Iragarkia
136. ALDIZKARIA - 2017ko uztailaren 14a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
261/2017 EBAZPENA, ekainaren 22koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta funtzionamendua 2017-2018 ikasturtean arautzeko jarraibideak onesten dituena.
Ebazpen honen xedea jarraibide batzuk onestea da, indarreko araudiko zenbait alderdiren xehetasunak eman eta garatzeko balio dutenak, ikastetxeen antolaketa egokia eta funtzionamendu ona lortzeko, 2017-2018 ikasturtean.
Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak ebazpen hau onestearen eta aurreko puntuan adierazitako jarduketak arautzearen aldeko txostena aurkeztu du.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ebazpen honen eranskinetan ageri diren jarraibideak onestea. Jarraibide horiek Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta funtzionamendua arautuko dituzte 2017-2018 ikasturtean.
2. Ebazpen honetan aipatutako jarraibideak ikastetxe pribatu itunduei aplikatuko zaizkie, indarra duten arauei jarraikiz, dagozkien afera orotan.
3. Ebazpen hau eta eranskinak argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
4. Ebazpen hau eta bere eranskinak Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren, Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Unibertsitateen Zerbitzuari, Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Zerbitzuari, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegoari eta Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2017ko ekainaren 22an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.
I. ERANSKINA
Haur Hezkuntzako bigarren zikloa eta Lehen Hezkuntza ematen dituzten ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua 2017-2018 ikasturtean arautzeko jarraibideak
Ikasturte hasierako jarraibideek indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta argitzen dituzte, eta arautu gabeko beste batzuk arautzen, ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko. Horrez gain, ikasturtean lehentasunez landu behar diren ildoak ezartzen dituzte.
Jarraibideak hiru kapitulutan daude bereizita:
Lehenbizikoa, urteko programazio orokorrari buruz. Bertan ikastetxearen hobekuntza planaren gaineko argibideak ematen dira, bai eta ebaluazioetan duen parte-hartzearen gainekoak ere, hobetzen ahal diren eremuak detektatzeko.
Bigarrenean, antolakuntza alderdi batzuk zehazten dira, ikastetxearen funtzionamendurako beharrezkoak direnak.
Hirugarrenean, gehien erabiltzen diren LOEren ondoriozko arauak zerrendatzen dira.
I.–Urteko programazio orokorra
Urteko programazio orokorra oinarrizko tresna da, ikastetxeko plangintza, antolaketa eta funtzionamendua biltzen dituena. Dokumentu hori prestatzeko orduan, zorroztasuna, erraztasuna eta erabilgarritasuna hartuko dira kontuan.
Autonomiaren, erantzukizunaren eta efizientziaren printzipioekin bat etorriz, zuzendaritza taldeak bere baliabideak kudeatu behar ditu, eta plangintza bat egin behar du ikasleentzako laguntza zein emaitza akademikoak hobetzeko (antolaketa, ordutegia, barruko eta kanpoko koordinaziorako egutegia, etab.).
Urteko programazio orokorrak izan behar dituen atalak Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoen Erregelamendu Organikoaren 49.2 artikuluan daude ezarrita (24/1997 Foru Dekretua), baita erregelamendu hori garatzen duen 257/1998 Foru Aginduan ere. Ikastetxeen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko urteko jarraibide hauek zenbait zehaztapen erantsi zizkieten atal horiei. Agiri horiek bateratzearen ondorioz, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak honako aurkibide hau proposatzen die ikastetxeei urteko programazio orokorra egiteko:
A) Urteko plana/Hobekuntza plana.
B) Ikastetxearen ordutegi orokorra eta hura prestatzeko irizpide pedagogikoak.
C) Ikastetxearen Hezkuntza-proiektuaren/curriculumaren urteko zehaztapena.
C.1. Etapen curriculumaren zehaztapena (aldaketak).
C.2. Aniztasunari arreta emateko urteko plana.
C.3. Orientazio akademikoaren plana. Tutoretza plana.
C.4. Bizikidetza plana.
D) Gobernu organoak eta koordinazio didaktikorako organoak.
D.1. Eskola-kontseilua eta klaustroa.
D.2. Zuzendaritza taldea.
D.3. Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen urteko lan plana.
D.4. Hezkuntza Sostengurako Unitatearen urteko lan plana.
D.5. Antolaketa multzoen taldeen urteko lan plana.
E) Ikastetxeko prestakuntza plana.
F) Jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak.
G) Zerbitzu osagarriak.
H) Urteko programazio orokorraren ebaluazioa.
Urteko programazio orokorra partekatzen duten landa eskolek ale bat igorriko dute, koordinazio taldea osatzen duten ikastetxeen izena berariaz aipatzen duena. Taldea osatzen duten ikastetxe guztietako zuzendaritzen ardura izanen da, nahiz eta horietako baten izena adierazi Hezkuntza Departamentuarekin solaskide jarduteko. Halaber, eragin eremuko landa eskolak koordinatzeko eta laguntzeko eginkizunak gauzatzen dituen pertsonaren izena eta dedikazio-orduak adieraziko dira.
Urteko programazio orokorra partekatzen duten landa eskolek berariaz aipatuko dituzte eskola guztiek partekatzen ez dituzten plangintza edo antolamendu irizpideak agertzen dituzten atalak, ikastetxeka bereizita.
1.–Autoebaluazioa eta ikastetxeko hobekuntza plana.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gauzatzen duen hobekuntza planen ikuskapenaren barnean, ikasturte honetan ikastetxeen jarduera autoebaluatzeko tresna bat jarriko da ikastetxeen eskura, eta horretatik ondorioztatuko dira ondoz ondoko hobekuntza planak 2018-2019 ikasturtetik aurrera.
Beren jarduera neurtzeko, ikastetxeek eta multzoko taldeek barne-ebaluazio edo autoebaluazio bat eginen dute 2017-2018 ikasturtean, hiru gauzatze-mailatan:
a) Ikastetxeko zuzendaritza.
b) Multzoko taldeak.
c) Irakasleak.
Autoebaluazioaren emaitzen neurketa eta analisia Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikastetxeei lehen hiruhilekoan emanen dizkien jarraibide osagarrien babesean gauzatu behar dira. Halaber, ikastetxeei hiru gauzatze-mailetako bakoitzerako tresna bat emanen zaie, horretarako berariaz prestatua.
Ikastetxearen autoebaluazioa objektiboki eta zorrotz gauzatuko da, jarraibide osagarrietan adierazitako eremu, estandar eta adierazle homologatuen arabera.
Antzemandako beharrizanen analisitik abiatuta, ikastetxeak jarduera hobetzeko bi urteko berariazko plan bat prestatuko du, gaur egun hobekuntza planaz ezagutzen dena ordeztuko duena. Plan horren diseinua 2017-2018 ikasturteko azken memorian gehituko da, eta 2018-2019 eta 2019-2020 ikasturteetan aplikatuko da. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gauzatuko du plan horren ikuskapena, ikastetxeetako urteko programazio orokorra jarraitu eta ikuskatzeko esparruaren barnean.
Hezkuntza Departamentuak, bere zerbitzuen bidez, ikastetxe bakoitzaren hobekuntza planak garatzen eta haien helburuak lortzen lagunduko du, orientazioak, proposamenak, jardunbide egokien adibideak eta, halakorik bada, irakasleei prestakuntza emanez, ikastetxeek hobekuntzarako ildo eta jarduketak lehenesteko eta hautatzeko laguntza izan dezaten. Datuetan oinarritutako egoeraren analisia erraztu eta bateratzeko, Educa kudeaketa sistema izanen da informazio iturria.
Ikastetxearen prestakuntza plana prestakuntza instituzionalaren gakoa da. Zuzendaritza taldeak ezarriko du haren edukia, jardueraren autoebaluaziotik eta hobekuntza planetik eratorritako premiak kontuan hartuta.
Eremuko prestakuntza planari dagokionez, landa eskoletako zuzendaritza taldeak izanen dira haren edukia adosten dutenak. Eremuko koordinatzaileari dagokio zuzendaritzek onetsitako jarduerak eta ekintzak kudeatzea.
2.–Bizikidetza eta berdintasuna.
2.1. Bizikidetza. Laguntza programa.
Ikastetxe bakoitzaren bizikidetza planean curriculumeko eta antolaketako neurriak biltzen dira bizikidetza, tratu ona eta eskola giroa hobetzeko, indarkeria mota guztiak saihesteko eta gatazken, eskola-jazarpenaren, abusuen eta eskola-elkartea osatzen dutenen segurtasun fisikoa, emozionala edo pertsonala arriskuan jartzen duten diskriminazioaren edo tratu txarren egoerei aurrea hartzeko eta arreta emateko.
Programazio horretan nabarmenduko da zein garrantzitsua den eskola-elkarte osoa inplikatzea prebentzioa, tratu onak, gatazken konponketa, emozioen aldetik seguruak eta osasungarriak diren inguruneak sortzea eta eskola-jazarpena desagerrarazteko jarrera irmoa lantzeko orduan.
Urteko programazio orokorra partekatzen duten landa eskolek berariazko plan bat gehituko dute, bai bizikidetza bai esperientzien eta jardueren trukea sustatzeko ikasleen artean irakastorduetan zein eskolaz kanpokoetan eta, oro har, eskola-elkarteko kideen artean.
Hezkuntza Departamentuak orientazioa, prestakuntza eta aholkularitza emanen ditu bizikidetza planak garatzeko, Laguntza programaren zein ikastetxeen eskura dauden baliabide guztien bidez. Gatazkak konpontzeko eta eskola bitarteko aritzeko bizikidetza batzordeak osatzen dituztenen pixkanakako gaikuntza emanen du, indarkeria, jazarpena edo tratu txarrak agertzen dituzten egoeren aurrean esku-hartze goiztiarra eta kalitatekoa eskaintzeko moduan.
Bizikidetzarako Aholkularitzaren webguneak baliabideak, ereduak, protokoloak eta iradokizunak jartzen ditu ikastetxeen eskura haien jarduketa plana zehazten laguntzeko eta zenbait beharren aurrean (adibidez, suizidioa, dolua eta abar) berariaz nola erantzun adierazteko. Ikastetxe bakoitzean, bizikidetza plana eta haren urteko zehaztapena eguneratu, eta webgune horretan dagoen bizikidetzarako eta indarkeriaren prebentziorako indarreko araudira egokituko dira.
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/educacion-en-valores/asesoria-para-la-convivencia
Ikastetxe bakoitzeko tutoretza planean eta hezkuntza orientabidearen zereginetan, neurri eta jarduerak programatuko dira ikasleen artean bizikidetza giro ona sustatzeko, aniztasuna errespetatzen duena eta tratu onekin konpromisoa duena.
Urteko programazio orokorra partekatzen duten landa eskoletan, tutoretza plan hori eremua osatzen duten eskoletara hedatuko da.
2.2. Berdintasuna. Hezkidetza programa.
2017-2018 ikasturtean Hezkidetza programa abiaraziko da esperientzia pilotu gisa, Nafarroako hezkuntza sistema osoko etapa guztietako 13 ikastetxetan ezarrita.
Hezkidetza programak proposamen didaktiko ireki eta malgua emanen du ikasturte osoan garatzeko. Hainbat aplikazio aukera izanen ditu, etapen arabera, eta lehentasuna emanen zaie metodologia aktiboen erabilerari eta proiektukako lanari.
Esperientzia pilotuan parte hartzen duten ikastetxe guztiek hezkidetzako koordinatzailea izendatu, eta talde sustatzaile bat osatu beharko dute, zuzendaritza taldeko kide batzuk hartzen dituena eta ikastetxearen dinamizazioa eta parte-hartzea zein hezkidetzarekin duen konpromisoa bideratzen dituena.
Parte hartzen duten ikastetxeek erabakiko dute nola gehitu beren programazioan hezkidetzako helburu didaktikoak, etapen eta ikastetxeen ezaugarrien arabera. Horretarako, prestakuntza erdipresentzialeko eta aholkularitzako plan bat garatuko da ikasturte osoan, proposatutako programa behar bezala betetzeko eta ikastetxean ahalik eta gehien txertatzeko.
Etapa guztietarako gomendio orokor gisa, aldi berean ezarri beharreko bi estrategia proposatu dira:
1.–Programaren edukiak zeharka gehitzea irakasgaien bidez; horretarako, ikastetxeek bidezko jarraibideak jasoko dituzte.
2.–Proposatutako edukiak ikasleekin batera garatzea asteko saio baten bidez. Ordutegi-antolaketa hori, Lehen Hezkuntzarako eta DBHrako gomendagarria dena, ikastetxeko zuzendaritza taldeak adostu eta proposatuko du, hezkidetza taldearen eta Ikuskaritzaren laguntzaz.
0-3 urtetik Bigarren Hezkuntzara eta LHra arte parte hartzen duten ikastetxeen aniztasunak eta haien ezaugarri eta beharrizan bereziek esperientzia pilotuan programa osatzen duten neurrien garapena bermatzeko probatutako antolaketa-aukeren aniztasuna erakutsiko dute, beti denborak optimizatzeko eta hezkuntza helburuak betetzeko irizpideak aintzat hartuta.
Ikastetxeetatik informazioa emanen da Eskola Kontseiluaren, familien eta hurbileko tokiko ingurunearen bidez, ikastetxeetan gauzatzen diren helburuen eta proiektuen aldeko jarduketak koordinatzeko.
Ikastetxe pilotuek pilotaje fasean dagoen Hezkidetza programarekiko konpromisoa zehaztuko dute beren urteko programazio orokorrean, tutoretza plan, hobekuntza plan eta abarren urteko zehaztapenean egokitzat jotzen dituzten aipamenak gehituta.
Esperientzia pilotu hori abiarazteaz gain, hezkidetzako prestakuntza jarriko da interesatuta dauden ikastetxe guztien eskura. Prestakuntza horrek aukera emanen du ikastetxe horiek hurrengo ikasturtean onesten den eta hurrengo ikasturteetan pixkanaka-pixkanaka orokortuko omen den Hezkidetza planaren esparruan hezkidetzarekin duten konpromisoa abiarazteko.
3.–Aniztasunari erantzutea.
3.1. Hezkuntza laguntzako berariazko premiak.
Ikastetxeetako zuzendaritzek 2017-2018 ikasturterako aniztasunari erantzuteko planaren zehaztapen bat igorriko diote, euskarri elektronikoan, Aniztasunarekiko Arretaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalari. Bertan jasoko da zein diren ezarritako antolaketa-neurriak eta nola banatu diren esleitutako baliabideak.
