143. ALDIZKARIA - 2017ko uztailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

25E/2017 FORU AGINDUA, ekainaren 27koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena, 2017an aukera berdintasuneko agenteen lanpostuak sortu eta finkatzeko.

Nafarroan genero berdintasuna lortzea du helburu Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, horretarako bide ematen duten baldintzak sustatuz eta genero desberdintasuneko eta bazterkeriako modu guztiak Nafarroan deuseztatzen lagunduz. Horretarako, bere estatutuen arabera, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikak koordinatzeko eta kudeatzeko eskumena dagokio, eta bere helburuetako bat da Nafarroako Administrazio Publikoei laguntza ematea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egiteko.

Nafarroako Foru Komunitateko Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako I. Planean (2006-2010), toki administrazioko berdintasunerako politikei buruzko atal bat biltzen da zeharkako 1. arloan; plan horren xede eta helburuek indarra izanen dute, arlo horri buruzko bestelako planik onetsi bitartean. Atal horretan jasotzen da beharrezkoa dela Nafarroako toki entitateen konpromisoa bultzatzea, emakumeen eta gizonen aukera berdintasunaren arloan, eta Berdintasunerako udal planen prestaketa eta onespena bultzatzea, non Foru Planaren proposamenak zehaztuko diren, toki entitate bakoitzaren beharren eta egoeraren arabera, laguntzarako eta lankidetzarako baliabideak ezartzearekin batera. Ildo horretan, planaren 1.8.5 ekintzak aurreikusten du berdintasuneko agenteen kontratazioa bultzatu eta babestea.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa lortzeko lehentasuntzat jotzen du genero berdintasunerako politikak Toki Administrazioarekin batera sustatzea. Horretarako, modu egituratu, koordinatu eta sistematikoan lan egin beharra dago, lurraldeko errealitate ezberdinen premiei eta berezitasunei erantzunez.

Toki entitateetako errealitate desberdinen premia eta berezitasun horiei erantzuteko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diru-laguntzen deialdi hau planteatzen du, bai toki entitateentzat banan-banan, bai toki entitateen batasunentzat, foru agindu honen ondorioetarako akordioak eginez gero.

Deialdi honen xedea diru-laguntzak ematea da Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateek aukera berdintasuneko agenteen lanpostuak sortu eta finkatzeko.

Berdintasuneko agenteen kontratazioa bultzatzea funtsezko tresna da gizon eta emakumeen arteko berdintasun helburuak tokian-tokian eman eta bultza daitezen. Berdintasuneko agenteen kontratazioa bultzatu eta babesteak, lanbide profil hori finkatzea eragin beharko luke tokiko administrazioetan. Horregatik, ulertu behar da diru-laguntzen deialdi hau finantzaketa prozesu baten parte dela, betiere aurrekontuan horretarako krediturik badago.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, onesten den diru-laguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.

Horrenbestez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emateko deialdia onestea, aukera berdintasuneko agenteen lanpostuak sortu eta finkatzeko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B40001-B4100-4609-232200: Toki entitateentzako transferentziak, berdintasun-politikak sustatzeko

2017

99.341,57 euro

Salbuespen gisa, deialdi honetarako zenbatekoa handitzen ahalko da, kontuan hartuta zenbat eskaera aurkezten diren; horretarako, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak foru agindu bat emanen du, beste deialdi bat egin gabe, betiere Diru-Laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan ezarritakoa betetzen bada.

4. Foru agindu hau eta eranskina Diru-laguntzen Datu-base Nazionalean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2017ko ekainaren 27an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea, aukera berdintasuneko agentearen lanbide profila sortu eta finkatze aldera.

2. oinarria. Entitate onuradunak.

Deialdira aurkezten ahalko dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera izaera hori aitortua duten Nafarroako toki entitateak, baldin oinarri hauetan ezarritako beharkizunak betetzen badituzte.

3. oinarria. Betebeharrak.

