Iragarkia
154. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 10a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1151/2017 EBAZPENA, 2017ko uztailaren 4koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzea “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ebaluazio Prozesuak arautzen dituen Araudia aldatzen duena”, Gobernu Kontseiluak 2017ko uztailaren 4an hartu zuen erabakiaren bidez onetsia.
2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agintzen dut argitaratzeko Gobernu Kontseiluaren 2017ko uztailaren 4ko Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ebaluazio Prozesuak arautzen dituen Araudia aldatzen duena.
“ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO EBALUAZIO PROZESUAK ARAUTZEN DITUEN ARAUDIAREN ALDAKETA ONESTEN DUENA
Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Legeak, apirilaren 12ko Lege Organikoak aldatutakoak, bere 2.2.f eta 46.3 artikuluetan, unibertsitateei autonomia eta eskumenak ematen dizkie, ikasleen jakintzak egiaztatzeko prozedura ezartzeko. Horretaz gainera, 2010eko abenduaren 30eko 1791/2010 Errege Dekretuak, Unibertsitateko Ikaslearen Estatutua onesten duenak, bere 25. artikuluan ezartzen duenez, ikasleen eskola-errendimenduaren ebaluazioa irizpide publiko eta objektiboen arabera egingo da, etengabeko ebaluaziorako joera izango du, eta hezkuntzaren tresna ardurakide gisa eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren fase bat bezala ulertuko da.
Gobernu Kontseiluak, 2011ko abenduaren 15ean egindako bileran, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ebaluazio prozesuak arautzen dituen araudia onetsi zuen.
2015ean, Unibertsitate Komunitatearen Arartekoak zenbait gomendio aurkeztu zituen bere urteko txostenean, eta haietako asko lotuta zeuden aipatutako araudiarekin.
Ikasleen Kontseiluko Osoko Bilkurak 1 eta 2-2016 erabakiak onetsi zituen, aipatutako araudian zenbait aldaketa egitea proposatu zutenak, besteak beste.
Bi eskaera horiek kontuan harturik, eta araudia zenbait ikasturtetan aplikatu ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzendaritza Taldeak egokitzat jo zuen araudiaren alderdien artean premia handiena zutenak berrikustea.
Horregatik, eta Irakaskuntzako errektoreordeak proposatuta, hau da Gobernu Kontseiluak, 2017ko uztailaren 4an egindako bileran, hartu duen,
ERABAKIA:
Lehena.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoko ebaluazio prozesuak arautzen dituen araudiaren aldaketa, erabaki honen I. Eranskinean ageri den bezala.
Bigarrena.–Onestea testu bategina eta erabaki honen II. eranskinean datozen aldaketak.
Hirugarrena.–Erabaki hau jakinaraztea Irakaskuntzako errektoreordeari, Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordeari, ikastegi eta sailetako zuzendaritzei, Ikasleen Kontseiluari eta Irakaskuntza Zerbitzuari.
Laugarrena.–Erabaki honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.
Iruñean, 2017ko uztailaren 4an.–Errektorea, Alfonso Carlosena.
I. ERANSKINA
Nafarroako Unibertsitate Publikoan ebaluazio prozesuak arautzen dituen araudiaren aldaketak
1.–2.2. artikuluaren aldaketa.
Egungo testua: “Ebaluazioaren ardura duten irakasleak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio- edo errefusatze-kasuetan sartzen badira, inplikatutako saileko eta sailetako Kontseiluak ordezko irakasle bat izendatuko du, kideko arloetako irakasleen artetik”.
Honek ordezkatuko du: “Ebaluazioaren ardura duten irakasleak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan xedatutako abstentzio- edo errefusatze-kasuetan sartzen badira, irakasgaiko arduraduna den irakaslea ebaluazioaren arduraduna izango da. Bera baldin bada ukitutakoa, inplikatutako saileko kontseiluak ordezko irakasle bat izendatuko du, kideko arloetako irakasleen artetik”.
2.–3.7 artikuluaren aldaketa.
Testuaren amaieran gehituko da: “ ... eta azken kalifikazioan kontuan hartu behar dira.”
3.–3.8 artikuluaren aldaketa.
Egungo testua: “Aparteko egoeretan, irakasgai baten edukien parte garrantzitsu bat ezin izan bada irakaskuntza aldian landu, ukituta dauden irakaslegoetako irakasleek adostuko dute ebaluazioa noraino hedatzen den, ikasleen ordezkariei entzun ondoren. Adostasunera iritsi ezean, Ikastegiko Irakaskuntza Batzordeak erabakiko du, ukitutako ordezkariei eta irakasleei entzun ondoren”.
Honek ordezkatuko du: “Aparteko egoeretan, irakasgai baten edukien parte garrantzitsu bat ezin izan bada irakaskuntza aldian landu, irakasgaiaren irakasle arduradunak eta ukituta dauden irakaslegoetako irakasleek adostuko dute ebaluazioa noraino hedatzen den, ikasleen ordezkariei entzun ondoren. Adostasunera iritsi ezean, ikastegiko irakaskuntza-batzordeak erabakiko du, ukitutako ordezkariei eta irakasleei entzun ondoren”.
4.–4. artikuluaren aldaketa.
Egungo testua honen ordez aldatzea:
“4. artikulua. Aniztasunari arreta ematea.
1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere betebehartzat hartzen du desgaitasunaren ondorioz edo ikastearen nahasmendua eta arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmenduaren ondorioz behar bereziak dituzten ikasleei ziurtatzea gainerako ikasleek dituzten bermeak, ebaluatzeko prozeduretan eta mekanismoetan.
2. Aurreko atalean sartzen diren ikasleak Unibertsitateari jakinaraziko diote, eta hark Gizarte Ekintzarako Unitatera bideratuko ditu, balioespena egin eta dagozkien errekurtsoak, mekanismoak eta laguntzak ezartzeko.
3. Gizarte Ekintzarako Unitatearen erantzukizuna izango da ukitutako irakasgaien irakasleei beharrezko informazioa ematea eta balioespenerako beharrezkoak diren mekanismoak eta laguntzak ezartzea, laguntza emanez, gainera, horiek abiarazteko.
4. Ebaluazio sistemak ikasle horien behar bereziei egokituko dira, eskubideak bermatuz kasu guztietan eta unibertsitate ikasketetan horien integrazioa bultzatuz.
5. Azterketak egiteko behar diren egokitzapenek eduki ditzakete metodologia desberdinak, laguntza teknikoak, azterketa denboraren aldaketak, egutegi akademikoaren malgutasuna edota beste zenbait jarduketa, ikasleen banakako balioespena kontuan hartuz.
6. Kasu berezietan, ikasleen egoerak egokitzapen nabariak ekarri behar baditu curriculumean, berariaz eratuko den batzorde bat izango da eskuordeturiko agintaria behar diren erabakiak hartzeko. Erabaki horiek nahitaez bete beharko dituzte ukituriko ikasleek eta irakasleek.
7. Aurreko puntuak aipatzen duen batzordean ondoko hauek egongo dira: ikasleen gaietan, irakaskuntzan eta gizarte gaietan eskumena duten errektoreordetzen ordezkariak, Ikasleen Kontseiluaren ordezkari bat eta ukituta dagoen ikastegiko zuzendaritzaren ordezkari bat.
8. Ikasle horiek beren eskubideak gainerako ikasleen baldintza beretan betetzeko beharrezkoak diren baliabide eta egokitzapenek ez dute inoiz ere murriztuko eskatzen den irakaskuntza maila”.
5.–III. kapituluaren izenburuaren aldaketa.
Egungo testua: “EBALUATZEKO IRIZPIDEAK ETA JARDUERAK”.
Honek ordezkatuko du: “EBALUAZIO SISTEMA”.
6.–10. artikuluaren aldaketa.
Egungo testua honen ordez aldatzea:
“10. artikulua. Ebaluazio sistemak irakaskuntza gidetan.
1. Irakaskuntza gida ikasleek duten erreferentziako oinarrizko agiria da. Bertan irakasgai bakoitzaren ebaluazio sistemak jasoko dira, hau da, irakasgai bakoitza ebaluatzeko irizpideak eta jarduerak, bai eta aurreikusi diren ikaskuntzaren emaitzak ebaluatzeko baldintzak eta prozedurak ere.
2. Ebaluazio sistemek irakasgaian aurreikusi diren ikaskuntzaren emaitzak noraino bete diren ebaluatu eta kalifikatu behar dute, eta azaldu behar dute, anbiguotasunik gabe, nola lortuko den aktan jasoko den azken kalifikazioa, baita “ez aurkeztua” egoera ere.
3. Ebaluatzeko jardueretan sartu beharko da, gutxienez ere, ondoko informazio hau:
a) Ikaste prozesuaren emaitza.
b) Ebaluazio jardueraren azalpen laburra.
c) Jardueraren ehunekoetako pisua irakasgaiaren azken balioespenean. Ahalegina egingo da jardueraren pisua jarduera horri atxikitako dedikazio orduekin bat etortzeko.
d) Lortu beharreko gutxieneko kalifikazioa, hala badagokio, irakasgaia gainditzeko edo kalifikazioa haztatzeko.
e) Jarduera bat berreskuragarria ote den, edo ez. Jarduera bat berreskuragarria dela joko da baldin eta, ikasleak Unibertsitateak finkatzen duen errekuperatzeko ebaluazio aldian (graduetarako) edo ohiz kanpoko deialdian (masterretarako), azterketen edo beste proben bidez gainditzeko aukera baldin badu. Irakaskuntza gidetan, hori lortzeko beharrezkoak diren jarduerak zehaztuko dira. Oro har, hori izango da ebaluazio jarduera gehienen izaera, eta izaeraren arabera berreskuragarriak ez diren jarduerak soilik geratuko dira kanpoan. Berreskuragarriak diren jardueren kasuan, baldintza minimoak ez exijitzea gomendatzen da, ikasleak errekuperazioa egin ahal izateko.
f) Beharrezkoa den, edo ez, hainbat jardueratan parte hartzea eta gainditzea: laborategiko praktikak, klinika-praktikak, Practicuma, mintegiak eta abar.
g) Jarduera egiteko baldintzak: iraupena, baimendutako material osagarria, eta jarduera egiteko beharrezkoa den beste edozein informazio.
h) Irizpideak eta prozedurak, hala badagokio, irakasgaiaren kalifikazioa hobetzeko.