Plan hori prestatzeko orientabideak Hezkuntza Departamentuaren webgunean kontsulta daitezke:
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/plan-de-atencion-a-la-diversidad
Ikasle guztiei behar bezalako arreta emateko, ikastetxeek ikasleen premia guztiei egokien erantzuten dieten neurriak antolatuko dituzte, indarreko araudian ezarritakoaren arabera: metodologia aldatzea, gaitasunei begira dagoen ebaluazio malgurako proposamenak, probetara egokitzea, estrategia didaktiko ireki eta malguak, sostengu inklusiboak eta abar.
Hezkuntzako arretarako neurrien artean, curriculum-egokitzapen garrantzitsuak diseinatuko dira hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzat, hala behar dutenean, funtsean helburuak eta trebetasunak garatzeko eta lortzeko. Horren gaineko erantzukizuna alor horretako irakasleei dagokie.
Berariazko egiturei atxikitako ikasleen curriculum-egokitzapen garrantzitsuak Pedagogia Terapeutikoko irakasleek egin behar dituzte.
Hezkuntza orientabidearen ardura dutenek irakasleak aholkatuko dituzte eta haiekin elkarlanean arituko dira curriculum-egokitzapen garrantzitsuak prestatzeko.
Halaber, berreskurapenerako planak eginen dira aurreko kurtsoetako irakasgaiak gainditzeko dituzten gainerako ikasleentzat.
Tutoreek eta laguntzako irakasleek emanen diete arreta hezkuntza sistemara berandu sartu izanagatik eta/edo egoera sozial eta kultural ahulean izateagatik hezkuntza laguntzako premiak dituzten ikasleei, lehentasunez klase-taldearen barrenean, ikaslearen erreferentziako ikasgelan. Kasu horietan, berdinkideen arteko lankidetza eta laguntza bultzatuko dira, ikasle horiek ikasgelan gertatzen den ikaskuntza prozesuan beren ikaskideekin batera parte hartzeko behar diren laguntza guztiak emanda.
Nolanahi ere, hezkuntzako arretarako neurrien jarraipena ikaslearen tutoreari dagokio. Horretarako, Hezkuntza Sostengurako Unitatea koordinatzen duen orientatzailearen aholkularitza izanen du, hezkuntza-inklusioaren irizpideari helduta.
Ikastetxeek bermatuko dute aniztasunari erantzuteko garatzen diren programazioak, esperientziak, baliabideak eta materialak irakasle taldeen eskura daudela, etengabe eta ondoz ondoko ikasturte akademikoetan.
2017-2018 ikasturtean “Aniztasunaren trataerarako Nafarroako Plan Estrategikoa (2017-2018, 2020-2021)” abiaraziko da. Plan horrek honako helburu hauek ditu: aniztasunerako arretak Nafarroako ikastetxeetan duen egoeraren analisia egitea, ikuspegi inklusibotik aniztasunaren tratamendua egokitzeko diren neurriak hartzea, eta esparru arau-emaile, antolatzaile eta metodologikoa, neurri horiei egonkortasuna eta jarraitutasuna ematen dizkiena, lortzea.
Horretarako, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak aniztasunerako trataerari buruzko analisi hori egiteko behar diren adierazleak emanen dizkie ikastetxeei.
Prozesu horretatik sortzen diren hobekuntza proposamenak 2017-2018 ikasturteko memorian jasoko dira, eta hurrengo ikasturteko Aniztasunaren trataerarako Planaren urteko zehaztapenaren abiapuntua izanen dira.
3.2. Esku hartzea absentismoaren aurrean.
Eskolatzea erabatekoa izan dadila lortzeko eta derrigorrezko hezkuntzaren etapan absentismoa murrizteko, batera eta testuinguruari helduta jardun behar dute hezkuntza komunitate osoak, oinarrizko gizarte zerbitzuek, Adingabearen Babes eta Sustapenerako Atalak eta fiskaltzak.
Absentismoa da eskolako bizitzarekin bat egiteko dauden oztopoen adierazpen argienetako bat. Lehentasunezkotzat jotzen da ikasleak erregulartasunez joatea eskolara beste helburu batzuk lortzeko (ezagutzak, gizarte harremanak, oinarrizko gaitasunak, etorkizunean lana, bizitza soziala eta kulturala izateko aukera...).
Arazoa diagnostikatu eta horri aurre egiteko, ikastetxeek absentismoaren protokoloa erabili behar dute. Hezkuntzako ikuskapenak eginen du protokolo horren aplikazioaren jarraipena ikastetxeetan.
Ikastetxearen errealitate hori zehazki ezagututa, sareko lana bultzatuko da inguruneko instituzio guztiekin (OGZ, HNAET, adingabearen babesa eta abar), jarduteko estrategiak prestatzeko, inguruneko beharrekin bat egiten dutenak.
4.–Ebaluazioa eta hobekuntza.
Ebaluazioa etengabeko hobekuntzari lotuta dago, eta funtsezko laguntza eta baliabidea da, gainera, errealitatea eta ikastetxeetan aurrera eramaten diren hezkuntza jarduketen ondorioak hobeki ezagutzeko. Alde horretatik, hobekuntza planean sartu beharreko neurriak eta esparruak ezartzeko orduan, ikasleen hiruhilekoko emaitzak (behar diren neurriak hartzeko informazio eta hausnarketa iturri izan beharko direnak) eta hurrengo puntuetan zehaztuko diren ebaluazioen emaitzak hartuko dira kontuan.
Urteko programazio orokorra partekatzen duten landa eskolek ikasleen emaitzen baterako ebaluazioa prestatu, eta eremuko ikastetxe bakoitzaren ebaluazioa ere eginen dute.
4.1. Banakako ebaluazioa hirugarren kurtsoa bukatzean.
Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 20. artikulua aplikaturik, ikastetxeek banakako ebaluazio bat eginen diete Lehen Hezkuntzako 3. kurtsoko ikasle guztiei.
Hezkuntza Departamentuak jarraibideak emanen ditu proben aplikazioa eta zuzenketa arautzeko.
4.2. Ebaluazio diagnostikoa laugarren kurtsoa bukatzean.
2/2006 Lege Organikoaren 144. artikuluan xedatutakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuak Lehen Hezkuntzako 4. mailan diagnostiko helburua duen ebaluazio bat garatzea ezarri du.
Ikastetxeek ebaluazio diagnostikoa eginen diete Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasle guztiei.
Ebaluazio eta Kalitate Atalak koordinatuko du ebaluazio hori. Gaitasunak ebaluatzeko probak eginen dira kanpoan, eta ikastetxeetan aplikatu eta zuzenduko dira.
Ikastetxeko zuzendaritza plangintzan arituko da eta behar diren neurriak hartuko ditu, bai proben aplikazioan bai zuzenketan eta txostengintzan parte hartu behar duten irakasleek zeregin horiek beren lan ordutegian bete ahal izan ditzaten. Ebaluazio horrek ikastetxeentzat prestakuntza eta orientazio izaera duela kontuan hartuta, proben eta emaitzen azterketaren erantzukizuna irakasle guztiena da. Azterketa horretatik informazio garrantzitsua aterako da hezkuntza arreta detektatutako premietara egokitzeko.
Ebaluazio hori negatiboa baldin bada, irakasle-taldeak neurri egokienak hartu behar ditu, arruntak edo ohiz kanpokoak izan, etapako lehendabiziko lau mailetan etengabeko ebaluazioan bildutako informazioarekin bat.
Ahal bada, probak maiatzean eginen dira eta behar bezain goiz jakinen da zer egunetan zehazki.
Ikastetxeek erabakiko dute noiz eta nola helarazi txostenak familiei ikasturtea amaitu baino lehen. Gomendagarria da hori tutoretzaren testuinguruan egitea. Halaber, erabakiko dute emaitzak nola igorriko zaizkion klaustroari, azter eta balora ditzan. Hausnarketa egin ondoren, hobekuntza ildoak planteatuko dira. Eskola-kontseiluari emanen zaio horren berri eta horren ondorioz hartutako neurrien berri.
4.3. Ebaluazio diagnostikoa seigarren kurtsoa bukatzean.
5/2016 Errege Lege Dekretua aplikatuta, diagnostiko helburua duen lagin ebaluazio bat eginen da, Lehen Hezkuntza amaitutakoan.
Hezkuntza Departamentuak jarraibideak emanen ditu proben aplikazioa eta zuzenketa arautzeko.
Lehen Hezkuntzako 6. kurtsoan, berariazko ebaluazio diagnostikoaren probak ere eginen dira, British edo PAI programa egiten duten ikasleei dagozkienak.
4.4. Barneko ebaluazioak ikasturtea bukatzean.
Aipatu ebaluazioez gainera, ikastetxeek etapa bukaerako barneko ebaluazio probak egiten ahalko dituzte Haur Hezkuntzan, eta kurtso bukaerakoak Lehen Hezkuntzan, hobekuntza planaren barruan. Ikastetxeek pixkanaka-pixkanaka beteko dute Hezkuntza Departamentuaren mailaren edo etaparen ebaluaziorik ez duten mailetako barneko ebaluazioa, eta aurreko ikasturteetan erabilitako probak egokitzen ahalko dituzte.
Proba horiek bi helburu izanen dituzte:
a) Alde batetik, ikaskuntzen koherentzia eta progresioa bermatuko dira etapan zehar.
b) Bestetik, hiru hilean behin eginen den etengabeko ebaluazioaren ondorioz eta ikasturte bukaerako ebaluazio horien ondorioz, identifikatuko da zer ikasle dagoen arriskuan eta jarraipen zorrotza eginen zaio etapan zehar.
5.–AbiesWeb eta eskolako liburutegia.
Ikastetxeek eskatuz gero, eskura dute AbiesWeb programa, eskolako liburutegien kudeaketa informatizaturako programa. Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak instalatu eta martxan jarriko du. AbiesWeb erabiltzeko oinarrizko ikastaroa eginen dute, eta ikastetxeak programaren arduradun izateko aukeratzen dituen pertsonak horretara joaten ahalko dira.
Eskolako liburutegiko kudeaketaren arduradunei informatika bidez kudeatzeko eta eskolako liburutegia garatzeko ordu osagarri 1 edo 2 esleitzen ahalko zaizkie, ikastetxeak ordu erabilgarririk izanez gero.
Eskola liburutegiko arduradunen eginkizuna izanen da honako zeregin hauek egitea:
–Funts bibliografikoen eta beste material batzuen automatizazioa eta antolaketa.
–Mailegu sistemaren antolaketa.
–Irakurketaren sustapenari eta irakurzaletasuna bultzatzeko ikastetxeko planari lotutako ekintzen sustapena.
–Liburutegiak ikastetxean planifikatzen diren programa eta proiektuak egiten laguntzea.
–Liburutegiko ordutegia antolatzea, bai irakastorduetan bai eskolaz kanpokoetan.
II.–Antolaketari dagozkion alderdiak
1.–Ikastetxearen antolaketa.
2017-2018 ikasturtean, ikastetxeek bi edo hiru antolaketa multzo ezar ditzakete Lehen Hezkuntzan. Ikastetxeko zuzendariak ikasturte horretarako izendatutako koordinatzailearen agindupean arituko dira multzoetan.
Antolaketa multzo bakoitzaz arduratzen denak, ikasketa burutzak gainbegiratuta, hartan aritzen diren irakasleen talde-lana koordinatu eta garatuko du.
Antolaketa multzoko koordinatzaileak irakasleak izanen dira, multzo horretan irakasten dutenak, eta, lehentasunez, ikastetxe horretan behin betiko destinoa eta ordutegi osoa dituztenak.
Ikasle-talde berean irakasten duten irakasleek osatuko dute irakasle-taldea.
Ikasle-talde bakoitzak tutore bat izanen du, ikastetxeko zuzendariak izendatua, lehentasunez talde horretan irakastordu gehien ematen dituzten irakasleen artean.
2.–Koordinazio Pedagogikorako Batzordea.
Koordinazio Pedagogikorako Batzordea irakaskuntzaren koordinaziorako organoa da, curriculuma garatzeko behar diren alderdi pedagogikoak antolatzeko koherentzia begiratzen duena.
Haren eraketaren eta funtzionamenduaren gaineko araudian zikloko koordinatzaileei buruz agertzen diren aipamenak antolaketa multzoko koordinatzaileei dagozkie.
Urteko programazio orokorra partekatzen duten landa eskolek Koordinazio Pedagogikorako Batzorde bat osatuko dute, ikastetxeetako zuzendaritzak eta eremuko koordinatzailea bilduko dituena.
3.–Programazioen berrikuspena eta eguneratzea.
Ikasturte honetan, antolaketa multzo bakoitzeko irakasleek, koordinatzailearen agindupean, programazioak berrikusten eta eguneratzen jarraituko dute, antolaketa premietara egokitzeko.
Urteko programazio orokorra partekatzen duten landa eskolek programazioak berrikusten eta eguneratzen jarraituko dute, antolakuntza beharrizanetara egokitzeko, eta Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen bidez eginen dute.
4.–Lanaldia.
225/1998 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera izanen dute, beren eginkizunetara egokitua.
Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lan egunetan, egunean ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi etengabea egin beharko dute irakasleek.
5.–Zuzendaritza taldeen koordinazioa.
Ikastetxeen arteko koordinazioa handitzeko eta prestakuntza programetan parte hartzea areagotzeko, zuzendariak astearte goizak libre eduki ditzake, irakastordurik gabe, ikastetxearen aukeren arabera.
6.–Irakasleak lanera ez agertzea.
Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrola Hezkuntza Departamentuko web orrian ezarritakoari jarraituko zaio:
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal
Baja agiria Hezkuntza Departamentuan aurkezten bada, agiriaren kopia bat aurkeztu edo bidali beharko da ikastetxera, ahalik eta lasterren, bertan bajaren eta altaren datak zehatz-mehatz ezagut ditzaten. Ikastetxeko zuzendaritzaren iritziz salbuespenezko egoera bat gertatzen denean, agiria bidali ordez telefonoz jakinarazten ahalko da.
Irakaslea agertzen ez bada, falten agiriak lanera itzultzen den egunean berean aurkeztu beharko zaizkio zuzendaritzari. Falten agiria aurkezten ez bada irakaslea ikastetxera itzultzen den egunetik hasita 2 egun naturaleko epean, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko. Irakasleari ere jakinaraziko zaio idatziz.
7.–Guardiak.
Guardiako irakaslearen eginkizun nagusiak hauek dira:
a) Irakaslea lanera ez agertzeagatik edo beste edozein arrazoirengatik zaintzailerik ez duten ikasleei arreta ematea.
b) Korridoreetan ordena zaintzea, eta, oro har, ikasleek gelaz kanpo duten portaera. Horrek ez du esan nahi beste irakasleek eginkizun hori bete behar ez dutenik.
c) Beren guardia-orduetan sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, bai eta ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako kudeaketak egitea ere, eta ikasketaburutza lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.
d) Bere guardia-orduetan irakasleren bat berandu iristen bada edo agertzen ez bada eskoletara, guardia-txandetara, liburutegira edo bestelako jardueretara, horren berri ematea ikasketaburuari, idatziz.
e) Zuzendariak bere eskumeneko esparruan agintzen dion beste edozein eginkizun.
