150. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

241/2017 FORU AGINDUA, uztailaren 12koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana. Honen bidez abereen gaixotasunek eragindako kalteak ordaintzeko laguntzak emateko arauak onesten dira, abeltzaintzako saneamendu kanpainen esparruan, eta laguntzen deialdia onesten da 2017. urterako.

Desagerrarazte programen mende dauden gaixotasunak egotearen ondorioz, askotan aziendaren mugimendua murriztu eta animaliak hil behar dira. Programa horien aplikazioak ustiategiko abereak hiltzea ekar dezake, eta horrek galerak eragiten ditu abere berriak sartu arte. Horren ondorioz, galera ekonomiko handia sorrarazten du abeltzaintzako ustiategian.

Halaber, ustiategian abereak mugitzeko debekua ekar dezake. Hori traba da herri-larreak aprobetxatzeko, hots, hazkuntza estentsiboko ustiategi askoren produkzio oinarria direnak, eta zezenketetarako behi-azienda duten ustiategietan debeku horrek heriotzarik gabeko herri jaietara joateko ezintasuna dakar, gure Foru Komunitatean hori mota horretako ustiategien baliabide ekonomikoen iturri nagusia dela.

Indarreko araudiak kalte-ordain batzuk ditu ezarrita, animalia horiek hiltzeak dakarren galera ekonomikoa arintzeko. Dena dela, kalte-ordain horiek ez dituzte kontuan hartzen ezarritako murrizketen ondorioz ekoizleek izaten dituzten urritze ekonomikoak, alegia, batzuetan ustiategiko diru-sarreren ehuneko handi bat galtzea ekartzen ahal dutenak.

Horregatik, ezinbestekoa da jabeari sortutako kalteengatik ordaina emateko bideak ezartzea, osasun egoeraren erantzuleak ez diren kasuetarako, neurri horien bidez kaltea jasan duen ustiategiaren jarraipena arriskuan jartzea eragotzita. Azken batean, laguntza horien bidez eragotzi nahi da jarduera arrazoi horiengatik uztea.

Deialdi honetako laguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 26. artikuluan xedatutakoaren araberakoak dira; izan ere, erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. 26. artikuluak 9. idatz-zatian abereen gaixotasunek eragindako kalteak ordaintzeko laguntzak jasotzen ditu, eta horien ordainak bai hildako animalien merkatuko balioa bai berrogeialdiko betebeharrek diru-sarreretan eragindako galera hartzen ditu barnean.

Arau hau onetsi aurretik, Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak adierazi zuen Espainiako agintariek (Nafarroako Foru Komunitateak) igorritako informazio laburtuaren idazkia jaso zuela, eta goian aipatutako arau proiektua erregistratu zuen, SA.48295 laguntza zenbakiarekin.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio foru agindu honi.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Arauen onespena.

1. Abeltzaintzako ustiategiei abereen gaixotasunek eragindako kalteak ordaintzeko laguntzak emateko arauak onesten dira, abeltzaintzako saneamendu kanpainen esparruan, foru agindu honen I. eta II. eranskinetan agertu bezala.

2. Laguntzetarako araubide honek onesten denetik 2020ko abenduaren 31ra arte iraunen du.

2. artikulua. Gardentasuna aitortzeko betebeharra.

Onuradunek gardentasuna aitortzeko betebeharrari buruzko eredua onesten da, eta foru agindu honen III. eranskinean jaso da.

Lehen xedapen gehigarria.–2017ko laguntzen deialdia.

1. Abeltzaintzako ustiategiei abereen gaixotasunek eragindako kalteak ordaintzeko eman beharreko 2017ko laguntzen deialdia onesten da, abeltzaintzako saneamendu kanpainen esparruan.

2. Hilabeteko epea dago 2017an laguntza eskaerak aurkezteko, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Bigarren xedapen gehigarria.–Aurrekontuko kredituak.

