1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
65/2017 FORU AGINDUA, ekainaren 23koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Administrazioak 2017-2018 ikasturtean Testuliburuak Doan Eskuratzeko Programa finantzatzearren ematen duen laguntzaren gehieneko zenbatekoa finkatzen duena.
Martxoaren 25eko 6/2008 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen irailaren 27ko 61/2010 Foru Dekretuaren 6. artikuluak honako hau xedatzen du: “Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Administrazioak urtero ezarriko du zein izanen den eginen duen gehieneko ekarpena. Onuraduna den ikasle bakoitzeko modulu bat ezarriko du, eta, haren balioa ezartzeko, programa aplikatuko deneko irakaskuntza maila eta gehien erabiltzen diren liburuek benetan duten kostua hartuko dira kontuan.”
Editoreen Elkarte Nazionalak testuliburuen bilakaerari buruz egindako txostenak dioenez, testuliburuek %1,1eko igoera izan dute, eta, beraz, bidezko da 2017-2018 ikasturterako onetsitako zenbatekoei portzentaje hori aplikatzea.
Irailaren 27ko 61/2010 Foru Dekretuak ezartzen du ikastetxeak, mailegualdi orokorra bukaturik, testuliburu berekin segitzea erabaki dezakeela, liburu berria jartzeari uko eginez eta ale berriak jarriz.
Ale berriei dagokienez, Administrazioak finantzatuko duen gehieneko portzentajea, Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. mailetan, %25 izanen da 2013-2014, 2014-2015, 2015-2016 eta 2016-2017 ikasturteetan testuliburu berriak aukeratu ez eta berberekin segitzea erabaki zuten ikastetxeetan, eta %0,5, aldiz, liburu berriak hautatu zituzten ikastetxeetan. Ale berriak jartzeko eskaerek 61/2010 Foru Dekretuan ezarritakoa bete beharko dute.
Bestetik, ikastetxeek bi urtetan berritzen ahalko dituzte testuliburuak –urte bakoitzean batzuk–, eta ez dena urte bakarrean. Hartara, ikastetxe batek berritze partzial bat egin dezake ikasturte honetan, eta 2018-2019 ikasturtean, berriz, gainerako testuliburuak berritu.
Ikasturte horretan, berritutako liburuei dagokien zenbatekoa ordainduko da, II. eranskinean ezarritako portzentajearen arabera. Aukera horretan, berritu gabeko liburuetan, ale berrien portzentajea %8 izan daiteke.
Hurrengo ikasturtean, gainerako liburuei dagokien zenbatekoa ordainduko da 2017-2018 ikasturterako onetsitako moduluaren gehieneko portzentajera iritsi arte.
Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko 14/2004 Foru Legearen 41.1.e) artikuluan ematen zaizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. 2017-2018 ikasturtean testuliburuak doan eskuratzeko programa finantzatzen duen administrazioaren ekarpenaren gehieneko zenbatekoa onestea ikasle bakoitzeko, I. eranskinean ageri denaren arabera.
2. Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako ikasleen banakako erabilerarako testuliburuak eta curriculumeko materialak, hurrengo ikasturteetako ikasleek erabiltzeko modukoak ez badira, ikasturtero berrituko dira.
3. Ikastetxe batek erabakitzen badu testuliburuak doan eskuratzeko programan sar daitekeen maila bateko irakasgai edo gai guztietako liburuak ez erabiltzea, Administrazioak 2017-2018 ikasturtean ikasleko eginen duen ekarpena kalkulatuko da hauta daitezkeen liburu guztien artetik aukeratzen den kopuruaren arabera, aurreko atalean aipaturiko gehieneko ekarpenaren araberako portzentaje bat aplikatuz, foru agindu honen II. eranskinean zehazten den moduan.
Atal honetan aurreikusitakoa ez zaie aplikatuko Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako ikasleei.