Zuzendaritzak baimena eman dezake irakasleren baten guardia-orduak berariazko beste jarduera batzuekin trukatzeko, baldin eta guardia-ordu guztiak beteta badaude.
Guardiako irakaslerik ez duten landa eskoletan ikastetxeetako zuzendaritzari dagokio irakasleren baten absentzia konpentsatzeko behar diren aldaketak antolatzea.
8.–Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak.
8.1. Gaitasun digitala eta hezkuntzako teknologia.
Hezkuntza Departamentuak Integra IKT proiektu esperimentala garatu du 2014-2015 ikasturtetik, I. eta II. faseetan hautatu ziren ikastetxeen hobekuntza planetan.
Proiektu horretan eta azken urteetan garatu diren beste proiektu pilotu batzuetan ateratako ondorioak abiapuntu izanik, 2017-2018 ikasturtean, Integratic-en I. faseko ikastetxeek parte har dezakete hezkuntzako teknologiaren ikastetxeen sare bat (IntegraTE-IntegraHTu) sortzeko prozesuan. Hartan, ikastetxeek beren proiektuak aurkez ditzakete irakasleen eta ikasleen gaitasun digitala, prozesu administratiboak eta informazio eta komunikazio sistemak hobetzeko. Hezkuntzako teknologia segurtasunez eta erantzukizunez erabiliz gauzatuko da arlo horietako hobekuntza.
Sare horretan parte hartzen duten ikastetxeek hezkuntzako teknologiaren koordinatzaile bat izanen dute, gutxienez, ikastetxearen gaitasun digitala hobetzeko programaren koordinazio pedagogikoa eramateko. Gainera, koordinatzaile horrek prestakuntza ekintzetan, esperientzia trukeetan eta prozesu orokorren jarraipenean eta ebaluazioan parte hartuko du, ikastetxean bertan edo telematikoki, ordutegi arruntaren barnean.
Ikastetxeen sarean parte hartzeko deialdia hurrengo urteetan zabalduko da, dagoeneko martxan dauden beste neurri batzuekin batera, hala nola banda zabal ultrazkarra hedatzeko plana, ikastetxeetan informatikako mantentze-lanetako ofizialak ezartzea eta ekipamendua eskuratzeko mekanismoak.
Aurrekoaz gain, ikastetxeek ILZen langileen aholkularitza didaktikoa izanen dute, bereziki hezkuntzako teknologien aholkulariena.
8.2. Informatikako mantentze-lanak.
Hezkuntzako Sistemen, Sareen eta Euskarrien Atalaren menpeko informatikako mantentze-lanetako ofiziala duten ikastetxeetan, teknologia berrien arduradunak ondoko helburuak izanen ditu:
–Google Apps, blogak, webguneak, Moodle, Classroom eta antzeko tresnen erabilera sustatzea eta gainerako irakasleei aholku eta laguntza ematea.
–Informazioaren eta komunikazioaren teknologiei buruzko prestakuntza plan bat prestatu eta gauzatzea, gidak eta tutorialak erabiliz.
–Sostengua ematea irakasleei softwareari buruzko gaietan (aplikazioak eta sistema eragileak).
–Ikastetxeko weba, intraneta, Moodle ikastaroak eta argitalpen elektronikoak kudeatzea.
–Informazioa trukatu ahal izateko behar diren baliabideak kudeatzea (Drive-ko karpeta partekatuak, NASa, biltegirako zerbitzaria, eta abar), irakasleen eta departamentuen arteko elkarlana sustatzeko.
Bestalde, informatikako mantentze-lanetako ofiziala arduratuko da ikastetxeko osagai informatiko guztien funtzionamendu egokiaz, eta ondokoak hartuko ditu bere gain:
–Hardwarea: ekipoen mantentze-lanak, matxurak konpontzea, inbentarioa kudeatzea eta ekipamendu berriak instalatzea.
–Softwarea: ekipoak prestatu eta konfiguratzea, gorabeherak konpontzea eta aplikazioak eta sistema eragileak instalatzea.
–Segurtasuna: ikastetxeko ordenagailuen eta wifiaren pasahitzak zaintzea, antibirusa instalatu eta eguneratzea, birusak garbitzea, eta identifikatzea noiz erabiltzen den sarea behar ez bezala edo segurtasunik gabe.
–Ikastetxeari aholkua eta sostengua ematea ekipoak nahiz softwarea erostean.
–Hezkuntza Departamentuaren jarraibideak aplikatzea hezkuntza berrikuntzaren programak, proiektuak eta ekintzak ezarri, antolatu eta garatzean, informazioaren eta komunikazioaren teknologien esparruarekin lotuta badaude.
Hezkuntza Departamentuan Erabiltzaileei Laguntzeko Zentro (ELZ) bat dago, eta irakasle guztiek horretara jotzen ahal dute edozein gorabehera informatikoren berri emateko.
Aldi berean, badago informatikako mantentze-lanetarako kontratu bat, ekipo informatikoetako (ordenagailuak, proiektagailuak, arbel digitalak, inprimagailuak, pantailak eta abar) hardware arazoak eta sistema eragilearen erroreak konpondu beharra dakarrena. Kontratu horretan ezarri da matxuratutako piezak (baita ekipo osoak ere) ordeztuko direla, ikastetxeari inolako kosturik eragin gabe. Horri buruzko informazio guztia PNTEren webeko kasuan kasuko atalean dago eskura: http://goo.gl/xUV3tz.
Aurretik aipatutako ELZ arduratuko da irakasleek jakinarazitako gorabeherak kudeatzeaz eta, mantentze-lanetarako kontratu horren bidez edo beste edozein baliabideren bidez, ahalik eta lasterren eta ongien konpontzeaz.
8.3. Ekipamendu informatikoaren erosketa.
Hezkuntza Departamentuan, ekipamendu informatikoa erosteko eskumena Hezkuntzako Sistemen, Sareen eta Euskarrien Atalari eskualdatu zaio.
Ikasturtearen hasierarako asmoa da esparru akordio bat indarrean egotea, bai hornitzaileak bai ekipo informatikoak (ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, proiektagailuak, pantaila interaktiboak, arbel digitalak, ChromeBooks izenekoak eta abar) homologatzen dituena.
Horrek erosketa-prozesuak erraztuko ditu, eta ikastetxeetarako egokienak omen diren ekipoak prezio onenean erostea ahalbidetuko du. Aldi berean, dagoen ekipamenduaren homogeneizazio handiagoa sustatuko du.
Hezkuntzako Sistemen, Sareen eta Euskarrien Atalak baimendutako salbuespenak izan ezik, bai Hezkuntza Departamentutik hornitzen den ekipamendu informatikoa bai ikastetxeek beraiek erosten dutena ekipo homologatuen zerrendan egon beharko dira. Bestela, ez da inolako zerbitzurik emanen ekipo horiei lotuta.
8.4. Softwarea.
Gogorarazi nahi da ikastetxeek ekipoetan erabili eta instalatzen den softwarearen legezkotasuna bermatu behar dutela.
Betebehar hori zuzendariari dagokio, araudiak esleitzen dizkion eskumenei jarraikiz.
Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzuak gomendatzen du software librea erabiltzea, baldin eta posiblea bada eta eskatutako beharrizanak betetzen baditu. Ikastetxe batek software jabeduna erabiltzen badu ekiporen batean, dagokion lizentzia eta hori egiaztatzen duten agiriak izan beharko ditu.
9.–Nahitaezko prestakuntza.
Nahitaezko prestakuntzarako urtean dauden 35 orduak bi multzotan sailkatuko dira: ikastetxearen prestakuntza instituzionala eta norberaren prestakuntza. Hori horrela, ikastetxeek prestakuntza instituzionalaren programa bat ezarriko dute ikastetxeko irakasle guztientzat. Prestakuntza horrek, urtean, 12 ordu iraunen du gutxienez. Zuzendaritza taldeak finkatu eta antolatuko du programa horren edukia eta nola banatu ikasturtean zehar, hobekuntza planaren helburuak kontuan hartuta, eta hori guztia ikastetxearen prestakuntza planean jasoko da. Lehentasunezkoa izanen da, eta irakasle guztiek nahitaez egin beharko dute. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du haien ezarpena.
Ikastetxe batean lan egiten duten irakasle guztiek bertan dauden bitartean antolatzen diren prestakuntza instituzionalaren jarduerak egin beharko dituzte, ikasturte berean beste ikastetxe batean prestakuntza instituzionaleko gutxieneko 12 orduak egin ezean. Kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko diote ikastetxeko zuzendaritzari, prestakuntza mota eta egindako ordu kopurua adierazita. Ordu kopuru hori 12tik beherakoa bada, irakasleak 12 ordu horiek lortu arte falta direnak egin beharko lituzke, gutxienez.
Urteko programazio orokorra partekatzen duten edo zeregin koordinatuak egiten dituzten landa eskoletan, ikastetxeen prestakuntza eremurako antolatuko da.
Ikasturte bakoitzean prestakuntza instituzionala nahitaez bete beharrekoa bada ere, norberaren prestakuntza bi ikasturteko epean egin daiteke, baldin eta bi urte horietan prestakuntzan emandako orduen kopuruak betetzen badu aurreko paragrafoan ezarritakoa.
Prestakuntza instituzionaltzat hartzen ahalko da zenbait saretan (adibidez, Osasuna, Jasangarritasun Eskolak eta Elkartasuneko Eskolak) parte hartzea, zuzendaritza taldearen lidergopean, edo hezkuntza-inklusioa eta eskola-arrakasta hobetzeko kontratu-programetan.
Zenbait ordu tarte erreserbatuko dira irakasle-taldeak horizontalki koordinatzeko saioak garatzeko, ebaluazio saioez aparte. Toki berezia hartuko du lehenengo koordinazio bilerak, ikasleei irakasteko jarduerak hasi baino lehen egiten denak. Ildo honetan, bereziki garrantzitsuak izanen dira Lehen Hezkuntzako lehen ikasmailako ikasleak koordinatzeko bilerak.
Prestakuntza instituzionalaren planaren helburua ulermenezko irakurketa hobetzea bada horretarako berariazko plan bat prestatuz eta abiaraziz, ikastetxeek irakasle bat esleitzen ahalko dute plan hori koordinatzeko. Irakurketa planaren koordinatzaileak astean ordu osagarri bat edo bi izaten ahalko du bere eginkizunak betetzeko, ikastetxearen tamainaren eta prestakuntza planaren garapenaren arabera.
Ikastetxe horietan, prestakuntza instituzionalaren planak hala eskatzen duenean, irakasleen taldeak horizontalki koordinatzeko saioetarako orduak prestakuntza ordutzat hartzen ahalko dira, irakurketaren aholkulariak horren berri izan ondoren oniritzia ematen badu.
10.–Ordutegi malgua.
Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek, kudeaketarako duten autonomiaz baliaturik eta beren behar eta helburuekin bat, malgutasuna izanen dute ikastetxeko ordutegia prestatzeko. Ildo horretan, gerta liteke irakasleen ordutegia ez etortzea guztiz bat ikasleen ohiko eskola ordutegiarekin.
Halaber, duten autonomia baliaturik, ikastetxeek Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen kurtsoan sartzen diren ikasleen egokitzealdia programatzen ahalko dute, Urteko Programazio Orokorrean sartuko dena. Egokitzealdiko ordutegia zehazteko, eskola-kontseiluari aditu beharko zaio.
Programazio horrek honako alderdi hauek hartu beharko ditu aintzat, besteak beste: egokitzea errazteko berariazko jarduerak diseinatzea, banakako beharrak kontuan hartzea, familiakoen parte-hartzea eta laguntza, ordutegien malgutasuna eta ikastetxearen antolaketa.
Ikasleak pixkana sartzea erabakitzen bada, gehienez ere hiru asteko epea izanen dute horretarako, eta, betiere, bermatu beharko dute ikasleei arreta denbora guztian ematea, hala eskatzen duten familien kasuan.
11.–Familiei informazioa ematea.
Ikastetxeko irakasle guztiek informazioa emanen diete familiei, ahal den lasterren, ikasleen eskola jardueraren gainean eragina duten eta garapen akademiko arrunta eragozten duten gorabehera garrantzitsu guztiei buruz. Informazioa koherentziaz igorriko dela bermatzeko, ikaslearen tutorearekin koordinatuta igorri beharko dute irakasleek.
Horretarako, prozesu horiei buruz beharrezkoa den informazio guztia emanen diete ikastetxeek gurasoei edo legezko tutoreei. Bizikidetza gatazken kasuan, ukituak gertatzen diren adingabeen legezko ordezkariei ere informazioa emanen zaie edo informazioa eskuratzeko aukera eskainiko zaie, babestu behar diren datuak eta interesak salbuetsita. Komunikazioa ahalik eta lasterren eginen da; beranduenez, hiru eskola egun igaro ondoren gertaerak ezagutzen direnetik.
12.–Lehen Hezkuntzako ebaluazioa.
Lehen Hezkuntzako ikasleak ebaluatzeko prozedura arautzen duen 72/2014 Foru Aginduan xedatutakoaren ondorioz, aurreko kurtsoetako arloren bat berreskuratzeko programa bat egiten ari diren ikasleen kasuan, GB siglekin (Gainditu Gabe) eginen da kalifikazioa matrikulaturik dauden kurtsoko arlo horretan, ikasleek ez badituzte egin matrikulaturik dauden kurtsoko curriculumeko edukiak. GB jartzea kalifikazio negatibotzat joko da.
10. artikuluan ezarritako ondorioetarako (Hurrengo mailara eta etapara pasatzea), izen berarekin egiten diren arloak arlo bakar baten gisa konputatuko dira, hurrengo mailara pasatzeko ondorioetarako.
13.–Erreklamazioak eta ebaluazio prozesuari buruzko agirien kopien eskaera.
Familiei haien seme-alaben bilakaeraren eta errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa bermatzeko, ikaslearen gurasoek edo legezko ordezkariek eskatzen dituzten argibideak emanen dituzte irakasleek. Horrez gain, idatzizko proba, ariketa eta lanak ikusten ahalko dituzte, ikastetxeak berak ezarritako prozedurari jarraituz.
Halaber, familiek zilegi izanen dute balorazioei eta kalifikazioei buruzko argibideak eskatzea irakasleari. Argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko prozedura Hezkuntzako kontseilariak maiatzaren 21ean eman 49/2013 Foru Aginduan araututakoa izanen da.
