146. ALDIZKARIA - 2017ko uztailaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

829/2017 EBAZPENA, uztailaren 14koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezarri eta 2017ko deialdia onesten duena Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzeko entitateek kalitatea bermatzeko jarduerak egin ditzaten. Laguntzak “de minimis” araubidearen babesean emanen dira.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren azaroaren 21eko 1151/2012 (EB) Erregelamenduak, nekazaritzako eta elikadurarako produktuen kalitate araubideei buruzkoak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren urtarrilaren 15eko 110/2008 Erregelamenduak (EE), edari espiritutsuen adierazpen geografikoaren definizio, izendapen, aurkezpen, etiketatze eta babesari buruzkoak, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduak, nekazaritzako produktuen merkatu antolakunde bateratua sortzen duenak, esparru juridikoa ezartzen dute borondatezko etiketatze mota berrientzat eta jabetza intelektualaren ohiko eskubideentzat, zeinek kalitatea lotzen baitute produktuen jatorri geografikoarekin, JDB eta AGB BTB figuren bidez.

Halaber, jatorri deitura babestuei, adierazle geografiko babestuei eta Europar Batasunaren jatorrizko produktuak izendatzen dituzten espezialitate tradizional bermatuei dagokienez, kontrol erakunde batek edo gehiagok egiazta dezakete produktua merkaturatu baino lehen baldintza agiria betetzen dela. Kontrol erakunde horiek Europako EN 45011 arauaren edo ISO/CEI 65 gidaren arabera egiaztatuta egon beharko dute; azken gida hori UNE-EN ISO/IEC 17065:2012 arauak ordeztu du. Baldintza agiria betetzen dela egiaztatzeak eragiten dituen kostuak kontrol horien mende dauden operadoreek ordaintzen ahalko dituzte, eta estatu kideek ere kostu horiek ordaintzen laguntzen ahalko dute.

Nafarroan, nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren sustapena Batasuneko esparru juridikoan onartutako figuren babesa duten kalitateko ekoizpenei bideratuta dago bereziki, eta zuzenean bultzatzen ditu ekoizpen sektore primarioa, nekazaritzako industriaren sektorea eta elikaduraren merkataritzaren azpisektorea, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kate osoari behar duen sendotasuna emanez, horrela ziurtatzeko ekoizpen ahalmena mantendu eta garatzen dela, lanpostuak indartu eta sortzen direla, eta Nafarroako Foru Komunitateko BPGa eratzen laguntzen duela.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Landa Garapeneko Programaren esparruan, laguntza lerroak ezarri ditu kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateentzat, entitate horiek barne merkatuan egiten dituzten informazio eta sustapen ekintzetarako.

Kontuan hartuta Nafarroako kalitate bereiziko ekoizpenek foruko nekazaritzako elikagaien sektorearen, lehen mailako ekoizleen, nekazaritzako industriaren sektorearen eta elikaduraren merkataritzaren azpisektorearen gainean eragiten duten ondorioa, beharrezkotzat jotzen da Nafarroako Gobernuaren babesa handitzea kalitate bereiziko figuren kontrol eta ziurtapen jardueretarako laguntzen bidez. Ondorio horietarako, 2017ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan partida bat dago kalitateko ekoizpenen kontrol eta ziurtapen jarduerak finantzatzeko.

Kalitate figurak kudeatzeko entitateek zenbait jarduera gauzatzen dituzte; jarduera horien helburua ekoizleek baldintza agirietan xedatutakoa betetzen dutela bermatzea da, bai kontrolak zuzenean gauzatuta bai baimendutako kontrol erakundeak kontratatuta horiek egiteko. Jarduera horiek gauzatzeko, laguntza horiek 2017an jasotzea aurreikusi dute, 2017ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako jasotako partidaren arabera.

