151. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

51/2017 FORU AGINDUA, uztailaren 17koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana. Honen bidez onesten dira Nafarroako mankomunitateei diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak, kirol-jarduera fisikoen programak sustatzeko 2017-2018 aldian.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.14 artikuluak erabateko eskumena esleitzen dio Nafarroako Foru Komunitateari kirol sustapenaren eta aisialdiaren erabilera egokiaren arloan.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, Kirol Zuzendariordetzaren bitartez, esleiturik dituen eginkizunen artean dago mota guztietako kirol jarduerak eta jarduera fisikoak Nafarroako gizarte osoan sustatzea, horretarako laguntzak eta diru-laguntzak emanez. Kirola Sustatzeko Atalari, berriz, toki entitateen bitartez kirol ikuskizunen antolakuntza sustatzea dagokio.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, 3.a eta 3.f artikuluetan, arlo batzuk finkatzen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoen kirol arloko politikak bideratzeari begira, eta, hala, arlo horiek Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak lortu beharreko helburu bihurtu dira. Honako hauek dira:

a) Erraztasunak ematea pertsona guztiek kirol jarduerak egiteko aukera izan dezaten.

b) Ahaleginak egitea kirol jardueren praktika Nafarroako Foru Komunitatearen eremu osora heda dadin.

Halaber, Kirolari buruzko Foru Legearen 33 a) artikuluak ezartzen du Foru Komunitateko Administrazioak kirol jarduera sustatuko duela, laguntzen eta diru-laguntzen araubide baten bidez besteak beste. Ondoren, berariaz esaten da kirol arloko diru-laguntzen oinarri arautzaileek tratamendu berezia ematen ahal dietela toki entitateei, kontuan izanik honako hauek: baliabideen aprobetxamendu orekatua, kokapen geografikoa, populazioa eta toki entitateen antzeko ezaugarri bereziak.

Helburu horiek izanik, Foru Komunitateko herritarren sektore guztiei zuzendutako kirol ibilbide batean bide berri bat eratzeko asmoz, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak bultzatzen jarraitu gogo du mankomunitateek eskaini eta zuzendutako kirol jarduera fisikoen programa, horiek toki entitate izaera baitute.

Gaur egun, Nafarroan 9 mankomunitate daude kirol zerbitzua dutenak: Araitz, Aresoko... K.M., Nafarroako Hegoaldeko K.M., Orreaga K.M., Erriberagoiengo K.M., Sakanako K.M., Orbaibarko K.M., Erdialdeko K.M. eta Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen M.Horietan, udalak eta kontzejuak biltzen dira zerbitzuak emateko eskualdeko biztanleei, besteak beste kirol zerbitzuak, bestela jasoko ez zituzten zerbitzuak, horretarako baliabide materialik eta giza baliabiderik ez izateagatik. Bederatzi mankomunitate horiek 92 udal hartzen dituzte guztira, 130.000 biztanle baino gehiago, Nafarroako Foru Komunitatearen biztanleen %20,5.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, foru agindu honen bidez, aurten ere beste behin mankomunitateen eskura jarritako baliabideak zenbait formulatan gauzatzen dira, zeinek, zuzenean edo zeharka, helburu baitute kirol-jarduera fisikoak sustatzea eta handitzea, kirol-jarduera fisikoen programak antolatuz eta garatuz.

Adierazi behar da urte anitzeko programa dela, ahalmeneko gastua duena, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren apirilaren 7ko 50/2017 Foru Aginduaren arabera. Foru agindu horren bidez, Aurrekontuen eta Finantza Politikaren Zerbitzuak 2017an urte anitzeko espedienteak tramitatzean jarraitu beharreko irizpideak onesten dira. Foru agindu horretan 2018rako ezarritako proposamena errespetatzen da.

Horrenbestez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, Nafarroako mankomunitateei diru-laguntzak emateko, kirol-jarduera fisikoen programak susta ditzaten 2017-2018 aldian. Foru agindu honen I. eranskinean ageri dira.

2. Deialdi hau aurrera eramateko, 149.000 (ehun eta berrogei mila) euroko gastua baimentzea, “Toki entitateen kirol jardueretarako laguntzak” izeneko A50002-A5110--4609--336100 partidaren kargura. Honela egotziko da:

–59.000 euro deialdi hau aurrera eramateko, partida ekonomiko honen kargura: 2017ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Toki entitateen kirol jardueretarako laguntzak” izeneko A50002-A5110-4609-336100 partida, 2017ko urriaren 1etik abenduaren 30era arte egiten diren programetarako.

