152. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

69/2017 FORU DEKRETUA, uztailaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta hari lotutako edo haren mendeko erakunde, sozietate eta fundazio publikoen banku-kontuei buruzko informazioaren argitalpena arautzen duena.

Kontu Irekiei buruzko azaroaren 11ko 16/2016 Foru Legeak ezartzen duenez, aldian behin Nafarroako Atarian informazio eguneratua argitaratu behar da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek eta sozietate eta fundazio publikoek finantza-erakundeetan dituzten kontu korronteen saldoei buruz.

Foru lege horrek argitaratu beharreko informazioa ezartzen du, baina agindu horren alderdi batzuek interpretazio arazoak sor ditzakete, eta horregatik bidezkoa da gai batzuk zehaztea zalantzak argitzeko. Beraz, legearen esparru subjektiboari dagokionez, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legean jasotako definizio zabala oinarri hartuta, foru dekretu honek entitate horiek zerrendatzeko mekanismo bat ezartzen du. Zerrenda osoa Gobernu Irekiaren Atarian argitaratuko da.

Argitaratu beharreko informazioari dagokionez, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legeak finantza-erakundeetan irekitako banku-kontuak aipatzen ditu. “Banku-kontu” kontzeptuan sartzen diren finantza-aktibo eta finantza-pasiboen multzoa askoz zabalagoa da Foru Komunitateko Diruzaintzak funts likidoak kudeatzeko erabiltzen dituen tresnen multzoa baino. Izan ere, azken multzo hori Kontu Irekiei buruzko Foru Legearen xedea da. Horrenbestez, argitaratu beharreko banku-kontratuen motak zehaztu behar dira, foru legea aplikagarri duten entitateen funts likidoen egoera desitxuratu dezaketen elementu guztiak kenduz. Horregatik, argitalpena funts likidoen ageriko gordailuen tresnetara mugatzen da, diru-bilketarako kontu murriztuak barne; izan ere, nahiz eta berez ez diren diruzaintza tresnak eta Foru Komunitateko Administrazioak ez duen horien gaineko kontrolik, funts publikoen gordailuak dira, beti hilabetetik beherako mugaeguna dutenak.

Foru legeak kontuen ezaugarri batzuk ere aipatzen ditu, haien saldo eta mugimenduak behar bezala interpretatzeko beharrezkoak, eta horregatik argi eta garbi definitu behar dira kontu bakoitzaren edo kontu kategoria bakoitzaren izaera, helburua edo berariazko arauak, kontu baten ezaugarriek testuinguru egokia eman dezaten aldian behin mugimendu eta saldoei buruz argitaratzen den informazioa ulertzeko.

Bestetik, diruzaintzaren kudeaketa Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuan zentralizatuta badago ere, askotan Foru Komunitateko Administrazioko unitate organiko oso ezberdinek kudeatzen dute banku-kontu bat. Testuinguru horretan, kontu guztien saldoak euskarri bakar batean argitaratzeak behartzen du kontuen informazioa zentralizatzeko mekanismo bat ezartzera, foru legean aurreikusia. Legeak diruzaintzako eginkizunak dituen organoari esleitzen dio kontuen datuak emateko ardura. Barreiatutako iturburuen datuak epe laburrean eta formatu bateratuan lortzeak arriskuan jar dezake prozesuaren eraginkortasuna. Eraginkortasun hori bermatzeko, finantza-erakundeek komunikatu behar dute argitaratu beharreko informazioa, Espainiako Bankuen Elkarteak fitxategiak bidaltzeko onetsitako datuen egitura normalizatuaren bidez. Mekanismo hori erabiltzeko, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak finantza-erakundeei banku-kontuen berri emanen die, hain zuzen ere, gero erakunde horiek hilabetero mugimendu eta saldoen informazio normalizatua eman behar duten kontuena.

Foru legearen betearazpena bermatzeko eta argitaratutako kontuen balizko gabeziak atzemateko, komenigarria da mekanismo bat ezartzea egiaztatzeko informazioa argitaratuta duten banku-kontuak entitate titularren balantzearen partidetako saldoen euskarria direla. Horretarako, argitaratutako kontuen zerrenda entitatearen urteko kontuen memorian sartu behar da, eta urteko kontuen nahitaezko auditoretzek aztertu beharko dute kontu horien eta balantzeko partiden arteko korrelazioa. Arau hori gehitu da, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 114. artikuluak Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuari ematen dion gaikuntza erabilita.

Agerian dago araua garatu behar dela, batetik, kontzeptu batzuk argitzeko eta legearen irismena mugatzeko, baliorik ez duten eta azken emaitza desitxuratu dezaketen tresnak kenduz, eta, bestetik, banku-kontuen informazioa emateko mekanismoa eratzeko, finantza-erakundeen eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren arteko zuzeneko fluxua ezarriz.

