151. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZARRAKAZTELU

Udal ordenantza, Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duena. Behin betiko onespena

Zarrakazteluko Udalak, 2017ko apirilaren 6an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza. Aipatu erabakia 2017ko 86. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 5ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Zarrakaztelun, 2017ko ekainaren 9an.–Jarduneko alkatea, Juan Jiménez Gabari.

UDAL ORDENANTZA, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da, aplikagarria den araudia betez, desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak ematea arautzea, eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 7.b) artikuluan aurreikusitako betebeharrak betetzea (legea martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen), abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuko aurreikuspenak jasota (haren bidez Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak emateko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak arautu ziren).

2. artikulua. Titularrak.

Desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartelaren titularrak izan daitezke:

1.–Honako egoera hauetakoren batean dauden pertsona fisiko desgaituak:

a) Desgaitasun maila aitortu, onartu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinean jasotakoaren araberako mugikortasun murriztua izatea.

Aipatutako eranskinean jasotako baremoaren arabera, nahitaezkoa da A, B edo C ataletan deskribatutako egoeraren batean egotea, edo gutxienez 7 puntuko puntuazioa lortzea gainerako ataletan (D, E, F, G eta H) lortutako puntuen baturan.

b) Begirik onenean ikusmen-zuzenketarekin ikusmen-zolitasuna 0,1 edo gutxiago izatea, edo ikuseremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua.

Bi egoera horiek desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalen irizpena jaso behar dute.

2.–Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak jasotzen duenaren arabera, desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzera soilik bideratutako ibilgailuak dituzten pertsona fisikoak eta juridikoak, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari arreta egiteko gizarte zerbitzuak ematen dituztenean. Halaber, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei eta horien Gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginak (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onartua) aipatzen dituen gizarte zerbitzuak.

3. artikulua. Erabiltzeko baldintzak.

3.1.–Aparkatzeko txartela titularraren alde eta soilik berak erabiltzeko emanen da, txartelaren titularrak joan-etorrietarako ibilgailuetan erabil dezan. Pertsonala eta besterenezina da, eta soilik erabiliko da baldin eta titularrak ibilgailua gidatzen badu, edo titularra ibilgailuan badaramate.

3.2.–2.2 artikuluan jasotzen den kasuan, txartel bakoitza matrikula zenbaki bati loturik egonen da, eta ibilgailu hori mugikortasuna murrizturik duten pertsona taldeak garraiatzeko soilik erabiliko da. Txartela baliozkoa izanen da, soilik, ibilgailuan halako pertsonak garraiatzen direnean egiazki.

3.3.–Aparkatzeko txartela erabiliko bada, titularrak txartel hori jasotzeko beharrezkoak diren baldintzak mantendu beharko ditu.

4. artikulua. Balio epea.

4.1.–Aparkatzeko txartelen balio epea honako hau izanen da: bost urte.

4.2.–Epe hori bukatu aurretik, txartela berritzeko eskaera egin beharko da. Txartela berritzeko, ezinbestekoa izanen da titularrak txartela jasotzeko eskatzen zitzaizkion baldintzak betetzea. Txartela berritzeko eskabidea aurkeztearekin batera, aurretiaz emandako txartelaren balio epea luzatuko da prozedura ebatzi arte.

Eskabidea aurkezten bada azken txartelaren indarraldia bukatu eta ondoko laurogeita hamar egun naturalen barnean, ulertuko da indarraldian jarraitzen duela berritzeko prozedura ebatzi arte.

4.3.–Txartela jasotzeko eskubidea ematen duen desgaitasun mailaren balorazioa berrikusteko epea motzagoa baldin bada artikulu honetan aipatutako balio epea baino, txartelaren balio epea bat etorriko da desgaitasun maila berrikusteko falta den denbora tartearekin.

4.4.–Ordenantza hau onetsi baino lehen emandako txartelek indarrean jarraituko dute, eta emateko unean zeuden lege araubidea eta baldintzak izanen dituzte.

5. artikulua. Aparkatzeko txartela, behin-behinekoa.

5.1.–Arrazoi humanitarioak edo aldi baterako desgaitasun egoera kontuan hartuz, salbuespen gisa, automobilak aparkatzeko behin-behineko txartelak emanen zaizkie mugikortasun murriztua duten bizilagunei, nahiz eta aipatutako mugikortasun murriztu hori ofizialki emana izan ez, haien adinerako eta gainerako egoera pertsonaletarako objektiboki normaltzat jotzen den bizi-itxaropena argi eta garbi nabarmen murriztea dakarren larritasun handiko gaixotasunagatik edo muturreko patologiagatik. Betiere, aparkatzeko txartela ohiko bidetik tramitatzeko denborarik ez dagoenean.

