153. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

784/2017 EBAZPENA, uztailaren 24koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, udal poligono eta lokalak sustatzeko diru-laguntzen 2017ko deialdia onesten duena, haietan jarduera ekonomikoak garatzeko.

Nafarroako Gobernuaren helburu estrategikoetako bat da Foru Komunitateko lurraldearen garapen orekatua, eta, horretarako, jarduera ekonomikoak garatzeko tokiak behar dira udalerrietan.

Orain dela urte batzuk, udalek laguntzak eskatzen zituzten jarduera ekonomikoen poligonoak sustatzeko edo beren hiri azpiegiturak hobetzeko eta ez beste ezertarako. Baina azken boladan eskaera horiek gero eta gehiago bideratzen dira higiezinak bulego edo lantegi txiki gisa erabiltzeko asmoz egokitzera, enpresa hasiberriei lokalak prezio txikian eskaintzearren.

Nafarroako Gobernuak 2017ko maiatzaren 10ean hartutako Erabakiaren bidez, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusiari baimena eman zitzaion urte anitzeko gastua hartzeko, deialdi hau onets zezan.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Udal poligono eta lokalak sustatzeko diru-laguntzen 2017ko deialdia onestea, haietan jarduera ekonomikoak garatzeko.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Urte anitzeko honako gastu konpromiso hau onestea, deusetan galarazi gabe gero diru-kopuru horiek handitzea aurrekontuetan horretarako diru erabilgarria baldin badago:

• 450.000 euro, 2017ko gastuen aurrekontuko “Jarduera ekonomikoetako udal poligonoetarako laguntzak” izeneko 810008-81200-7609-458100 partidaren kargura.

• 400.000 euro, 2018ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako gaitzen den partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2017ko uztailaren 24an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren helburu estrategikoetako bat lurraldearen garapen orekatua da; horretarako, beste neurri batzuen artean, diru-laguntzak ematen ditu Nafarroako toki entitateek edo berariaz eratutako sozietate publikoek sustatzen dituzten tokietarako, haietan jarduera ekonomikoak burutzeko.

Jarduera ekonomikoak egiteko tokitzat hartzen dira bulegoak edo lantegiak jartzeko diren udalaren industrialdeak eta eraikinak, gero enpresek erabiltzeko, eta diru-laguntza emanen da bai berritik eraikitzeko, bai eraikuntzako akatsak edo instalazioetakoak konpontzeko. Ez dira diruz lagungarriak izanen abeltzaintzan erabiltzen diren tokiak.

2. oinarria.–Onuradunak.

Entitate hauek hartzen ahalko dituzte deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak:

a) Nafarroako toki entitateak.

b) Toki entitateen mendeko sozietate publikoak.

c) Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA sozietate publikoa.

3. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

Jarduketa hauek izanen dira diru-laguntzaren xede:

1. Industria edo zerbitzu erabileretarako poligono berriak sustatzea, betiere honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Obrek hartutako lurrek udalaren titulartasun publikokoak izan beharko dute. Udal erakundea konpentsazio batzorde baten bidez sustapen baten zati bada, gertaera hori justifikatuko da, eta toki entitateari dagokion ehunekoa diruz lagungarritzat joko da, baldin eta oinarri hauen baldintza guztiak eta Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean xedatutakoa betetzen badira.

