153. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

314/2017 EBAZPENA, uztailaren 28koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planean, Toki Programazioaren barrenean, sarerik gabeko zolatze lanei dagokien atalean sartutako inbertsioen behin-behineko zerrenda onesten duena, eta, horrekin batera, urtez urteko banaketa.

2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana osatzen dute arau horretan aurreikusitako jarduketek, Toki Programazioaren atalean jasotakoek, besteak beste. Zehazki, 11. artikuluko C) atalak ezartzen duenez, atal horretan sartuko dira, beste inbertsio batzuekin batera, sarerik gabeko zolatze lanei dagozkienak.

2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen 15. artikuluak, II. kapituluko Toki Programazioa izeneko bigarren atalaren barnekoak, prozedura ezartzen du Toki Programazioaren atalari dagozkion inbertsioak onartzeko eta horietarako gehieneko ekarpen ekonomikoa finkatzeko.

Lehen atalean xedatzen duenez, Toki Inbertsioen Planeko Toki Programazioaren atalean sartzeko eskaerak bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dira foru lege honek indarra hartzen duen egunetik. Eskaerak aurkezteko epea amaituta, inbertsioak hautatu eta lehenetsi ondoren, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez onetsiko da Toki Inbertsioen Planeko Toki Programazioaren atalean sartutako inbertsioen behin-behineko zerrenda bat, honakoak bilduko dituena: aurrekontuan dagoen kredituaren kargura finantzatzekoak diren inbertsioen behin-behineko zerrenda, erreserban gelditu diren inbertsio eskaeren behin-behineko zerrenda eta foru lege honen beharkizunak ez betetzeagatik onartu ezin diren eskaeren behin-behineko zerrenda. Era berean, ezartzen da inbertsioen behin-behineko zerrenda hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dela, eta argitaratzen denetik hamabost egun balioduneko epe bat izanen dela alegazioak aurkezteko.

Espedientean dago Toki Azpiegituren Zerbitzuak emandako txostena, agertzen duena 236 eskaera aurkeztu direla, denak behar den epean, hots, 2017ko otsailaren 28a baino lehen. 18/2016 Foru Legearen IV. eranskinari jarraikiz aurkeztutako dokumentazioa egiaztaturik, proposatzen da horietako 158 ez onartzea, ez dituztelako betetzen aipatutako legean ezarritako betebeharrak, eta aurkitu direlako, ofizioz edo toki entitateek igorritako eskabideetan oinarriturik, bikoiztasunak eta beste gorabehera batzuk, txostenean zehaztuak. Hala, 60 espediente proposatu dira denera. Gainerako eskaerek 18. artikuluko beharkizun orokorrak betetzen dituztela egiaztatu da, inbertsio guztiak hasi gabe daudelako.

Emandako puntuazioa esleitzeko, kontuan hartu da, lehenik, inbertsioa zenbateraino den beharrezkoa. Horretarako, arauetan xedatutakoarekin bat, aintzat hartu dira zoruaren egoera txarra, ibilgailuak eta/edo oinezkoak igarotzeko trabak sortzen dituena, pertsona edo ondasunentzako arrisku funtsezkoak, eta zoruaren egoera txarra, zerbitzu publikoetarako ibilgailuei trabak sortzen dituena; erabilitako hautaketa irizpideak 18/2016 Foru Legearen 13. C) artikuluan xedatutakoen araberakoak dira. Bigarrenik, azkeneko puntuaziorako, kontuan hartu dira aipatutako foru legearen 13. artikuluko 2., 3. eta 4. apartatuetan araututako irizpideak. Txosten teknikoan, xeheki azaldu da nola eman den atal bakoitzari dagokion puntuazioa; hortaz, behar bezala arrazoitu da lehenesteko eta hautatzeko proposamena.

18/2016 Foru Legearen I. eranskinean jaso dira Toki Inbertsioen Planerako ekarpenak, toki entitateek Nafarroako tributuetan parte hartzeko funtsaren kargura, 2017., 2018. eta 2019. urteetarako. Toki Azpiegituren Zerbitzuaren txostenak proposatzen du inbertsioen urtez urteko banaketa alda dadila sarerik gabeko zolatze lanei dagokienez, aintzat harturik irizpide teknikoak eta aurrekontuan dagoen kreditu erabilgarria.

Bestalde, 6.000.000 euroko erreserba bat proposatzen da txosten horretan, Toki Programazioaren atalaren baitan, 4.2 eta 4.3 artikuluetan aurreikusitakoari jarraikiz; horietatik 3.850.000 euro larrialdietako eskaerei eta inbertsio osagarriei erantzuteko erabiliko dira, bai eta Inbertsio Programen eta Toki Programazioaren ataletako salbuespeneko araubidea finantzatzeko ere, eta 2.150.000 euro, berriz, Toki Programazioko inbertsioen gehieneko ekarpen ekonomikoa finkatzeko unean 100eko 10erainoko igoera ordaintzeko, kasua bada. Aurrekoarekin bat, sarerik gabeko zolatze lanen atalean 196.297,49 euroko erreserba proposatzen da.

