150. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SAN ADRIAN

Udal ordenantza, merkataritza ez egonkorraren gainekoa,
eta kontzeptu horri dagokion tasa.
Behin betiko onespena

San Adriango Udalak, 2017ko martxoaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Merkataritza ez egonkorra arautzen duen udal ordenantza eta kontzeptu horri dagokion tasa (2017ko 83. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, maiatzaren 2an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

San Adrianen, 2017ko ekainaren 12an.–Alkatea, Emilio Cigudosa García.

SAN ADRIANGO MERKATARITZA EZ EGONKORRAREN GAINEKO UDAL ORDENANTZA, ETA KONTZEPTU HORRI DAGOKION TASA

Oinarriak eta zioen azalpena

Salmenta ibiltariak gero eta garrantzi handiagoa du eta horrek neurriak hartzea eskatzen du, bermatzeko, batetik, merkataritzako jarduera arautzen duten printzipioen esparruan egiten dela jarduera hori eta, bertzetik, kontsumitzaile eta erabiltzaileen legezko eskubideen errespetua eta bermea, ziurtatuz jarduera horiek lehiakortasun libre eta leialaren arabera egiten direla.

Horretarako prestatu da ordenantza hau, indarreko araudia betez, bereziki, uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legea, merkataritza ez egonkorrari buruzkoa. Horrek guztiak, Nafarroako foru eraentza birrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 56.1.d) artikuluak ezarritakoarekin bat, Foru Komunitateari eskumen osoa ematen baitio kontsumitzaile eta erabiltzaileen defentsaren arloan, ezertan eragotzi gabe prezioei buruzko politika, Estatuko lurraldearen barneko ondasunen joan-etorri librea eta lehiaren defentsari buruzko legeria.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea.da San Adriango udal-mugartean merkataritza ez egonkorra arautzea eta kontzeptu horri dagokion tasa ezartzea eta uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legearen 5. artikuluaren babesean onetsi da, lege horretan xedatutakoa garatzeko asmoz.

2. artikulua. Merkataritza ez egonkorra da merkatariek ohiko saltoki egonkorretatik kanpo, instalazio desmuntagarrietan, aire zabalean, edo denda-ibilgailuetan egiten dutena.

3. artikulua. Merkataritza ez egonkorra modu hauetakoa izaten ahal da:

a) Noizbehinkako merkataritza, jai eta ferietan.

b) Merkatu txikietan, aldikotasuna eta tokiak aldez aurretik erabakita.

c) Herriz herriko merkataritza denda-ibilgailuetan.

II. KAPITULUA

Noizbehinkako merkataritza, jai eta ferietan

4. artikulua. Kalez kaleko salmenta jarduera da, bakarka herriko toki zehatzetan egiten dena edo postu guziak batera jarrita, bi kasuetan salmenta tradizionala egiteko, udal organo eskudunak berariaz baimendutako toki eta egunetan.

III. KAPITULUA

Merkatu txikietako merkataritza

5. artikulua.

1. Merkatu txikia gai eta produktuen salmenta antolatua da, elikagaiak barne, udal organo eskudunak espresuki baimendu eta multzoka ezarritako saltokietan.

2. Merkatu txiki bakarra paratzeko baimena emanen da, udal organo eskudunak zehazten duen lekuan ezarriko dena. Astean gehienez egun batean eginen da, hain zuzen ere ostegunetan, egiteko muga egun gisa ezartzen diren daten artean, hau da, urtarrilaren 1etik abenduaren 31 arte.

6. artikulua. Merkatu txikia ezartzeko urteroko epealdia onesten duen erabaki bakoitzean, udal organo eskudunak zehaztuko du zer toki zehatzetan kokatuko den eta zer egunetan eginen den. Oro har, ondoko funtzionamendu arau hauek ezartzen dira:

–Saltzaileak 9:00ak sarte sartuko dira.

