145. ALDIZKARIA - 2017ko uztailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

46/2017 FORU AGINDUA, uztailaren 4koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, 2017-2018 ikasturtean Eskola-umeentzako Kirol Programan parte hartzen duten unibertsitatez kanpoko ikasketa arautuetako ikastetxe publiko eta pribatuei diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena, bai eta oinarri arautzaileak ere.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.14 artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari erabateko eskumena esleitzen dio kirola sustatzearen eta aisialdia egoki erabiltzearen arloetan.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak kirol politikaren helburuak aipatzen ditu 3.s artikuluan; besteak beste, oinarrizko kirola bultzatzea eskola mailetan, beste edozein kirol praktikaren aurretik, funtsezko gunetzat jotzen baita kirolak Nafarroan aurrera eginen badu maila guztietan.

Gauzak horrela, kirolari buruzko foru araudiak, 14. artikuluan, xedatzen du Foru Komunitateko kirol administrazioak, elkarlanean Foru Komunitateko hezkuntza administrazioarekin, toki erakundeekin, Nafarroako kirol erakundeekin eta beste erakunde publiko eta pribatuekin, eskola-umeentzako kirola bultzatzen duten programak sustatuko dituela. Programa horien jomuga izanen da hezkuntza integralaren, nortasunaren garapen orekatuaren, egoera fisikoaren eta osasun ohitura prebentiboen osagarri izatea. Halaber, hezkuntza behar bereziak dituzten eskola-umeen integrazioa sustatuko dute.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren Estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuak ezartzen du erakunde autonomo horri dagokiola Kirolari buruzko Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioari esleitzen dizkion eskumenak erabiltzea, betiere Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren goi mailako plangintzaren, zuzendaritzaren eta babesaren menpe.

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 30eko 326/2011 Ebazpenaren bidez, adingabeentzako kirolaren oinarrizko esparru autonomikoa onetsi zen, bi xede izanik; batetik, lanerako tresna izatea eskola-umeei zuzendutako jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko programen eragileentzat, eta bestetik, mekanismo babesgarri bat izatea, programa horietan parte hartzen duten adingabe guztientzat.

Kirolaren Zuzendariordetzari dagozkion eginkizunetariko bat kirol jarduera sustatzea da, laguntzak eta diru-laguntzak emanez. Orobat, Kirola Sustatzeko Atalak eginkizun hauek beteko ditu, besteak beste:

–Kirol jarduerak eta aisialdikoak sustatzea.

–Kirolaren balioak sustatzea.

–Eskola-umeen kirol jarduerak sustatu eta bultzatzea, bai eta kirola sustatzeko programak ere arreta berezia behar duten eta gizarte interesekoak diren giza taldeentzat.

Horiek helburu, eta Foru Komunitateko eskola-umeen kirol ibilbidean beste bide bat eratzearren, NKGIk 2017-2018 ikasturtean Eskola-umeentzako Kirol Programa garatzen jarraitu nahi du unibertsitatez kanpoko ikasketa arautuak ematen dituzten ikastetxe publikoetan eta pribatuetan.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak sustatu zuen ekimen hori, esperientzia pilotu baten bidez bultzatu zen 2008-2009 ikasturtean, eta 2009-2010, 2010-2011, 2011-2012, 2012-2013, 2015-2016 eta 2016-2017 ikasturteetan garatu, 2.000 eskola-umek baino gehiagok parte hartuta edizioetako bakoitzean.

Adierazi behar da urte anitzeko programa dela, ahalmeneko gastua duena, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren apirilaren 7ko 50/2017 Foru Aginduaren arabera. Horren bidez, Aurrekontuen eta Finantza Politikaren Zerbitzuak 2017an urte anitzeko espedienteak tramitatzean jarraitu beharreko irizpideak onesten dira. Foru agindu horretan 2018rako ezarritako proposamena errespetatzen da.

Horrenbestez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2017-2018 ikasturtean Eskola-umeentzako Kirol Programan parte hartzen duten unibertsitatez kanpoko ikasketa arautuetako ikastetxe publiko eta pribatuei diru-laguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jasotzen direnak, onestea, bai eta gainerako eranskinak ere.

3. Deialdi honi aurre egiteko, gehienez ere 94.500 (laurogeita hamalau mila eta bostehun) euroko gastua baimentzea. Dirua partida hauei egotziko zaie:

–23.625 euro, 2017ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Ikastetxeetako Kirol Proiektuetarako Diru-laguntza” izeneko A50002-A5110--4811-336100 partidaren kargura.

–70.875 euro, 2018ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura.