4. Oro har, eta araudi espezifikoak dituzten irakasgai guztiz praktikoen kasua alde batera utzita, ebaluazio-jarduerak planifikatzeko garaian honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
a) Irakasgaia gainditzeko gutxieneko kalifikazio bat zehazten duen edozein ebaluazio-jarduera berreskuragarria izango da nahitaez.
b) Berreskuragarriak ez diren ebaluazio-jarduerak baldin badaude, horien guztien batuketa ez da izango irakasgaiaren ebaluazio osoaren %50 baino gehiago.
c) Denbora partzialeko arduraldia daukaten ikasleen kasuan, irakaskuntza-taldeko arduradunak diren irakasleek aukerak emango diete ikasle horiei berreskuragarriak ez diren eta irakastaldian programatuta dauden etengabeko ebaluazio-jardueretan parte har dezaten, ikasleok ezin badira horietara joan; edo, hala badagokio, Unibertsitateak seihileko bakoitzaren bukaeran ezartzen duen errekuperatzeko ebaluazio aldira (graduetarako) edo ohiz kanpoko deialdira (masterretarako) pasako ditu.
d) Mugikortasun programan dauden ikasleen kasuan, aurreko ikasturteetan egindako eta gainditu gabeko irakasgaiak badituzte, irakaskuntza-taldeko arduradunak diren irakasleek aukera emango diete ikasle horiei berreskuragarriak ez diren ebaluazio-jardueretan parte har dezaten.
5. Irakaskuntza-gidetan ezarritako ebaluazio-irizpideak eta jarduerak, eta beren ezaugarriak, ezin izango dira aldatu dagokion seihileko akademikoa hasi eta gero.
6. Irakaskuntza-gidak zalantzagarriak edo trinkotasunik gabeak badira, irakasgaiaren irakasle arduradunek eta ukitutako taldeen delegatuek adostasunez zuzenduko dituzte. Akordiorik ez bada, titulazioaren erantzuleak ebatziko du, ikasleen delegatuei eta irakasgaiaren irakasleei entzun eta gero.
7.–11. artikuluaren aldaketa.
Egungo testua: Titulazioen arduradunak diren ikastegiak arduratuko dira ... “.
Honek ordezkatuko du: Irakasgaiaren irakasle arduraduna, moduluaren eta irakasgaiaren arduraduna eta titulazioen arduradunak diren ikastegiak arduratuko dira ... “.
8.–2. idatz-zati bat gehitu zaio 12. artikuluari.
“2. Unibertsitateko irakaskuntzarako plataforma birtualeko ebaluazio birtualeko probak bi urtez gordeko dira aipatu plataforman”.
9.–Lansariak eta egungo 12.2 artikuluaren aldaketa.
Egungo testua: “2. Kalifikazioaren aurkako errekurtsoa jartzen bada, dokumentu guztiak gordeko dira, gaia behin betikoz ebatzi arte”.
Honek ordezkatuko du: “3. Kalifikazioaren aurkako errekurtsoa jartzen bada, dokumentuak gaia ebatzi arte gordeko dira”.
10.–14.3 artikuluaren aldaketa.
Egungo testua: “3. Irakaskuntza-gidek bete beharreko baldintza espezifiko batzuk bil ditzakete, adibidez ondoko hauek: azterketak edo bestelako probak egitea, eskola praktiketako gutxieneko ordu kopuru jakin batera joatea, lanak, proiektuak, laborategiko praktikak edo Practicuma derrigorrez egitea edo mintegietan parte hartzea”.
Honek ordezkatuko du: “3. Irakaskuntza-gidek bete beharreko baldintza espezifiko batzuk bil ditzakete irakasgaia gainditzeko, adibidez ondoko hauek: azterketak edo bestelako probak egitea, eskola praktiketako gutxieneko ordu kopuru jakin batera joatea, lanak, proiektuak, laborategiko praktikak edo Practicuma derrigorrez egitea edo mintegietan parte hartzea”.
11.–15.1 artikuluari testua gehitzea.
Egungo testua: “ ... irakaskuntza alditik kanpo”.
Honek ordezkatuko du: “ ... irakaskuntza alditik eta etengabeko ebaluaziotik kanpo”.
12.–15.2 artikuluaren aldaketa.
Egungo testua: “ ... 10. artikuluaren 2.e idatz-zatian ezarritako moduan”.
Honek ordezkatuko du: “ ... 10. artikuluaren 3.e idatz-zatian ezarritako moduan”.
13.–15.3 artikuluaren aldaketa.
Egungo testua: “ ... 10. artikuluaren 3.c idatz-zatian ezarritako moduan”.
Honek ordezkatuko du: “ ... 10. artikuluaren 4.c idatz-zatian ezarritako moduan”.
14.–4. idatz-zati bat gehitzen zaio 15. artikuluari:
“4. Mugikortasun programan dauden ikasleen kasuan, aurreko ikasturteetan egindako eta gainditu gabeko irakasgaiak badituzte, irizpide bera aplikatuko da, 10. artikuluaren 4.d idatz-zatian zehazten den moduan”.
15.–15. artikuluaren ondorengo idatz-zatiei zenbakia aldatu zaie:
4. idatz-zatia 5.a izango da.
5. idatz-zatia 6.a izango da.
16.–16.2 artikuluaren aldaketa.
Egungo testua: “2. Ikasleak halakorik eskatzen badu, dagokion irakasgaiaren irakaskuntza esleituta daukan edo daukaten sailaren edo sailen batzordeak edo batzordeek ebaluazio-epaimahai espezifikoa izendatuko dute, baita ordezko epaimahaia ere. Epaimahai hauek errekuperatzeko ebaluazio probaz ere arduratuko dira, hala badagokio. Epaimahai horien osaera idatziz jakinaraziko zaie bai ikasleari, baita epaimahaiak osatzen dituzten irakasleei ere”.
Honek ordezkatuko du: “2. Ikasleak halakorik eskatzen badu, dagokion irakasgaiaren irakaskuntza esleituta daukan edo daukaten sailaren edo sailen batzordeak edo batzordeek ebaluazio-epaimahai espezifikoa izendatuko dute, baita ordezko epaimahaia ere. Epaimahai horien osaera idatziz jakinaraziko zaie bai ikasleari, baita epaimahaiak osatzen dituzten irakasleei ere”.
17.–Indarrean dagoen 16. artikuluaren 5. idatz-zatiaren aldaketa:
“5. Ikasleek eskubidea edukiko dute errekuperatzeko ebaluazio proba irakasgaiaren ebaluazio-epaimahai espezifikoak egin dezan. Deialdiko aktak aurkezteko epea bukatzen den eguna baino hilabete lehenago eskatuko da eskubide hau betetzea, ikastegiko zuzendariari edo dekanoari zuzendutako idazkiaren bidez, behar bezala arrazoitua. Honek kopia bidaliko dio saileko edo sailetako zuzendariari edo zuzendariei. Aipatu idazkian eskatzen ahalko da, baita ere, epaimahaiko kideren bat errefusatzea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz”.
5. eta 6. idatz-zati hauek ordezkatuko dute:
“5. Ikasleek eskubidea edukiko dute errekuperatzeko ebaluazio proba edo ohiz kanpoko ebaluazio proba irakasgaiaren ebaluazio-epaimahai espezifikoak edo ordezkoak egin dezan”.
“6. Epaimahaiaren aurrean ebaluatzeko eskaera aurkezteko epea bukatzen den eguna baino hilabete lehenago aurkeztuko da eskaera, ikastegiko zuzendariari edo dekanoari zuzendutako idazkiaren bidez, behar bezala arrazoitua. Hark kopia bidaliko dio saileko zuzendariari. Aipatu idazkian eskatzen ahalko da, baita ere, epaimahaiko kideren bat errefusatzea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz”.
18.–Egungo 16. artikuluaren 6. idatz-zatia 7.a izango da.
19.–17. artikulu bat gehitu da:
“17. artikulua. Deialdia aurreratzea.
1. Dagokion titulu ofiziala lortzeko ikasketa planean gehienez 12 ECTS gainditu gabe dituzten ikasleen kasuan, kredituak matrikulatuta baldin badituzte eta aurretik gutxienez deialdi batean ebaluatu badira, egin gabe dituzten kreditu guztien ebaluazio proba aurreratzea eska dezakete ikasturteko egutegian finkatzen diren aldietan.
2. Ikasketa amaierako lana ez da zenbatuko egin gabe dagoen irakasgai moduan artikulu honen aurreko atalean dagokion ondorioetarako.
3. Deialdia aurreratzeko eskaera errektoreordetza eskumendunak ezarritako prozeduraren bidez egingo da, administrazio egutegiko aldietan.
4. Artikulu honen baldintzetan aurreikusi bezala, ikastegiak dagozkien irakasgaien irakasle arduradunei eskatuko die ebaluazio proba egitea, eta ebaluazioaren data zehatza ezarriko du eta ikasleari jakinaraziko zaio.
5. Ebaluazio proba aurreratzea eskatu duten ikasleak proba hori egiten den aldian ohiz-kanpoko akta batean jasoko dira”.
20.–Indarrean dagoen “Konpentsazioaren bidez gainditzea” izeneko 17. artikulua 18. artikuluak ordezkatuko du araudi berrian, eta eduki hau dauka:
“18. artikulua. Konpentsazioaren bidez gainditzea.
Ikasleek irakasgai-konpentsazioaren bidez gainditzeko aukera izango dute, graduko eta masterreko indarrean dagoen araudiko eskakizun guztiak betetzen badituzte”.
21.–“Kanpoko praktiken ebaluazioa” izeneko 18. artikulua ondoren aipatzen den moduan idatziko da:
“Enpresa eta erakundeetan egindako kanpo praktiken kasuan, ikastegian osatutako batzorde batek egingo du ikaslearen kalifikazioa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko berariazko araudia kontuan hartuz”.
22.–Beste artikuluei zenbaki berria ematea (indarrean dagoen araudiko 18.etik 34.era bitartekoak).
18.etik 34.erako artikuluak 19.etik 35.era zenbatuko dira araudi berrian.
23.–Egungo “Ebaluazio jardueretara joatea” izeneko 20.2 artikulua honela geratuko da:
“Ikasleak eskubidea dauka, programaturiko edozein ebaluazio-jardueratara joan eta gero, bertan egon dela baieztatzen duen egiaztagiria jasotzeko”.
24.–Indarrean dagoen 25. artikuluaren 1. eta 2. idatz-zatien enuntziatuak aldatu eta honek ordezkatuko du:
“26. artikulua. Azken ebaluazio-proben deialdia.
1. Graduko irakasgaien azken ebaluazio-proben deialdia, halakorik bada, ikastegiko idazkaritzan eta web-orrialdean argitaratuko da, ikasturte akademiko bakoitzaren matrikula-epea baino lehenago, proba non, zer egunetan eta zer ordutan egingo den adieraziz. Ikastegiak ezarriko ditu egunak, irakasgai bakoitzaren irakasleei eta ikasleen ordezkariei entzun eta gero.
