141. ALDIZKARIA - 2017ko uztailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

297E/2017 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten da 2017an Nafarroan enpresa digitala eta 0.4 industria sustatzeko diru-laguntzaren deialdia.

2017an Nafarroan enpresa digitala eta 0.4 industria sustatzeko diru-laguntzaren deialdiak aurreikusten du ETE-ei (enpresa txiki eta ertainak) diru-laguntzak ematea merkataritza elektronikoa ezartzeko proiektuetarako eta enpresarako soluzioak hodeian hartzeko proiektuetarako.

Halaber, laguntza jaso dezakete honako hauek: IKT soluzio berritzaileetako lankidetza proiektuak, enpresaren lehiakortasuna hobetzeari aplikatuak, eta “fabrikazio aurreratua” (4.0 Industria) esparruko proiektuak.

Nafarroako Gobernuak 2017ko ekainaren 21ean hartutako Erabakiaren bidez, baimendu zen diru-laguntza hau ematea Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan aipatzen den banakako ebaluazio prozeduraren bidez.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2017an Nafarroan enpresa digitala eta 0.4 Industria sustatzeko diru-laguntzaren deialdia onestea.

2. Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Ebazpen honetatik datozen konpromisoei aurre egiteko 320.000 euroko gastua baimentzea, honela banaturik:

–120.000 euro, merkataritza elektronikoa ezartzeko eta enpresarako soluzioak hodeian hartzeko ("cloud computing") proiektuetarako.

–200.000 euro, IKT soluzio berritzaileetako lankidetza proiektuetarako, enpresa lehiakortasunaren hobekuntzan aplikaturik, eta “fabrikazio aurreratuko” proiektuetarako.

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810011-81220-7709-467900: Diru-laguntzak. ETEak digitalizatzeko proiektua

2017

120.000,00

810011-81220-7709-467900: Diru-laguntzak. ETEak digitalizatzeko proiektua

2017

200.000,00

Aurkeztutako eskaera guztiak ebatzi ondoren proiektu mota baten gastu baimenduan soberakinik izanez gero, bestearen gastu baimenduan erabiltzen ahalko da.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2017ko ekainaren 30ean.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea honako hau da:

–ETE-ek Informazioaren eta Komunikazioen Teknologiei (IKT) hel diezaieten bultzatzea.

–IKT soluzioak har daitezela sustatzea, enpresaburuen kudeaketari eta “fabrikazio aurreratuari” (4.0 Industria) aplikaturik; soluzio horiek lankidetzan garatuko dira bezero den enpresa baten eta hornitzaile teknologiko den enpresa baten artean.

2. oinarria.–Kostu diruz lagungarriak.

1. Honako proiektu mota hauek jaso ditzakete diru-laguntzak, baldin eta ondoren aipatzen diren beharkizunak betetzen badituzte:

A) Merkataritza elektronikoa ezartzea eta enpresarako soluzioak hodeian hartzea ("cloud computing").

B) IKT soluzio berritzaileetako lankidetza proiektuak, honako hauei aplikatuak:

B.1) Enpresen lehiakortasuna hobetzea.

B.2) “Fabrikazio aurreratua” (4.0 Industria).

2. A motako proiektuek [Merkataritza elektronikoa ezartzea eta enpresarako soluzioak hodeian hartzea ("cloud computing")], beharkizun hauek bete beharko dituzte:

2.1. Merkataritza elektronikoa ezartzea:

a) Sistema estandarretan garatu beharko da, eta gailu mugikorretara egokitua egon beharko du.

b) Enpresa eskatzailearen izenean egonen da merkataritza elektronikoa bere baitan hartzen duen domeinua.

c) B2C merkataritza elektronikoaren plataformek aukera eman beharko dute eskatzaileak merkatuan jartzen dituen produktu edo zerbitzuak kontratatzeko, eta online ordainketen transakzioak denbora errealean egiteko.

d) B2B merkataritza elektronikoaren plataformek aukera eman beharko dute on-line kontratuak egiteko. Ordaintzeko, transakzioaren xedeko ondasun edo zerbitzuen izaerarentzat egokitzat jotzen den edozein ordainketa sistema baliatzen ahalko da.

e) Diru-laguntzaren xedetzat joko da turismoaren sektoreko enpresek web-orriak sortzea edo egokitzea, baldin bere baitan biltzen badute edozein erreserba plataformatako integrazioa, horrela aukera emanez eskaintzen diren zerbitzuak online kontratatzeko edo erreserbatzeko.