Kanpoko azpiegituren eraikuntzak ukitutako lurren kasuan, ez da beharrezkoa izanen titulartasun publikoa, baina dagozkien afekzio baimenak, jabetzak sinatuak, aurkeztu beharko dira.

b) Diru-laguntzaren eskaera aurkezten den unean, jarduketaren xedeko lurrek hiri-lurzoruaren kalifikazioa, industrian edo zerbitzuetan erabiltzekoa, izan beharko dute, indarra duen udal planeamenduan.

c) Antolatu beharreko azalerak herriko behar eta eskaera errealekin bat etorri beharko du, eta industriek eskatutako lurzoruaren %30eko azalera izan beharko du gutxienez, enpresak deslokalizatzeko aukerarik egon ezean; izan ere, kasu horretan, ez da lurzatien gutxieneko ehunekorik eskatuko, baina inguruabar salbueslea frogatu beharko da.

d) Lurzatien eskaerak erreala izan beharko du, eta eskatzaileek jarritako bermeen bidez justifikatua. Lurzatiak saltzeko aurreikusitako prezioaren %2koa izan beharko du fidantzen zenbatekoak.

e) Onuradunak jarduketatik ateratzen diren lurzatiak merkatuko prezioan saltzeko konpromisoa hartuko du.

f) 2017ko urriaren 1a baino lehen hasi beharko da obrak egiten.

2. Poligono eskasia konpontzeko inbertsioak; beharkizun hauek bete beharko dira:

a) Entitate eskatzaileak poligonoaren urbanizazioa sustatu edo hartu izana.

b) Diru-laguntzaren onuradunak jasandako kostuen %50, gutxienez ere, jasanarazi beharko die obren onura jasotzen duten enpresei, kontribuzio erezi baten bidez, kostuak jasanarazteko proiektu baten bidez edo antzeko beste sistema baten bidez.

c) 2017ko urriaren 1a baino lehen hasi beharko da obrak egiten.

3. Eraikinak gaitzea gero enpresek edo profesionalek erabiltzeko, baldin eta beharkizun hauek betetzen badira:

a) Udalaren jabetza publikokoa izan beharko du obrekin hartutako eraikinak.

b) Obren bidez, bulegoak, lantegiak, nabeak edo antzeko espazioak eginen dira, jarduera ekonomikoei ekiteko eskain daitezen.

c) 2017ko urriaren 1a baino lehen hasi beharko da obrak egiten.

4. Industria-lurzoruan edo zati batean edo osorik horretaz hornitzeko gauzatu beharreko obrak, sistema orokorrak direnak eta kontribuzio bereziaren edo antzeko sistema baten bidez egotzi ezin direnak.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Aipatu obrak sustatzeko, gastu hauek izan daitezke diru-laguntzaren xede:

a) Poligonoak egiteko lurrak eta, zein den kasua, beharrezkoak diren zortasun eskubideak erostea. Lurren balorazioa egiteko, onibarren katastroko prezioak hartuko dira kontuan.

b) Hirigintza planen eta obra proiektuen idazketa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta aplikagarri den araudian xedatutakoari lotuko zaiona.

c) Poligonoa urbanizatzeko edo eraikina altxatzeko obrak eta kanpoko azpiegituren obrak.

d) Obra guztien zuzendaritza teknikoa.

2. Proiektuetan, obretan eta obra zuzendaritzetan egiten diren inbertsioengatik eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa honako hau izanen da:

a) Poligono berrien sustapena edo udal eraikinen prestaketa: gastu diruz lagungarriaren %30.

b) Azpiegituren konponketa edo aurretik dauden poligonoak edo eraikinak azpiegitura berriez hornitzea: gastu diruz lagungarriaren %50.

c) 3. oinarriaren 4. idatz-zatian deskribatutako obrak: gastu diruz lagungarriaren %80, gehienez ere.

3. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko neurriak hartu dituzten eskatzaileek %3ko laguntza osagarria eskuratzen ahalko dute. Ondorio horietarako, honako alderdi hauek baloratuko dira:

a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat prestatua izatea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritako irismena eta edukia dituena.

b) Aitortzaren edo bereizgarriren bat lortu izana bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatu dituelako (esate baterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarria edo NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen “Reconcilia zigilua”, eta abar).

c) Bizitza pertsonaleko, laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko neurriak edo berdintasuna sustatzekoak, frogatzeko modukoak, aplikatu izana. Neurri horiek frogatzeko, enpresaren eta langileen ordezkariek sinatutako dokumentua aurkeztuko da.