Jatorri deitura babestuen, adierazle geografiko babestuen eta Europar Batasunaren jatorrizko produktuak izendatzen dituzten espezialitate tradizional bermatuen balio erantsia kontsumitzailearen konfiantzan datza. Balio erantsi hori bakarrik da sinesgarria, baldin eta horrekin batera ziurtapen eta kontrol sistema eraginkorra agertzen bada.

Laguntza honek “de minimis” izaera du, eta Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren aplikazio eremuan sartzen da. Erregelamendu horrek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko modua arautzen du, eta Europar Batasunaren 2013ko abenduaren 24ko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Ebazpen honek laguntzen oinarri arautzaileak ezartzen ditu, eta 2017ko deialdia onesten du Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzeko entitateentzat, kalitateko ekoizpenen kontrol eta ziurtapen jarduerak egin ditzaten.

Badago interes publiko, sozial eta ekonomikoa diru-laguntza horiek emateko orduan, nekazaritzako elikagaien kalitate figurak Foru Komunitateko titulartasuneko jabari publikoko ondasuntzat jotzen baitira. Interes hori oinarri hartuta, beharrezkotzat jotzen da norgehiagokako araubidean emandako diru-laguntzen baztertze propioa saihestea baremazio sistemen bidez; horrek laguntzak hainbanaketa bidez murriztea justifikatzen du, baldin eta eskaerek erabilgarri dagoen aurrekontua gainditzen baldin badute.

Ikusita Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko zuzendariaren aldeko txostena eta aurtengo ekitaldirako aurrekontuan diru erabilgarria dagoela.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta 2017ko deialdia onestea, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzeko entitateentzat. Laguntza horiek “de minimis” araubidearen babesean emanen dira.

2. 328.500 euroko gastua baimentzea 2017ko ekitaldirako, 2017ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Laguntzak, kalitateko ekoizpenen kontrol eta ziurtapen jardueretarako” izeneko 720003 71620 4701 413103 partidaren kargura.

3. Hamaikagarren oinarrian ezarritakoaren arabera, konturako ordainketa baten bidez egiten ahalko da pagamendua, diru-laguntzaren %100 sartuta, edo ordainketa bakarrean, betiere egindako jardueren ondoriozko gastu eta ordainketa guztiak frogatzen dituen dokumentazioa eta eskatzen ahal zaion gainerako dokumentazioa aurkeztu ondoren.

4. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenerako eredua, ebazpen honen II. eranskinean jasotzen dena, onestea.

5. Ebazpen hau Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean erregistratu beharko da.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2017ko uztailaren 14an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzeko entitateentzako laguntzak emateko oinarri arautzaileak, kalitatea bermatzeko jarduerak egin ditzaten. Laguntzak “de minimis” araubidearen babesean emanen dira

Lehen oinarria.–Laguntzaren xedea, aplikazio eremua eta onura publikoa.

1. Oinarri arautzaile hauen xedea Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzeko entitateei ematen ahal zaien laguntza finantzarioaren esparrua definitzea da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren azaroaren 21eko 1151/2012 (EB) Erregelamenduan, nekazaritzako eta elikadurarako produktuen kalitate araubideei buruzkoan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren urtarrilaren 15eko 110/2008 Erregelamenduan (EE), edari espiritutsuen adierazpen geografikoei buruzkoan, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduan, mahastizaintza eta ardogintzako produktuen jatorri deitura babestuei eta adierazpen geografiko babestuei buruzkoan, ezartzen diren derrigorrezko kontrol neurriak egiteagatik.

2. Batasuneko esparru juridikoan onartutako figuren babesa duten kalitateko ekoizpenek zuzenean bultzatzen dituzte ekoizpen sektore primarioa, nekazaritzako industriaren sektorea eta elikaduraren merkataritzaren azpisektorea, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kate osoari behar duen sendotasuna emanez, horrela ziurtatzeko ekoizpen ahalmena mantendu eta garatzen dela, lanpostuak indartu eta sortzen direla, eta Nafarroako Foru Komunitateko BPGa eratzen laguntzen duela.