2.2. Enpresa soluzioak hodeian ("cloud computing") hartzeko, “cloud computing” teknologietan oinarritu beharko dira, ETEa kudeatzeko esparruei loturik, haren lehiakortasuna hobetzeari begira.

3. B motako proiektuek (“IKT soluzio berritzaileetako lankidetza proiektuak, enpresaren lehiakortasuna eta “fabrikazio aurreratua” (4.0 Industria) hobetzeari aplikatuak”) IKT soluzioak ezarriko dituzte, lankidetzan garatuko direnak enpresa baten (hornitzaile teknologikoa) eta lehiakortasuna hobetzeko soluzioa ezartzen duen enpresaren artean (bezeroa den enpresa).

Diruz lagungarritzat joko dira honako esparru hauekin zerikusia duten lankidetza proiektuak:

a) Mugikortasunaren esparruan aritzen diren enpresaren kudeaketa hobetzeko soluzio teknologikoak (B.1 proiektuak).

b) Fabrikazio aurreratuaren (4.0 industria) hainbat esparrutan aplikatzen diren proiektu ziberfisikoak, hala nola zibersegurtasuna eta komunikazioak, “cloud computing”, “big data” eta analitika aurreratua, robotika, errealitate birtual eta handitua, ikuspen artifiziala, sentsore bidezkoa edo fabrikazio gehigarria. (B.2 proiektuak).

4. Diru-laguntza jasotzen duten proiektu guztietatik Interneten kargatzen diren edukietan emakumearen aurkako bereizkeriaren irudiak galaraziko dira eta emakumeen eta gizonen rolen berdintasuna eta aniztasuna bultzatuko dira. Orobat, hizkera sexistaren erabilera saihestuko da eduki horiei erantsitako testu guztietan.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Laguntza eskaera aurkezteko unean beharkizun hauek betetzen dituzten enpresak izaten ahal dira onuradun (enpresaburu autonomoak, merkataritzako sozietateak, kooperatibak, fundazioak, elkarte eta sozietate zibilak, nortasun juridikoa izan edo ez):

a) Helbide fiskala Nafarroan izatea, eta alta emanda egotea ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ).

b) Nolakoa den diru-laguntza jasoko duen proiektua, honelakoak izanen dira enpresak:

–ETEak, A motako proiektuentzat.

–B motako proiektuen kasuan, bezeroa den enpresa ETEa edo enpresa handia izaten ahalko da, eta hornitzaile teknologikoak ETE izan beharko du eta aurrekoari lotu gabea.

Enpresen tamaina zehazteko, ETEaren definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoari jarraituko zaio.

c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala balegokio honako honen arabera: Nafarroako Industria Erregistroa sortzen duen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikulua (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

2. Nortasun juridikorik ez duten eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adina ahalmen dituena.

Kasu horietan, berariaz adieraziko dira diru-laguntzaren eskaeran zer konpromiso hartzen dituen bere gain batasuneko kide bakoitzak. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean kide bakoitzak aplikatu beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko da. Kideok ere onuraduntzat joko dira.

3. Lehenbiziko ataleko b), c) eta d) letretako beharkizunak betetzen direla frogatzeko, enpresek eskaeran datorren erantzukizunpeko adierazpena erabiliko dute.

Alabaina, diru-laguntza eskatzearekin baimena ematen zaio Garapen Ekonomikorako Departamentuari honako datu hauek kontsultatzeko diru-laguntza ematen duen ebazpenaren proposamena egiten den unean, eskatzen diren beharkizunak betetzen direla berresteko:

–Ekonomia-jardueren gaineko zergaren (EJZ) altako data eta epigrafea.

–Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatea.

–Lan-bizitzari buruzko txostena, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak emana, enplegatuen batez besteko kopurua egiaztatzearren.

–Eskatzailearen datu fiskalak, negozioaren bolumena eta balantzea egiaztatzearren.

–Oinarri honetan ezarritako beharkizunak betetzen direla egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein informazio.

4. Ezin dira laguntza hauen onuradun izan:

a) Arrantza, akuikultura eta nekazaritza produktuen produkzio primarioko enpresak, izan ere sektore horiek bazterturik daude Batzordearen 1407/2013 EE Erregelamenduaren aplikaziotik. Erregelamendu hori Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa da, “de minimis” laguntzei buruz.

b) Erakunde autonomoak eta sozietate eta fundazio publikoak.

c) Enpresak eta horiei loturik dauden edozein pertsona edo entitate, baldin haien jarduera deialdi honen diru-laguntzaren xedeko proiektuei badagokie; salbu dira B motako proiektuetan hornitzaile teknologiko gisa diharduten enpresak.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta burutzeko epea.

