152. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

530E/2017 FORU AGINDUA, uztailaren 27koa, Osasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Ospitaleguneko Genetika Medikoaren Zerbitzuaren egitura ezartzen duena.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuak, 2. artikuluan, aditzera ematen du erakunde autonomo honen osasun laguntzako egitura dagokion mailako araudiko xedapenen bidez ezarriko dela.

Bestalde, foru dekretu horren 19.2 artikuluak ezartzen du zerbitzu asistentzialak eta hortik beherako gainerako unitate organikoak Osasun Departamentuko titularraren foru aginduen bidez ezarriko direla Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak proposaturik.

Osasuneko kontseilariaren ekainaren 18ko 59/2010 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Ospitalegunea osatzen duten zerbitzu, atal eta unitateen izenak egokitu ziren, harik eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko laguntza zentroetatik zetozenak bateratu arte, horiek baitaude jatorrian. Aipatu 59/2010 foru aginduak Genetika Medikoaren Zerbitzua biltzen du Nafarroako Ospitalegunearen barrenean.

Nafarroako Ospitaleguneko Zuzendaritzak txosten bat igorri du. Bertan Genetika eta Genomika Laborategiaren Atala sortzeko eskatu du, laborategiko lana etengabe areagotzen ari baita.

Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik, eta irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuak eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Nafarroako Ospitaleguneko Genetika Medikoaren Zerbitzuaren egitura.

Nafarroako Ospitaleguneko Genetika Medikoaren Zerbitzuak osasun laguntzako Genetika eta Genomika Laborategiaren Atala hartzen du barne.

2. artikulua. Eginkizunak.

Osasun laguntzako Genetika eta Genomika Laborategiaren Atalak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Zerbitzuaren titularrarekin batera analisi genetikoen zerbitzuen zorroa definitzea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren lehentasunen eta egitasmoen arabera.

b) Nafarroako Ospitalegunetik, García Orcoyen Ospitaletik, Reina Sofía Ospitaletik eta Nafarroako osasun etxeetatik datozen analisi genetikoen eskaeren prozesua koordinatzea, baita haiek historia kliniko informatizatuan aplikatzeko prozesua ere.

c) Genetika Zerbitzuaren barrenean lagin biologikoak jasotzeko, erregistratzeko eta prozesatzeko sistema antolatzea, eta, behar denean, kanpoko zentroetara bidaltzea.

d) Genetika laborategian egiten diren zitogenetikako eta genetika molekularreko teknikak koordinatzea.

e) Unean uneko laguntza eskaeraren eta eskuragai dauden giza baliabideen arabera laborategietan espezializatutako teknikariaren lana antolatzea, erizaintzako burutzaren mende dagoen Nafarroako Ospitaleguneko laborategiaren arloko burutzarekin elkarlanean.

f) Laborategiko ekipamenduaren erosketak eta mantentze-lana kudeatzea.

g) Laborategiaren emaitzen kalitate maila egokia mantentzea.

h) Nazioarteko giden gomendioetan oinarrituta laborategiko diagnostiko genetikorako teknika berriak ezartzea komeni ote den aztertzea eta haiek gure inguruan nolako efizientzia duten kalkulatzea.

i) Laborategiaren arloan daudenen irakaskuntza prozesua koordinatzea genetikako tutorerik ez dagoen bitartean.

Azken xedapenetan lehendabizikoa.–Amortizazioak.

Nafarroako Ospitaleguneko Genetika Medikoaren Unitatea amortizatzen da.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko uztailaren 27an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F1709046