151. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

50/2017 FORU AGINDUA, uztailaren 17koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana. Honen bidez onesten dira 2017-2018an 5 eta 8 urte bitarteko umeentzat kirol anitzeko programak susta ditzaten Nafarroako toki entitateei ematen zaizkien diru-laguntzen deialdiaren oinarriak.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.14 artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari erabateko eskumena esleitzen dio kirol sustapenaren eta aisialdiaren erabilera egokiaren arloan.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, Kirol Zuzendariordetzaren bitartez, esleiturik dituen eginkizunen artean dago mota guztietako kirol jarduerak eta jarduera fisikoak Nafarroako gizarte osoan sustatzea, horretarako laguntzak eta diru-laguntzak emanez. Kirola Sustatzeko Atalari, berriz, toki entitateen bitartez kirol ikuskizunen antolakuntza sustatzea dagokio.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, 3.a eta 3.e artikuluetan, arlo batzuk finkatzen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoen kirol arloko politikak bideratzeari begira, eta, hala, arlo horiek Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak lortu beharreko helburu bihurtu dira. Honako hauek dira:

a) Erraztasunak ematea pertsona guztiek kirol jarduerak egiteko aukera izan dezaten.

b) Bultzatzea eta begiratzea gehienik adingabeentzakoak edo adingabeek parte hartzekoak diren jendaurreko kirol jarduerak pertsonaren garapen harmonikoa eta orekatua lortzeko helburuarekin egin eta haurraren edo gaztearen gorpuzkera, gaitasun eta hezkuntza premien araberakoak izan daitezen. Gorputz eta kirol hezkuntza bultzatu, ezarri eta garatuko da maila, gradu eta hezkuntza modalitate guztietan, eta kirola eskola adinean sustatuko da jostetarako edo lehiarako gorputz eta kirol jarduerarekin.

Helburu horiek izanik, eta umeek ariketa fisikoa modu egituratu eta antolatuan egin dezaten sustatzeko eta garatzeko zereginean bide berri bat sortzeko asmoz, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak toki entitateek eskainitako eta antolatutako kirol anitzeko programak sustatu nahi ditu.

Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak dira gehien eta ongien lantzen eta bultzatzen dutenak kirolaren eta ariketa fisikoaren garapena eta sustapena herritarren sektore guztietan, bi arrazoirengatik funtsean: herritarrengandik hurbil egoteagatik eta kasuan kasuko kirolaren, gizartearen eta kulturaren errealitatea ezagutzeagatik.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak foru agindu honen bidez aurten ere toki entitateen eskura jarritako baliabideak zenbait formulatan gauzatzen dira, zeinek, zuzenean edo zeharka, helburu duten ariketa fisiko-ludikoa sustatzea eta handitzea, 5 eta 8 urte bitarteko umeentzako kirol anitzeko programak antolatuz eta garatuz.

Adierazi behar da urte anitzeko programa dela, ahalmeneko gastua duena, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren apirilaren 7ko 50/2017 Foru Aginduaren arabera. Horren bidez, Aurrekontuen eta Finantza Politikaren Zerbitzuak 2017an urte anitzeko espedienteak tramitatzean jarraitu beharreko irizpideak onesten dira. Foru agindu horretan 2018rako ezarritako proposamena errespetatzen da.

Horrenbestez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. 2017-2018an 5 eta 8 urte bitarteko umeentzat kirol anitzeko programak susta ditzaten Nafarroako toki entitateei ematen zaizkien diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen I. eta II. eranskinetan jaso dira.

2. Deialdi hau aurrera eramateko, 96.000 (laurogeita hamasei mila) euroko gastua baimentzea, “Toki entitateen kirol jardueretarako laguntzak” izeneko A50002-A5110-4609-336100 partidaren kargura. Honela egotziko da zenbateko hori:

–32.000 euro deialdi hau aurrera eramateko, Nafarroako 2017ko Aurrekontu Orokorretako “Toki entitateen kirol jardueretarako laguntzak” izeneko A50002-A5110-4609-336100 partidaren kargura.

–64.000 euro, 2018ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura.

3. Foru agindu hau eta I. eta II. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Aipatu agiriak eta gainerako eranskinak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bulegoetan.

4. Foru agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta haren aurka toki entitateek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2017ko uztailaren 17an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da 2017-2018an 5 eta 8 urte bitarteko umeentzat kirol anitzeko programak susta ditzaten Nafarroako toki entitateei ematen zaizkien diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea.

