Iragarkia
143. ALDIZKARIA - 2017ko uztailaren 26a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
2188/2017 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, diru-laguntzen deialdi bat onesten duena espezializazio adimentsuaren estrategian finkatutako lehentasunezko arlo ekonomikoko enpresetan 30 urtetik beherako gazte langabeen kontratazioa sustatzeko.
Nafarroako Gobernuaren lehentasunezko helburuetariko bat da gazteen langabezia-tasa murriztea, izan ere, 2016ko ekainean 7.416 gazte zeuden lanik gabe, horietatik %52 emakumezkoak eta %48 gizonezkoak. 2016ko bigarren hiruhilekoan, gazteen langabezia-tasa %24,9 zen Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera. Horrez gainera, adierazi beharra dago gazteen jarduera tasa %22,85 murriztu dela (2008ko hirugarren hiruhilekoan %54,32koa zen, eta gaur egun %31,47koa). Nafarroan, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan inskribaturik dauden gazteen profila oso antzekoa da sexuen arabera (%48 gizonezkoak dira, %52 emakumezkoak). 20 eta 29 urte bitartekoak dira, ikasketa maila baxua dute (%66,84k ez du bigarren hezkuntza bukatu) eta 6 hilabete baino gutxiago darama langabe gisa inskribaturik. Gizatalde honentzat lan aukera gutxi daudenez eta haien kualifikazio eta prestakuntza baxua denez, lan merkatuan sartzeko aukera gutxiago dituzte.
S3 Estrategia Adimentsua garapen ekonomikorako ikuspegi estrategiko bat da, laguntza berariazkoa eman nahi duena baliabideak eskualde bakoitzean giltzarri diren lehentasunetan pilatuz, kontuan harturik eskualdearen eta bertako eragileen ahalmen ekonomiko eta zientifiko-teknologikoa eta haien lehiakortasun globala, batez ere enpresena. Nafarroan garrantzitsuak, lehiakorrak (munduan kuota ona dutenak) eta dinamikoak (2008-2014 aldian bilakaera positiboa izan dutenak) diren sektoreak dira “Hat Tricks” gisa hartzen direnak. Ikuspegi estrategikoaren bost ardatzetatik abiatuta (Nafarroa kohesionatua, osasuntsua, jasangarria, industriala eta lehiakorra), ardatz horiek konbinatzen dituzten sei lehentasunezko arlo ekonomiko proposatzen dira (“Automozioa eta Mekatronika”, “Elikakatea”, “Energia berriztagarriak eta baliabideak”, “Osasuna”, “Turismo integrala” eta “Industria sortzaile eta digitalak”), izan ere, arlo horiek “Hat Trick” gisa hartu dira cluster esportatzaileen analisian, mundu osoko merkataritzaren barrenean duten garrantziagatik, lehiakortasunagatik eta dinamismoagatik.
Lehentasun estrategikoen oinarrian S3 estrategien funts metodologikoa dago, hots: baliabideak pilatzen dira etorkizunean eskualdeko ekonomia aurrera eramateko gehien balio dezaketen garapen arloetan.
Hortaz, programa honen asmoa da finantzatzea gazte langabeen kontratazioa espezializazio adimentsuaren estrategian finkatutako sei lehentasunezko arlo ekonomikoetako batean jarduten duten enpresetan, betiere Nafarroako Foru Komunitatean lantokiren bat baldin badute. Horrela, kontratazioa sustatzen da, enpresek enplegua sortzea bultzatzen da eta lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituen gizatalde hori lanean hasteko erraztasunak ematen dira. Azkenik, lan merkatuko desberdintasunak handitu ez daitezen, laneratzeko zailtasun handienak dituzten pertsonen kontratazioa lehenetsiko da, baita emakumezkoena ere.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du, non, besteak beste, deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak ezartzea eskatzen baita.
Foru lege horrek xedatzen duenez, diru-laguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokakoa izanen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioaren araubidea baimentzen duenean.
Nafarroako Gobernuak, 2017ko maiatzaren 10ean egindako bilkuran, erabaki zuen banakako ebaluazioaren araubidea onartzea diru-laguntza hauetarako. Diru-laguntzaren gertaera eragilea da gazte horiek kontratatzea haien enplegagarritasuna hobetzeko eta haien laneratzea errazteko.
Azaldutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Diru-laguntzen deialdi bat onestea espezializazio adimentsuaren estrategian finkatutako lehentasunezko arlo ekonomikoetako batean aritzen diren enpresek 30 urtetik beherako gazte langabeak kontrata ditzaten sustatzeko.