2. Errekuperatzeko ebaluazio-proba (graduetarako) edo ohiz kanpokoa (masterretarako) denean, egun horiek Gobernu Kontseiluak ikasturteko egutegi akademikoa onetsi zuenean ezarritako ebaluazio aldiaren barruan geldituko dira”.
25.–Indarrean dagoen 26. artikuluaren aldaketa.
Egungo testua: “Ikastegiko zuzendaritza taldeak, irakasgaiaren irakasleei entzun eta gero, onesten ahalko du, salbuespenez, ikasleen ebaluazio eguna aldatzea”.
Honek ordezkatuko du: “Ikastegiko zuzendaritza-taldeak, eta, dagokionean, masterreko zuzendaritzak, irakasgaiaren irakasleei eta ikasleen ordezkariei entzun eta gero, onesten ahalko du, salbuespenez, ikasleen ebaluazio eguna aldatzea”.
26.–Indarrean dagoen 27.1 artikuluaren aldaketa.
Egungo testua: “1. Ikasleak egiten ahalko du, bere irakaskuntza-taldean irakasgaiaren arduradunak diren irakasleei idatziz, azterketa eguna aldatzeko banan-banako eskaera, horretarako aski arrazoi bada, honako hauek esaterako:
a) Gobernu Batzordearen, Gizarte Kontseiluaren, Ikastegiko Batzordearen edo Saileko Kontseiluaren bilera eta azterketa egun berean izatea, ikaslea deialdia egin duen organoko kidea bada.
b) Ikasleak matrikula egina duen titulazioan bi azterketa edo gehiago egun eta ordu berean izatea. Irakasgaien arteko lehentasuna honako hau izango da: oinarrizko prestakuntza, derrigorrezkoa eta aukerakoa. Lerrun bereko irakasgaien azterketa egiteko egun bera erabaki bada, beheragoko seihilekoarena izango da aldatuko ez dena.
c) Unibertsitateko kirol lehiaketak eta azterketa egun berean edukitzea, Unibertsitateak ofizialki parte hartzen badu horietan eta ikaslea Unibertsitatearen ordezkaria bada.
d) Irakasleek aski jotzen duten beste edozein.
Honek ordezkatuko du:
“1. Ikasleak eskubidea dauka norbanakoari azterketa eguna alda diezaioten eskatzeko, bere irakaskuntza-taldean irakasgaiaren arduradunak diren irakasleei idatziz, horretarako aski arrazoi bada, honako hauek esaterako:
a) Klaustroaren, Gobernu Batzordearen, Gizarte Kontseiluaren, Ikastegiko Batzordearen edo Saileko Kontseiluaren bilera eta azterketa egun berean izatea, ikaslea deialdia egin duen organoko kidea bada.
b) Ikasleak matrikula egina duen titulazioan bi azterketa edo gehiago egun eta ordu berean izatea. Irakasgaien arteko lehentasuna honako hau izango da: oinarrizko prestakuntza, derrigorrezkoa eta aukerakoa. Lerrun bereko irakasgaien azterketa egiteko egun bera erabaki bada, beheragoko seihilekoarena izango da aldatuko ez dena.
c) Unibertsitateko kirol lehiaketak eta azterketa egun berean edukitzea, Unibertsitateak ofizialki parte hartzen badu horietan eta ikaslea Unibertsitatearen ordezkaria bada.
d) Mugikortasun programetan dauden ikasleek, unibertsitate hartzailearen egutegia eta mugikortasunetik kanpoko seihilekoaren ebaluazio aldia aldi berean edukitzea.
e) Irakasleek aski jotzen duten beste edozein”.
27.–Indarrean dagoen 28. artikuluaren 1. idatz-zatia honela geratuko da:
“Ikasleak eskubidea du irakasgaiko irakaskuntza-gidan jasotako ebaluazio jarduera bakoitzeko kalifikazioa jakiteko. Kalifikazio horiek behin-behinekoak izango dira, lehen batean, eta ikasleak beti izen-abizenekin soilik identifikatuta egongo dira”.
28.–2. idatz-zati bat gehitu zaio 28. artikuluari:
“2. Irakaskuntza-aldian eta etengabeko ebaluazioan egindako ebaluazio jardueren eta proben emaitzak jendaurrean jarriko dira, proba egin edo jarduera amaitzeko epea bukatu eta biharamunetik kontatzen hasita 30 egun naturaleko epean, gehienez ere. Edonola ere, jendaurrean jarriko dira gutxienez dagokion seihilekoaren azkeneko ebaluazio probaren eguna baino hiru egun baliodun lehenago, baita errekuperazioko ebaluazio probaren kasuan ere. Bereziki, hurrengo proba bat egin edo gainditzeko aurreko probaren kalifikazioa loteslea edo baldintzatzailea bada, epe horiek errespetatu beharko ditu”.
29.–28. artikuluaren egungo 2. idatz-zatia aldatu da eta zenbaki berri bat eman zaio:
Egungo testua: “2. Ikasleak eskubidea edukiko du irakasgai baten behin-behineko kalifikazioa ezagutzeko, gutxienez irakasgai horren errekuperatzeko ebaluazioaren eguna baino hiru egun balioduneko aurrerapenarekin, ikasgelategiko iragarki-oholetan argitaratuz, edo Unibertsitateak ezartzen dituen bitarteko telematikoen bidez”.
Honek ordezkatuko du: “3. Ikasleak eskubidea edukiko du irakasgai baten behin-behineko kalifikazioa ezagutzeko, gutxienez irakasgai horren errekuperatzeko ebaluazioaren (graduetarako) edo ohiz kanpoko ebaluazioaren (masterretarako) eguna baino hiru egun balioduneko aurrerapenarekin, Unibertsitateak ezartzen dituen bitarteko telematikoetan argitaratuz”.
30.–28. artikuluaren egungo 3. idatz-zatia aldatu da eta zenbaki berri bat eman zaio:
Egungo testua: “3. Ikasleak irakasgaian atera duen kalifikazioa seihileko akademikoko errekuperatzeko ebaluazio aldia bukatu eta gero jakinaraziko da, ikasgelategiko iragarki-oholetan argitaratuz, edo Unibertsitateak ezartzen dituen bitarteko telematikoen bidez”.
Honek ordezkatuko du: “4. Ikasleak irakasgaian atera duen kalifikazioa seihileko akademikoko errekuperatzeko ebaluazio aldia (graduetarako) edo ohiz kanpoko ebaluazio aldia (masterretarako) bukatu eta gero jakinaraziko da, Unibertsitateak ezartzen dituen bitarteko telematikoetan argitaratuz”.
31.–28. artikuluaren egungo 4. idatz-zatia aldatu da eta zenbaki berri bat eman zaio:
Egungo testua: “4. Azken kalifikazioen argitaratzea akta egin baino lehenago egingo da, ikasleak berrikusteko eskubidea baliatu ahal izateko”.
Honek ordezkatuko du: “5. Azken kalifikazioen argitaratzea akta egin baino lehenago egingo da, Unibertsitateak ezartzen dituen bitarteko telematikoen bidez, ikasleak berrikusteko eskubidea baliatu ahal izateko”. Argitaratze data eta eguna bitarteko telematikoan agertzen dena izango da”.
32.–2. idatz-zati bat gehitu zaio indarrean dagoen 29. artikuluari:
“2. Ebaluazio probaren arduradunak diren irakasleak, beren kalifikazioak beste proba baten partaidetza baldintzatzen duenean, jendaurrean jarri beharko dute, eta berraztertu, gutxienez hiru egun baliodun lehenago. Adierazi beharko dute, halaber, kalifikazioekin batera, berraztertzea non, zer egunetan eta zer ordutan egingo den, eta tutoretza-orduekin bat egin dezake”.
33.–Indarrean dagoen 29. artikuluaren 2. idatz-zatiari zenbaki berri bat eman zaio:
2. idatz-zatia 3.a izango da.
34.–Indarrean dagoen 29. artikuluaren 3. idatz-zatia aldatu da:
Egungo testua: “3. Azken kalifikazioa berrikusi ondoren, ikaslea ados ez badago, errekurtsoa jar dezake; horretarako idazkia egin behar dio dagokion Saileko edo Sailetako zuzendariari eta bertan arrazoiak eman, berrikusketa egin ondoren, bi egun balioduneko epean. Ondorio hauetarako, zuzendariak edo zuzendariek epaimahaia izendatuko dute, saileko edo sailetako hiru kidek osatua, hauen artean ezin egongo dela ikaslea partaide den irakasgaiaren irakaskuntza taldeko irakaslerik. Hamar eguneko gehieneko epean, idazkia aurkeztu zuenetik kontatzen hasita, epaimahaiak auzia ebatziko du; ebazpen honen aurka gorako errekurtsoa jar daiteke, errektorearen aurrean, 1992ko azaroaren 26ko Administrazio Publikoen Eraentza Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legeak ezartzen dituen epeetan eta moduetan”.
Honek ordezkatuko du: “4. Kalifikazioa berrikusi ondoren, ikaslea ados ez badago, errekurtsoa jar dezake; horretarako idazkia egin behar dio dagokion saileko zuzendariari, eta bertan arrazoiak eman, berrikusketa egin ondoren, bi egun balioduneko epean. Ondorio horietarako, zuzendariak epaimahaia izendatuko du, saileko hiru kidek osatua, eta horien artean ezingo da egon ikaslea partaide den irakasgaiaren irakaskuntza-taldeko irakaslerik. Hamar egun balioduneko gehieneko epean, idazkia aurkeztu zuenetik kontatzen hasita, epaimahaiak auzia ebatziko du; ebazpen horren aurka gorako errekurtsoa jar daiteke, errektorearen aurrean, 2015eko urriaren 1eko Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluek ezartzen dituzten epeetan eta moduetan”.
35.–29. artikuluaren egungo 4. idatz-zatiari zenbaki berri bat eman zaio:
4. idatz-zatia 5.a izango da.
36.–33. artikuluaren egungo 5. idatz-zatia aldatu da:
Egungo testua: “5. Oro har, irakasgaiaren arduraduna den saileko edo sailetako zuzendaritzari dagokio, irakasgaiko irakasleari, ukitutako ikasleei, eta saileko edo sailetako zuzendaritzak beharrezko ikusten duen beste edozeini entzun eta gero, titulazioa atxikita daukan ikastegiko zuzendaritzari gorabeheraren berri eman behar zaion edo ez.”.
Honek ordezkatuko du: “5. Oro har, irakasgaiaren arduraduna den saileko zuzendaritzari dagokio erabakitzea, irakasgaiko irakasleei, ukitutako ikasleei, eta saileko zuzendaritzak beharrezko ikusten duen beste edozeini entzun eta gero, titulazioa atxikita daukan ikastegiko zuzendaritzari gorabeheraren berri eman behar zaion edo ez”.
