153. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

177E/2017 EBAZPENA, ekainaren 19koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, Tafallako udal-mugartean fruta zukuak eta alkoholik gabeko edariak egiten dituen instalazio baten Ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzeko eskaera onartzen duena; horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak instalazio horren Ingurumen baimen integratuaren espediente administratiboetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, bai eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak eta neurriak ere. Instalazioaren titularra Compañía de Bebidas Pepsico SL da.

Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak urriaren 6ko 1553/2010 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 17ko 177/2012 Ebazpenaren bidez eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urriaren 30eko 1083/2012 Ebazpenaren bidez aldatua.

2017ko otsailaren 20an, titularrak Ingurumen baimen integratuan sartutako baldintzak aldatzeko eskatu zuen, zehazki, sortutako hondakinen zerrendan (Ingurumen baimen integratuaren III. eranskina) LER 160213* kodeko hondakin berri bat sartzea, instalazioen mantentze-lanetan sortzen den material elektriko eta elektronikoari dagokiona.

Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, ondorioztatu du onargarria dela; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta eskura dauden teknika onenen aplikazioarekin.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla ikusi da, eta, horrenbestez, bidezko da Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan entzutea eman zaio instalazioaren titularrari hogeita hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Tafallako udal-mugartean fruta zukuak eta alkoholik gabeko edariak egiteko instalazio baten Ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzeko eskaera onartzea; horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak instalazio horren Ingurumen baimen integratuaren espediente administratiboetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, bai eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak eta neurriak ere. Instalazioaren titularra Compañía de Bebidas Pepsico SL da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Compañía de Bebidas Pepsico SLri eta Tafallako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko ekainaren 19an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1707574