Diru-laguntza hauek 2017ko irailetik 2018ko abuztura bitartean eskainitako eta gauzatutako kirol anitzeko programak antolatzeak, kontrolatzeak eta garatzeak sortutako defizitak zati batean ordaintzeko erabiliko dira.

2.–Helburua.

2.1. Programa hauen helburua da 5 eta 8 urte bitarteko umeek ariketa fisikoa modu antolatuan egin dezaten sustatzea, betiere ume-umetatik kirolean espezializatu gabe eta adin horietan ariketa fisikoa egiteko egokiagoak diren ereduak bultzatuz.

Horrenbestez, jarduerek modu integralean landuko dute garapen pertsonala, soziala eta motorra, osasunarentzat eta ongizatearentzat onuragarri diren aldetik, eta kontuan hartuta, betiere, lehia ez dela inoiz helburu izanen.

Horrez gain, balioetan oinarritutako hezkuntza ere sustatuko da antolatutako jarduera fisiko guztietan, eta, besteak beste, garrantzi berezia izanen dute joko garbiak, adiskidetasunak, hobera egin nahiak, inklusioak, integrazioak eta abarrek. Izan ere, balio horiek txiki-txikitatik transmititu eta erakutsiz gero, eguneroko bizitzara estrapolatu daitezke. Alderdi hau “Kirolaren balioak” izeneko ekintza planaren berariazko helburu batean dago jasota.

2.2. Jardueren eskaintza baterako hezkuntzaren parametroei jarraituz diseinatu eta antolatzen dela bermatu beharko du aurkezten den programak; hau da, neskentzako zein mutikoentzako jarduerak jaso beharko ditu eskaintzak, ohiko kirol edo jarduera fisiko femeninoen eta maskulinoen arteko estereotipoak hauts daitezen. Alderdi hau “Kirola eta emakumea” izeneko planarekin dago lotuta, kirolean hastea helburu duen jarduketa lerroaren barnean.

Aurkezten diren programek, aurreko puntuan zehaztutako helburuak betetzeaz gainera, II. eranskinean adierazten diren ezaugarriak eduki beharko dituzte.

3.–Entitate onuradunak.

3.1. Deialdi honetako diru-laguntzen onuradun izan daitezke dagokien erregistroan inskribatuta dauden Nafarroako toki entitateak.

3.2. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren beste deialdi zehatzago batzuen xede diren edo haietan jasota dauden kirol anitzeko programak. Orobat, aurrekontuan inolako diru-sarrerarik aurreikusten ez dutenak.

4.–Entitate onuradunek bete beharrekoak.

4.1. Deialdi honetako diru-laguntzak jasotzen ahalko dituzte deialdiaren II. eranskinean ezarritakoarekin bat kirol anitzeko programak egiten dituzten toki entitateek.

Deialdi honen barnean sartzen dira Udalaren %100eko kapitala duten merkataritzako sozietate baten bidez kirol jarduerak antolatzen dituzten toki entitateak.

4.2. Onuradunek hauek bete beharko dituzte:

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera eratuak izatea.

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

–Diru-laguntzen onuraduna izateko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egotea.

–Diruz lagundutako programak garatu bitartean hainbat lanetan aritzen diren langile horiek ez dute inolako lan-kontratu harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.

–Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluko 5. idatz-zatiak –uztailaren 28ko 26/2015 Legeak aldatuak–, honako hau ezartzen du: “adingabeekin ohiko harremana duten lanbide, ogibide eta jardueretan lanean hasi eta aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasun eta sexu ukigabetasunaren kontrako delitu batengatik, eta horren barnean sartzen dira sexu eraso eta abusua, sexu jazarpena, exhibizionismoa eta sexu probokazioa, prostituzioa eta sexu esplotazioa, adingabeak galbideratzea, eta gizakien salerosketa. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori egiaztatzeko.

Horretarako, deialdi horri heltzen dion toki entitateak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar du, esaten duena eskola-umeei zuzendutako kirol anitzeko programez arduratzen diren eta adingabeekin ohiko harremana duten langileek ziurtagiri hori badutela.

5.–Deialdiaren zenbatekoa.

5.1. Deialdiak, guztira, 96.000 euroko zenbatekoa izanen du, honela banatuta:

–32.000 euro 2017ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Toki entitateen kirol jardueretarako laguntzak” izeneko A50002-A5110-4609-336100 partidaren kargura, 2017ko irailaren 1etik abenduaren 30era arte egiten diren jardueretarako.