Laguntzak emateko eta ordaintzeko, kreditu egokia eta behar adinakoa izan beharko da 2017ko eta 2018ko ekitaldietako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Aipatu agiriak eta gainerako eranskinak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bulegoetan.

Iruñean, 2017ko uztailaren 4an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1.–Xedea.

2017-2018 ikasturtean Eskola-umeentzako Kirol Programan parte hartzen duten unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuetako ikastetxe publiko eta pribatuei diru-laguntzak emateko prozedura ezartzea dute xede oinarri arautzaile hauek.

Laguntza jaso ahal izateko, ekintzak baldintzei helduta eta programak dirauen bitartean egin behar dira, eta haien titularra ikastetxe eskatzaileak izan behar du.

2.–Deialdiaren helburua.

Diru-laguntzak 1. oinarrian jasotzen diren ekintzak egitean sortutako defizitak hein batean ordaintzeko erabiliko dira, baldin eta titularra ikastetxea bada eta ekintzak 2017-2018 ikasturtean zehar egiten badira.

3.–2017-2018 ikasturteko Eskola-umeentzako Kirol Programa: xedeak eta helburuak.

3.1. Eskola-ume nafarren jarduera fisikoak, jostetakoak eta aisiakoak bultzatzea du helburu programak, heziketaren osagaia nagusi izanik, ohitura har dezaten adinean gora egin ahala jarduera horiekin jarraitzeko; horrela, bizimodu osasungarria bultzatuko da eta umeen egoneko bizitza eta obesitatea, besteak beste, galaraziko dira.

3.2. Hauexek dira programaren helburuak:

3.2.1. Eskola-ordutegian (jolasgaraia) zein eskola orduetatik kanpo jarduera fisikoak, jostetakoak eta aisiakoak egiten dituzten nesken eta mutilen kopurua handitzea, ikastetxearen babesean, hura baita programa oinarritzeko ardatza.

3.2.2. Eskola-ume nafarrek jarduera fisikoan ematen duten ordu kopurua handitzea.

3.2.3. Eskola-umeentzako Kirol Programaren babesean egiten den jarduera fisikoa gizarteratzeko, ongi izateko eta jostetarako tresna bihurtzea, eta horrela lagungarri izatea pertsonaren prestakuntza eta hezkuntza integralerako eta nortasunaren garapenerako.

3.2.4. Kirolaren balioak sustatzea jarduera fisikoaren bidez eta kirola eginez, hala nola ahalegin pertsonala, taldeko lana, lankidetza, elkartasuna, tolerantzia, aurkariarekiko errespetua, joko garbia eta genero berdintasuna.

3.2.5. Generoa kontuan hartuta eskaintzea programaren ikuspegia, berdintasun baldintzak ezarrita neska-mutikoentzat, haien hazkunde pertsonala eta soziala onuragarria izan dadin osasunaren eta ongizatearen aldetik, bizimodu aktiboa, osasungarria eta autonomoa bultzatuz.

Deialdi honetara aurkezten diren kirol jarduera fisikoen programek Eskola-umeentzako Kirol Programaren xede eta helburu orokorrak bete beharko dituzte, aurreko puntuan ezarritakoaren arabera.

4.–Onuradunak.

4.1. Deialdi honetako diru-laguntza eskatzen ahalko dute unibertsitatez kanpoko ikasketa arautuak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatuek, baldin eta ikastetxeko kirol proiektu bat prest badute, Eskola-umeentzako Kirol Programa, deialdiaren xede, jasotzen duena.

4.2. Deialdi honetatik baztertuta daude Eskola-umeentzako Kirol Programa hauek:

a) Deialdi berariazkoago batzuen xede direnak edo haien parte direnak.

b) Eskatzen den gainerako dokumentazioarekin batera aurkezten den aurrekontuan inolako diru-sarrerarik aurreikusten ez dutenak, 8. oinarrian ezartzen denari jarraikiz.

c) I. eta II. eranskinetan ezarritako oinarrietakoren bat betetzen ez dutenak.

4.3. Ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako egoeraren batean dauden ikastetxeei.

5.–Deialdiaren diru kopurua eta laguntzen zenbatekoa.

5.1. Deialdiak, guztira, 94.500 euroko diru kopurua izanen du, honela banatuta:

–23.625 euro, 2017ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Ikastetxeetako Kirol Proiektuetarako Diru-laguntza” izeneko A50002-A5110-4811-336100 partidaren kargura.

–70.875 euro, 2018ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura.

