150. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

23E/2017 FORU AGINDUA, ekainaren 29koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana. Honen bidez onesten da Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren funtzionamendurako diru-laguntzen deialdia.

1985. urtetik aurrera, Nafarroako Gobernuak museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak eman ditu, haien titulartasuna zeinahi delarik ere. Laguntzak, urte hauetan guztietan, kultura sektore horretako araudiaren eta diru-laguntzei buruzko legediaren aldaketen menpe egon dira, baita aurrekontu erabilgarriaren menpe ere. Bestetik, diru-laguntzen xedeko arloak instalazio horien funtzionamendua edo haien jarduerak izan dira, aldian aldikoa. Hori guztia interes sozialekotzat hartzen delako erakunde horiek mantentzea eta haien garapenari laguntzea.

Museoen Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du, eta bertan proposatu museoen eta bilduma museografiko iraunkorren funtzionamendurako diru-laguntzen deialdia onestea, 57.000 euroko gastua baimentzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren funtzionamendurako diru-laguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20003-A2310-4816-333100: Museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak

2017

57.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2017ko ekainaren 29an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

OINARRI ARAUTZAILEAK

Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren funtzionamendurako diru-laguntzen deialdia, 2017. urterako

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da diru-laguntzak ematea Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografikoen Erregistroan inskribaturik dauden museoen eta bilduma museografiko iraunkorren 2017. urteko funtzionamendurako.

Laguntza hauek entitatearen funtzionamendurako, haien eraikinen mantentze-lanetarako eta bildumaren kontserbaziorako bideratuko dira.

2.–Aurrekontua.

Deialdi honetara 57.000 euro bideratuko dira, 2017ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak” izeneko A20003-A2310-4816-333100 partidaren kargura.

3.–Laguntzen helburua.

Eskatzen ahal diren laguntzak bi motakoak dira:

–Funtzionamendurako laguntza. 9.000 euroko laguntza finkoa entitatearen funtzionamenduaren eta eraikinaren mantentze-lanen ondoriozko gastuetarako, irizpide honen arabera:

  • Urteko aurrekontua 50.000 eurotik goiti duten zentroak: plantillan komisariotzaren arloan dauden langileen gastuak izanen dira diruz lagungarriak, lanaldi osoa izan nahiz partziala.
  • Urteko aurrekontua 50.000 eurotik beheiti duten zentroak: langileen, horniduren, mantentze-lanen eta zerbitzu profesionalen gastuak izanen dira diruz lagungarriak.

Laguntza hau 11.1 puntuan jasotako balorazio irizpideak aplikatuz lortzen den puntuazioaren arabera emanen da, atal honi esleitutako dirua agortu arte, hots, 49.000 euro, betiere eskaeran aurkezten den aurrekontutik datorren defizita gainditu gabe.

–Bildumaren prebentzioko kontserbazio lanetarako laguntzak. Laguntza hauen kopurua ez da finkoa, eta 11.2 puntuan lortzen den balorazioaren lehentasun ordenaren arabera emanen dira, atal honi esleitutako dirua agortu arte, hots, 8.000 euro, honela:

  • Puntuazioaren ordenaren arabera, onartutako aurrekontuaren %80 emanen zaie proiektuei, gehienez ere 1.000 euro proiektuko.
  • Azkeneko proiektuari soberako gerakina ematen ahal zaio.

Eskatzaile bakoitzak proiektu bat edo gehiago aurkezten ahalko ditu prebentzioko kontserbazioaren laguntza modalitatean, diru-laguntzen deialdi honetan, baina proiektu bakar bati emanen zaio diru-laguntza, hain zuzen ere 11.2 puntuko irizpideak eta baremoa aplikatuta puntuazio gehien lortzen duenari, proiektuen arteko lehentasun-hurrenkerari jarraikiz. Onuradun berari beste proiektu baterako diru-laguntza emanen zaio, bakar-bakarrik baldin diru-laguntzak banatzeko lehenbiziko fasea itxi ondoren aurrekontuan diru erabilgarririk gelditzen bada.