5.2.–Halaber, eritasunaren edo istripuaren ondoriozko aldi baterako desgaitasun egoeretan, sendatzeko data ezezaguna bada, aparkatzeko behin-behineko txartela ematen ahalko da, iraungitze data hori emateko arrazoia desagertzen den eguna duena.

Eskatzailea bizi den lekuaren arabera eskumena duten osasun zerbitzu publikoek emandako ziurtagiriaren bidez frogatuko dira halako egoerak.

Gehienez ere urte baterako emanen da txartel hori, eta luzatzen ahalko da, betiere hura emateko arrazoiek jarraitzen badute eta horiek desagertu arte.

5.3.–Txartel hori emateko, Udalak beharrezko jarduketak egiten ahalko ditu, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

6. artikulua. Txartela emateko prozedura.

6.1.–Interesdunak eskaera egin ondoren emanen da txartela.

Txartela Udaleko erregistro orokorrean eskatuko da, ordenantza honen I. eranskinean jasotzen den ereduari jarraikiz eta agiri hauek erantsiz:

–Eskatzailearen izen-deiturak.

–Bi argazki, nortasun agirirako tamainakoak.

–NANa.

–Herrian erroldaturik dagoelako ziurtagiria.

–Txartela berritu nahi denean, iraungitako txartela.

–Eskatzailea desgaitasuna duen pertsona fisikoa bada, desgaitasuna duen pertsona dela ofizialki frogatzen duen agiriak, 2.1.a) artikuluan ezarritakoarekin bat.

6.2.–Dena den, txartela eman aurretik, Udalak beharrezkoa baderitzo, Nafarroako Gobernuan arlo horretako departamentu eskudunari txostena eskatzen ahalko dio, frogatzen duena eskatzaileak biltzen dituela txartela eskuratzeko baldintzak, edo argibideak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean.

a) Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek betetako ziurtagiria, eskatzailea bizi den lekuaren arabera eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak balioztatua.

b) Ordenantza honen 2.2 artikuluan aipatu bezala, pertsona fisiko edo juridikoek txartela eskatzen badute desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko dute, frogatzeko mendekotasuna dutenei arreta emateko eta autonomia pertsonala sustatzeko gizarte zerbitzuak ematen dituztela.

Eskatzen diren baldintzak betez gero, behar den aparkatzeko txartela emanen da.

7. artikulua. Txartelaren lurralde eremua.

Txartelak Espainiako lurralde osorako balioko du, eta Europar Batasuneko estatu kideetan erabiltzen ahalko da, tokian eskumena duten organoek ibilgailuen antolamendurako eta zirkulaziorako ezarritako baldintzetan.

8. artikulua. Titularren eskubideak eta erabilera mugak.

8.1.–Txartelaren titularrek ondoren aipatzen diren eskubideak edukiko dituzte Estatu osoan, betiere, txartela ibilgailuaren barnean ikusgai badago.

a) Bizilekutik edo lanpostutik hurbil aparkatzeko erreserba, aldez aurretik eskatzen bada eta premia justifikatuz gero.

b) Desgaitasuna dutenendako gaitutako lekuetan aparkatzeko eskubidea.

c) Denbora mugatuan aparkatzeko eremuetan beharrezkoa duen denboran aparkatzeko eskubidea.

d) Zamalanetarako gordetako eremuetan gelditzeko eta aparkatzeko eskubidea; betiere, oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

e) Bideko edozein lekutan gelditzea, justifikaturik badago eta ezinbestekoa den denbora tartean baino ez; betiere, oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

f) Zirkulazioa bertako bizilagunentzat mugaturik duten bideetan, eremuetan nahiz guneetan sartzea; betiere, helmuga aipatutako eremu horren barnean badago.

8.2.–Aparkatzeko txartela edukitzeak ez du inoiz baimenik emanen honako hauetan aparkatzeko: oinezkoendako eremuetan, oinezkoendako pasabideetan, gelditzeko debekua duten lekuetan eta balizkoetan, pasabideak nahiz larrialdietarako irteerak oztopatzen dituzten lekuetan, segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan, eta zirkulazio erreiak txikiagotzen dituzten eremuetan.

9. artikulua. Titularren betebeharrak.

9.1.–Aparkatzeko txartelaren titularraren betebeharrak hauek dira:

a) Txartela behar bezala erabiltzea, aurreko artikuluan jasotako baldintzen arabera.

b) Aparkatzeko txartela ibilgailuaren aginte-panelean jartzea, edo barnetik aurreko haizetakoan itsatsita. Kasu guztietan, agiria jatorrizkoa izanen da, eta kanpotik argi eta garbi ikusi eta irakurri ahal izateko moduan egonen da.

c) Agintaritzaren agente batek eskatzen badio, bere burua identifikatzea.

d) Agintaritzaren agenteei laguntzea aparkatzeko txartela baliatzeak berarekin dakartzan eskubideak erabiltzeak sor ditzakeen trafiko arazoak ahal den neurrian saiheste aldera.

e) Aparkatzeko txartel iraungia itzultzea txartela berritzeko unean edo iraunaldia bukatzen denean.