37.–33. artikuluaren egungo 6. idatz-zatia aldatu da:
Egungo testua: “6. Sailaren edo sailen txostena jaso eta gero, ikastegiko zuzendaritzak erabakiko du errektoreari eskatu behar ote zaion dagokion zehapen-espedienteari hasiera eman diezaion, Unibertsitateko beste organo batzuek gai honetan daukaten eskumenen kaltetan gabe”.
Honek ordezkatuko du: “6. Sailaren txostena jaso eta gero, ikastegiko zuzendaritzak erabakiko du errektoreari eskatu behar ote zaion dagokion zehapen-espedienteari hasiera eman diezaion, Unibertsitateko beste organo batzuek gai horretan daukaten eskumenen kaltetan gabe”.
38.–Laugarren xedapen gehigarria, 2013ko maiatzaren 10eko Gobernu Batzordearen Akordioak onetsitako aldaketa baten bidez gehitu zena, hirugarren xedapen gehigarria izango da, honako titulu honekin “Eskola geldialdirako eskubidea”.
39.–“Aurreikusi ez diren egoerak” izeneko hirugarren xedapen gehigarria laugarren xedapen gehigarria izango da.
40.–Xedapen iragankor bakarra Azken xedapenak ordezkatuko du.
Ezabatu den testua: “Araudi hau aplikagarria izango da Nafarroako Unibertsitate Publikoan gradu edo master titulu ofiziala eskuratzera bideratutako titulazio guztietan, 2011-2012 ikasturtetik aurrera, ahal den neurrian. Alabaina, VIII. kapituluaren edukiari eta irakasgaien irakaskuntza-giden edukiaren egokitzapenari dagokienez, epe bat zabalduko da, 2012-2013 ikasturtea hasi arte luzatuko dena”.
Gehitu den testua: “Azken xedapena. Araudi hau aplikagarria izango da Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko ebaluazio prozesu guztietan, 2017-2018 ikasturtetik aurrera”.
II. ERANSKINA
NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAN EBALUAZIO PROZESUAK ARAUTZEN DITUEN ARAUDIA
I. KAPITULUA
Printzipio orokorrak
1. artikulua. Ebaluazioaren xedea.
1. Araudi honek ikasleen ikasketa ebaluatzeko prozesuak arautzen ditu, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikastegietan ematen diren graduko edo unibertsitateko masterreko titulazio ofizialetako irakasgaietan duten kalifikazioa zehazteko. Unibertsitateen arteko masterretan, dagokion hitzarmenak xedatzen duena hartuko da aintzat.
2. Ebaluazioaren xede izango dira ikasleei ezagupenak, trebetasunak, abileziak eta gaitasunak ematen dizkieten ikasketa jarduerak. Emandako horiei dagozkien gaitasunak eta ikasketen emaitzak irakasgaiaren irakaskuntza-gidan agertzen dira.
3. Irakasgaiaren irakaskuntza-gidan hala adierazten denean, ebaluazio prozesuan balioetsiko dira, halaber, ikasketa planean dauden zeharkako gaitasunak, planeko irakasgaietan lantzen direnak.
2. artikulua. Ebaluazioaren ardura.
1. Irakaskuntza antolatzeko urteko planean jasotzen den moduan, irakasgai horretan irakasteko arduraldi osoa aitortua duten irakasleei dagokie irakasgai horretako irakaslego bakoitza ebaluatzea, ezertan ukatu gabe ikasleek duten eskubidea haien ebaluazioa 16. artikuluan aipatzen den ebaluazio epaimahai espezifikoak egin dezan.
2. Ebaluazioaren ardura duten irakasleak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan xedatutako abstentzio- edo errefusatze-kasuetan sartzen badira, irakasgaiko arduraduna den irakaslea ebaluazioaren arduraduna izango da. Bera baldin bada ukitutakoa, inplikatutako saileko kontseiluak ordezko irakasle bat izendatuko du, kideko arloetako irakasleen artetik.
3. artikulua. Eskubideak eta betebeharrak.
1. Irakasgai batean matrikulatzeak eskubidea ematen die ikasleei ikasketetan zehar eskuratu dituzten ikasketen eta gaitasunen emaitzak ebaluatu diezazkieten. Ebaluazio horrek azken kalifikazio bat sortuko du, ikasketa espedientean agertuko dena.
2. Ikasleek eskubidea dute Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ebaluazio arauei buruzko informazioa jasotzeko.
3. Ikasleek eskubidea dute ebaluazio objektiboa eta, ahal den neurrian, jarraitua, izateko, irakaskuntzako eta ikaskuntzako metodologia aktiboan oinarritua.
4. Ikasleen betebeharra da ebaluazio probetan eta egiten dituzten lanetan iruzurrezko prozedurarik ez erabiltzea edo haietan ez laguntzea.
5. Irakasleen betebeharra da ikasleek eskuratu dituzten gaitasunen eta ikasketaren emaitzen maila modu objektiboan ebaluatzea. Horretarako, irakasgaiaren irakaskuntza-gidan ezarritakoari lotuko zaizkio. Gidaliburua ikasleen eskura egon beharko da matrikula-epea baino lehen.
6. Ikasleen eskubidea eta betebeharra da beren ebaluazioan sartzen diren irakaskuntza-jardueretan parte hartzea.
7. Ikasle bakoitzaren ebaluazio jarduera guztiak osorik ebaluatu eta kalifikatu beharko dira, eta azken kalifikazioan kontuan hartu behar dira.
8. Aparteko egoeretan, irakasgai baten edukien parte garrantzitsu bat ezin izan bada irakaskuntza aldian landu, ikasleek, haien ordezkarien bidez, eta ukitutako irakasgaiaren irakasle arduradunei entzun eta gero, adostuko dute ebaluazioa noraino hedatzen den. Adostasunera iritsi ezean, Ikastegiko Irakaskuntza Batzordeak erabakiko du, ukitutako ordezkariei eta irakasleei entzun ondoren.
4. artikulua. Aniztasunari arreta ematea.
1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere betebehartzat hartzen du desgaitasunaren ondorioz edo ikastearen nahasmendua eta arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmenduaren ondorioz behar bereziak dituzten ikasleei ziurtatzea gainerako ikasleek dituzten bermeak, ebaluatzeko prozeduretan eta mekanismoetan.
2. Aurreko atalean sartzen diren ikasleak Unibertsitateari jakinaraziko diote, eta hark Gizarte Ekintzarako Unitatera bideratuko ditu, balioespena egin eta dagozkien errekurtsoak, mekanismoak eta laguntzak ezartzeko.
3. Gizarte Ekintzarako Unitatearen erantzukizuna izango da ukitutako irakasgaien irakasleei beharrezko informazioa ematea eta balioespenerako beharrezkoak diren mekanismoak eta laguntzak ezartzea, laguntza emanez, gainera, horiek abiarazteko.
4. Ebaluazio sistemak ikasle horien behar bereziei egokituko dira, eskubideak bermatuz kasu guztietan eta unibertsitate ikasketetan horien integrazioa bultzatuz.
5. Azterketak egiteko behar diren egokitzapenek eduki ditzakete metodologia desberdinak, laguntza teknikoak, azterketa denboraren aldaketak, egutegi akademikoaren malgutasuna edota beste zenbait jarduketa, ikasleen banakako balioespena kontuan hartuz.
6. Kasu berezietan, ikasleen egoerak egokitzapen nabariak ekarri behar baditu curriculumean, berariaz eratuko den batzorde bat izango da eskuordeturiko agintaria behar diren erabakiak hartzeko. Erabaki horiek nahitaez bete beharko dituzte ukituriko ikasleek eta irakasleek.
7. Aurreko puntuak aipatzen duen batzordean ondoko hauek egongo dira: ikasleen gaietan, irakaskuntzan eta gizarte gaietan eskumena duten errektoreordetzen ordezkariak, Ikasleen Kontseiluaren ordezkari bat eta ukituta dagoen ikastegiko zuzendaritzaren ordezkari bat.
8. Ikasle horiek beren eskubideak gainerako ikasleen baldintza beretan betetzeko beharrezkoak diren baliabide eta egokitzapenek ez dute inoiz ere murriztuko eskatzen den irakaskuntza maila.
II. KAPITULUA
Kalifikazio sistema
5. artikulua. Irakasgaien araberako kalifikazioa.
Tituluetako ikasketa-planak modulu edo gaien arabera antolatzen badira ere, haietako irakasgai bakoitzaren kalifikazioa egingo da, dagokion irakaskuntza-gidan ezarritakoarekin bat.
6. artikulua. Kalifikazioak.
1. Nafarroako Unibertsitate Publikoan, 2003ko irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuak arautuko ditu kalifikazioak, horrek ezartzen baitu kredituen sistema europarra eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren unibertsitate titulazioetako kalifikazio sistema.
2. Erabilitako ebaluazio sistema zein ere den, eta aurreko puntuan adierazitakorekin bat, ebaluaziora aurkezten diren ikasleentzat, irakasgai bakoitza 0tik 10era kalifikatuko da, hamarren bakar batekin:
a) 0 - 4,9: Ez Gainditua (EG).
b) 5,0 - 6,9 Gainditua (G).
c) 7,0 - 8,9 Oso Ongi (OO).
d) 9,0 - 10: Bikain (BK).
e) 9,0 - 10: Ohorezko Matrikula (OM).
3. Kalifikazioen alderaketa eta gardentasuna ahalbidetzeko, eta horiekin batera Unibertsitatearen kudeaketa akademikorako aplikazio informatikoak, “ECTS eskala” izeneko letrazko eskala jarriko da horiekin batera, matrikulaturiko eta ebaluaziora aurkezturiko ikasle kopuruak horretarako bidea ematen badu, betiere.
a) A: irakasgaia gainditzen duten kalifikazio hoberenen %10en artean dago kalifikazioa.
b) B: kalifikazioa hurrengo %25en artean dago.
c) C: kalifikazioa hurrengo %30en artean dago.
d) D: kalifikazioa hurrengo %25en artean dago.
e) E: kalifikazioa hurrengo %10en artean dago.
f) Irakasgaia gainditu ez bada, F izendapena aplikatzen da. FX kalifikazioa erabiltzen ahal da irakasgaia gainditzetik hurbil dagoela adierazteko, eta F oraindik hori lortzetik urrun dagoela adierazteko.
7. artikulua. Ohorezko matrikula.
1. “Ohorezko Matrikula” aipamena 9.0 kalifikazioa edo hura baino handiagoa atera duten ikasleei eman ahalko zaie. Haien kopurua ez da izango ikasturte batean irakasgai bateko irakaskuntza-talde berean matrikulaturiko ikasleen ehuneko bost baino handiagoa, ez bada matrikulaturiko ikasleen kopurua 20tik beherakoa dela, eta kasu horretan “Ohorezko Matrikula” bakarra eman ahalko da.