–90.000 euro, 2018ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura, 2017ko abenduaren 1etik 2018ko irailaren 30era arte egiten diren programetarako.

3. Foru agindu hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Aipatu agiriak eta gainerako eranskinak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren webgunean eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bulegoetan.

4. Foru agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta haren aurka toki entitateek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2017ko uztailaren 17an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1. Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da araubide bat ezartzea Nafarroako mankomunitateei diru-laguntzak emateko, kirol-jarduera fisikoko programak sustatzeko, 2017ko urriaren 1etik 2018ko irailaren 30era bitarte egiten diren programetarako.

1.2. Diru-laguntza honen xede izanen dira kirol teknikaria daukaten mankomunitateek sustatutako programak bakar-bakarrik, populazio osoari begira antolatzen dituzten kirol-jarduera fisikoetarako.

1.3. Honako hauek ez dira diru-laguntzen xede izanen:

–Kirol teknikarientzako prestakuntza jarduerak, hezkuntzaren esparruan edo beste esparru batean garatzen direnak. Honako hauek, esate baterako: kirol teknikarien ikastaroak, lehen sorospenetarako ikastaroak, etab.

–NKGIren beste deialdi berariazkoago batzuen helburu diren edo horietan jasotzen diren kirol-jarduera fisikoak.

–1.2 oinarrian aipatzen ez diren jarduerak.

2. Helburua.

Diru-laguntza erabiliko da hein batean berdintzeko kirol-jarduera fisikoen programak sustatzeak ekarritako defizita, betiere programa horien titulartasuna mankomunitateari badagokio eta 2017ko urriaren 1etik 2018ko irailaren 30era bitarte egiten badira.

3. Aurrekontuko kreditua.

3.1. Deialdi honi aurre egiteko, 149.000 euro bideratuko dira helburu horietarako. Dirua partida hauei egotziko zaie:

–59.000 euro honako honen kargura: 2017ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Toki entitateen kirol jardueretarako laguntzak” izeneko A50002-A5110-4609--336100 partida, 2017ko urriaren 1etik abenduaren 30era arte egiten diren jardueretarako.

–90.000 euro 2018ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura, 2017ko abenduaren 1etik 2018ko irailaren 30era arte egiten diren jardueretarako.

3.2. Diru-laguntzen deialdi honetarako esleitutako guztirako kreditua honako atal hauetan banatuko da, 8. oinarrian ezarritako baremoaren arabera:

a) 59.000 euro, 2017ko urriaren 1etik azaroaren 30era egiten diren eta 5 egunetik gorakoak diren kirol-jarduera fisikoetarako.

b) 90.000 euro, 2017ko abenduaren 1etik irailaren 30era egiten diren kirol-jarduera fisikoetarako.

–30.000 euro, egindako eta 5 egunera bitartekoak diren kirol-jarduera fisikoetarako.

–60.000 euro egindako eta 5 egunetik gorakoak diren kirol-jarduera fisikoetarako.

3.3. Diru-laguntzen banaketa, betiere, kasuan kasuko ekitaldiko aurrekontuan helburu horretarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

4. Onuradunen betebeharrak.

4.1. Deialdi honen xedeko diru-laguntzak jaso ditzakete 1.2 oinarriaren arabera kirol-jarduera fisikoak egiten dituzten Nafarroako Mankomunitateek.

4.2. Pertsona onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera eratuak izatea.

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteak izatea.

–Diru-laguntzen onuraduna izateko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egotea.

–Kirol teknikari bat izatea, kirol-jarduera fisikoetarako diru-laguntzak jasotzeko, 1.2. oinarrian ezarritakoaren arabera.

–Diruz lagundutako programak garatu bitartean zenbait lanetan aritzen diren langile horiek ez dute inolako lan-kontratu harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.

–Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluko 5. idatz-zatiak –uztailaren 28ko 26/2015 Legeak aldatuak–, honako hau ezartzen du: “adingabeekin ohiko harremana duten lanbide, ogibide eta jardueretan lanean hasi eta aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasun eta sexu ukigabetasunaren kontrako delitu batengatik, eta horren barnean sartzen dira sexu eraso eta abusua, sexu jazarpena, exhibizionismoa eta sexu probokazioa, prostituzioa eta sexu esplotazioa, adingabeak galbideratzea, eta gizakien salerosketa. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko.

