152. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

174E/2017 EBAZPENA, ekainaren 18koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Leitza-Frankia zentrala BTA linea elektrikoa aldatzeko proiekturako, Leitzako udal-mugarteko Arkiskil auzoan. Sustatzailea Iberdrola DESAU da.

2016ko maiatzaren 3an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I. epigrafean (Energiari buruzko instalazioak) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Jarduketa horren bidez Leitza-Frankia zentrala BTA linea, 13,2 Kv-eko zirkuitu bakuneko aireko linea dena, zati batean aldatu nahi da N-11 eta N-13 euskarrien artean (90 metro), Leitzako udal-mugarteko 2. poligonoko 393., 394. eta 395. lurzatietan N-53 (22 metro) euskarrian Leitza-Tolosa BTA lineari lotu ahal izateko. N-11 eta N-13 euskarriak lehendik daude, eta, N-12 euskarriaren ordez, berri bat jarriko da, OCR eta perimetroko espaloia hartuko dituena. Proiektua garatzen den eremua (Leitzaran ibaiaren erribera) babes eremu bat da, Hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri zituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren ondorioetarako.

Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren aldeko txostena dago, baina baldintzak jarrita. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Leitza-Frankia zentrala” BTA linea elektrikoa aldatzeko proiekturako, Leitzako udal-mugarteko Arkiskil auzoan. Sustatzailea Iberdrola DESAU da.

2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Proiektuan lotzeko kateetarako adierazitako isolagailuak (U70YB20P) ez ditu betetzen 1432/2008 Errege Dekretuan ezarritako aginduak. Hori dela eta, ezin izanen da erabili. Horren ordez, U70YB20-AL isolagailua erabiltzen ahalko da, pausalekuaren eta eroalearen artean metro bateko distantzia, gutxienez, errespetatuta.
  • Deribazioetako zubi loka guztiak isolatuko dira.

–Hirigintza arlokoak:

  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak azpiegitura honekin lotzea.
  • Jarduketak herri-lurrei eginen dien ukipenari dagokionez, Herri-lurren Atalaren (2017-02-15eko) txostenean adierazitakoarekin bat, “nahitaezko desjabetzea baliatuz gero, Leitzako Udalak ez dio atal honi zertan eskatu inongo baimenik (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.4 artikulua). Hori horrelakoa izanen ez balitz, (...) Leitzako Udalak, obra-lizentzia eman baino lehen, lursail horiek okupatzeko baimena eskuratu beharko luke Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez. Horretarako, aginduzko tramiteen ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 215. artikuluan ezarritakoarekin bat”.
  • Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik; bereziki, Kantauri aldeko Ur Konfederazioaren baimena, instalazioak Leitzaran ibaiko ibilguen polizia eremuan egoteagatik, Urei buruzko lege indardunarekin bat.
  • Bestalde, Herri Lanetako Zuzendaritza Nagusiaren (2016-11-10eko) txostenean adierazitakoaren arabera, Nafarroako Errepide Sareko bideren bat ukituz gero, sustatzaileak, obrak gauzatu aurretik, eta haiek baimentzeko nahitaezkoa den eskaerarekin batera, Nafarroako Errepide Sarean gauzatu beharreko obrak behar bezala deskribatzeko nahikoa den dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du Herri Lan Zuzendaritza Nagusian, hark onets dezan, bidezkoa bada.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko dituela gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Alde horretatik, 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak eskatuko dio sustatzaileari aitor dezala konpromisoa hartzen duela lurzorua bost urteko epean gehienez lehengoratzeko, baimendutako jarduera uzten badu.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Leitzako Udalari, Basozaintzari (Baztan-Bidasoako barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko ekainaren 18an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1707532