5.2. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak programa bakoitzarentzat 4.000 euro bitarte bideratzen ahalko du, aurrekontuetan dagoen diru erabilgarriaren arabera. Ematen den diru-laguntza ezin da izan aurkezten den defizita baino handiagoa. Muga horiek kontuan harturik, ematen diren diru-laguntzak deialdi honen III. eranskinean azaltzen den baremoaren arabera finkatuko dira, eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren 2017ko eta 2018ko ekitaldietarako aurrekontuan horretarako kreditu aski egoteak baldintzatuko ditu.

5.3. Kasuan kasuko diru-laguntza kalkulatzeko, eskaerak guztira lortutako puntuazioa puntu baten balioarekin biderkatuko da, III. eranskinean agertzen den baremoa aplikatuz. Puntu baten balioa ateratzeko, eragiketa hau eginen da: guztira dagoen kreditu erabilgarria zati helburuak betetzen dituzten eskaera guztien guztirako puntuazioen batura.

6.–Parte hartzeko eskaerak.

Nafarroako unibertsitatez kanpoko ikasketa arautuak ematen dituzten ikastetxe publiko eta pribatuek aurkezten ahalko dute parte hartzeko eskaera.

7.–Aurkezteko epea eta tokia.

7.1. Diru-laguntza jasotzeko eskabideak, hasierako dokumentazioa eta frogagiriak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkeztuko dira (Arrieta kalea, 25, 31002 Iruña), baita Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan ere.

Eskaerak erregistro elektronikoaren bidez tramitatzeko, eskabidea eta eranskinak sinatzen dituen pertsonaren sinadura elektronikoa beharko da, baita kasuan kasuko entitatearen sinadura elektronikoa ere.

Amaitzeko, eskaerak postaz aurkez daitezke. Kasu horretan, interesdunak dagokion ziurtagiriaren bidez frogatu beharko du zein egunetan egin zuen igorpena posta bulegoan, eta, egun berean, diru-laguntza kudeatzen duen organoari iragarri beharko dio telefax, telex edo telegrama bidez proposamena igorri duela. Bi baldintza horiek bete ezean, dokumentazioa ez da onartuko, betiere eskaera aurkezteko ezarritako epetik kanpo jasotzen bada. Halaber, epea amaitu eta 10 egun natural iraganik dokumentaziorik jaso ez bada, ez da inola ere onartuko.

7.2. 2017-2018 ikasturteari dagokionez, diru-laguntzarako eskabideak eta hasierako dokumentazioa aurkezteko epea 2017ko urriaren 2an bukatuko da.

8.–Hasierako dokumentazioa.

Eskaerak ikastetxeko zuzendariak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzendutako eskabide baten bidez aurkeztuko dira, eskabide-orria (IV. eranskina) eta programaren inprimakia (V. eranskina) gehituta, bai eta hurrengo hasierako dokumentazioa ere:

A) Ikastetxeko Kirol Proiektua eta Eskola-umeentzako Kirol Programa, argi bereizitako bi dokumentutan, alderdi hauek jasotzen dituztela:

A.1. Ikastetxeko kirol proiektua: ikastetxeak eskola esparruan bultzatu eta garatzen dituen jarduera fisikoak eta kirolekoak jasoko dira bertan eta, beste batzuetan parte hartuz gero, haiek ere bai. Ez dira sartuko Gorputz Hezkuntzaren klaseetan programatu eta garatzen diren edukiak, ezta Eskola-umeentzako Kirol Programan sartutakoa ere.

A.2. Eskola-umeentzako Kirol Programa: diru-laguntzaren xedeko programa izanen da, II. eranskinean jasotako ezaugarrien arabera.

1.–Ikastetxearen datuak.

2.–Programaren titulua.

3.–Programaren ezaugarriak:

3.1.–Helburuak: III. eranskinean jasotako baremoaren arabera aipatuko dira atalak.

3.2.–Programa mota: II. eranskinaren arabera. 2. puntua.

3.3.–Edukiak: II. eranskinaren arabera. 3. puntua.

–Jardueren deskribapena.

–Jarduerak zer mailatara zuzentzen diren.

–Tenporalizazioa eta ordutegia.

3.4.–Metodologia eta antolaketa.

3.5.–Giza baliabideak:

Programa diseinatzen eta aurrera eramaten zuzenean parte hartzen duten Gorputz Hezkuntzako departamentuko langileen azalpena (titulua eta esperientzia).

–Programaren garatzen parte hartzen duten beste pertsona eta entitateak: ikastetxeko irakasleak, gurasoen elkartea, kirol elkarteak, kirol kudeaketako enpresak, udalerria edo toki entitatea, etab.

