147. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ETXARRI ARANATZ ALDEKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Larrialdi sozialetarako laguntza arautzen duen ordenantza.
Behin betiko onespena

Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, 2016ko apirilaren 14ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Larrialdi Sozialetarako Laguntza arautzen duen ordenantza. Onespenaren erabakia 2016ko 93. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 16an.

Jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, behin betikoz onetsi da, eta ordenantza osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen hartan, xedatutakoari jarraikiz.

Etxarri Aranatzen, 2017ko apirilaren 25ean.–Mankomunitateko burua, María Sáez de Albeniz Bregaña

I. ERANSKINA

Ordenantza, larrialdi sozialetarako laguntzak arautzen dituena

1.–Xedea eta helburua.

Ordenantza honen xedea da gizarte zerbitzuen arloetako diru-laguntzak emateko prozedura garatzea, banakako ebaluazio araubidean.

Zuzeneko diru-saritzat hartuko dira larrialdi sozialean dauden pertsonei eta/edo familiei ematen zaizkienak.

Diru-laguntza zuzenak puntual eta subsidiarioak dira, eta ez dira aldian behingoak eta bai aldiz borondatearen araberakoak; bizirauteko oinarrizko beharrak estaltzeko xedea dute, betiere bestelako diru-laguntzek edo zerbitzuek ez badituzte asetzen, eta gutxieneko errentengatik jasotzen direnekin bateragarriak dira.

“Bizikidetasun-unitateak” dira ondokoek osatzen dituztenak: ezkontideak, bikote iraunkorrak edo antzeko harreman afektiboak dituztenak, baita haien seme-alabak eta bigarren mailako odolkideak eta lehen mailako ezkontza-ahaideak ere, etxebizitza berean bizi badira.

Ekonomiaren aldetik eta/edo gizarte edo osasunaren aldetik gabezia frogatuak izanda, gizarteratzeko oinarrizko beharrak estaltzeko zailtasunak dituzten pertsonak eta/edo familiei diruz laguntzea da oinarri hauen xedea, betiere Etxarri Aranatz aldeko udalerrietakoak badira (Lakuntza, Arbizu, Lizarragabengoa, Etxarri Aranatz, Lizarraga, Unanu, Dorrao, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain). Horretarako, diru-sarien bidez babesa emateko bitartekoak sortuko dira, bateragarriak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak ematen dituen programen jardun profesionalekin. Horren bidez, krisi-egoeretan esku hartzen ahal da, inguruabar horiek okerragora egin ez dezaten edo kroniko bilaka ez daitezen.Izaera berezia izango dute, ez baitira aldian behingoak baizik eta subsidiarioak beste sari batzuen aldera.

Laguntza horien xedea da:

–Udalak gizartearen alde egiteko ardura duenez, halako tresna berezi bat eskaintzea, zertarako eta arintzeko pobrezia endemikoa nahiz mementokoa jasaten dutenen egoera, bai eta haien kabuz baliatzeko gaitasun gutxi dutenena ere, gainerako gizarte sarien osagarri gisara erabil dadin.

–Deserrotzea edo gizarte-baztertzea eragin edo larriagotzen ahal duten egoerak arintzea.

–Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak gizarteratzeko taxuturiko prozesuetan jarduteko baliabide profesionala eta sostengua izatea.

2.–Eskabideak aurkezteko tokia eta epea.

Interesa dutenek eskaera aurkeztu beharko du, eskabide sinatu baten bidez, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean. 4. artikuluan aipatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da eskaerarekin batean.

Eskabideak aurkezteko epea urte osoan egongo da zabalik.

Zuzeneko diru-sariak jaso ahal izateko, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen profesionalek ezagutu eta baloratu behar dute kasua, eta hemen azaltzen diren kasuen artean sailkatu.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean laguntza jasotzeko kasua hartzen duen profesionalak Mankomunitateko Burutzari igorriko dizkio bai dagokion gizarte txostena, laguntzaren beharra frogatzen duena, baita laguntza onetsi edo ukatzeko proposamena ere. Eskatzailea entitateren batekin zorretan badago, entitate horren izenean egingo den ordainketa helbideratua aurkeztuko da espedientearekin batera.

3.–Baldintzak.

Ondoko baldintzak betetzen dituzten norbanakoek edo bizikidetasun-unitateek eskatzen ahalko dute saria:

1. Lakuntza, Arbizu, Lizarragabengoa, Etxarri Aranatz, Unanu, Dorrao, Bakaiku, Iturmendi edo Urdiaingo bizilaguna izatea eta udalerri horietako batean erroldatuta egotea, gutxienez ere urtebeteko antzinatasunarekin. Gizarte txosten batean interesatua premia gorriko egoeran dagoela egiaztatzen bada, baldintza hori betetzetik salbuetsi daiteke. Kasu horretan, ezinbestekoa izango da udalerri horietako batean erroldaturik egotea eskaera egiten den momentuan.

2. Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen erabiltzaileak izatea, eta esku-hartze sozialeko prozesu baten barnean egotea.

3. Ez izatea egoera horri aurre egiteko nahikoa baliabide propio eta gizartearen edo familiaren laguntzarik.

4. Nafarroako Gobernuaren laguntza berezien hartzaileak ez izatea.

Halakoak badira, Administrazioaren beste esparruetan eskatu beharko dituzte kontzeptu berberetarako dauden laguntzak/baliabideak.

5. Ezinbestean eta nahi gabe ezbeharren bat pairatu izana. Hala nola:

–Banantzeak eta familiako etxea utzi behar izatea.

–Saria eskatzearen xede nagusia ez diren aparteko gastu frogatuak edo eritasunak direla eta, alternatiba baten zain egotea.

