147. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARGUEDAS

2017ko lan egutegia, Udalaren zerbitzuko langileendako

Arguedasko alkate Fernando Mendoza Rodríguezek, 2017ko ekainaren 12ko Ebazpenaren bidez, honako hau erabaki zuen:

Kontuan harturik abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan xedatutakoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina; eta martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 34.6 artikulua, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duena, zeinak ezartzen baitu enpresak urtero prestatu behar duela lan egutegia.

Kontuan harturik abenduaren 27ko 624/1999 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren aplikazio eremuan sartzen diren Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen lanaldiaren urteko lanordu kopurua ezartzen duena, eta ekainaren 17ko 746/2016 Ebazpena, Politika Ekonomikoa eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2017ko jaiegunen egutegi ofiziala ezartzen duena. Kontuan harturik, orobat, urtarrilaren 20ko 161/2017 Ebazpena, 2017rako Arguedasko herriko jaiegunari dagokiona.

Kontuan harturik Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.h) artikuluak eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 84.1 artikuluak ematen didaten eskumena.

Funtzionarioei aplikatuko zaie Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua, otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuak onetsia, eta hura ordezten edo garatzen duen araudia.

Lan-araubideko langileek, egindako kontratuari aplikatzen zaion hitzarmenaren zehaztapenei jarraituko diete.

Kontuan harturik lan egutegiaren gaineko eskaera, José Ramón Domínguez Brontek 2017ko ekainean aurkeztua, langileen ordezkari gisa eta Arguedasko Udalaren zerbitzuko langileak ordezkatuz.

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea Arguedasko Udalaren zerbitzuko langileek 2017an izanen duten aste barreneko jaiegunen egutegia, honen ondotik ematen den bezala:

–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

–Apirilaren 13a: Ostegun Santua.

–Apirilaren 14a: Ostiral Santua.

–Apirilaren 17a: Pazko biharamuna.

–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

–Uztailaren 25a: Santiago eguna.

–Abuztuaren 15a: Abuztuko Ama Birjina.

–Urriaren 12a: Espainiaren Jai Nazionala.

–Azaroaren 1a: Domu Santu.

–Abenduaren 4a: San Frantzisko Xabierkoaren ondoko astelehena.

–Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.

–Abenduaren 8a: Andre Maria Sortzez Garbia.

–Abenduaren 25a: Eguberri.

Gainera, funtzionarioendako eta bitarteko langileendako jaiegunak izanen dira abuztuaren 7a, 8a eta 9a, herriko jaiengatik.

Bigarrena.–Aparteko orduak ordaintzeko jaieguneko ordutzat hartuko dira lan egiten direnak igandeetan, Nafarroako Gobernuak izendatutako jaiegunetan, lehen atalean aipatzen baitira, eta egutegia arautzeko ezarri diren egunetan, bigarren atalean aipatzen baitira.

Aparteko orduak egiten dituzten langileek hilabeteko gaztigu-orri batean jaso beharko dituzte, alkate udalburuak onetsita, horien ordaina bil dezaten, dela diruz dela denboraz. Egun horietan Alkatetzak zehazten dituen udal zerbitzuetan egiten diren zerbitzuak, konpentsatuko dira abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 51. artikuluan eta hura garatzeko erregelamenduan zehazten den arabera.

Hirugarrena.–Lanaldiaren urteko egiazko lanordu kopurua 1.592 da, abenduaren 23ko 268/2015 Foru Aginduari jarraikiz. Alkatetzak finkatuko du enplegatuen lanaldia nola banatu, zerbitzuaren beharrak ikusita; betiere, urteko lanorduen kopurua bete beharko da.

a) Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, orokorrean, 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da.

b) Bulegoetako langileek eta udal agenteak goizez beteko dute lanaldia, 7:40an hasita.

c) Brigadako eta ur zerbitzuko langileek goizez beteko dute lanaldia:

–Maiatzaren 15etik abuztuaren 31ra bitarte, 6:30ean hasiko dira.

–Urtearen gainerako aldian, 7:40an hasiko dira.

Laugarrena.–Lan egutegi hau aldatzen ahalko da zerbitzuaren beharren arabera, langilearen baldintzen gainean gaur egun indarra duen araudiari jarraikiz.

Bosgarrena.–Oporrak Alkatetzak emanen ditu, horretarako organo eskuduna baita. Ebazpen hau onetsi ondorengo hilabetean zehar langileek adierazi beharko dute zein egun hautatzen dituzten oporretarako, zerbitzuak behar bezala koordinatu eta antolatu ahal izateko.

Administrazio honetako zerbitzuen beharrak direla eta, horien funtzionamendua egokia izan dadin, urteko oporrak disfrutatzeari dagokionez, Administrazio alorreko langileak eta Ekonomia alorreko langileak ezin izanen dira aldi berean oporretan egon. Udal idazkaria eta administraria Administrazio alorrari atxikitzat hartzen dira; eta kontu-hartzailea eta diruzaina, berriz, Ekonomia alorrari.

Norberaren kontuengatik baimen ordainduko egunak hartzeko (gehienez ere 3 egun urtean), langileek egun bat lehenago eginen dute eskaria, eta halako baimenak ezin zaizkie oporrei lotu.

Seigarrena.–Puntualtasun falta, lanaldiaren hasieran nahiz bukaeran izan, baita lanaldiaren parte bat nork bere aferetarako baliatzea, behar bezala baimendurik betiere, hautara berdintzen ahalko du langileak, zerbitzuak eginez lanaldian baliaturiko bezainbateko denboran; edo, lansaritik denboraren heineko zenbatekoak kenduz enplegatuari. Modu berean jokatzen ahalko da lanaldiko egiazko denbora murrizketa horiek baimenik gabekoak direnean, Diziplinaren Araubideari buruzko Erregelamenduko arlo horretako zehaztapenak aplikatuta betiere.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea langileen ordezkariari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Arguedasko Herriko Etxeko iragarki oholean argitaratzea, eta horren berri ematea Udalbatzari, egiten duen lehen osoko bilkuran.

Aditzera ematen dut, jakin dadin eta ondorioak izan ditzan. Halaber, ohartarazten dut ebazpen honen kontra errekurtso hauetako bat jar daitekeela, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina, edo bestela.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik aitzina.

Arguedasen, 2017ko ekainaren 13an.–Alkatea, Fernando Mendoza Rodríguez.

Iragarkiaren kodea: L1707264