–Programaren jardueretako baten bat garatzeaz arduratzen diren eta Gorputz Hezkuntzako departamentukoak edo arlokoak ez diren langileen kasuan, haien titulazioa eta jarduerari lotutako esperientzia aurkeztu beharko dira.

3.6.–Kirol arloko material suntsigarria:

Programatutako jarduera guztiak garatzeko ikasturtean beharko den kirol arloko material suntsigarriaren zerrenda.

Material horrek deialdi honen 9.1.a) oinarriaren araberako diru-laguntza baino ez du izanen.

3.7.–Jarraipena eta ebaluazioa.

B) Programaren aurrekontua: kirol proiektuaren diru-sarrera eta gastu guztien aurrekontu xehatua.

C) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren ziurtagiria, Gizarte Segurantzako kuoten ordainketan egunean dagoela ziurtatzen duena.

D) Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren ziurtagiria, zerga arloko betebeharrak konplitzen direla egiaztatzen duena.

Ziurtagiriak ez dira aurkeztu beharko baimena ematen bada Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak zuzenean egiaztapen hori egiteko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuan eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrean. (IV. eranskina. Eskabide-orria).

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aurreikusiarekin bat, ikastetxe publikoek ez dituzte C) eta D) ataletako ziurtagiriak aurkeztu beharko.

9.–Gastu diruz lagungarriak.

9.1. Kontuan har daitezkeen kontzeptuak hauek dira:

a) Programan sartutako jarduerak egiteko beharrezkoa den kirol arloko material suntsigarria, hasierako dokumentazioan aurkeztua, honako hau kontuan hartuta:

–2016-2017 ikasturteko deialdian parte hartu zuten ikastetxeek gastu osoaren %30 baino ezin izanen dute erabili kirol arloko material suntsigarria erosteko.

–2015-2016 eta 2016-2017 ikasturteetako bi deialdietan parte hartu zuten ikastetxeek gastu osoaren %50 baino ezin izanen dute erabili kirol arloko material suntsigarria erosteko.

–Hezkuntza Bereziko ikastetxeek gastu osoaren %100 erabiltzen ahalko dute kirol arloko material suntsigarria erosteko.

b) Jarduera fisikoak eta kirolekoak, hasierako dokumentazioan aurkeztutako programan sartutakoak, ematen dituzten monitoreen gastuak.

Gastu horiek diruz laguntzeko, ezinbesteko baldintza izanen da monitorearen titulazioa eta horrek irakasten duen jardueran duen esperientzia aurkeztea, haren datu pertsonalekin eta harremanetarako datuekin batera.

c) Jarduera osagarriak edo prestakuntzakoak, hasierako dokumentazioan aurkeztutako programan sartutakoak, ematen dituzten langileen gastuak.

Gastu horiek diruz laguntzeko, ezinbesteko baldintza izanen da langileen titulazioa eta horiek irakasten duten jardueran duten esperientzia aurkeztea, haien datu pertsonalekin eta harremanetarako datuekin batera.

d) Hasierako dokumentazioan aurkeztutako programan sartutako jardueretan egindako joan-etorriak.

9.2. Instalazioak erabiltzeagatiko gastuak ez dira kontuan hartuko.

10.–Eskaera zuzentzea.

Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, ikastetxeari eskaera eginen zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

Akatsak zuzentzeko aukera hori egonen da hala hasierako dokumentazioa nola justifikazio-agiriak aurkezteko orduan. Errekerimenduetarako, ikastetxeek programaren inprimakian (V. eranskina) adierazten duten helbide elektronikoa erabiliko da.

11.–Antolaketa eta instrukzioa.

Diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kirolaren Zuzendariordetza izanen da.

12.–Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

13.–Ebazpena.

13.1. Laguntza eskaerei buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta interesdunei jakinaraziko zaie eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hilabeteko epean gehienez.

13.2. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.

13.3. Diru-laguntza emateko ebazpenean diru-laguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Orobat, diru-laguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

13.4. Deialdi honetan onartzen diren programetarako diru-laguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek nahiz atzerrikoek, ematen dituzten bestelako laguntza edo baliabideekin, are erabiltzaileen ekarpen edo kuotetatik heldu diren baliabideekin ere. Nolanahi ere, laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du inola ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

13.5. Interesdunentzako jakinarazpen pertsonala galarazi gabe, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.r) artikuluan xedatutakoa betez, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko eta Kirolaren Etxeko iragarki oholean argitaratuko dira deialdi honetan ematen diren laguntzak eta haien onuradun diren ikastetxeen zerrenda.

14.–Laguntzen ordainketa.