Diruz lagunduko diren lanak exekuzio fasean edo bukatuak egon daitezke, baina, betiere, 2017. urtean egin beharko dira.

Funtzionamendurako laguntza finkoetarako esleitutako kopurua (49.000 euro) osorik banatzen ez bada, gelditzen den hondarra erabiliko da prebentzioko kontserbazio lanetarako laguntzen aurrekontua handitzeko.

Prebentzioko kontserbaziorako lanetarako zenbatekoa osorik esleitzen ez bada, erabilgarri dagoen saldoa baliatuko da esleipenaren lehenbiziko fasean laguntza finkorik lortu ez duten eskatzaileei emateko. Hala ere gerakinik badago, proportzionalki banatuko da onuradunen artean, 11.1 puntuko baremoa aplikatuta lortutako puntuazioaren arabera.

4.–Gastu diruz lagungarria.

Gastu diruz lagungarritzat ulertuko da deialdi honetan araututako datetan egiten dena, baldin 3. puntuko kontzeptuei badagozkie inolako zalantzarik gabe. Gastuak ez dira diru-laguntzaren xede izanen baldin beste deialdi batzuetan jaso badira, hain zuzen ere museoen eta bilduma museografiko iraunkorren zabalkunderako eta inbertsiorako jarduera eta jarduketetarako beste deialdi batzuetan.

Gastu diruz lagungarrien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Gastu diruz lagungarrien gainean oinarri honetan zehazten ez den guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

5.–Onuradunak.

Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribaturik dauden museoen eta bilduma museografiko iraunkorren titularrek ere diru-laguntzak eska ditzakete, deialdi hau argitaratzen den egunean.

Kanpoan gelditzen dira:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jabetzapeko museoak.

–2017ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan funtzionamendurako partida izendunak dituzten museoak eta bilduma museografikoak.

2017. urtean onartu diren zentroen kasuan, urte horretan lortutako onarpenaldiaren araberan zehaztuko da laguntza finkoa.

6.–Betebeharrak.

Eskatzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

–Laguntza publikoen onuradunentzat Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa betetzea.

–Zerga Administrazioaren Estatuko Agentziarekin, Nafarroako Zerga Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintzarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

7.–Agiriak.

Eskatzaileek 1. eranskinean agertzen den eskabidea aurkeztu beharko dute, behar bezala betea eta museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren titularrak edo baimendua dagoen pertsonak sinatua, agiri hauekin batera:

–Eskatzailearen IFZ (Administrazioaren esku ez badago edo, haren esku egonda ere, instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio).

–Ordezkariaren NANa, bidezkoa denean (instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio).

–Ordezkaritzaren frogagiria, bidezkoa denean (Administrazioaren esku ez badago edo, haren esku egonda ere, instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio). Kargu publikoek ez dute beren ordezkaritza frogatu beharrik.

–Erantzukizunpeko adierazpena, onuradun izateko baldintzak betetzen dituela adierazten duena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera (2. eranskina).

–Museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren jardueraren memoria eta kontuak (gastuak eta diru-sarrerak), 2016. urteari dagozkionak.

Memoriak atal hauek bildu beharko ditu, 11.1.b) oinarriaren arabera baloratuko baitira:

  • Erakundearen jarduera: bisita gidatuak, material didaktikoa, tailerrak, audiogidak, webgunea eta sare sozialak, Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizunak, beste erakunde batzuekiko lankidetza, zabalkunde jarduera eta jarduketak, lanen mailegua eta beste.
  • Egindako hobekuntzak: eraikinean, bilduma egonkorrean, erakusketa iraunkorrean; kontserbazio eta zaharberritze lanak.
  • Jendearentzako ordutegiak: hilabetean osotara zenbat ordu irekitzen den eta zein astegunetan irekitzen den dohainik.
  • 2016. urtean denera izandako bisitarien kopurua, datuak biltzeko Museoen Zerbitzuaren Eskuliburuan gomendatzen denaren arabera.
  • Hizkuntzen erabilera honako hauetan: seinaleztapena eta errotulazioa, bisita gidatuak, zabalkunde euskarriak, webgunea, gizarte sareak eta erabiltzaileentzako arreta.

