151. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

48/2017 FORU AGINDUA, uztailaren 6koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko gazteriaren arloko golardoen 2017ko deialdia arautzeko oinarriak onesten dituena.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua sortu zenetik, Espainiako Konstituzioaren 48. artikuluan ezarritakoa betearaztera jo du, artikulu horren bidez botere publikoen esku uzten baita gazteek garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean parte-hartze libre eta eraginkorra izateko baldintzak sustatzea.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 6.4 artikuluak adierazten duenez, “gazteriaren arloan eskuduna den departamentuak aitortzen ahalko du, publikoki, pertsonek, taldeek, erakundeek edo instituzioek, publikoek zein pribatuek, egindako lanaren eredugarritasuna, betiere lan horrek gazteen parte-hartzea, autonomia eta bizi kalitatea bultzatzen baditu. Gazteriaren arloko sari eta golardoak emanen dira horretarako”.

Apirilaren 6ko 125/1998 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko gazteriaren arloko golardoak sortu ziren. Horren azken xedapenetako lehenak ahalmena ematen dio arlo horretako departamentu eskudunaren titularrari hura garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

2017an gazteriaren arloko golardoak emateko prozedura arautu eta artikulatzeko asmoz, beharrezkoa da sari horiek emateko deialdiaren oinarriak ezarriko dituen foru agindu bat onestea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko gazteriaren arloko golardoen 2017ko deialdia arautzen duten oinarriak onestea; I. eranskinean ageri dira.

2. Foru agindu hau eta deialdiaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Foru agindu hau Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutura, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalera, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Plangintzaren eta Gazteriaren Behatokiaren Atalera eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko uztailaren 6an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko gazteriaren arloko golardoen 2017ko deialdia arautzen duten oinarriak

1.–Xedea.

Nafarroako Foru Komunitateko gazteriaren arloko golardoak 2017. urtean emateko araubidea ezartzea da deialdi honen xedea.

2.–Helburua.

Golardoen helburua norbanakoen edo taldeen lana eta ibilbidea goraipatzea da. Hortaz, sarituak Nafarroako gazteen parte-hartze soziala, autonomia eta bizi kalitatea hobetzeko asmoz lanean ari diren norbanakoak, elkarteak, erakundeak eta entitate publiko edo pribatuak izan daitezke.

3.–Eremua.

Gazteriaren arloko golardoak foru agindu honen 2. oinarrian aipatzen diren pertsonek edo taldeek jaso ditzakete.

4.–Golardoa.

Honako golardo kategoria hauek ezarri dira:

–Golardoa gazteari.

–Golardoa parte-hartze sozialari.

–Golardoa erakunde edo entitate bati.

Golardo gisa, honako hauek emanen dira: gizartearen aintzatespena irudikatzen duen bereizgarri bat, egiaztapen diploma bat eta Nafarroako Gobernuak gazteriaren arloan 2018an antolatzen dituen ekitaldi ofizialetara joateko gonbidapen bat.

4.1. Golardoa gazteari.

Golardo honen bidez 14 urtetik 30 urte bitarteko gazte nafar bat goretsiko da, haren ibilbide pertsonala gizarte modernoen berezko balioekin (elkartasuna, ahalegina, lana, tolerantzia, kulturartekotasuna, nazioarteko mugikortasuna, bizimodu osasungarria, etab.) estuki lotuta dagoelako eta gainerako gazteentzat eredugarria delako.

Aurten, golardo bat edo bi emanen dira: bata, balio guztiak biltzen dituen gaztea nabarmentzeko, eta bestea, berariazkoagoa, azpimarratu nahi den balio jakin bat goraipatzeko.

4.2. Golardoa parte-hartze sozialari.

Golardo honen bidez, legezko inskripzioa eta aitorpena Nafarroan izanik, baldintza hauek betetzen dituen talde edo elkarte baten lana goretsiko da: gazteek parte hartzeko ekintzak bideratzeko tresna izatea eta eginkizun horretan jardun handikoa izatea, gazteek Nafarroako garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean eraginkortasunez parte hartzeko bideak bermatzea, eta, azkenik, Nafarroan jardutea, edo, beste lurralde batean jardun arren, haren lana eta irudia, zalantzarik gabe, Nafarroarekin loturik izatea.

4.3. Golardoa erakunde edo entitate bati.

Erakunde edo entitate publiko edo pribatu baten edo toki entitate baten lana goretsiko da, gazteen aldeko lanarengatik nabarmentzen dena eta gazteen parte-hartze soziala, autonomia eta bizi kalitatea handitzeko bideak eskaintzen dituena. Erakunde edo entitate horrek berezko nortasun juridikoa izan beharko du, Nafarroan helbideraturik egon beharko du eta haren jarduera eremu bakarrak, edo lehentasunezkoak behinik behin, gazte nafarrek osatzen duten multzoa izan beharko du.

4.4. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak ahalmena du beste golardo bat edo gehiago emateko, aipamen berezi gisa, gazteen arloan eragina duten gertakari azpimarragarriak goraipatzeko.

4.5. Laugarren oinarrian aipatutako golardoren bat eman gabe utz daiteke.

5.–Dokumentazioa eta aurkezteko epea.

5.1. Golardoak emateko proposamenak deialdi honekin batera (II. eranskina) argitaratzen den eskabide-orrian aurkeztuko dira. Eredua Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko web-orrian egonen da eskuragai. Eskabide-orria oso-osorik bete beharko da.

Honako hauek proposatzen ahal dituzte Nafarroako Foru Komunitateko gazteriaren arloko golardoak jasotzeko hautagaiak: Nafarroako Foru Komunitateko Gazte Entitateen Zentsuan inskribaturik dauden gazte entitateek, Nafarroako Gazte Kontseiluak, Nafarroako toki entitateek, Nafarroako Foru Komunitatean dauden unibertsitateek, autonomia erkidego honetako hedabideek eta gazteriaren arloko esparru sozialean jarduten duten entitate publiko edo pribatuek.

5.2. Sariak emateko proposamenak foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita aurkezten ahalko dira, 2017ko urriaren 24ra arte. Proposamenak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkeztuko dira.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz aurkez daiteke eskaera.

6.–Batzorde teknikoa.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak izendatuko duen batzorde teknikoak proposamenen egokitasuna aztertuko du, golardo bakoitzarentzat ezarritako ezaugarrien arabera, eta golardo bakoitzarentzat gehienez bost proposamen aukeratuko ditu, azkeneko hautagaiak izanen direnak, aholku batzordeak erabaki dezan.

7.–Aholku batzordea.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailek izendatuko ditu, ebazpen baten bidez, aholku batzordea osatuko duten kideak. Horiek gazteriaren esparru sozialean aritzen diren norbanakoak eta entitateak izanen dira, eta gazteriaren golardoak emateko azken proposamena igorriko diote zuzendari kudeatzaileari. Batzordea bere barne arau berariazkoei jarraikiz arituko da. Batzordeko buruaren botoa kalitatekoa izanen da.

8.–Ebazpena.

Gazteen arloko golardoak nori emanen zaizkion Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez onetsiko da.

II. ERANSKINA

Proposamen eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1708848