150. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

882/2017 EBAZPENA, uztailaren 27koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, 2017an abeltzaintzako toki azpiegiturak sortu eta hobetzeko laguntzak emateko deialdi berezia onesten duena.

Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren azaroaren 30eko 1342/2016 Ebazpenaren bidez, abeltzaintzako toki azpiegiturak sortu eta hobetzeko laguntzen 2016. eta 2017. urteetarako deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren.

Ebazpen hori Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programa garatzeko eta ezartzeko onetsi zen; aipatu programa Europako Batzordearen 2015eko azaroaren 18ko C (2015) 8143 Erabakiaren bidez onetsi zen. Ebazpen hau azaroaren 30eko 1342/2016 Ebazpenaren jarraipena da, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 46. artikuluan jasotako irizpideak betetzen ditu.

Bestalde, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, diru-laguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da, behin organo eskudunak diru-laguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako baldintzak betetzen direnez, eta kontuan hartuta laguntza araubide hau 2017ko abenduaren 31ra arte dagoela indarrean, 2017an abeltzaintzako toki azpiegiturak sortu eta hobetzeko laguntzak emateko deialdi berezia onetsi nahi du Nafarroako Foru Komunitateak.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2017an abeltzaintzako toki azpiegiturak sortu eta hobetzeko laguntzak emateko deialdi berezia onestea.

2. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren azaroaren 30eko 1342/2016 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdian laguntza eskaera aurkeztu eta laguntza jaso ez zuten toki entitateek ez dute aurkeztu beharrik izanen, deialdi berezi honetan, azaroaren 30eko 1342/2016 Ebazpenaren 12. oinarriaren 3. eta 4. ataletan deskribatutako dokumentazioa.

3. Deialdi berezi honek sortzen dituen gastuei erantzuteko, 395.780 euroko gastua baimentzen da “Abeltzaintzako toki azpiegituretako inbertsioak. Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020” izeneko 720000-71500-7609-414300 partidaren kargura. Honela banatuko da zenbateko hori:

a) Eskualde menditsuetan edo menditsuak izan gabe mendikoak ez diren muga natural nabarmenak dituen eskualdean dauden toki entitateek abeltzaintzako toki azpiegiturak sortu eta hobetzeko egindako jarduketak: 300.000 euro.

b) Gainerako toki entitateek abeltzaintzako toki azpiegiturak sortu eta hobetzeko egindako jarduketak: 95.780 euro.

4. Deialdi berezi honetarako, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren azaroaren 30eko 1342/2016 Ebazpenean aurreikusitako oinarri arautzaileak eta eranskinak aplikatuko dira. Ebazpen horren bidez, abeltzaintzako toki azpiegiturak sortu eta hobetzeko laguntzen 2016. eta 2017. urteetarako deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitalpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

6. Diru-laguntzetarako deialdi hau Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean (BDNS) erregistratzea.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2017ko uztailaren 28an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F1709049