2. Deialdia arautuko duten oinarriak onestea, ebazpen honen eranskinean ageri direnak.
3. Guztira, 700.000 euroko gastua baimentzea 2017ko gastuen aurrekontuko “Enpresek gazteak kontratatzeko pizgarriak. Konferentzia sektoriala. EGF-YEI” izeneko 950001 96100 4709 241205 partidaren kargura.
4. Era berean, 2.000.000 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, eraginkortasuna izateko, legez aurreikusitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea diru-laguntza eskaerak aurkezteko, ez berriz hastea ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea. Hori guztia Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 24/2016 Foru Legearen hamabosgarren xedapen gehigarria aplikatuz, zehazki, 3.a) 2. kasua, erabilgarri dagoen aurrekontu-kreditua handitzeagatik kreditua sortu, handitu edo gehitu delako.
5. Ebazpen hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2017ko uztailaren 4an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.
ERANSKINA
Deialdiaren oinarriak
1. Xedea eta finantza-iturriak.
1.1. Oinarri hauen xedea da, gazte langabeen kontratazioa sustatzeko asmoz, espezializazio adimentsuaren estrategian finkatutako lehentasunezko arlo ekonomikoren batean jarduten duten enpresei diru-laguntzak emateko baldintzak eta betebeharrak arautzea.
1.2. Kontratazioak 2017ko uztailaren 1etik aurrera egin beharko dira.
2. Enpresa onuradunak.
2.1. Diru-laguntza hauen onuradunak izan daitezke espezializazio adimentsuaren estrategian finkatutako lehentasunezko arlo ekonomikoren batean jarduten duten enpresak (automozioa eta mekatronika, elikakatea, energia berriztagarriak eta baliabideak, osasuna, turismo integrala eta industria sortzaile eta digitalak). EJSN 2009an sektore horiei dagozkien dibisio epigrafeak (bi digituak) honako hauek dira:
20 | 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 | 28 | 29 |
30 | 33 | 35 | 38 | 39 | |||||
55 | 56 | 58 | 59 | ||||||
60 | 61 | 62 | 63 | ||||||
71 | 72 | 73 | 74 | 75 | |||||
86 | |||||||||
90 | 91 | 94 | |||||||
2.2. Diru-laguntzen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Helbide soziala eta fiskala Nafarroako Foru Komunitatean izatea, edo lantoki bat izatea Nafarroan.
b) Plantillan 50 langile baino gehiago izatea.
c) Legez eratuak izatea, bakoitzaren araudiaren arabera, eta, hortaz, nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa izatea eta dagokion erregistro publikoan inskribaturik egotea.
d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. zatietan ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea.
2.3. Betebehar horiek guztiak diru-laguntza eskaera aurkezteko egunean bete beharko dituzte enpresa onuradunek, baita diruz laguntzen den kontratuak irauten duen bitarte osoan ere.
3. Baztertzeko arrazoiak.
Praktikaldiko kontratuek eta prestakuntza eta ikaskuntza kontratuek ez dute diru-laguntzarik jasoko.
4. Eskaeren aurkezpena eta epeak.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, kontratu harremana hasi eta biharamunetik hasita.
Abenduaren 1a baino lehen erregistratzen diren eskaerak ekitaldi honen kargura tramitatuko dira. Abenduan erregistratzen diren eskaerak hurrengo ekitaldiko kredituaren kargura ebatziko dira, betiere horretarako kreditu erabilgarririk badago.
4.2. Eskaerak aurkezteko, administrazio prozedura erkidea arautzen duen araudian aurreikusitako bideak eta moduak erabiliko dira.
4.3. Postetxean aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan agerrarazteko bulegoaren izena, harrera data eta tokia. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.
4.4. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.
5. Instrukzioa eta tramitazioa.
5.1. Prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari dagozkio.
5.2. Instrukzio organoak, behar diren egiaztapenak egin ondoren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena prestatu eta dagokion ebazpen proposamena eginen du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.
5.3. Eskaeren instrukzioa aurkezten diren hurrenkera berari jarraikiz eginen da.
6. Ebazpena eta diru-laguntza ordaintzea.
6.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, instrukzio organoak egindako proposamena jasorik, ebatziko du diru-laguntza eman edo ukatzen den.
Ebazpena gehienez ere bi hilabetean eman eta jakinaraziko da, eskaera aurkezten denetik hasita. Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, deusetan galarazi gabe organo eskudunak ebazpena emateko duen betebeharra.
6.2. Ebazpena entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio, diru-laguntza eman edo ukatzearen arrazoiak adierazita.