3.1. Toki entitateek beharkizun hauek bete beharko dituzte:

1. Biztanle kopurua:

a) 6.000 biztanletik gorako toki entitateak edo beharkizun hori betetzeko asmoz akordioak sinatzen dituzten toki entitateen batasunak. Kasu horretan, batasunak akordio bat sinatuko du parteen artean eta, hartan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan adierazitako puntuak jasoko dira.

b) 6.000 biztanletik gorako mankomunitateak eta gizarte zerbitzuen kudeaketarako sortzen direnak, maiatzaren 17ko 33/2010 Foru Dekretuan zehazten den gizarte zerbitzuen lurralde egiturari jarraituz. Foru dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen eskualdeak ezartzen ditu.

2. Langile bat, B mailakoa eta lanaldi osorako, berdintasuneko agente gisa kontratatua izatea eta aurreko deialdietan diruz lagundu den kontrataziorik eten ez izana, ohiz kanpoko kasuak gertatu gabe; halakorik bada, behar bezala frogatu beharko da Nafarroako Berdintasunerako Institutuan.

3. Diruz laguntzen den aldian, berdintasun gaietako edo emakumeen alorreko zinegotzigo, batzorde edo berdintasun alorra izatea bere egitura organikoan edo haietan eskumenak dituena.

4. Aurrekontuko partidak edo diru-izendapenak izatea alorrean edo zinegotzigoan, kontratazioaren ondoriozko gastuak ordaintzeko.

5. Aukera berdintasunerako plana edo gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako plan estrategikoa edo ekintza positiboaren plana edo genero berdintasunerako lan egitasmoa izatea, “Udalaren berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea” izeneko dokumentuan oinarrituta.

Berdintasuneko agentea lehen aldiz kontratatzen bada, beharkizun hori betetzat joko da Osoko Bilkuraren, Gobernu Batzordearen edo toki entitateko organo eskudunaren akordio bat aurkeztuz gero, non onesten baita 2017an hasiko dela berdintasun plana edo urteko plana prestatzen, “Udalaren berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea” izeneko dokumentua oinarri hartuta.

6. Entitate eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasuneko agente gisa kontratatzen den pertsonak parte har dezan Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren eta berdintasunaren arloetan 2017. urtean antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada.

3.2. Toki entitateek akordioak egiten ahalko dituzte beste toki entitate batzuekin biztanle kopuruaren beharkizuna eta lanaldi osoarena betetzeko.

Kasu horretan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluaren 3. idatz-zatiarekin bat, akordioko testuan espresuki agertu beharko dira batasuneko kide bakoitzak hartutako konpromisoak eta horietako bakoitzeko aplikatu beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa. Horiek, orobat, entitate onuradun izanen dira. Nolanahi ere, pertsona bat izendatu beharko da batasunaren ordezkari edo ahaldun bakarra izan dadin, entitate onuradun gisa batasunari dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalmenen jabe.

Horrez gain, entitate sinatzaileen artean zein toki entitatek egiten duen kontratazioa adierazi beharko da.

Orobat, toki entitateen batasunen kasuan, entitateren batek agortua badu diruz lagungarria den gehieneko kontratazio-epea, deialdi honetan baterako parte-hartzea onartuko da, baina gehieneko kontratazio-epea gainditzen ez duen toki entitateari dagokion kontratazioak bakarrik jasoko du diru-laguntza.

4. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak eta horiek gauzatzeko epea.

Toki entitate bakoitzak edo toki entitateen batasun bakoitzak eskaera bakarra aurkezten ahalko du diru-laguntzen deialdi honetan.

Berdintasuneko agente baten 2017ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30a bitarteko kontratazioa finantzatzeko emanen da diru-laguntza, baldintza hauei jarraikiz:

a) B maila.

b) Lanaldi osoa.

Dena dela, familiako arrazoiengatik edo genero indarkeriaren biktima izateagatik, agente titularraren lanaldia murriztuz gero, kontratazioa diruz lagungarria izanen da lanaldi osoa bi pertsonak betetzen badute.

Orobat, 3. oinarrian ezarri bezala, toki entitateek beste entitate batzuekin egiten ahalko dituzte behar diren akordioak, baldintza hori betetzearren. Kasu horretan, ulertuko da lanaldi osoa batasuneko entitateen guztirako lanorduek osatzen dutela, nahiz batek bakarrik kontratua formalizatu.

c) Berdintasuneko agenteak lanerako altan egon beharko du, berdintasuna sustatu eta bultzatzeko lana egiaz betetzen.