Halaber, ikasleek (eta, adingabeen kasuan, haien gurasoak edo legezko tutoreak) eskubidea izanen dute beren ebaluazioaren prozesua egiteko erabili diren agirien kopiak eskuratzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1a) artikuluaren arabera.
Ikastetxeek zerbitzu hori gauzatzeko behar den berariazko prozedura (komunikazio bideak, eskaera epeak, entrega epeak, tarifak...) arautu beharko dute plangintza instituzionalaren beren agirietan.
14.–Eskola informazioaren kudeaketa: Educa.
Educaren koordinazioa: zuzendaritza taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei Educa kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, sistema horren aldaketen eta funtzionaltasun berrien gaineko informazioa bilduko du, eta haiek koordinatu eta ikastetxean erabil daitezen sustatuko du.
Educa arloan ikastetxeetan koordinazio lana eginen duten pertsonen erregistroa izateko asmoz, zuzendariak “Educa koordinatzailea” lanpostu osagarria esleitu beharko du aplikazioan.
Hezkuntza Departamentuak prestakuntza eta informazio saioak antolatuko ditu ikasturtearen hasieran, koordinatzaileei, zuzendaritza taldeei eta AZLri Educa plataformaren berri emateko.
Hezkuntza Departamentuaren webgunean, Educari buruzko atalaren barnean, jarraibideak eta bideotutorialak argitaratzen dira, aplikazioaren moduluetara ohitzen laguntzen dutenak. Halaber, funtzionaltasun berriak (GLPI-Educa tresna) eskatu, gorabeherak jakinarazi edo euskarria eskatzeari begira, Educa taldearekin harremanetan jartzeko prozedura adierazten da.
2017-2018 ikasturtean, irakaslearen kaiera garatzen joanen da. Hori irakasleen kudeaketarako gailu mugikorretara egokitutako aplikazio batean zehaztuko da. Lehenbiziko fasea eskura egoten denean, non espero baita ikasleen sostenguaren kudeaketa sartzea, beharrezko informazioa emanen zaie ikastetxean Educa-ren koordinazioa egiten dutenei.
Ohartarazten da irakasleek @educacion.navarra.es posta-kontuak erabili beharko dituztela bai tutoretzan bai beren harreman profesionaletan.
Gainera, ikasleen kontuei dagokienez, geroko lan administratiboa errazteko asmoz, ikastetxeei eskatzen zaie matrikula prozesuetan ikasleen kontu horiek sortu eta erabiltzeko (jadanik sortu ez badira) eta “in situ” aktibatzeko baimena eska diezaietela familiei. Baimen hori kontua lehenbizikoz sortu eta aktibatzen denean eskatu behar da bakarrik. Hori eginda, kontua aktibaturik izanen da ikaslearen eskola bizitza osoan.
Bestetik, Hezkuntzako Sistemen, Sareen eta Euskarrien Atalari eskatu behar zaio ikastetxeko kontuak berariazko eginkizunetarako sortzea.
Zuzendariak Educa-tik ikastetxeen direktorioan (Ikastetxearen menua-Ikastetxearen informazioa) argitaratzen diren datuak (hala nola posta helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta webgunea) berrikusiko ditu, eta antzeman ditzakeen akatsen berri emanen dio Educa euskarriari. Gogorarazi nahi da beste datu interesgarri batzuk gehi ditzakeela, adibidez, ikastetxearen helburuak, balioak, sariak eta abar.
Ikastetxeei gogorarazten zaie komeni dela EDUCAk eskura dituen funtzionaltasun guztiak erabiltzea.
15.–Unibertsitateko ikasleen praktikak ikastetxeetan.
Hezkuntzarekin zerikusia duten unibertsitateko titulazioek prestakuntza praktikoa dute beren edukien artean. Praktiketako jarduera hori dagokion hezkuntza mailako ikastetxeetan egin behar da, eta, antolatzeko eta gauzatzeko orduan, beharrezkoa da irakasleen parte-hartzea.
Ikasturte bakoitzean ikasle horien tutoretza lana egiten duten irakasleek aintzatespen bikoitza izanen dute Hezkuntza Departamentuaren aldetik:
–Tutoretza: ikasturteko tutoretza lana egiaztatuko da. Lekualdaketa-lehiaketetan merezimendutzat joko da.
–Prestakuntza: praktiken tutoretza lana norberaren prestakuntza ordu gisa kontabilizatuko da; gehienez ere, 35 ordu. Orduak kalkulatzeko, tutoretzapeko praktiken ikasketa-planean aipatzen diren ECTS kredituen kopurua hartuko da aintzat. Ikasle baten tutoretza lanetan irakasle batek baino gehiagok parte hartzen badu, berdintasunean banatuko dira dagozkien prestakuntza orduak.
Praktiken tutoretzagatiko eta prestakuntzagatiko ziurtagiriak egin ahal izateko, ukitutako irakasleek jardueraren datuak jakinaraziko dizkiote Hezkuntza Departamentuari, Hezkuntzaren atarian dagoen inprimakia betez: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/tutorizacion-de-practicas, ekainaren 1a baino lehen.
Praktikak egiteko ikasleak hartzen dituen ikastetxeari “prestakuntza ikastetxe” izaera aitortuko zaio, eta Hezkuntza Departamentuak ikastetxeentzat ezartzen dituen deialdietan baloratuko da inguruabar hori, kasuan kasuko deialdian ezartzen den moduan, halakorik jasotzen bada betiere.
Adingabea Babesteko Legearen arabera, curriculumeko praktikak egiten dituzten ikasleek sexu-izaerako delituen ziurtagiri negatiboa izan beharko dute. Baldintza horren betetzea Hezkuntza Departamentuak unibertsitate bakoitzarekin sinatzen duen hitzarmenaren barnean dago, eta ikastetxeak agiri hori eskatzen ahalko dio ikasleari, praktikak hasi baino lehen.
Landa eskoletan eginkizun hori ikastetxeetako zuzendaritzek gauzatuko dute.
16.–Kalitatea kudeatzeko sistema.
Uztailaren 5eko 63/2013 Foru Agindua aplikatuta, kalitate sareetan parte hartzen duten ikastetxeek kalitatearen koordinazio-taldeak programatutako lana bete beharko dute.
Kalitatearen arduradunak eta, gutxienez ere, zuzendaritza taldeko beste kide batek dagokion sareko prestakuntza bileretara joan beharko dute, eta ikastetxeak bilera horietan erabakitako zereginak adierazitako epeetan eta behar den bezala betetzen dituela ziurtatzeko ardura izanen du.
Kalitatearen arduraduna KKSa ikastetxean ezartzeko koordinazioaz arduratuko da, eta sistema osoaren dokumentazioa eta erregistroak behar den bezala eta eskuragarri mantenduko ditu.
KKSaren aitorpenak lortu dituzten eta programaren ezarpenaren 4. fasean dauden ikastetxeek, modu autonomoan, beren kudeaketa sistemetan sakontzen jarraituko dute, etengabeko hobekuntzaren bidez (jardunbide egokiak, tresna informatikoak, irakaslanerako orientabideak...) erabateko kalitatea lortu arte.
17.–Lan arriskuen prebentzioa.
Ikasturtearen amaierako memorian Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak proposatu dituen eta benetan ezarri diren prebentziozko neurriak islatuko dira, arriskuen ebaluazioak egin baldin badira, eta egin ez diren eta iraungitako gauzatze-epea duten neurriak arrazoituko dira.
Ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoetarako protokoloa jakinarazi eta ofizioz aktibatuko dute, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako irakaskuntzako eta irakaskuntzaz kanpoko langileetako bati erasotzen zaionean.
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/riesgos-laborales/protocolos-de-actuacion
Ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokoloa dagoela jakinarazi beharko dute bai ikasturtearen hasierako klaustroan bai ikasturtearen amaierakoan. Halaber, irakaskuntzaz kanpoko langileei ere horren berri emanen zaie.
Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo hori bistaratuko da. Era berean, ikastetxeen barne-agirietan agertuko da: Internet, drive delakoa, etab.
Ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo horren berri eman beharko dute derrigor ikasturtearen hasieran familiekin egindako bileretan.
III.–Araudia
1.–Orokorra.
–47/2010 Foru Dekretua (Bizikidetza). 2010eko irailaren 24ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala. Uztailaren 2ko 57/2014 Foru Dekretuak aldatua (2014ko uztailaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).
–204/2010 Foru Agindua (Bizikidetza). 2011ko urtarrilaren 20ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–93/2008 Foru Agindua (Aniztasunari erantzutea). 2008ko uztailaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–63/2013 Foru Agindua (Kalitatearen kudeaketa). 2013ko abuztuaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala. 10/2015 Foru Aginduak aldatua (2015eko martxoaren 3ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).
–455/2013 Ebazpena (Begiraleen lan jarduketak). 2013ko irailaren 26ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–47/2010 Foru Dekretua (Ikasleen eskubideak eta betebeharrak). 2010eko irailaren 24ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala. 57/2014 Foru Dekretuak aldatua (2014ko uztailaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).
–112/2013 Foru Agindua (Banatze, dibortzio edo desadostasun egoeran dauden gurasoei buruzko jarraibideak). 2013ko abenduaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–66/2010 Foru Dekretua (Hezkuntzako eta lanbideko orientazioa). 2010eko azaroaren 29ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–1594/2011 Errege Dekretua (Maisu-maistren kidegoko hezkuntza espezialitateak). 2011ko azaroaren 9ko Estatuko Aldizkari Ofiziala. 1594/2011 Errege Dekretuaren akats zuzenketa (2012ko urtarrilaren 14ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).
–147/2016 Foru Agindua (Atzerriko hizkuntzez ikasteko programen oinarrizko alderdiak). 2017ko urtarrilaren 16ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–139/2009 Foru Agindua (Programa eleanitzetan ingelesez irakasteko behar diren hizkuntza betebeharrak). 2009ko abuztuaren 19ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–Martxoaren 20ko 26/2012 Foru Agindua (Euskara espezialitateak). 2012ko apirilaren 16ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–Maiatzaren 31ko 287/2013 Ebazpena (Unibertsitateko ikasleen prestakuntza praktikoan parte hartzen duten ikastetxe eta irakasleentzako aitorpena). 2013ko ekainaren 7ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
2.–Haur Hezkuntzako bigarren zikloa.
–23/2007 Foru Dekretua (Curriculuma). 2007ko apirilaren 24ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–51/2007 Foru Agindua (Ezarpena). 2007ko ekainaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–47/2009 Foru Agindua (Ebaluazioa). 2009ko maiatzaren 1eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
3.–Lehen Hezkuntza.
–60/2014 Foru Dekretua (Curriculuma). 2014ko irailaren 5eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–51/2014 Foru Agindua (Ezarpena). 2014ko uztailaren 7ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala. 64/2015 Foru Aginduak aldatua (2015eko abuztuaren 13ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).
–72/2014 Foru Agindua (Ebaluazioa eta hurrengo kurtsora igarotzea). 2014ko irailaren 24ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–49/2013 Foru Agindua (Erreklamazioak). 2013ko ekainaren 21eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
II. ERANSKINA
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen dituzten ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua 2017-2018 ikasturtean arautzeko jarraibideak
Ikasturte hasierako jarraibideek indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta argitzen dituzte, eta arautu gabeko beste batzuk arautzen, ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko. Horrez gain, ikasturtean lehentasunez landu behar diren ildoak ezartzen dituzte.
Jarraibideak hiru kapitulutan daude bereizita:
Lehenbizikoa, urteko programazio orokorrari buruz. Bertan ikastetxearen hobekuntza planaren gaineko argibideak ematen dira, bai eta ebaluazioetan duen parte-hartzearen gainekoak ere, hobetzen ahal diren eremuak detektatzeko.
Bigarrenean, antolakuntza alderdi batzuk zehazten dira, ikastetxearen funtzionamendurako beharrezkoak direnak.
Hirugarrenean, gehien erabiltzen diren LOEren ondoriozko arauak zerrendatzen dira.
I.–Urteko programazio orokorra
Urteko programazio orokorra oinarrizko tresna da, ikastetxeko plangintza, antolaketa eta funtzionamendua biltzen dituena. Dokumentu hori prestatzeko orduan, zorroztasuna, erraztasuna eta erabilgarritasuna hartuko dira kontuan.
Autonomiaren, erantzukizunaren eta efizientziaren printzipioekin bat etorriz, zuzendaritza taldeak bere baliabideak kudeatu behar ditu eta plangintza bat egin behar du ikasleentzako laguntza zein emaitza akademikoak hobetzeko (antolaketa, ordutegia, barruko eta kanpoko koordinaziorako egutegia, etab.).
Urteko programazio orokorrak izan behar dituen atalak Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoen Erregelamendu Organikoaren 62.2 artikuluan daude ezarrita (25/1997 Foru Dekretua), baita erregelamendu hori garatzen duen 258/1998 Foru Aginduan ere. Ikastetxeen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko urteko jarraibide hauek zenbait zehaztapen erantsi zizkieten atal horiei. Agiri horiek bateratzearen ondorioz, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak honako aurkibide hau proposatzen die ikastetxeei urteko programazio orokorra egiteko:
A) Urteko plana/Hobekuntza plana.
B) Ikastetxearen ordutegi orokorra eta hura prestatzeko irizpide pedagogikoak.
C) Ikastetxearen Hezkuntza-proiektuaren/curriculumaren urteko zehaztapena.
C.1. Adostasun agiria.
C.2. Aniztasunari erantzuteko urteko plana.
C.3. Orientazio akademikoaren plana. Tutoretza plana.
C.4. Bizikidetza plana.
D) Gobernu organoak eta koordinazio didaktikorako organoak.
D.1. Eskola-kontseilua eta klaustroa.
D.2. Zuzendaritza taldea.
D.3. Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen urteko lan plana.
D.4. Orientabide Departamentua.
D.5. Departamentu didaktikoen urteko plana.
E) Ikastetxeko prestakuntza plana.
F) Jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak.
G) Zerbitzu osagarriak.
H) Urteko programazio orokorraren ebaluazioa.
Kalitate programetan parte hartzen duten ikastetxeek hobekuntza planaren helburuak sartuko dituzte urteko planean. Ikastetxe horien dokumentazioa haien kalitate eskuliburuan bildutakoa izanen da, beharrezkotzat jotzen dutenean hura osatzeko aukera galarazi gabe.
Programazio didaktikoei dagokienez, ikastetxeek adostasun agiria beteko dute. Hartan, departamentuko buruak eta ikastetxeko zuzendariak ziurtatuko dute programazioak dituela, era egokian, eskatzen diren atal guztiak. Horrenbestez, ikastetxeek ez dituzte programazioak programazio gisa igorriko. Beharrezkoa denetan, irakaskuntza ikuskatzeko prozesuetan sartuta egoteagatik, kalifikazioen erreklamazioagatik edo beste batzuengatik, berariaz eskatuko da programazioa.