–64.000 euro, 2018ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura, 2017ko abenduaren 1etik 2018ko abuztuaren 31ra arte egiten diren kirol anitzeko programetarako.

5.2. Diru-laguntzen banaketa, betiere, kasuan kasuko ekitaldiko aurrekontuan helburu horretarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

6.–Gastu diruz lagungarriak.

a) Programa garatzeaz arduratzen diren kirol teknikarien edo monitoreen soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak. Beren lanaldiaren barrenean diruz lagundutako programako jardueretan ematen duten denborari dagokion gastua egotziko da.

b) Diruz lagundutako programako jarduerak egiteko, kirol kudeaketarako enpresekin sinatzen diren aholkularitza teknikorako kontratuen gastuak, edo langile autonomoekin sinatzen diren kontratuenak.

c) Dagokion programako jarduerak egiteko beharrezkoa den kirol material suntsigarria erostea.

d) Programako jarduerak egiteari dagozkion gastuak.

e) Parte-hartzaileen istripu aseguruaren gastuak.

f) Parte-hartzaileen joan-etorriak.

g) Osasun arreta: anbulantziari eta osasun zerbitzu teknikoari dagozkion gastuak.

h) Programa garatzeko behar diren beste gastu batzuk.

7.–Aurkezteko tokia eta epea.

7.1. Eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkezten ahalko dira (Arrieta kalea, 25, 31002 Iruña), baita Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan ere.

Eskaerak erregistro elektronikoaren bidez tramitatzeko, eskaera eta eranskinak sinatzen dituen pertsonaren sinadura elektronikoa beharko da, baita kasuan kasuko entitatearen sinadura elektronikoa ere.

7.2. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

8.–Entitate eskatzaileek aurkeztu beharreko eskaera eta hasierako dokumentazioa.

8.1. Eskaera egiteko, toki entitateko alkateak/udalburuak sinatutako eskabide orokor bat aurkeztu beharko da, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzendua, III. eranskinean dagoen ereduaren arabera prestatua (eredua Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bulegoetan dago eskura, baita web-orri honetan ere: http://www.deporte.navarra.es).

Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

8.1.1. Eginen den kirol anitzeko programa jasotzen duen agiria, plan hauek zehaztuta:

a.1) Kirol plana:

–Lortu gogo diren helburuak. Orokorrak eta berariazkoak.

–Eskainiko diren jarduera fisikoen eta kirol jardueren zerrenda.

–Planteatutako jarduera fisiko eta kirol jarduera bakoitzean landuko diren lan-ildoak.

1.–Jarduera bakoitzaren berariazko helburuak eta edukien deskribapena.

2.–Programako parte-hartzaile guztien kopurua (sexuka banatuta) eta haien adina.

3.–Jarduera bakoitzeko parte-hartzaileen kopurua (sexuka banatuta) eta haien adina.

4.–Jarduera bakoitzaz arduratzen diren teknikariak: izen-abizenak, adina eta bakoitzak ematen duen jarduerarekin lotutako titulazio berariazkoa.

5.–Jardueretan sustatu beharreko balioak (adiskidetasuna, berdintasuna, joko garbia, integrazioa, ahalegina, inklusioa...) neurtzeko eta erregistratzeko adierazleak.

6.–Umeei helburuak eta balioak transmititzeko teknikariek erabilitako mekanismoen deskribapena.

7.–Inplikatutako pertsonek (parte-hartzaileek, monitoreek, koordinatzaileak eta inplikatutako bestelako langileek) programan izandako satisfazio maila ebaluatzeko eta erregistratzeko adierazleak.

8.–Jardueren egutegia, ordutegia eta non eginen diren (tenporalizazioa).

9.–Beharrezko instalazioak.

10.–Jarduera bakoitzean erabilitako kirol material suntsigarria eta suntsigarria ez dena.

11.–Parte-hartzaile bakoitzaren ekarpen ekonomikoa.

a.2) Zabalkunderako plana:

–Komunikazio ekintzak nola eta non eginen diren: liburuxkak, iragarki oholak, web-orriak, sare sozialak (Twitter, Facebook, Tuenti).

–Nafarroako Gobernuaren logotipoa izan behar dute txertatuta.

a.3) Plan ekonomikoa: IV. eranskinaren arabera:

–Diru-sarreren eta gastuen guztirako aurrekontua, epe bakoitzaren arabera xehakatuta.

8.1.2. Nafarroako Gobernuko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren ziurtagiria, Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak egunean dituela frogatzen duena. Ziurtagiri horrek hilabeteko antzinatasuna izanen du gehienez. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NKGIk egiaztapen hori zuzenean egiteko Nafarroako Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuan.