Kontratatutakoa lanerako bajan baldin badago, hau hartu beharko da kontuan:

1.–Ordezpenik egiten ez bada, lanerako baja egoeran dagoenaren kostuak ordainduko dira, baja hasten denetik 90 egunez gehienez ere.

2.–Ordezpena egiten bada:

  • a) Ordezpenerako kontratazioa lanerako baja hasi eta 90 egun iragan aurretik egiten bada, bajan dagoenaren egiazko kostuak ordainduko dira, 90 eguneko mugarik gabe, haren ordezkoaren kostuaz gain.
  • b) Ordezpeneko kontratazioa lanerako baja hasi eta 90 egun iragan ondoren egiten bada, kontratatuaren kostuak ordezpena hasten denetik baizik ez dira ordainduko.

Diruz lagundutako kopurua ez da inola ere izanen B mailako eta urtebeteko kontratu baterako 5. oinarriaren arabera kalkulatutako gehienekotik gorakoa.

Laneko bajan emandako 90 egunak zenbatzeko, urtean altan eman ez diren aldi guztiak batuko dira.

d) Kontratua urtebetekoa izanen da, kontratua lehen aldiz egiten denean izan ezik, kasu horretan ez baita 2017ko abenduaren 31 baino lehen bukatuko. Hasieran kontratatutako pertsona aldi baterako ordezteko egiten diren kontratazioetan, kontratua bukatzeko beharkizun hori ez da aplikatuko, baldin eta hasieran kontratatutakoa bere lanpostura itzultzen bada, eta orduan beteko da atal honen hasieran adierazitako beharkizuna.

e) Lehenbizikoz kontratatzen bada, lanpostuak ere lehenbizikoz agertu beharko du entitatearen plantilla organikoan, edo lanpostu berri bat betetzeko egiten den kontratazioa izan beharko du.

f) Toki entitate eskatzaileak berdintasuneko agente bat baino gehiago baditu, ezin izanen du bigarren kontratazio baterako diru-laguntzaren onuradun izan, b) atalean xedatutakoa salbu.

4.3. Gastu diruz lagungarriak.

2017an Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko B mailako langileen hasierako soldata finantzatzeko izanen da diru-laguntza, bai eta Gizarte Segurantzarako kuota enpresariala ere, berdintasuneko agente baten lanaldi osoari dagokiona.

4.4. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

Kontratudunari kontratua bukatzean dagozkion kalte-ordainek ez dute inoiz diru-laguntzarik izanen.

5. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

5.1. Zenbatekoa irizpide ekonomiko hauen arabera ezarriko da:

a) 2017an, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko B mailako langileei aplikatzen zaien hasierako soldata eta Gizarte Segurantzarako kuota enpresariala hartu dira erreferentzia gisa.

b) Diru-laguntza zehazteko, portzentaje hauek aplikatuko dira aurreko atalean zehaztutako soldatatik abiatuta, kontratazio urtea eta hasierako kontratazioaren aldean egiten diren hobekuntzak kontuan hartuta:

–Kontratazioko lehen eta bigarren urteak, %82.

–Kontratazioko hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren urteak, %65.

–Kontratazioko zazpigarren urtea, %55, bakar-bakarrik toki entitateak plantilla organikoan sartu baldin badu lanpostua, hobekuntza gisa, lanpostua finkatze aldera.

c) Toki entitate batek, kontratazioari eusteko, beste toki entitate batekin hitzarmena egiten badu, entitate bakoitzari dagokion diru-laguntzaren portzentajea aplikatuko zaio eskaerari, oinarri honen beraren b) atalaren arabera. Batasuneko entitateek eskatuz gero, proportzionaltasuna aplikatuko da, entitate bakoitzean ematen den denboraren arabera.

d) Toki entitateen batasunen kasuan, entitateren batek agortua badu diruz lagungarria den gehieneko kontratazio-epea, diruz lagungarria den epea agortua ez duen toki entitateari dagokion kontratazioa hartuko da kontuan.

e) Hasieran kontratatutako pertsona bat aldi baterako ordezteko egiten diren kontratazioetan, diru-laguntzaren kalkulua egiteko aplikatzen diren ehunekoak izanen dira ordeztutako hasierako kontratazioari dagozkion berberak.