–Merkatu txikiak 9:00etatik 14:00ak arte funtzionatuko du. 14:00etatik aitzina, merkatuan ez da saltzailerik ez salgairik batere geldituko, Udalaren garbiketa zerbitzuek beren eginbeharra egin dezaten.

–Salgaien erakusketa euskarri edo salmahaietan eginen da, lurretik gutxienez ere 80 zentimetrora. Fabrikazio edo ekoizpen akats ezkutuak dituzten gaiak saldu nahi izanez gero, akatsaz ohartarazteko txartelak paratu beharko dira bistan, kontsumitzaileek ongi ikusteko maneran. Saltzaileak jatorrizko marka eta salgaien jatorria egiaztatzen dituen dokumentazio behar adinakoa eduki beharko du. Produktu bakar batek ere ez du zorua ukituko. Elikagaien saltokiek babes egokia eta nahikoa izanen dute ingurumenaren kontra.

–Kontuan hartzea saltzeko debekua duten gai eta produktuak, eta garraiatzeko eta/edo hotzean kontserbatzeko instalazio bereziak behar dituztenak.

–Halako produktu baten araudiak haren salmenta debekatzen badu, ez da hura saltzeko baimenik emanen.

–Ikuskatzailetza zerbitzuek salgai jartzea debekatuko dute edo, bertzenaz, dekomisatuko, ibilgailuari edo arestian zehaztu eskaintzari dagozkion higiene arauak betetzen ez dituzten produktuak, osoki identifikatzen zailak direnak edo narrioren bat ageri dutenak.

–Oinarrizko arau gisa, elikagai guztiek beraiendako ezarri osasun araudia beteko dute, eta ontzietan sartu eta etiketatuko dira, dagokien araudiak hala eskatzen duenean.

IV. KAPITULUA

Udal baimenak

8. artikulua. Kalez kaleko salmenta indarra duten xedapenek arautuko dute eta horretan aritzeko baimenak San Adriango Udaltzaingoko Burutzak tramitatuko ditu.

9. artikulua. Merkatu txikietan saltzeko beharrezkoak diren udal baimenak erdiesteko, ondoko baldintzak bete beharko dira:

a) Merkataritza eta industria jardueren lizentzia fiskalean dagozkien epigrafeetan alta emanda egotea.

b) Kasuan kasuko Ogasun Publikoarekiko betebeharrak beteak izatea.

c) Gizarte Segurantzaren bidezko araubidean alta emanda egotea.

d) Osasungintzako arau teknikoek eta gainerako xedapenek merkaturatzen diren produktuen gainean eskatzen dituzten baldintzak betetzea.

e) Elikagaiak saltzen dituztenek janari erabiltzaileen karneta izatea.

f) Atzerritarren kasuan, egoitza baimena eta lanean beren kontura aritzekoa izatea, indarra duen araudian ezarritakoaren arabera.

g) Udal baimena eskatzea, hurrengo datu hauek aurkeztuta:

–Izen-deiturak.

–Nortasun agiri nazionalaren edo baliokidearen zenbakia.

–Herria, karrika, zenbakia eta solairua, baita posta kodea eta telefonoa ere.

–Saltokiaren neurriak, behar bezala egiaztatuak.

–Baimenduta saldu nahi diren gaiak, zehatz-mehatz.

–Titular beraren saltokietan lan egiten duten jendeei buruzko xehetasunak.

–Bi argazki, nortasun agirirako tamainakoak.

10. artikulua.

a) Oro har:

Ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabideek erreferentziazko udal baimenak jasoko dituzte.

Ordenantza honetan eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez duten eskatzaileei, errekerimendua eginen zaie, 10 eguneko epean, aurkeztutako dokumentazioa behar bezala osa dezaten.

Aipatu epea ez betetzeak edo agiri guztiak ez aurkezteak berarekin ekarriko du udal baimenak erdietsi ahal izateko eskabideak ez onartzea eta aurkeztu dokumentazioa artxibatu edo beraien titularrei itzultzea.