2. Ohorezko matrikulen gehieneko kopurua kalkulatzeko, irakaskuntza-taldeko ikasle kopuruaren ehuneko bosten osoko zenbakia hartuko da.
3. Aurreko idatz-zatietan aurreikusitakoari begira, ez dira kontatuko Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleak, beste unibertsitate batean ikasten ari badira, ikasleendako nazioko edo nazioarteko mugikortasun programa baten barnean. Azken horiei, ohorezko matrikulen kopurua bete den edo ez kontuan hartu gabe, unibertsitate hartzailean lortzen dituzten kalifikazioak onartuko edo egokituko zaizkie.
4. Salbuespenez, irakasle talde batek irakasgai bereko irakaskuntza-talde batzuei ematen badie eskola, eskatu ahalko da %5 hori aplika dakiela irakaskuntza-talde horien aktetan biltzen diren ikasle guztiei. Irakaskuntza antolatzeko eskumena duen errektoreordetzari bidaliko zaio eskaera, ikasturteko seihileko bakoitza bukatu aurretik, eta ukitutako akten irakasle arduradunek sinatu beharko dute.
8. artikulua. Ikasketa espediente bukatuen balioespena.
1. Ikasle bakoitzaren ikasketa espedientearen batez bestekoa 2003ko irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuan ezarritako formularen arabera aterako da, ondoko idatz-zatian ezarritakoa kaltetu gabe.
2. Ikasketa espediente batean kalifikazio sistema bat baino gehiago (kuantitatiboa eta kualitatiboa) erabili dela ikusten bada, edo ikasleen ikasketa espedienteek kalifikazio sistema berdinak erabiltzen ez dituzten lehiakortasun prozesuetan, ikasleen ikasketa espedienteen balioespena homogeneizatzeko, nahitaez erabili beharko da ondoan deskribatzen den prozedura eta zenbakizko eskala.
Ikasketa espedientearen batez bestekoa ateratzeko, 2003ko 1044/2003 Errege Dekretuaren I. eta II. eranskinetako 4.5 puntuan ezarritako zenbakizko eskala erabiliko da, kalifikazio osoari dagokiona, eta espedientea osatzen duten irakasgai edo ikasmaila guztiekin alderatuta, irakasgai edo ikasturte bakoitzaren balioa haztatzeko ezartzen den formula, honako irizpide hauekin bat:
–Irakasgaien edo ikasmailen zenbakizko kalifikazioak baliokidetza-taula honen arabera aterako dira:
KALIFIKAZIOA | BALIOKIDETZA PUNTUETAN |
5.0 - 6.9 Gainditua | 1 |
7.0 - 8.9 Oso ongi | 2 |
9.0 - 10 Bikain | 3 |
9.0 - 10 Bikain Ohorezko Matrikularen aipamenarekin | 4 |
–Aitortzen diren kredituak jatorrizko ikastegian edo ikasketan lortutako kalifikazioaren baliokideak dira puntutan.
–Ez dira zenbatuko kalifikaziorik gabe aitortutako kredituak, kreditu transferituak, “gai” kalifikazioa dutenak ez beste edozein adierazpen duten guztiak ere.
–Irakasgai bakoitzaren edo gainditutako ikasmaila bakoitzaren kalifikazioa haztatuko da, osatzen duten kredituen arabera, honako formula honekin bat:
V = P × Nca / NCs
Non:
V = irakasgaiaren edo ikasmailaren balio haztatua.
P = irakasgaiaren edo ikasmailaren puntuazioa, baliokidetza-taularen arabera.
Nca = irakasgaia edo ikasmaila osatzen duten kreditu kopurua.
NCs = gainditutako kredituak, guztira.
–Espedientearen batez besteko nota ateratzeko, gainditutako irakasgai edo ikasmaila guztien balio haztatua batzen da.
9. artikulua. Ikasketa espedientean kredituak sartzea eta ziurtatzea.
1. Ikasleak lortutako kredituak, transferituak, balioa aitortu zaienak, eta dagokion titulua lortzeko gainditu diren guztiak bere ikasketa espedientean sartu eta Tituluaren Europako Gehigarrian erantsiko dira.
2. Aitortzen diren irakasgaiek jatorrizko irakasgaian izandako kalifikazioa gordeko dute.
3. Ikasketa espedientearen ziurtagirian kalifikazioak araudi honetako aurreko artikuluetan ezarritako zehaztasunekin adieraziko dira.
4. Ikasketa ziurtagirietan espedientearen batez bestekoa adieraziko da, aurreko artikuluan ezarritakoarekin bat.
III. KAPITULUA
Ebaluazio sistema
10. artikulua. Ebaluazio sistemak irakaskuntza gidetan.
1. Irakaskuntza gida ikasleek duten erreferentziako oinarrizko agiria da. Bertan irakasgai bakoitzaren ebaluazio sistemak jasoko dira, hau da, irakasgai bakoitza ebaluatzeko irizpideak eta jarduerak, bai eta aurreikusi diren ikaskuntzaren emaitzak ebaluatzeko baldintzak eta prozedurak ere.
2. Ebaluazio sistemek irakasgaian aurreikusi diren ikaskuntzaren emaitzak noraino bete diren ebaluatu eta kalifikatu behar dute, eta azaldu behar dute, anbiguotasunik gabe, nola lortuko den aktan jasoko den azken kalifikazioa, baita “ez aurkeztua” egoera ere.
3. Ebaluatzeko jardueretan sartu beharko da, gutxienez ere, ondoko informazio hau:
a) Ikaste prozesuaren emaitza.
b) Ebaluazio jardueraren azalpen laburra.
c) Jardueraren ehunekoetako pisua irakasgaiaren azken balioespenean. Ahalegina egingo da jardueraren pisua jarduera horri atxikitako dedikazio orduekin bat etortzeko.
d) Lortu beharreko gutxieneko kalifikazioa, hala badagokio, irakasgaia gainditzeko edo kalifikazioa haztatzeko.
e) Jarduera bat berreskuragarria ote den, edo ez. Jarduera bat berreskuragarria dela joko da baldin eta, ikasleak Unibertsitateak finkatzen duen errekuperatzeko ebaluazio aldian (graduetarako) edo ohiz kanpoko deialdian (masterretarako), azterketen edo beste proben bidez gainditzeko aukera baldin badu. Irakaskuntza gidetan, hori lortzeko beharrezkoak diren jarduerak zehaztuko dira. Oro har, hori izango da ebaluazio jarduera gehienen izaera, eta izaeraren arabera berreskuragarriak ez diren jarduerak soilik geratuko dira kanpoan. Berreskuragarriak diren jardueren kasuan, baldintza minimoak ez exijitzea gomendatzen da, ikasleak errekuperazioa egin ahal izateko.
f) Beharrezkoa den, edo ez, hainbat jardueratan parte hartzea eta gainditzea: laborategiko praktikak, klinika-praktikak, Practicuma, mintegiak eta abar.
g) Jarduera egiteko baldintzak: iraupena, baimendutako material osagarria, eta jarduera egiteko beharrezkoa den beste edozein informazio.
h) Irizpideak eta prozedurak, hala badagokio, irakasgaiaren kalifikazioa hobetzeko.
4. Oro har, eta araudi espezifikoak dituzten irakasgai guztiz praktikoen kasua alde batera utzita, ebaluazio-jarduerak planifikatzeko garaian honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
a) Irakasgaia gainditzeko gutxieneko kalifikazio bat zehazten duen edozein ebaluazio-jarduera berreskuragarria izango da nahitaez.
b) Berreskuragarriak ez diren ebaluazio jarduerak baldin badaude, horien guztien batuketa ez da izango irakasgaiaren ebaluazio osoaren %50 baino gehiago.
c) Denbora partzialeko arduraldia daukaten ikasleen kasuan, irakaskuntza-taldeko arduradunak diren irakasleek aukerak emango diete ikasle horiei berreskuragarriak ez diren eta irakastaldian programatuta dauden etengabeko ebaluazio jardueretan parte har dezaten, ikasleok ezin badira horietara joan; edo, hala badagokio, Unibertsitateak seihileko bakoitzaren bukaeran ezartzen duen errekuperatzeko ebaluazio aldira (graduetarako) edo ohiz kanpoko deialdira (masterretarako) pasako ditu.
d) Mugikortasun programan dauden ikasleen kasuan, aurreko ikasturteetan egindako eta gainditu gabeko irakasgaiak badituzte, irakaskuntza-taldeko arduradunak diren irakasleek aukera emango diete ikasle horiei berreskuragarriak ez diren ebaluazio-jardueretan parte har dezaten.
5. Irakaskuntza-gidetan ezarritako ebaluazio-irizpideak eta jarduerak, eta beren ezaugarriak, ezin izango dira aldatu dagokion seihileko akademikoa hasi eta gero.
6. Irakaskuntza-gidak zalantzagarriak edo trinkotasunik gabeak badira, irakasgaiaren irakasle arduradunek eta ukitutako taldeen delegatuek adostasunez zuzenduko dituzte. Akordiorik ez bada, titulazioaren erantzuleak ebatziko du, ikasleen delegatuei eta irakasgaiaren irakasleei entzun eta gero.
11. artikulua. Ebaluazio jardueren koordinazioa.
Irakasgaiaren irakasle arduraduna, moduluen eta irakasgaiaren arduraduna eta titulazioen arduradunak diren ikastegiak ebaluazio-jarduera guztien arteko koordinazioaz eta orekaz arduratuko dira, noiz egiten diren eta nola haztatzen diren ere zainduz.
12. artikulua. Azterketak gordetzea.
1. Irakasleek azterketa idatziak gordeko dituzte, ahozko azterketen dokumentuak eta egindako praktiken txostenak, baita emandako kalifikazioa justifikatzen duen edozein ebaluazio-jarduerarena ere, Unibertsitateko Artxibo Batzordeak ezartzen duen denboran, eta, edozein kasutan, hurrengo ikasturtea bukatu arte.
2. Unibertsitateko irakaskuntzarako plataforma birtualeko ebaluazio birtualeko probak bi urtez gordeko dira aipatu plataforman.
3. Kalifikazioaren aurkako errekurtsoa jartzen bada, dokumentuak gaia ebatzi arte gordeko dira.
13. artikulua. Aktak.
1. Irakasgaiaren aktak II. kapituluan ezarritako moduan jasoko ditu kalifikazioak, eta ez ditu zuzenketak edo marratzeak edukiko, eta Unibertsitateak dituen baliabide tekniko eta informatikoen bidez bete beharko da.
2. Irakasgaiaren irakaskuntza-taldeko aktak izenpetzeko arduradun diren irakasleek izenpetuko dituzte orri guztiak; akten jatorrizkoa alea, gai horretan eskumena daukan errektoreordeak deialdi bakoitzean ezartzen dituen epeetan eta prozedurari jarraikiz emango da. Epeak ez betetzeagatik sortutako erantzukizuna irakasgaiaren irakaskuntza-taldean aktak izenpetzeaz arduratzen diren irakasleena da, edo epaimahaiarena, epaimahaia egonez gero.