–Ekonomia egonkorretan aurreikusi gabeko krisi ekonomikoak: banantzeak, eritasunak, aparteko egoerek sortutako zor frogatuak.

6. Udalarekiko eginbehar guztiak eguneratuak izatea, izan horiek tributu arlokoak nahiz bestelakoak. Bestela, eskatuko zaio ordaintzeko konpromisoa har dezala.

Aipatu baldintzak betetzen direla frogatuko da 4. oinarrian zehazten den dokumentazioa aurkeztuta.

Ez da beharrezkoa izango Mankomunitatearen esku dauden alderdiak agiri bidez egiaztatzea.

Salbuespenez eta kasua hartu duen Mankomunitatearen profesionalak txosten baloratua eman ondoren, premia gorriko egoera batean kontuan hartzen ahalko dira oinarri hauetan bildutako baldintza bat edo batzuk betetzen ez dituzten espedienteak, non ez den Mankomunitatea osatzen duten herrietan erroldatua izatearena.

4.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

Eskabideei agiri hauek erantsiko zaizkie:

a) Eskabide betea, Mankomunitateak emanen duen eredu normalizatuarekin bat.

b) NANa / pasaportea edo lan baimena / eskatzailearen bizitokia eta, hala balegokio, haren izenean diharduen ordezkariarena.

c) Eskatu aurreko 6 hilabetean bizikidetasun unitateak izan dituen diru-sarrera guztien (nominak, pentsioak, sariak etab.) eta etxebizitzaren gastuen frogagarria. Etxeko langile izanez gero, kontratugileen frogagiria aurkeztuko da jasotako diru-sarreren inguruan.

d) Erantzukizuneko aitorpena, eskatzaileak oinarri hauetako baldintzak betetzen dituela adierazteko.

e) Laguntza emateko beharrezkoak diren eta egoera sozio-sanitarioa eta/edo ekonomikoa egiaztatzen duten beste agiri interesgarri batzuk.

Eskatzen diren dokumentuak Mankomunitateak jada baditu, erantzukizuneko aitorpena emanen da haien ordez. Aitorpen horretan adieraziko da zer egunetan eta zer programatan aurkeztu ziren edo zeinek eman zituen edo non dauden. Baldintza da haien prozedura bukatu ondoren ez direla bortz urte baino gehiago iragan behar.

Aurrekoan xedatutakoa alde batera utzita, Mankomunitateak ezin badu agiriren bat eskuratu, eskatzaileari eskatzen ahalko dio hura aurkezteko edo, bestela, agiriak aipatzen dituen betekizunak beste bide batzuk erabiliz egiaztatzeko, betiere onetsi edo ukatzeko proposamena egin baino lehen. (Ezinezkoa denean zenbait egoera frogatzea berariazko dokumentazioa aurkeztuz, eskatzailearen erantzukizuneko aitorpenaren bidez ordeztuko da).

5.–Diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak:

Diru-laguntza jasotzen ahalko dute diruz laguntzen den jardueraren ezaugarriekin bat datozen gastuak. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Eskatzailearen mantenuarekin, teilatupearekin eta ohiko etxebizitzari eustearekin ikustekoa duten egoerak hartuko dira kontuan, ondoan deskribatzen diren baldintzetan.

Adingabeen hezkuntzatik eratorritako gastuak, baldin eta horiek ordaintzeko beste laguntzarik ez badago, eta zerbitzu hori doan eskaintzen duen erakunderik ez badago. Saria jasotzea justifikatzen duen teknikarien aldeko txostena beharko da.

Diru-laguntza hauek jasotzen dituzten familiak horietaz baliatzen ahal dira urte natural batez, aurrekontuan horretarako kontsignaziorik dagoen bitartean. Kontzeptu guztiengatik gehienez 750 euro jasoko dituzte.

Salbuespenez eta kasua hartu duen profesionalak txosten baloratua eman ondoren, zenbateko hori handitzeko aukera aztertu ahalko da, baldin eta horretarako dirurik badago.

5.1. Mantenua.

Diru-saria, xedea duena familia unitateko kideek egunero jateko, janzteko eta oinarrizko zaintzak izateko premiak berdintzea.

Kontzeptu horrengatik gehienez ematen den diru-saria ondoko laukian ezartzen da, gehienez ere bi hilabetez:

BIZIKIDETASUN UNITATEA

EUROAK HILEAN

Kide 1eko familia unitatea

180 euro

2 kideko familia unitatea

225 euro

3 kideko familia unitatea

265 euro

4 kideko familia unitatea

300 euro

5 lagun edo gehiagoko unitatea

335 euro

5.2. Teilatupea.

Honako hauek dira diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak (betiere Nafarroako Gobernuari ezin bazaio eskatu Gobernuak berak bere laguntzetarako ezarririk indarra duten irizpideen arabera edo dagoeneko eskatu badira):

–Etxebizitzaren alokairua, etxebizitzaren hipoteka-mailegua ordaintzea edo partekatutako etxebizitzan gela ordaintzea behin-behineko egoera denean, betiere eskatzailearen benetako eta ohiko bizilekua bada.

–Etxebizitza berri baterako alokairu kontratua, eskatzailearen benetako eta ohiko bizilekua bada, hasierako ordainketa apartekoa dakarrenean eta diru baliabide aski badu etxebizitzaren ohiko ordainketari aurre egiteko.

Kontzeptu honengatik gehienez 500 euro emango dira urtean, eta laguntza eman daiteke bi edo hiru hilekorako. Etxebizitza partekatuan gela ordaintzeko kasurako, aldiz, 250 euro urtean gehienez.

Iragarkiaren kodea: L1708640