1. Proiektu motaren arabera, honako hauek izanen dira diru-laguntza jaso dezaketen gastuak:

1.1. A motako proiektuak:

1.1.1. Merkataritza elektronikoa ezartzea: kanpoko aholku-emaile espezializatuak onuradunari fakturatu dizkion gastuak, merkataritza elektronikoaren plataforma bat ezartzeko proiektuari dagozkionak zalantzarik gabe, barnean direla merkataritza hori bere baitan hartzen duen web-orria sortzeko edo eguneratzeko gastuak.

Merkataritza elektronikoaren plataforma enpresaren kudeaketa sistemarekin integratzeko kostuei loturiko gastuak egozten ahalko dira diru-laguntza jaso dezaketen proiektuaren gastu gisa. Integrazio horretan honako hauek sartzen ahal dira: fakturazio eta kontabilitate prozesuak, salmenten idazpen bakarra (salmentaren tiketak), faktura-aukera, bezeroen datu-basea, salmenten analisia eta stocken kudeaketa.

Transakzioen lege, logistika eta segurtasun alderdiei buruzko aholkularitza kostuak, merkataritza elektronikoaren plataforma ezartzeari lotuak, diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptutzat hartuko dira.

Diru-laguntza jaso dezakeen aurrekontuaren gutxieneko zenbatekoa 2.000 eurokoa izanen da.

1.1.2. Enpresarako soluzioak hodeian hartzea (“cloud computing”): zerbitzua emateagatik onuradunari fakturatu zaizkion gastuak. “Software as a Service” (SaaS) formatuko aplikazioak ezartzen dituzten proiektuetan, zerbitzu horren kostuak jasotzen ahalko du diru-laguntza, ezartzen direnetik lehen 12 hilabetean gehienez ere.

Diru-laguntza jaso dezakeen aurrekontuaren gutxieneko zenbatekoa 3.000 eurokoa izanen da.

1.2. B motako proiektuak:

1.2.1. IKT soluzioa ezartzen duen enpresa bezeroarentzat: hornitzaile teknologikoak IKT berritzailearen aplikazioa garatzeko fakturatzen dizkion kontsultoretza eta aholkularitza teknologikoko gastuak, eta proiektuari zuzenean lotutako kanpoko beste gastu batzuk.

“Fabrikazio aurreratuari” loturiko proiektuetan, gainera, proiektuari zuzenean lotutako hardwareko gastu eta inbertsioak egozten ahalko dira diru-laguntza jaso dezaketen gastu gisa; gehienez ere, kontsultoretza eta aholkularitza kostuen %50.

1.2.2. Hornitzaile teknologikoarentzat: zerbitzu teknologikoak kontratatzeko gastuak, proiektuari lotuta eta hura garatzeko ezinbestekoak direnak; gehienez ere, enpresa bezeroari fakturatu beharreko zenbatekoaren %50.

2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Diru-laguntza jasotzen duen proiektuari zuzenean lotuta ez dauden gastuak.

b) Eskatzaileak berak edo hari lotutako edo elkartutako enpresek egindako gastuak.

c) Software lizentzietako gastuak eta hardwareko gastuak, salbu aurreko puntuan aurreikusitakoak B.2) motako proiektuetarako.

d) Langileria gastuak, gastu arruntak, altzarietako gastuak, kontsumigarrietako gastuak, obretako gastuak eta, oro har, diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuetan espres sartuta ez daudenak.

3. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuetako bat 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza eta “Hornitzailea hautatzeko justifikazioa” izeneko inprimakia aurkeztuko ditu.

Onuradunak ez dira behartuta egonen hiru eskaintzak eskatzera ondoko kasuetan, baina aipatutako inprimakian justifikatu beharko dira:

a) Diru-laguntzen xede diren gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan hornitzaile edo zerbitzu-emaile diren entitateak aski ez direnean.

b) Gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin denean.

c) Lehendik egin denean hornitzaileen aukeraketa prozesu bat, bermatzen duena eskaintza tekniko-ekonomiko hoberena aukeratzea.

d) Gastua hornitzaile horrekin aurretik izandako proiektu, garapen edo lankidetza baten ondorioa denean.