–2017. urterako jardueren plana, adierazita zenbat ordu irekiko den, hilabetez hilabete, eta dohainik zein astegunetan irekitzen den.

–2017ko gastuen eta diru-sarreren aurrekontua (3. eranskina). Toki entitateek museorako edo bilduma museografiko iraunkorrerako bideratu dituzten partiden ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak jardueretarako dituen beste laguntza edo diru-laguntza batzuen gaineko aitorpen berariazkoa. Laguntza-eskaera hau aurkezterakoan beste laguntza-eskaeraren bat baldin badute oraindik ebatzi gabe, hori ere aipatu beharko da.

–Laguntzaren xedeko bildumen prebentzioko kontserbazio lanen zerrenda edo horren proiektua, dagokion aurrekontuarekin. Proiektu hori aurkeztea aukerakoa da.

Lehenbiziko eranskina sinatua aurkeztuz gero, Museoen Zerbitzuari berariazko baimena ematen zaio Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuaren bidez eskura ditzan eskatzaileak bere zerga betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko agiriak, hain zuzen, Zerga Administrazioaren Estatuko Agentziakoa, Nafarroako Zerga Ogasunekoa eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintzakoa.

8.–Aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da (larunbat eta igandeak barne), deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

9.–Eskaerak aurkezteko tokia.

Bertan:

–Eskaera eta dokumentazioa Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroan aurkez daitezke (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietako edozeinetan.

Telematika bidez:

–Ziurtagiri digitala duten eskatzaileek telematika bidez aurkez dezakete eskaera Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Atariaren tramiteen katalogoan agertzen den fitxaren bitartez (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/).

Eskaera Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Museoen Zerbitzuari igorriko zaio, honako hau adierazita: “Museoen eta bilduma museografiko iraunkorren funtzionamendurako diru-laguntzen 2017ko deialdia”.

10.–Tramitazio faseak.

10.1. Akatsak konpontzea eta aurretiko balorazioa.

Eskaerak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Museoen Zerbitzuak tramitatuko ditu.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Museoen Zerbitzuko teknikariek aurkezten diren eskaeren aurretiko ebaluazio teknikoa eginen dute.

Diru-laguntza eskaera osorik ez badago edo akatsen bat baldin badu, Museoen Zerbitzuak errekerimendua eginen dio eskatzaileari zuzendu dezan, eta horretarako zazpi egun naturaleko epea (larunbatak eta jaiegunak barne) emanen dio, akatsak zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita. Eskatzaileak epearen barrenean aurkezten ez badu dokumentazioa, eskaerari uko egiten diola ulertuko da eta bere espedientea artxibatuko da.

Jakinarazpena posta elektronikoaren bidez eginen da, eskatzaileak eskabidean (I. eranskina) adierazten duen helbide elektronikora.

10.2. Balorazioa.

Aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da, honako hauek osatua:

Burua:

–Mercedes Jover Hernando andrea, Nafarroako Museo Ataleko burua. Ordezkoa: Alicia Ancho Villanueva andrea, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataleko burua.

Mahaikide idazkaria:

–Juana María Marco Goñi andrea, museoetako goi mailako teknikaria, Museoen Zerbitzukoa. Ordezkoa, Carmen Valdés Sagüés andrea, Nafarroako Museoaren Ataleko arte jardueretako goi mailako teknikaria.