6. oinarria. Dokumentazioa.

6.1. Diru-laguntza eskatzen duten toki entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskabidea, horretarako diseinatutako ereduan aurkeztu beharko dena nahitaez; Interneten eskuratzen ahalko da, helbide honetan: www.igualdaddegenero.navarra.es.

Baturik aurkezten diren toki entitateen kasuan, kontratazioa egiten duen toki entitatearen ordezkariak sinatu beharko du eskaera.

b) Toki entitatearen Idazkaritzaren ziurtagiria, 3. oinarriko baldintza guztiak betetzen dituela ziurtatzen duena.

c) Kontratazioa bi toki entitatek edo gehiagok sinatutako akordio baten bidez gauzatzen bada, haiek 2017rako ezarritako akordioaren kopia.

d) Toki entitatearen eta berdintasuneko agente lanetan aritzeko kontratatutako pertsonaren arteko 2017ko kontratuaren kopia, behar bezala konpultsatua. Eskaera aurkezteko epea bukatzen den egunerako dokumentu hori aurkezterik ez badago, entitateak formalizatu bezain laster bidaliko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.

e) Toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiria, agentearen kontratazioa indarreko legediaren arabera egin dela frogatzen duena.

6.2. Betebehar horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean, ez da eskatuko dokumentazio hori aurkezteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatu bezala. Azken kasu horretan, agiria zein espedientetan jasotzen den zehaztu beharko da, eta hala egin dadila eskatzen ahalko da.

Era berean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraituz, ez da beharrezkoa izanen edozein administraziok egindako dokumentuak aurkeztea, baldin eta interesdunak haiek kontsultatzeko adostasuna adierazi badu.

6.3. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada, toki entitateari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera ezetsi eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

7.1. Diru-laguntzarako eskabideak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Berdintasunerako Institutuari zuzenduta. Era berean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako lekuetan aurkezten ahalko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun naturaleko epean.

Gaitutako helbide elektroniko bat adieraziko da eskabideetan, eta horixe izanen da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta toki entitate eskatzaileen arteko jakinarazpen eta komunikazio bide nagusia.

Gainera, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan harpidetuta egon beharko du eskatzaileak. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikorako prozeduretan izena eman. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa erabiliko da foru agindu honek eragindako prozeduran eskatzaileekin izan beharreko hartu-eman guztietan.

Posta bulegoen bitartez aurkezten diren eskabideek gutun-azal ireki baten barrenean egon beharko dute, data eta zigilua jartzeko, haiek igorri baino lehen, Posta Zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan aurreikusitako moduan.

Eskabideak Erregistro Orokor Elektronikoan aurkezten ez badira, toki entitateek Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinarazi beharko diote non aurkeztu diren, gestionrecursosinai@navarra.es helbide elektronikoaren bidez.

8. oinarria. Balorazioa eta diru-laguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Sustapenaren eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio diru-laguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

8.2. Eskaerak baloratzeko, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko teknikarien edo bereziki kualifikatutako teknikarien laguntza izan dezake, eta egokiak iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

8.3. Eskaerak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira:

Lehentasun hurrenkera ezartzeko, hasteko deialdi honen aurretik egindako kontratazioei emanen zaie lehentasuna, eta horien artean antzinatasun handiena dutenei, hau da: kontratazioko zazpigarren, seigarren, bosgarren, laugarren, hirugarren, bigarren eta lehenbiziko urtea.

Kontratazioko lehenengo urteko eskaeretan, biztanleria handieneko toki entitateen eskaerak lehenetsiz ezarriko da lehentasun hurrenkera.

8.4. Sustapenaren eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio ebazpen proposamena. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita entitate onuradunek diru-laguntzak jasotzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

9. oinarria. Ebazpena.