Horretarako, deialdi horri heltzen dion mankomunitateak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar du, esaten duena kirol-jarduera fisikoak zuzentzen dituzten eta adingabeekin ohiko harremana duten langileek ziurtagiri hori badutela.

Diruz lagundutako programan parte hartzen duen mankomunitateak egiaztatu eta gorde behar du ziurtagiri hori.

5. Gastu diruz lagungarriak.

Gastu diruz lagungarriak dira, bakar-bakarrik, gastu arruntak, betiere jardueraren izaerari zuzenean eta zalantzarik gabe lotuak badaude eta egiten badira diruz lagungarria den programako jarduerak egiteko ezarritako epean.

–Kirol teknikariaren soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak, baita toki entitatearen monitoreenak eta bestelako langileenak ere, baldin programa gauzatzen laguntzen badute. Beren lanaldiaren barrenean jarduera diruz lagungarrietan ematen duten denborari dagokion gastua egotziko da.

–Programako jarduerak egiteko, kirol kudeaketarako enpresekin sinatzen diren aholkularitza teknikorako kontratuen gastuak, edo langile autonomoekin sinatzen diren kontratuenak.

–Programako kirol-proba fisikoetan parte hartzen dutenen joan-etorriak, mankomunitatearentzat gastu bat denean.

–Programako jardueretarako osasun arloko laguntza zerbitzua kontratatzearen gastua.

–Programako jarduerak egiteko kirol instalazioak erabiltzeak ekarritako gastua.

–Programako jardueren aseguru polizak.

–Programako jarduerak egiteko beharrezkoa den kirol material suntsigarria erostea.

–Programako jardueren publizitatea.

–Programako kirol-proba fisikoetan ematen diren trofeoen gastuak.

6. Aurkezteko tokia eta epea.

6.1. Diru-laguntza jasotzeko eskabideak, hasierako dokumentazioa eta frogagiriak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkeztuko dira (Arrieta kalea, 25, 31002 Iruña), baita Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan ere.

Eskaerak erregistro elektronikoaren bidez tramitatzeko, eskabidea eta eranskinak sinatzen dituen pertsonaren sinadura elektronikoa beharko da, baita kasuan kasuko entitatearen sinadura elektronikoa ere.

6.2. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

7. Eskaerak eta hasierako dokumentazioa.

Eskaera egiteko, mankomunitate eskatzaileko buruak sinatutako eskabide orokor bat aurkeztu beharko da, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzendua, II. eranskinean dagoen ereduaren arabera prestatua (eredua Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bulegoetan dago eskura, baita webgune honetan ere: http://www.deporte.navarra.es).

7.1. Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztuko dira, II. eranskineko 1. eta 2. fitxetan dagoen ereduaren arabera:

A) Aldi bakoitzerako kirol-jarduera fisikoen programa (II. eranskina, 1. fitxa), honako hauek adierazita:

–Diru-laguntzaren xedeko jarduerak.

–Kirol jarduerak zein udalerritan eginen diren.

–Jarduerak zenbat egun iraunen duen guztira.

–Noiz hasi eta noiz bukatuko den.

–Jarduera zein egun eta ordutan eginen den.

B) Kirol-jarduera fisikoen programaren aldi bakoitzeko diru-sarrera eta gastuen guztirako aurrekontua. (II. eranskina. 2. fitxa).

7.2. Mankomunitateko idazkariak egin eta buruak ikus-onetsitako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, III. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoa (eredua eskura daiteke bai Nafarroako Gazteriaren eta Kirolaren Institutuaren bulegoetan, bai http://www.deporte.navarra.es webgunean). Ziurtagiri horretan, mankomunitatearen gaineko honako alderdi hauek frogatu beharko dira:

7.2.1. Mankomunitateak ez duela urratzen diru-laguntzen onuradun izateko debekurik. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

7.2.2. 17.1. oinarrian ezarritakoa gertatu ezean, entitate onuradunak ez duela gardentasunaren gaineko betebeharrik, deusetan galarazi gabe deialdia kudeatzen duen unitateari egiaztapenak eta ikuskapenak egiteko esleitu zaizkion ahalmenak.

