151. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, oposizio bitartez gizarte-langile lanpostuan
(B maila/taldearen parekoa) aritzeko izangaien bi zerrenda osatzeko, bata aldi baterako kontratatzeko eta bertzea prestakuntzako zerbitzu berezietan aritzeko

Alkatetzaren ekainaren 30eko 1118/2017 Ebazpenaren bitartez, deialdia eta oinarriak onetsi ziren gizarte-langile lanpostuan (B maila/taldearen parekoa) aritzeko izangaien bi zerrenda osatzeko, bata prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko eta bestea aldi baterako kontratuarekin aritzeko, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

OPOSIZIO HAU EGINEN DA APLIKATU BEHARREKO ARAUDIAN XEDATUARI ETA ONDOKO OINARRI HAUETAN EZARTZEN DENARI JARRAIKIZ: OINARRIAK

I.–DEIALDIKO LANPOSTUAREN IZAERA ETA EZAUGARRIAK

1.–Izaera: aldi baterako kontratatutako langileak/prestakuntzarako zerbitzu berezietan ariko diren langileak.

2.–Izena: gizarte-langilea (B maila/taldearen parekoa).

3.–Kokapena egitura organikoan: Gizarte Zerbitzuen Alorrari atxikiko zaio.

4.–Bete beharreko eginkizunak:

Oro har, antzeko eginkizunez gain, bere maila eta kategoriari dagozkion zeregin eta eginkizunak beteko ditu zerbitzuko gizarte programetan.

Lan eta enplegu baldintzei buruz, oinarri hauetan agertzen ez badira, eta udal honi dagokionez, Tuterako Udaleko langileen lan baldintzen gainean indarra duen egungo akordioan ezarritakoari jarraikiko zaio.

Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, horretarako ezarritako prozedurari jarraituz.

II.–DEIALDIA, TUTERAKO UDALAREN ZERBITZUAN GIZARTE-LANGILE LANPOSTUAN ALDI BATERAKO KONTRATUAREKIN ARITZEKO ZERRENDA ERATZEKO

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da aldi baterako kontratazioaren bitartez gizarte-langile lanpostuan aritzeko zerrenda bat eratzea, oposizio bidez, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzuteko.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Espainiako edo Europar Batasuneko kide den beste estatu bateko nazionalitatea izatea, edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Itunen arabera Europako Erkidegoa eratzeko Itunean zehazten diren baldintzetan langileen joan-etorri librea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea.

Espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek ere hartzen ahalko dute parte, zuzenbidez bereiziak ez badaude, baita haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez bereiziak ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beheitikoak badira edo, adin horretatik goitikoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

B) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

C) Gizarte Laneko Diplomadun ikasketa titulua edukitzea, edo dagokion gradu-titulua, edo balio berekotzat jotzen den beste titulu bat, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskuratzeko moduan egotea (hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina aurkeztuz).

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

D) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

E) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertu gabea.

F) Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten gizarte-langile lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

2.3. Baldintza horiek agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatu eta kontratatzen diren izangaiek, kontratuak sinatu aurretik horretarako ezartzen zaien unean. Egiaztagiriak kopia konpultsatuen bidezkoak izanen dira.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

2.4. Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3.–Hautaproben bilakaera eta balorazioa.

Hautaprobak gauzatuko dira Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatutakoarekin bat, IV. atalean zehazten baitira.

4.–Aldi baterako kontrataziorako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), bai eta, orobat, aplikatzekoa den gainerako araudia ere.

Hautatutako izangaiak aldi baterako kontratatuko ditu Tuterako Udalak, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak horri buruz araututakoari jarraituz, haren bitartez onetsi baitzen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, bai eta aplikatzekoa den gainerako araudiari jarraituz ere. Izangaiak Gizarte Segurantza Orokorraren araubidean sartu eta kidetuko dira.

III.–DEIALDIA, TUTERAKO UDALAREN ZERBITZUKO GIZARTE-LANGILE LANPOSTUAN PRESTAKUNTZAN
ARITZEKO IZANGAIEN ZERRENDA ERATZEKO

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da gizarte-langile lanpostuan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda bat oposizio bitartez eratzea, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Udal honen eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, C, D edo E mailakoa.

B) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

C) Gizarte Laneko Diplomadun ikasketa titulua edukitzea, edo dagokion gradu-titulua, edo balio berekotzat jotzen den beste titulu bat, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskuratzeko moduan egotea (hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina aurkeztuz).

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

D) Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten gizarte-langile lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.2. Oinarri honen 2.1.C) atalean eskatzen den tituluaren betebeharra agiri bidez frogatu beharko dute hautatzen diren izangaiek, horretarako ezartzen zaien unean.

Agiria horiek aurkezten ez dituzten izangaien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean faltsukeria egiteagatik izan dezaketen erantzukizuna galarazi gabe, salbu behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan.

2.3. Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita hautapen prozedurak eta aldi baterako lanpostuak iraun bitartean ere.

3.–Hautaproben bilakaera eta balorazioa.

Hautaprobak gauzatuko dira Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatutakoarekin bat, IV. atalean zehazten baitira.

4.–Prestakuntzako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa).

Hautatutako izangaiak zerbitzu berezietako egoeran deklaratuko dituzte, Osoko Bilkurak hartutako erabakian ezarritakoari jarraituz, bai eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritakoari jarraituz ere.

IV.–BI DEIALDIETARAKO ARAUAK

1.–Eskabideak.

1.1. Deialdiko hautapen prozesuan parte hartzeko eskabideak Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean (Plaza Vieja, 1 edo Escós Catalán kalea, 1) aurkeztu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun balioduneko epean. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

1.2. Eskabideak aurkeztuko dira deialdi honen III. eranskineko ereduari jarraituz, aldi baterako kontratazioetarako izangaien kasuan, eta IV. eranskineko ereduari jarraituz, berriz, prestakuntzarako zerbitzu berezietan ari diren izangaien kasuan. Ereduak HLZ-Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan eskuratzen ahalko dira (Plaza Vieja, 1) edo Escós Catalán kaleko 1 zenbakiko bulegoetan, bai eta internet bidez ere, www.tudela.es helbidean.

Haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

1.3. Behar bezala betetako eskabidearekin batera, izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren bat.

–Eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua.

1.4. Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

1.5. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

1.6. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi.

2.–Izangaien onarpena.

2.1. Onartuen zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Tuterako Udaleko alkate udalburuak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko du, eta herriko etxeko iragarkien oholean (Plaza Vieja, 1) eta Udalaren www.tudela.es web-orrian argitara dadila aginduko du. Izangai bazterturik egonez gero, 3 egun baliodun emanen zaizkio akatsak zuzentzeko eta, ondotik, izangai onartuen behin betiko zerrenda argitaratuko da, proben tokia, eguna eta hasteko orduarekin batera, aipatutako euskarrietan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen zerrenda behin betiko zerrenda gisa.

2.2. Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Dei egiten zaienean izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi hauetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.–Kalifikazio-epaimahaia.

3.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Epaimahaiburua: Marisa Marqués Rodríguez, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Ordezko epaimahaiburua: Olga Risueño Molina, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Amelia Bea Jiménez, Tuterako Udaleko gizarte-langilea.

Ordezko epaimahaikidea: Edurne Jaunarena Apesteguía, Tuterako Udaleko gizarte-langilea.

Epaimahaikidea: Gloria Díaz Sádaba, Tuterako Udaleko gizarte-langilea.

Ordezko epaimahaikidea: Ignacio Lizaldre Escalada, Tuterako Udaleko gizarte-langilea.

Epaimahaikidea: Ricardo Casamián Gil, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Ana José Martínez Navarro, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Idazkaria: Ana Cristina Martínez Cisneros, pertsonaleko erdi mailako teknikaria.

Ordezko idazkaria: Elena Zubieta Mozaz, Tuterako Udaleko lan-harremanetako graduatua.

