1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
179E/2017 EBAZPENA, ekainaren 28koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, granulazio lerro berriaren eta siloak handitzeko proiektuan suteetatik babesteko neurriei dagokienez bete beharko diren neurriak ezartzen dituena. Proiektua Artaxoako udal-mugartean pentsu konposatuak egiteko dagoen instalazioaren aldaketa nabarmenari lotua dago. Instalazioaren titularra Piensos Costa SA da.
Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 30eko 884/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abuztuaren 22ko 387E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua.
2014ko ekainaren 26an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, granulazio lerroa ezartzeko eta siloak handitzeko. Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak 2014ko uztailaren 25ean emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez zen funtsezkoa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, horregatik, ez zen beharrezkoa Ingurumen baimen integratu berria ematea; aldaketa nabarmena da, ordea, aldaketa garrantzitsuak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu-baldintzetan, eta, horregatik, aldaketak Ingurumen baimen integratuan jaso eta hura aldatu beharra dago.
2014ko irailaren 12an, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzeko eskaera egin zuen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko, hau da, produktuaren granulazio lerro bat ezarriko da, eta gorotzen eta industriagaien hondakin-uren isurketak udalaren saneamendu kolektorera lotuko dira. Industriagaien isurketak galdara eta konpresoreen purgatze-lanen eta trukaketen erretxina birsortzeko lanen ondorio dira.
Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 10eko 112E/2017 Ebazpenaren bidez, instalazio horren Ingurumen baimen integratua aldatu zen. Haren I. eranskinean, baimenean aldatutako baldintzak zeuden; II. eranskinean, berriz, produktuaren granulazio lerro berria abian jarri eta gero egin behar diren neurketak.
Osagarri gisa, granulazio lerro berriaren eta siloan handitzeko proiektuan suteetatik babesteko neurriei dagokienez bete beharko diren neurriak ezarri beharrak dira.
Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.
Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan titularrari entzutea emateko tramitea bete da hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidaten eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
Lehenbizikoa.–Granulazio lerro berriaren eta siloak handitzeko proiektuan suteetatik babesteko neurriei dagokienez bete beharko diren neurriak ezartzea, ebazpen honen eranskinean ageri diren baldintzei jarraikiz. Proiektua Artaxoako udal-mugartean pentsu konposatuak egiteko dagoen instalazioaren aldaketa nabarmenari lotua dago. Instalazioaren titularra Piensos Costa SA da.
Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
Laugarrena.–Ebazpen hau Piensos Costa SAri, Artaxoako Udalari, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2017ko ekainaren 28an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.
Iragarkiaren kodea: F1708166