1.–Autoebaluazioa eta ikastetxeko hobekuntza plana.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gauzatzen duen hobekuntza planen ikuskapenaren barnean, ikasturte honetan ikastetxeen jarduera autoebaluatzeko tresna bat jarriko da ikastetxeen eskura, eta horretatik ondorioztatuko dira ondoz ondoko hobekuntza planak 2018-2019 ikasturtetik aurrera.
Beren jarduera neurtzeko, ikastetxeek eta sail didaktikoek barne-ebaluazio edo autoebaluazio bat eginen dute 2017-2018 ikasturtean, hiru gauzatze-mailatan:
a) Ikastetxeko zuzendaritza.
b) Departamentu didaktikoak.
c) Irakasleak.
Autoebaluazioaren emaitzen neurketa eta analisia Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikastetxeei lehen hiruhilekoan emanen dizkien jarraibide osagarrien babesean gauzatu behar dira. Halaber, ikastetxeei hiru gauzatze-mailetako bakoitzerako tresna bat emanen zaie, horretarako berariaz prestatua.
Ikastetxearen autoebaluazioa objektiboki eta zorrotz gauzatuko da, jarraibide osagarrietan adierazitako eremu, estandar eta adierazle homologatuen arabera.
Antzemandako beharrizanen analisitik abiatuta, ikastetxeak jarduera hobetzeko bi urteko berariazko plan bat prestatuko du, gaur egun hobekuntza planaz ezagutzen dena ordeztuko duena. Plan horren diseinua 2017-2018 ikasturteko azken memorian gehituko da, eta 2018-2019 eta 2019-2020 ikasturteetan aplikatuko da. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gauzatuko du plan horren ikuskapena, ikastetxeetako urteko programazio orokorra jarraitu eta ikuskatzeko esparruaren barnean.
Hezkuntza Departamentuak, bere zerbitzuen bidez, ikastetxe bakoitzaren hobekuntza planak garatzen eta haien helburuak lortzen lagunduko du, orientazioak, proposamenak, jardunbide egokien adibideak eta, halakorik bada, irakasleei prestakuntza emanez, ikastetxeek hobekuntzarako ildo eta jarduketak lehenesteko eta hautatzeko laguntza izan dezaten. Datuetan oinarritutako egoeraren analisia erraztu eta bateratzeko, Educa kudeaketa sistema izanen da informazio iturria.
Ikastetxearen prestakuntza plana prestakuntza instituzionalaren gakoa da. Zuzendaritza taldeak ezarriko du haren edukia, jardueraren autoebaluaziotik eta hobekuntza planetik eratorritako premiak kontuan hartuta.
2.–Bizikidetza eta berdintasuna.
2.1. Bizikidetza. Laguntza programa.
Ikastetxe bakoitzaren bizikidetza planean curriculumeko eta antolaketako neurriak biltzen dira bizikidetza, tratu ona eta eskola giroa hobetzeko, indarkeria mota guztiak saihesteko eta gatazken, eskola-jazarpenaren, abusuen eta eskola-elkartea osatzen dutenen segurtasun fisikoa, emozionala edo pertsonala arriskuan jartzen duten diskriminazioaren edo tratu txarren egoerei aurrea hartzeko eta arreta emateko.
Programazio horretan nabarmenduko da zein garrantzitsua den eskola-elkarte osoa inplikatzea prebentzioa, tratu onak, gatazken konponketa, emozioen aldetik seguruak eta osasungarriak diren inguruneak sortzea eta eskola-jazarpena desagerrarazteko jarrera irmoa lantzeko orduan.
Hezkuntza Departamentuak orientazioa, prestakuntza eta aholkularitza emanen ditu bizikidetza planak garatzeko, Laguntza programaren zein ikastetxeen eskura dauden baliabide guztien bidez. Gatazkak konpontzeko eta eskola bitarteko aritzeko bizikidetza batzordeak osatzen dituztenen pixkanakako gaikuntza emanen du, indarkeria, jazarpena edo tratu txarrak agertzen dituzten egoeren aurrean esku-hartze goiztiarra eta kalitatekoa eskaintzeko moduan.
Bizikidetzarako Aholkularitzaren webguneak baliabideak, ereduak, protokoloak eta iradokizunak jartzen ditu ikastetxeen eskura haien jarduketa plana zehazten laguntzeko eta zenbait beharren aurrean (adibidez, suizidioa, dolua eta abar) berariaz nola erantzun adierazteko. Ikastetxe bakoitzean, bizikidetza plana eta haren urteko zehaztapena eguneratu, eta webgune horretan dagoen bizikidetzarako eta indarkeriaren prebentziorako indarreko araudira egokituko dira.
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/educacion-en-valores/asesoria-para-la-convivencia
Ikastetxe bakoitzeko tutoretza planean eta hezkuntza orientabidearen zereginetan, neurri eta jarduerak programatuko dira ikasleen artean bizikidetza giro ona sustatzeko, aniztasuna errespetatzen duena eta tratu onekin konpromisoa duena.
2.2. Berdintasuna: Hezkidetza programa.
2017-2018 ikasturtean Hezkidetza programa abiaraziko da esperientzia pilotu gisa, Nafarroako hezkuntza sistema osoko etapa guztietako 13 ikastetxetan ezarrita.
Hezkidetza programak proposamen didaktiko ireki eta malgua emanen du ikasturte osoan garatzeko. Hainbat aplikazio aukera izanen ditu, etapen arabera, eta lehentasuna emanen zaie metodologia aktiboen erabilerari eta proiektukako lanari.
Esperientzia pilotuan parte hartzen duten ikastetxe guztiek hezkidetzako koordinatzailea izendatu, eta talde sustatzaile bat osatu beharko dute, zuzendaritza taldeko kide batzuk hartzen dituena eta ikastetxearen dinamizazioa eta parte-hartzea zein hezkidetzarekin duen konpromisoa bideratzen dituena.
Parte hartzen duten ikastetxeek erabakiko dute nola gehitu beren programazioan hezkidetzako helburu didaktikoak, etapen eta ikastetxeen ezaugarrien arabera. Horretarako, prestakuntza erdipresentzialeko eta aholkularitzako plan bat garatuko da ikasturte osoan, proposatutako programa behar bezala betetzeko eta ikastetxean ahalik eta gehien txertatzeko.
Etapa guztietarako gomendio orokor gisa, aldi berean ezarri beharreko bi estrategia proposatu dira:
1.–Programaren edukiak zeharka gehitzea irakasgaien bidez; horretarako, ikastetxeek bidezko jarraibideak jasoko dituzte.
2.–Proposatutako edukiak ikasleekin batera garatzea asteko saio baten bidez. Ordutegi-antolaketa hori, Lehen Hezkuntzarako eta DBHrako gomendagarria dena, ikastetxeko zuzendaritza taldeak adostu eta proposatuko du, hezkidetza taldearen eta Ikuskaritzaren laguntzaz.
0-3 urtetik Bigarren Hezkuntzara eta LHra arte parte hartzen duten ikastetxeen aniztasunak eta haien ezaugarri eta beharrizan bereziek esperientzia pilotuan programa osatzen duten neurrien garapena bermatzeko probatutako antolaketa-aukeren aniztasuna erakutsiko dute, beti denborak optimizatzeko eta hezkuntza helburuak betetzeko irizpideak aintzat hartuta.
Ikastetxeetatik informazioa emanen da Eskola Kontseiluaren, familien eta hurbileko tokiko ingurunearen bidez, ikastetxeetan gauzatzen diren helburuen eta proiektuen aldeko jarduketak koordinatzeko.
Ikastetxe pilotuek pilotaje fasean dagoen Hezkidetza programarekiko konpromisoa zehaztuko dute beren urteko programazio orokorrean, tutoretza plan, hobekuntza plan eta abarren urteko zehaztapenean egokitzat jotzen dituzten aipamenak gehituta.
Esperientzia pilotu hori abiarazteaz gain, hezkidetzako prestakuntza jarriko da interesatuta dauden ikastetxe guztien eskura. Prestakuntza horrek aukera emanen du ikastetxe horiek hurrengo ikasturtean onesten den eta hurrengo ikasturteetan pixkanaka-pixkanaka orokortuko omen den Hezkidetza planaren esparruan hezkidetzarekin duten konpromisoa abiarazteko.
3.–Aniztasunari erantzutea.
3.1. Hezkuntza laguntzako berariazko premiak.
Ikastetxeetako zuzendaritzek aniztasunari erantzuteko planaren zehaztapen bat igorriko diote, euskarri elektronikoan, Aniztasunarekiko Arretaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalari. Bertan jasoko da zein diren ezarritako antolaketa-neurriak eta nola banatu diren esleitutako baliabideak.
Plan hori prestatzeko orientabideak Hezkuntza Departamentuaren webgunean kontsulta daitezke:
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/plan-de-atencion-a-la-diversidad
Ikasle guztiei behar bezalako arreta emateko, ikastetxeek premia guztiei egokien erantzuten dieten neurriak antolatuko dituzte, ikasteko nahasmenduaren eta arreta faltagatiko nahasmenduaren eta hiperaktibitatearen ondoriozkoak barne, bai eta gaitasun intelektual handien ondoriozkoak ere, indarreko araudian ezarritakoaren arabera. Gainera, ikasleengan detektatzen diren premia guztiei erantzuteko, behar diren proba egokitzapenak, metodologia aldaketak eta abar garatuko dira.
Irakasle taldeen proposamenak jaso ondoren, ikasketaburutzak ikasleen premiei dagokien laguntza antolatuko du, hezkuntza orientabidearen arduradunen aholkuei jarraikiz eta ikastetxearen baliabideak kontuan hartuz.
Berariazko egiturei atxikitako ikasleen curriculum-egokitzapen garrantzitsuak Pedagogia Terapeutikoko irakasleek egin behar dituzte. Gainerako curriculum egokitzapenak egiteko ardura arloko irakasleek izanen dute. Taldeko tutoreari neurri horien berri eman beharko zaio.
Hezkuntza orientabidearen ardura dutenek irakasleak aholkatuko dituzte eta haiekin elkarlanean arituko dira curriculum-egokitzapen garrantzitsuak prestatzeko.
Irakasgairen bat gainditu gabe duten ikasleentzako indartze programa prestatu behar da; programa horretan, proposatutako neurriek ukitzen dituzten departamentuek parte hartu behar dute.
Ikaskuntza eta Errendimendua Hobetzeko Programetako ikasleen kasuan, irakasleek aurreko kurtsoetan gainditu gabeko irakasgaien indartze programak prestatu eta ebaluatuko dituzte, beren eskumeneko irakasgai, esparru eta proiektuetan. Ikasleek gainditu gabeko irakasgaien ebaluazioak positiboa izan behar du, eduki progresiboak dauzkaten programetako irakasgaia, esparrua edo proiektua kalifikatu ahal izateko.
Ikastetxeek bermatuko dute aniztasunari arreta emateko berariazko planetan garatzen diren programazioak, esperientziak, baliabideak eta materialak irakasle taldeen eskura daudela, etengabe eta ondoz ondoko ikasturte akademikoetan.
2017-2018 ikasturtean “Aniztasunaren trataerarako Nafarroako Plan Estrategikoa (2017-2018, 2020-2021)” abiaraziko da. Plan horrek honako helburu hauek ditu: aniztasunerako arretak Nafarroako ikastetxeetan duen egoeraren analisia egitea, ikuspegi inklusibotik aniztasunaren tratamendua egokitzeko diren neurriak hartzea, eta esparru arau-emaile, antolatzaile eta metodologikoa, neurri horiei egonkortasuna eta jarraitutasuna ematen dizkiena, lortzea.
Horretarako, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak aniztasunerako trataerari buruzko analisi hori egiteko behar diren adierazleak emanen dizkie ikastetxeei.
Prozesu horretatik sortzen diren hobekuntza proposamenak 2017-2018 ikasturteko memorian jasoko dira, eta hurrengo ikasturteko Aniztasunaren trataerarako Planaren urteko zehaztapenaren abiapuntua izanen dira.
3.2. Esku hartzea absentismoaren aurrean.
Eskolatzea erabatekoa izan dadila lortzeko eta derrigorrezko hezkuntzaren etapan absentismoa murrizteko, batera eta testuinguruari helduta jardun behar dute hezkuntza komunitate osoak, oinarrizko gizarte zerbitzuek, Adingabearen Babes eta Sustapenerako Atalak eta fiskaltzak.
Absentismoa da eskolako bizitzarekin bat egiteko dauden oztopoen adierazpen argienetako bat. Lehentasunezkotzat jotzen da ikasleak erregulartasunez joatea eskolara beste helburu batzuk lortzeko (ezagutzak, gizarte harremanak, oinarrizko gaitasunak, etorkizunean lana, bizitza soziala eta kulturala izateko aukera...).
Arazoa diagnostikatu eta horri aurre egiteko, ikastetxeek absentismoaren protokoloa erabili behar dute. Hezkuntzako ikuskapenak eginen du protokolo horren aplikazioaren jarraipena ikastetxeetan.
Ikastetxearen errealitate hori zehazki ezagututa, sareko lana bultzatuko da inguruneko instituzio guztiekin (SSB, EAIA, adingabearen babesa, eta abar), jarduteko estrategiak prestatzeko, inguruneko beharrekin bat egiten dutenak.
4.–Ebaluazioa eta hobekuntza.
Ebaluazioa etengabeko hobekuntzari lotuta dago, eta funtsezko laguntza eta baliabidea da, gainera, errealitatea eta ikastetxeetan aurrera eramaten diren hezkuntza jarduketen ondorioak hobeki ezagutzeko. Alde horretatik, hobekuntza planean sartu beharreko neurriak eta esparruak ezartzeko orduan, ikasleen hiruhilekoko emaitzak (behar diren neurriak hartzeko informazio eta hausnarketa iturri izan beharko direnak) eta hurrengo puntuetan zehaztuko diren ebaluazioen emaitzak hartuko dira kontuan.
4.1. Ebaluazio diagnostikoa DBHko 2. mailan.
2/2006 Lege Organikoaren 144. artikuluan xedatutakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuak DBHko 2. mailan diagnostiko helburua duen ebaluazio bat garatzea ezarri du. Ikastetxeek ebaluazio diagnostikoa eginen diete Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren ikasturteko ikasle guztiei.
Ebaluazio eta Kalitate Atalak koordinatuko du ebaluazio hori. Kanpoko probak eginen dira gaitasun hauek ebaluatzeko:
–Hizkuntza gaitasuna: irakurmena eta idazmena, gaztelaniaz zein euskaraz, ikasten ari den hizkuntza ereduaren arabera.
–Matematikako gaitasuna.
–Hizkuntza gaitasuna ingelesez.
–Gaitasun zientifikoa.