9.2.–Betebehar horiek ez betetzeak aparkatzeko txartela bertan behera geratzea edo aldi baterako kentzea ekar dezake. Horiez gain, legezko eta araubidezko xedapenetan aurreikusitako zigorrak ekar ditzake.

Txartela deuseztatzea ekar dezake, halaber, pertsona fisikoek nahiz juridikoek aparkatzeko txartelarekin iruzur egiteak.

9.3.–Txartela deuseztatu edo aldi baterako ken daiteke aldez aurretik espedientea tramitatuta, eta bertan interesdunei entzunda.

10. artikulua. Datuen babesa.

Ordenantza honen 6. artikuluari jarraikiz interesdunek txartela jasotzeko aurkeztu behar dituzten datu pertsonalak fitxategi batean sartuko dira. Zarrakazteluko Udalak izanen du fitxategi horren ardura. Ordenantza honen 1. artikuluan zehazten diren helburuetarako eta artikulu horretan aipatzen den araudiarekin bat biltzen dira datuak. Datuak ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko. Txartela indarrean dagoen bitartean gordeko dira, eta gero blokeatuta kontserbatuko dira, interesdunen erreklamazioei erantzuna eman ahal izateko.

Txartelaren titularrak edo haren legezko ordezkariak datuetan sartzeko eskubidea, datuak zuzentzeko, ezabatzeko eta mugatzeko eskubideak eta aurka egiteko eskubidea dute, bai eta Datuak Babesteko Espainiako Bulegoaren aurrean erreklamazioa aurkezteko eskubidea ere.

Lehen xedapen iragankorra.–Ordenantza hau onartu aurretik emandako aparkatzeko txartelak baliozkoak izanen dira txartela emateko jatorrizko agirian jasotzen den mugaegunera arte.

Azken xedapena.–Ordenantza honek indarra hartuko du ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

1. ERANSKINA

Eskabide eredua

–Titularraren datuak:

Izen-abizenak

Helbidea

NANa ......................................

Harremanetarako telefonoa ...................................

Ibilgailuaren datuak*:

Desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektiborako erabiltzen den ibilgailuaren matrikula ...........................................

ESKATZEN DUT:

Eskatutako baldintzak betetzen ditudala egiaztatuta, desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartela eman dakidala.

Zarrakaztelun, ........(e)ko ....................aren ........................(e)an.

Sinadura

ZARRAKAZTELUKO UDALA (NAFARROA).

(*) Soilik eskatzailea baldin bada Desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartela ematea arautzen duen ordenantzaren 2. artikuluko 2. atalak aipatzen dituen pertsona fisiko edo juridikoen sailekoa.

Badakit eskabide honetan emandako datu pertsonalak Zarrakazteluko Udalaren ardurapeko fitxategi baten sartuko direla. Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen Ordenantzaren 1. artikuluan zehazten diren helburuetarako eta artikulu horretan aipatzen den araudiarekin bat biltzen dira datuak. Datuak ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko. Txartela indarrean dagoen bitartean gordeko dira, eta gero blokeatuta kontserbatuko dira, interesdunen erreklamazioei erantzuna eman ahal izateko. Txartelaren titularrak edo haren legezko ordezkariak datuetan sartzeko eskubidea, datuak zuzentzeko, ezabatzeko eta mugatzeko eskubideak eta aurka egiteko eskubidea dute, bai eta Datuak Babesteko Espainiako Bulegoaren aurrean erreklamazioa aurkezteko eskubidea ere.

Erantsi beharreko agiriak:

a) Bi argazki, nortasun agirirako tamainakoak.

b) NANa.

c) Errolda ziurtagiria.

d) Eskatzailea desgaitasuna duen pertsona bada: desgaitasuna duen pertsona dela eta mugikortasun murriztua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, edo begirik onenean ikusmen-zuzenketarekin 0,1eko edo gutxiagoko ikusmen-zolitasuna duela edo 10 graduko edo gutxiagoko ikuseremua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, 2. artikuluko 1. atalean jasotako baldintzetan. Dokumentazioa kalifikaziorako eta desgaitasun maila aitortzeko talde multifuntzionalek eman beharko dute.

e) Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek betetako ziurtagiria, eskatzailea bizi den lekuaren arabera eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak baliozkotua.

f) Pertsona fisikoek edo juridikoek desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektiborako txartela eskatzen badute, honako hau frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte: autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari arreta emateko zerbitzuak ematen dituztela, edo desgaitasuna duten pertsonendako eta horiek gizarteratzeko gizarte zerbitzuak.

Iragarkiaren kodea: L1707209