8.1.3. Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna izanen duena, entitate eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean dituela egiaztatzen duena. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NKGIk egiaztapen hori zuzenean egiteko Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean.

8.1.4. Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea diru-laguntzen onuradun izateko debeku egoeretan ez dagoela dioena. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

8.1.5. Gardentasun aitorpena, 18. oinarri arautzailean ezartzen denari jarraikiz.

8.1.6. Helbide elektroniko bat, eskaera egin, osatu edo zuzendu ahal izateko, eta programaren garapenari buruzko informazioa eskatzeko, eta, orobat, deialdiaren gaineko ebazpenak bertan jasotzeko, komunikazio gisa bakar-bakarrik. (V. eranskinaren arabera)

9.–Eskaera zuzentzea.

9.1. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

9.2. Errekerimendua modu elektronikoan egiten ahalko da, mezu elektroniko bat bidaliz eskatzaileak eskaeran jarritako helbidera. Errekerimendua modu horretan egiten ahalko da, bakar-bakarrik, eskatzaileak berariaz baimendu baldin badu, eskabide-orri orokorreko adierazpena sinatuz.

10.–Antolamendua eta instrukzioa.

10.1. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kirol Zuzendariordetza izanen da laguntza hauek emateko prozedura antolatu eta instrukzioa egiteko unitate organiko eskuduna.

10.2. Instrukzio organoak deialdia ebazteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa edo informazio osagarria eskatzen ahalko du edonoiz, baita oinarri arautzaile hauetan eskatzen diren baldintzak zorrotz betetzen direla frogatzeko ere.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 14. artikuluarekin bat, dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua interesdunari pertsonalki egin zaiola ulertuko da, legezko ondorio guztietarako, noiz eta hark emandako helbide elektronikora bidalitako mezu elektronikoa irekitzen den unean berean.

Mezu elektronikoa irekitzearekin ondorioztatuko da jakinarazitako egintza administratiboaren edukia eskuratu dela eta interesduna dela eduki horretan sartu dena.

Adierazitako helbide elektronikoan jakinarazpena jaso dela jakinda, hamar egun naturaleko epean mezua irekitzen ez bada, jakinarazpenari uko egiten zaiola ulertuko da, salbu eta ofizioz edo hartzaileak hala eskaturik mezuan sartzeko ezintasun tekniko edo materiala dagoela egiaztatzen den kasuetan.

11.–Balorazio irizpideak.

11.1. Jarraian, balorazio irizpideak zehaztu dira, zein bere haztapenarekin, eta, hartara, lehentasun-hurrenkera bat ezarri ahal izanen da:

11. A) Kirol planaren kalitatea: gehienez ere 38 puntu.

11. A.1. Jarduerak zenbateraino egokitzen diren ezarritako helburuetara: gehienez ere 22 puntu. (Jarduera ia guztiak egokiak badira, 22 puntu. Gutxi batzuk baino ez badira egokiak, 5 puntu).

11. A.2. Programarekin izandako satisfazio maila ebaluatzeko eta erregistratzeko adierazleen deskribapena: gehienez ere 10 puntu. (Behar adina deskribatuz gero, 10 puntu; hein batean deskribatuz gero, 5 puntu; ez badira deskribatzen, punturik ez).

11. A.3. Berdintasunaren ikuspegia edo lehentasuna duten beste alderdi batzuk txertatzea (dibertsitate funtzionala duten pertsonak, egoera ekonomiko ahulean dauden kolektiboak): gehienez ere 6 puntu.

–Parte-hartzaile immigranteak: 2 puntu.

–Behar bereziak dituzten parte-hartzaileak: 2 puntu.

–Baliabide ekonomiko gutxiko pertsonak: 2 puntu.

11. B) Zabalkunderako planaren kalitatea: 15 puntu.

11. B.1. Jardueretan landuko diren balioak neurtzeko eta erregistratzeko adierazleen deskribapena: gehienez ere 10 puntu. (Behar adina deskribatuz gero, 10 puntu; hein batean deskribatuz gero, 5 puntu; ez badira deskribatzen, punturik ez).

11. B.2. Komunikazio ekintzak nola eta non eginen diren: 5 puntu. Liburuxken eta panelen bidez: 5 puntu. Sare sozialen bidez: 2 puntu.

11.2. Laguntzak ematen ahal zaizkie, soilik, 20 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuei. Azken postuan berdinketa izanez gero, kirol planaren kalitatean puntuazio handiena lortu duen eskaerari emanen zaio laguntza.