Ikastetxeetan aplikatu eta zuzenduko dira probak.
Ikastetxeko zuzendaritza plangintzan arituko da eta behar diren neurriak hartuko ditu, bai proben aplikazioan bai zuzenketan, datu grabaketan eta txostengintzan parte hartu behar duten irakasleek zeregin horiek beren lan ordutegian bete ahal izan ditzaten. Ebaluazio horrek ikastetxeentzat prestakuntza eta orientazio izaera duela kontuan hartuta, proben eta emaitzen azterketaren erantzukizuna irakasle guztiena da. Azterketa horretatik informazio garrantzitsua aterako da hezkuntza arreta detektatutako premietara egokitzeko.
Probak apiriletik maiatzera bitartean eginen dira, eta behar bezain goiz jakinen da zer egunetan zehazki.
Ikastetxeek erabakiko dute noiz eta nola helarazi txostenak familiei ikasturtea amaitu baino lehen. Gomendagarria da hori tutoretzaren testuinguruan egitea. Halaber, erabakiko dute emaitzak nola igorriko zaizkion klaustroari, azter eta balora ditzan. Hausnarketa egin ondoren, hobekuntza ildoak planteatuko dira. Horren guztiaren berri emanen zaio eskola-kontseiluari.
4.2. Ebaluazio diagnostikoa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzean.
5/2016 Errege Lege Dekretua aplikatuta, diagnostiko helburua duen lagin ebaluazio bat eginen da, Bigarren Hezkuntza amaitutakoan.
Hezkuntza Departamentuak jarraibideak emanen ditu proben aplikazioa eta zuzenketa arautzeko.
4.3. Nazioarteko ebaluazioak.
2017-2018 ikasturtean, PISA 2018 ebaluazioa eginen da, Nafarroako Foru Komunitateko lagin adierazgarri batean oinarritua. Irakurmenak izanen du lehentasuna, ebaluazioa egitean.
5.–AbiesWeb eta eskolako liburutegia.
Ikastetxeek eskatuz gero, eskura dute AbiesWeb programa, eskolako liburutegien kudeaketa informatizaturako programa. Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak instalatu eta martxan jarriko du. AbiesWeb erabiltzeko oinarrizko ikastaroa eginen dute, eta ikastetxeak programaren arduradun izateko aukeratzen dituen pertsonak horretara joaten ahalko dira.
Eskolako liburutegiko kudeaketaren arduradunei informatika bidez kudeatzeko eta eskolako liburutegia garatzeko ordu osagarri 1 edo 2 esleitzen ahalko zaizkie, ikastetxeak ordu erabilgarririk izanez gero.
Eskola liburutegiko arduradunen eginkizuna izanen da honako zeregin hauek egitea:
–Funts bibliografikoen eta beste material batzuen automatizazioa eta antolaketa.
–Mailegu sistemaren antolaketa.
–Irakurketaren sustapenari eta irakurzaletasuna bultzatzeko ikastetxeko planari lotutako ekintzen sustapena.
–Liburutegiak ikastetxean planifikatzen diren programa eta proiektuak egiten laguntzea.
–Liburutegiko ordutegia antolatzea, bai irakastorduetan bai eskolaz kanpokoetan.
II.–Antolaketari dagozkion alderdiak
1.–Lanaldia.
225/1998 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera izanen dute, beren eginkizunetara egokitua.
Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lan egunetan, egunean ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi etengabea egin beharko dute irakasleek.
2.–Zuzendaritza taldeen koordinazioa.
Ikastetxeen arteko koordinazioa handitzeko eta prestakuntza programetan parte hartzea areagotzeko, zuzendariak astearte goizak libre eduki ditzake, irakastordurik gabe, ikastetxearen aukeren arabera.
3.–Irakasleak lanera ez agertzea.
Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrola Hezkuntza Departamentuko web orrian ezarritakoari jarraituko zaio:
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal
Baja agiria Hezkuntza Departamentuan aurkezten bada, agiriaren kopia bat aurkeztu edo bidali beharko da ikastetxera, ahalik eta lasterren, bertan bajaren eta altaren datak zehatz-mehatz ezagut ditzaten. Ikastetxeko zuzendaritzaren iritziz salbuespenezko egoera bat gertatzen denean, agiria bidali ordez telefonoz jakinarazten ahalko da.
Irakaslea agertzen ez bada, falten agiriak lanera itzultzen den egunean berean aurkeztu beharko zaizkio zuzendaritzari. Falten agiria aurkezten ez bada irakaslea ikastetxera itzultzen den egunetik hasita 2 egun naturaleko epean, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko. Irakasleari ere jakinaraziko zaio idatziz.
4.–Guardia.
Guardiako irakaslearen eginkizun nagusiak hauek dira:
a) Irakaslea lanera ez agertzeagatik edo beste edozein arrazoirengatik zaintzailerik ez duten ikasleei arreta ematea.
b) Korridoreetan ordena zaintzea, eta, oro har, ikasleek gelaz kanpo duten portaera. Horrek ez du esan nahi beste irakasleek eginkizun hori bete behar ez dutenik.
c) Beren guardia-orduetan sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, bai eta ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako kudeaketak egitea ere, eta ikasketaburutza lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.
d) Bere guardia-orduetan irakasleren bat berandu iristen bada edo agertzen ez bada eskoletara, guardia-txandetara, liburutegira edo bestelako jardueretara, horren berri ematea ikasketaburuari, idatziz.
e) Zuzendariak bere eskumeneko esparruan agintzen dion beste edozein eginkizun.
Zuzendaritzak baimena eman dezake irakasleren baten guardia-orduak berariazko beste jarduera batzuekin trukatzeko, baldin eta guardia-ordu guztiak beteta badaude.
5.–Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak.
5.1. Gaitasun digitala eta hezkuntzako teknologia.
Hezkuntza Departamentuak jarraituko du dagoeneko martxan dauden beste neurri batzuk sustatzen, hala nola banda zabal ultrazkarra hedatzeko plana, ikastetxeetan informatikako mantentze-lanetako ofizialak ezartzea eta ekipamendua eskuratzeko mekanismoak.
Aurrekoaz gain, ikastetxeek ILZen langileen aholkularitza didaktikoa izanen dute, bereziki hezkuntzako teknologien aholkulariena.
5.2. Informatikako mantentze-lanak.
Hezkuntzako Sistemen, Sareen eta Euskarrien Atalaren menpeko informatikako mantentze-lanetako ofiziala duten ikastetxeetan, teknologia berrien arduradunak ondoko helburuak izanen ditu:
–Google Apps, blogak, webguneak, Moodle, Classroom eta antzeko tresnen erabilera sustatzea eta gainerako irakasleei aholku eta laguntza ematea.
–Informazioaren eta komunikazioaren teknologiei buruzko prestakuntza plan bat prestatu eta gauzatzea, gidak eta tutorialak erabiliz.
–Sostengua ematea irakasleei softwareari buruzko gaietan (aplikazioak eta sistema eragileak).
–Ikastetxeko weba, intraneta, Moodle ikastaroak eta argitalpen elektronikoak kudeatzea.
–Informazioa trukatu ahal izateko behar diren baliabideak kudeatzea (Drive-ko karpeta partekatuak, NASa, biltegirako zerbitzaria, eta abar), irakasleen eta departamentuen arteko elkarlana sustatzeko.
Bestalde, mantentze-lanetako ofiziala arduratuko da ikastetxeko osagai informatiko guztien funtzionamendu egokiaz, eta ondokoak hartuko ditu bere gain:
–Hardwarea: ekipoen mantentze-lanak, matxurak konpontzea, inbentarioa kudeatzea eta ekipamendu berriak instalatzea.
–Softwarea: ekipoak prestatu eta konfiguratzea, gorabeherak konpontzea eta aplikazioak eta sistema eragileak instalatzea.
–Segurtasuna: ikastetxeko ordenagailuen eta wifiaren pasahitzak zaintzea, antibirusa instalatu eta eguneratzea, birusa garbitzea, eta identifikatzea noiz erabiltzen den sarea behar ez bezala edo segurtasunik gabe.
–Ikastetxeari aholkua eta sostengua ematea ekipoak nahiz softwarea erostean.
–Hezkuntza Departamentuaren jarraibideak aplikatzea hezkuntza berrikuntzaren programak, proiektuak eta ekintzak ezarri, antolatu eta garatzean, informazioaren eta komunikazioaren teknologien esparruarekin lotuta badaude.
Hezkuntza Departamentuan Erabiltzaileei Laguntzeko Zentro (ELZ) bat dago, eta irakasle guztiek horretara jotzen ahal dute edozein gorabehera informatikoren berri emateko.
Aldi berean, badago informatikako mantentze-lanetarako kontratu bat, ekipo informatikoetako (ordenagailuak, proiektagailuak, arbel digitalak, inprimagailuak, pantailak eta abar) hardware arazoak eta sistema eragilearen erroreak konpondu beharra dakarrena. Kontratu horretan ezarri da matxuratutako piezak (baita ekipo osoak ere) ordeztuko direla, ikastetxeari inolako kosturik eragin gabe. Horri buruzko informazio guztia PNTEren webeko kasuan kasuko atalean dago eskura: http://goo.gl/xUV3tz.
Aurretik aipatutako ELZ arduratuko da irakasleek jakinarazitako gorabeherak kudeatzeaz eta, mantentze-lanetarako kontratu horren bidez edo beste edozein baliabideren bidez, ahalik eta lasterren eta ongien konpontzeaz.
5.3. Ekipamendu informatikoaren erosketa.
Hezkuntza Departamentuan, ekipamendu informatikoa erosteko eskumena Hezkuntzako Sistemen, Sareen eta Euskarrien Atalari eskualdatu zaio.
Ikasturtearen hasierarako asmoa da esparru akordio bat indarrean egotea, bai hornitzaileak bai ekipo informatikoak (ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, proiektagailuak, pantaila interaktiboak, arbel digitalak, ChromeBooks izenekoak eta abar) homologatzen dituena.
Horrek erosketa-prozesuak erraztuko ditu, eta ikastetxeetarako egokienak omen diren ekipoak prezio onenean erostea ahalbidetuko du. Aldi berean, dagoen ekipamenduaren homogeneizazio handiagoa sustatuko du.
Hezkuntzako Sistemen, Sareen eta Euskarrien Atalak baimendutako salbuespenak izan ezik, bai Hezkuntza Departamentutik hornitzen den ekipamendu informatikoa bai ikastetxeek beraiek erosten dutena ekipo homologatuen zerrendan egon beharko dira. Bestela, ez da inolako zerbitzurik emanen ekipo horiei lotuta.
5.4. Softwarea.
Gogorarazi nahi da ikastetxeek ekipoetan erabili eta instalatzen den softwarearen legezkotasuna bermatu behar dutela.
Betebehar hori zuzendariari dagokio, araudiak esleitzen dizkion eskumenei jarraikiz.
Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzuak gomendatzen du software librea erabiltzea, baldin eta posiblea bada eta eskatutako beharrizanak betetzen baditu. Ikastetxe batek software jabeduna erabiltzen badu ekiporen batean, dagokion lizentzia eta hori egiaztatzen duten agiriak izan beharko ditu. http://goo.gl/xUV3tz.
6.–Ordutegi osagarria. Nahitaezko prestakuntza.
Irakasleen lanaldia eta ordutegia erregulatzen dituen 225/1998 Foru Dekretua aldatzen duen 27/2012 Foru Dekretua onetsi ondoren, irakasleek ikastetxeko jardueretan ematen dituzten 25 orduek bat eginen dute ikasleen eskola orduekin.
Hilean konputatuko dira asteko ordu osagarriak, instituzio planifikazioaren tresnak prestatu edo berraztertzearekin ikusteko duten lanak egitekoak, bai eta prestakuntza jarduerakoak ere.
Nahitaezko prestakuntzarako urtean dauden 35 orduak bi multzotan sailkatuko dira: ikastetxearen prestakuntza instituzionala eta norberaren prestakuntza. Hori horrela, ikastetxeek prestakuntza instituzionalaren programa bat ezarriko dute ikastetxeko irakasle guztientzat. Prestakuntza horrek, urtean, 12 ordu iraunen du gutxienez. Zuzendaritza taldeak finkatu eta antolatuko du programa horren edukia eta nola banatu ikasturtean zehar, hobekuntza planaren helburuak kontuan hartuta, eta hori guztia ikastetxearen prestakuntza planean jasoko da. Programa hori lehentasunezkoa izanen da, eta irakasle guztiek nahitaez egin beharko dute. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du behar bezala betetzen den.
Ikastetxe batean lan egiten duten irakasle guztiek bertan dauden bitartean antolatzen diren prestakuntza instituzionalaren jarduerak egin beharko dituzte, ikasturte berean beste ikastetxe batean prestakuntza instituzionaleko gutxieneko 12 orduak egin ezean. Kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko diote ikastetxeko zuzendaritzari, prestakuntza mota eta egindako ordu kopurua adierazita. Ordu kopuru hori 12tik beherakoa bada, irakasleak 12 ordu horiek lortu arte falta direnak egin beharko lituzke, gutxienez.
Ikasturte bakoitzean prestakuntza instituzionala nahitaez bete beharrekoa bada ere, norberaren prestakuntza bi ikasturteko epean egin daiteke, baldin eta bi urte horietan prestakuntzan emandako orduen kopuruak betetzen badu aurreko paragrafoan ezarritakoa.
Prestakuntza instituzionaltzat hartzen ahalko da zenbait saretan (adibidez, Osasuna, Jasangarritasun Eskolak eta Elkartasuneko Eskolak) parte hartzea, zuzendaritza taldearen lidergopean, edo hezkuntza-inklusioa eta eskola-arrakasta hobetzeko kontratu-programetan.
Zenbait ordu tarte erreserbatuko dira irakasle-taldeak horizontalki koordinatzeko saioak garatzeko, ebaluazio saioez aparte. Toki berezia hartuko du lehenengo koordinazio bilerak, ikasleei irakasteko jarduerak hasi baino lehen egiten denak. Ildo honetan, bereziki garrantzitsuak izanen dira DBHko lehen ikasmailako ikasleak koordinatzeko bilerak.
Prestakuntza instituzionalaren planaren helburua ulermenezko irakurketa hobetzea bada, horretarako berariazko plan bat prestatuz eta abiaraziz, ikastetxeek irakasle bat esleitzen ahalko dute plan hori koordinatzeko. Irakurketa planaren koordinatzaileak astean ordu osagarri bat edo bi izaten ahalko du bere eginkizunak betetzeko, ikastetxearen tamainaren eta prestakuntza planaren garapenaren arabera.