4. Laguntzen onuradunek Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergako kuotaren %95eko hobaria eskuratzen ahalko dute; zerga horrek poligonoak sortzeko helburuz toki entitateei egindako lurzoru eskualdaketak eta toki entitateek bertan kokatzen diren enpresei egiten dizkietenak zergapetzen ditu.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2017ko irailaren 8an bukatuko da, egun hori barne.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Eskabidean adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da, zeina 10. oinarrian ezarritako moduan lortzen ahal den.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

3. Eskabidearekin batera dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Sustapenak ukitutako onibar guztiek udalaren titulartasuna dutela adierazten duen ziurtagiria. Zortasuna baino ez duten lurren kasuan, jabetzak sinatu dituen afekziorako baimenen kopia aurkeztu beharko da.

b) Jarduketaren xede diren lurraren edo eraikinaren hirigintza kalifikazioaren ziurtagiriak. Helburu horretarako onetsita dagoen hirigintza planik bada, horren aipamena erantsiko zaio ziurtagiriari, eta haren laburpen bat aurkeztuko da.

c) Poligono berri bat egiten bada, lurzatiak erosteko eskaeren zerrenda, gordailuan utzitako fidantzen kopiarekin batera. Eta lurzatiak saltzeko kontratu bakoitzaren kopia edo behar diren dokumentuena, lurzatia erosteko ezarri den prezioa adierazita.

d) Poligono berri bat egiten bada, entitate eskatzailearen erabakia, non konpromisoa hartzen baitu lurzatiak merkatuko prezioan saltzeko. Azpiegituren eskasia konpontzeko obren kasuan, Udalak osoko bilkuran onetsitako kontribuzio berezia edo kobrantzaren metodoa, 3.2. oinarriaren b) letran aipatzen denaren antzekoa.

e) Obra proiektuaren laburpena; agiri hauek eduki beharko ditu:

–Jarduketa justifikatzen duen memoria, non beharrezko obrak azalduko diren, bai eta ateratzen diren lurzatien edo lokalen zerrenda ere, azalerak adierazita.

–Jarduketaren dokumentazio grafikoa, hura non kokatzen den eta zein onibarren gainean egiten den adierazita, bai eta aurreikusten den antolamendua ere, ateratzen diren lurzatiak edo lokalak barne.

–Aurrekontuaren kapitulu guztien laburpen-orria.

f) Sustapenaren kostuak, guztira. Kontuan hartu beharko dira lurrak eskuratzeko kostuak, erosi behar badira, obra proiektuen erredakzioa, eraikuntza obrak berak eta obra zuzendaritza.

Ez da kudeaketa edo aholkularitza gastuei buruzko agiririk aurkeztu beharko, ez baitira diru-laguntzaren xede.

g) Obrak egiteko aurreikusitako epeen egutegia eta plangintza.

h) Bideragarritasunari buruzko aldez aurreko azterlana, sustapen osoko gastuak eta lurzatien edo lokalen salmenta edo alokairuengatik aurreikusten diren diru-sarrerak jasotzen dituena, finantzabideak zehaztuta eta finantza kostuak adierazita.

6. oinarria.–Diru-laguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

4. oinarrian ezarritako laguntza portzentajeak balorazio handiena lortu duten jarduketei aplikatuta aterako da eman beharreko diru-laguntza, deialdirako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Hona hemen eskaerak baloratzeko irizpideak, diru-laguntzak emateko:

a) Egun dauden jarduerak lekuz aldatu beharra, bai kokagune desegokian daudelako bai jarduera handitu behar delako, bai eta jarduera berriak instalatzeko dauden eskaerak ere; 10 puntu arte.

b) Lurzatien eskaera errealen ondorioz lanpostuak mantentzea edo berriak sortzea; 5 puntu arte.

c) Proiektua tokien beharrera egokitzea, zehazki, proiektuaren neurriak edo hura egiteko faseak egun dagoen eskariari hobeki egokitzeko eta lurren, urbanizazio obren eta azpiegituren kostuak ahalik eta apalenak izan daitezen; 5 puntu arte.

d) Titulartasun publikoko poligonoetan lurzatiak eskuratzeko beste aukerarik ez izatea inguruetan; 10 puntu arte.