3. Akatsen bat egonez gero, dagokion eginbidea dokumentuaren atzeko aldean idatzi beharko da, zuzenketa egunarekin batera, eta irakasgaiaren irakaskuntza-taldean aktak izenpetzeaz arduratzen diren irakasle guztiek sinatu beharko dute. Egindako zuzenketak ikasleek egiaztatu ahal izango dituzte beren espedienteetan.
4. Aurreko puntuan aipatutako irakasleak gaixo badaude, ez badaude, zendu badira edo Unibertsitaterekiko lotura iraungi bada, irakasgaiaren irakaskuntza zer saili atxiki zaien, saileko edo sailetako zuzendariak edo zuzendariek egin beharko dute aktaren zuzenketa.
5. Akta itxi eta handik urtebetera, ezin izango da egin aktaren edukia aldatuko duen eginbiderik, erreklamazioa aurkeztu ez bada, behintzat.
IV. KAPITULUA
Ebaluazio prozesuak
14. artikulua. Etengabeko ebaluazioa.
1. Oro har, ebaluazioa etengabekoa izango da irakasgai guztietan, eta seihilekoko irakaskuntza-aldian hainbat jarduera egingo da, ikasleak noraino lortu dituen ikaskuntzaren emaitzak eta gaitasunak objetiboki balioesteko. Irakasgai bakoitzeko irakaskuntza-gidan bildutako irizpideak eta jarduerak izango dira aintzat hartuko direnak.
2. Hainbat irakaskuntza-taldetan ematen den irakasgai baten azken proba idatzia egitea aurreikusten bada, proba hori aldi berean egingo da talde guztietan, berori prestatzeko, zuzentzeko eta ebaluatzeko irizpideak komunak izango dira, eta oro har, azterketa komuna izan dadin saiatuko da, nahiz eta onargarria den zenbait aldaera edukitzea.
3. Irakaskuntza-gidek bete beharreko baldintza espezifiko batzuk bil ditzakete irakasgaia gainditzeko, adibidez ondoko hauek: azterketak edo bestelako probak egitea, eskola praktiketako gutxieneko ordu kopuru jakin batera joatea, lanak, proiektuak, laborategiko praktikak edo Practicuma derrigorrez egitea edo mintegietan parte hartzea.
4. Eskola teorikoetara joatea ez da inoiz izango irakasgai bat gainditzeko betekizuna, nahiz eta eskola teorikoetan aktiboki parte hartzea azken kalifikazioa ezartzeko garaian modu positiboan eragin.
15. artikulua. Errekuperatzeko ebaluazioa gradu titulazioetan.
1. Irakasgai eta irakaskuntza-seihileko bakoitzeko errekuperatzeko ebaluazio-proba bat izango da, irakaskuntza-egutegian ezarriko dena, seihileko bakoitzaren bukaeran, eta irakaskuntza-alditik eta etengabeko ebaluaziotik kanpo.
2. Errekuperatzeko ebaluazio proba honen helburua da bigarren aukera bat ematea ikasleari, irakasgaia seihileko berean gainditzeko, seihilekoan zehar saiatu denean, arrakastarik gabe, irakasgaia gainditzen, irakaskuntza-aldian programaturiko ebaluazio jardueretan parte hartuz, 10. artikuluaren 3.e atalean ezarritako moduan.
3. Denbora partzialeko dedikazioan ari den ikasleak, irakaskuntza eta ebaluazio jarduera presentzialen %100ean parte hartzeko aukerarik ez badu, eta seihilekoan zehar etengabeko ebaluazio prozeduraren bidez irakasgaia gainditzen ez badu, eskubidea edukiko du ohiz kanpoko ebaluazio probara aurkezteko. Errekuperatu ezin diren ataletan, kontuan hartu beharko da 10. artikuluaren 4.c. atalean ezarritakoa.
4. Mugikortasun programan dauden ikasleen kasuan, aurreko ikasturteetan egindako eta gainditu gabeko irakasgaiak badituzte, irizpide bera aplikatuko da, 10. artikuluaren 4.d. idatz-zatian zehazten den moduan.
5. Hainbat irakaskuntza-taldetan ematen den irakasgai baten azken proban, azterketa idatzia egitea aurreikusten bada, proba hori aldi berean egingo da talde guztietan, berori prestatzeko, zuzentzeko eta ebaluatzeko irizpideak komunak izango dira, eta oro har, azterketa komuna izan dadin saiatuko da, nahiz eta barianterik onar daitekeen.
6. Salbuespenez, osagarri praktiko edo kliniko oso nabarmena daukaten irakasgaietan, zeinetan ikasleek, nahitaez, ohiko ikasgela batetik eta are unibertsitatetik kanpoko instalazioetan erakutsi behar baitituzte euren gaitasunak, posible izango da ebaluazioa bakarrik presentziala eta etengabekoa izatea. Ikastegiko Kalitatearen Berme Batzordeak aitortu beharko du salbuespenezko egoera hori, eta ikastegiko batzordearen onespena ere edukiko du; edonola ere, irakasgaiaren osagarri praktikoari baizik ez zaio aplikatuko, eta aipatu irakasgaiaren irakaskuntza-gidaliburuan berariaz bilduko da.
16. artikulua. Ebaluazio epaimahai espezifikoak.
1. Unibertsitate Ikaslearen Estatutuetako 28. artikuluak ezartzen duenaren arabera, ikasleak eskatzen ahalko du ebaluazioa epaimahaiaren aurrean egitea.
2. Ikasleak halakorik eskatzen badu, dagokion irakasgaiaren irakaskuntza esleituta daukan edo daukaten sailaren edo sailen batzordeak edo batzordeek ebaluazio-epaimahai espezifikoa izendatuko dute, baita ordezko epaimahaia ere. Epaimahai horien osaera idatziz jakinaraziko zaie bai ikasleari, baita epaimahaiak osatzen dituzten irakasleei ere.
3. Irakasgaia atxikia daukan edo daukaten saileko edo sailetako hiru irakaslek, irakaskuntza-gaitasun erabatekoa daukatenek, osatuko dute epaimahaia.
4. Kategoriarik eta antzinatasunik handiena dauzkan kidea izango da mahaiburua, eta idazkaria kategoriarik eta antzinatasunik txikiena dauzkana.
5. Ikasleek eskubidea edukiko dute errekuperatzeko ebaluazio proba edo ohiz kanpoko ebaluazio proba irakasgaiaren ebaluazio epaimahai espezifikoak egin dezan.
6. Epaimahaiaren aurrean ebaluatzeko eskaera aurkezteko epea bukatzen den eguna baino hilabete lehenago aurkeztuko da eskaera, ikastegiko zuzendariari edo dekanoari zuzendutako idazkiaren bidez, behar bezala arrazoitua. Hark kopia bidaliko dio saileko zuzendariari. Aipatu idazkian eskatzen ahalko da, baita ere, epaimahaiko kideren bat errefusatzea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 40/2015 Legearen 24. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
7. Edonola ere, beti erabiliko dira irakasgaiaren irakaskuntza-gidan ezarritako ebaluazio irizpideak eta sistemak.
17. artikulua. Deialdia aurreratzea.
1. Dagokion titulu ofiziala lortzeko ikasketa planean gehienez 12 ECTS gainditu gabe dituzten ikasleen kasuan, kredituak matrikulatuta baldin badituzte eta aurretik gutxienez deialdi batean ebaluatu badira, egin gabe dituzten kreditu guztien ebaluazio proba aurreratzea eska dezakete ikasturteko egutegian finkatzen diren aldietan.
2. Ikasketa amaierako lana ez da zenbatuko egin gabe dagoen irakasgai moduan artikulu honen aurreko atalean dagokion ondorioetarako.
3. Deialdia aurreratzeko eskaera errektoreordetza eskumendunak ezarritako prozeduraren bidez egingo da, administrazio egutegiko aldietan.
4. Artikulu honen baldintzetan aurreikusi bezala, ikastegiak dagozkien irakasgaien irakasle arduradunei eskatuko die ebaluazio proba egitea, eta ebaluazioaren data zehatza ezarriko du eta ikasleari jakinaraziko zaio.
5. Ebaluazio proba aurreratzea eskatu duten ikasleak proba egiten den aldian ohiz kanpoko akta batean jasoko dira.
18. artikulua. Konpentsazioaren bidez gainditzea.
Ikasleek irakasgai-konpentsazioaren bidez gainditzeko aukera izango dute, graduko eta masterreko indarrean dagoen araudiko eskakizun guztiak betetzen badituzte.
19. artikulua. Kanpoko praktiken ebaluazioa.
Enpresetan eta erakundeetan egingo diren kanpoko praktiken kasuan, ikastegian osatutako batzorde batek egingo du ikaslearen kalifikazioa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko berariazko araudia kontuan hartuz.
20. artikulua. Gradu/master amaierako lanaren ebaluazioa.
Titulazioaren erantzulea den ikastegiak izendatutako epaimahai batek ebaluatuko ditu gradu/master amaierako lanak. Hiru irakaslek osatuko dute epaimahai hori, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren berariazko araudiak ezarritakoaren arabera.
V. KAPITULUA
Ebaluazio jardueren garapena
21. artikulua. Ebaluazio jardueretara joatea.
1. Ikasle guztiak beren burua identifikatzeko dokumentazioarekin joango dira ebaluazio-jarduera guztietara.
2. Ikasleak eskubidea dauka, programaturiko edozein ebaluazio-jardueratara joan eta gero, bertan egon dela baieztatzen duen egiaztagiria jasotzeko.
3. Irakasgaia atxikia dagoen sailaren edo sailen ardura da ebaluazio-jarduerak egiten diren artean aski zaintza eta gainbegiratzea izango dela ziurtatzea, horrelakorik behar izanez gero.
22. artikulua. Idatzizko azterketa.
Azterketaren zati bakoitzaren puntuazioak eta puntuazioa emateko irizpide aplikagarriak jendaurrean erakutsiko dira azterketa baino lehen. Ondorio horietarako, azterketaren planteamenduan gorabehera horiek aipatzea aski izango da.
23. artikulua. Ebaluazio-jarduerak laborategietan.
1. Irakasgaiaren irakaskuntza-gidan ezarriko dira segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren mekanismoak, laborategiko ebaluazio-jarduerak egiteko. Mekanismo horien artean egon daitezke aldez aurretik beste hainbat saio praktikotara joan izana derrigorrezkoa izatea, edo idatzizko azterketa bat gainditzea, ikasleak erakuts dezan laborategian erabiltzen den tresneriari buruz eska daitekeen minimoa dakiela.
