147. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

760/2017 EBAZPENA, ekainaren 23koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez 25.000 euroko gastua baimendu eta gauzazko laguntzen deialdia onesten da, Nafarroako enpresek azaroan Chennain (India) eginen den “Navarra Wind Supply Meet” jardunaldian parte har dezaten. Laguntza horiek “de minimis” araubidearen babesean emanen dira.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako hirugarren Nazioarteko Plana prestatu du, Foru Komunitateak nazioartean duen posizionamendua hobetzeko asmoz.

Planari oinarria ematen dion Nafarroa nazioartekotzeko ekintzaren diagnostikoan, energia berriztagarrien lehentasunezko sektoreari buruzko ahalegina fokalizatzea merezi duten lehentasunezko herrialdeetako bat da India.

Herrialde horretan instalatutako gaitasun eolikoa 2022rako %50 handiagoa edo izatea aurreikusi da, eta, energia berdeen garapenaren aldeko esparru baten ondorioz, 60.000 MW-ra heltzea espero da. Horren ondorioz, Indiako merkatu eolikoa aukera bat da sektorean aritzen diren Nafarroako enpresetarako.

Tamil Naduko estatua, Indiaren hegoaldean dagoena, Indiako gune industrial garrantzitsu bat da, herrialdeko industria eolikoaren %50 inguru pilatzen baitu. Nafarroako Gobernuak jardunaldi bat antolatuko du azaroan Chennain (Tamil Naduko hiriburua), IWTMAren (Indian Wind Turbine Manufacturers Association) laguntzaz, sektore eolikoan aritzen diren Nafarroako eta Indiako enpresen artean merkataritza topaketak bideratzeko.

Lehentasunezko merkatuen eta Nazioarteko Plana nazioartean zabaltzeko laguntzaren ardatzen barnean, Garapen Ekonomikorako Departamentuak beharrezkotzat jotzen du sektore eolikoan aritzen diren Nafarroako enpresek foro horretan parte har dezaten bultzatzea. Horregatik, gauzazko laguntzen deialdi bat diseinatu da, Nafarroako Gobernuak Chennain antolatuko duen jardunaldian parte hartzeari begira; laguntzak “de minimis” araubidearen babesean emanen dira. Jardunaldiaren antolaketaren kostua gauzazko laguntza gisa egotziko da.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 25.000 euroko gastua baimentzea “Nazioarteko Planeko ekintzak” izeneko 810004 81400 2269 145100 partidaren kargura, Chennain 2017ko azaroan eginen den “Navarra Wind Power” jardunaldiaren antolaketa kontratatzeko.

2. “De minimis” araubidearen babesean emanen diren gauzazko laguntzen deialdia onestea, Nafarroako enpresek “Navarra Wind Power” jardunaldian parte har dezaten, eranskinean agertzen diren oinarri arautzaileen arabera.

3. Ebazpen hau eta bere eranskina Kontu-hartzailetza Delegatuari eta Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta navarra.es web-orrian argitaratzea.

5. Deialdi honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2017ko ekainaren 23an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia. Izaskun Goñi Razquin.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, Chennain 2017ko azaroan antolatuko den topaketan parte hartzeko gauzazko laguntzena; laguntzak “de minimis” araubidearen arabera emanen dira

1. oinarria.–Laguntzen xedea.

Laguntzen xedea Nafarroako enpresen produktuak eta zerbitzuak atzerrian batera susta daitezen bultzatzea da, bai esportazioen bai enpresa esportatzaileen kopurua handitzea lortzeko.

Zehatzago, deitzen den laguntzaren bidez, sektore eolikoan aritzen diren Nafarroako enpresek Nafarroako Gobernuak Indiako enpresekin antolatuko duen bileran batera parte hartzea bultzatu nahi da; bilera Chennain eginen da, 2017ko azaroan, Nafarroako enpresei Indiara esportatzen laguntzeko asmoz.

