143. ALDIZKARIA - 2017ko uztailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2017ko ekainaren 21ean hartua, Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluko kideak izendatzen dituena.

Urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuaren bidez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen. Bertan Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren Politika Ekonomikoaren Zerbitzuari eginkizun berriak esleitu zitzaizkion, lehen Berrindustrializazioaren, Lehiakortasunaren eta Proiektu Estrategikoen Zerbitzua izan zenaren esku zeudenak.

Bestetik, Asociación de Trabajadores Autónomos Dependientes de Navarrak (TRADE-Navarra) eta Nafarroako Langile Komisioak (CCOO) Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluan duten ordezkaritza aldatzeko ere eskatu diote Nafarroako Gobernuari, eta gaur egungo kideak ordeztuko dituztenak izendatu dituzte.

Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseilua sortu eta osaera, antolamendua eta funtzionamendua arautzen dituen urtarrilaren 30eko 9/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak ezartzen du kontseiluko kide diren erakundeek beren ordezkariak eta horien ordezkoak ordeztea proposatzen ahalko dutela, eta ordezkoak karguan jarraituko duela ordeztuak lau urteko epea bete arte gelditzen den denboran.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Garapen Ekonomikorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Honako hauek Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluko kide izendatzea:

–Politika Ekonomikoaren Zerbitzuko Zuzendaria, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkari.

–Asociación de Trabajadores Autónomos Dependientes de Navarrari (TRADE-Navarra) dagokionez , Pilar Ruiz Cobos andrea eta Javier Barinaga Adrián jauna, titular eta ordezko, hurrenez hurren.

–Nafarroako Langile Komisioei (CCOO) dagokienez, Alfredo Sanz Zufía jauna eta Carmen Sesma Beruete andrea, titular eta ordezko, hurrenez hurren.

2. Izendatu direnek egungo kideak ordeztuko dituzte, eta izendapenak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik izanen ditu ondorioak.

3. Erabaki hau Garapen Ekonomikorako Departamentuko Laguntza Juridiko eta Administratiboaren Zerbitzura eta Lan Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Erabaki hau izendatu direnei eta haien erakundeei jakinaraztea (entitate bakoitzak bere egoitzaren helbidea du), eta ohartaraztea erabakiak administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka bi errekurtso hauetako bat jartzen ahal dela:

–Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Gobernuari berari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, hau argitaratu eta, biharamunetik hasita, bi hilabeteko epean.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2017ko ekainaren 21ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1707726