12.–Diru-laguntzak emateko prozedura, balorazioa eta zenbatekoa.

12.1. Laguntza hauek norgehiagokako araubidearen bidez emanen dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat eta aurkeztutako eskaerak konparatuz, hartara haien artean lehentasuna ezarriko baita 11. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.

12.2. Balorazio batzorde batek eginen du eskaeren balorazioa. Batzordeak kide hauek izanen ditu: Kirola Sustatzeko Ataleko burua, batzordeburua izanen dena, eta Kirola Sustatzeko Bulegoko burua eta Kirol Jokoen Bulegoko burua.

12.3. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak programa bakoitzarentzat 12.000 euro bitarte bideratzen ahalko du, aurrekontuetan dagoen diru erabilgarriaren arabera. Ematen den diru-laguntza ezin da izan aurkezten den defizita baino handiagoa.

12.4. Kasuan kasuko diru-laguntza kalkulatzeko, eskaerak guztira lortutako puntuazioa puntu baten balioarekin biderkatuko da, 11. oinarrian agertzen den baremoa aplikatuz. Puntu baten balioa ateratzeko, eragiketa hau eginen da: guztira dagoen kreditu erabilgarria zati eskaera guztien guztirako puntuazioen batura.

13.–Ebazpenak.

13.1. Behin eskaera eta hasierako dokumentazioa 8. oinarrian ezarritakoari jarraikiz aurkezturik, eta eranskin honetako 11. oinarrian ezarritakoaren arabera baloratu ondoren, diru-laguntza emateko ebazpena emanen da.

13.2. Laguntza eskaerei buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta interesdunei jakinaraziko zaie, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik bi hilabeteko epean gehienez.

13.3. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik ematen eta jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.

13.4. Argibide gisa, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.r) artikuluan xedatutakoari jarraituz, deialdi honetako laguntzak emateko ebazpena eta onuradunen zerrenda jakitera emanen dira Nafarroako Gobernuko iragarki oholaren bidez (Karlos III.aren etorbidea, 2) eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko bulego nagusikoen bidez (Arrieta, 25).

13.5. Diru-laguntza emateko ebazpenean diru-laguntzaren xedeak eta zenbatekoa agertuko dira. Orobat, diru-laguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

13.6. Ematen den diru-laguntza bateragarria izanen da administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, Estatukoek zein atzerrikoek, ematen dituzten bestelako diru-laguntzekin. Nolanahi ere, laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du inola ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

13.7. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura diru-laguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo urteetan ere diru-laguntzarik eskuratzeko.

14.–Frogagiriak.

Frogagiriak bi alditan aurkeztuko dira, dagozkion justifikazio-inprimakiak beteta (VI. eranskina):

14.1.a) 2017ko abenduaren 4ra arte, 2017ko irailaren 1etik azaroaren 30era bitarte egindako eta diruz lagundutako programengatik:

1. Dokumentazio teknikoa:

A) VI. eranskina. Talde bakoitzaren 1. fitxa.

B) Dena delako datara arte egindako programaren balorazioa.

–Talde bakoitzaren funtzionamenduaren deskribapen orokorra.

–Lehen epealdian egindako jardueren helburu orokorrak eta berariazkoak zenbateraino lortu diren zehaztea.

2. Dokumentazio ekonomikoa.

–VI. eranskina. 2. eta 3. fitxak.

2.1. Diru-laguntzaren xede izanik, ordaindu diren gastu guztien faktura eta frogagiri guztien zerrenda xehakatu eta zenbakitua, 6. oinarrian ezarritakoari jarraikiz. Hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua eta zenbatekoa jasoko dira (VI. eranskina. 2. fitxa).

Jatorrizko fakturak (edo kopia konpultsatuak edo erkatuak) ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainagiriak: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak, eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean eta zenbaki berarekin aurkeztuak, diru-laguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko.

Faktura eta ordainagiri horien ordez, toki entitateko idazkariak sinatutako eta alkate-udalburuak ontzat emandako ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, gastu/faktura horiek izan direla eta ordaindu direla egiaztatzen duena.

2.2. Ikastaroen eta programaren diru-sarrera eta gastu guztien zerrenda. (VI. eranskina. 3. fitxa).

2.3. Langileria gastuen justifikazioari dagokionez, toki entitateak frogatu behar du PFEZari dagozkion atxikitako zenbatekoak ordaindu dituela Ogasunean.