Kontu Irekiei buruzko azaroaren 11ko 16/2016 Foru Legearen azken xedapenetako hirugarrenak Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen dio, behar diren arauzko xedapenak eman ditzan, bere eskumenen eremuan, foru legean ezarritakoa garatzeko eta aplikatzeko. Horrez gain, ez da ahaztu behar foru legearen esparru subjektiboa osatzen duten entitateek Foru Komunitateko Administrazioarekin duten mendekotasun harremana, zeina, besteak beste, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean eta, bereziki, entitate horien diruzaintzari buruzko haren 84. artikuluan aipatzen baita eta haien funts likidoei buruzko informazioa emateko mekanismoak ezartzeko gaikuntza ematen baitu.

Horrenbestez, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren arabera, eta Nafarroako Gobernuak 2017ko uztailaren 19ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Gobernu Irekiaren Atarian argitaratu behar diren banku-kontuei buruzko informazioaren fluxua arautzea, Kontu Irekiei buruzko azaroaren 11ko 16/2016 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

2. artikulua. Esparru subjektiboa.

1. Titularra Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa, hari lotutako edo haren mendeko erakunde publiko bat, sozietate publiko bat, fundazio publiko bat edo zuzenbide publikoko entitate bat duten banku-kontuei aplikatuko zaizkie foru dekretu honetako xedapenak, betiere Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 2. artikuluaren esparru subjektiboaren barnean sarturik badago.

2. Banku-kontuetan foru dekretu honetan jasotakoa aplikatu behar duten entitateen zerrenda zehatza Gobernu Irekiaren Atarian argitaratuko da.

3. artikulua. Esparru objektiboa.

Legearen esparru subjektiboko entitateek finantza-erakundeetan irekitzen dituzten banku-kontuei aplikatuko zaie foru dekretu hau, betiere beren ardurapeko funts likidoen ageriko gordailurako eta kobrantzen eta ordainketen kudeaketarako erabiltzen badira, baita uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuak onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren gaineko Erregelamenduaren 80. artikuluak aipatzen dituen diru-bilketarako kontu murriztuei ere.

4. artikulua. Kontu motak.

Foru dekretu honen esparru objektiboko banku-kontuak kategoria hauetako batean sartuko dira:

a) Kontu operatiboak: entitate titularraren kobrantzen eta ordainketen eragiketak gauzatzeko erabiltzen diren banku-kontuak.

b) Inbertsio kontuak: finantza-etekina lortzeko erabiltzen diren kontuak. Mugimenduak kontuak kudeatzen dituen entitate beraren kontuetatik etorri eta entitate beraren kontuetara joaten dira.

c) Justifikatu beharreko eragiketen kontuak: geroago kudeatzaile baimenduak justifikatu behar dituen eragiketetako ordainketak egiteko funtsak mantentzen dituzte. Iraunkorrak (kutxa finkoko aurrerakinak) direnean, egindako ordainketen zenbatekoa berriz jarriko da gastuaren justifikazioaren ondorioz; berariazkoak (justifikatu beharreko ordainketa-aginduak) direnean, hau da, aldi jakin baterako helburu zehatz bat betetzeko, egindako gastuak justifikatu behar dira, eta gainerako saldoa berriz jarriko da ezarritako epean.

d) Diru-sarreren kontu bereziak: unitate zehatz batzuek kudeatutako kobrantza berariazkoak jasotzen dituzte. Ezin diete ordainketei zuzenean erantzun, eta saldoak kontu operatiboetan sartu behar dira ezarritako egun eta epeetan.

e) Kudeaketa integratutako kontuak: kontua kudeatzeko baimena duten unitate eta zentroek beren eskumeneko jarduera zehatzen kudeaketaren ondoriozko kobrantzak eta ordainketak kudeatzeko erabiltzen dituzte. Unitate kudeatzaileek kontabilitateko egoera-orriak egin behar dituzte, kontu horietako mugimenduak atxikitako kudeaketa eremuaren berariazko eragiketekin lotu ahal izateko.

f) Gordailu-kontuak: Kontu Irekiei buruzko Legearen esparru subjektiboko entitate bat da titularra, eta entitatearen ondarean sartzen ez diren funtsak kudeatzeko erabiltzen dira, betiere entitateak funtsaren kudeaketaren ardura badu.

g) Diru-bilketarako kontu murriztuak: uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuak onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren gaineko Erregelamenduaren 80. artikuluak adierazitakoaren arabera entitate laguntzaileek irekitako banku-kontuak, Foru Komunitateko Administrazioak ez baitu horiek kudeatzeko gaitasunik.

5. artikulua. Argitaratu beharreko informazioa.