70.000 euroko gastua baimenduko da, foru agindu honetatik 2017ko deialdirako sortutako gastu konpromisoetarako, 2017ko Gastuen Aurrekontuko “(E) Kalte-ordaina abereak epizootien ondorioz hil behar izateagatik, eta azienda mugitzeko debekuaren ondoriozko irabazi lortugabeagatik” 710004-71320-7700-412200 aurrekontuko partidaren kargura.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Errekurtsoak.

Deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Laugarren xedapen gehigarria.–Diru-laguntzen deialdiaren erregistroa.

Arauok eta diru-laguntzen deialdia Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean inskribatzeko agintzen da.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Baldintzakotasuna.

Foru agindu honetan arautzen diren laguntzak emateko, salbuespen eskaera argitaratu beharko da Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren webgunean, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 9.1 artikuluarekin bat.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko uztailaren 12an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

I. ERANSKINA

Oinarri arauemaileak, abeltzaintzako saneamendu kanpainen esparruan abeltzaintzako ustiategiei abereen gaixotasunek eragindako kalteak ordaintzeko diru-laguntzak emateko

1. artikulua. Xedea eta diru-laguntzen xede izan daitezkeen egoerak.

1. Foru agindu honen xedea da abeltzaintzako ustiategien galera ekonomikoak ordaintzeko laguntzak arautuko dituzten arauak ezartzea, abenduaren 20ko 2611/1996 Errege Dekretuan ezarritako planetan ageri diren gaixotasunak desagerrarazteko nahitaezko osasun arloko neurriak aplikatzen direnean jarduera utz ez dadin. Dekretu horrek gaixotasunak desagerrarazteko programa nazionalak arautzen ditu.

2. Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 26. artikuluan jasotako aplikazio eremuan, salbuespen baldintzetan eta laguntza kategorietan kokatzen da laguntza araubide hau, eta onesten denetik 2020ko abenduaren 31ra arte izanen du indarra; erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

3. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak laguntzaren testua argitaratuko du, Estatuaren laguntzei buruz duen webgunean, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 9.1. artikuluan ezarritakoarekin bat.

4. Abereen gaixotasunek eragindako kalteengatik abeltzaintzako ustiategiek diru-sarreretan izaten dituzten galeren ondoriozkoak dira diruz lagundu daitezkeen egoerak. Honako hauek jotzen dira egoera honetan sartutakotzat:

4.1. Diru-sarreren galerak, hildako abereari buruz aurreikusitako errentagarritasunetik datozenak.

4.2. Diru-sarreren galerak, berrogeialdiko betebeharrek eragindakoak, hots, abeltzainak erabili ohi dituen larreen aprobetxamenduak erabili ezin izatea dakartenek.

4.3. Diru-sarreren galerak, abereak mugitzeko osasun arloko murrizketagatik zezenketetarako ustiategiek duten berrogeialdiko betebeharrek eragindakoak. Horrela, abereak herri jaietako ikuskizunetara eramatea eta abeltzaintzatik datozen beste diru-sarrera batzuk izatea eragozten da.

Halaber, foru agindu honen ondorioetarako, mugitzeko debekuari buruzko jakinarazpen ofiziala egiten den egunetik ustiategian debeku hori modu ofizialean kentzen den arte sortutako jarduera-ez partzialaren aldia jotzen da “berrogeialdi”tzat.

2. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa eta muga.

1. Agintaritza publikoak onartutako gaixotasunen ondoriozko galeretarako soilik izanen da laguntza.

2. Laguntzen zenbatekoa foru agindu honen II. eranskineko taulan lortutako kalkuluetan oinarrituz zehaztuko da, osasun arloko murrizketak ustiategiaren merkataritza jarduerari aplikatzeko aldia kontuan hartuta, eta ez du frogatutako galeren %100 gaindituko.