14.1.b) 2018ko irailaren 14ra arte, 2017ko abenduaren 1etik 2018ko abuztuaren 31ra bitarte egindako eta diruz lagundutako programarengatik.

1. Dokumentazio teknikoa:

A) VI. eranskina. Talde bakoitzaren 1. fitxa.

B) Egindako programaren balorazioa.

B.1) Prestakuntzarekin lotutako alderdiak:

–Talde bakoitzaren funtzionamenduaren deskribapen orokorra.

–Egindako jardueren helburu orokorrak eta berariazkoak zenbateraino lortu diren, eta horiek baloratzeko aukeratutako sistemaren azalpena.

–Ebaluazioen emaitzak.

B.2) Antolaketarekin lotutako alderdiak: adierazle kuantitatiboak: (sexuaren arabera bereizita).

–Parte-hartzaileen kopurua, guztira.

–Jarduera bakoitzeko parte-hartzaileen kopurua, guztira.

–Monitore kopurua, guztira.

–Alta eta baja kopurua, guztira.

C) Hobetu beharreko alderdiak.

2. Dokumentazio ekonomikoa:

–VI. eranskina. 2. eta 3. fitxak.

2.1. Diru-laguntzaren xede izanik, ordaindu diren gastu guztien faktura eta frogagiri guztien zerrenda xehakatu eta zenbakitua, 6. oinarrian ezarritakoari jarraikiz. Hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua eta zenbatekoa jasoko dira (VI. eranskina. 2. fitxa).

Jatorrizko fakturak (edo kopia konpultsatuak edo erkatuak) ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainagiriak: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak, eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean eta zenbaki berarekin aurkeztuak, diru-laguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko.

Faktura eta ordainagiri horien ordez, toki entitateko idazkariak sinatutako eta alkate-udalburuak ontzat emandako ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, gastu/faktura horiek izan direla eta ordaindu direla egiaztatzen duena.

2.2. Programaren diru-sarrera eta gastu guztien zerrenda. (VI. eranskina. 3. fitxa).

2.3. Langileria gastuen justifikazioari dagokionez, toki entitateak frogatu behar du PFEZari dagozkion atxikitako zenbatekoak ordaindu dituela Ogasunean.

Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, III. eranskineko helbide elektronikoaren bidez, 5 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen 71. artikuluak dioen bezala.

15.–Diru-laguntza ordaintzeko modua eta epea.

15.1. Frogagiriak aurkeztu ondoan emanen da ordaintzeko ebazpena, 14. oinarrian ezarritakoari jarraikiz

15.2. Ematen den diru-laguntza transferentzia bidez ordainduko da, dagokion ebazpena onetsi eta hiru hilabeteko epean gehienez, justifikatu ondoren.

15.3. Bi zatitan ordainduko zaie entitate onuradunei banku transferentzien bidez; aldez aurretik, 14. oinarrian adierazitako frogagiriak aurkeztuko ditu onuradunak, eta, betiere, ematen den diru-laguntza ez da jardueraren defizita baina handiagoa izanen.

16.–Jarraipena eta kontrola.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikarien bitartez, programaren jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko ardura.

17.–Betebeharrak.

17.1. Diru-laguntzen onuradunek adierazten zaizkien xedeetarako erabili beharko dituzte laguntzak. Horrez gainera, haien aplikazioa agiri bidez frogatu beharko dute, eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu.

17.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute.

17.3. Diru-laguntzak esleitzeko ebazpena ematen den unean, onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izan beharko dituzte.

17.4. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.

17.5. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako diru-laguntzak itzultzea.

17.6. Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluko 5. idatz-zatiak –uztailaren 28ko 26/2015 Legeak aldatuak–, honako hau ezartzen du: “adingabeekin ohiko harremana duten lanbide, ogibide eta jardueretan lanean hasi eta aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasun eta sexu ukigabetasunaren kontrako delitu batengatik, eta horren barnean sartzen dira sexu eraso eta abusua, sexu jazarpena, exhibizionismoa eta sexu probokazioa, prostituzioa eta sexu esplotazioa, adingabeak galbideratzea, eta gizakien salerosketa. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori egiaztatzeko.

Diruz lagundutako programetan parte hartzen duten toki entitateek egiaztatu behar dute ziurtagiri hori.

18.–Gardentasun betebeharrak.