Kideak:

–Pilar Cabodevilla Górriz andrea, Museoen Zerbitzuko museoetako goi mailako teknikaria. Ordezkoa, Ana Elena Redín Armañanzas andrea, Nafarroako Museoaren Ataleko goi mailako tituluduna.

–Ana Berta Balduz Azcárate andrea, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataleko goi mailako teknikari zaharberritzailea. Ordezkoa, Violeta Romero Barrios andrea, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataleko goi mailako teknikari zaharberritzailea.

–Efrén Munárriz Clemos, Nafarroako Kultura Kontseiluko Museoen Batzordeko kidea. Ordezkoa, Ioar Cabodevilla Antoñana andrea, Nafarroako Kultura Kontseiluko Museoen Batzordeko kidea.

Batzordeak 11. puntuan ezarritako irizpideei jarraikiz baloratuko ditu eskaerak, eta, eskatutako azkeneko dokumentazioa jasotzen den egunetik hasita gehienez hamabost egun naturaleko epearen barrenean, laguntzak emateko proposamena igorriko dio Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiari.

11.–Balorazio irizpideak.

11.1. Onartzen diren funtzionamendu gastuetarako laguntza eskaerak 100 puntuz baloratuko dira gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

a) Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan duen inskripzio mota (gehienez 20 puntu), honen arabera: museoa, 10 puntu; bilduma museografiko iraunkorra, 10 puntu; titulartasun publikoa, 10 puntu; titulartasun pribatua, 5 puntu.

b) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak azkeneko urtean kultura arloan egindako bidea (gehienez 50 puntu), honen arabera:

–Erakundearen jarduera: gehienez 15 puntu. Honako hauek baloratuko dira: bisita gidatuak, material didaktikoa, tailerrak, audiogidak, webgunea eta sare sozialak, Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizunak, beste erakunde batzuekiko lankidetza, zabalkunde jarduera eta jarduketak, lanen mailegua eta beste.

–Erakundean egindako hobekuntzak: gehienez 15 puntu. Erakundeak egindako hobekuntzak ebaluatuko dira: eraikinean, bilduma egonkorrean, erakusketa iraunkorrean; kontserbazio eta zaharberritze lanak.

–Jendearentzako ordutegia: gehienez 5 puntu. Kontuan hartuko da hilabetean osotara zenbat ordu irekitzen den eta zein astegunetan irekitzen den dohainik.

–Bisitari kopurua: gehienez 5 puntu, datuak biltzeko Museoen Zerbitzuaren Eskuliburuaren arabera.

–Euskararen erabilera; gehienez 5 puntu. Kontuan hartuko da haren erabilera honako hauetan: seinaleztapena eta errotulazioa, bisita gidatuak, zabalkunde euskarriak, webgunea, gizarte sareak eta erabiltzaileentzako arreta.

–Gaztelania eta euskara ez diren hizkuntzak erabiltzea: gehienez 5 puntu. Kontuan hartuko da haien erabilera honako hauetan: seinaleztapena eta errotulazioa, bisita gidatuak, zabalkunde euskarriak, webgunea, gizarte sareak eta erabiltzaileentzako arreta.

c) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-garapenean egiten duen ekarpena (gehienez 30 puntu), honen arabera:

–5.000 biztanletik beherako udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 30 puntu.

–5.000 eta 20.000 biztanle bitarte dituzten udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 20 puntu.

–20.000 biztanletik gorako udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 15 puntu.

Baremo hau aplikatuz eskatzaileek lortzen duten puntuazioak ezarriko du diru-laguntzak emateko lehentasun-hurrenkera laguntza finkoen modalitaterako.

11.2. Onartzen diren bildumen prebentzioko kontserbazio gastuetarako eskaerak 20 puntuz baloratuko dira gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

a) Prebentzioko kontserbaziorako aurkeztutako proiektua nola egokitzen den museoko bildumaren edo bilduma museografiko iraunkorraren behar eta ezaugarrietara (gehienez 10 puntu).

b) Proiektuaren kalitatea: metodologia, ekipoa, antolakuntza eta kronograma (gehienez ere 10 puntu).