Ikastetxe horietan, prestakuntza instituzionalaren planak hala eskatzen duenean, irakasleen taldeak horizontalki koordinatzeko saioetarako orduak prestakuntza ordutzat hartzen ahalko dira, irakurketaren aholkulariak horren berri izan ondoren oniritzia ematen badu.
7.–Departamentuko burutza.
Departamentu bakoitzeko buruak Erregelamendu Organikoan eta 258/1998 Foru Aginduan aipatzen diren eginkizunak bere gain hartuko ditu, eta, horretaz gainera, departamentuko urteko lan plana gidatu eta garatzeaz arduratuko da; plan horretan, zuzeneko eta zeharkako eragina duten hobekuntza arloen gaineko jarduketak sartuko dira.
8.–Salbuespenak eta egokitzapenak Gorputz Hezkuntzan.
Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 1eko 123/2009 Foru Aginduaren bidez, Gorputz Hezkuntzatik salbuesteko aukera dago, bai DBHn bai Batxilergoan, goi mailako edo goi errendimenduko kirolariak direla frogatzen duten ikasleentzat.
Halaber, irakasgai hori salbuesteko aukera dago Batxilergoan 25 urtetik gorako ikasleen kasuan, edo matrikula egiten den urtean 25 urte bete dituzten ikasleen kasuan.
Otsailaren 22ko 9/2012 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, errendimenduko kirolari direla frogatzen dutenek tratamendu berezia izaten ahal dute Gorputz Hezkuntzan, kirolariak unean-unean dituen kirol beharren arabera eta norberak eskatuta.
Salbuespen eskaera ikastetxeko zuzendaritzan aurkeztuko da.
Gorputz Hezkuntzako curriculum egokitzapenei dagokienez, eskaerak ikasleek edo, adingabeak baldin badira, beren gurasoek edo legezko ordezkariek aurkeztuko dituzte ikastetxeko zuzendaritzan, eta medikuen ziurtagiriak erantsiko zaizkie.
9.–NUHEOko irakasle laguntzaileak.
Irakasle laguntzaileak Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekiko lankidetza programa Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan ematen dutenak dira.
Irakasle laguntzaileek eginkizun eta betebehar hauek izanen dituzte:
–Programan matrikulatutako ikasleak prestatzea kasuan kasuko hizkuntza irakaskuntzen ziurtagiria lortzeko.
–Koordinazio jardueretan parte hartzea eta programatutako estandarizazio lanak egitea.
–Ikasleen ebaluazioan parte hartzea, bai orientazio probetan (idatzizkoak eta ahozkoak), bai ziurtagiria lortzeko probetan (zaintza, idatzizko proben zuzenketa eta ahozko probetarako epaimahaiak).
–Ikasleei matrikulazio eta ebaluazio prozesuetan informazioa emateko lanean laguntzea.
Programa honetan laguntzaile izateagatik konpentsazio hauek jasoko dira:
Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren lankidetzaren xede diren hizkuntza departamentuei irakastordu bat emanen zaie programan matrikulatutako 25 ikasleko. Irakastordu bat esleituko da mailako, ikasle kopurua 10etik gorakoa bada. Hizkuntza batean bi hizkuntza-maila baino gehiago badaude, bi irakastordu esleituko dira, gutxienez.
Irakasle laguntzaile guztiek 5 lanordu eman beharko dituzte urtean NUHEOren ziurtagiria lortzeko probetan (zainketa lana ziurtapen azterketetan, idatzizko azterketen zuzenketa eta ahozko proben epaimahaiko lana) bakoitzak konpentsatuta duen asteko irakastordu bakoitzeko. Kalkulu horren gainetik dauden orduak ekonomikoki konpentsatuko dira.
NUHEOren departamentuko bakoitzeko buruek bere irizpidearen arabera esleituko dituzte zereginak.
10.–Erreklamazioak eta ebaluazio prozesuari buruzko agirien kopien eskaera.
Familiei haien seme-alaben bilakaeraren eta errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa bermatzeko, ikaslearen gurasoek edo legezko ordezkariek eskatzen dituzten argibideak emanen dituzte irakasleek. Horrez gain, idatzizko proba, ariketa eta lanak ikusten ahalko dituzte, ikastetxeak berak ezarritako prozedurari jarraituz.
Halaber, familiek zilegi izanen dute balorazioei eta kalifikazioei buruzko argibideak eskatzea irakasleari. Argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko prozedura Hezkuntzako kontseilariak maiatzaren 21ean eman 49/2013 Foru Aginduan araututakoa izanen da.
Halaber, ikasleek (eta, adingabeen kasuan, haien gurasoak edo legezko tutoreak) eskubidea izanen dute beren ebaluazioaren prozesua egiteko erabili diren agirien kopiak eskuratzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1a) artikuluaren arabera.
Ikastetxeek zerbitzu hori gauzatzeko behar den berariazko prozedura (komunikazio bideak, eskaera epeak, entrega epeak, tarifak...) arautu beharko dute plangintza instituzionalaren beren agirietan.
11.–Eskola informazioaren kudeaketa: Educa.
Educaren koordinazioa: zuzendaritza taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei Educa kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, sistema horren aldaketen eta funtzionaltasun berrien gaineko informazioa bilduko du, eta haiek koordinatu eta ikastetxean erabil daitezen sustatuko du.
Educa arloan ikastetxeetan koordinazio lana eginen duten pertsonen erregistroa izateko asmoz, zuzendariak “Educa koordinatzailea” lanpostu osagarria esleitu beharko du aplikazioan.
Hezkuntza Departamentuak prestakuntza eta informazio saioak antolatuko ditu ikasturtearen hasieran, koordinatzaileei, zuzendaritza taldeei eta AZLri Educa plataformaren berri emateko.
Hezkuntza Departamentuaren webgunean, Educari buruzko atalaren barnean, jarraibideak eta bideotutorialak argitaratzen dira, aplikazioaren moduluetara ohitzen laguntzen dutenak. Halaber, funtzionaltasun berriak (GLPI-Educa tresna) eskatu, gorabeherak jakinarazi edo euskarria eskatzeari begira, Educa taldearekin harremanetan jartzeko prozedura adierazten da.
2017-2018 ikasturtean, irakaslearen kaiera garatzen joanen da. Hori irakasleen kudeaketarako gailu mugikorretara egokitutako aplikazio batean zehaztuko da. Lehenbiziko fasea eskura egoten denean, non espero baita ikasleen sostenguaren kudeaketa sartzea, beharrezko informazioa emanen zaie ikastetxean Educa-ren koordinazioa egiten dutenei.
Ohartarazten da irakasleek @educacion.navarra.es posta-kontuak erabili beharko dituztela bai tutoretzan bai beren harreman profesionaletan.
Gainera, ikasleen kontuei dagokienez, geroko lan administratiboa errazteko asmoz, ikastetxeei eskatzen zaie matrikula prozesuetan ikasleen kontu horiek sortu eta erabiltzeko (jadanik sortu ez badira) eta “in situ” aktibatzeko baimena eska diezaietela familiei. Baimen hori kontua lehenbizikoz sortu eta aktibatzen denean eskatu behar da bakarrik. Hori eginda, kontua aktibaturik izanen da ikaslearen eskola bizitza osoan.
Bestetik, Hezkuntzako Sistemen, Sareen eta Euskarrien Atalari eskatu behar zaio ikastetxeko kontuak berariazko eginkizunetarako sortzea.
Zuzendariak Educa-tik ikastetxeen direktorioan (Ikastetxearen menua-Ikastetxearen informazioa) argitaratzen diren datuak (hala nola posta helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta webgunea) berrikusiko ditu, eta antzeman ditzakeen akatsen berri emanen dio Educa euskarriari. Gogorarazi nahi da beste datu interesgarri batzuk gehi ditzakeela, adibidez, ikastetxearen helburuak, balioak, sariak eta abar.
Ikastetxeei gogorarazten zaie komeni dela EDUCAk eskura dituen funtzionaltasun guztiak erabiltzea.
12.–Matrikulak bateragarri egitea.
12.1. DBHrekin bateragarri egitea.
2017-2018 ikasturtean Erdi Mailako Heziketa Ziklo batean, Lanbide Lantegi batean edo Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo batean matrikulatuta dauden ikasleek aldi berean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak egin nahi izanez gero, horretarako modua izanen dute; betiere, “Félix Urabayen” Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuan matrikulatzen badira urrutiko modalitatean, ikastetxe horretan sartzeko baldintzak beteta.
12.2. Batxilergoarekin bateragarri egitea.
2017-2018 ikasturtean teknikariaren edo goi mailako teknikariaren titulua lortzeko diren ikasketak egiten ari diren eta Batxilergoko ikasketak amaitu ez dituzten ikasleek ikasketok amaitzen ahalko dituzte helduentzako ikasketak ematen dituzten ikastetxeetan, baldin eta adin baldintza betetzen badute. Arteen modalitateko ikasleek hori amaitzen ahalko dute “17.–Batxilergoko titulua lortzea, araubide arruntean egoteko epea agortu ondoren” puntuan aipatzen diren proba libreen arabera.
5/2016 Errege Lege Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuak aukera ezarri du, Batxilergoko titulua lortzeko asmoz, 2017-2018 ikasturtean teknikariaren edo goi mailako teknikariaren titulua lortzeko diren ikasketak egiten ari diren ikasleek Batxilergoko irakasgai ardatzen multzoko irakasgai orokorrak egin ditzaten helduentzako ikasketak ematen dituzten ikastetxeetan, baldin eta adin baldintza betetzen badute.
13.–Musikako lanbide ikasketak bateragarri egitea.
Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren ustez, erabat indarrean dago 242/2009 Errege Dekretuan xedatutakoa, baliozkotzeei dagokienez; Nafarroaren kasuan, hori Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 1eko 123/2009 Foru Aginduan jaso zen.
2017ko azaroaren 17a izanen da baliozkotze horien eskariak aurkezteko azkeneko eguna.
13.1. DBH. Baliozkotzeak.
2017-2018 ikasturtean ikasketa horiek eta musikako lanbide ikasketak bateragarri egin nahi dituzten ikasleek horietako batzuei dagokien baliozkotzea aplikatzen ahalko dute, honako taula honen arabera:
BALIOZKOTZEN DEN DBH-KO IRAKASGAIA ETA MAILA | MUSIKAKO LANBIDE IKASKETETAKO ZEIN IRAKASGAIREN BIDEZ BALIOZKOTZEN DEN |
1. mailako eta 3.eko Musika (biak baliozkotzen dira) | Musika-tresna nagusiaren edo ahotsaren irakasgaiaren lehen maila |
Lehen maila: Atzerriko Bigarren Hizkuntza, Kultura Klasikoa, Ekimen eta Enpresa Jarduerarako Hastapenak edo ikastetxeak diseinatutako irakasgaia | Beste baliozkotze batean erabili ez den edozein irakasgai |
Bigarren maila: Atzerriko Bigarren Hizkuntza, Kultura Klasikoa, Ekimen eta Enpresa Jarduerarako Hastapenak edo ikastetxeak diseinatutako irakasgaia | Beste baliozkotze batean erabili ez den edozein irakasgai |
Hirugarren maila: Atzerriko Bigarren Hizkuntza, Kultura Klasikoa, Ekimen eta Enpresa Jarduerarako Hastapenak edo ikastetxeak diseinatutako irakasgaia | Beste baliozkotze batean erabili ez den edozein irakasgai |
Laugarren maila*: | |
1. multzoko berariazko (hautazko) irakasgaia | Beste baliozkotze batean erabili ez den edozein irakasgai |
2. multzoko berariazko (hautazko) irakasgaia | Beste baliozkotze batean erabili ez den edozein irakasgai |
(*) A ereduko ikasleek 1. multzoko berariazko irakasgaia baliozkotzea aukeratzen ahalko dute. (*) D ereduko ikasleek 2. multzoko berariazko irakasgaia baliozkotzea aukeratzen ahalko dute. (*) G ereduko ikasleek 1. edo 2. multzoko berariazko irakasgaia baliozkotzea aukeratzen ahalko dute. | |
13.2. Batxilergoa. Baliozkotzeak.
2017-2018 ikasturtean Batxilergoko 1. edo 2. maila eginen duten eta ikasketa horiek eta musikako lanbide ikasketak bateragarri egin nahi dituzten ikasleek Batxilergoko irakasgai guztien matrikula egin beharko dute, eta horietako batzuei dagokien baliozkotzea aplikatzen ahalko da, honako taula honen arabera:
Batxilergoko lehen maila:
BALIOZKOTZEN DEN BATXILERGOKO IRAKASGAIA | MUSIKAKO LANBIDE IKASKETETAKO ZEIN IRAKASGAIREN BIDEZ BALIOZKOTZEN DEN |
Musika Analisia I | 2. mailako Harmonia |
Anatomia Aplikatua | Antzeko edukia duen irakasgai baten 1. eta 2. mailak |
Ikus-entzunezko Kultura I | Antzeko edukia duen irakasgai baten 1. maila |
Literatura unibertsala | Antzeko edukia duen irakasgai baten 1. eta 2. mailak |
1. multzoko berariazko (hautazko) irakasgaia (3 ordu) | Ez DBHan ez Batxilergoan beste baliozkotze baterako erabili gabeko edozein irakasgai |
2. multzoko berariazko (hautazko) irakasgaia (4 ordu) | Ez DBHan ez Batxilergoan beste baliozkotze baterako erabili gabeko edozein irakasgai |
Batxilergoko bigarren maila:
BALIOZKOTZEN DEN BATXILERGOKO IRAKASGAIA | MUSIKAKO LANBIDE IKASKETETAKO ZEIN IRAKASGAIREN BIDEZ BALIOZKOTZEN DEN |
Musika Analisia II | 1. mailako Analisia |
Musika Analisia II | Konposizioaren Oinarriak. 1. maila |
Musika Analisia II | Antzeko edukia duen irakasgai baten 1. maila |
Arte Eszenikoak | Antzeko edukia duen irakasgai baten 1. eta 2. mailak |
Ikus-entzunezko Kultura II | Antzeko edukia duen irakasgai baten 1. eta 2. mailak |
Artearen historia | Antzeko edukia duen irakasgai baten 1. eta 2. mailak |
1. multzoko berariazko (hautazko) irakasgaia* | Ez DBHan ez Batxilergoan beste baliozkotze baterako erabili gabeko edozein irakasgai |
2. multzoko berariazko (hautazko) irakasgaia* | Ez DBHan ez Batxilergoan beste baliozkotze baterako erabili gabeko edozein irakasgai |
(*) A ereduko ikasleek ezin izanen dute baliozkotze hori aplikatu, Arteen modalitatekoak izan ezik. (*) Zientzien edo Giza eta Gizarte-zientzien modalitateetako ikasleek Nafarroako Geografia eta Historia eta ikastetxeak diseinatutako irakasgaia ez bezalakoa egin behar izan dute bi multzoen artean. (*) Arteen modalitateko ikasleek (G eta D ereduak) bi irakasgaiak baliozkotzen ahalko dituzte. | |
Baliozkotzen diren irakasgaiak ez dira kontuan hartuko batez besteko notaren kalkuluan.