18.1. Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, diru-laguntza jasotzen duen entitateak gardentasunez aritzeko betebeharra izanen du, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua baitago, bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

18.2. Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo aurrekontua, urtekoa, honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu gauzatua.

b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

18.3. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duen entitate onuradunak jarraian adierazten den informazioa eman beharko du:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren lanaldi mota gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

18.4. Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

18.5. Toki entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du. Toki entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Toki entitateak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, betetzen ez badira onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

19.–Azpikontratazioa.

19.1. Toki entitate onuradunek jarduerari ematen zaion diru-laguntzaren %100 erabiltzen ahalko dute azpikontratazioetarako.

19.2. Behin ere ez da kontraturik eginen beste batzuekin, diruz lagundutako jardueraren kostua garestitu eta proiektuari ezer berririk eransten ez badio.

19.3. Kontratistek toki entitate onuradunaren aurrean erantzun beharko dute, bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa.

Toki entitate onuradunek hirugarrenekin ituntzen duten jardueran errespetatu egin beharko dira diru-laguntzari buruzko araudian ezarritako mugak, diru-laguntzaren xede izan daitezkeen gastuen izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta toki entitate onuradunen ardura izanen da baldintza hori betetzea. Kontratistek, berriz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute, hau da, lagundu egin beharko dute, behar bezala egiaztatu ahal izan dadin aipatutako muga horiek ez direla gainditzen.

19.4. Onuradunak ezin du inolaz ere hitzartu diruz lagundutako jarduera osoaren edo zati baten exekuzioa Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7. artikuluan adierazitako pertsonekin.

20.–Ez-betetzeak.

20.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe diru-laguntzaren helburuak aldatzeak diru-laguntza galtzea ekarriko du berekin, jasotako dirua itzuli beharra Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta aurrerantzean helburu bereko edo bertsuko diru-laguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

20.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

21.–Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien eta aplikazio egintzen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete toki entitateek, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, ukatu gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

22.–Aplikatu beharreko legeria.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

II. ERANSKINA

Kirol anitzeko programaren ezaugarriak

1.–Programaren helburu orokorrak.

Hona hemen programaren helburu orokorrak:

–Motrizitatea hobetzea. Horretarako, ezinbestekoa da abilezia motorrak, emozioak, sentimenduak eta jarrerak behar bezala baliatzea parte-hartzaileei planteatzen zaizkien egoeretan.

–Ahalmen fisikoak garatzea oinarrizko abilezia motorren bidez, betiere txiki-txikitatik espezializazioa lortzeko asmorik gabe eta umearen garapen integrala lortze aldera.

–Ariketa fisikoarekin lotutako balio eta abilezia sozialak eskuratzea, balioetan oinarritutako hezkuntza lortze aldera, zeinatan errespetua, joko garbia, adiskidetasuna eta hobera egin nahia oso garrantzitsuak izanen baitira eta aintzat hartuko baitira modu batera edo bestera.

–Ariketa fisikoarekin lotutako ohitura osasungarriak barneratzea, eta ariketa fisikoa jolasarekin eta esperientzia atseginekin lotzea, hartara bizitza guztian zehar aktibo egoteko jarrerak hartuko baitituzte.

–5 eta 8 urte bitarteko eskola-umeek ariketa fisikoa egiteko programen eskaintza hobetzea kualitatiboki eta kuantitatiboki.

–Kirola egiteko aukera gutxiago dituzten kolektiboetako 5 eta 8 urte bitarteko umeentzat programan parte hartzea eskuragarriagoa eta errazagoa izan dadin lortzea (immigranteak, desgaitasuna duten pertsonak, egoera ekonomiko ahulean dauden kolektiboak...).

–Udaleko kirol instalazioak eta baliabideak erabiltzea oinarrizko ariketa fisikoa sustatzeko nukleo gisa, hartara kiroldegiaren eta auzoaren arteko lotura soziala sortuko baita, eta horrek asoziazionismo nukleo bat sortzea ekar lezake.

2.–Berariazko helburuak.

–Hautemate eta motrizitate abileziak eta oinarrizko abilezia motorrak aplikatzea motrizitate egoerak ebazteko, espazioaren eta denboraren beharkizun errazetara egokituz, gorputzeko atalak eta horien mugimenduak identifikatuz eta kontrolatuz, eta tentsio eta erlaxazio egoerak desberdinduz, baita oreka eta desoreka egoerak ere.

–Motrizitate aldetik zer potentzial duten jakitea eta oinarrizko gaitasun motorrak garatzea.

–Abilezia sozialak eta komunikazio abileziak bereganatzea, bai eta errespetuzko eta lankidetzazko jarrerak ere, talde rolak hartuz.