14.1. Bi zatitan ordainduko zaie diru-laguntza haren onuradun diren ikastetxeei banku transferentzien bidez; aldez aurretik, 15. oinarrian adierazitako frogagiriak aurkeztuko ditu onuradunak; betiere, ematen den laguntza ez da jardueraren defizita baina handiagoa izanen.

14.2. Programa 2017ko urriaren 16a baino lehen abiatzen duten ikastetxeei eginen zaie lehen ordainketa, lehen epeko frogagiriak kontuan hartuta, eta justifikatzen duten kopuruaren proportzioan. Ordainketa hori ez da inoiz 2017rako emandako kopurua baino handiagoa izanen. Horretarako, 15. oinarrian ezarritako agiriak aurkeztu beharko dira ezarritako epeetan. Bigarren ordainketa 15. oinarrian ezarritako agiriak aurkeztu ondoren eginen da.

14.3. Aldi bakoitzean ordaindutako gehieneko diru kopuruak programaren barruan garatu den ehunekoaren araberakoak izanen dira. 1. aldiko gehieneko ehunekoa emakida osoaren %25 izanen da, 2017ko urriaren 1etik azaroaren 30era bitartekoa baita. 2. aldiko gehieneko ehunekoa, aldiz, emakida osoaren %75 izanen da, 2017ko abenduaren 1etik 2018ko ekainaren 15era bitartekoa baita.

15.–Frogagiriak.

Garatzen den programaren araberako edukien frogagiriak bi alditan aurkeztuko dira, ondoren adierazten den dokumentazioa erantsita:

1. aldia:

2017ko abenduaren 4ra arte, programa hasi zenetik 2017ko azaroaren 30era arte egindako gastuengatik.

–Dokumentazio teknikoa:

  • Hezkuntza mailaka garatutako jardueren zerrenda eta parte-hartzaileen zerrenda.

–Dokumentazio ekonomikoa:

  • Justifikazio-inprimakia (VI. eranskina), datu guztiak behar bezala beteta.
  • Jatorrizko fakturak edo haien kopia konpultsatuak edo bestelako agiri baliokideak, bai eta ordainagiriak ere, programaren hasieratik 2017ko azaroaren 30era bitartean egindako gastuenak.

Faktura edo agiri baliokide guztietan, hornitzailearen IFZa agertu beharko da, edo NANa, monitoreen edo laguntzaileen kasuan. Langileentzako ordainketei dagozkien fakturen kasuan PFEZren atxikipenak agertu beharko du, bai eta atxikipen hori Nafarroako Zerga Ogasunean sartu izana frogatzen duen agiriak ere.

2. aldia:

2018ko ekainaren 19ra arte, 2017ko abenduaren 1etik 2018ko ekainaren 15era edo programa bukatzen den egunera bitartean egindako gastuengatik:

–Dokumentazio teknikoa:

  • Programaren memoria, non nahitaez hurrengo kontuak jasoko diren: (gehienez ere 5 folio, alde batetik).

1.–Edukiak:

  • Egindako jarduerak, noiz egin diren zehaztuta.
  • Partaidetzaren gaineko datuak: partaideak, guztira, mailaren arabera (1.a, 2.a, 3.a, 4.a...) eta sexuaren arabera bereizita.

2.–Balorazio teknikoa. Hobetu beharrekoak.

3.–Balantze ekonomikoa: gauzatutako programako guztirako diru-sarreren eta gastuen laburpena.

4.–Egindako jarduera bakoitzaren argazki bidezko euskarria.

–Dokumentazio ekonomikoa:

  • Justifikazio-inprimakia (VI. eranskina).
  • Jatorrizko fakturak edo haien kopia konpultsatuak edo bestelako agiri baliokideak, bai eta ordainagiriak ere, 2017ko abenduaren 1etik 2018ko ekainaren 15era bitartean egindako gastuenak.

Faktura edo agiri baliokide guztietan, hornitzailearen IFZa agertu beharko da, edo NANa, monitoreen edo laguntzaileen kasuan. Langileentzako ordainketei dagozkien fakturen kasuan PFEZren atxikipenak agertu beharko du, bai eta atxikipen hori Nafarroako Zerga Ogasunean sartu izana frogatzen duen agiriak ere.

16.–Jarraipena eta kontrola.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikarien bitartez, diruz laguntzen diren programen jarraipena, ikuskapena eta ebaluazioa egiteko ardura, garatzean in situ egindako bisiten eta programen koordinatzaileekiko bileren bidez. Baliteke bisitak aldez aurretik abisatu gabe egitea.

