14. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OTEITZA

Aldaketa, Udal kiroldegiaren erabilera arautzen duen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Oteitzako Udalak, 2016ko azaroaren 17an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Udal kiroldegiaren erabilera arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2016ko 228. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 25ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Oteitzan, 2017ko urtarrilaren 13an.–Alkatea, Tirso Salvatierra Martínez de Eulate.

ITURTXIPIA UDAL KIROLDEGIAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza da Iturtxipia udal kiroldegia erabiltzea.

Subjektu pasiboa

3. artikulua. Ordenantza honetan araututako tasen subjektu pasiboak izanen dira kirol instalazioak erabiltzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoak eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 104. artikuluan ezarritako gainerako entitateak.

4. artikulua. Ez da tasarik galdatuko kirol instalazioak edo lokalak erabiltzeagatik, San Salvador ikastetxe publikoak erabiltzen dituenean eskola-ordutegian.

Idoya Kirol Klubak 7 euroko tasa ordainduko du urtean jokalari bakoitzeko, eta horrek eskubidea emanen die instalazio guztiak erabiltzeko baina soilik entrenamendu orduetan.

Sortzapena

5. artikulua. Tasa ordaindu beharra zerbitzua edo jarduera egiten hastean sortuko da, edo eskatzen den unean.

Tarifak

6. artikulua. Aplikatuko diren tasak ordenantza honen eranskinean ezarri dira eta osoko bilkurak urtero eguneratu ahalko ditu ordenantza aldatuta.

Kudeaketarako eta diru-bilketarako arauak

7. artikulua. Udalaren kirol instalazioetarako sarrera edo abonamendua lortzen den unean kobratuko da behar den tasa.

8. artikulua. Egun baterako balio duten sarrerak edo txartelak instalazioetan sartzeko unean erdietsiko dira. Hortaz, diru-bilketarako arau berezia izanen da tasak instalazioetako diru-bilketa zerbitzuei ordaindu behar izatea. Haiek behar diren sarrerak emanen dituzte, ordainagiritako balioko baitute.

Ordenantza honen aurkako arau-haustetzat joko da esparruan sartzea dagokion tasa ordaindu gabe. Jokabide horrek berehalakoan esparrutik kanporatzea ekarri ahalko du.

9. artikulua. Instalazioak igerilekuen denboraldian erabili ahal izateko, udako abonamenduak edo hilabetekoak espresuki zehazten den maneran emanen dira.

Igerilekuak erabiltzeko arauak

10. artikulua. Urtero Udalak erabakiko du noiz hasi eta noiz bukatuko den igerilekuen denboraldia, baita zein ordutan irekiko diren ere.

11. artikulua. Helduen igeri-ontziaren edukiera kontuan hartuz, ez da aldi berean 200 igerilari baino gehiago sartzea baimenduko.

12. artikulua. Nahitaezkoa da aldagelak erabiltzea, eta espresuki debekatua dago hortik kanpo jantzi eta biluztea.

13. artikulua. Adingabeak: espresuki debekatua dute 8 urtetik beherakoek igerileku handiko esparru hesitura sartzea, haien segurtasunaz arduratuko den pertsona batekin ez badoaz behintzat.

–Dutxa eta hankak garbitzekoa erabili behar dira igerilekuetako esparru hesitura sartzen den aldiro, eta ez da horietan “pasieran ibiliko” edo “geldituko”.

–Gainerako erabiltzaileak ez trabatzen edo arriskuan ez jartzen saiatu beharko da (baloiak, koltxonetak, saltoak eta abar).

–Debekatua dago erabilera anitzeko orraziak, txapelak eta bainujantziak erabiltzea, bai eta alokatzea ere.

–Ezin izanen dute igerilekua erabili gainerakoak kutxa ditzakeen gaixotasunik edo zauririk dutenek.

–Debekatua dago salbamendu-jakak erabiltzea beharrik gabe edo berezkoak ez dituen eginkizunetarako.

–Igerilekuaren esparruan beti oinutsik egon behar da.