9.1. Eskaera aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 2 hilabeteko epean emanen du diru-laguntzarako ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak; hura entitate interesdunei jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz. Epe hori bukatuta ebazpen espresik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

9.2. Diru-laguntzak emateari buruzko ebazpenean entitate eskatzaileen zerrenda eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko dira, eta, kasua bada, zein eskaerari esan zaien ezetz.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak www.igualdaddegenero.navarra.es web-orriaren bidez jarriko ditu jendaurrean emandako diru-laguntzak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 20. artikuluan ezarritako baldintzetan.

10. oinarria. Diru-laguntzen ordainketa eta justifikazioa.

10.1. Diru-laguntzaren ordainketa:

Diru-laguntzaren ordainketa honela eginen da:

–Lehen ordainketa, berdintasuneko agentea urteko lehen 6 hilabetean kontratatzearen ondoriozko kostuak edo, zein den kasua, 2017ko ekainaren 30a arteko kontratazioaren ondoriozkoak; aldez aurretik, toki entitateko Idazkaritzak emandako ereduaren araberako ziurtagiria eta 10.2 atalean adierazitako dokumentazio guztia aurkeztu beharko dira. Lehen ordainketaren frogagiriak aurkezteko epea 2017ko abuztuaren 11n bukatuko da.

–Bigarren ordainketa, kontratazioaren azken 5 hilabeteei dagokiena, edo kontratazio osoari, toki entitateak ordainketa bakarraren alde egin badu; aldez aurretik, toki entitateko Idazkaritzak emandako ereduaren araberako ziurtagiria eta 10.2 atalean adierazitako dokumentazio guztia aurkeztu beharko dira. Frogagiriak aurkezteko epea 2017ko azaroaren 30ean bukatuko da.

10.2. Diru-laguntzaren justifikazioa:

Toki entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Honako hauek aurkeztuko dituzte 2017ko abuztuaren 11n, beranduenez:

–Aukera berdintasuneko agenteak 2017ko lehenengo seihilekoan zein funtzio eta jarduketatan parte hartu duen, horiek biltzen dituen memoria, ereduaren arabera prestatua; Nafarroako Berdintasunerako Institutuan jaso daiteke eredua, edo Interneten, helbide honetan: www.igualdaddegenero.navarra.es.

–Izenpetutako kontratuaren kopia konpultsatua, baldin eta aldez aurretik Nafarroako Berdintasunerako Institutura igorri ez bada.

–Toki entitateko Idazkaritzaren ziurtagiria, agentearen kontratazioa indarreko legediaren arabera egin dela adierazten duena, baldin eta aldez aurretik igorri ez bada.

–Kontratazio kostuaren eta ordura arte benetan ordaindutako gastuaren justifikazioa. Horretarako, Idazkaritzak luzatutako egiaztagiria aurkeztuko da, gastua diruz lagundutako jardueran egoki aplikatu dela ere frogatzen duena.

–Dokumentu bidezko froga bat, erakusteko bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako kontratazioan daukaten parte-hartzearen berri emateko betebeharra, egiten den publizitatean eta zabalkundean eta diruz lagundutako kontratazioari buruzko dokumentazio guztian Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta honako testu hau txertatuz: “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagunduta / Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad”.

b) Honako hauek aurkeztuko dituzte 2017ko azaroaren 30ean, beranduenez:

–Aukera berdintasuneko agenteak 2017. urtean zein funtzio eta jarduketatan parte hartu duen, horiek biltzen dituen memoria, ereduaren arabera prestatua; Nafarroako Berdintasunerako Institutuan jaso daiteke eredua, edo Interneten, helbide honetan: www.igualdaddegenero.navarra.es

–Toki entitateko Idazkaritzaren ziurtagiria, agentearen kontratazioa indarreko legediaren arabera egin dela adierazten duena.

–Izenpetutako kontratuaren kopia konpultsatua, baldin eta aldez aurretik Nafarroako Berdintasunerako Institutura igorri ez bada.

–Kontratazioaren guztirako gastuaren eta ordura arte benetan ordaindutako gastuaren justifikazioa. Horretarako, Idazkaritzak luzatutako egiaztagiria aurkeztuko da, gastua diruz lagundutako jardueran egoki aplikatu dela ere frogatzen duena.