7.2.3. Gizarte Segurantzako Diruzaintzaren ziurtagiria, Gizarte Segurantzarekiko ordainketak eguneratuak dituela dioena, eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren ziurtagiria, bere zerga betebeharrak eguneratuak dituela dioena. Dokumentazioa ez da aurkeztu beharko baimena ematen bada Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak zuzenean egiaztapen hori egiteko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuan eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrean.

7.2.4. Kirol teknikariaren izena eta titulazioa aipatu beharko dira, eta bere lanalditik zenbat ematen duen jarduera diruz lagungarrietan.

8. Diru-laguntzak emateko irizpideak.

Diru-laguntza emateko, herritarrei oro har zuzentzen zaizkien kirol-jarduera fisikoetarako, aldi bakoitzean ezartzen diren balorazio irizpideei helduko zaie:

1. aldia (2017ko urriaren 1etik azaroaren 30era bitarte egiten diren jarduerak).

–8 puntu gehienez, egindako kirol-jarduera fisikoen kopuruaren arabera, jarduerak 5 egunetik gorakoak badira:

8 puntu

6 jarduera baino gehiago

6 puntu

4 jarduera baino gehiago eta 6 bitarte

4 puntu

2 jarduera baino gehiago eta 4 bitarte

2 puntu

2 jarduera bitarte

2. aldia (2017ko abenduaren 1etik 2018ko irailaren 30era bitarte egiten diren jarduerak).

–1. idatz-zatia: 12 puntu gehienez, egindako kirol-jarduera fisikoen kopuruaren arabera, jarduerak 5 egunera bitartekoak badira:

12 puntu

10 jarduera baino gehiago

10 puntu

7 jarduera baino gehiago eta 10 bitarte

7 puntu

5 jarduera baino gehiago eta 7 bitarte

5 puntu

5 jarduera bitarte

–2. idatz-zatia: 24 puntu gehienez, egindako kirol-jarduera fisikoen kopuruaren arabera, jarduerak 5 egunetik gorakoak badira:

24 puntu

10 jarduera baino gehiago

20 puntu

7 jarduera baino gehiago eta 10 bitarte

14 puntu

5 jarduera baino gehiago eta 7 bitarte

10 puntu

5 jarduera bitarte

9. Diru-laguntzen zenbatekoa.

Mankomunitate bakoitzari emanen zaion diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko prozedura hau erabiliko da:

9.1. Diru-laguntza eskaerak, aldi bakoitzerako, 8. oinarriaren atal bakoitzean ezarritako balorazio irizpide objektiboen arabera baloratuko dira, eta atal bakoitzean diru-laguntza eskaera guztiei esleitutako puntuak batuko dira, aldi bakoitzean.

9.2. Aldi bakoitzean, atal bakoitzerako kredituaren zenbatekoa zatituko da parte hartzen duten eskaerei esleitutako guztirako puntuen artean, puntuaren balio ekonomikoa lortzearren.

9.3. Mankomunitate bakoitzaren diru-laguntzaren zenbatekoa ateratzeko eragiketa hau eginen da: mankomunitate bakoitzari esleitutako guztirako puntu kopurua bider puntu bakoitzari esleitutako balio ekonomikoa.

9.4. Diru-laguntzak muga hauek izanen ditu:

a) Ezin da izan diruz laguntzen ahal diren gastuen zenbatekoa baino handiagoa (5. oinarria).

b) Ezin da izan diru-laguntzaren xedeko programaren guztirako kostua baino handiagoa, ez diru-laguntza hau bakarrik hartuta, ez beste administrazio publiko edo entitate publiko edo pribatu batzuetatik jasotzen diren laguntzei edo diru-laguntzei gehituta.

Diru-sarreren eta gastuen justifikazioa aztertuta, ikusten bada soberako finantzazioa izan dela, diru-sarreren soberakina adina murriztuko da diru-laguntza.

10. Diru-laguntzak emateko prozedura.

Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

11. Antolamendua eta instrukzioa.

Diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kirolaren Zuzendariordetza izanen da.

12. Ebazpena.

12.1. Behin eskaera eta hasierako dokumentazioa 7. oinarrian ezarritakoari jarraikiz aurkezturik, eta eranskin honetako 8. oinarrian ezarritakoaren arabera baloratu ondoren, diru-laguntza emateko ebazpena emanen da.