4. Proiektuak gauzatu eta diru-laguntza jaso dezaketen gastuak egiteko epea 2017ko urtarrilaren 1etik 2017ko azaroaren 30era bitartekoa izanen da.

Ondorio horietarako, gastua egin dela ulertuko da epe horren barrenean fakturatu eta ordaindu denean.

5. oinarria.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Hauek dira diru-laguntza jaso dezaketen gastuen gaineko laguntzaren portzentajea eta gehieneko laguntza, proiektu motaren eta enpresa onuradunaren tamainaren arabera:

A MOTAKO PROIEKTUAK

ETEa

ENPRESA HANDIA

Laguntza (%)

Gehieneko laguntza

Laguntza (%)

Gehieneko laguntza

A) Merkataritza elektronikoa ezartzea

%60

6.000 euro

Diruz ez lagungarria

A) Enpresarako soluzioak hodeian hartzea (“cloud computing”)

%60

6.000 euro

Diruz ez lagungarria

B MOTAKO LANKIDETZA PROIEKTUAK

ETEa

ENPRESA HANDIA

Laguntza (%)

Gehieneko laguntza

Laguntza (%)

Gehieneko laguntza

B.1) Kudeaketa hobetzeko soluzio teknologikoetarako proiektuak

–Enpresa bezeroa

50

15.000

20

15.000

–Teknologia arloko hornitzailea

30

4.000

Diruz ez lagungarria

B.2) 4.0 Industriako proiektuak

–Enpresa bezeroa

60

30.000

30

30.000

–Teknologia arloko hornitzailea

30

4.000

Diruz ez lagungarria

2. %5eko laguntza gehigarria emanen zaie ondoko neurrietakoren bat hartzen duten enpresei, emakumeen eta gizonen arteko lan arloko edozein bereizkeria saihesteko:

a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat izatea. Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritako irismenaren eta edukiaren arabera prestatu eta aplikatu beharko da.

b) Aitortzaren edo bereizgarriren bat lortu izana bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatu dituelako (esate baterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarria edo NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen “Reconcilia zigilua”, eta abar).

c) Bizitza pertsonaleko, laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko neurriak edo berdintasuna sustatzekoak, frogatzeko modukoak, aplikatu izana. Neurri horiek frogatzeko, enpresaren eta langileen ordezkariek sinatutako dokumentua aurkeztuko da.

6. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2017ko abuztuaren 18an bukatuko da, egun hori barne.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da, 12. oinarrian ezarritako moduan lortuko dena.

3. Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz, betiere epe barnean badago. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

4. Honako hau da eskaerari gehitu behar zaion dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa (dokumentuak bereiz aurkeztuko dira, izenarekin behar bezala identifikatuta daudela):

a) “Proiektuaren memoria eta erantzukizunpeko adierazpena” izeneko inprimakia, behar bezala betea. Inprimaki horretan proiektua deskribatzen duen txostena, proiektu mota bakoitzerako ezarritako edukiaren gidoiari jarraitzen diona, eta 3., 13. eta 14. oinarrietan eskatzen diren beharkizunen gaineko erantzukizunpeko adierazpena sartzen dira.

b) Aurrekontuaren kopia, egin beharreko lanen zenbateko xehakatuekin batera.

c) “Hornitzailea hautatzeko justifikazioa” izeneko inprimakia eta 4.3 oinarrian aipatzen diren hiru eskaintzak.

d) Eskaera ordezkari baten bidez aurkezten bada, ahalordetze-eskritura, edo eskatzailearen dokumentu pribatuaren kopia, ordezkariari eskaera aurkezteko baimena ematen diona.

e) Zein den kasua, 5.2 oinarrian adierazitako dokumentazioa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko neurriak hartzeagatik laguntza gehigarria eman izana frogatzen duena.

f) Proiektua zuzen baloratzeko interesekotzat jotzen diren dokumentu guztiak.

5. B motako proiektuetarako, enpresa bezeroak eta hornitzaile teknologikoak bereiz aurkeztuko dituzte eskaerak. Nolanahi ere, azken hori egin beharko da soilik baldin gastu diruz lagungarriak badaude, proiektuari lotutako kanpoko zerbitzu teknologikoak kontratatzeagatik.

6. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin da inondik inora zuzendu.

7. oinarria.–Prozedura eta baloraziorako irizpideak.

1. Diru-laguntza hauek banakako ebaluazioaren araubidean emanen dira. Hori dela-eta, oinarri honetan ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira eskabideak eta ebaluazio horren emaitzaren araberakoa izanen da diru-laguntza.