11.2 puntuko balorazioan gutxienez 10 puntu (%50) lortzen ez dituzten prebentzioko kontserbazio proiektuek ez dute laguntzarik jasoko. Baremo hau aplikatuz eskatzaileek lortzen duten puntuazioak ezarriko du diru-laguntzak emateko lehentasun-hurrenkera prebentzioko kontserbazio proiektuen modalitaterako.

Lehenbiziko fasean, onuradun bakoitzak aurkezten duen proiektu bakar bati emanen zaio laguntza, hain zuzen ere 11.2 puntuko balorazio irizpideak aplikatuz puntuaziorik altuena lortzen duenari. Behin lehenbiziko fasea bukaturik, aurrekonturik badago, eskatzaile berberari beste proiektu baterako diru-laguntza ematen ahalko zaio.

12.–Ebazpena.

Laguntzen kontzesioa Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen da, eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Atarian argitaratuko da (http://www.navarra.es/home_es/Trámites/).

Deialdia eman gabe gelditzen ahal da, osorik edo partez.

13.–Diru-laguntzen ordainketa.

Diru-laguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, agiri hauek aurkeztuta 2017ko abenduaren 1a baino lehen:

–2017ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra arte honako hauetarako egindako gastuen eta ordainketen eta diru-sarreren frogagiriak:

  • Urteko aurrekontua 50.000 eurotik goiti duten zentroak: plantillan komisariotzaren arloan dauden langileen gastuak, lanaldi osoa izan nahiz partziala.
  • Urteko aurrekontua 50.000 eurotik beheiti duten zentroak: langileen, horniduren, mantentze-lanen eta zerbitzu profesionalen gastuak.

–Prebentzioko kontserbazio proiektuen kasuan, egindako jarduketaren memoria aurkeztuko da.

–Urteko jardueren memoria, 2017ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarteko datuekin. Urteko memoria osoa aurkezteko epea 2018ko urtarrilaren 31 izanen da.

14.–Gastuen eta diru-sarreren justifikazioa eta epeak.

Gastuen eta ordainketen justifikazioa eta diru-sarrerena honela eginen da:

–3. ereduaren araberako zerrenda, funtzionamendurako gastu eta diru-sarrera guztiak jasoko dituena. Horrekin batera, dagozkion fakturak eta banku-frogagiriak aurkeztu beharko dira, ordena berean.

–Frogagiriak 2017an datatuak izan beharko dira, eta justifikatzeko epea bukatu baino lehen ordainduak (2017ko abenduaren 1era arte). Gainera, fakturazio betebeharrak arautzen dituen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera bete beharko dira.

–Onuradunak funts berekiak edo bestelako diru-laguntza edo baliabideak erabili baldin baditu helburu berberetarako, justifikazioan aipatu beharko ditu.

–Langileria gastuak justifikatzeko honako hauek aurkeztu beharko dira: langileen nominak, interesdunek sinatuak, bakoitzari dagozkion TC inprimakiak, eta PFEZaren ordainketak egunean dituela frogatzeko agiriak.

Zeharkako zergak ez dira diru-laguntzaren xede izanen, eskatzaileak horiek berreskuratu edo konpentsatzeko aukera baldin badu, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere (PFEZa).

Toki entitateek udal idazkaritzaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, gastuak noiz egin diren adierazita kontzeptuz kontzeptu, baita bakoitzaren zenbatekoa eta ordaindu direla konfirmatzeko egunak ere, kontuan hartuz gastuak eta ordainketak diru-laguntzaren indarraldiaren barrenean eginak izan beharko direla (gastuak urtarrilaren 1etik urriaren 31ra arte, eta ordainketak 2017ko abenduaren 1a arte). Diruz lagunduriko proiektuak edo jarduerak diru-sarrerarik eragin baldin badu, horien ziurtagiria ere aurkeztu beharko da.