Kontu Irekiei buruzko azaroaren 11ko 16/2016 Foru Legeari dagokionez, Gobernu Irekiaren Atarian informazio hau agertuko da:

a) Banku-kontuak argitaratu behar dituzten entitateen zerrenda. Entitate bakoitzaren IFZ eta izena agertuko dira.

b) Banku-kontuen zerrenda. Kontu bakoitzaren informazioa Kontu Irekiei buruzko azaroaren 11ko 16/2016 Foru Legearen 2. artikuluak aipatutakoa izanen da. Epigrafe bakoitzak eduki hau izanen du:

–Kontu mota, foru dekretu honen 4. artikuluan zerrendatutako kategorien arabera.

–Izena: kontuaren erabilera eta helburua definitzen ditu.

–Titulartasuna: kontuan adierazitako eskubideen titular gisa agertzen den entitatea.

–Kokapena eta identifikazioa: entitate titularrean kontuaren mugimenduen ardura zuzena duen unitatea edo azpisaila, IFZ adierazita (entitate titularrarena ez bada).

–Kontua irekita duen banku-erakundea.

–Kontuaren identifikazioa: kontuaren IBAN kodearen lehenbiziko lau zenbakiak eta azkeneko lauak agertuko dira soilik.

–Kontuaren saldoa: azken datu eskuragarria adieraziko da, datuaren eguna barne. Gobernu Irekiaren Atarian informazioa agertuko da kontu baten hilabeteko saldoen serie historikoari buruz.

c) Banku-kontuaren mugimenduak; mugimendu bakoitzaren informazio hau jasoko da:

–Oharraren data.

–Oharraren balio-data.

–Zenbatekoa.

–Zeinua (positiboa edo negatiboa).

–Eragiketa motari dagokion kontzeptu komuna, Espainiako Bankuen Elkarteak 43. arau edo koadernoan onetsitako kontu korrontearen egitura normalizatuak erabiltzen duen kode-sistemaren arabera kodetua.

6. artikulua. Informazioa igortzea.

1. Hilabete bakoitzaren lehenbiziko bost egunean, finantza-erakundeek kontu bakoitzaren aurreko hilabeteko informazioa bidaliko diote Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuari, Espainiako Bankuen Elkarteak 43. arau edo koadernoan onetsitako kontu korrontearen egitura normalizatuaren arabera.

2. Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak finantza-erakundeen esku utziko du Gobernu Irekiaren Atarian informazioa argitaratzeko beharra duten kontuen zerrenda. Finantza-erakundeek uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuak onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren gaineko Erregelamenduaren 80. artikuluaren arabera diru-sarrera publikoak kudeatzeko ireki dituztenak gehituko dizkiote kontuen zerrenda horri.

3. Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak kontuen aurreko aldietako informazioa eskatzen ahalko die finantza-erakundeei.

7. artikulua. Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren eginkizunak.

Argitaratu beharreko banku-kontuen informazioari dagokionez, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak zeregin hauen ardura izanen du:

a) Erakundeen zerrenda prestatzea.

b) Banku-kontuen zerrenda eguneratua mantentzea.

c) Finantza-erakundeek Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzeko bidaltzen duten informazioa jasotzea eta prozesatzea.

d) Kontua identifikatzeko informazioa eskatzea argitaratu beharreko kontuen titularrak diren entitateei.

8. artikulua. Kontuen titularren betebeharrak.

Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 2. artikuluaren esparru subjektiboaren barnean sarturik dauden erakunde publiko, sozietate, fundazio eta zuzenbide publikoko entitateek Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuari jakinaraziko dizkiote foru dekretu honen 3. artikuluan adierazitakoa betetzen duten banku-kontuen irekiera eta itxiera. Kontua irekitzen edo ixten den hilabete berean egin beharko da jakinarazpena, foru dekretu honen 5. artikuluko b) atalean zerrendatutako ezaugarriak adierazita, saldoa izan ezik.

Xedapen gehigarri bakarra.–Entitateen urteko kontuak.

Balantzean saldoak jasota dituzten banku-kontuen zerrenda agertuko da kontu korronteen titularrak diren entitateen urteko kontuen memorian, foru dekretu honen 4. artikuluan definitutako kategorien arabera multzokatuta. IBAN kodearen lehenbiziko lau zenbakiak eta azkeneko lauak agertuko dira soilik. Urteko kontu horien auditoretzek egiaztatuko dute alderdi horri buruz memorian jasotako edukiaren eta Gobernu Irekiaren Atarian argitaratutako informazioaren arteko korrelazioa.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko uztailaren 19an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria kanpoan baita (Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren uztailaren 5eko 20/2017 Foru Dekretua).

Iragarkiaren kodea: F1708849