Toki Azpiegituren Zerbitzuak hauen proposamena egin du: aurrekontuan dagoen kreditu erabilgarriaren kargura finantzatzekoak diren 25 inbertsioren behin-behineko zerrenda, eta urtez urteko banaketa, gehienez ere 1.203.702,51 euroko ekarpenarekin (1.438.880,80 euroko inbertsioa, BEZa kanpo); erreserban gelditu diren 35 inbertsioren behin-behineko zerrenda, 1.721.728,97 euroko ekarpenarekin (2.778.947,79 euroko inbertsioa, BEZa kanpo); eta 158 inbertsio ez onartzea, 18/2016 Foru Legean ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik. Hori dena, foru lege horren 15.2 apartatuan xedatutakoarekin bat.

18/2016 Foru Legearen V. eranskineko C) atalean jasotako baldintzei egokitzen zaio proposamena. Hartan, arautzen da zer oinarri erabili zenbateko lagungarria kalkulatzeko, “sarerik gabeko zolatze lanak” kontzeptuarengatik. Foru lege horren 12. C) artikuluan araututako jarduketak hartuko dira lagungarritzat, eta proposamenean zehazten da gehieneko ekarpen ekonomikoa 150.000 eurokoa izanen dela toki entitate bakoitzeko.

18/2016 Foru Legearen 14. artikuluan ezartzen denez, sarerik gabeko zolatze lanei dagozkien jarduketetan, zenbateko lagungarrirako gehieneko ekarpen ekonomikoaren ehunekoa, BEZa kanpo, %70 izanen da BEZ jasanaraziaren kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten inbertsioetan, eta %85, berriz, BEZ jasanaraziaren kenkaria egiteko eskubidea sortzen ez duten inbertsioetan. Kasu honetan, inbertsio guztiei %85 aplikatuko zaie ez dutelako BEZaren kenkaria egiteko eskubidea.

Espedientean Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuaren txosten bat dago, eta Toki Antolamendurako eta Toki Entitateei Laguntzeko Zerbitzuaren beste bat, biak ere uztailaren 21ekoak, Toki Azpiegituren Zerbitzuak egindako proposamena berresten dutenak.

Horrenbestez, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legean ezarritakoarekin bat, bidezkoa da 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planean, Toki Programazioaren barrenean, sarerik gabeko zolatze lanen atalean, sartutako inbertsioen behin-behineko zerrenda eta urtez urteko banaketa onestea.

Horrenbestez, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legeak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Onestea Toki Inbertsioen Planean, Toki Programazioaren atalean, sarerik gabeko zolatze lanei dagokienez sartuta dauden eta aurrekontuko kreditu erabilgarriaren kargura finantzatzekoak diren 25 inbertsioren behin-behineko zerrenda, eta, horrekin batera, urtez urteko banaketa. Inbertsioa, guztira, 1.438.880,80 eurokoa da (BEZa kanpo). Zerrenda eta urtez urteko banaketa 1. eranskinean jaso dira.

2. Onestea erreserban gelditu diren 35 eskaeren behin-behineko zerrenda, sarerik gabeko zolatze lanen atalari dagokionez, 2.778.947,79 euroko behin-behineko inbertsioarekin (BEZa kanpo). 2. eranskinean jaso da zerrenda.

3. Onestea 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legean ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik onartu ezin diren 158 eskaeraren behin-behineko zerrenda, 3. eranskinean jasotzen dena.

4. Behin-behinekoz 196.297,49 euro erreserbatzea, “sarerik gabeko zolatze lanak” atalean, 4.3 artikuluan Inbertsioen Planetako jarduketetarako eta Toki Programaziorako adierazitako erreserbei eta 4.2 artikuluan Toki Programaziorako adierazitakoei erantzuteko helburuarekin.

5. Hamabost egun balioduneko epea ezartzea, ebazpena argitaratzen denetik hasita, toki entitateek alegazioak aurkez ditzaten, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren urtarrilaren 20ko 48/2017 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera. Foru agindu horren bidez, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legeari buruzko eskaerak eta agiriak aurkezteko modua arautu zen.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2017ko uztailaren 28an.–Toki Administrazioko zuzendari nagusia, Xabier Lasa Gorraiz.

1. ERANSKINA

Aurrekontuan dagoen kreditu erabilgarriaren kargura finantzatzekoak diren inbertsioen behin-behineko zerrenda, eta horien urtez urteko banaketa.

2. ERANSKINA

Erreserbako inbertsioen behin-behineko zerrenda, puntuazio-ordenaren arabera.

3. ERANSKINA

18/2016 Foru Legean ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik onartu ezin diren inbertsioen behin-behineko zerrenda.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1709133