4. Hezkuntza premia bereziak dituzten eta hala diagnostikatu zaien ikasleentzat 55,89 euroko zuzkidura ezarri da 2017-2018 ikasturterako, kontuan hartu gabe erabilitako material didaktikoa eta ikaslea derrigorrezko zein irakaskuntza mailatan dagoen matrikulatua, salbu eta Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan, I. eranskinean aurreikusitakoa aplikatuko baita maila horretan.
5. Hezkuntza Departamentuak erabilera orokorrerako ohiz kanpo erosten diren testuliburuak eta bestelako material didaktikoa eta informatikoa baimendu eta finantzatu litzake, berrerabilera eta iraunkortasun baldintzak betetzen badituzte, zehazten diren kasuetan eta baldintzekin betiere.
6. Ale berriei dagokienez, Administrazioak finantzatuko duen gehieneko portzentajea, Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. mailetan, %25 izanen da 2013-2014, 2014-2015, 2015-2016 eta 2016-2017 ikasturteetan eta testuliburu berriak aukeratu ez eta berberekin segitzea erabaki zuten ikastetxeetan, eta %0,5 liburu berriak hautatu zituzten ikastetxeetan.
Ale berriak jartzeko eskaerek 61/2010 Foru Dekretuan ezarritakoa bete beharko dute.
7. Ikastetxeek bi urtetan berritzen ahalko dituzte testuliburuak –urte bakoitzean batzuk–, eta ez dena urte bakarrean. Hartara, ikastetxe batek berritze partzial bat egin dezake ikasturte honetan, eta 2018-2019 ikasturtean, berriz, gainerako testuliburuak berritu.
Ikasturte horretan, berritutako liburuei dagokien zenbatekoa ordainduko da, II. eranskinean ezarritako portzentajearen arabera. Aukera horretan, berritu gabeko liburuetan, ale berrien portzentajea %8 izan daiteke.
Hurrengo ikasturtean, gainerako liburuei dagokien zenbatekoa ordainduko da 2017-2018 ikasturterako onetsitako moduluaren gehieneko portzentajera iritsi arte.
8. Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiari ahalmena ematen zaio foru agindu hau garatzeko.
9. Foru agindu honen kontra, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, honako hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hilabeteko epean.
10. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
11. Foru agindu hau igortzea Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatuari, behar diren ondorioak sor ditzan.
Iruñean, 2017ko ekainaren 23an.–Hezkuntza Departamentuko kontseilaria, María Solana Arana.
I. ERANSKINA
TESTULIBURUEN PROGRAMA FINANTZATZEKO MODULUA |
IKASLE ETA IKASMAILA BAKOITZEKO GEHIENEKO ZUZKIDURAK |
Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailak |
Ikasmaila bakoitzeko gehieneko zuzkidura | 87,53 euro |
Lehen hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailak |
Ikasmaila bakoitzeko gehieneko zuzkidura | 104,40 euro |
Erabilera orokorreko materiala eta norberak egina (ikasle eta irakasgai bakoitzeko) | 15,82 euro |
HPBak dituzten ikasleak | 55,89 euro |
DBHko 1., 2., 3. eta 4. mailak |
Ikasmaila bakoitzeko gehieneko zuzkidura | 180,33 euro |
Erabilera orokorreko materiala eta norberak egina (ikasle eta irakasgai bakoitzeko) | 21,09 euro |
HPBak dituzten ikasleak | 55,89 euro |
II. ERANSKINA
LEHEN HEZKUNTZA | DBH |
HAUTATUTAKO LIBURU KOPURUA | EKARPENAREN EHUNEKOA | HAUTATUTAKO LIBURU KOPURUA | EKARPENAREN EHUNEKOA |
1 - 2 | %30 | 1 - 2 | %21 |
3 - 4 | %60 | 3 - 4 | %43 |
5 edo gehiago | %100 | 5 - 6 | %72 |
| | 7 edo gehiago | %100 |
Iragarkiaren kodea: F1707981