Jatorri deiturak jabari publikoko ondasunak dira, eta Europar Batasuneko estatu kideetako agintaritza eskudunek horien kontrol ofiziala bermatu behar dute.

3. Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren xedean, definizioan eta aplikazio eremuan sartzen dira laguntzak. Erregelamendu horrek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko modua arautzen du (L 352 AO, 2013ko abenduaren 24koa).

Bigarren oinarria.–Onuradunak eta baldintzak.

1. Laguntza honen onuradun izanen dira Nafarroako jatorri deitura babestuak eta adierazpen geografiko babestuak kudeatzeko entitateak, baldintza agiriak betetzeari lotutako kontrol eta ziurtapen jarduerak gauzatzen badituzte beren kabuz, baimendutako kontrol erakundeak diren aldetik, edo baimendutako kanpoko kontrol erakundeak kontratatzen badituzte jarduera horietarako.

2. 2017rako urteko aurrekontua 2,5 milioi eurotik beherakoa duten kudeaketa entitateek baino ezin izanen dute laguntza lortu.

Hirugarren oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Diruz lagungarriak izanen dira kudeaketa entitateek baldintza agiriak betetzen direla egiaztatze aldera kanpoko zerbitzu profesionalak kontratatzeko egiten dituzten gastuak, lehen oinarriko 1. puntuak aipatzen dituen Batasunaren arauen arabera, baita Arautzeko Kontseiluko Idazkaritza Teknikoari eta 2017ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartean egindako erregistroak mantentzeari dagozkienak ere.

2. Garatu beharreko jarduerak laguntzaren eskaera aurkeztu baino lehen sinatzen den kontratu batean adierazi beharko dira.

3. Kontrol eta ziurtapen organo eskuordetuek Europako UNE-EN ISO/IEC 17065:2012 arauaren arabera akreditatuta edo akreditatzeko prozesuan egon beharko dute, arlo horretako esparru juridikoa zehazten duen Europako araudiak eskatzen duen bezala.

4. Gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa denean, onuradunak, hiru eskaintzatan oinarrituta, hornitzailea eragimenaren eta ekonomiaren irizpidearen arabera hautatu duela frogatu beharko du; bestela, zergatik ezin diren irizpide horiek aplikatu.

5. Ez dira diru-laguntzen xede eta, hortaz, ezin dira aukeratu, balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) eta beste zergak, salbu eta balio erantsiaren gaineko zerga berreskuratu ezin duten onuradunentzat, foru araudiarekin bat. Horri dagokionez, entitate eskatzaileek salbuespen horri heltzeko asmoa dutela adierazi behar dute laguntzaren eskaeran, bai eta baldintza hori betetzetik salbuetsiak izanaren justifikazioa aurkeztu ere.

Laugarren oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Kudeaketa entitate bakoitzari aplikatu beharreko laguntzaren zenbatekoa honako bi zenbateko hauen arteko aldea izanen da: gastu diruz lagungarrietarako aurreikusten den aldirako hirugarrenei kontratatzen zaizkien jardueren kostu osoa ken, laguntzaren eskaera aurkeztu baino lehen kudeaketa entitateak bere gain hartutako konpromisoari jarraikiz, ordainduko omen den zenbatekoa.

2. Onuradun bakoitzari, gehienez ere, 66.000 euro emanen zaio urtean. Beste autonomia erkidego batzuetan ere ezarrita dauden kalitate figuren kasuan, muga hori gutxituko da, Nafarroan ziurtatutako produktuak kasuan kasuko kalitate figura osoarekin alderatuta daukan pisuaren edo bolumenaren arabera. Horretarako, deialdia argitaratzen denean bukatu den azken kanpainako datuak hartuko dira aintzat.

3. Enpresa bakar bati emandako “de minimis” laguntzaren guztirakoa 200.000 eurokoa izanen da, gehienez ere, hiru zergaldiko edozein alditan. Hala bada, indarrean dagoen deialdian ordaindu beharreko laguntzak muga hori izanen du.