Jarraipena eta kontrola egin ondoren, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikariek uste badute programa ez dela garatzen ari programatutakoaren arabera, emandako diru-laguntza ukatzen ahalko da azalpen txosten baten bidez, ikastetxeari aldez aurretik jakinarazita.

17.–Ikastetxe onuradunen betebeharrak.

17.1. Diru-laguntzen onuradun diren ikastetxeek adierazten zaizkien xedeetarako erabili beharko dituzte laguntzak. Horrez gainera, haien aplikazioa agiri bidez frogatu beharko dute, eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu.

17.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, diru-laguntzen onuradun diren ikastetxeek horren berri eman beharko dute. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

17.3. Diru-laguntzen onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak izan behar dituzte, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak ere bete beharko dituzte.

17.4. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.

17.5. Onuradun diren ikastetxeek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo xedatzen den beste bat erabili beharko dute diru-laguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, betiere bete beharrez Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua.

17.6. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako diru-laguntzak itzultzea.

18.–Ez-betetzeak.

18.1. Deialdi honen oinarri arautzaileetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe diru-laguntzaren helburuak aldatzeak diru-laguntza galtzea ekarriko du berekin, eta jasotako dirua itzuli beharra eta hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko diru-laguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, legeek agintzen dituzten beste erantzukizunak galarazi gabe.

18.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

18.3. Ikastetxeren batek ezarri diren epeetan aurkeztutako programazioa betetzen ez badu, esleitzen zaion diru-laguntza jaso gabe gelditzen ahal da, edo haren zenbatekoa murrizten ahalko zaio, gauzatutakoaren proportzioan.

19.–Errekurtsoak.

19.1. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

19.2. Era berean, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, haiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatuarekin bat.

20.–Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA

Programaren ezaugarriak

1.–Programaren ezaugarri orokorrak.

1.1. Ikastetxe bakoitzak proiektu bakarra aurkezten ahalko du. Alabaina, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasketak ematen dituzten ikastetxeen kasuan, hezkuntza etapa bakoitzerako aldaera bereziak biltzen dituen proiektua aurkeztea onartuko da.

1.2. Gorputz Hezkuntzako departamentuari edo arloari bakarrik dagokio programa prestatzea; gainera, hura koordinatzeaz eta gainbegiratzeaz arduratuko da.

Ezinbestekotzat jotzen da programa honen eta Gorputz Hezkuntza irakasgaiaren edukien arteko osagarritasuna ezartzea eta bien arteko koordinazio tresnak sortzea. Horrela, programa irakasgai horren curriculum garapenari lotuko zaio.

1.3. Ikastetxeak aurkezten duen programa herriko udal kirolaren arduradunekin koordinatu beharko da.

1.4. Jardueren eskaintza baterako hezkuntzaren parametroei jarraituz diseinatu eta antolatzen dela bermatu beharko du aurkezten den programak, hau da, neskentzako zein mutikoentzako jarduerak jaso beharko ditu eskaintzan, ohiko kirol jarduera femeninoen eta maskulinoen arteko estereotipoak hauts daitezen.

1.5. Aurkezten diren programek, xede eta helburuez gain, hurrengo oinarrietan zehazten diren ezaugarriak ere bete beharko dituzte programa motei, jarduera motei, langileei, iraupenari eta abarri dagokienez.

2.–Programa motak eta iraupena:

2.1. Motak:

2.1.1. Irakastorduetan (jolasgaraian) garatzen den programa.

Gutxienez ere 25 minutuko jolasgarai bakar batean gauzatuko da, eta astean 3 jolasgaraitan talde bakoitzeko.

2.1.2. Irakastorduetatik kanpo (jantoki orduetan, arratsaldez, asteburuetan...) gauzatzen den programa.

Gutxienez ere 50 minutuko jolasgaraitan gauzatuko da, eta astean bitan talde bakoitzeko.

2.2. Iraupena:

Programa ikasturtean garatu beharko da, 2017ko urriaren 1etik 2018ko ekainaren 15era bitartean, eta 6 hilabetez gutxienez ere.

Atal honetan ezarritako gutxienekoetatik beherako iraupena duten proposamenak ez dira aintzat hartuko.

3.–Programaren edukiak: jarduera motak.

3.1. Programak 2 jarduera mota biltzen ahalko ditu:

Jarduerak eskolako hezkuntza integrala osatzera bideratuko dira, nortasuna harmonikoki garatzera eta baldintza fisiko batzuk eta prestakuntza teoriko bat lortzera, pertsona bakoitzak, adinean gora egin ahala, beharrezko tresnak izan ditzan ohitura osasuntsuak eskuratzeko.

a) Jarduera fisiko eta kirolekoak.