–Dokumentu bidezko froga bat, erakusteko bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako kontratazioan daukaten parte-hartzearen berri emateko betebeharra, egiten den publizitatean eta zabalkundean eta diruz lagundutako kontratazioari buruzko dokumentazio guztian Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta honako testu hau txertatuz: “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagunduta / Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad”.

–Idazkaritzaren ziurtagiria, diru-laguntzaren xederako hartutako diru-sarrera, laguntza, baliabide eta diru-laguntzak jasoko dituena. Hori guztia 12. oinarriaren e) letran xedatutakoa ezertan galarazi gabe.

10.3. Instrukzio organoaren iritziz, gastuen justifikazioa eta haiek frogatzeko egindako ordainketena nahikoa ez bada, errekerimendua eginen dio toki entitateari, beharrezko frogagiriak erants ditzan hamar egun naturaleko epean. Toki entitateak eskabidean adierazten duen gaitutako helbide elektronikora eginen da errekerimendu hori.

10.4. Kontratazioaren behin betiko guztirako kostua diru-laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostua baino txikiagoa bada, edo gastua eta ordainketa frogatzeko agirien bidez justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, diru-laguntzaren zenbatekoa proportzioan gutxituko da, betiere erabat gauzatzetik hurbil samar ibili bada eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jokabidea izan dela frogatzen bada.

11. oinarria. Bateragarritasuna.

Diru-laguntza hau bateragarria da Nafarroako Berdintasunerako Institutuak xede eta helburu bererako ematen dituen beste batzuekin, betiere horiek, guztira, ez badira oinarri hauetan ezarritako gehieneko zenbatekoak baino handiagoak.

Gainera, deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen entitate onuradunek bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen laguntzak eta diru-laguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu eta xede bererako, baldin eta haien guztien batura ez bada diru-laguntzen deialdi honen xede den kontratazioaren kostuaren %100 baino handiagoa.

12. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, deialdi honen babesean diru-laguntza jasotzen duten toki entitateek gardentasunari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3.1. eta 4.1. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Halaber, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta oinarri hauetan ezarritako betebeharrez gain, toki entitate onuradunek beharkizun hauek ere bete beharko dituzte:

a) Diruz lagundutako kontratazioa egitea eta deialdiaren helburua betetzea.

b) Prestakuntza saioan parte hartzea, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak prestakuntza saiorik antolatuz gero diru-laguntzaren onuradun diren toki entitateetako teknikarientzat, foru agindu honen babesean.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari diru-laguntzaren xedeko kontratazioan sortzen den edozein aldaketaren edo gorabeheraren berri ematea, eta aldez aurreko baimena eskatzea edozein aldaketa egiteko.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako diru-laguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol teknikorako lanak onartzea.

e) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, diru-laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, diru-laguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Dena dela, diru-laguntza ematearen gainean ebatzi ondoren jakinez gero, justifikazioaren unean eman beharko da haren berri, jasotako funtsa zertan aplikatu den adierazita.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak egoki erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaion araudian agindutako moduan.

g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea eta “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagundua/Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad” dioen testua idatziz edo ahoz egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundetan agertzea, bai eta berdintasuneko agentearen lanaren esparruan prestatzen den dokumentazio guztian ere.

13. oinarria. Diru-laguntzak itzultzea.

1. Entitate onuradunak deialdi honen oinarrietan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, diru-laguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak. Diruaren itzulpena eskatzeko prozedura Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

2. Aurrekoa gorabehera, bidezkoa izanen da eskubidea kentzea eta jasotako diru guztia itzularaztea baldin eta toki entitateak, bere erabakiz eta bidezko arrazoirik gabe, berdintasuneko agentearen kontratazioa bukatu eta ez bada beste berdintasuneko agente bat kontratatzen hilabeteko epean.

Ildo horretan, entitate onuradunek diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.

14. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

15. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarri arautzaileen eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

16. oinarria. Arau osagarriak.

Oinarriotan ezarri gabeko orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatutakoak aginduko du.

Iragarkiaren kodea: F1708352