Eskaerak zer hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira, laguntza zer proiektu motatarako eskatzen den kontuan izanda, eta aurrekontuetan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

Eskaerak aurkezteko ordena bereiziko da, proiektuak A eta B motakoak izan.

2. Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

a) A motako proiektuak: proiektuak baloratuko dira egiaztatzeko ea 2. oinarriko 2.1 eta 2.2 puntuetako beharkizunak betetzen diren.

b) B motako proiektuak: honako irizpide hauek kontuan hartuta baloratuko dira:

–Proiektuek Nafarroan garatutako eta ezarritako IKT aplikazioak izan beharko dute.

–Berrikuntza bat izan beharko dute beren sektorean Nafarroan; 2009ko Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren hirugarren digituan definitzen da sektorea.

–Berritzaileak izan beharko dute teknologiaren ikuspuntutik edo produktu nahiz zerbitzu bati aplikatzearen ikuspuntutik.

3. Hurrengoek osatzen duten kide anitzeko organo batek ebaluatuko ditu B motako proiektuak:

a) Enpresa Sustapenaren Zerbitzuko zuzendaria.

b) 4.0 Industria Sustatzeko Ataleko burua.

c) 4.0 Industria Sustatzeko Ataleko teknikari bat.

d) I+G+b Zerbitzua ordezkatzen duen pertsona bat.

8. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

1. Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta, B motako proiektuen kasuan, ikusirik kide anitzeko organoaren irizpena, organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

2. Laguntza hauek emateko prozedurako ebazpenen jakinarazpen guztiak 12. oinarrian adierazitako moduan eginen dira.

9. oinarria.–Jarduketaren justifikazioa.

Onuradunek, 2017ko azaroaren 30a arteko epean, hura barne, honako justifikazio agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, laguntzen fitxaren bidez:

a) Justifikazioaren inprimakia, laguntzen fitxan eskuratzen ahal den ereduaren araberakoa. Proiektu mota bakoitzerako ezarritako edukiaren gidoiaren araberako txostena sartuko da inprimaki horretan, egindako proiektua justifikatzeko, eta aitorpen bat, helburu bererako jasotako laguntzei buruz.

b) Fakturak eta haien ordainagiriak, eskaera aurkezten duen enpresaren izenean egon beharko dutenak (bankuko dokumentuak bakarrik onartuko dira).

Fakturek eta ordainketek 2017ko urtarrilaren 1etik 2017ko azaroaren 30era bitarte eginak izan beharko dute.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Onuradunak informatzeko betebehar hori betetzen ez badu, ez da onartutako diru-laguntza ordainduko.

b) Diruz lagundutako jarduera egin dela aurreko oinarrian ezarritako moduan frogatzea.

c) Laguntza eman dela zabaltzea enpresaren web-orriaren bidez, testu hau sartuta: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jaso du, 2017an Nafarroan enpresa digitala eta 4.0 Industria sustatzeko deialdian”.

d) Diru-laguntza jasotzen duten merkataritza elektronikoaren plataformak eta IKT soluzioak jardunean izatea, gutxienez ere bi urtez, ordaintzea ebazten denetik aurrera.

e) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru zenbateko horiek askatzen badira, behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira diru kopuru horiek.

11. oinarria.–Diru-laguntza ordaintzea.

1. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak, besteak beste gardentasunari buruzko aitorpena aurkeztu izana.

2. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak diru-laguntza ordaintzeko ebazpena emanen du 2018ko urtarrilaren 31 baino lehen.

12. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Administrazio-egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoan.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

2. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematikaren bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) zerbitzuen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

13. oinarria.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

1. Deialdi honen diru-laguntzak bateraezinak dira jarduketa beretarako Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste diru-laguntza batzuekin, baina bateragarriak beste entitate batzuek ematen dituztenekin.

Betiere, jarduera bererako emandako diru-laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

2. Ondorio horietarako, eskatzaileek eskaeraren inprimakian adieraziko dute zer diru-laguntza lortu dituzten helburu bererako, beste administrazio publiko batzuetatik edo Estatuko zein nazioarteko beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.

14. oinarria.–’’De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati emaniko “de minimis” laguntza osoa, gehienez ere, 200.000 eurokoa izanen da, edo 100.000 eurokoa, errepide bidezko garraioko sektorean diharduten enpresen kasuan, hiru zerga-ekitaldiko edozein denboralditan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.

15. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1708311