3. Abeltzaintzako ustiategi bakoitzeko laguntzen zenbateko osoa ezin izanen da 25.000 eurotik gorakoa izan. Pertsona fisiko edo juridiko bat abeltzaintza ustiategi baten baino gehiagoren titularra bada, muga hori onuradunari aplikatuko zaio, ezin izanen baitu 25.000 eurokoa gainditu, ukituriko ustiategiak zenbat diren kontuan hartu gabe.

4. Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) ez da diruz lagunduko, salbu eta onuradunak ezin badu berreskuratu.

3. artikulua. Onuradunak eta laguntza jasotzeko betebeharrak.

1. Laguntzen onuradunak izanen dira ETEaren izaera duten abeltzaintzako ustiategien titularrak, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinaren arabera; erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. Horrez gain, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ustiategiak ez egotea betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende, Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat eta barneko merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren.

b) Krisiak jotako enpresa ez izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluan definitzen diren moduan.

c) Nafarroako Foru Komunitatean dauden abeltzaintzako ustiategiak, eskaeraren aurreko urtean abereak nahitaez hiltzeko agindua jaso dutenak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak Nafarroako Foru Komunitatean abereen gaixotasun jakin batzuk zaindu, kontrolatu eta desagerrarazteko programak gauzatzeko arauak arautzeko otsailaren 21ean emandako 43/2014 Foru Aginduan eta Animalien gaixotasunak errotik kentzeko nazio-mailako programak arautzeko abenduaren 20an emandako 2611/1996 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Halaber, foru agindu honen 1. artikuluko 4.1 idatz-zatian azaldutako egoera diruz lagungarrietako baten batean egon beharko dute ustiategiek.

d) Nafarroako Foru Komunitatean dauden abeltzaintzako ustiategiak, eskaeraren aurreko urtean gaixotasunaren agerpena egiaztatu dutenak, Europar Batasunaren barnean garraiatzen diren behi eta zerrientzat bete beharreko osasun arloko arauei buruzko urriaren 13ko 1716/2000 Errege Dekretuaren I. eranskineko 3B puntuan eta II. eranskineko 6B puntuan ezarritakoaren arabera, eta Administrazioaren mugitzeko debekuari buruzko neurrien aplikazioa jasan zutenak.

2. Laguntzetatik kanpo geratuko dira foru agindu honek eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten edo abereen osasunari buruzko indarreko araudia betetzen ez duten eskatzaileak. Halaber, Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen 40. artikuluan aurreikusitako gainerako salbuespenak ere aplikatuko dira.

3. Foru agindu honetan ezarritako laguntzak jaso ahal izateko, onuradunek honako betekizun hauek ere bete beharko dituzte:

a) Abeltzaintza Zerbitzuak ezarritako epean behar diren saneamendu kanpainak egitea eta horiek gauzatzeaz arduratzen diren saneamendu taldeei ahalik eta laguntza handiena ematea.

b) Abeltzaintza Zerbitzuko albaitari ofizialekin uneoro lan egitea gaixotasuna desagerrarazteko asmoz eskatzen zaizkien osasun arloko jarduketa guztietan.

c) Gaixotasuna diagnostikatu aurreko urteko saneamendu kanpainaren xede zen gaixotasun bat egoteagatik antzeko laguntzarik jaso ez izana ustiategiko titularrak.

d) Ustiategia Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta egotea.

4. artikulua. Eskabideak aurkeztea eta eskatutako baldintzak frogatzea.

1. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

2. Eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea, 9, Iruña), Abeltzaintza Zerbitzuari zuzenduak, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

3. Betebeharrak betetzen direla frogatzeko, laguntzen eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Laguntza eskatzeko oinarri diren hildako abereen zerrenda.

b) Berrogeialdiko derrigortasunak eta herri-larreak aprobetxatzeko ezintasunak eragindako diru-sarreren galera justifikatzeko, jatorriaren eta osasunaren gidak edo agiri baliokideak aurkeztu beharko dira, hau da, aurreko hiru urtean edo ustiategia lanean hasi zenetik larre-baliabideen aprobetxamendua frogatzen dutenak.

