152. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

442E/2017 FORU AGINDUA, maiatzaren 19koa, Osasuneko kontseilariak emana, Ikerketa Proiektuen Erregistroa eta dagokion datu pertsonalen fitxategia sortzen dituena.

Ikerketa Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legean xedatutakoaren arabera, Osasun Administrazioek ikerketa sustatu behar dute, Konstituzioan eskaintzen den osasunerako eskubidea babestearen mesedetan.

Osasuneko kontseilariak abuztuaren 22an emandako 87/2014 Foru Aginduaren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan ikerketa sustatzeko programa onetsi, eta haren arduren egitura funtzionala ezarri zen. Programa horrek ekintza multzo bat abiarazi nahi du, erakundearen barnean ekoizpen zientifikoa areagotzeko.

Ikerketa sustatzeko programa berri horretan ezartzen diren ekintza ildoetako bat informazio sistemak hobetzea da, profesionalei ikerketa lanak egiten laguntzeko eta Osasun Departamentuaren eta haren erakunde autonomoen eremuan egindako ekoizpen zientifikoa ebaluatzeko.

Alde horretatik, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 8. artikuluan ezartzen du osasun plangintzari eta ebaluazioari lotutako jardueren oinarrian osasun informazioari buruzko sistema antolatu bat izan behar dela. 23. artikuluan eransten du administrazioek behar diren erregistroak sortuko dituztela eta beharrezko diren informazio analisiak eginen dituztela ager daitezkeen egoerak ezagutzeko, gero osasun arloko agintariek esku hartzeko ekintzak presta ditzaten.

Halaber, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorraren 50. artikuluak ezartzen du Osasun Administrazioek ikerketa eta haren emaitzen komunikazioa sustatuko dituztela osasun publikoko profesionalen jardueraren barnean eta, horretarako, bidezko neurriak hartu behar dituztela, biztanleriaren osasun arazoei buruzko ikerketak baliabide eta kalitate egokien bidez egitea ahalbidetzen dutenak, baita ikerketa jarduera suspertu ere, Osasun Administrazioetan erabilgarri dauden datuak eta informazioak eskuratzen lagunduta.

Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuak proposatuta, egokitzat jotzen da Ikerketa Proiektuen Erregistroa sortzea. Erregistro horretan proiektuko ikerlari nagusien edo arduradunen datuak agertuko dira.

Uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuaren bidez arautzen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esku dauden datu pertsonalen fitxategi informatizatuak. Dekretu horren 2. artikuluak aurreikusten du fitxategi berriak sortzeko foru agindua emanen duela fitxategi horren ardura duen departamentuko kontseilariak.

Aurrekoarekin bat, eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 10/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin ere bai, bidezkoa da Ikerketa Proiektuen Erregistroa sortzea, baita dagokion izen bereko datu pertsonalen fitxategia ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea eta helburua.

1. Foru agindu honen xedea Ikerketa Proiektuen Erregistroa sortzea da. Haren helburua da Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako profesionalek garatu nahi dituzten ikerketa klinikoko proiektuak inskribatzeko sistema bat izatea.

2. Halaber, foru agindu honen bidez datu pertsonalen fitxategi bat sortzen da, Ikerketa Proiektuen Erregistroa izenekoa, eranskinean ezartzen diren ezaugarriak dituena.

2. artikulua. Erregistroaren atxikipena.

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko Osasun Zuzendaritza Nagusiari atxikitzen zaio Ikerketa Proiektuen Erregistroa.

3. artikulua. Erregistroaren helburuak.

Hona hemen Ikerketa Proiektuen Erregistroaren berariazko helburuak eta jasoko duen informazioa:

–Onetsi diren ikerketa klinikoko proiektu edo azterlan guztiak biltzea.

–Inskripzio-zenbaki bat ematea, ikerketa proiektua egiten den bitartean beste informazio sistema batzuetan sartu beharko dena sartzeko arrazoia zein den eta sarbidea baimendu dela frogatzeko ondorioetarako.

Xedapen gehigarri bakarra.–Ikerketa Proiektuen Erregistroaren edukia zehazteko gaikuntza.

Dena delako ebazpena onetsiz, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak bai prozedura bai eremuen berariazko edukia zehaztuko ditu; eduki hori proiektuko ikerlari nagusiak edo arduradunak bete beharko du, ikerketa helburuetarako informazio klinikoa eskuratzeko baimen erregistroan proiektuari alta emateko.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 19an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

ERANSKINA

Fitxategiaren izena: Ikerketa Proiektuen Erregistroa

a) Helburua eta erabilera aurreikusiak:

Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako profesionalek garatu nahi dituzten ikerketa klinikoko proiektuak inskribatzeko eta baimentzeko sistema bat izatea.

b) Ukitutako pertsonak edo taldeak:

Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako profesionalak, ikerketako ikerlari nagusi, arduradun edo horren laguntzaile gisa ikerketako proiektu edo azterlan bat egiteko baimena dutenak.

c) Datuen jatorria eta haiek biltzeko prozedura:

Ikerketako ikerlari nagusiak edo arduradunak emanen ditu datuak, erregistroan proiektuaren alta tramitatzen duenean.

d) Fitxategiaren oinarrizko egitura eta jasoko diren datu pertsonal motak:

Identifikazio datuak:

–Ikerketako ikerlari nagusiarenak edo arduradunarenak eta laguntzaileenak:

  • Deiturak eta izena.
  • NANa/IFZ.
  • Lanpostuaren lantokia eta zerbitzua.
  • Helbide elektronikoa.
  • Telefono zk.

e) Datu pertsonalen lagapena:

Fitxategietan sartzen diren datu pertsonalak ez dira lagako.

f) Fitxategiaren ardura duen unitate organikoa:

Osasun Zuzendaritza Nagusia. Osasun Departamentua. Nafarroako Gobernua.

g) Datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eskubideaz baliatzeko nora jo, bidezkoa denean:

Osasun Zuzendaritza Nagusiko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzua. Irakaskuntza Pabilioia. Nafarroako Ospitalegunea (Irunlarrea kalea, 3, 31008 Iruña).

h) Fitxategi automatizatua edo eskuzko fitxategi egitaratua:

Automatizatua.

i) Segurtasun neurriak:

Hartzen diren segurtasun neurriak oinarrizkoak dira.

Iragarkiaren kodea: F1707980