Lehiaketa ofizial arautuei edo lehendik ezarrita dauden beste programa batzuei lotu gabeko jarduera fisiko eta kirolekoak gauzatuko dira, kirol prestakuntzaren osagarri, hezkuntzaren ikuspegitik.

Planteatzen diren jarduera guztiak neskei zein mutikoei eskainiko zaizkie, eta lehentasuna emanen zaie parte-hartze ekitatiboa duten jarduerei.

Jarduera motak:

a.1.–Aisiari lotuak.

Bizimodu osasungarriko ohiturak sortzera bideratutako jarduerak izanen dira, baliagarri direnak parte-hartzaileek egiten dituzten ikasketen curriculuma garatzeko, batez ere Gorputz Hezkuntzarekin lotutakoak.

a.2.–Lehiaketetakoak.

Kirol hastapeneko jarduerak egiten ahalko dira, kirol bakar batekoak edo gehiagokoak.

Ezin izanen dira gehitu ikastetxeak ordutegi berean bere kirol klubaren bidez edo toki entitatearen bidez eskaintzen dituen gorputz eta kirol modalitateak.

b) Jarduera osagarriak edo prestakuntzakoak.

Gorputz Hezkuntzaren departamentuak edo arloak koordinatzen dituen jarduerak dira, ikasleen prestakuntza integrala osatzea helburu, osasunari, ongizateari, ohitura osasuntsuei eta abarri loturiko eduki teoriko praktikoen bitartez.

3.2. Ikastetxeak berak finkatuko du programaren barrenean dauden jarduera fisiko eta kirolekoak eta jarduera osagarriak egiteko ordutegia.

3.3. Jarduera guztiak ikastetxearen instalazioetan eginen dira, ikastetxeak eskaini bai baina haiek aurrera eramateko berariazko instalaziorik ez dutenak izan ezik.

4.–Langileak.

4.1. Ikastetxe bakoitzak bere programa gauzatzeko ardura izanen du, eta, horrenbestez, behar diren baliabideak jarriko ditu behar bezala gauza dadin.

4.2. Programa bakoitzean sartzen diren langileek honako profil hau izan beharko dute:

–Arduraduna: ikastetxeko Gorputz Hezkuntzako departamentuak edo arloak bakarrik diseinatu, koordinatu eta gainbegiratuko du programa, eta, hortaz, kirol arduradunak edo koordinatzaileak lan horretarako behar diren prestakuntzaren eta esperientziaren jabe izan beharko du Gorputz Hezkuntzaren eta Kirolaren Zientziei dagokienez.

–Laguntzako langileak: programa garatzeko, Gorputz Hezkuntzako departamentuak edo arloak Batxilergoko gainerako irakasleen edo ikasleen laguntza izan beharko du; betiere, arduradunaren oniritzia duela. Halaber, parte-hartzaileen artean “kiroltasuneko arduraduna” hautatuko da, kirolaren balioez gehien arduratzen den ikaslea izanen dena eta joko garbia, pertsona guztiekiko errespetua, elkarrekiko laguntza eta jokalarien arteko elkartasuna sustatuko dituena.

–Gainerako langileak: Jarduera Fisikoaren Programaren barreneko jarduerak gauzatzeko ardura duten langileek beharrezko prestakuntza izan beharko dute, egin beharreko lanaren arabera. Zer jarduera ematen duten, hari dagokion kirolean hasteko prestatzaile edo monitore titulua izan beharko dute, gutxienez ere, bai eta ikastetxeko Gorputz Hezkuntzako departamentuaren edo arloaren oniritzia ere. Kirolean hasteko prestatzaile edo monitore titulurik ez dagoen modalitateetan, arlo horretako monitorearen esperientzia eskatzen ahalko da.

4.3. Aipatu langileek, zein den ere betetzen duten eginkizuna programa garatzeko, ez dute kontratu bidezko inolako lan harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.

4.4. Aipatu langileek, zein den ere betetzen duten eginkizuna programa garatzeko, Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa izan beharko dute, urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren arabera.

Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoak, 13. artikuluko 5. idatz-zatian (uztailaren 28ko 26/2015 Legeak aldatua), honako hau ezartzen du: “Adingabeekin ohiko harremana duten lanbide, ogibide eta jardueretan lanean hasi eta aritzeko baldintza dela epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasun eta sexu ukigabetasunaren kontrako delitu batengatik, eta horren barnean sartzen dira sexu eraso eta abusua, sexu jazarpena, exhibizionismoa eta sexu probokazioa, prostituzioa eta sexu esplotazioa, adingabeak galbideratzea, eta gizakien salerosketa. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori egiaztatzeko.”

