147. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

63/2017 FORU AGINDUA, ekainaren 16koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Administrazioak unibertsitateaz kanpoko irakasleen Segurtasun eta Osasun Batzordean izanen dituen ordezkariak izendatzen dituena.

Laneko arriskuei aurrea hartzeko araudia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparrura egokitzen duen apirilaren 20ko 135/1998 Foru Dekretuaren 9.7. artikuluak ezartzen du, zeina abenduaren 15eko 121/2208 Foru Dekretuaren artikulu bakarrak laugarren atalean aldatu baitzuen, ezen honako hauek osatuko dutela Hezkuntza Departamentuko Segurtasun eta Osasun Batzordea: esparru horretan izendatutako prebentzio ordezkariek (Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetakoak barne) eta Hezkuntza Departamentuaren eta haren organismo autonomoen beste hainbat ordezkarik, Hezkuntzako kontseilariak izendatuak.

Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Legearen 16. artikuluak xedatzen du laneko arriskuen prebentzioa enpresaren sistema orokorrean txertatuko dela, bai bere jarduera guztietan, bai enpresaren maila hierarkiko guztietan, laneko arriskuen prebentziorako plan bat ezarriz eta aplikatuz.

Horrenbestez, kontuan izanda urtarrilaren 11ko 5/2017 Foru Dekretuak Hezkuntza Departamentuaren egitura organiko berri bat ezarri duela, egokitzat jotzen da Hezkuntza Departamenduko Segurtasun eta Osasun Batzordea osatuko duten hamabost ordezkariak izendatzea.

Egokitzat jotzen da izendatzea, halaber, Hezkuntza Departamentuko zein ordezkari izanen den Laneko Segurtasuna eta Osasuna Koordinatzeko Batzordeko kide.

Adierazitakoarekin bat, apirilaren 20ko 135/1998 Foru Dekretuaren 9.7 artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Administrazioak honako ordezkari hauek izanen ditu unibertsitateaz kanpoko irakasleen Segurtasun eta Osasun Batzordean:

–Hezkuntzako zuzendari nagusia.

–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia.

–Idazkari tekniko nagusia.

–Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendaria.

–Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren, Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria.

–Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria.

–Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuko zuzendaria.

–Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria.

–Unibertsitateen Ataleko burua.

–Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzuko zuzendaria.

–Hezkuntza Departamentuko Egoitzen eta Ikastetxeen Mantentze-lanetarako Ataleko burua.

–Bizikidetza Ataleko burua.

2. Laneko Segurtasun eta Osasun Batzorde Koordinatzailean Hezkuntza Departamentuak izanen duen ordezkaria Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendari nagusia izanen da.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru Agindu hau Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari eta pertsona interesdunei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko ekainaren 16an.–Hezkuntzako kontseilaria, María Solana Arana.

Iragarkiaren kodea: F1707557