c) Zezenketetarako ustiategietan berrogeialdiko derrigortasunak eragindako diru-sarreren galera justifikatzeko, aurreko hiru urtean izenpeturiko kontratuak, zezenketako abereak herrietako zezen ikuskizunetan daudela frogatzen dutenak, eta kasuan kasuko fakturak eta ordainagiriak aurkeztu beharko dira.

d) Kasu guztietan, idatziz hitzeman behar dute abeltzaintzako ustiategiko jarduera bi urtez gutxienez mantenduko dutela, gaixotasuna azken aldiz diagnostikatu den egunetik aurrera zenbatuta.

e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekurik urratzen ez dela dioen erantzukizunpeko adierazpena.

f) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko eginbeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: “Nik, ..............., nire izenean/....................... ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, ..... urtean, Nafarroan ..................... diru-laguntzak tramitatzeko prozeduran, nik/ordezten dudan entitateak zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko eginbehar guztiak eguneratuak ditudala/dituela egiaztatzeko”.

g) Eskatzaileak sinatuta dituen aseguru-polizak formalizatu direla egiaztatzeko baimena.

4. Onuradunak lehenbizikoz eskatzen badu laguntza edo hura ordaintzeko kontua aldatu nahi badu, diru-laguntzaren eskabidearekin batera, laguntza transferentzia bidez ordaintzeko inprimakia aurkeztu beharko du, behar bezala betea.

5. artikulua. Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Deialdi honen xede diren laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Onartzen diren eskaerek aurrekontuetan ezarritako diru-muga gainditzen badute, laguntzak eskatzaileen ezaugarrien arabera banatuko dira. Eskaerak hurrenkera honetantxe hartuko dira kontuan:

2.1. Hildako abereari buruz aurreikusitako errentagarritasunetik datozen diru-sarreren galerak direla-eta laguntza eskatzen duten titularrei dagozkien eskaerak, II. eranskineko 1. puntuaren arabera.

2.2. Herri-larreak aprobetxatu ezin izateagatiko laguntza eta zezenketetarako ustiategietako mugitzeko debekuagatiko laguntza eskatzen dituzten titularrei dagozkien eskaerak, II. eranskineko 2. eta 3. puntuen arabera.

3. Aurrekontua lehentasunezko talderen baten eskaerak finantzatzeko aski ez bada, jarraian zehazten diren lehentasun irizpideen ondoriozko puntuen arabera ordenatuko dira eskaerak:

a) Ustiategiaren katalogazioa, Nekazaritzako Ustiategien Modernizazioari buruzko uztailaren 4ko 19/1995 Legearen araberakoa.

–Nekazaritza ogibide nagusia izatea. Pertsona juridikoak izanez gero, lehentasunezko ustiategia izatea: 20 puntu.

–Nekazari profesionala: 10 puntu.

b) Ustiategiaren kokapen nagusia dagoen herrian azken 5 urtean egondako tuberkulosiaren prebalentzia.

–%5etik gorakoa: 15 puntu.

–%1etik gorakoa: 5 puntu.

Halaber, puntuazio horri jarraituko diote prebalentzia duten herrien lurraldetik 3 kilometroko erradioko herrietako batean dauden ustiategiek.

Prebalentzia hori kalkulatzeko ez dira kontuan hartuko kasuak, non ikerketa epidemiologikoak ondorioztatu baitu fokua lotuta dagoela hori detektatu aurreko 12 hilabetean sartutako abereen erosketarekin, ezta zezenketa jaialdietan parte hartzen duten ustiategiak ere.

c) Hildako abereen kopurua: 30 puntu, gehienez.

–Azken kanpaina ofizialean hildako behi bakoitza: puntu 1.

–Azken kanpaina ofizialean hildako ardi edo ahuntz bakoitza: 0,1 puntu.