Langileria gastuak eta horien ordainketa udal idazkaritzaren ziurtagiri baten bidez ere justifikatzen ahalko dira, kontzeptu hauek zehaztuta: lanpostuak, dagozkien soldatak eta lan arloko beste gastu batzuk.

Aholkularitza edo laguntza enpresek egindako ekipo ondasunen edo zerbitzuen horniduren kasuan, diruz lagungarria den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada diru-laguntza eskatu baino lehen. Hori justifikatzeko, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean ezarritakoari jarraituko zaio.

15.–Kultur mezenasgoa: diruz lagunduriko jardueren interes soziala.

15.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektu edo jarduerek, baldin lege horren 4. artikuluan aurreikusitako pertsona edo entitate onuradunek egiten badituzte, interes soziala izanen dute foru lege horretan aurreikusitako zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako.

15.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22. artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

Onuradunak, toki entitatea izan ala ez, kultur mezenasgoari buruzko Foru Legean ezarritako zerga pizgarriak aplikatu ahal izateko, betebehar hauek bete beharko ditu:

–Mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak zehaztea memoria batean, eta laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina ebaluatzea.

–Diruz lagundutako proiektuaren babesletza-kontratuen kopia igortzea, honako hauek adierazita: kontratugileen eta kontratua sinatzen dutenen identifikazioa, kontratuaren xedea, iraupena eta egikaritze-epea, bai eta babesletzaren onuradunak publizitatearen kontzeptu gisa urte bakoitzean guztira jasoko duen zenbatekoa ere.

–Ziurtagiriak luzatzeari eta Nafarroako Zerga Ogasunari informazioa bildaltzeari buruz ezarritako betebeharrak betetzea, hots, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren Erregelamenduaren 22.2 artikuluan ezarrita daudenak (erregelamendu hori Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren bidez onetsi zen).

16.–Onuradunek bete beharrekoak.

–Laguntza hau emateko oinarri izan den helburua betetzea, diru-laguntza ematean Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak ezarritako jarraibide teknikoekin bat etorriz.

–Eskumena duten kontrol organoek (nazionalek zein Europar Batasunekoek) finantza kontrolerako eta egiaztapenerako egiten dituzten lanak onartzea eta eskatzen zaien informazioa ematea.

–Diruz lagunduriko proiektua finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera eta baliabideen berri ematea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari justifikazioa egiten duen egunean.

–Hasierako proiektuan egiten diren aldaketa guztien berri ematea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari. Aldaketa horiek egiteko erakunde horren adostasuna beharko da.

–Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertzea webgunean.

–Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egiteko epea bukatu arte.

–Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena (4. eranskina) hilabeteko epean aurkeztea, diru-laguntza ematen dela jakinarazten denetik.

–Gastuen eta ordainketen frogagiriak diru-sarrerenak eta urteko jardueren memoria ezarritako epean aurkeztea.

17.–Baldintzak ez betetzea.

16. puntuan adierazitako betebeharrak betetzen ez badira, emandako diru-laguntza ez da ordainduko.

18.–Bateragarritasuna beste diru-laguntza batzuekin.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek helburu bererako ematen dituzten beste diru-laguntzekin, betiere haien zenbatekoek gainditzen ez badute diruz lagunduriko jardueraren kostua. Deialdi honen bidez ematen den diru-zenbatekoa eta beste diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuetatik edo jardueraren berezko funtsetatik datorrena baturik jardueraren kostua gainditzen bada, ordaindu beharreko diru-laguntzari muga bat ezarriko zaio jarduerak superabitik izan ez dezan.

19.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Toki entitateek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko dute, bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

1. ERANSKINA

Eskaera.

2. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena.

3. ERANSKINA

2017ko aurrekontuak.

4. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1708720