Udalak balio gabe uzten ahal ditu baimenak, komenigarria iruditzen zaiolarik, arrazoiak ikusita, baina horrek ez du inolako kalte-ordainik edo gisakorik ekarriko. Orobat desegiten ahalko da lizentzia interesdunak idatziz eskatuz gero.

b) Noizbehinkako merkataritza, jai eta ferietan.

Eskaerak aurkezteko epea urte natural bakoitzeko maiatzaren 1etik 30era bitarte izanen da. Tramitazio hori aurrez aurre zein Internet bidez egin ahalko da.

Ez dira emanen 8 metro baino gehiago saltoki bakoitzeko, eta Udalak ahalmena izanen du postuak lekuz aldatzeko bateraezintasunagatik edo bestelako arrazoiengatik.

Ordenantza honen 9. artikuluan zehaztutako dokumentazioa gehitu beharko zaio eskaerari; dena dela, tramitea behar bezala kudeatzeko behar den bertze edozein agiri ere eskatzen ahalko da.

Aipatu epean aurkeztutako eskaera kopurua saltokiena baino handiagoa bada, baimenak jendaurreko zozketa bidez emanen dira.

Onartutako eskaeren kokalekua jendaurreko zozketa bidez banatuko da, horiek aurkezteko epea bukatzen denetik hamabost egunera.

Tasak ordaintzea eta baimenak ematea aurreko atalean aipatutako zozketa bukatu eta berehala eginen dira.

Kokalekua mugatzen da (II. eranskina).

c) Merkatu txikietarako baimena.

Kasuan kasuko urteko otsailaren 1a baino lehenago, 9. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte udaletxean.

Baimenak urte bateko iraupena izanen du, eta zuzenean berrituko da kasuan kasuko urteko urtarrilaren 1ean, non ez duen titularrak kontrakoa adierazten.

Urteroko baimena jasotzen dutenak beharturik daude ezarritako tasak hiru hilean behin ordaintzera, urtarrilaren 1a, apirilaren 1a, uztailaren 1a eta urriaren 1a baino lehen, San Adriango Udaleko bulegoetan. Baimenaren epeak bat egiten badu urte naturalarekin, dagokion bezala hainbanatuko da.

Kokalekua mugatzen da (III. eranskina).

11. artikulua. Udalak baimenaren titularrari identifikazio txartela emanen dio. Bertan azaldu beharko dira titularraren argazkia eta datu pertsonalak, saltokiaren kokagunea merkatu txikiaren barrenean, eta salgai jartzen ahal diren gai eta produktuak.

Txartel hori jendaurrean egonen da saltokian, erosleak dauden tokitik ikusteko moduan.

12. artikulua. Ibilgailu egokietan baimendutako salmentetan salbu, saltokiak desmuntagarriak izanen dira eta baimendutako azalera hartuko dute soilik.

Debekaturik dago saltokietan megafonia eta musika paratzea, eta baita soinu bidezko iragarkiak emititzea ere. Dena dela, musika aparatuak saltzen direnetan megafonia instalazioak para daitezke eta musika bakarrik emititu, betiere, han bertan ez bada gainditzen udal ordenantzek eta indarra duen araudiak baimendutako gehieneko soinu maila.

V. KAPITULUA

Osasun ikuskapenak, administrazio kontrolak eta zaintza

13. artikulua. 1. Osasun kontrola eta ikuskapenak San Adriango Udaleko Udaltzaingoari dagozkio, eremu publikoan paratzen diren saltokiei eta bertan salgai jartzen diren produktuei dagokienez.

2. Elikagaiak saltzeko baimena emanen da merkatu txikia ireki aitzin egin beharreko osasun ikuskapenaren ondotik, gero ere bertze ikuskapen batzuk egiten ahal badira ere.

3. Eremu publikoko salmentaren inguruan, San Adriango Udaltzaingoari dagozkio antolaketa, administrazio kontrolak eta zainketa.