–Gorputzak zer adierazpen eta komunikazio aukera dituen jakitea, erritmo egitura sinpleak, keinuak dituzten kantuak eta jolas sinbolikoak erabiliz.

–Laguntzeko eta lankidetzan aritzeko jarrerak eta ohiturak hartzea. Autonomia pertsonalean eta erantzukizunean aurrera egitea.

–Higiene ohiturak finkatzea eta oinarrizko arauak ikastea kirola modu osasungarri eta seguruan egiteko.

–Jolasetako eta jardueretako arauak identifikatzea eta errespetatzea, baita materialen eta espazioen erabilera ere, segurtasunarekin eta osasunarekin lotuta.

–Jolas herrikoiak eta kirol alternatiboak, minoritarioak eta autoktonoak sustatzea, betiere jolas moduan.

3.–Edukiak.

Esperimentazioa eta norberaren motrizitate aukerak areagotzen dituzten jarduerak izan behar dute, jarduera fisiko eta kirol jarduera gehienetan lantzen diren abileziak baliatuz, hala nola batetik bestera mugitzea, jaurtitzea, biratzea, jasotzea, baloia edo pilota jotzea, etab.

–Motrizitate jolasak eta jolas tradizionalak.

–Kirol aurreko jolasak.

–Kirol alternatiboak.

–Ohiko kirolak baina programaren helburuetara egokituta.

–Gorputz adierazpenarekin lotutako jarduerak.

–Zenbait modalitateren arteko nahasketa berritzaileak.

–Izaera ludikoko erakustaldiak eta/edo topaketak.

4.–Programaren iraupena eta datak.

4.1. Programa 2017ko irailaren 1etik 2018ko abuztuaren 31ra bitarte egin beharko da.

4.2. Programaren iraupena 8 hilabetekoa izanen da gutxienez.

4.3. Talde bakoitzak astean 2 saio izan beharko ditu gutxienez, bakoitza 50 minutukoa, eta saioek ez dute segidako egunetan izan behar.

5.–Taldeen eta monitoreen ezaugarriak.

5.1. Monitore guztiek berariazko prestakuntza eta esperientzia izan behar dute zuzentzen duten jarduerari dagokionez. (Hasierako dokumentazioan frogatuko da).

5.2. Taldeek 8 pertsona izanen dituzte gutxienez eta 18 gehienez.

Baldin eta toki entitate batek aurkezten badu 5.2. atalean ezarritako mugak betetzen ez dituen talderen bat, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari txostena bidali beharko dio arrazoiak azalduz; balorazio batzordeak horiek aztertu, eta onartzen al dituen adieraziko du.

6.–Kirol anitzeko topaketak.

6.1. Topaketek helburutzat izanen dute parte-hartzaile guztien arteko bizikidetza sustatzea eta denek ongi pasatzea dena delako jarduera eginez.

6.2. 5 eta 8 urte bitarteko haurrentzat kirol anitzeko programa bat duten toki entitateen arteko topaketak antolatzen ahalko dira. Hiruhileko bakoitzean topaketa bat egiten ahalko da gehienez.

Topaketa horiek antolatzen dituen toki entitateak bere kirol anitzeko programan sartzen ahalko ditu, eta deialdi honetako diru-laguntza jasoko dute.

6.3. Kirol anitzeko programa baduten toki entitateek Nafarroako Kirol Jokoetako kirol anitzeko jardueretan parte har dezakete.

7.–Segurtasuna instalazioetan eta jardueretan.

7.1. Programako jardueretako bakoitzean aritzeko eskatzen diren segurtasun neurriak hartu behar dira jarduera guztietan.

7.2. Jarduerak behar bezala egiten direla bermatuko duten segurtasun neurriak izan behar dituzte instalazio guztiek, bai eta ikusleen segurtasuna bermatuko dutenak ere.

8.–Baimenak.

Deialdi honetako entitate onuradunek bermatu behar dute legezko betebeharrak konplitzen direla programako jarduera guztiak egiteko baimenei dagokienez.

9.–Osasun laguntza.

Toki entitate onuradunek istripu aseguru bat eta erantzukizun zibileko aseguru bat izan behar dute parte-hartzaile guztientzat.

III. ERANSKINA

Eskabide-orria.

IV. ERANSKINA

Plan ekonomikoa.

V. ERANSKINA

Ziurtagiria.

Deskargatu beharreko fitxategiak PDF formatuan daude.

VI. ERANSKINA

Frogagiriak (Excela).

Iragarkiaren kodea: F1708863