152. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

180E/2017 EBAZPENA, ekainaren 21ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, Lesakako eta Berako udal-mugarteetan, Lesaka eta Bera artean Bidasoa ibaiaren azpian saneamendu kanalizazio berria egiteko proiekturako. Sustatzailea Conservas Martiko SA da.

2016ko uztailaren 14an Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Azpiegituraren zati bat lurzoru urbanizaezinean dago, eta bere diseinuak NA-8304 errepidea (3. poligonoko 451. lurzatia), Bidasoa ibaia, eta Berako poligonoko 352., 121., 117. eta 118. lurzatiak ukitzen ditu. Zati horri dagokionez, behintzat, espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hodiak lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean eta dekretu horren beste eranskin batean bilduta ez daudenean) sartua dago; foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuak Bidasoa ibaian zehar kanalizazio bat egitea du xede, Conservas Martiko SAk ibaiaren bi aldeetan dituen bi lantegietako hondakin urak bateratu daitezen. Horrela, isuria homogeneizatzea eta, hodi biltzailera behin betiko isuri baino lehen, Berako lantegiko aurretratamendurako estazioan aurrearazketa askoz eraginkorragoa egitea lortzen da.

Espedientean jasota dago Lesakako Udalaren aldeko txostena, Nasuvinsaren Baztan-Bidasoa bulegoak 2016ko ekainaren 1ean egindakoa. Bertan honako hau adierazi da: “Lesakako udal-mugartearen barnean eginen diren obren zatia (C eta D tarteak) industriako hiri lurzoru gisa sailkatuta dagoen Alkaiagako industrialdearen UPSaren barnean dago. Bereziki, industria erabilerako 1. etxadiaren barneko 304/1 lurzatia ukitzen du, baita aparkalekuetarako erabilera libre pribatua, bideak, lorategiak eta eta ibaiertz birlandatua ere.” Amaitzeko, txostenaren konklusioan honako hau dio: “”aurretiko aldeko hirigintza txostena ematen da, zenbait baldintzarekin”.

Halaber, Berako Udalaren aldeko txostena ere badago, Nasuvinsaren Baztan-Bidasoa bulegoak 2016ko ekainaren 9an egindakoa. Besteak beste, honako determinazio hau jasotzen du: proposatzen diren obrak egiteak funtsezko aldaketa ekar dezake aurretik dauden lantegietako jardueran. Hori dela eta, espedientea ingurumen aholkularitzari igorri behar zaio, alderdi hori zehatz dezan.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak aldeko txostena eman du 2017ko maiatzaren 31n, ebazpen honen baldintzetan adierazten diren hirigintza arloko jarraibideak betetzeko baldintzapean.

Era berean, espedientean badago departamentu honetako Herri-lurren Atalaren aldeko txostena (2016/11/04).

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak aldeko txostena eman dio espedienteari, baina ebazpen honetan adierazitako ingurumen baldintzak jasota; horien artean, Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrantza Kudeatzeko Atalaren txostenean proposatutakoak ere badaude.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: Lesakako eta Berako udal-mugarteetan, Lesaka eta Bera artean Bidasoa ibaiaren azpian saneamendu kanalizazio berria egitea. Sustatzailea Conservas Martiko SA da.

2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Baimen honek azpiegituraren zati bat baino ez du babesten, lurzoru urbanizaezinean dagoena eta NA-8304 errepidea (3. poligonoko 451. lurzatia), Bidasoa ibaia, eta Berako poligonoko 352., 121., 117. eta 118. lurzatiak ukitzen dituen diseinua duena, hain zuzen, zeina lotua baitago hura osagarri duen industria jarduerari, aurkeztutako dokumentazioaren eta baimen honek ezartzen dituen determinazioen arabera.

–Obrak abiarazi baino 48 ordu lehenago, gutxienez, abisatu beharko zaio Bidasoa barrutiko Basozaintzari (948 450 096 edo 608 245 812, ogfobida1@cfnavarra.es), obrak ikuska ditzan eta, egokia bada, zuhaitzak markatu eta arrainak kendu.