VI. KAPITULUA

Saltzaileen eskubide eta betebeharrak

14. artikulua. 1. Eremu publikoan saltzeko baimena duten pertsonen eskubideak honako hauek dira:

a) Dagozkien saltokiak okupatzea.

b) Baimendutako gaiak saltzea, onartzen diren egun eta orduetan.

2. Saltokietan lanean ariko dira baimendutako jendeak edo salmentan laguntzen dutenak. Orobat, bertzeren konturako langileak ari daitezke pertsona baimenduaren mende. Pertsona baimendu horrek laguntzaileak Gizarte Segurantzaren sistema orokorrean sartuta daudela frogatu beharko du, betiere baimena lortzeko eskabidea egitean horren berri eman bazuen.

15. artikulua. Eremu publikoan salmentan aritzeko baimena duten pertsonek osasun arloko betebehar hauek izanen dituzte:

a) Saltokiko titular eta lankideak behar bezain garbiak egon eta saltokiak ahal bezain txukun edukitzea, batez ere pisu eta balantzetako platerak. Horretarako, ia pisurik ez duen papera erabili beharko dute, gaiek eta pisu edo balantzak elkar ez ukitzeko.

b) Okupatzen duten saltokiko salmahaia guztiz garbi edukitzea.

c) Saltzeko izan edo biltegian dituzten gai guztiak erakustea osasun ikuskatzailetzari eta ikuskatzaileekin elkarlanean aritzea horiek laginak hartzean.

d) Bilduki berriak erabiltzea.

e) Elikagaiak saltzen direnetan, janari erabiltzaileen karneta izatea, indarrean izan ere.

f) Saltzeko orduak bukatuta, saltoki guztia garbi gelditu beharko da.

g) Saltzeko orduak bukatuta, bildukiak eta erabili eta botatzeko ontziak (plastikozko poltsak, pertxak, zapata-kaxak, etab.) horretarako jarritako zaborrontzietan sartu behar dira.

16. artikulua. Eremu publikoan saltzeko baimena duten pertsonek merkataritza arloko eginbehar hauek izanen dituzte:

a) Dagozkien saltokiak okupatu eta ezarritako egun eta orduetan irekita edukitzea.

b) Udal baimenak ikusgai jartzea, erosleak dauden tokitik erraz irakurtzeko moduan.

c) Erakusten dituzten produktu guztiak, baimenduta daudenak bakarrik, saltzeko maneran edukitzea.

d) Hala eskatzen zaienean, ordenantza honetan eskatzen diren dokumentu guztiak udal zerbitzuei erakustea.

e) Salgaien ondoan haien prezioa argi eta zehatz agertzea. Horretarako, salneurri errotuluen neurriak erosleen aldetik ikusteko modukoak izanen dira.

f) Udal organo eskudunak pisu eta balantzetarako ezartzen duen kontrastea onartzea.

17. artikulua. Eremu publikoan salmentan aritzeko baimena eskuratzen dutenek zerga arloko eginbehar hauek izanen dituzte:

a) Salmentarako beharrezko den kasuetan, eskaturiko fidantza uztea.

b) Udalak osoko bilkuran onetsiriko tasa eta eskubideak ordaintzea. Tarifak ordenantza honetako 1. eranskinean daude jasota.

VII. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

18. artikulua. Baimenen titularrak izanen dira ordenantza honetako xedapenen aurkako arau-hausteen erantzuleak, beraiek egindakoak izan edo saltzen laguntzen dieten familiakoek eta soldatakoek egindakoak izan.

19. artikulua. Merkataritza ez egonkorra arautzen duen uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legean ezarritakoaren arabera, arau-hausteak mota hauetakoak izan daitezke:

A.–Arau-hauste arinak:

a) Arau-hauste arintzat hartuko da baimenean ezarritako baldintzetako edozein ez betetzea, baita udal ordenantza honek zein 13/1989 Foru Legeak ezarritako betekizun eta eginbeharrak ere ez betetzea, betiere azken horiek larritzat edo oso larritzat ez badira hartzen.

b) Zehatz-mehatz, hauek dira arau-hauste arinak:

–Merkatu txikia hasten den ordu berean zerbitzua ematen ez hastea.