6.3. Eskaeraren gaineko ustezko edo berariazko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Ebazpena berariazkoa ez bada, noiznahi aurkezten ahalko da errekurtsoa, ebazteko gehieneko epea bukatu eta biharamunetik hasita.
6.4. Instrukzio organoak egiaztatu ondoren eskaeraren xedeko jarduketa egin dela eta enplegatzailea egunean dagoela bere zerga arloko eta Gizarte Segurantzaren arloko betebeharretan, diru-laguntza eman eta ordainduko da.
7. Diru-laguntzak emateko prozedura.
Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Prozedura hori Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.
8. Laguntzen bateraezintasuna.
Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Administrazioak, beste administrazio publiko edo entitate publiko zein pribatu batzuek, nazionalak edo nazioartekoak izan, edo partikularrek helburu bererako ematen dituztenekin, salbu eta Gizarte Segurantzako kotizazio kuotetan legez egin daitezkeen hobariekin edo murrizketekin.
9. Diru-laguntzen jakinarazpena eta publizitatea.
9.1. Ebazpenak administrazio prozedura erkidea arautzen duen legerian aurreikusitako moduan jakinaraziko zaizkie enpresa interesdunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
9.2. Enpresa onuradunek sustatu eta zabaltzeko jarduketa guztietan agerrarazi beharko dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen dituela.
10. Ez-betetzeak, diru-laguntzen itzulketa eta zehapen araubidea.
10.1. Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, diru-laguntza emateko ebazpena aldatuko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.
10.2. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, programa gauzatzen ez bada, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.
10.3. Kontratua bukatzen bada, 13.2 oinarrian adierazi bezala, eta entitateak ez badu kontratatutako pertsona ordezten, edo ordezten badu oinarrietan ezarritako baldintzak bete gabe, bidezkoa izanen da egindako ordainketaren hein bateko itzulketa eskatzea, oinarri hauetan kontratuari eskatzen zaion hilabete kopurua betetzeko falta den denboraren proportzioan.
10.4. Helburu bera duten beste diru-laguntza edo laguntza batzuk jasotzeak berarekin ekarriko du emandako diru-laguntza guztia itzuli beharra.
10.5. Diru-laguntza hartzen duten entitateek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzei dagokienez ezarrita dauden erantzukizunak izanen dituzte eta hango zehapen araubidearen mende egonen dira.
11. Ordezko araua.
Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak eta aplikagarri den gainerako araudi administratiboa aplikatuko dira.
12. Jarduketa diruz lagungarriak.
12.1. Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako lantokietan betetzen diren kontratuak izanen dira diru-laguntzen xede.
12.2. Diru-laguntzen xede diren kontratuek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Kontratuaren iraupena 6 hilabetekoa izanen da, gutxienez.
b) Kontratuak lanaldi osokoak edo partzialekoak izan daitezke, baina azkeneko kasu horretan, ez dira inoiz ere izanen ezarritako lanaldiaren %75etik beherakoak.
c) Urteko gutxieneko lansari gordina (aparteko pagak barne) kontratuan agertuko da, eta ez da legezko lanbide arteko gutxieneko soldata halako bi baino txikiagoa izanen.
d) Kontratuak Langileen Estatutuan eta hura garatzen duen araudian aurreikusitakoa beteko du.
12.3. Kontratazio egunaren aurreko sei hilabeteko epean enpresa, enpresa-talde edo entitate berean lan egin duten langile berekin egindako kontratazioak ez dira diruz lagunduko (langile horien zerbitzu prestazioa muga gabeko edo aldi baterako kontratu baten bidez izan ala aldi baterako enpresa batekin langileak lagatzeko sinatutako kontratu baten bidez izan), ez eta kontratatzen den langileak lehendik lan-harremana izan badu eskatzailea oinordetzen duen enpresaren batekin, Langileen Estatutuari buruzko Legearen 44. artikuluan ezarritakoaren arabera.
13. Kontratatzen diren pertsonek bete beharrekoak.
13.1. Kontratatzen diren pertsonek baldintza hauek bete beharko dituzte kontratazioaren unean:
a) Kontratuaren egunean langabezian egotea eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan inskribaturik egotea.
b) 30 urte baino gutxiago izatea.
c) Azken 6 hilabeteotan mugagabeko kontraturik sinatu ez izana.
13.2. Kontratatutako pertsonaren batek lana uzten badu diruz lagunduriko epea bukatu baino lehen, ordezko bat jarri beharko zaio gehienez ere hilabeteko epean, oinarri honetan ezarritako baldintzekin bat, eta, betiere, ordezten den pertsonaren lanaldia, lansaria eta taldea errespetatuz. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari horren berri eman beharko zaio, kontratu berriaren egunetik hasita hilabeteko epean gehienez.
