152. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

28/2017 EBAZPENA, abuztuaren 1ekoa, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, aipatutako erakunde autonomo horren zerbitzuko zuzendarien eta atalburuen ordezkoak izendatzen dituena.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak bere 13. artikuluan aurreikusten duenez, administrazio publiko bakoitzak aurreikusiko duen moduan, administrazio organoen titularrak aldi baterako ordeztu daitezke titularrak kanpoan edo eri daudenean edo karguak hutsik daudenean, edo haien abstenitzea edo errefusatzea deklaratuta dagoen kasuetan. Ordezkorik izendatzen ez bada, goragoko kasuko administrazio organoa menpean duen administrazio organo hurrenak izendatzen duenak hartuko ditu bere gain haren eskumenak. Ordezkatzeak ez du esan nahi eskumena aldatuko denik, eta baliozkoa izateko, ez da beharrezkoa izanen hura argitaratzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Aginduaren 41.3 artikuluan xedatzen denez, zerbitzuetako zuzendariak eta ataletako, bulegoetako eta beheragoko unitateetako buruak zer organoren mende dauden, horri egokituko zaio haien ordezkoak izendatzea, horretaz araudi berariazkorik ez baldin bada. Artikulu beraren 5. idatz-zatiak ezartzen du titular bakar baten ordezko bat baino gehiago izan daitezkeela aldi berean, eta 6. idatz-zatiak ordezkoen izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar dela agintzen du.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 130/2015 Foru Dekretuaren 11. artikuluak ezartzen ditu Euskarabideko zuzendari kudeatzailearen eginkizunak. Horietako bat da erakunde autonomoko zerbitzuko zuzendariak eta atalburuak aldi baterako ordezkatuko dituztenak ebazpen bidez izendatzea haien postuak hutsik gelditzen direnean, lanean ez daudenean, gaixo daudenean edo aldi baterako ezintasuna dutenean.

Horrenbestez, lehen aipatutako artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri denean edo ezintasun pertsonal bat duenean, Euskarabideko Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren aldi baterako ordezkapenak honako hurrenkeran beteko dira:

a) Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria.

b) Euskararen Egiaztapenen eta Prestakuntzaren Ataleko burua.

c) Itzulpen Ataleko burua.

2. Kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri denean edo ezintasun pertsonal bat duenean, Euskarabideko Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko Zuzendariaren aldi baterako ordezkapenak honako hurrenkeran beteko dira:

a) Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria.

b) Azterlan eta Plangintza Ataleko burua.

c) Euskara Sustatzeko Ataleko burua.

3. Kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri denean edo ezintasun pertsonal bat duenean, hauetako edozein ari daiteke Euskarabideko atalburuen ordezko:

a) Zerbitzu bereko bere atal bateko atalburua.

b) Beste Zerbitzuko atalburu bat.

c) Programen Bulegoko burua.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Euskarabideko Zerbitzuko zuzendariei, atalburuei eta Programen Bulegoko buruari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko abuztuaren 1ean.–Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Zuzendari Kudeatzailea, Mikel Arregui Pérez.

Iragarkiaren kodea: F1709342