12.2. Laguntza eskaerei buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik bi hilabeteko epean gehienez.

12.3. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik ematen eta jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.

12.4. Argibide gisa, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.r) artikuluan xedatutakoari jarraituz, deialdi honetako laguntzak emateko ebazpena eta onuradunen zerrenda jakitera emanen dira Nafarroako Gobernuko iragarki oholaren bidez (Karlos III.aren etorbidea, 2) eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko bulego nagusikoen bidez (Arrieta, 25).

12.5. Diru-laguntza emateko ebazpenean diru-laguntzaren xedeak eta zenbatekoa agertuko dira. Orobat, diru-laguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

12.6. Ematen den diru-laguntza bateragarria izanen da administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, Estatukoek zein atzerrikoek, ematen dituzten bestelako diru-laguntzekin. Nolanahi ere, laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du inola ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

12.7. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura diru-laguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo urteetan ere diru-laguntzarik eskuratzeko.

13. Frogagiriak.

Frogagiriak bi alditan aurkeztuko dira, behar bezala betetako justifikazio-inprimakietan:

A) 2017ko abenduaren 7a arte, 2017ko urriaren 1etik azaroaren 30era bitarte egindako eta diruz lagundutako kirol-jarduera fisikoengatik:

A) 1. Jarduerei buruzko frogagiriak, honako hauek jasoko dituztenak: diru-laguntzaren xedeko jardueren identifikazio-datuak, kirol-jarduera fisikoak zein udalerritan egin diren, zenbat egun iraun duten, noiz hasi eta noiz bukatu diren, zein egun eta ordutan egin diren eta jarduera bakoitzean zenbat parte-hartzaile izan diren. (IV. eranskina, 1. fitxa).

A) 2. Diru-laguntzaren xede izanik, ordaindu diren gastu guztien faktura eta frogagiri guztien zerrenda xehakatu eta zenbakitua, 5. oinarrian ezarritakoari jarraikiz. Honako hauek jasoko dira: hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua eta zenbatekoa. (IV. eranskina. 2. fitxa).

Jatorrizko fakturak (edo kopia konpultsatuak edo erkatuak) ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainketaren ziurtagiriak: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak, eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean aurkeztuak, diru-laguntzaren xedea bete dela frogatzeko. Dokumentazio horren ordez, idazkariak sinatutako eta mankomunitateko buruak ontzat emandako ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, gastu/faktura horiek izan direla eta ordaindu direla frogatzen duena.

A) 3. Jardueren diru-sarrera eta gastu guztien zerrenda (IV. eranskina, 3. fitxa).

Aurkeztutako diru-sarreren zerrendak bat eginen du aldi horretan egin beharreko jarduerekin, eta, beste entitate batzuen diru-laguntzen kasuan, diru-sarrerak proportzionalak izanen dira 2017ko urriaren 1etik azaroaren 31ra bitarteko aldiarekin.

A) 4. Langileria gastuen justifikazioari dagokionez, mankomunitateak frogatu behar du PFEZari dagozkion atxikitako zenbatekoak ordaindu dituela Ogasunean.

B) 2018ko urriaren 15a arte, 2017ko abenduaren 1etik 2018ko irailaren 30era bitarte egindako eta diruz lagundutako jarduerengatik.

B) 1. Jarduerei buruzko frogagiriak, honako hauek jasoko dituztenak: diru-laguntzaren xedeko kirol-jarduera fisikoen identifikazio-datuak, kirol-jarduera fisikoak zein udalerritan egin diren, zenbat egun iraun duten, noiz hasi eta noiz bukatu diren, zein egun eta ordutan egin diren eta jarduera bakoitzean zenbat parte-hartzaile izan diren. (IV. eranskina, 1. fitxa).

B) 2. Diru-laguntzaren xede izanik, ordaindu diren gastu guztien faktura eta frogagiri guztien zerrenda xehakatu eta zenbakitua, 5. oinarrian ezarritakoari jarraikiz. Hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua eta zenbatekoa jasoko dira. (IV. eranskina. 2. fitxa).

Jatorrizko fakturak (edo kopia konpultsatuak edo erkatuak) ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainketaren ziurtagiriak: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak, eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean aurkeztuak, diru-laguntzaren xedea bete dela frogatzeko. Dokumentazio horren ordez, idazkariak sinatutako eta mankomunitateko buruak ontzat emandako ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, gastu/faktura horiek izan direla eta ordaindu direla frogatzen duena.