2. Laborategiko ebaluazio-probetan, proba hasi baino lehenago, jendaurrean jakinaraziko dira egin beharreko jarduera bakoitzak azken puntuazioaren zer ehuneko egiten duen, baita puntuatzeko aplikatuko diren irizpideak ere.
24. artikulua. Lanak.
1. Lanen balioespenak ikasleek behar diren gaitasunak lortu dituzten edo ez hartuko du aintzat. Horretarako, irakasleek eskatzen ahalko dute ahozko aurkezpen osagarria egitea, ikasleak erakuts dezan gaitasun horiek lortu dituen edo ez.
2. Irakasleek, ikasleei lan hori eskatzen dietenean, adierazi beharko dute lana nola egin behar den eta lanari loturiko gaitasunak nola ebaluatuko diren. Ikasleak baldintza horiek betetzen ez baditu, lanaren kalifikazioa gutxiegi izaten ahal da.
3. Iturri bibliografikoetatik edo beste informazio-baliabideetatik eratorritako edozein zati behar bezala aipatu beharko da, argi adieraziz zein den egilea eta jatorrizko lanaren izenburua.
4. Nafarroako Unibertsitate Publikoak baliabide informatikoak erabiltzen ahalko ditu iruzurra automatikoki atzemateko, lanak aurkezten direnean. Ikasleak, lan bat aurkezten duenean, lehen esandakoaren jakinaren gainean dago, eta baimena ematen dio Unibertsitateari baliabide horiek erabiltzeko, eta horrekin batera, lanaren kopiak euskarri informatikoan gordetzeko.
25. artikulua. Euskarri birtualeko ebaluazio-jarduerak.
1. Ebaluazio-jarduera jakin batzuk Unibertsitatearen ikasgelategi birtualaren bitartez egingo dira. Kasu horietan, neurri osagarriak hartuko dira probak modu egokian egingo direla bermatzeko.
2. Unibertsitatearen ikasgelategi birtualak ikasleek egindako jarduerak erregistratuko ditu, eta euskarri birtualeko ebaluazio-jardueretan lortutako kalifikazioak gordeko ditu.
VI. KAPITULUA
Ebaluazio jardueren plangintza
26. artikulua. Azken ebaluazio-proben deialdia.
1. Graduko irakasgaien azken ebaluazio-proben deialdia, halakorik bada, ikastegiko idazkaritzan eta web-orrialdean argitaratuko da, ikasturte akademiko bakoitzaren matrikula-epea baino lehenago, proba non, zer egunetan eta zer ordutan egingo den adieraziz. Ikastegiak ezarriko ditu egunak, irakasgai bakoitzaren irakasleei eta ikasleen ordezkariei entzun eta gero.
2. Errekuperatzeko ebaluazio-proba (graduetarako) edo ohiz kanpokoa denean (masterretarako), egun horiek Gobernu Kontseiluak ikasturteko egutegi akademikoa onetsi zuenean ezarritako ebaluazio aldiaren barruan geldituko dira.
3. Ikastegiaren erantzukizuna da egun berean ikasmaila bereko 6 ECTSko irakasgai baten baino gehiagoren azken ebaluazio-proba ez dadin egin zaintzea.
27. artikulua. Ebaluazio eguna aldatzea.
Ikastegiko zuzendaritza taldeak, eta, dagokionean masterreko zuzendaritzak, irakasgaiaren irakasleei eta ikasleen ordezkariei entzun eta gero, onesten ahalko du, salbuespenez, ikasleen ebaluazio eguna aldatzea.
28. artikulua. Azterketa eguna aldatzeko banan-banako eskaera.
1. Ikasleak eskubidea dauka norbanakoari azterketa eguna alda diezaioten eskatzeko, bere irakaskuntza-taldean irakasgaiaren arduradunak diren irakasleei idatziz, horretarako aski arrazoi bada, honako hauek esaterako:
a) Klaustroaren, Gobernu Batzordearen, Gizarte Kontseiluaren, Ikastegiko Batzordearen edo Saileko Kontseiluaren bilera eta azterketa egun berean izatea, ikaslea deialdia egin duen organoko kidea bada.
b) Ikasleak matrikula egina duen titulazioan bi azterketa edo gehiago egun eta ordu berean izatea. Irakasgaien arteko lehentasuna honako hau izango da: oinarrizko prestakuntza, derrigorrezkoa eta aukerakoa. Lerrun bereko irakasgaien azterketa egiteko egun bera erabaki bada, beheragoko seihilekoarena izango da aldatuko ez dena.
c) Unibertsitateko kirol lehiaketak eta azterketa egun berean edukitzea, Unibertsitateak ofizialki parte hartzen badu horietan eta ikaslea Unibertsitatearen ordezkaria bada.
d) Mugikortasun programetan dauden ikasleek, unibertsitate hartzailearen egutegia eta mugikortasunetik kanpoko seihilekoaren ebaluazio aldia aldi berean edukitzea.
d) Irakasleek aski jotzen duten beste edozein.
2. Horrelakorik gertatzen bada, beste egun bat ezarriko da, irakasleen eta interesdunaren artean adostua. Adostasunik ez bada, ikasleak egun aldaketa dagokion dekanoari edo ikastegiko zuzendariari eskatuko dio, eta hark hamabost eguneko epean, gehienez ere, ebatziko du auzia.
VII. KAPITULUA
Jakinarazpena, kalifikazioak berrikustea eta erreklamazioak
29. artikulua. Ebaluazioaren emaitzaren jakinarazpena.
1. Ikasleak eskubidea du irakasgaiko irakaskuntza-gidan jasotako ebaluazio jarduera bakoitzeko kalifikazioa jakiteko. Kalifikazio horiek behin-behinekoak izango dira, lehen batean, eta ikasleak beti izen-abizenekin soilik identifikatuta egongo dira.
2. Irakaskuntza-aldian eta etengabeko ebaluazioan egindako ebaluazio jardueren eta proben emaitzak jendaurrean jarriko dira, proba egin edo jarduera amaitzeko epea bukatu eta biharamunetik kontatzen hasita 30 egun naturaleko epean, gehienez ere. Edonola ere, jendaurrean jarriko dira gutxienez dagokion seihilekoaren azkeneko ebaluazio probaren eguna baino hiru egun baliodun lehenago, baita errekuperazioko ebaluazio probaren kasuan ere. Bereziki, hurrengo proba bat egin edo gainditzeko aurreko probaren kalifikazioa loteslea edo baldintzatzailea bada, epe horiek errespetatu beharko ditu.
3. Ikasleak eskubidea edukiko du irakasgai baten behin-behineko kalifikazioa ezagutzeko, gutxienez irakasgai horren errekuperatzeko ebaluazioaren (graduetarako) edo ohiz kanpoko ebaluazioaren (masterretarako) eguna baino hiru egun balioduneko aurrerapenarekin, Unibertsitateak ezartzen dituen bitarteko telematikoetan argitaratuz.
4. Ikasleak irakasgaian atera duen kalifikazioa seihileko akademikoko errekuperatzeko ebaluazioko aldia (graduetarako) edo ohiz kanpoko ebaluazio aldia (masterretarako) bukatu eta gero jakinaraziko da, Unibertsitateak ezartzen dituen bitarteko telematikoetan argitaratuz.
5. Azken kalifikazioen argitaratzea akta egin baino lehenago egingo da, Unibertsitateak ezartzen dituen bitarteko telematikoen bidez, ikasleak berrikusteko eskubidea baliatu ahal izateko. Argitaratze data eta ordua bitarteko telematikoan agertzen dena izango da.
30. artikulua. Kalifikazioak berrikustea.
1. Ikasleak eskubidea edukiko du ebaluazio-proba eta lan guztien kalifikazioak pertsonalki berrikusteko, baita kalifikazioa jarri zuen irakaslearen ahozko azalpen guztiak jasotzeko ere, kalifikazioak akta ofizialetan jaso baino lehenago.
2. Ebaluazio probaren arduradunak diren irakasleak, beren kalifikazioak beste proba baten partaidetza baldintzatzen duenean, jendaurrean jarri beharko dute, eta berraztertu, gutxienez hiru egun baliodun lehenago. Adierazi beharko dute, halaber, kalifikazioekin batera, berraztertzea non, zer egunetan eta zer ordutan egingo den, eta tutoretza-orduekin bat egin dezake.
3. Irakasgaiaren irakasleak, edo, hala badagokio, epaimahaiko buruak, azken kalifikazioak argitaratzearekin batera, berrikusketa non, noiz eta zer ordutan egingo den jakinaraziko du, jendaurrean, gutxienez bi egun baliodun lehenago. Berrikusketa egiteko epea, gutxienez, egun batekoa izango da, goizeko eta arratsaldeko ordutegiarekin.
4. Kalifikazioa berrikusi ondoren, ikaslea ados ez badago, errekurtsoa jar dezake; horretarako, idazkia egin behar dio dagokion saileko zuzendariari, eta bertan arrazoiak eman, berrikusketa egin ondoren, bi egun balioduneko epean. Ondorio horietarako, zuzendariak epaimahaia izendatuko du, saileko hiru kidek osatua, eta horien artean ezingo da egon ikaslea partaide den irakasgaiaren irakaskuntza-taldeko irakaslerik. Hamar egun balioduneko gehieneko epean, idazkia aurkeztu zuenetik kontatzen hasita, epaimahaiak auzia ebatziko du; ebazpen horren aurka gorako errekurtsoa jar daiteke, errektorearen aurrean, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluek ezartzen duten epeetan eta moduetan.
5. Errekurtsoa jarri izanak ez du geldiaraziko aktak osatu eta emateko prozedura.
31. artikulua. Aparteko emaitza akademikoetako egoerak.
1. Baldin eta irakasgairen batean deialdi bakoitzean aurkezten diren ikasleen %75ek ez badu gainditzen, elkarren segidako bi seihileko akademikotan, ikastegiko Kalitatearen Berme Batzordeak berrikusketa egingo du.
2. Era berean, irakasgairen batean gaindituen ehunekoa aurkeztutakoen %95 baino handiagoa bada, edo gainditu dutenen kalifikazioen lerruna puntu bat baino gehiago ez bada, ikastegiko Kalitatearen Berme Batzordeak berez berrikusiko ditu irakasgaiok.