Laguntzak bat datoz Nafarroako S3rekin (Smart Specialisation Strategy), eta Nafarroako Nazioarteko Planaren barnean daude. Plan horren 3. ardatzean India aipatzen da, nazioartekotze politika zuzendu behar zaien lehentasunezko herrialdeetako bat den aldetik, eta bere 2. ardatzean (“Enpresa eta beste entitate batzuk nazioartekotzeko laguntza”) Nafarroako enpresen esportazioek gora egitea du helburu.

2. oinarria.–Araudia.

Laguntzek Diru-laguntzei buruzko Legean aipatutako printzipio orokorrei eta arauei, administrazio prozeduraren legediari eta “de minimis” laguntzak arautzen dituen Batzordearen Erregelamenduari men egiten diete.

3. oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

Nafarroako Gobernuak “Navarra Wind Supply Meet” antolatzeko behar diren zerbitzuak kontratatuko ditu, eta horren gehieneko aurrekontua 25.000 eurokoa izanen da.

Onuradunendako laguntzaren zenbatekoa honela kalkulatuko da: ekitaldiaren antolaketaren gastua zati hautatu diren enpresa onuradunen kopurua (gehienez ere, 20).

4. oinarria.–Laguntzen onuradunak.

Laguntzen onuradunek bete behar dituzten baldintzak honako hauek dira:

–Zentro teknologikoak edo sektore eolikoko enpresak izatea.

–Nafarroan egoitza edo helbide soziala izatea eta bertan garapen eta/edo ekoizpen lanak gauzatzea.

–Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

5. oinarria.–Eskaera egiteko epea eta eskatzen den dokumentazioa.

Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es) dagoen zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxaren bidez, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Nafarroako Gobernuak tramitazioa errazteko erabiltzaileari arreta emateko gune batzuk jarriko ditu behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileentzat. Gune horiek non dauden behar bezala iragarriko da zerbitzuen katalogoaren fitxan. Gune horietan, eskaera aurkezteko moduaz aholku emanen zaie, baina, aurreko paragrafoan ezarri bezala, eskaera aurkezteko behar-beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala edukitzea.

Enpresa eta zentro teknologiko eskatzaileek eskabide-orria bete beharko dute, Nafarroako Gobernuaren web-orriko Zerbitzuen Katalogoan argitaratzen den ereduaren arabera, eta honako eduki hauek zehaztuko dituzte:

–Entitate eskatzailearen datuak.

–Adierazpena, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko eskatzen diren betebeharrak betetzen direla adierazten duena.

–Konpromisoa, Garapen Ekonomikorako Departamentuari datuetako edozein aldaketaren berri emateko.

–Garapen Ekonomikorako Departamentuari baimena ematea enpresak Ogasunarekiko zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzeko.

–Laguntza ematean oinarri hartu behar diren irizpideak baloratzeko behar diren informazioa eta dokumentazioa.

–“De minimis” laguntzen adierazpena.

6. oinarria.–Laguntzak emateko irizpideak.

Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz eginen da. Aurkezten diren eskaerak erkatzeko erabiliko diren balorazio irizpideak honako hauek dira:

–1. irizpidea: ETE-en lehentasuna.

Entitate eskatzailea ETEa bada, Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EB Gomendioan (L 124 Egunkari Ofiziala, 2003-5-20koa) xedatutako definizioaren arabera: 50 puntu.

–2. irizpidea: kluster edo nazioartekotzeko enpresen elkarte bateko kidea izatea.

Entitate eskatzailea kluster edo nazioartekotzeko enpresen elkarte bateko kidea bada: 27 puntu.

–3. irizpidea: enpresa jarduerak Nafarroako Foru Komunitatean kalitateko enplegua sortzeko duen eragina.

  • Entitate eskatzaileak enplegu finkoa finkatu badu: 10 puntu.
  • Entitateak enplegu finkoa gehitu badu: 10 puntu, gehi puntu bat gehiago portzentaje-gehikuntzaren puntu bakoitzeko, gehienez 20 puntu egin arte.

Finkapena edo gehikuntza 2015eko abenduaren aldean 2016ko abenduan dauden kontratu mugagabeen aldakuntza kontuan hartuta baloratuko da.

–4. irizpidea: enpresak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin duen konpromisoa.