3.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta organo dei egileari hala adierazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, aipatu diren egoera horietakoren bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

3.3. Epaimahaia hautapen prozesua egin baino lehen eratu beharko da eta, ondoren, proba egiteko eguna, ordua eta tokia finkatuko ditu eta argitara emanen, onartu eta baztertutako izangaien behin betiko zerrendarekin batera.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

3.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

3.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

4.–Hautapen sistema: oposizioa.

Alkatetzaren ebazpen honen bitartez onetsitako bi deialdietarako hautapen-prozedura oposizioa izanen da.

4.1. Alkatetzaren ebazpen honen bitartez onetsitako bi deialdietarako hautapen prozedura oposizioa izanen da, eta ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa: teoriko-praktikoa. Deialdiaren II. eranskineko gai zerrendako gaiei buruzko 30 galderari idatziz erantzutea. Galdera bakoitzarentzat erantzun batzuk emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da egokia. Okerrak zehatu eginen dira. Lehenbiziko ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere ordubete izanen dute.

–Bigarren ariketa: praktikoa. Epaimahaiak deialdiko II. eranskineko gai zerrendako gaien inguruan proposatutako kasu bat edo batzuk ebaztea. Bigarren ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere 2 ordu izanen dituzte.

–Hirugarren ariketa: proba psikoteknikoak eginen dira, izangaiak deialdiko lanpostuaren soslai profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuaren laguntzaz eginen da.

4.2. Oposizioko ariketen balorazioan 120 puntu lor daitezke gehienez, honela banatuak:

–Lehen ariketa: 30 puntu gehienez.

–Bigarren ariketa: 70 puntu gehienez.

–Hirugarren ariketa: 20 puntu gehienez.

4.3. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Baztertuta geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

4.4. Lehenbiziko eta bigarren ariketak plika sistemaren bidez eginen dira, salbu epaimahaiak erabakitzen badu, bigarren ariketan, egin ondoren jendaurrean irakur dadila.

4.5. Epaimahaiak erabakitzen ahal du lehenbiziko eta bigarren ariketak saio bakarrean egitea. Hala izanez gero, bi ariketak batera eginen dira eta lehenbizi test motako zatia zuzenduko da eta, bigarrenik, test motako ariketa gainditu dutenei dagokien kasu praktikoen zatia. Ez da pliketako kasu praktikoen zatia zuzenduko ez bada test motako zatia gainditu.

4.6. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa amaituta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, herriko etxeko iragarki oholean, ariketa gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioko hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago. Zerrenda www.tudela.es web-orrian ere kontsultatzen ahalko da, “Lan eskaintza” izeneko atalean, deialdiaren aipamenean.

4.7. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala eraman beharko dute edo, bestela, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz izangaia nor den frogatzen duen beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

4.8. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

4.9. Bukaerako balorazioa edo kalifikazioa aterako da ariketa guztietako puntuazioak baturik.

5.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

5.1. Hautapen prozesuaren kalifikazioa bukatu ondotik, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, herriko etxeko iragarki oholean eta udal web-orrian, bereizirik:

–Aldi baterako kontratazioak egiteko izangai gaindituen zerrenda, lortutako puntuazio ordenaren arabera.

–Prestakuntzarako izangaien zerrenda, lortutako puntuazio ordenaren arabera.

5.2. Zerrenda bakoitzean, aprobatu duten izangaien artean puntu berdinketarik izanez gero, Udalak 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuraren erabakian araututako irizpidearen arabera ebatziko dira (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa).

5.3. Ondotik, epaimahaiak Alkatetzari igorriko dizkio hautaprobak gainditu dituzten izangaien bi zerrendak –aldi baterako kontratazioak egitekoa eta prestakuntzakoa–, lanean hasteko deia egin dadin, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera.

6.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, baita bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka ere, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Oharra: deialdi honetan eta haren eranskinetan egiten diren aipamenetan, genero maskulinoaren forma erabiltzen denean, gizonezkoei eta emakumezkoei aplikatu behar zaizkiela ulertu behar da.

Tuteran, 2017ko ekainaren 29an.–Alkatea, Eneko Larrarte Huguet.

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

I. zatia.

1.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. I. Titulua: prozedurako interesdunak. IV. Titulua: administrazio prozedura erkideari buruzko xedapenak.