Bosgarren oinarria.–Diru-laguntza emateko modua.

1.–Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2.–Hauek dira eskaerak lehenesteko irizpideak:

1. Kalitate figurak kudeatzeko entitateak, esparru geografikoa Nafarroan osorik dutenak.

2. Kalitate figurak kudeatzeko entitateak, ziurtatutako ekoizpenaren %50 baino gehiago Nafarroan sortu dutenak.

3. Kalitate figurak kudeatzeko entitateak, ziurtatutako ekoizpenaren %25 eta %50 artekoa Nafarroan sortu dutenak.

4. Gainerako entitateak.

3.–Eskaerak aurreko puntuaren arabera ordenatu ondoren, aurrekontua banatuko da; lehendabizi, lehentasunezko 1. taldeko eskaeren artean, eta gero hurrengo taldekoen artean.

4.–Aurrekontua talde bateko eskaera guztiak finantzatzeko aski ez bada, jaso beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira, laugarren oinarriko 1. eta 2. puntuetan ezarri den aplikatu beharreko laguntzaren zenbatekoaren proportzioan.

Seigarren oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

1. Kudeaketa entitateek laguntzaren eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera zenbatuta.

2. Eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari zuzenduko zaizkio eta Departamentuko Erregistroan aurkezten ahalko dira. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako tokietan aurkezten ahalko dira. Telematika bidez ere aurkezten ahalko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoaren bidez.

3. Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Erregistroan eta Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarikoko zerbitzuen katalogoan (www.nafarroa.eus) eskuratzen ahal da. Harekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Kontratatutako zerbitzuaren emailearekin formalizatutako kontratuaren kopia; kontratu horretan honako kontzeptu hauen kostu osoen aurrekontua agertuko da: ekitaldiko kontrola eta ziurtapena, idazkaritza teknikoa eta erregistroen kudeaketa, baita kudeaketa entitateak, bere gain hartutako konpromisoari jarraikiz, horien truke ordainduko duen zenbatekoa ere.

b) Kontrol eta ziurtapen erakunde eskuordetua Europako UNE-EN ISO/IEC 17065:2012 arauaren arabera akreditatuta edo akreditatzeko prozesuan dagoela dioen ziurtagiria. Azken kasu horretan, dagokion baldintza agirirako akreditazio eskaeraren benetako kopia edo agiri baliokidea aurkeztu beharko da; akreditazio erakunde nazionalak eskaera onartu, eta espediente zenbakia esleitu beharko dio.

c) Baimena, Administrazioak zerga arloko betebeharren egoera eta Gizarte Segurantzarekikoena egiazta ditzan, eta/edo horiek betetzeari buruzko ziurtagiria.

d) Adierazpena, idatziz edo euskarri elektronikoan egina, aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unean uneko ekitaldi fiskalean erregelamendu honi edo “de minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiei buruzkoa.

e) Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeari buruzko adierazpena.

f) Beste autonomia erkidego batzuetan ere ezarrita dauden kalitate figuren kasuan, erabilgarri dagoen azken kanpainan Nafarroan ziurtatutako produktuak kasuan kasuko kalitate figura osoarekin alderatuta daukan pisuari edo bolumenari buruz egindako ziurtagiria.

4. Onuradunak nahi badu laguntza zerbitzuak ematen dituen entitateari zuzenean ordaintzea, berariaz adierazi beharko du. Inguruabar horrek zerbitzuaren emailearekin formalizatutako kontratuan jasota egon beharko du.

Zazpigarren oinarria.–Ebaluazio organoa.

Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.

Zortzigarren oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, seigarren oinarrian aipatzen den dokumentazio guztia aurkeztu ote den egiaztatuko da. Agiri guztiak ez badaude, gehienez ere hamar egun naturaleko epean osatu ditzala eskatuko zaio eskatzaileari, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela. Halaxe jakinaraziko zaio.