Eskumena duen entitateak emandako ziurtagiri eta aintzatespenak kontuan hartuko dira, indarrean badaude. Kontuan hartuko dira, orobat, enpresak berdintasuna lortzeko ezarritako praktikak, behar bezala egiaztatuz gero, adibidez, ardurakidetza eta eginkizunen bateragarritasuna bultzatzeko neurriak izatea, enpresaren komunikazio agiri guztietan hizkera eta irudi ez-sexista eta bateratzaileak erabiltzea, etab.: gehienez ere 3 puntu.

Enpresa eskatzaileen kopurua ez bada 3. oinarrian adierazitakoa baino handiagoa, ez da beharrezkoa izanen irizpide horien arabera baloratzea. Kasu horretan, laguntza emanen zaie oinarri hauetan onuradun izateko ezarritako baldintzak betetzen dituzten guztiei.

7. oinarria.–Laguntzak ematea.

1. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu, deialdi honen 6. oinarrian ezarritako irizpideekin bat; horretarako, beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria edo argigarria eskatzen ahalko dio eskatzaileari, eta adieraziko dio, eskaerari ezarritako epean erantzuten ez badio, eskatutako laguntzak ukatzen dituen ebazpena emanen duela.

2. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak eskaerak ebaluatu ondoren, ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, non adieraziko baitira dagokion laguntza eta onuradunek laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

3. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da laguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaerak aurkezteko azken egunetik hasita.

4. Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. oinarria.–Laguntzari uko egitea.

Laguntza eman zaiela jakinarazi ondoren ekintzan parte hartzeari uko egiten dioten enpresek idatziz jakinarazi beharko diote Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari, ekintza hasi aurreko 15 eguneko epearen aurretik.

9. oinarria.–Laguntzaren justifikazioa eta epea.

Finantzatutako ekintza egin eta hilabeteko epean, enpresa onuradunek txosten bat aurkeztu beharko dute, honako eduki hau jasotzen duena:

–Garatutako jardueraren deskribapena, balizko bezeroekin izandako elkarrizketak eta horietako gogobetetasun-maila zehaztuta.

–Topaketaren gaineko balorazioa eta lortu nahi diren helburuen betetze-maila.

–Etorkizuneko ekintzetarako hobekuntza proposamenak.

10. oinarria.–Enpresa onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

Laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Finantzatutako jarduerak 7. oinarrian ezarritako moduan eta epean egin izana frogatzea.

b) Sustapenerako erabiltzen diren material guztietan S3 Renewableren logotipoa txertatzea, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak emanen duena.

c) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako eginbeharrak.

Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar guztiak bete ezik, diru-laguntza itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

11. oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna eta “de minimis” laguntzen izaera.

Laguntzak bateragarriak dira helburu berarekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Espainiako zein atzerriko beste administrazio publiko batzuek edo beste edozein entitate publiko edo pribatuk edota partikularrek ematen dituzten laguntzekin, baina ekitaldian parte hartzeak eragindako gastuak ez direnetarako erabiltzen badira.

Laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari hiru zergaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan.

Horretarako, onuradunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.

Laguntzaren xede den ekintzaren berariazko baldintzak

Misioa IWTMAren (Indian Wind Turbine Manufacturers Association) partaidetzarekin antolatuko da, zeina Indiako bi talde sektorialetako bat den, energia eolikoaren hazkunde iraunkorra sustatu eta bultzatzeko eratua. Elkarteak 18 kide ditu, jatorrizko ekipoen eta osagaien fabrikatzaileak egonda horien artean, eta Indiako energia eolikoko instalazioen %90 baino gehiago ordezkatzen du.

Finantzatutako ekitaldiak honako jarduera hauek bilduko ditu:

–Inaugurazio ekitaldia, hainbat hitzaldi instituzional, sektorearen aurkezpena eta delegazioen aurkezpena barnean hartuko dituena.

–B2B meetings: Indiako eta Espainiako enpresen arteko banakako enpresa topaketak.

–Jardunaldi teknikoak.

–Networking-a.

Laguntzak ez ditu barnean hartzen bidaien antolaketa, otorduak, barneko joan-etorriak edo enpresa bakoitzaren berezko bestelako gastuak.

Iragarkiaren kodea: F1708184