14. artikulua. Debeku da igerilekuen esparruan arriskugarri gerta daitekeen edozein material sartzea, kristalezko objektuak kasu.

15. artikulua. Ezin da lorategian otordurik egin; tabernako instalazioak erabiliko dira horretarako. Ezin dira jan pipak edo instalazioak zikinduko dituzten bestelako jakiak.

16. artikulua. Tabakismoaren kontrako osasun neurriei buruzko Legea: Erretzea baimendua dago aire zabalean dagoen igerilekuaren esparruan, salbu eta haurren parkea eta txipli-txaplako igerilekua dauden eremuan. Erretzea debekatuta dago kirol instalazioetan eta aldageletan. (42/2010 Legearen 7 e) artikulua)

17. artikulua. Instalazioen ardura duten langileek ahalmena dute egiten diren arau-hausteak ebazteko eta neurri egokiak hartzeko, erregelamendu hau eta ezartzen diren arauak hobeki bete daitezen.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe utzi dira Udal igerilekua erabiltzeko prezio publikoa arautzen duen ordenantza eta ordenantza honi kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko arauak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek ondorio juridikoak izanen ditu haren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osoki argitaratu eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioak toki entitateei, haien egintza edo erabakiak indargabetzeko, errekerimendua egiteko duen ahalmena erabiltzeko epea iragan ondoan; hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 262. eta 326. artikuluetan xedatuarekin bat.

Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatua aplikatuko da.

ERANSKINA

Kirol instalazioak erabiltzeko tasak arautzen
dituen ordenantzaren tarifak

Urteko abonamendua:

–6 urtetik beherakoak: dohainik.

–6tik 14 urte bitarte, biak barne: 80 euro.

–15etik 64 urte bitarte, biak barne: 100 euro.

Udako denboraldia:

–Udako abonamendua:

  • 6 urtetik beherakoak: dohainik.
  • 6tik 14 urte bitarte, biak barne: 50 euro.
  • 15etik 64 urte bitarte, biak barne: 70 euro.

–Hilabeteko abonamendua:

  • 6 urtetik beherakoak: dohainik.
  • 6tik 14 urte bitarte, biak barne: 20 euro.
  • 15etik 64 urte bitarte, biak barne: 30 euro.

–Eguneko sarrera:

  • 6 urtetik beherakoak: dohainik.
  • 6tik 14 urte bitarte, biak barne: 3 euro.
  • 15etik 64 urte bitarte, biak barne: 6 euro.

Urtearen gainerakoa:

–Hilabeteko abonamendua:

  • 6 urtetik beherakoak: dohainik.
  • –6tik 14 urte bitarte, biak barne: 8 euro.
  • 15etik 64 urte bitarte, biak barne: 12 euro.

–Eguneko sarrera:

  • 6 urtetik beherakoak: dohainik.
  • –6tik 14 urte bitarte, biak barne: 2 euro.
  • 15etik 64 urte bitarte, biak barne: 4 euro.

Jaioturtea izanen da kontuan, adina dela-eta, tarifak kobratzerakoan.

Hobariak.

65 urtekoek edo hortik gorakoek, desgaitasuna dutenek (%33ko gutxieneko minusbaliotasuna frogatu beharko dute) eta langabetuek (egoera hori frogatzeko Nafarroako Enplegu Zerbitzuak luzatutako agiria aurkeztu beharko dute) hobaria izanen dute tarifan eta, hortaz, honako hau ordainduko dute:

–Urteko abonamendua: 80 euro.

–Udako abonamendua: 50 euro.

–Hilabeteko abonamendua: 20 euro udan eta 8 euro neguan.

–Eguneko sarrera: 3 euro udan eta 2 euro neguan.

Lau kide edo gehiago abonaturik dituzten familia-unitateek (Familia Liburua aurkeztu beharko dute) %20ko hobaria izanen dute.

Hobariak ez dira metagarriak izanen, eta haietako bat aukeratu beharko da.

–Herritik kanpoko 10 laguneko (gutxienez) taldeen kasuan, Udalak 5 euro kobratuko ditu lagun eta sarrera bakoitzeko.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Iragarkiaren kodea: L1700591