13.3. Batxilergoko titulua lortzea irakasgai ardatz orokorrak baino ez eginda.
Abenduaren 9ko 5/2016 Errege Lege Dekretuak abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren bosgarren azken xedapena aldatu du. Horrenbestez, musikako lanbide ikasketei dagokienez, honela idatzita geratu da:
“Halaber, Lanbide Heziketako teknikariaren edo goi mailako teknikariaren edo Musikako edo Dantzako lanbide ikasketen teknikariaren titulua duten ikasleek Batxilergoko titulua lortzen ahalko dute, ikasleak aukeratzen duen Batxilergoko modalitateko irakasgai ardatzen multzoko irakasgai orokorrak eginda eta gaindituta”.
Beraz, 2017-2018 ikasturtea amaitutakoan Batxilergoko 1. eta 2. mailetako irakasgai ardatzen multzoko irakasgai orokor guztiak eta musikako lanbide ikasketak gainditu dituzten ikasleek Batxilergoko titulua lortuko dute, nahiz eta gainerako irakasgaiak egin edo gainditu ez. 123/2009 Foru Aginduaren 9. artikuluan ezarritako baldintzen arabera, irakasgai komunak irakasgai ardatz orokorrekin ordezten direla ulertuko da.
14.–Ohorezko matrikula Batxilergoan.
Batxilergoan diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateko era arautzeko Hezkuntzako kontseilariak apirilaren 19an emandako 50/2017 Foru Aginduaren “Ohorezko matrikula” izeneko 16. artikuluan xedatutakoa betetzeko, eman beharreko matrikula kopurua kalkulatzeko zenbatu beharreko ikasletzat joko da Batxilergoko 2. mailako ohiko deialdiko azken aktetan agertzen dena.
15.–Unibertsitatean sartzeko ebaluazioa prestatzea.
Batxilergoko titulua duten ikasleak Félix Urabayen NHBHIren batxilergo ikasketetan matrikulatzen ahalko dira, unibertsitatean sartzeko ebaluazioa prestatzeko.
Ikasketa horietan matrikulatzen diren ikasleek eskubidea izanen dute ikaskuntzaren bilakaera egiaztatzeko ebaluazio prozesuan parte hartzeko. Hala ere, ebaluazio prozesu horretan lortutako kalifikazioek ez dute eskubidea emanen ikasketa espedientea aldatzeko.
16.–Batxilergoko araubide arruntean egoteko muga.
Ikasleek behin baino ezin dute errepikatu ikasmaila. Salbuespenez, bigarren aldiz errepika daiteke ikasmailetako bat, ikasketa burutzari aldez aurretik eskaera zuzendu eta irakasle-taldeak aldeko txostena egin ondoan.
17.–Batxilergoko titulua lortzea, araubide arruntean egoteko epea agortu ondoren.
Batxilergoko ikasketak hasi ondoren ikasle batek agortzen duenean araubide arrunteko egonaldia Batxilergoko titulua lortu gabe, Félix Urabayen NHBHIn jarrai dezake ikasten, ikastetxe horren eskaintza akademikoak horretarako bide ematen badio.
Eskaintza horretan ez badago gainditu beharreko irakasgaietako bat, ikasleak proba libreak egin ditzake halako irakasgaiak gainditzeko 2017-2018 ikasturtean, bere espedientea duen ikastetxean.
Proba horietan deialdi arrunta eta aparteko deialdia izanen dira, eta eguneko araubide ofizialaren dagokion deialdiekin batera egiten ahalko dira.
Proba libreak egiteko, haren espedientea dagoen ikastetxean egin beharko du matrikula. Matrikula 2018ko apirilaren 1etik apirilaren 15a bitarte egin beharko da, eta inolaz ere ez du eskubidea emanen ikasturtean laguntza akademikoa jasotzeko.
18.–Unibertsitateko ikasleen praktikak ikastetxeetan.
Hezkuntzarekin zerikusia duten unibertsitateko titulazioek prestakuntza praktikoa dute beren edukien artean. Praktiketako jarduera hori dagokion hezkuntza mailako ikastetxeetan egin behar da, eta, antolatzeko eta gauzatzeko orduan, beharrezkoa da irakasleen parte-hartzea.
Ikasturte bakoitzean ikasle horien tutoretza lana egiten duten irakasleek aintzatespen bikoitza izanen dute Hezkuntza Departamentuaren aldetik:
–Tutoretza: ikasturteko tutoretza lana egiaztatuko da. Lekualdaketa-lehiaketetan merezimendutzat joko da.
–Prestakuntza: praktiken tutoretza lana norberaren prestakuntza ordu gisa kontabilizatuko da; gehienez ere, 35 ordu. Orduak kalkulatzeko, tutoretzapeko praktiken ikasketa-planean aipatzen diren ECTS kredituen kopurua hartuko da aintzat. Ikasle baten tutoretza lanetan irakasle batek baino gehiagok parte hartzen badu, berdintasunean banatuko dira dagozkien prestakuntza orduak.
Praktiken tutoretzagatiko eta prestakuntzagatiko ziurtagiriak egin ahal izateko, ukitutako irakasleek jardueraren datuak jakinaraziko dizkiote Hezkuntza Departamentuari, Hezkuntzaren atarian dagoen inprimakia betez: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/tutorizacion-de-practicas, ekainaren 1a baino lehen.
Praktikak egiteko ikasleak hartzen dituen ikastetxeari “prestakuntza ikastetxe” izaera aitortuko zaio, eta Hezkuntza Departamentuak ikastetxeentzat ezartzen dituen deialdietan baloratuko da inguruabar hori, kasuan kasuko deialdian ezartzen den moduan, halakorik jasotzen bada betiere.
Adingabea Babesteko Legearen arabera, curriculumeko praktikak egiten dituzten ikasleek sexu-izaerako delituen ziurtagiri negatiboa izan beharko dute. Baldintza horren betetzea Hezkuntza Departamentuak unibertsitate bakoitzarekin sinatzen duen hitzarmenaren barnean dago, eta ikastetxeak agiri hori eskatzen ahalko dio ikasleari, praktikak hasi baino lehen.
19.–Kalitatea kudeatzeko sistema.
Uztailaren 5eko 63/2013 Foru Agindua aplikatuta, kalitate sareetan parte hartzen duten ikastetxeek kalitatearen koordinazio-taldeak programatutako lana bete beharko dute.
Kalitatearen arduradunak eta, gutxienez ere, zuzendaritza taldeko beste kide batek dagokion sareko prestakuntza bileretara joan beharko dute, eta ikastetxeak bilera horietan erabakitako zereginak adierazitako epeetan eta behar den bezala betetzen dituela ziurtatzeko ardura izanen du.
Kalitatearen arduraduna KKSa ikastetxean ezartzeko koordinazioaz arduratuko da, eta sistema osoaren dokumentazioa eta erregistroak behar den bezala eta eskuragarri mantenduko ditu.
KKSaren aitorpenak lortu dituzten eta programaren ezarpenaren 4. fasean dauden ikastetxeek, modu autonomoan, beren kudeaketa sistemetan sakontzen jarraituko dute, etengabeko hobekuntzaren bidez (jardunbide egokiak, tresna informatikoak, irakaslanerako orientabideak...) erabateko kalitatea lortu arte.
20.–Lan arriskuen prebentzioa.
Ikasturtearen amaierako memorian Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak proposatu dituen eta benetan ezarri diren prebentziozko neurriak islatuko dira, arriskuen ebaluazioak egin baldin badira, eta egin ez diren eta iraungitako gauzatze-epea duten neurriak arrazoituko dira.
Ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoetarako protokoloa jakinarazi eta ofizioz aktibatuko dute, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako irakaskuntzako eta irakaskuntzaz kanpoko langileetako bati erasotzen zaionean.
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/riesgos-laborales/protocolos-de-actuacion
Ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokoloa dagoela jakinarazi beharko dute bai ikasturtearen hasierako klaustroan bai ikasturtearen amaierakoan.
Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo hori bistaratuko da. Era berean, ikastetxeen barne-agirietan agertuko da: Internet, drive delakoa, etab.
Ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo horren berri eman beharko dute ikasturtearen hasieran familiekin egindako bileretan.
21.–Ikasturtea amaitu arteko arreta plana.
Ikasle guztiek (bai irakasgai guztiak gainditu dituztenak bai ohiko edo ohiz kanpoko deialdira aurkeztu behar direnak) eskubidea dute ikastetxean arreta zuzena jasotzeko ikasturtea amaitu arte.
Horretarako, ohiko deialdiko notak ematen direnetik 2017-2018 ikasturteko eskolak amaitzeko ezarritako egunera bitartean, ikastetxeetako zuzendaritzek ikasleendako arreta plan bat prestatu beharko dute, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari aurkeztuko zaiona horrek onets dezan.
Plan horrek irakasleen zein ikasleen ordu-banaketa, ikasturtean zehar egindakoa ez bezalakoa izan daitekeena, eta egin beharreko jarduerak bildu beharko ditu, gutxienez, ikasturterako onetsitako ikasleendako arretarako ordu-tartea errespetatuta. Plan horrek bere balorazioa izan beharko du ikasturte amaierako memorian.
22.–Europako Gizarte Funtsarekiko lankidetza.
Europako Gizarte Funtsaren Enplegu, Prestakuntza eta Hezkuntza Programa Operatiboan 2014-2020 aldirako parte hartzen duten ikastetxeek programa horretan parte hartzen jarraituko dute 2017-2018 ikasturtean.
Bertan jarraitzeko, dagokion erakundeak eskatzen du ikastetxe horietako DBHko 3. eta 4. mailetan matrikulatuta dauden ikasleen datuak bildu eta horiei jarraitzeko, baita programa horrek batera finantzatzen dituen ikasketak ikastetxean emateari lotutako zenbait jarduketa egiaztatzeko ere. Datuak biltzeko eta jarduketak egiaztatzeko modua Hezkuntza Departamentuak behar bezala ezartzen duena izanen da.
III.–Araudia
1.–Orokorra.
–47/2010 Foru Dekretua (Bizikidetza). 2010eko irailaren 24ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala. 57/2014 Foru Dekretuak aldatua (2014ko uztailaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).
–204/2010 Foru Agindua (Bizikidetza). 2011ko urtarrilaren 20ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–66/2010 Foru Dekretua (Hezkuntzako eta lanbideko orientazioa). 2010eko azaroaren 29ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–93/2008 Foru Agindua (Aniztasunari erantzutea). 2008ko uztailaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–1834/2008 Errege Dekretua (Ikastetxe publikoetako irakasleen espezialitateak). 2008ko azaroaren 28ko Estatuko Aldizkari Ofiziala. 665/2015 Errege Dekretuak aldatua (2015eko uztailaren 18ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).
–860/2010 Errege Dekretua (Ikastetxe pribatuetako irakasleen espezialitateak). 2010ko uztailaren 17ko Estatuko Aldizkari Ofiziala. 665/2015 Errege Dekretuak aldatua (2015eko uztailaren 18ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).
–63/2013 Foru Agindua (Kalitatearen kudeaketa). 2013ko abuztuaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala. 10/2015 Foru Aginduak aldatua (2015eko martxoaren 3ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).
–455/2013 Ebazpena (Begiraleen lan jarduketak). 2013ko irailaren 26ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–112/2013 Foru Agindua (Banatze, dibortzio edo desadostasun egoeran dauden gurasoei buruzko jarraibideak). 2013ko abenduaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–49/2013 Foru Agindua (Erreklamazioak). 2013ko ekainaren 21eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–287/2013 Ebazpena, maiatzaren 31koa (Unibertsitateko ikasleen prestakuntza praktikoan parte hartzen duten ikastetxe eta irakasleentzako aitorpena). 2013ko ekainaren 7ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–1105/2014 Errege Dekretua, abenduaren 26koa, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko oinarrizko curriculuma ezartzen duena.
–310/2016 Errege Dekretua, uztailaren 29koa (DBHko eta Batxilergoko azken ebaluazioen erregulazioa).
–5/2016 Errege Lege Dekretua, abenduaren 9koa (8/2013 Lege Organikoaren ezarpen egutegia zabaltzeko presazko neurriak).
–203/2017 Ebazpena, maiatzaren 22koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, ingeleseko, frantseseko eta alemaneko atal elebidunen programen deialdia egiten duena, sare itunduko ikastetxe gehiago sar daitezen, eta programa horiek 2017–2018 ikasturtean emateko oinarriak ezartzen dituena.
–204/2017 Ebazpena, maiatzaren 22koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, ingeleseko, frantseseko eta alemaneko atal elebidunen programaren deialdia egiten duena, ikastetxe publiko gehiago sar daitezen, eta programa horiek 2017-2018 ikasturtean emateko oinarriak ezartzen dituena.
2.–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.
–24/2015 Foru Dekretua, apirilaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzarako curriculuma ezartzen duena. 2015eko uztailaren 2ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–46/2015 Foru Agindua (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ezartzea). 2015eko uztailaren 2ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–4/2017 Foru Agindua (DBHko ebaluazioa, sustapena eta titulazioa). 2017ko otsailaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–164/2016 Ebazpena. (CEParen antolamendua eta funtzionamendua). 2016ko ekainaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–54/2015 Foru Agindua (Ikaskuntza eta Errendimendua Hobetzeko Programen ezarpena). 2015eko uztailaren 24ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–51/2009 Ebazpena (Eskolako laguntza eta Indartze eta sostengatze programa Bigarren Hezkuntzan). 2009ko martxoaren 9ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–89/2010 Foru Agindua (Hizkuntza ereduetako aldaketak). 2010eko ekainaren 28ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
3.–Batxilergoa.
–25/2015 Foru Dekretua (Batxilergoko curriculuma). 2015eko uztailaren 2ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–47/2015 Foru Agindua. (Batxilergoaren ezarpena). 2015eko uztailaren 2ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–50/2017 Foru Agindua (Batxilergoan diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak ematea). 2017ko apirilaren 28ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–142/2017 Ebazpena (Modalitatea edo ibilbidea aldatzea). 2017ko maiatzaren 12ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–72/2015 Foru Agindua (Helduentzako Batxilergoa). 2015eko abuztuaren 26ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–412/2014 Errege Dekretua (Unibertsitateko graduko irakaskuntza ofizialetan sartzeko prozedura). 2014ko ekainaren 7ko Estatuko Aldizkari Ofiziala.
–75/2017 Ebazpena (Unibertsitatean sartzeko 2016-2017 ikasturterako Batxilergoko ebaluazioa).
Iragarkiaren kodea: F1707789
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