–Udal baimenaren kopia ikusgai ez izatea.

–Elikagaiak saltzen direnean, janari erabiltzaileen txartelik ez izatea.

–Ordenantza honi jarraikiz, saltokietan aritzeko baimena duten pertsonak egon beharrean, bertze batzuk egotea, aginduzko baimenik ez izateagatik arau-hauste oso larritzat hartzen ez bada.

–Ordenantza honetan eskatu osasun eta zerga arloko betekizunak ez betetzea.

B.–Arau-hauste larriak:

Honako hauek dira arau-hauste larriak:

a) Arau-hauste arina berriro egitea.

b) Merkataritzako gaiak arautzen dituen araudiak eskatutako baldintzak ez betetzea.

c) Udaleko agintari, funtzionario edo agenteei beren eginkizunak betetzen ari direnean argibideak ukatu edo ez ematea, baita argibide okerrak edo gezurrezko dokumentazioa ematea ere.

C.–Arau-hauste oso larriak:

Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) Arau-hauste larriak berriro egitea.

b) Saltzeko baimenik ez izatea.

c) Ordenantza honetako 15. artikuluko baldintzak ez betetzea.

d) Udal agintari, funtzionario edo agenteei haien eginkizunak betetzen ari direnean aurre egitea, larderiatzea edo mehatxatzea.

20. artikulua. 1. Arau-hauste arinak ohartarazpenez edo 150 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira.

2. Arau-hauste larriak 151 eurotik 600 eurorainoko isunarekin zehatzen ahalko dira.

3. Arau-hauste oso larriak 601 eurotik 3.000 eurorainoko isunarekin zehatu ahalko dira, eta, zein den kasua, saltzeko baimena aldi baterako kenduko da, edo baliorik gabe utziko, eta ordaindutako tasak galduko dira.

4. Salgaiekin badaezpadako neurriak hartuko dira, haiek ikuskatu ondoren, merkaturatzeko behar diren baldintzak betetzen ez dituztela uste denean; konfiskatu eginen dira, agintari eskudunaren ustez osasunarentzat arriskua sortzen badute, edo merkatariak produktua saltzeko baimenik ez badu.

21. artikulua. 1. Zehapen espedienteen prozedura indarra duten administrazio xedapenetan ezarritakoari lotuko zaio.

2. Arau-hauste larriei edo oso larriei zehapenak ezartzeko, espedientea beharko da aitzinetik; hura Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoaren arabera tramitatuko da.

3. Zehapenak ezartzeko ahalmena alkate udalburuarena da. Udaletik kanpoko agintariek zehatu behar dituzten arau-hausteak direnean, alkate udalburuak ematen ahalko die haien berri.

4. Kasuak arras larriak direnean, organo eskudunak jarduera etetea erabaki dezake, badaezpadako neurri gisa, arau-hauste larri edo oso larriak egin direla-eta irekitako zehapen espedientea tramitatzen den bitartean.

I. ERANSKINA

Tarifak

a) Merkatu txikiko tasak, egun arruntetan: 1,35 euro/metro lineala egunean.

b) Merkatu txikiko tasak, bestetan: 3,50 euro/metro lineala egunean. (Barne da puxiken salmenta, gutieneko okupazioa 2 metro lineal izanik).

c) Bestetan ostatu-ibilgailuekin jabari publikoa okupatzeagatik: 600,00 euro/ibilgailua bestetako egun guztietarako.

d) Bestetan ostatu-ibilgailuekin jabari publikoa okupatzeagatik, besta egunetatik kanpo: 40 euro/ibilgailua, egunean.

Iragarkiaren kodea: L1707148