru Legeak emandako idazpen berrian:
“162. artikulua. Sistematik at gelditzea.
Beren lurrak libreki eskualdatzea galarazi gabe, batzordean sarturik dauden eta sisteman parte hartu nahi ez duten jabeek udalari eskatzen ahalko diote, birzatiketa proiektuaren hasierako onespenaren aurretik, desjabetu dakizkiela beren ondasun eta eskubide ukituak batzorde horren alde, horrela beraiek batzordetik kanpora geldi daitezen, ondorio guztietarako, eskaera egiten duten egunetik; horrek ez du sistema geldiaraziko, eta premiazko desjabetzapenaren sistema aplikatuko da. Desjabetutako finkei dagozkien eskubideak eta betebeharrak Konpentsazio Batzarrari esleituko zaizkio. Azken horrek, prozedura hasi baino lehen, administrazio jarduleari bermatu beharko dio balio justua ordaintzeko behar beste funts badauzkala. Kasu horietan, udalak desjabetze prozedurari hasiera eman beharko dio gehienez ere hiru hilabeteko epean”.
Desjabetzapen eskaera 35/2002 Foru Legeko 162. artikuluan ezarritako epeaz kanpo aurkeztu da. Beraz, ezin da onartu.
Iragarkiaren kodea: F1709211
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