2. Agiri guztiak bildu ondoren, baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.

3. Eskabideak ebaluatu ondoren, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak diru-laguntza emateko ebazpena proposatuko du.

4. Laguntza eman baino lehen, enpresak aitorpen bat egin beharko du, idatziz edo euskarri elektronikoan, aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unean uneko ekitaldi fiskalean erregelamendu honi edo “de minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiei buruzkoa.

5. Araubide honen araberako laguntzak emanen dira, onuradun bati emandako laguntzen zenbateko osoak hiru zergaldiko edozein alditan ez duela gainditzen 200.000 euroko muga eta 1407/2013 EB Erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua) frogatu ondoren.

6. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzei buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.

7. Prozeduraren gainean ebazteko 30 egun izanen dira, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat jotzen ahalko da eskabidea, isiltasun administratiboaren ondorioz.

Bederatzigarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Ekintzak ebazpen honetan xedatzen denarekin bat gauzatzea eta bertan eta laguntza emateko ebazpenean aurreikusten diren konpromisoak betetzea.

2. Hartutako funtsak diru-laguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatuz.

3. Laguntza egoki eman dela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

4. Helburu bereko beste diru-laguntza publiko batzuk eskatu badira, haien berri ematea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari eta, jaso badira, haien berri ere bai.

5. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

6. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea hamar zergalditan, laguntza ematen den egunetik aurrera.

7. Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

Hamargarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak gardentasunari dagokionez.

1. Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitate onuradunek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

2. Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo aurrekontua, urtekoa, honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu gauzatua.

b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

3. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren lanaldi mota gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

4. Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

5. Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, betetzen ez badira onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamaikagarren oinarria.–Laguntzaren ordainketa.

1. Diru-laguntza %100 konturako ordainketa baten bidez sartuta ordaintzen ahalko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoaren arabera, diru-laguntzaren xedeak betetzeko funtsak hornitzea beharrezkoa dela justifikatuta. Horretarako, behar hori justifikatutzat joko da, diruz lagundu beharreko jardueraren diruzaintza-defizita eskatu den zenbatekoaren %75, gutxienez, bada.

2. Aurrerakina ordaintzeko eskaera ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean aurkezten ahalko da, eta, horrekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Itxitako azken ekitaldiko egoera-balantzea eta galdu-irabazien kontua.

b) Ekitaldiko gastu eta diru-sarreren aurrekontua.

c) Hileko kutxako fluxen aurreikuspena eta entitate osoaren diruzaintzako egoera-orria, baita ekitaldi osoko hileko kutxako fluxen aurreikuspenari buruzko beste agiri bat ere, diruzaintzak kontrol eta ziurtapen lanen inguruan izan duen bilakaera jasotzen duena.

d) Eskatutako laguntzaren zenbatekoa duen bankuko abala, 60.000 eurotik gorako aurrerakinak direnean.

3. Diruz lagundu beharreko jardueraren diruzaintza-defizita eskatu den zenbatekoaren %75 baino txikiagoa bada edo entitate onuradunak ordainketa aurreraturik eskatzen ez badu, diru-laguntza ordaintzeko eskaera aurkeztu beharko du abenduaren 1a baino lehen, honako dokumentazio honekin batera:

a) Memoria teknikoa, zerbitzu-emaileak egindako kontrol eta ziurtapen jarduketak, idazkaritza teknikoa eta erregistroen kudeaketa azaltzen dituena.

b) Laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unera arte guztira egin diren gastu hautagarrien frogagiriak.

c) Kontratatutako zerbitzua ematen duenari laguntza ordaintzeko eskatzen den egunera arte egindako jarduketak ordaindu dizkiola frogatzen duten agiriak. Onuradunak aukeratu badu kontratatutako zerbitzua ematen duenari pagatzea laguntza, kontratuan ezarritako jardueren zatia kudeaketa entitatearen kargura ordaintzen dela justifikatu beharko da.

d) Azkeneko ekitaldi itxian izandako urteko kontuak.

e) Ekitaldiko gastu eta diru-sarreren aurrekontuak.

4. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak eskatutako agiri guztiak ikuskatuko ditu, eta aurkezturiko gastuak, frogagirien balioa eta beste agirien askitasuna onetsiko ditu. Halaber, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatuari justifikazio-kontuaren dokumentazio osoa aurkeztuko dio, berak ikuska dezan.

5. Onuradunak ordainketa aurreratua aukeratzen badu, aurreko puntuan ezarritako egiaztapenak laguntzaren xede diren jarduketak amaitu ondoren eginen dira, eta, nolanahi ere, laguntzaren xede diren jarduerei dagokien urtearen hurrengoko lehen lauhilekoaren barnean. Ondorio horretarako, eskatzaileak oinarri honen 3. zenbakian aipatzen den dokumentazioa aurkeztuko du, hurrengo urteko martxoaren 31 baino lehen.

Ezin izanen zaie onuradunei ordainketa aurreraturik egin, baldin eta horiek beren borondatez konkurtso-egoeraren deklarazioa eskatu badute, prozeduraren batean kaudimengabetzat jo badituzte, konkurtso-egoeran badaude –bertan hitzarmen batek indarraldia hartu ezean–, kontu-hartze judizial baten pean badaude edo, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, desgaitutzat jo badituzte, konkurtso-egoera deklaratzeko epaian ezarritako desgaikuntza aldia bukatu gabe.

6. Espedientea ixtean egiaztatzen baldin bada zenbateko aurreratuak zehaztu den laguntza baino handiagoak direla, dirua itzultzeko espedientea tramitatuko da.

7. Nolanahi ere, zerbitzu honek frogagiri osagarriak eskatzen ahalko ditu, egoki baderitzo, aurkeztutako dokumentazioa zehazteko, argitzeko edo osatzeko, eta Administrazioaren datu-baseak kontsultatzen ahalko ditu, Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuta dituela egiaztatzeko.

Hamabigarren oinarria.–Garapena eta jarraipena.

Laguntzaren kontrolaren eta jarraipenaren ondorioetarako, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak bidezkotzat jotzen duen informazio osagarria eskatzen ahalko die onuradunei, laguntzaren xedeko jarduerei eta ekintzei dagokienez, entitateak eskatutako baldintzak ezarritako epeetan betetzen dituela egiaztatzeko eta dagozkien egiaztapenak egiteko.

Hamahirugarren oinarria.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza hauek ez dira metatuko Estatuko laguntzekin, gastu diruz lagungarri berberei dagokienez, ez eta arriskuaren finantzaketa-neurri berberaren Estatuko laguntzekin ere, baldin eta metaketa horrek laguntzaren gehieneko intentsitate edo zenbatekoa gainditzen badu, kasu zehatz bakoitzean kategorien arabera salbuesteko erregelamendu batek edo Europako Batzordeak hartutako erabaki batek finkatua.

Hamalaugarren oinarria.–Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

1. Kudeaketa entitateek diru-laguntza emateko baldintza eta konpromisoak betetzen ez badituzte, diru-laguntzak oso-osorik itzuli beharko dituzte, bai eta dagozkion berandutze-interesak ere, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

2. Aplikatu beharreko arau-hausteen eta zehapenen araubidea azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa izanen da.

Hamabosgarren oinarria.–Publiko egitea eta informazioa.

1. 2017ko ekitaldirako laguntzen deialdia onesten duen ebazpen honetan ezarriko laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, tramiteen katalogoan, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzeko entitateendako laguntzei dagokien fitxan, hain zuzen. Laguntzak “de minimis” araubidearen babesean emanen dira.

2. Informazio hori 10 urtez gordeko da, gutxienez, eta jendearen eskura egonen da, murrizketarik gabe, laguntza emateko erabakia hartu ondoren.

II. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1708688