5.–Parte-hartzaileak.

5.1. Programa ikastetxeko ikasle guztiei dago bideratua, Haur Hezkuntzako ikasleei izan ezik, eta ezin izanen da kirol praktikarako gaitasunetatik eratorritako murrizketarik egin.

5.2. Deialdiaren xede nagusia kontuan hartuta, ezin izanen da ikaslerik baztertu sexu, arraza, erlijio, ideologia, desgaitasun, sexu joera eta abar direla-eta, hautapen prozesuak eginez. Hori betetzen ez bada, diru-laguntza galduko da.

6.–Instalazioak.

Ikastetxea bera arduratuko da programako jarduerak garatzeko beharrezkoak diren instalazioak harentzat prest izateaz.

7.–Laguntza teknikoa.

Programak gauzatzeko orduan, ikastetxeek kanpoko eragileen lankidetza izan dezakete, konparazio batera: toki entitateak, kirol federazioak, kirol elkarteak, kirol kudeaketarako enpresak eta kirol arloko beste entitate batzuk.

8.–Osasun laguntza.

Deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxe guztiek dagokien eskola asegurua eduki beharko dute.

Jarduera irakastorduetatik kanpo egiten denean, parte-hartzailearen aseguru pertsonalaren kontura izanen da osasun laguntza.

III. ERANSKINA

Baremoa

1.–Xedea.

2017-2018 ikasturtean, Eskola-umeentzako Kirol Programako diru-laguntzen deialdiaren babesean, unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten ikastetxe publiko eta pribatuen eskaerak baloratzeko baremoa ezarri da eranskin honetan.

Balorazio irizpideak: gehienez ere 27 puntu.

1. Programaren helburuak: 3,5 puntu gehienez.

Programa nola egokitzen den ezarritako xede eta helburuetara, oinarritzat harturik eskola-umeentzako programen erreferentziazko esparru autonomikoan ezarritako orientabide orokorrak:

–Ohitura osasuntsuak sortzea. (puntu 1). Irakastorduetatik kanpoko jarduera fisiko eta kirolekoen kopurua baloratuko da.

–Aisiari lotutako jarduerak sustatzea. (puntu 1). Lehiaketatik kanpoko jarduera fisiko eta kirolekoen kopurua baloratuko da.

–Parte-hartzea bultzatzea. (0,5 puntu). Hainbat maila eta taldetara bideratutako jardueren kopurua baloratuko da.

–Berdintasuna bermatzea: neska-mutikoen parte-hartze orekatua. (puntu 1). Neskek zein mutikoek parte hartzen duten eta nesken parte-hartze esklusiboa duten jarduerak baloratuko dira.

2. Eragin eremua komunitatean eta eskola ingurunean: gehienez ere 4 puntu.

–Departamentuak (Gorputz Hezkuntzako departamentua izan ezik) (puntu 1).

–Hezkuntza komunitatea (irakasleak, ikasleak, irakasle ez diren langileak, guraso elkarteak), toki entitateak, kirol elkarteak, beste batzuk...: (3 puntu).

3. Barnean dauden hezkuntza etapak: 6 puntu gehienez.

–Ikastetxe arruntetarako baino ez:

  • Lehen Hezkuntza. (2 puntu).
  • Bigarren Hezkuntza. (2 puntu).
  • Batxilergoa. (2 puntu).

–Hezkuntza Bereziko ikastetxeetarako baino ez:

  • Oinarrizko prestakuntza. (3 puntu).
  • Lanbide Heziketa. (3 puntu).

4. Garatu beharreko programak: 5 puntu gehienez.

–Jolasgaraiko programa. (puntu 1).

–Jantoki orduetako programa. (2 puntu).

–Arratsaldeko edo asteburuko programa. (2 puntu).

5. Aurreikusitako jarduerak: 9 puntu gehienez.

–Kirolean hasteko jardueren aniztasuna. (3 puntu).

–Josteta eta aisiako jardueren aniztasuna. (3 puntu).

–Garatu beharreko jarduera osagarri edo prestakuntzakoen kopurua. (3 puntu).

6. Proiektuaren iraupena: 8,5 puntu gehienez.

–6 hilabete (4 puntu).

–7 hilabete arte (6 puntu).

–8 hilabete arte (8 puntu).

–8 hilabete eta erdira arte (8,5 puntu).

IV. ERANSKINA

Eskabide-orria.

V. ERANSKINA

Programaren inprimakia.

VI. ERANSKINA

Justifikazio-inprimakia.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1708356