3. Batzorde horrek, egoeraren azterketa arretatsua egin eta gero, ukitutako interesdun guztiei eta auzian ardura zuzena daukatenei entzun eta gero, txostena bidaliko dio Ikastegiko Batzordeari, zeinak hauetako konponketaren bat hartuko baitu:
a) Irakasgaiaren edukiak eta programa titulazioko prestakuntza-programak eskatzen dituen ezaugarrietara egokitzea, beharrezkoa bada.
b) Jardueren ebaluazio irizpideak aldatzea, hala badagokio.
c) Konpentsazioaren bidezko ebaluazioa aplikatzea.
d) “Zero ikastaroak”, irakaskuntza-taldeen bikoizketak edo irakasgaiari profil berria ezar dakiola proposatzea.
e) Beste edozein erabaki, baldin eta Ikastegiko Batzordeak, dagokien organoekin kontsultatu eta gero, uste badu eraginkorra izan daitekeela irakasgaian gertatzen den eskola-porrota gutxiagotzeko.
32. artikulua. Ebaluazio prozesuen kontrola.
Honako hauek izango dira irakaskuntza gaietan eskumena duen errektoreordearen zenbait funtzio:
a) Araudi hau aplikatzerakoan sortzen diren zalantzak argitzea.
b) Ikastegiei laguntzea araudi hau era eraginkorrean aplika dezaten.
c) Ikastegietan konpondu ez diren auziak konpontzea edo bitartekari aritzea, betiere auzian administrazio bideko errekurtsoa jarri ez bada.
d) Gobernu Kontseiluan parte hartzea, araudi honi buruzko gaiak konpondu behar dituenean, dagokion gaiari buruzko txostenak edo proposamenak prestatuz.
e) Aldaketa egokiak proposatzea araudi hau aldatzeko.
f) Urteroko txostena prestatzea, ikastegietako Kalitatearen Berme Batzordeen txostenetatik abiatuz, seihileko akademiko bakoitzeko ebaluazio prozesuetan gertatu diren gorabeheren berri emanez.
VIII. KAPITULUA
Iruzurra egitea
33. artikulua. Zintzotasun akademikoaren aldarrikapena.
Unibertsitatean lehen aldiz matrikulatzen denean, ikasleak zintzotasun akademikoaren aldarrikapen bat izenpetuko du. Aldarrikapen horren bidez konpromisoa hartzen du inolako iruzurrik ez egiteko, eta aitortzen du ezagutzen duela Unibertsitateak, hala badagokio, jartzen ahal dizkion zehapenen berri, indarrean dauden araudiekin bat etorriz, bere interesak eta eskubideak defendatzeko zilegi dituen errekurtsoen edo bestelako ekintzen kaltetan gabe.
34. artikulua. Iruzurra egitea.
1. Ikasle batek iruzurra egiten badu ebaluazio-proba bat egiten duenean, nola baita, esaterako, irakasleek berariaz baimendu ez duten materiala, edo beste pertsona batzuekin informazioa trukatzea edo beste pertsonengandik informazioa lortzea, gutxiegi (0,0) jasoko du ebaluazio horretan, eta dagokion deialdian irakasgaia suspendituko du, eta zehapena ere jaso dezake, aurretik diziplina espediente bat irekita.
2. Kopiatzen bada, aurreko puntuan esaten dena ukitutako ikasle guztiei aplikatuko zaie, kopiatu dutenei eta besteei kopiatzen utzi dietenei, ikaslearen ardura baita azterketa, lana, edo ebaluagarria den material guztia kopia dadila galaraztea, betiere demostratzen denean besteei kopiatzen utzi dietenek ez dutela zintzo jokatu, edo materiala zaintzen zabar jokatu dutela azken hori erantzukizun-maila txikiagokoa izanik.
3. Ebaluatzeko eskatzen den irakaskuntza-lan bat egiteko iruzurra egiten duen ikaslea, nola baita plagioa eta jatorriz berea ez den materiala erabiltzea (ez bada irakasleak berariaz horretarako baimena eman duela), internetetik lortutakoa ere barne, nondik lortu den aitortu gabe, eta hala badagokio egilearen baimenik gabe, ez gainditzeko arriskuan dago aipatu lanaren ebaluazioan, eta dagokion deialdian gutxiegi (0,0) jasoko du irakasgai horretan, eta zehapena ere jaso dezake, aurretik diziplina-espedientea irekita.
4. Iruzurra egin dela atzematen edo susmatzen denean, irakasleek ikaslearen ebaluazio probak eta irakasgaian seihilekoan zehar aurkeztu dituen lanak berrikusten ahalko dituzte, baita lehendik ebaluatu direnak ere, eta proba berri bat egiten ahalko diote ikasle susmagarriari, zehaztu ahal izateko ea ezagutzen dituen aurkeztu dituen lanak egileari suposatzen zaion sakontasunarekin. Berrikusketa egitean, lehendik egindako lanetan ere iruzur-zantzuak antzematen badira, behin-behineko kalifikazioak aldatzen ahalko dira, ikasleari entzun eta gero, betiere irakasgaiaren azken kalifikazioak behin betiko mailara jaso baino lehen.
5. Oro har, irakasgaiaren arduraduna den saileko zuzendaritzari dagokio erabakitzea, irakasgaiko irakasleei, ukitutako ikasleei, eta saileko zuzendaritzak beharrezko ikusten duen beste edozeini entzun eta gero, titulazioa atxikita daukan ikastegiko zuzendaritzari gorabeheraren berri eman behar zaion edo ez.
6. Sailaren txostena jaso eta gero, ikastegiko zuzendaritzak erabakiko du errektoreari eskatu behar ote zaion dagokion zehapen-espedienteari hasiera eman diezaion, Unibertsitateko beste organo batzuek gai honetan daukaten eskumenen kaltetan gabe.
35. artikulua. Gorabeheren erregistroa.
1. Berrerortze kasuetan, ikastegiak errektoreari eskatuko dio zehapen espedienteari hasiera emateko. Ondorio horietarako, ikastegi bakoitzean gorabeheren erregistroa sortuko da, non jasoko baitira lehen puntuan aipatutako iruzurrak egiten harrapatu diren ikasleen datuak. Jasoko da, baita ere, zer ebaluazio probatan edo lanetan gertatu den gorabehera.
2. Ikastegiko zuzendaritzak kontsultatu ahalko du erregistro hori, bakarrik, eta edonola ere ez du gaitzen ondorengo datu-tratamendurako, edo Norberaren datuak babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak aurreikusten duen fitxategietako batean sartzeko.
3. Aipatutako gorabeherei dagozkien datuak 4 seihileko geroago ezabatuko dira, sartzen diren egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Ezabatzea ofizioz egingo da, interesdunak ezabaketa eskatzearen kaltetan gabe.
4. Baldin eta hartutako neurria deuseztatzen bada, edozein ebazpen dela medio, erregistroko oharra lehenbailehen kenduko da.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.–Araudi honetako aginduak genero femeninoan aipatzea gaztelaniako testuan.
Araudi honetan, gaztelaniako testuan, genero maskulinoan agertzen diren pertsonak, kolektiboak edo kargu akademikoak horrela agertzen dira markarik gabeko genero gramatikala delako. Hala dagokionean, genero femeninoa duten formak ere baliozkoak izango dira aginduen aipamenetan.
Bigarrena.–Ebaluazio prozesuaren emaitza akademikoak.
1. Unibertsitateak irakasgai bakoitzeko emaitza akademikoaren estatistika prestatuko du, datu hauek emanez, gutxienez: zenbat ikasle matrikulatu den, zenbat aurkeztu eta zenbatek gainditu duen. Ehuneko horiek apartekoak diren irakasgaien kasuan, eta, betiere, ikasturtean gainditu duten ikasle guztien ehunekoa %100 bada, edo %35 baino gutxiago, titulazioa atxikia dagoen ikastegiko batzarrak irakasgaiaren arduraduna den edo diren sailari edo sailei eskatuko die txosten bat, egoera hori ekarri duten gorabeherak zeintzuk izan diren aztertzeko.
2. Urtero, ikastegiko Kalitatearen Berme Batzordeak txosten orokor bat egingo du, titulazio bakoitzeko, irakasgai guztien ebaluazioen emaitzei buruz. Txosten horretan, titulazio bakoitzeko errendimenduaren adierazle orokorrak jasoko dira, eta titulazio bakoitzaren definizioan jarritakoekin alderatuko dira, bai eta beharrezkotzat jotzen diren hobekuntza-jarduerak proposatu ere, kasua bada. Txosten hori Unibertsitateko Gobernu Kontseiluan aurkeztuko da, non irakaskuntza-eremuko errektoreorde eskumendunak aztertuko baitu.
Hirugarrena.–Eskola geldialdirako eskubidea.
Ikasleek beraiei aitortutako eskubide eta askatasun publikoak libreki erabiliz erabakitzen badute klasera ez joatea protesta neurri gisa, ez da ulertuko ez direla klasera joan, eta beren erabakia ez da zeinahi bereizkeria egiteko aitzakia gisa erabiliko. Ezin izango dira egun bererako programatu dagokion gidaliburuan edo irakaskuntza-programazioan agertzen ez diren praktikak edo nahitaezko beste jarduera batzuk. Ez dira egingo, ezta ere, klasera joatea erabaki duenarentzat onura ekarriko duten praktikak edo borondatezko jarduerak.
Aurreko idatz-zatian aipatutako ondorioak sortzeko, baldintza hauek bete behar dira:
–Taldeko edo ukitutako esparruko kideek gehiengoz hartuko dute ikasleen erabakia.
–Deialdia egin dutenek edo beren ordezkariek erabakiaren berri emango dute Unibertsitateko Erregistro Orokorrean aurkeztutako eskabidearen bidez, ezarritako eguna baino 5 egun baliodun lehenago, gutxienez ere. Eskabidea ikastegiko zuzendariari edo fakultateko dekanoari zuzenduko zaio, protestak Unibertsitate guztiari eragiten badio.
–Erabakiak ez dio eragin behar azterketen egutegi ofizialari, ez eta balizko deialdiaren berri izan baino lehen ezarritako beste edozein jarduerari ere.
Xedapen honen aplikazioan sortzen diren gatazkek ahalmena emango diote ukitutako edozein ikasleri dagokion erreklamazioa aurkezteko Errektoreordetza eskumendunaren aurrean. Errektoreordetzak, ahal badu, deialdiaren data baino lehen ebatziko du, eta nolanahi ere, hamabost eguneko epean, erreklamaziogileari eta ukitutako irakasleei entzun ondoren.
Laugarrena.–Aurreikusi ez diren egoerak.
Araudi honetan jaso ez diren egoerak errektoreak edo berak eskuordetutako errektoreordeak ebatziko ditu.
XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA
Araudi hau indarrean sartzen denean baliogabetu egingo dira araudi honetan ezarritakoaren aurkako maila berdineko zein beheragoko arauak, zirkularrak, aginduak, eginbideak edo xedapenak.
AZKEN XEDAPENA
Araudi hau aplikagarria izango da Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko ebaluazio prozesu guztietan, 2017-2018 ikasturtetik aurrera.
Iragarkiaren kodea: F1709031
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