2.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: atariko titulua: xedapen orokorrak. I. Titulua: Nafarroako toki entitateen antolaketa eta administrazioa. I. kapitulua: udalerriak. 1. atala, 2. atala eta 8. atala. III. titulua: Nafarroako Toki Entitateen funtzionamenduari buruzko araubidea, herritarren informazioa eta parte-hartzea. I. kapitulua: Nafarroako toki entitateen funtzionamendua (1. atala eta 2. atala). II. kapitulua: herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea.

3.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Diru-laguntzei buruzkoa. Atariko titulua: II. kapitulua: diru-laguntza publiko guztiendako xedapenak.

4.–15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalen Babesari buruzkoa: xedapen orokorrak. Datuak babestearen printzipioak. Pertsonen eskubideak.

5.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako: legearen xedea eta eremua. Berdintasunerako politika publikoak. Berdintasunerako ekintza administratiboa.

II. zatia.

6.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

7.–32/2013 Foru Dekretua, maiatzaren 22koa, Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legea oinarrizko gizarte zerbitzuen programa eta finantzaketa arloan garatzeko erregelamendua onesten duena.

8.–Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena. Definizioak. Aplikazio eremua. Prestazioen hartzaileak. Administrazioen eskumenak. I. eta II. eranskinak. Prestazio bermatuak eta bermatu gabeak.

9.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, Autonomia sustatzeko eta menpekotasun egoeran dauden pertsonei kasu egitekoa. I. titulua: III. kapitulua: mendekotasuna eta haren balorazioa. IV. kapitulua: eskubidearen aitorpena.

10.–15/2005 Foru Legea, abenduaren 5ekoa, haurren eta nerabeen sustapenari, laguntzari eta babesari buruzkoa. 7/2009 Foru Dekretua, 15/2005 Foru Legea hein batean garatzeko erregelamendua onesten duena.

11.–26/2015 Legea, uztailaren 28koa, haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duena.

12.–15/2016 Foru Legea, azaroaren 11koa, gizarteratzeko eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituena.

13.–Azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, Ezgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina onesten duena.

14.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa. I., IV., V., VI., VII. eta VIII. tituluak.

III. zatia.

15.–Tuterako Udaleko OGZko Harrerarako eta Orientabide Sozialerako Programaren zerbitzu-karta. 2015eko urtarrilaren 12ko Tokiko Gobernu Batzarrean onetsia, 2017ko urtarrilaren 13ko Tokiko Gobernu Batzarrean (2015eko 29. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 12koa).

16.–Tuterako Udaleko etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen ordenantza (2005eko 126. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 21ekoa; aldaketak 2014ko 155. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 8an).

17.–Oinarri arautzaileak, larrialdi sozialean dauden pertsona edo familiendako Tuterako Udalaren banakako diru-laguntza sozialak emateko (2012ko 248. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 21ekoa; aldaketak 2014ko 155. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 8an).

18.–Tuterako Udalaren oinarrizko elikadura emateko zerbitzua arautzen duen ordenantza (2012ko 70. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 13koa; aldaketak 2013ko 96. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 22an, eta 2014ko 155. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 8an). Eta oinarrizko elikadura emateko zerbitzuaren tasa arautzen duen ordenantza fiskala (2012ko 119. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 21ekoa).

19.–Liburuetarako eta/edo material didaktikorako diru-laguntzen oinarriak, Tuterako ikastetxeetako Haur Hezkuntzako bigarren zikloan (2015eko 215. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 29koa).

20.–Ikastetxeetan jateko diru-laguntzak, Tuterako Udalak emanak (2015eko 215. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 29koa).

Eranskin honetan aipatutako legedia kontuan hartuko da ondotik izandako aldaketa guztiekin (foru legedi osoa eguneratua dago www.lexnavarra.es helbidean).

III. ERANSKINA

Eskabide eredua: aldi baterako kontratatzeko izangaiak (PDFa).

IV. ERANSKINA

Eskabide eredua: prestakuntzarako izangaiak, zerbitzu berezietako egoeran (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1708306