–Ur-ibilgua eta ingurua ukitzen dituzten lanak ekainaren 15etik azaroaren 15era bitartean eginen dira, salmonidoen ugaltze aldia ez oztopatzeko.

–Ziur aski mustelido babestuak egongo direnez, lanak apirilaren 1etik abuztuaren 30era doan alditik kanpo abiaraziko dira, haien aldi kritikoa errespetatzearren. Bisoiaren aldi kritikoaren barrenean hasi nahi izanez gero, basozainei abisatu beharko zaie eremua ikuska dezaten eta, animalien arrastorik aurkitu ezean, prebentziozko neurri egokiak proposa ditzaten.

–Lanak abiarazi baino lehen, langile adituek Margaritifera margaritifera espezieko alerik (perla-muskuiluak) badagoen ala ez aztertuko dute, bibalbio hori Babes bereziko araubidea duten espezieen zerrendan agertzen baita (otsailaren 4ko 139/2011 Errege Dekretuaren arabera). Azterketaren emaitza positiboa bada, lehenbailehen jakinarazi beharko zaie Basozaintzako langileei.

–Ur-ibilguaren oheko kota ez da aldatuko hasierakoaren aldean, eta goiko 50 cm-an hasieran zegoen materiala jarriko da berriro, ibaiaren ekosistema zatitzea eragozteko asmoz.

–Ur-ibilguaren barneko lanak ur-agorrak elkarren ondoan jarriz eginen dira, urak ez uhertzeko. Ez da inola ere onartuko hormigoiak ibaia kutsatzea, eta horretarako behar diren prebentziozko neurriak hartuko dira.

–Ahalik eta txikienak izanen dira ibaiertzeko landarediaren gaineko ukipena, sarbideak, eta makinak ibaiko ibitik igarotzeko maiztasuna. Ukitutako landareen ordez, berriak jarriko dira, bai aleei dagokienez bai espezieei dagokienez.

–Ibaiertzetan, tutuak sakonera zehatz batean lurperatuko dira, lurraren geruzak metro bateko sakonera izan dezan; izan ere, horrelako sakonera behar dute zuhaitzetako sustraiek garatu ahal izateko.

–Tutuak sartzeko kendu behar diren harri-lubetak egungo baldintza beretan jarriko dira berriro, hau da, haien neurriak handitu gabe.

–Ukitutako ibaiertzak ingurumenaren aldetik lehengoratzeko lana eginen da maldak berriro profilatuz, landare-lurra gehituz eta haltz beltzak (Alnus glutinosa) landatuz.

–Baimendutako hondakin kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu obra hondar guztiak, indarreko araudiaren arabera.

–Lanak bukatutakoan eremuaren garbiketa orokorra egin beharko da.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak azpiegitura honekin lotzea.

–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik; bereziki, Kantauri aldeko Ur Konfederazioaren baimena, Urei buruzko lege indardunaren arabera, Bidasoa ibairako ukipena dela-eta, baita Herri Lan Zuzendaritza Nagusiarena ere, Nafarroako Errepideei buruzko 5/2007 Foru Legearen arabera, NA-8304 errepiderako ukipena dela-eta.

–Horrez gain, udal sarerako azken isuriari dagokionez, hala denean azpiegitura horren kudeatzaileak ezartzen dituen baldintzak hartu beharko dira aintzat.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera baimendua eta/edo jarduera horri lotutako erabilera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko dituela gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Alde horretatik, 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak eskatuko dio sustatzaileari aitor dezala konpromisoa hartzen duela lurzorua 5 urteko epean gehienez lehengoratzeko, baimendutako jarduera uzten badu.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Lesakako Udalari, Berako Udalari, Basozaintzari (Baztan-Bidasoako barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko ekainaren 21ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1707929