Kasu horretan, egiten diren kontratu guztien iraupenen baturak deialdi honen bidez diruz laguntzen den denbora-tartea beteko du gutxienez.
14. Diru-laguntzaren zenbatekoa.
14.1. Gehienez ere 12 hilabeterako diru-laguntza ematen ahalko da.
a) Errenta bermatua jasotzen ari diren pertsonekin, edo emakumeekin, sinatzen diren kontratuen kasuan, kontratua 12 hilabetekoa edo luzeagoa bada, 1.100 euro hilero.
b) Errenta bermatua jasotzen ari diren pertsonekin, edo emakumeekin, sinatzen diren kontratuen kasuan, kontratua 6 hilabetetik 12 hilabete bitartekoa bada, 1.045 euro hilero.
c) Errenta bermatua jasotzen ez duten gizonezkoekin sinatzen diren kontratuen kasuan, kontratua 12 hilabetekoa edo luzeagoa bada, 990 euro hilero.
d) Errenta bermatua jasotzen ez duten gizonezkoekin sinatzen diren kontratuen kasuan, kontratua 6 hilabetetik 12 hilabete bitartekoa bada, 935 euro hilero.
Lanaldi laburragoetan, proportzioan murriztuko da eman beharreko diru-laguntza.
Zenbateko horiek kostu unitarioko baremo estandar gisa ezarri dira, lan arloan eta Gizarte Segurantzaren arloan indarra duen legediari jarraikiz enpresak egin behar dituen gutxieneko kontratazio kostuen arabera (lanbidearteko gutxieneko soldata eta Gizarte Segurantzako enpresa-kuota).
14.2. Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, hilabete osoak bakarrik kontatuko dira, hilabete batek 30 egun hartzen dituela ulertuta.
15. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
15.1. Enpresa eskatzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Diru-laguntzarako eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren web-orri ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura daiteke.
b) 2. oinarrian eskatutako baldintzak betetzen direla dioen erantzukizunpeko adierazpena, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura dagoen eredu ofizialaren araberakoa.
c) Entitate onuradunak eta langabeak izenpetutako lan kontratua.
d) Gardentasunari buruzko betebeharrak:
d.1.) Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitate onuradunek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, bi inguruabar hauek gertatzen badira:
1) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.
2) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.
Horretarako, bi inguruabarrak betetzen dituzten entitate onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ondotik aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean:
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.
–Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.
–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.
Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura.
d.2.) Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.
e) Aurretik Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik jaso ez bada, “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” izeneko inprimakia.
15.2. Eskaera osorik egon ezean, instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen ditzala akatsak, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.
16. Enpresa kontratatzaileen betebeharrak.
Honako hauek dira entitate onuradunen betebeharrak:
a) Gazte langabeekin lan-kontratua sinatzea, legez ezarritako araudiaren arabera.
b) Laguntza emateko ebazpena ematen den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta, hala badagokio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin ordaindu beharreko zorrik ez izatea. Betebehar hori egunean duela egiaztatzeko, entitate eskatzaileari jakinarazten zaio eskabidea aurkeztearekin batera baimena ematen diola Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar diren datuak kontsulta ditzan.
c) Diru-laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea eta egiten diren kontroletan laguntzea.
d) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legedian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.
e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.
f) Nafarroako Gobernuak eta Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak egiten dituen kontrol lanak onartzea.
17. Diru-laguntzen jarraipena eta kontrola.
Diru-laguntzak ematen dituen organoak ahalmena izanen du aldian-aldian nahi adina kontrol eta egiaztapen egiteko, diruz lagundutako jarduera gauzatzen dela ziurtatzeko, baita ezarritako baldintzak betetzen diren aztertzeko ere. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du deialdi honen bidez finantzatzen den kontratazioaren xedeko pertsona diruz lagundutako gutxieneko denboran egon dela kontratatua eta Gizarte Segurantzan alta-egoeran. Hori egiaztatuta, espedientea bukatzeko ebazpena emanen da.
18. Datuak babestea.
18.1. Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek jakinarazpenetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.
18.2. Kontratazioaren xede diren pertsonen identifikazio datuak fitxategi informatikoetan sartuko dira, behar diren ondorioetarako, eta, horri dagokionez, interesdunak Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzeko gainerako arauetan oro har aitortzen diren eskubideez baliatzen ahalko dira.
19. Indarra hartzea.
Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iragarkiaren kodea: F1708353
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