4. Puntu-berdinketarik izanez gero, lehentasuna emanen zaio nahitaez hildako abereen kopuru handiena duen abeltzainari.

6. artikulua. Ebaluazio organoa.

Abeltzaintza Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskaerak.

7. artikulua. Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, 3. eta 4. artikuluetan eskatutakoa betetzen duen egiaztatuko da. Agiri guztiak ez badaude, interesdunari eskatuko zaio hamabost eguneko gehieneko epean zuzendu ditzala, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela. Halaxe jakinaraziko zaio.

2. Abeltzaintza Zerbitzuak eskaera ebaluaturik, ebazpen proposamena eginen du.

3. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak diru-laguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea 3 hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

8. artikulua. Onuradunaren betebeharrak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, onuradunak honako betebehar hauek ere bete beharko ditu:

a) Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren eskura jartzea haren eginkizunak egiteko behar dituen argibide guztiak.

b) Eman edo hartutako diru-laguntzak direla-eta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak egiten dituen egiaztapen ekintza oro onartzea.

c) Helburu bereko beste diru-laguntza publiko batzuk eskatu izanaren berri ematea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari.

9. artikulua. Ordainketa egiteko modua eta epea.

Diru-laguntza ordainketa bakar batean pagatuko da, laguntzaren emakida ebatzi ondoren.

10. artikulua. Interes publikoak bermatzeko neurriak.

Diru-laguntzaren onuradunek ustiategiko jarduera bi urtez gutxienez mantendu beharko dute, gaixotasuna diagnostikatu zen egunetik hasita.

11. artikulua. Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Foru agindu hau aplikatuta ematen diren laguntzak, estatuko edo Europar Batasuneko beste neurri batzuen edo kostu diruz lagungarri berberetarako aseguru-polizen babesean egindako ordainketak barne, kostu diruz lagungarrien %100ekoak izanen dira gehienez.

12. artikulua. Ez-betetzeak.

1. Artikulu hauetan ezarritako baldintzak eta onuradunak bete beharreko gainerako guztiak betetzen ez badira, laguntzak galdu, eta oker jasotako dirua itzuli egin beharko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean ezarritako moduan, eta zehapenak ere sortzen ahal dira horren ondorioz.

2. 8. artikuluak aipatzen duen ez-betetzeak berarekin ekarriko du laguntza osorik itzuli beharra, diru-laguntza ordaintzen den egunetik hasita legez dagozkion interesak barne. 10. artikuluak aipatzen duen ez-betetzeak berekin ekarriko du itzulketa egitea, ez-betetzearen aldiaren ehunekoarekiko alderantziz proportzionala dena.

13. artikulua. Onuradunaren gardentasun betebeharrak.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo aurrekontua, urtekoa, honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu gauzatua.

b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute, diru-laguntzak jasotzen badituzte:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren lanaldi mota gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, horiek bete ezean, onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

14. artikulua. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda argitara emanen da, Nafarroako Gobernuaren web-orriko zerbitzuen katalogoko fitxa garatzen duen araudian ezartzen denaren arabera.

II. ERANSKINA

Abereen gaixotasunek eragindako kalteak ordaintzeko kalkulua

1. Hildako abereari buruz aurreikusitako errentagarritasunetik datozen diru-sarreren galerengatiko laguntza.

Hildako aberearen balioa, abere heldu bakoitzeko marjina gordina eta hildako abere horren ordez berria jartzeko behar den epea kontuan hartuta, honako laguntza koadro hau ezartzen da, saneamendu kanpaina ofizialean hildako abereak oinarri hartuta.