3. Ez badago behar adinako krediturik aurkeztutako eskaera guztiak ezarritako portzentajeekin diruz laguntzeko, eta eskaeren arteko berdinketa gertatzen bada, puntuazio bera duten eskaeren artean hainbanatuko da.

7. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak, eskabideak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek diru-laguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

2. Diru-laguntza emateko proposamena egin aurretik, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak txostena eskatuko dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, toki entitateek diru-laguntzaren xedeko sustapenaren ondorioz heldu diren betebeharrei aurre egiteko ahalmen ekonomiko nahikoa baduten jakiteko.

Txosten hori egin ezin bada, toki entitateak ez dituelako aurreko ekitaldiko kontuak legez ezarritako epean aurkeztu, edo txostena negatiboa bada, ezin izanen da eskatutako diru-laguntza eman.

3. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. oinarria.–Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

1. Onuradunek egindako jarduketa justifikatu beharko dute, baita obrak benetan abiarazi izana ere, epe hauetan:

1.1. 2017ko azaroaren 20a baino lehen, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Obrak gauzatzeko behar diren lurrak erosteko egindako ordainketaren egiaztagiriak eta, zein den kasua, zortasun eskubideena.

b) Hirigintza planen eta obra proiektuen idazketari buruzko fakturak ordaindu direla frogatzen duten dokumentuak.

c) Obra kontratuen kopiak eta haien zuzendaritza teknikoarenak.

d) Obrak hasi izanaren aktaren kopia, behar bezala sinatua.

e) Ziurtagiria, kontratuak Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz adjudikatu direla frogatzeko.

f) Ekitaldi honetan egindako obren ziurtagiri bakoitzaren ordainketa frogatzen duten dokumentuak eta fakturak.

2017ko azaroaren 20rako diru-laguntzaren xede diren obrak amaitu eta hartu badira, 1.2 idatz-zatian aipatutako agiriak ere aurkezten ahalko dira.

1.2. Obrak amaitu ondoren, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Obren ziurtagiri bakoitzeko egindako fakturak eta horien ordainketa frogatzen duten dokumentuak.

b) Obren zuzendaritza teknikoaren fakturak eta horien ordainketa frogatzen duten dokumentuak.

c) Obren harrera-akta.

2. Aipatu frogagiriak azterturik, organo kudeatzaileak ordainketa ebazteko proposamena igorriko dio Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiari, eta bertan agerraraziko da onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituztela.

Oinarri honetan ezarritako epeetan hala justifikatu ezean, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

3. Ordainketaren ebazpena bi hilabeteko epean emanen da, gehienez ere, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Onuradunek diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute telematikoki, irailaren 11ko 59/2013 Dekretuan arautu dena eta laguntzen fitxan erabilgarri dagoen ereduaren araberakoa dena, emakidaren ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean.

b) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Emandako diru-laguntzak kobratzeko eskubideak galtzeagatik edo beste arrazoi batzuengatik kopuru konprometituak askatzen badira, aurrekontuetan behar adina diru ez izateagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeren entitateei ematen ahalko zaie diru-laguntza.

10. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Administrazio-egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoan.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke DEHa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da, eta Nafarroako Gobernuak gaitutako prozeduren harpidedun izan.

2. Laguntzen onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntza-eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.navarra.es/home_eu/) tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez.

11. oinarria.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen diru-laguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza batzuekin.

Betiere, jarduera bererako emandako diru-laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

12. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

13. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1708965