B) 3. Jardueren diru-sarrera eta gastu guztien zerrenda (IV. eranskina, 3. fitxa).

Aurkeztutako diru-sarreren zerrendak bat eginen du aldi horretan egin beharreko jarduerekin, eta, beste entitate batzuen diru-laguntzen kasuan, diru-sarrerak proportzionalak izanen dira 2017ko abenduaren 1etik 2018ko irailaren 30era bitarteko aldiarekin.

B) 4. Langileria gastuen justifikazioari dagokionez, mankomunitateak frogatu behar du PFEZari dagozkion atxikitako zenbatekoak ordaindu dituela Ogasunean.

B) 5. Jardueren programaren azalpen memoria, diruz lagundutako eta gauzatutako jarduera guztiak jasoko dituena. Besteak beste, honako hauek jasoko dira: jardueren izena, parte-hartzaileen kopurua sexuaren arabera banaturik, helburuak, zer adinetako jendearentzat diren, iraupena, non egin diren, monitoreen izenak eta publizitatea.

Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, III. eranskineko helbide elektronikoaren bidez, 5 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

14. Diru-laguntza ordaintzeko modua eta epea.

14.1. Frogagiriak aurkeztu ondoan emanen da ordaintzeko ebazpena, 13. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

14.2. Ematen den diru-laguntza transferentzia bidez ordainduko da, dagokion ebazpena onetsi eta 2 hilabeteko epean gehienez, justifikatu ondoren.

15. Betebeharrak.

15.1. Diru-laguntzen onuradunek adierazten zaizkien xedeetarako erabili beharko dituzte laguntzak. Horrez gainera, haien aplikazioa agiri bidez frogatu beharko dute, eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu.

15.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute.

15.3. Diru-laguntzak esleitzeko ebazpena ematen den unean, onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izan beharko dituzte.

15.4. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.

15.5. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako diru-laguntzak itzultzea.

16. Ez-betetzeak.

16.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe diru-laguntzaren helburuak aldatzeak diru-laguntza galtzea ekarriko du berekin, jasotako dirua itzuli beharra Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta aurrerantzean helburu bereko edo bertsuko diru-laguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

16.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

17. Gardentasun betebeharrak.

17.1. Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, diru-laguntza jasotzen duen entitateak gardentasunez aritzeko betebeharra izanen du, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua baitago, bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

17.2. Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo aurrekontua, urtekoa, honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu gauzatua.

b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

17.3. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duen entitate onuradunak jarraian adierazten den informazioa eman beharko du:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren lanaldi mota gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

17.4. Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

17.5. Toki entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du. Toki entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Toki entitateak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, betetzen ez badira onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

18. Azpikontratazioa.

18.1. Mankomunitate onuradunek jarduerari ematen zaion diru-laguntzaren %100 erabiltzen ahalko dute azpikontratazioetarako.

18.2. Behin ere ez da kontraturik eginen beste batzuekin, baldin diruz lagundutako jardueraren kostua garestitu eta proiektuari ezer berririk eransten ez badio.

18.3. Kontratistek toki entitate onuradunaren aurrean erantzun beharko dute, bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa.

Mankomunitate onuradunek hirugarrenekin ituntzen duten jardueran errespetatu egin beharko dira diru-laguntzari buruzko araudian ezarritako mugak, diru-laguntzaren xede izan daitezkeen gastuen izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta toki entitate onuradunen ardura izanen da baldintza hori betetzea. Kontratistek, berriz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute, hau da, lagundu egin beharko dute, behar bezala egiaztatu ahal izan dadin aipatutako muga horiek ez direla gainditzen.

18.4. Onuradunak ezin du inolaz ere hitzartu diruz lagundutako jarduera osoaren edo zati baten exekuzioa Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7. artikuluan adierazitako pertsonekin.

19. Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien eta aplikazio egintzen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete mankomunitateek, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, ukatu gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

20. Aplikatu beharreko legeria.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

II. ERANSKINA

Eskabide-orria (PDFa).

1. eta 2. fitxak (Excela).

III. ERANSKINA

Ziurtagiria (PDFa).

IV. ERANSKINA

Frogagiriak (Excela).

Iragarkiaren kodea: F1708854