HARAGITARAKO BEHI-AZIENDA

ZENBATEKOA
(eurotan)

Hilabetetik beherakoa

55,17

Hilabetetik gorakoa eta 3 hilabetekoa edo hortik beherakoa

78,38

3 hilabetetik gorakoa eta 9 hilabetekoa edo hortik beherakoa

150,72

9 hilabetetik gorakoa eta 18 hilabetekoa edo hortik beherakoa

180,66

18 hilabetetik gorakoa eta 24 hilabetekoa edo hortik beherakoa

192,93

24 hilabetetik gorakoa eta 48 hilabetekoa edo hortik beherakoa

265,22

48 hilabetetik gorakoa eta 84 hilabetekoa edo hortik beherakoa

241,16

84 hilabetetik gorakoa eta 120 hilabetekoa edo hortik beherakoa

180,70

120 hilabetetik gorakoa

120,58

ESNETARAKO BEHI-AZIENDA

ZENBATEKOA
(eurotan)

Hilabetekoa edo hortik beherakoa

55,17

Hilabetetik gorakoa eta 3 hilabetekoa edo hortik beherakoa

78,38

3 hilabetetik gorakoa eta 10 hilabetekoa edo hortik beherakoa

225,96

10 hilabetetik gorakoa eta 17 hilabetekoa edo hortik beherakoa

255,90

17 hilabetetik gorakoa eta 24 hilabetekoa edo hortik beherakoa

268,16

24 hilabetetik gorakoa eta 48 hilabetekoa edo hortik beherakoa

340,46

48 hilabetetik gorakoa eta 72 hilabetekoa edo hortik beherakoa

316,39

72 hilabetetik gorakoa

120,58

ESNETARAKO ARDI-AZIENDA

ZENBATEKOA
(eurotan)

Aurrerakoen hazkuntza: 3 hilabetetik gorakoa eta 12 hilabetetik beherakoa

21,09

12 hilabetetik gorakoa eta 60 hilabetetik beherakoa

36,17

60 hilabetetik gorakoa

16,88

HARAGITARAKO ARDI-AZIENDA

ZENBATEKOA
(eurotan)

Aurrerakoen hazkuntza: 3 hilabetetik gorakoa eta 12 hilabetetik beherakoa

16,28

12 hilabetetik gorakoa eta 60 hilabetetik beherakoa

30,15

60 hilabetetik gorakoa

16,88

ESNETARAKO AHUNTZ-AZIENDA

ZENBATEKOA
(eurotan)

Aurrerakoen hazkuntza: 3 hilabetetik gorakoa eta 12 hilabetetik beherakoa

21,09

12 hilabetetik gorakoa eta 60 hilabetetik beherakoa

36,17

60 hilabetetik gorakoa

16,88

HARAGITARAKO AHUNTZ-AZIENDA

ZENBATEKOA
(eurotan)

Aurrerakoen hazkuntza: 3 hilabetetik gorakoa eta 12 hilabetetik beherakoa

16,28

12 hilabetetik gorakoa eta 60 hilabetetik beherakoa

18,09

60 hilabetetik gorakoa

9,17

2. Herri-larreak aprobetxatu ezin izateagatiko laguntza.

–Haragitarako behi-azienda:

1. Zekorra (12-24 hilabete): 0,871 euro/egun.

2. Behia edo hazitarakoa, 24 hilabetetik beherakoa: 1,323 euro/egun.

–Ardi- eta ahuntz-aziendak:

1. Ardia edo ahuntza: 0,180 euro/egun.

Banakako balioa biderkatuko da, dokumentu bidez egiaztatu den bezala, aurreko hiru urtean edo jarduera abiarazi zenetik baliabide hori erabili zuten abereen kopuruaren eta egun kopuruaren batezbestekoaz.

Kalkulu horretarako, apirilaren 15etik urriaren 30era arte doazen mugitzeko debekualdiak baino ez dira zenbatuko.

3. “Zezenketetarako ustiategietako mugitzeko debekuagatiko” laguntza.

Aurreko hiru urtean izenpeturiko zezenketa jaialdietako kontratuen batez besteko balioaren %50, mugitzeko debekualdi berarekin bat badatoz eta I. eranskinaren 4. oinarri arauemaileko d) puntuaren arabera behar bezala frogatzen badira.

III. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1708835